Abendua, 2004 hilabeteko artxiboa
Urtearen bukaera heltzean, 2004 honen bilana egiteko garaia da, aurten nabarmendu diren joera eta fenomenoak aztertzeko. Dudarik gabe, bitakoren urtea izan da hau euskaldunoi fenomenoa pixkat atzeratuta heldu zaigulako, baina sarean eta teknologia berrien arloan zeresana eman duten beste batzuk ere aipatuko ditugu: RSS irakurgailuak, Gmail, sare sozialak, truke sareak, spam-aren zein birusen bilakaera, software librearen hedapena…
Bitakora edo blog-en aurtengo hazkundea izugarria izan da. Edizio sistema automatizatuei lotutako bitakora pertsonalak, enpresenak eta hedabideenak agertu dira. Fenomenoak forma asko hartu ditu eta, bitakora pertsonalak ezezik, enpresenak eta hedabideenak ikusten hasi gara. Blogosfera aberatsa sortu da, informazioa prozesatzen duten ehunka erreferente eraginkor eta indibidualek osatua, hainbat gaitan hedabide tradizionalei erreferentzialtasuna kendu dieten berri emaleen eskutik. Bitakora pertsonal batzuek milaka bisitari dituzte dagoeneko, jendeak pertsona horiengan konfidantza duelako eta kontatuko edo aholkatuko dienaz fidatuko dira.
Urtebeteko atzerapenaz, baina euskarazko bitakoren urtea izan da 2004 hau, Faroa, Filoblogia, Etnomet, Prospektiba, Ingelesen Hilerria, Etiam, Gaztelumendi eta beste hainbat sortu direlako. Unibertsitateetan ere, tresna honek irakaskuntzarako dituen beste aplikazio batzuk agerian geratu dira. EHUko Gorka Palazio edo Deustuko Joseba Abaitua irakasleen ekimenei esker ikasleek, bakoitzak bere bitakora sor dezakete eta eskolako lanak egiteko era berria sortu da honela. Oraindik gutxi dira, hala ere, euskarazko bitakorak eta inoiz ez da helduko masa fenomenoa izatera, Interneten gabiltzan euskaldunok ez garelako masa eta horien artean euskarazko bitakoretan gabiltzanak oso talde teknofiloa baina txikia garelako.
Blogosferaren eraginez garatu dira, halaber, RSS feed edo jarioen erabilera egiten duten zerbitzuak eta programak. Bitakorak informazioari itxura eta aurkezpen ezberdinak hartzea ahalbidetzen dion XML formatoan argitaratzen dira. Horregatik albisteak, bitakoraren webgunean ezezik, Bloglines moduko zerbitzuen bidez irakur daitezke ere.
Posta elektronikoaren krisia eta gainbehera ere nabarmendu behar da urteko arazoen artean. Horren errudunak spam-a eta birusak izan dira, urte hasieran izugarri hedatu direnak. Azken hilabeteotan birusen hedapena moteldu bada ere, spam-ak gorantz jarraitzen du, jartzen zaizkion oztopoak gaindituz. Ondorioz, sareko baliabide nagusia izatetik hilzorian egoteraino igaro da e-posta, erabiltzaile askori mesede baino traba egiten baitio ehunka mezuren artean alea eta lastoa bereizten ibili beharrak, benetako mezu gutxi batzuk jasotzeko.
Zabor mezuen oldarra moteltzeko atera diren legeek ez dituzte spamerrak ikaratu, haien zerbitzariak blokatzeak kaltea ekarri du, errugabeak ere blokatuta geratu baitira. Erabiltzaileen esku geratu da neurriak jartzea, baina erabiltzaile askoren ezjakintasunagatik milaka helbide pertsonal heltzen dira egunero spamerren eskuetara.
Hala, alternatiba aurkitu dute batzuek RSS feed edo jarioen bidezko komunikazioan. Banaketa zerrendak krisian daude, e-postaz baino erosoagoa baita oharrak zein albisteak feed irakurgailuen bidez hedatzea eta jasotzea, birusik gabe gainera.
Anekdotikoagoak begitatzen zaizkit urteko beste fenomeno batzuk, Friendster edo Orkut gisako sare sozialena kasu. Googleren posta zerbitzu berriak oihartzuna izan du, bere Gigabyte bateko ahalmenagatik, pribatutasunaren inguruko polemikagatik eta zerbitzua eskuratzeko erabiltzaile baten gonbidapena ezinbestekoa izateagatik, horrek ematen dion esklusibitate itxurarekin. Gainontzean, postaren gainbeheraren testuinguruan atera da Gmail eta interesgarria da lehiakideak mugiarazi dituela ikustea, besteek berehala igo baitute euren postontzien ahalmena. Google burtsara ateratzeak ere zalaparta sortu zuen hasieran, baina egun nahiko ahaztuta dago, fenomeno mediatikoa izateari utzi dion neurrian.
Industriaren salaketen, epaien eta lege berrien gainetik, trukerako P2P sareek hazten jarraitu dute, konexioen abiaduraren eta ADSLen kopuruaren emendatzeak lagunduta. BitTorrent-en erabilera moteldu bada ere, gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu eMule eta haren aldaerak musika eta, azken aldion batez ere filmak jaisteko.
Software librearen presentziak hazten jarraitu du baina ez espero zen abiaduran eta hedaduran. Administrazio askok sofware librearen aldeko aldarrikapenak egin arren, praktikan oztopoak jarri zaizkio eta Windows moduko jabedun sistemak menperatzea eskatzen da oraindik lan publikoetan aritzeko, EAEko administrazioak Microsoft-en produktuak erosten jarraitzen du alternatiba libreak baztertuta eta Espainiako Gizarte Segurantzaren RED sistema erabiltzeko Windows edukitzea ezinbestekoa da.
Hala ere, Bill Gatesentzat ez da urte ona izan, software libreak merkatu zati handia kendu diolako hainbat arlotan. Horietariko bat nabigatzaileen lehia dugu, berak Explorer bi urtez eguneratu ez duen bitartean, Firefox programa atera berriak aurrea hartu dio ahalmenari, segurtasunari eta abiadurari dagokienez. Urte bukaeran teknologia arloko albiste nagusia bihurtu da dagoeneko milioi bat pasatxo erabiltzaile ditu Firefoxek.
Urteak emandako kontu gehiago aipa genitzake, baina hauekin geratuko gara momentuz, datorren astean 2005ak emango dituenen aurrerapen modukoa egiten ausartuko gara.
Abenduak 30, 2004
Egunotan kontsumismoak ekarri behar ei digun nahitatezko zoriontasuna agindu digute, dekretu bidez. Gabonetan Internet erosketak egiteko erabiltzen dute askok, Olentzerok ere badu bere txokoa bertan eta haien kontra daudenek sarea adierazpide dute euren aldarrikapenak egiteko. Segurtasunerako arriskuak emendatzen dira egunotan, gure ordenagailuekin arduragabeago jokatzen baitugu.
Olentzaroren gaineko azalpen historiko eta antropologikoa aurkituko dugu olentzeropamplona.com webgunean. Bestalde, gabonak.com webgunean, Olentzerorengan sinisten ez dutenei Egunkaria irakurtzea gomendatzen diete, “mundu errealean murgiltzeko”. Beraz… tira, haren gaineko informazioa dago webgunean, bertatik ikazkinari gutuna bidaltzeko aukera dugu eta gainera denborapasak, kantak eta Olentzero protagonista duten antzezlan laburrak aurkituko ditugu.
Haren borda bisitatzeko, halaber, olentzero.info domeinura jo dezakegu eta bertan Flash formatoan eginiko animazioak eta joko interaktiboak aurkituko ditugu, Olentzero arropa ezberdinez janzteko aukera ematen diguna kasu. Gabon kantak entzuteko eta Olentzerori gutuna bidaltzeko aukera ere badago borda telematiko horretan.
Papa Noel-en ibilerak jarraitu ahal izango dugu Interneten bidez, noradsanta.org webgunean. Aurreko urteetako datuak kontutan hartuta eta radar modernoa erabiliz, gabon gauean Santa Clausek egingo duen ibilbidea mapa baten gainean ikuskatuko dugu. Amerikarrak kontrol sozialerako teknologia aplikatzen maisuak dira eta bizardun susmagarria kontrolatuta daukate, azken 40 urteotan Santa-ri ateratako argazkien bilduma ederra ere ikus daiteke webgune horretan.
Ekialdeko magoak Espainian eta Hego Amerikan ezagutzen dira gehienbat eta ez da ahaztu behar munduko leku askotan gabonak zer diren ere ez dakien milioika lagun badirela, mendebaldeko kultura kristauaren kontua baita hau. Gabonen inguruko azalpenak aurkituko ditugu argentinar webgune batean eta navidadlatina.com domeinuan beste kultura batzuetan eguberriaren inguruko guztia bizitzeko dauden erak azaltzen zaizkigu. Olentzeroren webgunean bezala, jokoak eta bestelakoak aurkituko ditugu yavienenlosreyes.com webgunean.
Kontsumismoa aipatu dutu eta seguruenik optize.es edo areapc.com gisako denda telematikoak lanez gainezka ibiliko dira egunotan, modako MP3 irakurgailuak, USB Flash diskoak, kamara digitalak edo kontsolak etengabe saltzen. Baina denak ez daude zoramen horren alde, batzuk gabonen aurkako militante sutsuak ere badira. Inspirazio kristaua duen buynothingchristmas.org webgunean egun hauen deskomertzializazioa aldarrikatzen dute, buy nothing day ekimenean ere oinarrituta. Flash animazio barregarri xamarra da allmad.tk webgunean aurkituko dugun I hate Christmas. Informazio gehiago eta irudi ikusgarriak aurkituko ditugu diseinua propaganda egiteko erabiltzen duten xmasresistance.org eta adbusters.org domeinuetan.
Paperezko ohiko postalak bezala, posta elektronikoaren bidezko zorion mezuak ugaritzen dira egunotan eta birusek ere gehiago hedatzeko aukera dute. Horregatik, batzuk zorion gutunez mozorrotuta datoz. Harritzekoa da oraindik erabiltzaile askok, bixiguak amuari koxk egiten zion moduan, birusa dakarren artxiboak beldurrik gabe zabaltzeko duten arduragabetasuna. Baina horrela da, azken egunotan Zafi D. zizarea nola hedatu den ikusita. Hartzailearen domeinuaren arabera Feliz navidad, Joyeux Noel edo beste hizkuntza batean idatzitako mezua erakutsiko digu oraindik euskaraz ez dakien birus poliglota honek. Mezua euskaraz jasotzea, beraz, mezu horren fidagarritasunaren seinale izango da kasu honetan.
Espainiako red.es erakunde publikoak kudeatzen duen birusen aurkako behatokiak (CATA) aholku sorta berezia kaleratu du, gabonetan birusek gure makinei ahalik eta kalte gutxien egin diezaieten. Hamar aholku horiek urte osorako balio dute baina erabiltzaile asko ohi baino ardura gutxiagorekin jokatzen dute urte sasoi honetan. Firewall bat instalatzea, gure makinarako sarbidea mozteko; antibirus programa bat edukitzea, eguneratuta, noski; gure datuen segurtasun kopiak egitea, ordenagailua izorratzen bada dena gal ez dezagun; sistema eragilea eguneratuta edukitzea, zulo guztiak estalita edukitzeko; automatikoki zabaltzen diren publizitate popup lehioak blokatzea, Explorer programaren ahultasunez baliatzen diren birusen sarbide nagusia direnak; software legala erabiltzea; posta elektronikoa tentuz erabiltzea, ez zabaltzea artxibo erantsirik dakarren mezurik, lagun batek bidalia badirudi ere, berak bidalia dela aurretik frogatu gabe; errepikatzen diren mezuekin ez fidatzea eta uneoro informatuta egotea dira CATAren aholkuak. Nik gehituko nioke, noski, Explorer baztertuta Firefox edo Mozilla nabigatzaile librea erabiltzea, popup lehioak blokatzeaz gain segurtasun zuloak ondo estalita dituena.
LABURRAK
Historia zati bat ikusgai
Urte hartan Gipuzkoan argitaratutako egunkarien azalen bidez jarrai daiteke urte hura nolakoa izan zen, egunez egun, Gipuzkoa 1936 webgunean. Egutegian nahi dugun eguna aukeratuz, egun hartako orrialdea ikusiko dugu. Gipuzkoarrentzat eta euskaldun guztiontzat hain garrantzitsua izan zen urte haren gaineko informazioa bildu nahi izan du Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneak webgune honetan. Gerra aurreko egoera, faxisten estatu kolpea eta gerraren bilakaera dokumentatzeko saio bikaina dugu, beste urte eta lurralde batzuk hartuta ere sarean egin daitekeen dokumentazio lanaren erakusgarri. Gainera, gai horren inguruko bi liburu eta Frente Popular egunkaria digitalizatuta jarri dituzte osorik bertan irakurtzeko moduan.
Euskadi.net berria
Eusko Jaurlaritzaren webgunea eraberritu dute egunotan, bertan dioenez, diseinu berria intuitiboa eta eskuragarriagoa eginez. Legebiltzarrak Hala ere, w3.org-ek webguneek HTML estandarrekin bat egiten duten neurtzeko daukan zerbitzuaren arabera, euskarazko hasierako orrialdeak 182 akats ditu eta ez ditu estandarrak inondik inora betetzen. Webgunearen itxura eta eskuragarritasuna sano hobetu dira, baina Explorer programarentzat egina izatea eta gaztelaniazko egitura edukitzea dira sustatuko irakurleek oraino aurkitzen dizkioten akats nagusietako batzuk.
Zuloa mahaigainekoan
Googlek urrian kaleratu zuen mahaigaineko bilaketa tresnak segurtasun zuloa duela jakinarazi zuen astelehenean. Googlen bilaketak egiteko gure ordenagailuan bertan ezartzen den Google Deskop Search programa da zuloa duena, gure ordenagailu barruan dauden artxiboetan ere bilaketak egiteko aukera ematen digun tresna. Berehala akats hori konpontzeko txatala eskaintzearekin batera aitortu du Googlek balizko erasotzaile bati gure makinarako sarbidea emango liokeen zulo hori zeukala, gainontzean bikaina den tresna horretan.
Abenduak 22, 2004
Interneterako Flash formatoko animazioen eta film laburren lehiaketak antolatu ditu nontzeberri.com euskarazko aldizkariak, hurrenez hurren, nontzefilm.com eta nontzeflash.com domeinuak ipinita. Animazioen lehiaketak aurten bigarren aldia izango du, iazko arrakastaren ondoren. Filmenak berriz, aurretik beste leku batzuetan antzeko lehiaketen aurrekariak izan badira ere, lehenengo edizioa izango du oraingoa. Atarien babes handiarekin abiatu ziren horrelako lehiaketak, baina babesle faltagatik desagertuz joan dira haiek. Egun, dirua barik ekimena eta grina dutenen eskutik datoz.
Egun, bideo kamara bat eta ordenagailua erabiliz sekulako maisulanak egin ditzake inspirazioa duen edonork, bere etxeko logelan. Egile izengabe baina talentudun horientzat pentsatuta daude lehiaketa biak eta sari interesgarriak izango dira biotan. Datorren urte hasieran aurkeztu beharko dira lanok eta sarean bertan oinarri guztiak daude ikusgai.
Animazioen lehiaketari dagokionez, iazkoak oso harrera ona izan zuen parte hartzaileei zein ikus-entzule kopuruari dagokionez. Aurretik baziren Flash formatoko animazioen beste lehiaketa batzuk, esaterako, San Fanciscoko Flashforward famatua edo Bartzelonan sortutako OFFF famatua, gerora beste formatoetara zabaldu dena. Hemen egiten den bakarra da eta, gainera, bestelako hizkuntza edo jatorria duten lanak aurkeztu ahal dira Nontzeflash-en. Iaz 34 herrialdetako lanak aurkeztu ziren, Nontzeberriko Lutxo Egiak esan digunez.
Nontzefilm lehiaketari dagokionez, oraindik orain, film laburren beste lehiaketa bat sortu du Espainiako Fotogramas aldizkariak, Fotogramasencorto goiburupean, baina Egiak dioenez, lehenengo edizio hau antolatzeko Notodofilmfest izan dute inspirazio iturri. Alabaina, Nontzefilm ez da gurean Interneterako film laburren lehenengo lehiaketa. Elosegi donostiar anaien Hispavista atariak duela bost urte deitu zuen lehendabiziko Minuto y Medio izeneko film laburren lehiaketa. Sareko pelotazoaren sasoia zen orduan eta puntucom atariek ekimen asko sustatzen zituzten. Canal Plusen babesari eta iragarkiei esker ezaguna egin zen Notodofilmfest beste bat baino ez zen izan loraldi hartan. Baina milurteko berriarekin batera atarien gainbehera etorri zen eta atarien presentzia lausotuz joan da sarean, dirua barra-barra gastatzeari uztearekin batera.
Bistan da horrelako jaialdiak ez direla jada atarientzat interesgarriak, ez baitira ekonomikoki errentagarriak, eta egun Notodofilmfest-en notodo.com webgunean ez da lehiaketaren arrastorik. Urte hasieran jaialdia atzeratuko zutela esan zuten, jaialdiaren anaia txikia Notodopublifest-i lekua uzteko. Txanda osorik pasatu diotela dirudi, notodopublifest.com jarri baitutelako, bestea baztertuta. Noski, publizitatearen inguruko jaialdi batek emaitza ekonomikoak izan ditzake gerora eta honek publizitate bidezko babesleak izan ditu.
Lutxoren iritziz, Nontzefilm «oso formatu egokia da bitarteko gutxi daukatenentzat». Gainera, duela lau urte baino internauta gehiago eta nork bere filmak egiteko baliabide hobeak daude egun, beraz, pentsatzekoa da bere lanak aurkezteko prest dagoen jende gehiago izango dela. Horregatik eskertzekoak dira honelako ekimenak.
Irratia.com 2.0 bitakora entzungarria
Irrati-bitakora bihurturik etorri da euskal irrati digitalaren 2.0 bertsioa. Egungo joerak kutsaturik, bitakora forma hartu du webguneak eta teknologia berrien hizpidea nagusitu da. Musika kanalak desagertu dira eta zuzeneko irratsaio bakarra izango da gai berberaren inguruan: teknologia berriak euskararen unibertsoaren ikuspuntutik aztertuta.
Irrati saioan euskaldunontzat arlo horretan interesgarriak izan daitezkeen kontuak aztertuko dira albisteen eta elkarrizketen bidez. Irratsaioa zuzenean entzun ahal izango da asteartero 18:00etatik 19:00etara Bilbo Hiria irratiaren sintonian eta haren Internet bidezko emisioan. Gainera, iragandako irratsaioak entzungai egongo dira edozein momentutan, webgunean bertan mp3 formatoan eskuragarri egongo baitira. Zuzenean jorratuko diren gaiek bitakoran izango dute isla eta eztabaidagune. Gaiak proposatzeko, iruzkinak, galderak edo eskaerak egiteko, gainera, zuzeneko saioan chat kanala irekita egongo da entzuleek zuzenean esku hartu ahal izan dezaten.
Asteartean izan zen lehenengo zuzeneko emanaldia eta bertan Librezaleko kideak izan ziren gonbidatuak, Firefox nabigatzaile librearen eta haren euskarazko itzulpenaren gainean hitz egiteko. Bilbo Hirˇaren emisioa zuzenean entzun daiteke FMaren 96.0 frekuentzian edo bilbohiria.com webgunean. Saioaren gaineko jakingarriak, berriz, irratia.com-en aurkituko ditugu.
LABURRAK
Euskararen etxea online
Hilabete hasieran zabaldu zen Bilboko San Inazio auzoan Euskararen Etxea izeneko guneak webgunea zabaldu du eta bertan hainbat hizkuntzatan aurkituko ditugu kultura gune horren gaineko jakingarriak. Bereziki interesgarria dirudi Mediategia izeneko atalak, digitalizatuta dauden euskarazko ekoizpen guztiak bildu eta katalogatu nahi dituena, liburutegi publiko baten moduko erabilera emanez erabiltzaileek material horiek erraz aurkitu ahal izan ditzaten. Hala ere, momentuz, ez dago ondare digital hori sarean bertan eskuratzeko modurik.
Oihartzun neurgailuak
Bitakoren onarpen edo ospe maila neurtzeko baliabide batzuk agertu dira azken aldion. Horietakoak ditugu ingelesezko Blogdex edo gaztelaniazko Blogometro, blog-en entzutea bertara doazen loturen arabera neurtzen duena. Bitakorena ezezik edozein domeinurena neurtzen du berriz LinkRank zerbitzuak, bitakoretatik bertara doazen loturak zenbatuz eta Who Links To Me, edozein motatako webguneetakoak kontutan hartuta. Feedback soila neurtzeko ezezik, webmaster eta bitakoragileen narzisismoa elikatzeko zerbitzu aproposak dira hauek.
Thunderbird postarako
Firefox nabigatzaile azkar eta librearen lehenengo bertsio egonkorrak izan duen oihartzunak estalita, baina duela egun batzuk atera zen Thunderbird posta programaren 1.0 bertsioa. Firefox nabigatzaile hutsa den bezala, Mozilla sortatik posta kudeatzeko programaren standalone bertsioa dugu Mozilla Thunderbird hau. Firefox-ek bezala, Thunderbird-ek memoria gutxiago hartzen du gure ordenagailuan. Segurtasuna eta zabor mezuak baztertzeko duen sistema adimentsua dira bere bikaintasuna frogatzen duten ezaugarri nagusiak, baina bitakorak irakurtzeko RSS sistema ere badakar. Momentuz euskarazko bertsiorik ez dago baina ingelesezkoa eskura daiteke sarean, mozilla.org domeinuan eta gaztelaniazkoa zein frantsesezkoa mozilla-europe.org domeinuan aurkituko ditugu.
Abenduak 16, 2004
Asteburua oporretan joan barik eskuartean daukagunari azken ikutuak ematen pasatu dut. Gainera, sarean-en hosting aldaketa egiteko profitatu nahi nuen zubi konstituzionala, bide batez MT 3.1era eguneratzeko eta diseinu berria aurkezteko. Baina jugadak huts egin du eta atzera bueltatu behar izan dut lehengo lekura. Diseinua, ordea, orain aldatzea erabaki dut, hurrengo saialdira itxaron gabe. Gogaitua nengoen aurrekoarekin eta, gainera, hau arinagoa da (eta momentuz W3Caren estandarrak betetzen ditu). Bestalde, irratia.com 2.0 sareratu dugu gaur, bihar irratsaioa zuzenean, beste asteburu bat atsedenik gabe. Ea nola ateratzen zaigun…
Abenduak 11, 2004
Gainontzean, iazko kronikaren antzekoa da aurtengoa, zer egingo diogu! Lehenago ere aipatua nuen azokaren webgunea nahiko tristea dela, baina ni neu ere harrituta geratu naiz artxibora jo dudanean. Azoka birtualaren izaera urriari erreferentziak 2001ean, 2000an eta 1999an aurkitu ditut. Gainera, 1999 hasieran, laster Interneten azoka birtual etengabea izango zela agindu ziguten. Canal21ren eskutik etortzear zen, puntucom eztandaren urtean, 2000rako dena telematikoa izango zen uste faltsuarekin. Asmo hura bezain abandonatua geratu zen azokarena azkenean. Eskerrak umorea daukagun, promesen garrantzia erlatibizatzeko eta negar barik barre egiteko.
Aurten, behintzat, azokaren gaineko atal berria jarri dute, aurrekoa kendu gabe. Nire dizipuluekin frogatu ahal izan dudanez, internauta gehienek sartu eta berehala klikatzen dute betiereko Gernikako arbol horretan (benetakoak baino urte gehiago iraungo duena), 800 pixeleko pantailan hori baino ez baita ikusten.
Gero dago Teknologia berriek azokan bertan duten tratamendua. Askotan aipatu dut azokak jaramonik ez diola egiten teknologia berrien esparruari, behar den moduan ez dutelako oraindik ulertu euskaraz edukiak direla inportanteena, horrekin ez duela zerikusirik Euskaltelek montatzen duen txiringitoak… Patxik ere pobre dakusa panorama. Agian bisionarioak izango gara oraindik, beti bezala… Baina nazkatuta nago 2005aren atarian oraindik teknofiloak herri honetan bisionarioak izaten jarraitzeaz.
Hamaikagarren froga aurkeztuko dut: aurtengo azokan ziberkazetaritzaz hitzaldia emateko eskatu zidaten Gerediagakoek eta nik sentitzen nuela baina ez nuela prestatzeko denborarik izango erantzun nien. Ondoren deitu zidaten zera esateko: hobeto pentsatu dutela eta gaia ganoraz prestatzeko datorren urtera arte itxarongo dutela, 40. edizioa teknologia berrien gaineko monografikoa-edo bihurtzeko asmoa dutela. Teknologiak itxarongo baligu legez! Urtebeteko eszedentzia emango ei digu berriro euskaldunoi aurrerakuntzak.
Azkenaldion euskaldunok berriro atzean gelditzen ari garela sumatzen duen bakarra ez naiz, Aitor Lopez de Aberasturiri Argiakoek eginiko elkarrizketan sumaketa bera. Nire iritziz, 1998 aldera, teknologia berrien trena ihes egiten ikusi genuen, geltokian geldi, hari begira geratzen ginen bitartean, Luistxok bere Etxepare Pornon ohartarazten zuen moduan. Ondoren, 2001 aldera, Konekta Zaitez eta enparauen aitzakitan, Finlandiarrak ginen espejismoa saldu nahi izan ziguten beste arloetan ere Aurrera doan herria ei garenez… Baina edukiak dira inportanteena eta hemen subentzionitisak kutsatutako kolektibo teknofoboa dugu euskalgintza ofizialean buru, dirua beste kontu batzuetara bideratzen adituak (ikus Josu Landaren testua, Dirulaguntzekiko morrontza atalean), sarea oraindik ulertu ez dutenak eta, hortaz, gutxiesten dutenak. Dirulaguntzen banaketa okerra salatzen du Lopez De Aberasturik ere aipatutako elkarrizketan.
Amaitzeko, gogoeta laburra: Sarean bertan euren presentzia inon iragartzen ez duten webgune asko daude gurean (batzuk diruz ondo lagunduak) eta horietarik batzuk Durangon bertan ezagutu ditut, offline. Bitxia da baina euskal webgune berrien berri izateko era bitxien antologia idatz nezake, horiekin eta beste askorekin gertatu zaigu euskal internauta gehienoi. Euskalgintzan dagoen autismoaren adierazgarri?
Abenduak 11, 2004

Aurten berriro urteroko liturgia jarraitu dugu euskaldun askok. Durangoko azokara hurbildu gara gure ekoizpen berriak aurkeztera (zaharrak ere saltzeko asmoz) eta gabonetako kultura-erosketak egitera. Neuk inoiz baino diru gehiago gastatu dut, baina liburuak eta diskoak ezeze, jertsea, puzzlea eta euskaraz mintzo den panpin garestia ekarri ditut Landakoa bilakatu den eguberri aurreko bazar handi horretatik.
Azoka ostean, betiko adierazpen baikorrak antolatzaileen aldetik, zifren eta salmenten inguruan betiko hitzak antolatzaileen, argitaletxeen eta disketxeen aldetik (kezkatzekoa da Elkarreko Valdes tematua pirateriaren kontuagaz). Azokak iraun duen bitartean Sustatu aitortu gabeko oporretan izan dugu eta eztabaida Berriako foroetan agertu da. Patxik bere bitakora berrian eman dizkigun kronikak interesgarriak eta koloretsuak izan dira. Gogotsu dabil Patxi, bere tresna berriarekin ilusioz egunero idazten. Animo!
Fotokopien aurkako ekimenaren berri izan nuen lehengo egunean, telebistako albistegian. Argitaletxe batzuetako editore batzuk ageri ziren, fotokopiak liburua hiltzen duela esanez. Beste azalpenik edo ikuspunturik ez zen agertu bertan, baina etxean denok bat egin genuen, baieztapen kategoriko merke xamarra zela hori. Horretaz beste batzuk ere ohartu dira.
Nik uste dut fotokopiak zuhaitza hiltzen duela. Horregatik hobe da liburuak osorik Interneten argitaratzea, ikasleek edo aipuak atera nahi dituztenek errazago aurki ditzaten eta behar dituzten zatiak soilik har ditzaten. Horrek ez dut uste paperezko liburuen salmentari kalte handia egingo dionik, aldiz, nobela bat osorik irakurtzea erosoagoa da paperean eta, sarean dastatu ostean, egongo da paperezkoa erosiko duenik, baina hainbeste aldiz aipatu dugu kontu hau…
Iaz estreinatutako azoka berriari aurten ondoko Plateruena Kafe Antzokia gehitu zaio. Izenak adierazten duenez, euskalgintzako proiektua da, herritarra eta herriarentzat, ahalegin handia eginez aurrera atera nahi dutena. Hor ikusten ziren egunotan sustatzaileak, gau eta egun lanean, erabakigarria den data honetan euskal gizartearen aurreko aurkezpena egiten. Ekitaldiak eta giroa ez dira falta izan, zerbitzari batzuen esperientzia falta nabaria barkatzeko nahikoa. Aupa eta eutsi goiari!
Abenduak 10, 2004
Hego Koreako egunkari digitala da Ohmynews eta, duela lau urte abian jarri zutenetik, herrialdeko hedabideen panorama erabat aldatu du. Egunero zazpi milioi bisitari izan ohi du, ohiko egunkari askok baino gehiago. Bertako gizarte teknologikoan masa fenomenoa bilakatu da ohmynews.com eta gobernua aldarazteko beste eragin politikoa ere izan du. Herrialdeko komunikabide eskuindarren gehiengo erabatekoari kontrastea jartzen dio. Bere sekretua? Bertako kazetariak herritar arruntak dira.
Oh Yeon-ho kazetari gazteak sarri jasan behar izan zuen lankideen destaina 80ko urteen hasieran, ezkerreko astekari batentzat lanean ari zela. Prentsaurreko ofizialetatik baztertzen zuen gobernuak eta gartzelatik ere igaro behar izan zuen, gobernuaren aurka idazteagatik. Izan ere, tradizioz, merkatuaren jaun eta jabe diren herrialdeko komunikabide nagusiek oligarkia itxia osatu dute eta eskuindarrak dira oso. Agintariekin harreman ona izan dute beti eta oso zaila da bertan mezu kritikorik ikustea.
Eskema tradizional horretan oso zaila dute ahots alternatiboek mezua zabaltzeko, baina sareari esker fenomeno bitxia garatu da azken lau urteotan “herritar oro erreportaria da” lelopean. Oh Yeon Hok egoera hori aldatzeko aukera ikusi zuen sarean, eta egungo joera arrakastatsuekin bat egiten duen eredu partehartzailea asmatu zuen, irakurleak idazle izango zituena.
Puntucom enpresen krisia baino lehentxeago abiatu zen Ohmynews, 700 herritar-erreportarirekin eta, apurka-apurka, merkatuaren zati handia bereganatu du. Egun 35.000 herritarrek idazten dute egunkariko edukien %80 eta 40 kazetari edizio lanaz arduratzen dira, testuaz idazteaz gain, herritarrek bidalitako testuak aztertuz eta sailkatuz.
Jende arruntak idatzitako testuak izan ohi dira eta, hortaz, ezin dute baherik gabe edozer argitaratu. Herritar-erreportari horiei ordainsariak emateko dagoen metodoarekin lotuta dago testuen sailkapen prozesua. Hasteko, euren benetako izenez sinatu behar dute eta idatzitakoaren ardura guztia eurena da. Etika kodearen arauak onartuta, herritar-erreportari moduan hasten dira lanean, testuak bidaliz. Edozein gairi buruz idazten dute, nazioarteko politikatik musikaraino, aisialdia, literatura erreseinak, iritzi artikuluak edo elkarrizketak barne. Editoreek jasotako testuen zehaztasuna eta kalitatea neurtzen dute eta horren arabera sailkatzen dituzte, webgunean nabarmenduz edo beherago jarriz. Sailkapen horren arabera ere ezartzen dute 2 eta 20 dolar bitarteko ordainsaria. Gainera, irakurleek ere dirua ematen dute, testua gustatuz gero, mikroordainketa sistema bitxi baten bidez. Baina dirua irabaztea ez da izaten erreportari horien helburua, gauzak kontatzea baino.
Hedabideen merkatu itxitik ihesi, kontraste bila sarera jotzen duen milioika gaztek egin zuten iaz gobernu aldaketaren miraria. Bertan gazteen gustoko hautagai erreformista zen Roh Moo Hyun 2002ko abenduan, baina komunikabide nagusiek galduko zuela iragarri zuten. Horrek olatu teknologikoa altxarazi zuen sarean, SMS mezuen eta milioika mezu elektronikoren bidez hauteskundeei buelta eman ziena. Orduz gero, Ohmynews-eko herritar-kazetariak onartuak eta gonbidatuak dira prentsaurreko ofizialetan. Roh Moo Hyunen gobernu berriak jakin badaki Ohmynews-i esker dagoela bertan eta bere kontra daukan eredu zaharreko oligarkiari ahal beste botere kentzeko komunikabideen kontzentrazioaren aurkako legeak prestatu ditu.
Hego Koreako sarean ere informazioaren atomizazioa eta saturazio informatiboa dago, ehunka informaziogune digital daude eta milaka bitakora pertsonal. Orduan, zein da Ohmynews-en arrakastaren gakoa? Herriaren izaera bereziaren ezaugarri batzuek izan dute zerikusirik. Hasteko, Hego Korean 49 milioi lagun bizi dira, haietako asko gazteak eta heziak dira eta banda zabala askoz ere hedatua dago aspaldion. Iragarpenen arabera, 34 milioi internauta izango dira 2005ean. Horrez gain, bertakoa oso gizarte trinkotua da eta gai batek herrialde osoa hari begira jar dezake bi egunez. Horregatik esperientzia esportagarria den zalantzazkoa da. Izan ere, duela gutxi abian jarri zen Japonian honen antzeko proiektua, Janjan izenekoa, baina hark ez du Ohmynews-ek adinako arrakastarik ukan.
Tokian tokiko ezberdintasunak gorabehera, eredu parte-hartzaileak dira bidea. Hemengo egunkariak irakurleek idazle moduan izan dezaketeen garrantziaz konturatzen hasi dira, iritziak eta gertaeren ikuspuntu bereziak emanez informazioa aberasteko modu erraz eta merkea izan baitaiteke irakurleen eskuhartzea Hori behar den moduan antolatzea da gakoa eta ez da erraza asmatzea. Mendebaldeko batzuek bitakora edo blog itxurako atalak zabaltzen ari dira, egunotan Le Mondek egin duen moduan. Korean, berriz, urrunago heldu dira edukiak herritarren esku utziz. Mendebaldeko hedabide askotan zenbait edukiren truke harpidetza ordaintzea da joera. Han, aldiz, zerbitzua erabili osteko propina arrakasta izaten ari da hedabidearentzat.
LABURRAK
Pantaila babesle polemikoa
Lycos Europe atariak zabor publizitatearen aurkako kanpainia berezia jarri zuen abian abenduaren 1ean, pantaila babesle berezi baten bidez. Babeslea gure ordenagailuan instalatuz gero, erabiltzen ari ez garen denboran spam bidaltzaile ezagunak diren zerbitzarietara eskaera faltsuak egiten zituen programak, hango trafikoa oztopatuz. Kanpainia hasi eta berehala bertan behera geratu da, ordea, honelako ekimen erasokorrak oso legalak ez direlako edo agian kontraerasoen beldurragatik. Kanpainaren makelovenotspam.com domeinuan ezin da jada programa eskuratu.
Stallman Bilbon
GNU mugimenduaren sortzaile Richard Stallman guru ezaguna berriro Bilbon izango dugu abenduaren 15ean, Euskalduna jauregian. Software librearen etika eta praktika izango du hizpide Stallmanek, Euskadi Informazio Gizartean planari lotutako Enpresa Digitala ekimenak antolatutako jardunaldiaren baitan. Jardunaldi horretan informazio eta komunikazio teknologia berrien erabilera onagatik gailendu diren enpresei Enpresa Digitala sariak banatuko zaizkie. Hitzaldia 18:30etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da.
Bitakora berriak euskaraz
Urteko hitza izendatu dute blog eta, hemen ere, gero eta bitakora euskaldun gehiago ari dira sortzen, azkenik gurean errotzen ari den joera baita weblog pertsonalena. Azken egunotan euskarazko bitakora bi sortu dira. Komikiak eta informatika hizpide dituen e-gor blog izenekoan Igor Leturia arrasatearrak bere bi zaletasun nagusien berri ematen digu. Patxi gaztelumendi kazetariak ere berea sortu berri du eta Durangoko azokaren gainean egunez eguneko kronika koloretsuak idatzi ditu azken egunotan.
Abenduak 9, 2004
Berehalako mezularitzari P2P sareen aukerak gehitu dizkie Wirehog programak. Berriki jarri dute abian “kableetako urdea”, baina Stanforden eta Harvarden bakarrik. Izan ere, bere erabilera AEBetako unibertsitateetara mugatzeko asmoa dute sortzaileek, kopia eskubieak direla eta, legearekin arazorik ez izateko. Horregatik unibertsitateko ikasleentzako soilik den sare sozial bati lotuta sortu dute Wirehog, izugarrizko arrakasta izaten ari den The Facebook sareari.
Sare horrek The Facebook du izena eta Friendster edo Orkut gisako sare sozial itxia da, Friend of a friend (FOAF) gisakoa edo gonbidapen bidezko sare mugatua. Agertu eta berehala sekulako oihartzuna izan du The Facebook sareak, seguruenik bere berezitasunagatik. Izan ere, gizarteko sektore dinamiko eta zehatz batentzat egina dago propio: unibertsitateetako ikasleentzat. Ardura, grina eta interes zehatzak dituzte ikasleek eta The Facebook sareak horiek asetzeko egina dirudi.
Hain arrakastatsua izaten ari da The Facebook ezen New York Times egunkariak sare horrek ikasle askoren artean sortu duen dependentziaz eta, haren ondorioz etorri diren emaitza akademiko kaxkarraz ohartarazi du: “Duela 10 hilabete abiatu zen sarea, Harvard-eko bost ikaslerekin, eta dagoeneko AEBetako 300 ikastegitako ikasleentzat komunikatzeko eta denbora galtzeko erarik ohikoena bilakatu da The Facebook”, nabarmentzen zuen Peter Applebomek aste honetako erreportaia batean.
Harremanetarako sarea da The Facebook eta, hain zuzen, bere izena Internet aurreko garaietan horretarako erabiltzen zen oinarrizko tresna batetik hartua du, “aurpegien liburua” izaten baizen ikasle iritsi berriak lehenengo egunean jasotzen zuen ongi etorri oparia. Liburu horretan bere ikaskide guztien aurpegiak ageri ziren, irribartsu eta lirain, high school-eko graduazio egunean ateratako erretratuetan. The Facebook honetan ere aurpegiak ikusiko ditugu, baina akaso ez dira garai batekoak bezain txukunak izango, parrandan edo bestondo aurpegi eskasarekin ageri baitira ikasle gehienak euren fitxetako argazkietan.
Bertan izena emateko, bere unibertsitateko e-posta helbidea eman beharra dago, bakarrik unibertsitateko ikasleak onartzen baitira. Ondoren, nork bere ikastegiko beste kideen profilak ikusteko aukera du eta haien lagunak zeintzuk diren ere ikus dezakegu (haien kasuan izena eta argazkia soilik ikus daiteke. Helburu nagusia jendeari ikastegian lagunak egiten, bere joera eta planteamenduak dituen jendea aurkitzen laguntzea da sare honen helburua. Horretarako tresna erabilgarriak daude The Facebook-en. Esaterako, zaletasun baten inguruko taldeak sor ditzakete kideek, edo jarrera estetiko edo politiko baten ingurukoak. Erabiltzaile batek bila dezake besteen profiletan, bere gustoko rock taldea nork aitatzen duen ikusteko.
Talde cool eta murritzak ere sortzen dira, estatusa duten lagun aukeratuak dituztenak estimatuak baitira, AEBetan popular izateak daukan garrantzia ez baita ahaztu behar. Horregatik, lagun gutxiegi duena bezala, lagun gehiegitxo duenaren estimua jaisten da besteen artean. Honetan ere darwinismoa eta soziologiaren legeak aplikatzen dira bete-betean.
Eta zerbitzu honen aukerak emendatzera etorri da Wirehog. Oraingoz horientzat soilik dago eskuragarri, baina programaren azalpenetan ez diote soilik horientzako izango denik. Hala ere, egileek argi utzi nahi dute Wirehog ez dela truke programa bat eta gure makinan ditugun argazkiak, filmak eta bestelakoak soilik lagunen esku jartzeko aukera dugula. Geuk erabakiko dugu lagun bakoitzari zer erakutsi eta zer ez dugun inoren esku utziko.
Berehalako mezularitza zerbitzuen arteko lehian, baliabide berriak gehitu nahi dizkiete horretan dabiltzan enpresa nagusiek. Hala, MSN Messenger, Yahoo eta AOL ari dira etengabe euren zerbitzuen ahalmena zabaltzen. Baina komunitate txiki batek sorturiko programa txikiek dute honetan abantaila. Enpresa handi bat ez da ibiliko truke librearen lur labankorretan, musikaren eta zinearen industriak lepora salto egingo bailioke berehala. Komunitate murritz batentzat soilik eskainiz gero, berriz, zailagoa izango du industriak Wirehog-i aurre egitea. Grokster kasuan komunitateari eman zioten arrazoia epaitegiek, legea haustearen ardura truke zerbitzuak ez baizik eta komunitateko kideek izango luketela ebatsita.
LABURRAK
Wikipedia albistegintzan
Azken urteotan entziklopedia librearen eredu arrakastatsua lantzen ibili ondoren, Wikipediako sortzaileek informazioa biltzeko eredu partehartzaile hori albisteetara eraman nahi dute. Dagoeneko badago sarean Wikinews izango denaren aurrerapena, proba moduan bada ere. Entziklopedia libreko arduradunen esanetan, “gertaeren berri ikuspuntu neutraletik emateko” asmo sendoa dute. Ohiko komunikabideetatik ezezik, Indymedia edo Ohmynews-en eredutik aldendu nahi dute eurena, gertaera hutsen berri emanez eta iritziak baztertuz.
Google erantzunak
Bilatzailerik famatuena eta erabiliena sareko orakulua dela esan ohi dugu, baina bilaketei ezezik zalantza teknikoei ere erantzuna eman nahi die Googlek orain, Google Answers zerbitzuaren bidez. Inon argitu ez dugun zalantza teknikoren bat izanez gero, bertan bota dezakegu eta 2,50 dolarretik hasita, berau erantzungo duen norbait aurkituko dugu. Geuk ezarriko dugu aurretik zalantza bakoitza argitzearen truke zenbat ordaintzeko prest gauden. Bestalde, duela egun batzuk Google Scholars izeneko zerbitzua jarri zuen abian bilatzaileak, jakintza zientifikoen bila dabiltzanentzako dokumentazio biltegi berezia.
Aranzabalen bitakora
Joxe Aranzabalek, azkenik bere bitakora zabaldu du. Aranzabal famatua egin zen euskal internauton artean, Sustatun bere gaixotasunaren inguruko artikulu sortagatik eta egun Medikuak Esan Dit Minbizia Dudala izenburuko liburua prestatzen ari da, berak idatzitakoen eta haiek izandako oihartzunaren inguruan. Azkenik bere iritziak eta bestelako idatziak plazaratzeko tokia zabaldu du, oraino Interneten Sustatu adierazpide bakarra izan baitu. Faroa da bitakora berriaren izena eta Patxi Trapero izeneko beste euskarazko bitakora berriarekin batera Blogspot zerbitzuan aurkituko dugu.
Abenduak 2, 2004
Estaturik gabeko nazioez gain, inongo mapa ofizialetan ageri ez diren herrialde dexente badira. Mikronazioak, alegiazko nazioak eta utopia praktikara eramateko saiakerak aurki ditzakegu Interneten. Denak dira ezberdinak baina denek egiantzeko itxura dute sarean. Batzuek asmatutako hizkuntza ofizialak, pasaporteak eta enbaxadak ere badituzte.
Thomas Moore idazleak XVI. mendearen hasieran deskribatu zigun Utopia izeneko irla, berdintasuna (esklabuentzat izan ezik) eta zoriontasuna nagusi zen irla perfektua. Utopia hitzak latinez “inon ez dagoen lekua” esan nahi du, izan ere, bere ametsetako gobernu mota deskribatzeko ariketa politikoa baino ez zen izan Utopiaren deskribapen zehatza. Orduz gero, utopia hitza geratu zaigu balizko gobernu forma perfektuak izendatzeko, ezkorren iritziz inoiz beteko ez diren ametsak eta baikorren ustez eskura dagoen zoriontasunaren gizartea izendatzeko erabiltzen da hitz hori.
Alegiazko mundu gehiago aurki daitezke liburuetan. Adibidez, On Kixotek Santxori Insula Barataria delakoaren gobernua emango diola sinestarazten dio Cervantesen liburuan. James Hilton-en Lost Horizon eleberrian Shangri-La izeneko leku galdua dago Himalaya mendietan eta Leonardo Di Caprio protagonista zuen The Beach filmean hippy guztien paradisu moduko txoko sekretu eta izugarri ederrean bizi da, gozaro, komuna moduko lagun taldea.
Azken urteotan, Internet heldu zaigunetik, Moorerenaren moduko alegiazko gobernu utopiko asko sortu dira eta sarean izaten duten webguneek benetako herrialde baten webgune ofizialaren itxura osoa izaten dute: lurraldearen deskribapena, historia, gobernu mota edo naziotasuna eskuratzeko izapideak zeintzuk diren ikusiko dugu bertan. Euren artean ere nolabaiteko koordinazioa osatu dute haietako batzuek, NBEn eta beste “benetako” erakundeetan sartzea galerazita daukatenez gero, Mikronazioen Liga sortuz.
Macusia, Albernia, Marajo, Argaal, Pacifica, Thalassa edo Torhavn herrialdeak dira. Mikronazioen Ligako kideak dira eta, beste hainbatekin batera agertzen dira elkarte horren webgunean. Batzuek izen hantusteak dituzte, Kato Handiko Inperio Inperialaren Teokrazia Sakratua kasu. Egia esan, denetarikoak dira nazio horiek: batzuek webgunea eta formulazio teorikoa besterik ez dute, baina beste batzuek lurraldea erosita edo okupatuta daukate eta bertan aldarrikatu dute euren estatua.
Horietako bat Sealand dugu. Nazioarteko uretan sortu zuen familia batek, britainiarrek II. Mundu Gerraren ostean abandonatutako plataforma batean eta, bertakoen aburuz, nazio independientea izateko ezaugarri guztiak biltzen ditu. Nazioarteko komunitateak ez du inoiz estatu moduan ezagutu baina, badaezpada ere, ontzi asko ez dira ingurutik pasatzen, bertatik tirokatuko dituzten beldur. Pasaporteak ematen dituzte eta, azken urteotan, beste inongo legeen menpe ez dauden Internet ostatatze zerbitzuak ematen dituzte. Bertako herritarrek pasaporteak dituzte eta merkataritza tratuak egiten dituzte Sealand herrialde independientea bailitzan. Honelako beste bat Melchizedek dugu, Marshall irlen ondoko Taongi atoloia eta Kolombiako Malpelo irla bere lurraldetzat hartzen dituena.
Beste batzuk guztiz birtualak dira, ez dute lurralderik, baina gobernu sistema zehaztasunez deskribatzen dute webgunean. Babkha mikronazioa, adibidez, historia luzea duen alegiazko lurraldea da Persiaren baitan. Denek ez dute gobernu sistema demokratikoa bilatzen, haietako asko monarkiak baitira. Batzuek pasaporteak eta bestelako parafernalia saltzen ateratzen dute dirua. . Batzuk hiriak dira, aintzinako greziakoen modukoak, Beste batzuek hizkuntza ofizialak dituzte, Banrok hizkuntza nagusi den Ancallon herrialdea kasu. Eredurik landuenetan benetako hizkuntza daukate, hizkuntzalariek asmatutako Conlang bat. Azken finean, imaginazioa eta abilidadeak praktikan jartzeko modu bat dugu herrialdeak asmatzea. Seguruenik Moorek, egun bizirik balego, horrelako webgune bat edukiko luke bere Utopia jendeari azaltzeko.
Abenduak 1, 2004