Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2004 » Urria

Urria, 2004 hilabeteko artxiboa

Gida baimena internautentzat?

Hegoaldean gida baimena laster indarrean egongo dela iragarri dute aste honetan. Galtzen duenak atzera atera behar izango du, ahalegin handia eginez, ez baita orain arte bezain merkea izango txorakerietan ibiltzea. Egia esan, internauta naizen aldetik, inbidia pixkat sentitu dut, hemen inork ez baitu eskatzen ordenagailuak gidatzeko inolako ezagutzarik. Edonor eseri daiteke makina horietako baten aurrean eta sekulako triskantza antolatu. Baina, zer gertatuko litzateke tresna telematikoak erabiltzeko baimena eskatuz gero? Eta puntukakoa balitz?

Azken neurrion helburua jendeak errepidean ganoraz gidatzea eta, ondorioz, istripuak murriztea da. Badakit autoen eta ordenagailuen artean alde ederra dagoela: autoek urtero milaka lagun akabatzen dituzte eta, nik dakidala, oraino ez da inor pantaila aurrean elektrokutatuta hil, lagun batek oharkabean bidalitako birusaren eraginez.

Baina egun birusak eta spam-a diren modukoak izanik, ordenagailua gaizki erabiltzeak beste internautak kaltetzen ditu eta batzuetan kaltea handia izaten da. Milioika euro galtzen dira erabilera txarragatik hondatutako makinak konpontzen, milioika ordu galtzen eta milioika neurona akabatzen dira pantaila aurrean etsita, urte osoko lana, amaitzen ari ginen nobela, grabazioa edo doktore-tesia ezustean galdu dugulako. Zabor-mezuak ezabatzen eta birusak garbitzen ere sos eta ordu asko galtzen da.

Internauta izateko gida baimen modukoa eskatzea agian gehiegizkoa izango da, askoren aburuz, lubaki digitala areagotu dezakeen faxismo teknologikoa… Gainera, noski, jakintza eskatzeko berau eskaintzea derrigorrezkoa egiten zaigu.

EAEko KZgune izeneko lekuetan eskolak ematen dira eta IT txartela izenekoa ateratzeko azterketa egin daiteke. ESI edo European Software Institute delakoak egiten du, bere izen hantustea gorabehera inongo erakunde ofiziala ez dena. Hau sinatzen duenak egin zuen iaz ditxosozko azterketa, bertan zer nolako jakintza eskaintzen eta eskatzen duten ikusteko asmoz. Interneten oinarrizko erabilera baino, Windows sistemaren azken bertsioan erabilitako programa jakin batzuen erabilera jakin bat zen azterketaren gaia. Benetan galdera antologikoak zeuden azterketan eta nire aurreikuspen txar guztiak gainditu zituen probak, ez bainuen azterketa lehenengo deialdian gainditu.

Seguru nago delako KZguneetan ikasi duten askok geroztik birusak eta mezu-kateak zabaltzen lagundu dutela erabilera txar baten bidez, segurtasuna nola emendatu irakatsi beharrean edo interfaze jakin batetik harago dagoen sarearen funtsa ikasi beharrean, denbora hori KZguneko webmail zerbitzuan eta Windows XPn teklatuko lasterbideak nola erabili ikasten eman dutelako.

Baina demagun behingoz ganorazko gida baimen modukoa egiten dutela. Autoena bezala puntukakoa balitz, besteontzako arriskutsuak diren gauzak egiteagatik puntuak galduko genituzke. Adibidez, kaltegarria suerta daitekeen erabilerarik ohikoena posta elektronikoa gaizki erabiltzea da. Mezu kolektiboetan gure lagun guztien helbideak Bcc: eremuan ez jartzeak puntuak kenduko lizkiguke. Artxibo potoloegiak bidaltzea ere ohikoa izaten da batzuentzat, ehun laguni hiru Megabyteko PowerPoint aurkezpena bidaltzeak ere puntuak galaraziko liguke, artxiboa astunegia izateagatik eta jabedun formato horretan bidaltzeagatik. Norberak besteei ohartarazten dienean zaila da astuna ez ematea, baina utzikeria ez da irtenbide bat.

Posta elektronikoarekin beste mila adibide jar litezke, baina nabigatzea ere ez da ekintza arriskurik gabekoa. Edozein webgunetan sartzea arriskutsua suerta daiteke, batez ere eguneratu gabeko nabigatzaile eta sistema erabiliz. Gure makinan edonor ibiltzen bada, denbora kontua izango da edonor horiek porno webguneetan sartzea eta oharkabean dialer, spyware edo adware programak jaistea eta gure makinaren kontrola gure eskuetatik ihestea.

Kutsatuta dagoenean makina ez garbitzea ere kaltegarria da besteontzat: ezagutu ditudan adibide antologikoenetan Windows 95 sistemadun makina bat hilabete askoan egon da bere birusak sarean hedatzen. Lagun batek esan zidan 900 spyware eta horrelakoak zituen makina garbitu zuela lehengoan Bilbon, koittaduari abiatzea ere izugarri kostatzen zitzaion akaberan.

Beste motatako jarduera kaltegarriak ere badira: webgune kutre eta kargagaitzak egitea, inolako estandarrik ez betetzea… Baina derrigorrezko txartela eskatzen ez den bitartean zentzudunak izatea da erabiltzaileei eska dakiekeen gutxienekoa.

LABURRAK

Zibergizartea aztergai
Zibergizartearen gaineko II. kongresua ari dira egiten orain, Zibergizartearen behatokiak antolatuta, nolako ezagutzaren gizarterantz goazen iragartzeko asmoz. Kongresu jauregietan egiten diren mami gutxiko ekitaldi arranditsu eta garestiak ez bezala, bilkura ez da fisikoa, sarean bakarrik egiten delako. Hala ere, oso gai interesgarriak jorratuko dituzten hainbat lantaldetan banatuta daude eztabaidak eta, hamar multzo nagusiren baitan, gai bakoitzak koordinatzaile batzuk ditu. Webgunea oso erabilgarria da, ondo antolatuta dago eta, oinarrizko informazioaz gain, atal bakoitzean dagoen lantaldea, eztabaidarko galderak eta metodologia agertzen dira.

Googlen ondo agertzeko
Azken aldi honetan nork bere webgunea Googleren emaitzetan lehenengo lekuetan agertaraztea artea bilakatu da. Enpresari batzuentzat milioiak daude jokoan eta webmaster askorentzat erronka pertsonala da Googlen goieneko postuetan agertzea. Enpresa batzuek zerbitzua eskaintzen dute hori lortzeko, hellogoogle.com bilbotarrek kasu, baina hainbat irizpide jarraituz edozeinek lor dezake bere webgunearen emaitzak hobetzea. Googleren gainean berezitutako Dirson weblog-ak hori lortzeko zazpi irizpide nagusi bildu eta azaltzen ditu, zer egin behar den eta zer ez den egin behar zehaztuz.

Kontrola Sustatun
Barrapunto eta beste batzuen moduan, Sustatu weblog kolektiboa denez, edonork idatzi dezake nahi duena bertan, mezuok iraingarriak edo batere offtopic ez diren bitartean. Bada Sustaturi berriki gertatu zaio norbaitek bertan agertutako testu bategatik salaketa ezartzea. Orain arte iruzkinak egitea librea zen eta berehala argitaratzen ziren iruzkinok automatikoki. Aurrerantzean, iruzkinak eta mezuak argitaratu aurretik, idazten duenaren posta helbidea erabiliko da mezuaren egiletza konfirmatzeko. Segurtasun neurri honek ez du adierazpen askatasuna murriztuko, baina bakoitzaren erantzukizuna zehazteko baliagarria izango da.

Iruzkin 1 Urriak 28, 2004

Azeriarekin azkar nabigatu

Aldaketaren aldeko kanpainiek eta Explorer nabigatzailearen segurtasun akatsek beste nabigatzaile batzuen erabilera areagotu dute. Azken hilabeteotan gorakada nabarmena izan dute Mozillaren eta Firefox nabigatzaile libreek, gero eta lagun gehiagok instalatu eta erabiltzen ari baitira. Azken aldion gero eta gehiagok erabiltzen dute Firefox, Mozilla nabigatzailearen bertsio arin eta azkarra.

Zentzu guztietan da arina eta azkarra Firefox nabigatzailea. Izan ere, nabigatzeko Mozillaren abantaila guztiak ditu baina askoz memoria gutxiago hartzen du gure ordenagailuan. Orrialdeak ere arinago erakutsiko dizkigu eta punta-puntako segurtasun ezaugarriak ditu. Gainera, Explorer baino erabilgarriagoa eta moldagarriagoa da, ondoren ikusiko dugunez.

Lehenago ere aipatu izan dugun Mozilla nabigatzailearen bertsio arina da Firefox edo suzko azeria, nabigatzaile soila delako. Mozillak funtzio asko ditu programa bakarrean edo, hobeto esan, programa sorta da: nabigatzailea, webguneen editore grafikoa, posta eta berri taldeak irakurtzeko programa eta Chatzilla, aldi bereko berriketa edo chat programa.

Firefox-ek, berriz, nabigatzailea dauka bakarrik eta berau kargatzen du bakarrik memorian, ez makina moteltzen duten beste aplikazio horiek. Hortaz, askoz azkarrago kargatzen da, memoria gutxiago hartzen du eta web orrialdeak ere oso azkar kargatzen ditu. Gainera, segurtasunari lotutako ezaugarri asko ditu eta software librekoa da. Estandarrekin guztiz konpatiblea da eta webgunerik modernoenak arazorik gabe ikus daitezke bertan. Horregatik eta erabiltzaileak Explorerren zuloez nazkatuta daudelako, gero eta lagun gehiago ari da Firefox instalatzen, Microsoft-en nabigatzailea baztertuta.

Aurtengo abuztuan WebSideStory enpresak argitaratutako ikerketaren arabera, Explorer nabigatzaileen erabilerak 1,8 puntu egin du behera hiru hilabetetan, baina oraindik erabiltzaileen %93,7k erabiltzen zuten. Hala ere, webgune askok nabigatzaile libreen bisita gehiago jasotzen dituzte, teknologiari eta Interneti buruzkoak batik bat.

Ikerketa berriro eginez gero, are gehiago izango dira seguruenik Firefox-en erabiltzaileak une honetan. Izan ere, probako hainbat bertsioren ostean, Firefox-en 1.0 bertsioa agertu berri da, egonkortzat har daitekeen lehenengoa. Harekin batera, jendeak programa instalatu dezan zabalpen kanpainiari ekin diote Mozillakoek spreadfirefox.com webgunearen bidez. Orain arte askok ez zuten Mozilla instalatu nahi, hobea izan arren RAM memorian leku handia hartzen duelako, baina uda honetan AEBetako segrtasun informatikoaz arduratzen den US-Cert erakundeak Explorer ez diren nabigatzaileak instalatzea gomendatu zuen.

Programaren gaineko informazioa, mozilla.org webgunean ezezik, Europarako prestatu duten mozilla-europe.org ofizialean ere aurkituko dugu, frantsesez eta gaztelaniaz. Euskaraz ez dago oraindik eskuratzeko bertsio ofizialik, librezale.org webgunean eskura daitezkeen Mozillaren bertsioen moduan, baina 0.9 bertsioaren hizkuntza alda daiteke Librezalen dagoen fitxategi txiki bat jaitsita eta pentsatzekoa da laster bertsio berria euskaraz eskuratu ahal izango dugula bertoko software librearen komunitatearen eskutik.

Bere ezaugarrien artean xaloa eta intuitiboa egiten dutenak nabarmendu daitezke: fitxen bidezko nabigazioa, segurtasun hesiak. RSS informazioen integrazioa, testu moldagarria, pop-up leihotxo molestagarrien blokeoa eta Googlen bilaketa integratua. Gainontzean, Explorer-en azken bertsioak dituen ezaugarri berak ditu Firefox-ek.

Baina nabigatzaile soila dela esan dugunez, Postarako programa bat erabili beharko dugu, Outlook Express-era bueltatu beharrik izan gabe baina Mozillak eskaintzen dizkigun segurtasun ezaugarriak mantenduz. Horretarako Thunderbird eskura dezakegu, Firefox-en moduan Mozillatik hartu eta standalone edo bertsio independientean garatu duten posta programa. Spam-a eta birusak dituzten mezuak automatikoki ezagutu eta ezabatzeko edo baztertzeko sistema adimentsua dauka programak eta, adituek diotenez, oraingoz arazo hau hobekien konpontzen duen programa da. Firefox bezala, Thunderbird ez dago oraindik euskaraz, baina frantsesez, galegoz, katalanez edo gaztelaniaz eskura dezakegu, besteak beste.

LABURRAK

Google Desktop
Sareko bilaketetan jaun eta jabe izateak ez du Google asetu. Gure ordenagailuko disko gogorraren barruan bilaketak egiteko programa kaleratu berri du bilatzaileak, Google Desktop izenekoa. Probatu dutenek diotenez, hala ere, dokumentu mota jakin batzuetara mugatzen da baina tresna bikaina da, oso azkar erakusten ditu bilaketen emaitzak eta ordenagailua erabiltzen ari ez garen uneak baliatzen ditu disko gogorreko artxiboen datu basea sortzeko.

ArtFutura gurean
Aurtengo ArtFutura jaialdiaren ekitaldi batzuk Donostian eta Iruñean izango dira. Urtero bezala, etorkizuneko arte sorkuntza iragartzen saiatuko da aurten 15. edizioa egingo duen erakustaldi teknofiloa. Net artea, animazioak, instalazioak, proiekzioak eta multimedia artea jorratuko ditu ArtFuturak eta aurtengo gaia handitutako errealitatea izango da. Donostiako ekitaldiak udalak ezarritako teknologia berrien eDonostia guneetan izango dira; Iruñekoak, berriz, Civican gunean izango dira.

Wi-Fi publikoa debekatuta
Bartzelonako udalak bere haririk gabeko sare publikoa bertan behera utzi behar izan du, Espainiako telekomunikazioak arautzen dituen CMT erakundeak aginduta. Momentuz administrazio publiko batzuetara baizik ez zuen ematen sarbidea udalak ezarritako Wi-Fi sareak, baina hala ere, CMTk debekatu du, hornitzaile pribatuei konpetentzia egiten ziela argudiatuta. Gurean ere horrelako zerbitzua eskaintzen du doan Sopelako udalak.

Iruzkina gehitu Urriak 21, 2004

Erabilgarritasunaren garrantzia

irudi batIragan astean eskuragarritasunaz jardun genuen, nabigatzaileek informazioa ondo irakurtzeko kodea garbia izan behar baita. Oraingoan, erabilgarritasuna jorratuko dugu. Webguneko informazioa txukun ordenatuta aurkeztearen garrantzia aztertuko dugu, batez ere hasierako orrialdean, gunearen aurkibide-ataria baita. Aurkezpen intuitiboa, orrialdea kargatzeko erraza izatea eta elementu grafikoen ganorazko erabilera dira erabilgarritasunaren gakoak.

Erabilgarritasuna (usability ingelesez) erabiltzaileak gure webgunera heltzean aurkitzea espero duena eta espero duen eran aurkezten asmatzea da. Hasierako orrialde nahasgarri edo kargagaitz batek bisitariak uxatuko ditu. Noski, web diseinuaren beste alderdi batzuk ere hobetu behar dira, baina hasierako orrialdeak ondo komunikatzen ez badu, webgunerik edukiko ez bagenu bezala izango da.

Webgune bakoitzak izaera ezberdina du: batzuk komertzialak dira, informazio orokorrekoak besteak; batzuk umeentzako eginak dira, besteak helduentzat. Baina denek izaera informatiboa dute eta informazioa erarik eraginkorrenean antolatu behar dute. Etxe baten ataria bezalakoa da hasierako orrialdea, edo aldizkari baten azala bezalakoa, barruko edukietarako aurkibidea duena.

Hasierako orrialdeak oso espazio baliotsua dira. Zentimetro koadro gutxi batzuk okupatzen dituen pantaila batetik milioika euro bidera daitezke. Hasierako orrialdea munduarekiko gure enpresa edo elkartearen aurpegia da. Balizko bezero askok, gurekin negozioak egin aurretik, gure webgunean begiratuko dute ea zer nolako enpresa garen.

Hasteko, internautak ez du pazientzia handirik eta bila dabilena segituan aurkitzea estimatzen du. Informazioz, irudiz eta animazioz betetako orrialde batek lan gehiago emango dio ordenagailuari pantaila guri aurkezteko eta denbora gehiago emango du saretik gure makinara jaisten. Orrialdeak gure begien aurrean agertzeko hamar segundu baino gehiago behar baditu, ez da orrialde eraginkorra izango, bisitari askok informazioa eskuratu baino lehen alde egingo baitute.

Informazio elementuak ordenatzea oso inportantea da. Internautak pantaila eskaner batek bezala aztertzen du gainetik, ezkerretik eskumarako mugimenduak eginez. Azken urtekotako praktikak ezarritako konbentzio batzuk jarraitzen ditu orrialde nagusiaren diseinuak informazioa pantailan ordenatzeko. Adibidez, goikaldean, enpresaren logotipoa eta informazio korporatiborako loturak egon ohi dira: kontaktua, enpresaren informazioa… Elementu grafiko gutxi egon behar dira, baina webgunea bere orrialde guztietan identifikatzeko nahikoak izan beharko dute. Koloreek eta diseinuak zeregin hori bete dezakete neurri handian, orrialdeen pisua arinduz.

Kontutan hartu behar da 800 pixeleko zabalera duen pantaila dela egun gure artean erabiliena. Horrelako zabalerarako diseinatu behar da orrialde informatiboa eta, goiko nabigazio barraren azpian bi edo hiru zutabeko diseinua da ohikoena. Alboetako zutabeek, atalka bilduta, webgunearen ataletarako loturak eskainiko dizkigute eta erdikoan informaziorik berrienak nabarmenduko ditugu.

Edukien erredakzioa ere oso garrantzitsua da. Hasierako orrialdean menuetako aukerak adierazgarriak izango dira, azalpenak sintetikoak. Orrialde arrunt bateko testua internauta gutxik irakurriko dute 2.000 karaktere baino gehiagoko luzera badauka. Irizpide asko webgunearen helburuen araberakoak izango dira eta batzuk garrantzitsuagoak dira besteak baino. Jakob Nielsen adituak bere azken urteotako lanean hasierako orrialdeak eraginkorra izateko bete beharreko 113 irizpide bildu ditu, gaika sailkatuta, hainbat hizkuntzatan argitaratutako Homepage Usability: 50 Websites Deconstructed liburuan, irizpideok 50 webguneren azterketan aplikatuz. Erabilgarritasunaren guru nagusitzat hartzen dute Jakob Nielsen eta, liburuan ezezik, bere useit.com webgunean ere biltzen ditu webgune zenbaiten erabilgarritasunari buruzko azterketak.

Askori irudituko zaie Nielsenek proposatzen duen eredua ez dela, itxura aldetik, batere erakargarria. Erabateko erabilgarritasunaren alde egiten baitu, ikusgarritasuna erabat baztertuz. Funtzionaltasunaren eta estetikaren arteko oreka, ordea, beharrezkoa da, estetikak ere informazioa era egokian barnera dezagun garrantzi handia baitu.

Jakob Nielsen
www.useit.com
Beste batzuk
www.usabilityviews.com

LABURRAK

Joko klasikoak online
Beharbada egungo bideojoko ikusgarriek ez zaituzte erakartzen, euren egiantzeko soinu, irudi eta mugimenduekin. Agian 80ko urteetako bideojoko klasikoak nahiago dituzu, abilezia eta imaginazio pixkat eskatzen zuten joko xarmangarri eta xalo haiek. Haietako batzuk online daude Triplets and Us webgunean. Bertan Frogger, Pac-Man, QBert, Defender, Robrotron, Arkanoid, Space Invaders eta beste batzuen jatorrizko bertsioekin jolastu ahal izango dugu programarik instalatu beharrik gabe. Jolasteko arauak, egungo jokoen ondoan, oso errazak dira eta, Donkey Kong jokoa dagoen orrialdean dionenez, “80etan hazi bazinen ez duzu jarraibideen beharrik izango”.

Bideojokoak
www.tripletsandus.com/80s/80s_games

Bilatzaile berria
Googleri nagusitasuna kentzea du helburu vivisimo.com enpresak aurkeztu berri duen Clusty bilatzaileak. Oraindik beta fasean dagoen bilatzaile hau hainbat urteko lanaren emaitza da eta, Yahooren datu baseko emaitzak aurkeztuko badizkigu ere, bere ezaugarri nagusia informazioa pantailaren ezkerraldean gaika sailkatuta aurkeztea da.

Clusty Beta
www.clusty.com

Nabigazio izengabea
Hesiak eta debekuak gaindituz nabigazio izengabea egiteko aukera ematen digu Stay Invisible izeneko proxyen aurkibideak. Doako proxy publikoek gure pribatutasuna babesten dute, webgune bat zuzenean bisitatu ezin badugu edo nahi ez badugu nabigazioan bitartekari lana eginez. Adibidez, herrialde batzuetan gobernuak edo epaileek debekatutako domeinuetan sartzeko erabiltzen dituzte proxy-ak bertako internautek, beste herrialde batean egonik, proxy-ak ez baitu arazorik bertan sartzeko. Webguneetan gure benetako IP helbidearen lorratzik utzi gabe nabigatzeko balio dute proxy hauek.

Stay Invisible
www.stayinvisible.com

2 iruzkin Urriak 14, 2004

Polizia globalizatua, Indymedia bahitua

FBIren aginduz, AEBetako Rackspace enpresak Britainia Handian dituen zerbitzarietako disko gogor batzuk eraman zituen poliziak. Disko horietan Indymediako hainbat webguneren artxiboak zeuden, tartean Indymedia Euskal Herria informazio gunearenak. Suitzako poliziak eskatuta eman zuen FBIk diskook kentzeko agindua, terrorismoaren aurkako lege berezietan oinarrituta.

Poliziak edo epaileek inolako azalpenik eman ez dien arren Indymediako iturrien arabera zentsurarako arrazoia Indymedia Nantes-eko webgunean norbaitek irailean jarritako polizia suitzar batzuen argazkiak ziren. Genevako 2003ko gailurreko istiluetan paisanoz jantzitako bi polizia ageri ziren argazkiotan.
http://www.andrew.cmu.edu/user/mtoups/nantes/copsinnantes.htm

Britainia Handian sarearen bidezko adierazpen libreak eta informazio alternatiboak duen babes falta berriro agerian geratu da. Aurretik, Euskal Herria Journal-en ispilu lana egiten zuen webgunea deskonektatu zuen britainiar poliziak, 1997an, inongo ebazpen judizialik gabe.

Indymedia EH
basque.indymedia.org
indymedia.org.uk

Iruzkina gehitu Urriak 13, 2004

Webgune irisgarriak denontzat

irudi batInformazioa emateko xedea duen edozein webgunek bi oinarri behar ditu bere helburua eraz lortuko badu: irisgarritasuna eta erabilgarritasuna. Lehenengo ezaugarria HTML lengoaiaren estandarrek zehazten dute. Bigarrena, berriz, intuizioak eta diskurtsoa ordenatzeko giza ahalmenak. Irisgarritasunaz jardungo dugu gaurkoan, webgune askok eta nabigatzaileren batek ez dituzte estandar horiek beti betetzen.

Webguneen itxuraren eta maketazioaren atzean HTML izeneko lengoaia dago, hipertestua edo informazioa pantailan non eta zein itxurarekin agertuko den zehazten duten kodeak daude web orrialde bakoitzean. Lengoaia hori arautzen duen erakundea World Wide Web Consortium (W3C) dugu, 1994ean eratua. Nabigatzaile eta diseinatzaile guztiek erabili beharreko kodeak ezartzen zituen HTML 1.0 estandarra ezarri zuen eta ondoren etorri dira beste bertsio batzuk, sarea garatu eta aukerak emendatu ahala.

Baina sarearen garapenak abiadura handia hartu du azken urteotan eta nabigazio aukera berriak sartzearren Microsoft enpresak bere kodeak asmatu ditu Explorer programak interpreta ditzan. Azken bost urteotan Windows sistemarekin datorren Explorer nabigatzailea nagusitu denez gero, erabiltzaile gehienek horixe erabiltzen dute. Microsoft, hori ikusirik, bere nagusitasunaz baliatu da W3Cren gainetik estandar batzuk berak de facto ezartzeko, diseinatzaile askok kode berri horiek erabili dituzte euren webguneak diseinatzean eta, ondorioz, webgune horiek Explorer ez diren nabigatzaileekin ez dira ongi ikuskatzen. Horrek areagotu egin du Explorerren nagusitasuna, estandarrak errespetatu ez arren jendeak webgune horiek ikusi nahi dituelako, eta, azken finean, enpresa pribatua izan dugu estandarrak zehazten.

Azken aldion, ordea, nagusitasun hori urratu duten zenbait faktore agertu dira. Alde batetik, Explorerrek akatsak eta segurtasun zuloak erakutsi ditu eta bestetik Linux bezalako sistema libreen loraldiak erabiltzaileak kendu dizkio Explorerri. Mozilla edo Firefox nabigatzaile libre eta eraginkorren garapenak gero eta jende gehiago erakartzen du.

Beste faktore garrantzitsua webgune irisgarrien aldeko mugimendua da, azken aldion instituzioak bultzatzen ari diren normalizazio politika. Ezinduek, itsuek edo edozein gutxitu fisikok kalean eta erakin publikoetan ibiltzeko dituen oztopoen jakitun gaude, gero eta gehiago. Horregatik administrazio publikoetatik oztopo horiek ezabatzeko ekimenak jarri dira abian, kaleko zein eraikinetako elementuak egokituz. Irisgarriak esaten zaie egokitutako eraikin, garraiobide eta enparauei.

Bada, itsuek eta beste minusbaliatu askok egokitutako nabigatzaileen bidez bisitatzen dituzte webguneak, baina diseinatzaile askok diseinu ikusgarria hobetsi dute, irisgarritasunaren kalterako, Flash animazioak, javascript-ak eta beste apaingarri batzuk gehituta. Ondorioz, webgune horiek irakurtezinak dira ikusmen arazoak dituztenentzat. Irisgarria izatea ez da ezinbestekoa helburu estetiko hutsa duen webgune batentzat, baina arazoak sarri instituzioetako webgune informatiboetan gertatzen dira.

Webgune guztiek irisgarriak izan beharko lukete, baina erakunde publikoenak dira lehentasunez egokitu beharrekoak. Horregatik, berriki, Eusko Jaurlaritzak bere webgune guztiak 2006rako irisgarriak izango diren konpromisoa hartu du aurten. Metro Bilbao enpresa aurreratu da bere webgunearen bertsio irisgarria eginez eta beste askok gauza bera egingo dute laster. Egokitzapena bultzatu nahian, Katalunian, udal webgunerik irisgarrienari saria iragarri du Bartzelonako Diputazioak.

Baina kontua ez da bakarrik webguneak itsuentzako egokitzea. W3C erakundeak informazioa moldagarri egiteko eta aurkezpen grafikoaren arauak batzeko XHTML eta CSS estandarrak arautzen ditu. Ordenagailuetarako ezezik, webguneak PDA eramangarrietan, telefono mugikorretan bestelako gailuetan ikusteko estandarrak ari da ezartzen. Ezinbestekoa da horiek guztiak komunikazioa posible egingo duten arau komun eta independiente batzuetan oinarritzea. Edukiak kudeatzeko datu baseetara lotutako sistema automatikoekin eta RSS sindikazioarekin etorri da edukiak eta aurkezpena ezberdintzea, edukiei automatikoki forma asko ematea eta konpartitzea. Hori guztia estandar berriei esker egin daiteke. Hasteko, gure webgunea irisgarria den ikus dezakegu W3Ck sarean ezarritako zerbitzuaren bidez. Ikusgarritasun arazoak egonez gero, non dauden adieraziko digu Validator zerbitzuak, konponbide posibleak iradokiz.

W3C
www.w3.org
validator.w3.org
Informazio gehiago
tinyurl.com/4l7n5
tinyurl.com/6kt5w

LABURRAK

Zumaiarren topalekua
Zumaiako Baleike herri aldizkariak webgunea martxan jarri berri du, berau herritarren sareko bilgunea bilakatzeko asmoz. Blog edo bitakora kolektiboa da baleike.com, albisteez gain zerbitzuen eta agenda ataleko informazio interesgarriekin. Jendearen parte hartzean oinarrituta dago webgunea: albisteak edonork eman ditzake eta ondoren edonork iruzkinak egiteko aukera du, eztabaida aberatsetarako bidea emanez.

Baleike
www.baleike.com

Gates-en antiespioitza
Ordenagailuan oharkabean sartzen zaizkigun espioitza programak edo spyware maltzurra aurkitu eta ezabatzeko softwarea eskainiko du aurki Microsoftek, Bill Gatesek iragan ostiralean iragarri zuenez. «Birusen eta spam-aren aurkako aitzinamenduak egiten ari diren bitartean, adware eta malware programen arazoa gero eta larriagoa da», Gatesen hitzetan. Aurretik beste arloetan gertatu den bezala, Microsoftek bere programa ateraz gero berau laster monopolioa bihurtuko da, egun indarrean dauden anti-spyware programak baztertuz. Momentuz Ad-Aware eta Spybot dira gomendagarrienetarikoak.

Ad-Aware
www.lavasoftusa.com
www.safer-networking.org

Lehendakari hilak
Dead Kennedysen euskal bertsioa dugu sarean, Lendakaris Muertos izeneko taldea. Euren webgunean kantak ezarri dituzte, doan eskuragarri, eta beste informazio interesgarri asko: taldearen gaineko informazioa, agenda, albisteak… Besteak beste Gafas de pasta eta Veteranos de la kale borroka abestiak eskura daitezke bertan.

Lendakaris Muertos
www.lendakarismuertos.com

Iruzkin 1 Urriak 7, 2004

Hizkuntzak sarean ikasteko

Denok dakigu hizkuntza bat ikasteko onena berau mintzatzen den gizartean murgiltzea dela, baina hori ez da beti posible izaten. Interneten bada ikasteko laguntza emango digun webgune, hiztegi eta zerbitzu mordoa, batzuk doakoak eta oso interesgarriak. Seguruenik ez da modurik onena izango, baina laguntza ematen du sareak edozein hizkuntza ikasteko, oso urrunekoak badira ere, edo horietara hurbiltzeko behintzat.

Hasteko, argi eduki beharko dugu ordenagailuak ez duela gure ordez lan egingo, ahalegintzen jarraitu beharko dugu eta, etxetik Internet bidez ikasiz gero, autodisziplina handia behar izango dugula aurrera egiteko.

Badira hizkuntzak online ikasteko zenbait webgune, ordainduzko zerbitzua eskaintzen dutenak. Matrikula ordaindu ostean sar gaitezke ikasgela birtualera, ahotsa ezagutzeko eta garraiatzeko sistemak dituzte eta ikus-entzunezko sistema baten bidez eskola multimediatikoak jaso ditzakegu, ez soilik idatzizkoa pantailan irakurriz, bideo eta audio artxiboak ere jasoz baizik. Sistemak gure aurrerabidea neurtuko du eta hurrengo eskolak horren araberakoak izango dira. Mota horretakoa da Kaixo Kids programa, ITT enpresak saltzen duena.

Baina doako baliabiderik ere bada, batez ere ingelesa ikasteko. Adibidez, Argentinako webgune honetan ikasgaiak aurkituko ditugu inon izenik eman behar izanik gabe eta audio artxiboak lagungarri izango ditugu ikasgai guztiotan.

Sarean asko nabigatzeak, berez, ingelesa hobetzea dakar, webgune gehienak hizkuntza horretan baitaude. Entzumena, ordea, beste kontu bat da, baina amerikar eta britainiar irratiak ere entzun daitezke sarearen bidez eta makina bat aurkituko ditugu yp.shoutcast.com helbidean, munduko beste hizkuntza askotakoak legez. Radio France International-ek ere hainbat hizkuntzatan emititzen du.

2005eko urtarriletik aurrera hizkuntzak ikasteko baliabideak jarriko ditu Eusko Jaurlaritzak hiru.com helbidean. e-LEA sistemaren bidez ingelesa, frantsesa, alemana eta italiera ikasi ahal izango ditugu etengabeko prestakuntzarako atari publiko horren bidez.

Unibertsitate ikasketa asko ere sarean egin daitezke egun, filologiak ere bai. Adibidez, teleikasketetan aitzindari dugun Universitat Oberta de Catalunya-n (UOC) katalan filologia ikas daiteke etxetik irten gabe.

UOCen esperientziatik abiatuta, hizkuntza eskola birtuala (EVIU) ezarri dute martxan, Kataluniako hainbat unibertsitateren artean. Momentuz ingelesa ikas daiteke bakarrik EVIUn.

Hizkuntzak ikasi barik ere sarean badira itzulpenak berehala egingo dizkiguten itzulpen zerbitzu automatikoak. Momentuz ez dago euskaratik inongo hizkuntzara itzulpenik egingo digun inolako itzultzaile automatikorik, baina badira ingelesetik gaztelaniara edo frantsesera eta alderantzizko itzulpenak egiten dituzten zerbitzuak Altavista edo Google bilatzaileetan. Itzulpenok gehienetan eskasak eta batzuetan nahiko barregarriak izan ohi dira, ordenagailuek hizkuntza baten itzulpenak dituen �abardura guztiak oraindik ez baitituzte harrapatzen.

Itzulpenok geuk egiteko, hala ere, hiztegiak erabiltzea ezinbestekoa da. Euskara-gaztelania hiztegirik garrantzitsuenak sarean kontsulta daitezke: Elhuyar hiztegia eta 3000 Hiztegia; euskara-ingeles hiztegia ere badago sarean, Morris hiztegia. Halaber, beste hainbat hizkuntzatako hiztegiak bildurik aurkituko ditugu hiztegia.net helbidean.

Baina munduan nagusi diren hizkuntza horiez gain, bada hizkuntza gehiago, sarean ere bai, euskaldunok ondotxo dakigunez. Esaterako, asturiera ezagutu eta irakurri ahal izango dugu asturies.com webgunean. Beste askotan amazigh edo bereber hizkuntza aurkituko dugu, Tamazight izenekoa.

Eta hizkuntza artifizialik ere bada, horietariko ezagunena mundu osoak elkar ulertzeko sortutako esperantoa dugu. Esperantistek webgune asko dituzte eta hiztun berrien faltagatik euren ekimena gainbeheran zegoen arren, Interneten agerpenak esperantoa berpiztu duela esan daiteke. Baina bestelako hizkuntza artifizialik edo conlang (Constructed Languages) batzuk badira sarean. Inor ez da normalki hizkuntza horietan mintzatzen, baina hizkuntza osoak dira, filologo batzuek gramatika eta guzti sortuak, ariketa moduan-edo. Horietatik ezagunena klingonera dugu, Star Trek-en Klingon planetakoek hitz egiten dutena. Akademia eta guzti dauka eta Googlen klingoneraz egin daitezke bilaketak.

Iruzkina gehitu Urriak 4, 2004


sarean.com

Calendar

Urria 2004
A A A O O L I
« Ira   Aza »
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak