Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2004 » Azaroa

Azaroa, 2004 hilabeteko artxiboa

Mezu kateen bilakaera

Gure postontzietan askotan jasotzen ditugu eskatu gabeko mezu kateak. Lagun batek bidaltzen digu berari bidali dioten mezua, bertan ahalik eta jende gehienari bidaltzeko eskatzen baitiote. Netiketak eta segurtasunak eskatzen digute kate horiek ez jarraitzeko, baina jende askok ez dio horri erreparatzen eta bertan sartzen gaituzte gure helbidea daukatelako. Hala ere, mezu kateena ez da egungo kontua, paperean idatzita aspaldi jarri baiziren abian.

Lagun batek edo guk geuk sor ditzakegu kate sinpleak konturatu barik, irudi bitxi bat edo PowerPoint aurkezpen barregarria lagun batzuei bidalita eta haiek beste hainbati. Katea jarraitzen ez badugu ere, gure helbidea hor geratuko da, besteei bidalitako mezuetan kateatuta. Ordurarte jasotzen ez bagenuen ere, handik gutxira jasotzen hasiko garen spam edo zabor publizitatearen errudunak dira kateak, gure postontzia erabat buxatzeraino hel daitekeen izurritea ekarriko baitu gure helbidea spammer bihozgabeen eskuetan jausteak.

Baina badira propio kate bilakatzeko sortutako mezuak, hedapen geometriko
amaigabean biderkatzeko sortuak. Interneten asko dira horrelakoak, baina hedapena lortzeko internautari sinestarazi behar diote mezua hedatzea beharrezkoa dela. Gezurren bidez egin ohi dute eta hoax ezaten zaie horrelako mezuei.

Batzuek heltzear den balizko birus kaltegarri bati buruz ohartarazten digute, gure lagun guztiei abisua pasatzeko esanez. Jendea ez da konturatzen birusa, azken finean, mezua bera dela, bere burua hedatzeko duen formari erreparatuta. Beste batzuek ustez gaixorik dagoen umeari laguntza emango diogula diote, mezua beste 20 laguni bidaliz gero, eta beste batzuk zortearen katean datoz, berau mozteak zorigaitza ekarriko digula ziurtatzen digute.

Izan ere, mezu kateen sorburua ez dugu Interneten aurkituko, askoz zaharragoak baitira jarduera hauek. Zortearen katea izan da azken 100 urteotan paperezko postaren bidez gehien hedatu dena, toki eta hizkuntza askotan agertu dira eta, gaiari dagokionez, aldaera ezagunekin baina beti eredu berbera jarraituz hedatu dira. Ikerketa batzuen arabera, papera bezain zaharrak dira eta zaharrenak Japonian agertu ziren duela mende batzuk. Are, Egipton aurkitu izan dira beren burua ugaltzea eskatzen duten aintzinako mezuak.

Kateak ez dira masiboak bilakatu XX. mendera arte, teknologiaren garapenak kopiak egitea erraztu zuelako. Orduan, 30ko eta 40 urteetan zabaldu ziren gehien, baina dirudienez, kateak agertu, izugarri hedatu eta gero euren hedapena moteltzen da. Badirudi kateak bere mugak aurkitzen dituela, ez muga numeriko posiblea, hau da, gizateri osora zabaltzea, baina bai berau hedatzen jarraitzeko prest daudenen kopurua mugatua delako. Etxean galdetuz gero, seguruenik, inoiz pezetaren karta jaso dutela erantzungo digute. Dirudienez, Interneten agerpenak bertara desbideratu ditu horrelako asko, baina oraindik bueltaka dabiltza kateak posta bulegoetan.

Daniel W. Van Arsdalek gaia ikertu du, gutunak sailkatu eta Interneten jarri du bere lana, honelako mezuen azken mendeko eboluzioa erakutsiz. 525 gutuneko lagina hartuta, motak eta aldaerak ezberdindu ditu: errukia, zorte ona, karitatea, politika arloko eskaerak, dirua bidaltzekoak, haien parodia egiten dutenak… Dirua bidaltzea eskatzen dutenek Ponzik asmatutako piramidearen eskema jarraitzen dute, enpresa batzuek kide berriak egiteko eta, bide batez, etxetresnak edo sendabelarrak saltzeko darabiltenaren antzekoa.

Amaitzeko, ohar bat egin behar dut: testu hau Ecuador-eko misiolari Aita Juan Sandiak idatzi zuen, zuzenean jainkoak belarrira esandakoa kopiatuz eta munduari hogei buelta emanda dago, ez da txantxa. Irakurtzen duenak 20 kopia egin behar ditu eta beste hainbeste laguni berau bidali, postaz edota e-postaz. Idahoko Joe Urliak jaso zuen eta emaztea galdu zuen katea apurtu ostean. Carlo Berendiak, aldiz, katea jarraitu zuen eta handik gutxira, Filipinetan zela, hango loteriako sari nagusia egokitu zitzaion. Katea jarraituz gero, laster igarriko duzu zure postontziko spam mezuen beherakada, erabat desagertzeraino. Ez duzu berriro ordenagailuarekin inolako arazorik izango eta birusak ez zaizkizu hurbildu ere egingo. Hori bai, badaezpada, hartu C bitamina asko eta berokia jantzi.

LABURRAK

Messenger nabigatzailean
Microsoftek bere berehalako mezularitza zerbitzuaren baliabide berria atera du, nabigatzailearen bidez erabil daitekeen Web Messenger izenekoa. Modaz pasatzen ari den arren, jende askok erabiltzen du MSN Messenger programa. Lagunekin kontaktuan egoteko eta chat berriketak izateko baliabide hau, orain arte, gure makinan instalatu beharreko programa zen, baina webgune honi esker programa ez da beharrezkoa izango zerbitzua erabiltzeko.

Web Messenger
webmessenger.msn.com

Firefox-en arrakasta
Sekulako arrakasta ari da izaten iragan astean atera zen Firefox nabigatzaile librearen 1.0 bertsioak. Berari ongi etorria emateko Googlek itxura berezia erakutsi die programaren erabiltzaileei. Internautak eta, batez ere blogosferakoak ditu babesle eta gizarte mugimendu modukoa sortu da haren alde. A9 eta Clusty bilatzaile berriek ere Firefox-entzako nabigazio barra atera dute.

Kanpainia
www.spreadfirefox.com

iFavoritos zerbitzua
Norberaren gustoko helbideak gordetzeko zerbitzu berria atera da gaztelaniaz, ingelesezko delicious arrakastatsuaren antzera. Funtsean, webgune hauen bidez, gure gogoko helbideak nabigatzailean gorde ordez, zerbitzu horretako gure kontuan gordetzen dira eta, nahi izanez gero, horietako batzuk beste internauten esku jartzeko aukera dago. Gainera, xml feedak erabiliz, edozein webgunetan argitara daitezke guk hautatutako helbide horiek.

Gogokoak
www.ifavoritos.com

Iruzkina gehitu Azaroak 25, 2004

Bitakorak enpresan, eskema berriak

Hedabide tradizionalek mezua gizarteratzeko eskaintzen dieten bitartekaritzaz gain, elkarteek, enpresek eta gizartera begira dauden erakunde guztiek Internet ezinbestekoa dute mezuak beste inork ikutu gabe jendeari helarazteko. Sareak eskaintzen dituen baliabideen artean gero eta argiago dago, besteak baztertu gabe, mezua hedatzeko biderik zuzenena, bitartekaririk gabekoa, bitakorak edo blog-ak direla.

Argi dago: mezua zenbat eta bide gehiagotatik zabaldu, orduan eta aukera gehiago izango du jendearengana heltzeko. Baina blog-ak eraginkorrak dira erabilterrazak direlako eta informazioa moldagarria bihurtu dutelako. Luis Fernandezek, iragan astean Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan aurkeztutako komunikazioan, internautek informazioa jasotzeko eran izaten ari den bilakaera azaldu zuen lehenengo, bitakoren garrantzia uler genezan.

Sareko informazio saturazio itzelaren erdian internauta bere nabigazio ohiturak finkatuz doa: iturriak ordenatzera jotzen du lehendabizi, era batera edo bestera bere nabigatzailean gogoko helbideak sailkatuz, informazio interesgarriak bilaketa bidez edo txiripaz aurkitzeari gero eta aukera gutxiago emanez. Alabaina, nabigazio ohitura horiek ez dira nahikoa, gure gogoko helbide guztiak ez baititugu egunero bisitatzen, eta azken aldion sortu da informazioa webguneetara banaka jo barik eskuratzeko aukera, XML feed edo informazio jarioen bildumen bidez. Gure gogoko informazio iturriak diren blog-etako azken albisteen titularrak automatikoki biltzen dituzten programak edo Bloglines bezalako web zerbitzuak daude, press-clipping moduko lan hori automatikoki egingo digutenak.

Editatzeko errazak izaten dira atzean edizio sistema automatizatua duten bitakora horiek eta horrek berehalakoa bihurtzen du argitalpena. Gainera, informazio hori moldagarria dela diogu, XML feed-en bidez informazioa ez baitago aurkezpen modu jakin bati edo maketazio bati loturik: XML jarioan argitaratutako informazio bera PDA gailuetan, telefono mugikorretan, beste inoren webgunean eta hainbat formatotan ager daiteke automatikoki.

Elkarte batek emandako informazioa hedabide tradizionaletatik hartzen dugunean bi iragazkitatik igarotzen da informazioa eta eraldatuta helduko zaigu, horietako bakoitzari komeni zaion zentzuan. Elkarte batek bere prentsa bulegoaren bidez ematen dio forma informazio horri, bere interesen arabera, gero hedabideak ere, kazetaritza moldean ordenatzean, bere irizpideen arabera forma eta zentzua emango dio informazioari.

Aldiz, zuzenean Interneten argitaratuta bigarren iragazkia desagertzen da. Bitartekaririk gabeko hedapena da, hedabideetako kazetarien bitartekaritzarik gabekoa den neurrian, baina bitartekaritza guztia ez da ezabatzen, noski, argitaratu aurretik informazioa erakundearen prentsa bulegotik igarotzen baita sarri. Horregatik argi utzi nahi dut nire ustez hobe dela kazetarik gabeko kazetaritza esatea ezen ez bitartekaririk gabekoa. Kazetaririk gabekoa ere ez da izango, prentsa bulegoetan kazetariak ere aritzen diren heinean. Interneten ondorioz, beraz, gero eta lan gehiago izango dute komunikazio bulegoetan eta gutxiago hedabide-bitartekarietan.

Enpresa batzuek ere ikusi dute argitalpen modu horren balioa eta blog-en erabilera emendatuko da datozen hilabeteotan arlo horretan. Berriki Gasteizen, Araba Enpresa Digitala ekimenaren baitan Weblog-ak enpresan gaiaren inguruan jardun zuten. Bertan hizlari egon zen Jose Luis Orihuela kazetaritza irakasleak bere ecuaderno.com bitakoran gai honi buruzko hainbat datu eta lotura interesgarri bildu ditu.

Batez ere edizio sistema automatizatuen erraztasuna, berehalakotasuna eta informazioa moldagarria izatea estimatzen dituzte, alderdi teknikoak beraz, lehenago ere beste modu korapilotsuagoen bidez informazioa argitaratzeko aukera ere bazegoen-eta. Baina bitartekaritza (edo haren sumaketa bederen) are gehiago laburtzen duen argitalpen modua dago, enpresari lotutako weblog pertsonalen bidezkoa. Prentsa bulegoen eta ofizialtasunaren gainetik, enpresa edo elkarteko kideek zuzenean euren albisteak, pasadizuak eta iritziak plazaratzen dituzte bertan. Enpresetako agintarien bitakora pertsonal ezagunak daude, baina Microsoft, Sun, Google eta horrelako enpresetako langile xumeek ere enpresako jardunari lotutako bitakorak izaten dituzte batzuetan, baina bertan idazten direnak euren kontroletik erabat kanpo edukitzea ez dute gehiegi maite enpresek eta komunikabideek. Enpresako sekretuak zabaltzea edo kontu zikinak aireratzea dira horien arriskurik handienak baina, orokorrean, weblog-ek sortzen duten arreta eta informazio trafikoa ez dute inoiz lortuko webgune korporatibo hutsek.

Kazeta batzuek ere bitakorak erabiltzen dituzte euren kazetari batzuei hitza emateko eta eztabaidak pizteko. Argentinako Clarin eta Espainiako El Mundo aipa daitezke arlo horretan, baina dudarik gabe aurrerantzean egunkari gehiago ikusiko ditugu euren edizioetan weblog estiloaren elementuak egokitzen.

LABURRAK

MP3ak Googlen
Googlek ez digu MP3 edo beste edozein audio motatako artxiborik bilatuko. Agian egile eskubideak ez urratzearren edo arazorik ez izateko ez ditu audio artxibo horiek erakusten. Hala ere, bada horrelako artxibo asko aurkitzeko bidea emango digun trikimailua, mp3 izeneko karpetak edo azpidirektorioak bilatzea. Horretarako egin behar duguna allintitle: index of mp3 bilatzea da.

MP3 karpetak
tinyurl.com/6qurd

Sototik e-zinea
Musika experimentala eta elektronikoa hizpide duen Sototik izeneko e-zinea topatu dugu sarean. Zintzilik irratian egiten den irratsaio baten osagarri da e-zine txukun hau eta bertoko hainbat artistari eginiko elkarrizketak irakurri eta entzun ahal izango ditugu bertan: Tzesne, Makala, Act, Xabi Erkizia… Gainera, berriak, loturak eta MP3 artxiboak aurkituko ditugu Oier Iruretagoienak egiten duen fanzine elektroniko honetan.

Faluyako irudiak
Aste honetan irudi gogorrak eskaini dizkigu Faluyan AEBetako soldaduekin txertatutako NBC kateko kazetari batek. Soldadu batek odol hotzean preso, zaurituta eta armarik gabe zegoen irakiar bat hiltzen ageri zen irudiotan. Hala ere, AEBetan ez dituzte irudi guztiak erakutsi, hilketaren unea zentsuratu baitute. Hala ere, eMulen filmaketa osoa dago eskuragarri. Iragan larunbatean irudiok hartu zituena NBCko Kevin Sites dugu, hain zuzen, egun Iraken dauden blogger kazetaririk famatuena. Bere bitakoran kontatu ohi du egunez egun eta bere hitzekin Iraken ikusitakoa, baina testu hau idazteko unean oraindik ez zegoen larunbatekoaren gaineko kronikarik bertan. Zentsura ote?

Iruzkina gehitu Azaroak 18, 2004

Sarea, zinema jaialdi alternatiboa

Muduan badira gai zehatz baten gaineko hainbat film jaialdi alternatibo, komertzialak ez diren gai batzuen ingurukoak. Horietariko askok egun webguneak dituzte eta informazio asko ematen digute ekoizpen politiko eta sozial horiei buruz. Baina egungo sarean, banda zabalari eta eMule bezalako truke programei esker, filmen gaineko informazioa ezezik filmak eurak ere eskura ditzakegu. Film komertzialez gain, telebistan eta zinemetan ikusten ez diren dokumentalak edo film politikoak aurki daitezke eMulen.

Kanadako Albertan egin berri duten Global Visions film jaialdian, The colour of currency lelopean ekonomia globalizatuak langileongan duen eragina aztertu dute aukeratutako film sortaren bidez. Dokumental alternatiboak dira 23 urte bete dituen jaialdi honen genero bakarra. Baina errealitate gordina agertzeaz gain, konponbideak proposatzeko helburua ere badu Global Visions honek. Aurten, Breaking Cycles izenburupean, bidegabekeria sozialak amaitzeko eta gizateriari esperantza eskaintzeko egiten ari diren ahaleginak iskaltu nahi izan dituzte antolatzaileek. Jaialdiari buruz gehiago jakiteko, Edmontonera joan barik globalvisionsfestival.com webgunea bisita dezakegu.

Zinemagile berri eta independienteen filmmaking.net webgunean irakurri ahal izan dugunez, badira webgunea duten hainbat film jaialdi. Gai baten ingurukoak dira batzuk, alternatiboak edo film laburretakoak besteak. Independiente moduan aurkezten dira batzuk, Robert Redford-ek bultzatutako Sundance ospetsua kasu. Bere sundance.org ofizialean eta sundanceguide.net webgunean ere beharrezko jakingarri guztiak aurkituko ditugu. Hori 2005eko urtarrilean izango da, baina jaialdiak online bertsioa du ere eta bertan, urtarrilaren 20tik aurrera, lehiaketara aurkeztuko diren film berak erakutsiko dituzte telematikoki sarearen bidez.

Baina badira arinago etorriko diren beste jaialdi eta topaketa asko ere eta batzuk filmmaking.net-en webgunean aurkituko ditugu. Esaterako, bihar hasiko den Cornwall Film Festival jaialdia (cornwall-film-festival.co.uk), denetariko filmak bilduko dituena: luzeak, laburrak, animaziozkoak, dokumentalak, aurrekontu baxukoak… Gai zehatzagoen bila bagabiltza, berriz, underground zinea aurkituko dugu Brooklyn Underground Film Festival (BUFF) izenekoan, brooklynunderground.org webgunean bisitatu dezakegu. Gai zehatz baten ingurukoa ere dugu Chicagoko palestinar film jaialdia eta, beti pil-pilean dagoen gaia izanik, normala da bertako film gehienen gaia, zeharka bada ere, palestinarrak bizi diren egoera latza izatea.

eMulen eskuragarri
Sarean filmei buruz irakurtzeaz gain, azken aldion banda zabalari eta truke sareei esker bestela ikusi ezin izango genituzkeen filmak eskura daitezke orain. Adibidez, oraintsu aipatu dugun Palestinako gatazka hizpide duen Jenin-Jenin filma. Mohamed Bakri zuzendari palestinarrak 2002an eginiko 53 minutuko dokumental honek Jenin herriak jasandako erasoaren lekukotasuna ematen digu. Antzeko gaia du Gaza Strip dokumentalak, James Longley zuzendariak Gazako leku anitzetan grabatutakoa.

Amodiozko filmak ere badira, egoera zail horretan bada ere maitasunak muga guztiak gainditzen baititu. Horren adibide dugu Elia Suleiman zuzendari palestinarraren Yadon ilaheyya (Divine Intervention). Duela bi urte eginiko film honetan israeldar soldaduen kontrolak gainditzen duen maitasuna aurkezten digu, maitale bi, bata Ramalakoa eta bestea Jerusalemgoa, elkar ikusteko moldatzen dira izkutuko topaketen bidez. Antzeko gaia du Rana’s wedding, Hany Abu-Assad zuzendari palestinarrak Jerusalemen eta Ramallan filmatutako lanak. Hauek guztiak eMulen aurkituko ditugu eta, gainera, divx4arab.com webgunean arabierazko beste film askoren informazioa zein loturak daude, bakoitzaren eLink-a edo eMulen deskargatzeko loturarekin batera. Bertan eskura dezakegu 2001eko Inch’allah Dimanche, Pariseko algeriar etorkin baten gorabeherak kontatzen dituena edo 2002ko Osama, Afganistango gizarte sexistaren erretratu gordina.

Palestinar film jaialdia
www.palestinefilmfest.com
tinyurl.com/68srl
The Gaza Strip
www.littleredbutton.com/gaza
www.arabfilm.com
www.arabfiles.org

LABURRAK

Mezularitza euskaraz
MSN Messenger ez da bakarra ezta onena ere, jende gehienak ezagutzen ez dituen beste bat-bateko mezularitza programa asko daude, Yahoo Messenger-ez gain. Azken aldion plataforma anitzekin bateragarriak diren programak daude, Jabber eta bere euskarazko bertsioa den Jalgi-Talki kasu. Baina Microsoft-en sareetara konektatzeko oraintsu atera da aMSN programa, euskarazko bertsioa duena eta Windows, Linux edo Mac OS sistemetako ordenagailuekin erabil daitekeena.

Wikipediak 2.368 artikulu euskaraz
Dagoeneko 2.368 artikulu ditu Wikipedia entziklopedia librearen euskarazko bertsioak. Internauten ekarpenez osatutako entziklopedia da Wikipedia eta hizkuntza bakoitzak ekarpen horien araberako artikulu kopurua du. Euskararena ez da oso kopuru handia informaziogune eleanitz honetan dauden hizkuntza nagusiekin alderatuz gero, ingelesez 390.970 sarrera daudelako. Besteak beste, asturieraz 1.302 sarrera daude eta katalanez 9.649. Frantsesez 61.203 eta gaztelaniaz 34.257 artikuluren azalpenak aurkituko ditugu.

Zentsura Googlen
Hainbat komunikabidek salatu dutenez, Google bilatzailearen irudi bilaketa zerbitzuak ez ditu Abu-Ghraib gartzelan torturatutako preso irakiarrei ateratako argazkiak erakusten. Beste bilatzaileetan, aldiz, arazorik gabe ikusiko ditugu argazki horiek. Horregatik irudi horien bilaketa iragazien bidez zentsuratzea leporatu diete sareko bilatzailerik onentzat hartzen dutenari. Googleko arduradunek, berriz, zentsura dagoenik gezurtatu dute eta datu basearen eguneraketaren atzerapen tekniko bati leporatu diote irudiak ez agertzea.

Iruzkin 1 Azaroak 11, 2004

Non daude webgune islamistak?

Ohiko komunikabideetan, telebistan batez ere, askotan entzuten dugu talde islamistek, Irakeko erresistentziak edo Al Qaedak aldarrikapenak eta bideoak Interneten ezartzen dituztela. Baina non zehazki, webguneetan, eztabaidaguneetan, truke sareetan? Zergatik gehienetan ez digute helbiderik ematen? Saiatuko gara islamisten sareko presentziaren errealitatea ezagutzen.

Ikuspegi hori Interneten trataera sentsazionalistarekin lotuta dago, sarritan sarea kontu ilunekin lotuta aurkezten baitigute. Egia da webgune islamista batzuk badirela, baina askotan errepikatu ohi diren gauza batzuk ez dira informazio zehatzak, Al Zarkawik webgunea duenik edo bideoak webgune batean eskegitzen dituztenik, esaterako.

Onartu beharra dago gurea ez den kultura bateko webguneak direla, mendebaldeko etnozentrismoari arrotzak zaizkion hizkuntza eta idazkera dutela eta, hortaz, zailagoa egiten zaigula webgune horiek aurkitzea edo euren jarrera zein den jakitea, ondoan itzultzailerik eduki ezean. Nahasmena areagotzeko, telebistan gehienetan ez dira hitz zehatzak erabiltzen Interneteko kontuak aipatzean. Zehaztasuna ez dute beharrezko ikusten, ez dutelako sarea ulertzen. Internautontzat, berriz, ez da gauza bera halako taldeak bere web orrian (sic) hilketa bere gain hartu duela entzutea edo foro islamista batean ezezagun batek aldarrikapen testua eskegi duela, arras gauza ezberdinak dira-eta.

Baina bilatuz gero ikusiko dugu horrelako webguneak badirela eta, paradoxikoki, informazio gehiena Internet haganah izeneko webgune israeldarrean aurkituko dugu. Hauek webgune islamisten aurkibide ona egin dute, berauek salatzeko eta ixteko xedez, baina bila dabilenarentzat laguntza ona ematen dute, euren salaketa orriak Googlen aurkitzea erraza baita eta propaganda laguntza ona ematen baitiete. Izan ere, webgune horiek aurkitzeko zailtasunetako bat dugu askotan horiei buruzko informazioetan loturarik ez agertzea. Hainbatetan testua idatzi duen kazetariak ez ditu webgune horiek bisitatu edo bilatu, agentziak esandakoa eta hainbat aldiz entzundakoa errepikatu baizik ez du egiten. Beste batzuetan, kazetariak informazio hori Interneten ikusi du eta ez du helbidea eman nahi islamistei propagandarik ez egiteko.

Ulergarria da azken hau, azken finean webgune baten arrakasta bisitetan neurtzen baita. Googleren emaitzetan ongi kokatuta agertzea eta beste webguneetan bertarako lotura asko egotea dira bisita horiek lortzeko bitartekoak. Hori ondo ulertu zuen Espainiako gobernuak, CNN eta BBC kateei euren Interneteko informazioetatik Batasunaren webgunerako loturak kentzea eskatu zienean. Ulergarria izango da, baina kazetarien kasuan ez da onargarria, ahalik eta datu gehien eskaintzea baita euren zeregina. Horregatik CNNk eta BBCk euren loturak mantendu zituzten Aznarren gobernuari jaramonik egin gabe.

Beste kontu bat dugu islamistena, zaila baita amerikarren eta britainiarren webguneetan horrelako lorratzik aurkitzea. Hala ere, Internet haganah-eko sionistek ez dute arazorik webgune islamistarik erradikalenak aipatzeko. Euren helburua salaketa da eta, horien zerbitzarien gaineko datu teknikoak emanez, hackerrei helburuak erakustea eta ostatatze zerbitzuei zein gobernuei webgune horiek itxi ditzaten presioa egitea. Beste kontu bat da zeharkako propaganda hori euren helburuetarako ona ala txarra den.

Hala, horiei esker ezagutu ditugu talde islamista mota ezberdinak eta bakoitzaren barruan dauden webguneen deskripzio zehatza. Egunero aldatzen dira bertako datuak, presioaren eraginez etengabe lekuz aldatzen ari baitira. Jihadismo Kalifistaren barruan, esaterako, et.4t.com webgunea dugu, Txinako gobernuak Xinjiang deritzon probintzia Ekialdeko Turkistan dela aldarrikatzen duen talde independentista musulmana.

Baina talderik inportanteenak eta egun ezagunenak salafistak edo neo-wahabiak dira, asko Ben Ladenen aldekoak. Euren artean hainbat komunikabidek Abu Musab Al-Zarqawirekin lotzen duten Tahid wal Jihad taldearen abualbukhary.org webgunea dugu edo alm2sda.net, berriki berpiztutako Ben Ladenen argazkiak erakusten dituena. Beste multzo garrantzitsu bat Hizb’Allah alderdi xiitaren ingurukoa da, manartv.org telebista katea barne.

Beste asko, ordea, ez dira argiro gerra santuaren alde agertzen, baina batzuek kazetarien zehaztasun faltaren eragina pairatzen dute. Adibidez, ansarnet.ws eztabaidaguneak bere hasierako orrialdean oharra ezarri du, bertan agertutako mezuak ez direla eurek idatziak. Hainbat komunikabidek argitaratutakoaren arabera, bertan publikatutakoa talde terroristen informazioak dira eta eurek hori gezurtatzearekin batera, arabiar monarkia eta diktadurei egozten diete manipulazio horien ardura.

Talde palestinar ezagunak ere ageri dira webgune israeldarrean terrorista bezala, Al Aqsako Martirien Brigadak edo Hamas kasu, edo txetxeniarren kavkazcenter.com ezaguna. Batzuek zein besteek arazo handiak izaten dituzte sarean mantentzeko, zerbitzarien gaineko errepresioa handia baita.

LABURRAK

Irakeko bideoak eMulen
Webguneetan baino, aspaldion buru mozketen bideoak eMule bezalako truke sareetan aurki daitezke, AEBetako kateek zentsuratutako beste hainbat irudiren moduan. Pentsatzekoa da horiek sarean ipintzeko ere babes neurriren bat hartuko dutela bideook filmatu dituztenek, bestela IP helbideen bidez erraza bailitzateke iturria kokatzea. Snuff mota berri hori salatzeko gezurrezko bideoa egin zuen Benjamin Vanderford gazte estatubatuarrak, jende asko horrelako bideoen bila ari zela baliatuta.

AEBetako bideo politikoak
Iragan astean Michael Mooreren Fahrenheit 9/11 eskuragarri jarri zuen Marc Perkel-ek bere webgunean, Moorek jendeak bere filma trukatzea axola ez zitzaiola adierazi ostean. Kerryren aldeko azken ahalegin moduan ezarri zuen bideoa, ahalik eta gehien zabal zedin. Sarean, ordea, badira demokraten zein errepublikarren aldeko bideo politiko dexente. Besteak beste, A Remarkable Promise eskura dezakegu, Kerryk Vietnamen egindakoa goraipatzen duen bideoa, edo They Served, Kerryk artifizialki bere merituak puztu zituela esanez errepublikarrek ateratakoa.

Eminem-ek ere bere bideoa
AEBetako hauteskundeetarako sei egun falta zirenean Eminem kantariak Bush-en kontrako Mosh izeneko bideoklipa atera du sarean, Guerrilla News Network kontrainformazio webgunearen laguntzaz egin du bideoa eta euren webgunean ikus daiteke osorik, banda zabalerako zein modem arrunterako bertsioetan. Botoa ematearen aldeko aldarria da, marrazki bizidunez eginikoa eta letra oso kritikoa da Bush-ek AEBetan zein atzerrian egindako guztiarekin.

Iruzkina gehitu Azaroak 4, 2004

Musikari berrientzako aukerak sarean

Internetek laguntza handia eman diezaioke jotzen hasi berri den talde bati. Musikaren zabalkunderako eta taldea ezagutarazteko balio du, baina honetan ere lan pixkat egitea beharrezkoa izango dugu, sareak ez baitigu dena egingo.

Diskoak saltzen aberastea pentsatu baduzu, hobe duzu kontu hori ahanztea, musikaren betiko dinosauro zaharrak eta egungo izar handiak ezezik inor ez baita gaur egun bide horretatik aberasten. Top manta delakoak batetik eta musika doan eskura daitekeen truke libreko sareek bestetik, ezinezkoa bihurtu dute negozio eredu hori. Gaur egun Euskal Herrian ateratzen diren disko gehienek oso diru gutxi ematen dute, grabaketa, edizio eta banaketa kostuak ordaintzeko ia ez da heltzen, oso kopia gutxi saltzen direlako. Disko guztiak berehala salduta ere, musikarientzat oso mozkin gutxi geratzen da, baina hori ez da inportanteena.

“Euskadin rokanrolak ez du inoiz dirurik emanen”, zioen Hertzainak taldearen abesti batek duela 20 urte, baina arlo horretan ez da ezer onerako aldatu. Dirua irabazteko edo behintzat profesionalizatzeko ustea duenak jakin badaki zuzeneko emanaldiak direla sos batzuk eskuratzeko bide bakarra. Baina horretarako, lehendabiziko urratsa gure buruak eta gure musika ezagutaraztea da eta Interneteko hainbat tresna erabil daitezke gaur egun hori lortzeko.

Taldea badaukagu, hainbat orduz lokalean trebatu ostean osatu dugun errepertorioa maketa edo disko batean argitaratzea izango da lehenengo urrats inportantea. Hala ere, disko bat ateratzea ez da hasieran dirudien bezain erraza, betiko bidea jarraitzen badugu behintzat. Hasteko, ganorazko grabaketa egin beharra dago eta hori estudio batean egitea ezinbestekoa da. Hala ere, nork bere grabaketa egitea posiblea da orain ordenagailuei eta Garageband bezalako programari esker. Edozein modutan, seguruenik estudio batetik igaro beharko dugu grabaketa itxurosoa aterako bada.

Hurrengo urratsak diskoa diseinatzea, kopiak egitea eta banatzea izango dira. Ohiko bide komertzialetik doazen taldeak, pixkat ezagunak edo onak direla frogatu behar dute disketxe batek bere baitan har ditzan eta lan horien ardura har dezan. Dena dela, hasi berria den taldeak beti bere kabuz argitaratu behar izaten du lehenengo maketa.

Taldeen promoziorako zerbitzuak egon badaude, baina azkenean Webgunea egitea ezinbestekoa egingo zaigu, sarean taldearen erreferentzia nagusia izango baita. Bertan gure taldearen biografia, gure musikaren deskribapena eta datu interesgarriak jarri behar ditugu. Oso inportantea da argazki batzuk jartzea, pantailan ikusteko modukoak zein kalitate eta neurri handikoak, prentsa idatzian kazetariek erabili ahal izan ditzaten. Noski, gure webgunean abesti batzuk edo maketako abesti guztiak jar ditzakegu MP3 formatoan. Erakusgarri moduan bakoitzaren zati bat ipini dezakegu edo abestiak oso-osorik, guk nahiago duguna egin dezakegu. Ondoren, posta elektronikoa erabil dezakegu gure taldearen promoziorako, spam-ean jausi gabe eta jasotzaileen helbideak izkutuan geratuko diren Bcc: eremuan jarrita. Disketxeei, kontzertu aretoei, gaztetxe, elkarte eta jai batzordeei emango diegu ondoren gure berri, mezu elektronikoak bidaliz eta kontakturako izenak eta telefonoak emanez.

Bide librea
Sareak bultzatu duen software librearen filosofia berria musikagintzara ere heldu da eta copyleft lizentziapean argitaratzen duten musika taldeak hasi dira agertzen. Bilboko MCD taldea izan zen aitzindaria gurean eta ondorengo Motorsex taldeak bide hori jarraitu du. Funtsean, copyright kontzeptuaren ararabera, lan intelektual baten egileak (kasu honetan abestiez ari gara, baina margoak, eskulturak edo idazkiak izan daitezke) kopiak egiteko baimena gordetzen du, originala bere baita. Kopia horiengatik kobratu nahi badu eskubidea du eta berak ezarriko du kopia bakoitzaren salneurria. Kontrakoa da copyleft filosofia, jendeari nahi beste kopia egin dezan baimentzen duena.

Arazoa Espainian dagoen SGAE elkartearekin gertatzen da. Elkarte boteretsu honek bere bazkide artisten egile eskubideak kudeatzeko ardura hartzen du eta, nahiz eta artistak une baten eskubide horiei uko egin, elkarteak kobratzen jarraitu nahi izango du horiengatik. Tabernei musika jartzeagatik, irratiei emititzeagatik, antolatzaileei kontzertuak egiteagatik… Denei kobratu nahi die SGAEk dirua, elkarte pribatua izan arren. Baina SGAEk artisten artean diru hori banatzeko duen erarekin pozik ez dauden artista asko musika librearen mugimendura ari dira pasatzen.

Copyleft mugimenduko artistak ez dira SGAEko kide edo ez dute nahi euren eskubideak elkarte horrek kudeatzea. Motorsex-ez gain, gurean Lendakaris Muertos eta Oikobras taldeek ere beren kantak ematen dituzte sarean, baina banaketa librearen defentsa sutsua eta azalpen mordoa Kataluniako La Mundial funk taldearen webgunean aurkituko duzue. Oso interesgarria da bertan aurkituko dugun aholku piloa, gure musika libreki banatzeko. Motorsex-en moduan, euren webgunean diskoaren osagarri guztiak aurkituko ditugu, geuk etxean kopiak egin ahal izateko. Abestiak MP3 formatoan eskuratzeaz gain, diskoaren azalak, liburuxkak eta CDaren gainean inprimatzeko gailetak eskura ditzakegu.

Iruzkina gehitu Azaroak 1, 2004


sarean.com

Calendar

Azaroa 2004
A A A O O L I
« Urr   Abe »
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak