Iraila, 2004 hilabeteko artxiboa
Duela 10 urte pentsaezina zen ordenagailu bat gaztetxe batean ikustea, artean sareak eta Internet zer zen inor gutxik zekien. Gazteria militanteari eta mezu alternatiboari erabat arrotzak egiten zitzaizkion ordenagailuak. Egun, berriz, kontrainformazioak sarea du tresna nagusia eta gaztetxeetan ordenagailuak zein hackerrak egotea gauza normala da. Urte hauetan egon den bilakaerak arrazoi batzuk ditu eta ondorioak dira, alde batetik, gaztetxeen zein gazte informazioaren inguruan sortutako webguneak eta bestetik, gune okupatuetan egiten diren telematikaren inguruko ekimenak.
Laurogeiko urteen erdialdean, gaztetxeen eztanda gertatu zenean, fanzineak izaten ziren modako kontrainformazio modua, eskuz eta fotokopiagailuz eginak. Informazio alternatiboarentzat lehenengo aitzinamendu teknologikoa ordenagailuak erabiltzen hasi zirenean koka dezakegu, berez fotokopiak eta papera bera ere teknologia diren arren. Baina orduan idazmakinak eta pegamentua erabiltzen ziren oraindik testuak idazteko eta konposatzeko.
Autoedizioaren agerpena Macintosh-en eta Laserwriter-aren kaleratzean kokatzen dute batzuek, nahiz eta 90ko urteen hasierara arte garestiegiak izan, euren merketzeak ahalbidetu zuen, besteak beste, herri aldizkarien agerpena. Ordurarte gutxi batzuen eskuetan zegoen aldizkariak egiteko aukera zabaldu zen eta orduan hasi ziren ordenagailuak gizarte komunikaziorako masiboki erabiltzen.
Handik gutxira Internet nabigagarria sortu zen AEBetan, baina sareen sarea eta webguneak gurera etorri aurretik sareak erabiltzeko beste modu batzuk hedatu ziren, oso eremu murritzetan bazen ere. BBS edo topagune telematikoen sistemak agertzen hasi ziren, telefono bidez erabili beharrekoak eta erabiltzaile gutxi batzuei irekiak. Euskal Herrian Altercom izeneko sarea izan zen aipatzea merezi duen lehenengo ahalegin telematiko alternatiboa eta ondoren beste BBS batzuk etorri ziren, Hitza eta Ekintza kasu. Horietako bat Eusnet bilakatu zen, 1994an Internet eta web nabigazioa gurean hedatzen sekulako ekarpena egin zuen talde nafarra. Eusnet zerbitzari alternatiboa, webguneak ostatatzeaz gain, sarerako sarbidea ere eskaintzen hasi zen, informaziorako bide globala zabaldu zien internauta euskaldun askori.
Beste lekuetako eragina nabaria izan da hemengo telematika alternatiboaren garapenean. Aipatzekoa da Madrilgo Laboratorio gune okupatuaren kontrainformazio telematiko gunea eta Nodo50 zerbitzari aitzindaria.
Ikuskera partehartzaileari eta alternatiboari lotua dago Software librearen mugimendua. Honek jabegoaren kontzeptua irauli du softwareari eta edukiei dagokienez: multinazionalen kontrako borroka, ezagutza sozializatzeko lana eta globalizazioaren aurkako mugimendua hasieratik eskutik oratuta ibili dira. Horren emaitza dugu egun oso indartsua den Indymedia sarea, kasu.
Egungo egoera duela hamar urtekoaren oso bestelakoa da, gurean ere. Belaunaldi teknofiloak hartu du txanda gaztetxeetan eta aipatzekoak dira hemen sortu diren hacklab edo ekintza telematikorako gune batzuk. Esaterako, Gasteizen Kakelbont izeneko gunea dugu eta Leioan Metabolik Biohacklab izenekoa, kontrainformazioaren, datuen segurtasunaren eta software librearen inguruko ezagutza hedatzeko gune garrantzitsuak. Iragan urteko Hackmeeting bilkura Iruņeko Euskal Jai gaztetxean egin zuten.
Kontrainformazioaren arloan, gazteek sortutako webgune asko sortu dira informazioa hedatzeko, besteak beste, gaztesarea.info edo jotake-lahaine.org nahiko aktiboak dira. Irrati libreek ere informazioa sarean zabaltzen dute eta batzuk sarearen bidez entzun daitezke. Santurtziko Pititako irratiak emititzeari utzi dion arren, sarean jarraitzen du bere kontrainformazioa hedatzen.
Baina gaztetxeek eta gazte asanbladek ere izan ohi dute bakoitzak bere webgunea: Ibarrako, Deustuko, Legazpiko, Gasteizko, Bergarako, Tolosako, Antzuolako eta hainbat lekutako gaztetxeen webgunetarako loturak aurki daitezke Okupamugi webgunean. Halaber, irtenaraztea ekiditzeko, errepresioaren kontra protestatzeko eta azken albisteak biltzeko webguneak sortu dira, Euskal Jai gaztetxeak sortu zuen weblog-a kasu. Bertan, egunez eguneko gertakarien jarraipena egin ahal izan zuten askok eta orain, gaztetxea eraitsita dagoenean, Erromoko zein Larrabetzuko gaztetxeei buruzko albisteak irakur daitezke bertan.
www.sindominio.net/metabolik
www.kakelbont.org
www.mundurat.net/okupamugi
www.euskaljaigaztetxea.net
LABURRAK
Matraka webgunea
Gazteentzako Matraka izeneko webgune berria ezarri dute sarean egunotan. Komunikazioa, sormena eta partehartzea sustatzea dute helburu berau egin dutenek, internauten iruzkinei zabalik baitago. Izan ere, informazio gutxi dago oraingoz bertan eta eztabaidagune modukoa da webgune baino gehiago. Hala ere, agenda, musika, teknologia, zinema, hezkuntza, sexua eta horrelako gaiak jorratzeko ustea du Matraka berri honek.
Matraka
www.matraka.info
Segurtasun akatsa irudietan
Windowserako Microsoft Explorer erabiliz gero gure makina arriskuan dagoela sentitzeko hamaikagarren arrazoia eman berri digute. Izan ere, hacker maltzur bati gure ordenagailuaren kontrola hartzea ahalbidetu diezaiokeen segurtasun akatsa aurkitu dute JPEG irudien kodean. Honek esan nahi du sarean irudiak trinkotzeko gehien erabiltzen den formatoa arriskugarria izan daitekeela internauta gehienek erabiltzen duten softwarea erabiiz gero. Akatsa konpontzeko txatala Microsoft-en webgunean aurkituko dugu.
Microsoft
www.microsoft.com
Microsoft Vs. Mocosoft
Bill Gates-en enpresak salaketa jarri du Mocosoft webgune parodikoaren aurka.
Hitz biak gaztelaniaz oso antzera ahoskatzen direla eta, Mocosoft-ek asmo txarrez eta enpresa gutxietsi nahian domeinuak erregistratu zituela salatu dute jabego intelektuala arautzen duen WIPO nazioarteko erakundean. Aurretik antzeko aferak izan ziren metrobilbao.com edota donsimon.com domeinuen kasuetan eta WIPOk horrelakoetan enpresa handiari eman izan dio arrazoia.
www.mocosoft.com
www.mocoforo.com
Irailak 30, 2004
Astelehenean Eitb24.com albiste atariaren aurkezpena egin zuen EITBk Bilboko hotel batean. Etengabeko edizioan albisteak eskaintzen dituen webgune hau aurkeztu ondoren, gai interesgarri baten inguruko mahaingurua izan zen eskenatoki gainean, online edizioa duten euskal egunkari gehienetako ordezkarien partaidetzarekin. Horiez gain, Interneteko konexioa ematen duen telefono konpainia bateko eta InternetEuskadi elkarteko ordezkariak izan ziren. Bertan jazotakoaren eta neuk jasotakoaren apunte batzuk dakarzkizuet ondoren.
Bilbon zabaldu berri duten goi mailako hotel amerikarra aukeratu zuen EITBk webgunearen aurkezpena egiteko. Aurkezpena bera zeremoniala izan zen, kutsu instituzionalekoa (Azkarate sailburuaren presentziaz), trajedun asko, telebistako aurpegi ezagun batzuk eta euskal sareko ordezkari gutxi. Hotela ezezik, aurkezpena ere anglofilo xamarra izan zen, BBCko New Media arduradun Richard Deverell-ek euren eredua aurkeztu baizuen.
Aurkezpenaren ondoren, iragarritako jardunaldia hasi zen, “Informazioaren etorkizuna Interneten” lelo zabal bezain interesgarriarekin. Iragarrita zegoen Xabier Etxebeste ez zen agertu eta antolatzaileek ez zuten haren faltaren inolako aipamenik egin. Sarerako propio egiten den komunikabide baten falta ere nabaria zen, adibidez, webgunearen azpiegitura prestatu duen Iblnews agerkariarena edo bitakora kolektibo batena… Baina ez. Susmoa daukat antolatzaileak azken hauekin gogoratu ere ez zirela egin, kazetari digital askorekin bezalaxe.
Etxebeste aipatuta, gogoratu dut duela lau urte EITBren edukiak Yahook zabalduko zituela iragarri zutela, baina nahiko oharkabean igaro da lankidetza hori eta, Yahooren baitako EITBren albisteengatik (2003ko otsailetik ez dago albiste berririk) baino, telebistako iragarki batengatik gehiago gogoratuko dute euskal internautek.
Gaitzerdi, “Euskadiko internauten elkarteko” lehendakaritzat aurkeztu zuen Internet-Euskadi elkarteko lehendakari Ray Fernandez izan zen bertan, oinezko internautaren ikuspuntua defendatuz. Gainontzekoak bertoko egunkarietako ordezkariak izan ziren: DEIAko Juanjo Baņos, BERRIAko Martxelo Otamendi, GARAko Maite Ubiria, Diario Vasco-ko Iņigo Kortabitarte eta El Correo-ko Jesus Lopez. Euskalteleko Mikel Astorkiza ere han zen.
Eztabaidak pixkat bortxatua ematen zuen hasieran, elkarren konpetentzia diren medioei euren buruaz galderak eginez hasi baizen. Etengabeko edizioa edo edizio jarraitua duen ohiko komunikabide batentzat edukiak optimizatzea eta sinergiak baliatzea zein garrantzitsua den esan zuen El Correoko ordezkariak.
Zinemaldia aipatu zuten eta komunikabide batentzat, adibidez, bertatik zuzenean kronikak bidaltzea zein zaila izango litzatekeen nabarmendu zuten. Orduan gogoratu nuen Xabier Mendiguren Elizegi Donostiatik egiten ari den lan bikaina, Sustatu weblog-aren kazetari akreditatu moduan.
DEIAko Juanjo Baņosek onartu zuenez “indiarrarena ari gara egiten sarean”, baina bertan egon beharra agintzen dion sentimendu lausoa islatu zuen: “sarea etorkizuna da, dena jaten du”, gehitu zuen. Baņosen iritziz, errentagarritasuna edo influentzia aukeratzearen atakan bigarrenak egiten du sarean egotearen alde, lehenak, momentuz, ez.
“Helburu ezezaguneranzko ibilbidea” definitu zuen Baņosek egun offline komunikabideak sarean egiten ari diren ibilbidea. Gutxi gora-behera oraindik DEIA sarean zergatik eta zertarako dagoen ez dakiela adierazi zuen, bain laster edizio elektroniko berria izango duela iragarri zuen, oraingo high school diseinuko webgune kutrea ordezkatuko duena. Hainbeste aldiz iragarri ez balute! Baina tira, internauta batek esan zuen moduan, ez dezagun apaldutako arbolean egurra aise egin, nahikoa tamalgarria baita DEIAren presentzia Interneten.
El Correoko ordezkariak bere edizio digitalaren deskribapena egin zuen eta GARAko Maite Ubiriak euskalherria.com atari berria aurkeztu zuen, Le Journal eta GARA egunkarien edukiak biltzeaz gain, eztabaidaguneak eta bestelako zerbitzuak eskaintzen dituena.
BERRIAko zuzendariak ongi etorria eman zion webgune berriari, baina EITBk atera behar zuela gogoratu zuen, bere ardura baita jendeari zerbitzu hori ematea eta are gehiago eskatu zion, bere izaera publikoa eta ahalmen ekonomikoa kontutan hartuz: Iparraldeko aktualitateari jaramon gehiago egitea.
Kortabitartek gogoratu zuen Internet ez dela berria. Izan ere, Diario Vasco aitzindaria izan zen euskal prentsaren sareratzean, duela 8 bat urte.
Eztabaida egiten zuten bitartean, ordenagailu eramangarri bati lotutako pantaila handian atariaren irudiak agertzen ziren, baina tarteka iragarkiak erakusten zituzten pop-up molestagarri horietako batzuk ageri ziren. Mozilla ez erabiltzearen desabantailak dira, baina nahiko txirenea suertatzen zen testuinguru zeremonial horretan.
Webgune berriaren ostatatzea egiten duen Euskaltel enpresako Mikel Astorkizak ez zuen, nire irudirako, aparteko ezer esan eta, egia esan, eztabaidaren gaia kontutan hartuta, ez zegoen bera han egoteko arrazoirik. Hala ere, multimedia eduki gehiago sartzeko aukeraz galdetu ziotenean dena posible dela erantzun zuen, banda zabalera gehiago kontratatuz gero. Baina etxeetan eduki horiek ikusteko? Bada, gauza bera egin dezatela bezeroek, zabalera gehiago kontratatu. Ederra irtenbidea! Astorkiza auto saltzailea balitz, gure garajean sartuko ez den kotxe handia saldu nahi izango liguke berdin-berdin, etxe handiagoa erosteko esanez. Laster Ray Fernandezek erantzun zion webguneko bideoak probatutako hiru etxeetan eskegi egiten direla eta, hortaz, edukiak etxeetako konexioetara egokitu behar direla, ez alderantziz.
Fernandezek edukiak sindikatzeko RDF formatoan publikatzea eskatu zien bertako komunikabideei, egun egiten ez dutena, baina internauten ikuspuntutik oso interesgarria litzatekeena.
Eitb24.com berri honetan 15 langile ari dira lanean, kazetariak eta itzultzaileak. El correoren erredakzio digitalean 6 lagun dabiltza lanean eta, bertako ordezkariak aitortu zuenez, zaila egiten zaie paperezko egunkariaren edo taldeko beste komunikabideen edukiak edizio digitalean integratzea: “Ez dago sinergien eta berehalakotasunaren kulturarik erredakzioetan”, onartu zuen. Hala ere, proba fasean ari dira Puntoradio emisora berriko eta Bilbovision telebistako edukiak integratzeko modua lortu nahian.
Kazetari multimediatikoaren figura aipatu zuen Otamendik, elkarrizketa egitera grabagailua, bideokamara eta argazki kamara digitala eramango dituena ohikoa izango baita hemendik gutxira. GARAko Maite Ubiriak orduan aitortu zuen gazteak ez diren kazetariak horrelako kontuetara ohitzea zaila dela. Izan ere, euskal kazetaritza tradizionalean dagoen nukleo teknofobo hori oso indartsua eta burugogorra da nire aburuz. Tamalez, nahiko boteretsua ere bada prentsan “goardia zahar” hori eta horrek galgatu du euskal hedabideeen teknifikazioa azken urteotan.
Ez dakit zenbat langile ari diren GARAko edizio digitalean, baina BERRIAN bi kazetari eta bi teknikari ari dira etengabeko edizioan lanean. Hala ere, Zinemaldiaren kobertura egiten duen gune berezia sortu dute, paperean argitaratutako edukiak bertan bilduz. Otamendik urritik aurrera gazteentzako gehigarri berria eta gazteentzako eduki horiek bilduko dituen webgunea agertuko direla iragarri zuen.
Errentagarritasunari buruzko eztabaida sortu zen orduan eta, BERRIAko zuzendariak esan zuenez, “egunkari baten sail guztiak ez direla errentagarriak baina proiektua bere osotasunean hartu behar da, Zergatik hartu behar da Interneteko edizioa osotasun horretatik kanpo?”. Eztabaidan enpresaren gerentzian buru teknofiloak ez izateak dakarren galga islatu zuten zuzendari guztien hitzek.
Baņosek erregulazio faltari txarra iritzi zion (sareak duen dohain nagusietako bat denean) eta Gmail-en adibidea jarri zuen, bere giga bateko eskaintzarekin lehiakideak mugiarazi dituena. Errentagarritasunari dagokionez, bi elementu aipatu zituen: edukiak eta hodiak (teknologia eta azpiegitura) eta bere ustez azken hauek jartzen dituenak du abantaila. No comment.
Ray Fernandezek adierazi zuen egun teknologia falta ez dela arazoa eta sarean sarri dabilenaren ikuspuntu freskoa ekarri zuen. Esan zuenez, “jada ez dago hainbeste diferentzia nabigatzearen eta edukiak jartzearen artean”, internautak ere eduki emale bilakatzeko azken urteotan sortu den bitakoren fenomenoa aipatuz. Blog-ek erreferentzia sortzen dute apurka-apurka, zirkulo txikietan bada ere, baina denborarekin bisitatuenak errentagarriak bilaka daitezke.
Kortabitartek ere bitakorak aipatu zituen, beste webguneetan norberaren argitalpenerako loturak egotearen garrantzia azpimarratuz. El Correokoaren iritziz errentagarritasunaren gakoa sinergiak baliatzean datza. Moderatzaileak galdetuta, denak ados agertu ziren edukiengatik ez dela kobratu behar baieztatzeko orduan, baina Ubiria sarri enpresarentzat defizitarioa den paperezko egunkariaren harpidedunari sarearen bidezko zerbitzu bereziak eskaintzearen alde mintzatu zen.
Kortabitartek onartu zuen paperezko egunkariak informazioa erreta daukala biharamunean (baina hori ez da sarearen eraginez, lehendik ere telebista eta irratiek erretzen baizuten informazio hori). Ez egotearen kostua egotearena baino askoz handiagoa litzateke bere ustez.
Irailak 23, 2004
Blog edo bitakora pertsonal zein kolektiboen fenomenoa gero eta hedatuagoa dago, gero eta kolektibo boteretsuagoa bihurtzen ari da blogger-ena. Iritzi emale aktiboz osatutako gizarte paraleloa osatzen dute, demokrazia eskatzen duena eta esku hartzea galdatzen duena. Sareratzen diren ohiko komunikabideen ondoan, bitakorak oinezko internautarengandik hurbilago daude. Haiek ez bezala, zentsurarik gabeko iruzkinak egitea ahalbidetzen dute eta, esateko asko duenarentzat, adierazpide eraginkor eta eskuragarria eskaintzen dute internauta bere kazeta pertsonalaren editore bihurtuta.
Gurean oraindik oso garatuta ez dagoen arren, blogosfera gero eta indartsuagoa da Espainian edo, zehatzago esateko, Internet hispanoan. Izan ere, muga fisikoak baino hizkuntza da hemen eremua eta blogosfera hispanoan badira leku guztietako erreferentziak: Mexikotik alt1040.com egiten duen Eduardo Arcos ekuadortarra edo Bartzelonatik MiniD.net egiten duen Diego Martin Lafuente argentinarra.
Berriki, hispaniar blogosferaren jarraipena egiten duen bitacoras.com atariak gaztelaniazko bitakoren top 500-a atera zuen, blog horietatik eta horietara doazen loturak kontutan hartuta. Sailkapen horretako erreferentzia nagusiek teknologia, diseinua edo blogosfera bera dute mintzagai. Azken hauek, metabitakorek, fenomenoaren bilakaera hurretik jarraitzen dute, blogosfera.org, bitacoras.org, blogpocket.com edo weblogmagazine.net ezagunak kasu.
Noski, sensu estricto bitakora edo blog-a kronologikoki ordenatuta norberak nahi duena idazten duen eguneroko elektronikoa da eta tontakeriaz betetako milaka bitakora pertsonal erdi ezezagun daude sarean. Baina blogosferako erreferentzia nagusiak ez dira horrelakoak izaten, salbuespenak salbuespen. Bisitari gehien jasotzen dituztenek gizarte gaiak, politika eta teknologia dituzte hizpide. Kazetaritza egiten dute, gehienetan iritzi artikuluen bidez edo interpretazio testuen bidez. Oso gutxitan aurkituko dugu informazio hutsaren generoa bertan, baina irakurlego fidela duten kazetaritza argitalpen garrantzitsuak bilakatu dira escolar.net, isopixel.net eta librodenotas.com bitakorak. Azken finean irakurleak fidagarritasuna eta zintzotasuna estimatzen ditu eta egunkarietan baino gehiago somatzen ditu ezaugarri horiek bere gustoko bitakoretan.
Kazetaritza mota berri honek ezaugarri nagusi bat dauka: azken albisteak eta joerak inork baino arinago harrapatzea eta hedatzea. Husnatzen ibiltzen den internauta multzo aditua du atzean, non bilatu eta zelan bilatu ondotxo dakiena. Horregatik erreferentzia bilakatu dira ohiko komunikabideek gabezia handiak dituzten eremuetan: joerak, teknologia… Eta sareko zein teknologia gaiak jorratzeko daukaten modua ere garrantzitsua da. Esaterako, egunkarietan oraindik gai arrotz bezala hartzen dute beti Internet eta teknologia, sarri topikoetan jausiz edo, garrantzitsua baztertuta, anekdotikoa eta tribiala baizik ez dena nabarmenduz. Bitakorek berriz informazio eta iritzi sinesgarriagoak eskaintzen dituzte arlo horietan.
Ohiko komunikabideetatik bitakorei egiten zaien kritika nagusia profesionaltasun falta da, haietaz zerbait esatera ausartzen direnenan, egunkari eta telebistetan joera nagusia blogosferaren aurrean ezikusiarena egitea baita. Baina egunkarietan ere ez dago objektibotasunik eta hori ondotxo dakite blogosferan dabiltzan irakurle mesfidatiek. Ohiko komunikabideekiko jarrera kritikoa daukate blog irakurleek, hezkuntza maila altua eta euren zirkulo hurbilean eragin sozial handia… Baina, zein da blogosferaren eragina gizartean? Zenbat eta garatuagoa egon, handiagoa izango da, baina bada adibide aipagarririk.
Behinola aipatu genuen moduan, AEBetako hauteskundeetan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da sarea, Bushen kontrako moveon.org mugimendu herritarra da adibide baina bitakorak bilakatu dira azken hilabeteotan eztabaidaleku eta albiste iturri nagusiak milioika amerikarrentzat. Azken egunotan Bush-en eta Kerryren soldaduska garaiaren gaineko informazioak eta eztabaidak blogosferan sortu dira eta ohiko komunikabideak haien atzetik ibili beste erremediorik ez dute izan. Slashdot edo Technorati bitakora kolektibo ezagunek txoko bereziak sortu dituzte hauteskundeak blogosferaren ikuspuntutik jarraitzeko eta bitakora batzuek akreditazioa lortu dute demokraten eta errepublikarren bilkuretan. Hautetsientzako dirua batzeko bitarteko ona direla frogatu dute, gainera.
Fenomeno bitxiak ere izan dira, ia denek blogosfera demokraten eremua zela uste zutenean etorri baita bitakora errepublikarren loraldia, blogsforbush.com begiratzea besterik ez dago hori ikusteko.
Blogosfera hispanoan botere kolektibo horren adibide xaloagoa aurkitu dugu azken egunotan, El Pais egunkariak barkamena eskatu behar izan baitu dorre bikien inguruan eginiko iragarki bategatik, bitakora batzuetan sortu eta berehala hedatu den olatu kritikoaren eraginez.
Gurean, are xaloagoa da eragin hori, baina apurka-apurka haziz doa blogosfera euskalduna. Sustatuk akreditazioa lortu du beste komunikabideen moduan Donostiako Zinemaldia kubritzeko.
LABURRAK
Eitb 24 orduetan
Astelehenean eitb24.com informaziogune berria aurkeztu zuen EITBk Bilbon. Etengabe albisteak bilduko ditu webgune horrek gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. Gainera, irratietako albistegiak, bideo albisteak, eta eztabaidaguneak eskainiko ditu, taldeko komunikabide ezberdinetako baliabideak sarerako egokituz. Aurkezpen ekitaldian BBCren webguneko arduradun Richard Deverell britainiar katearen ereduaz mintzatu zen eta, ondoren, informazioak Interneten izango duen etorkizunaren inguruko mahainguru bat izan zen. Eztabaidan bertsio elektronikoa duten bertoko egunkari nagusietako ordezkariak izan ziren, baina sareko berezko komunikabide digitalik edo bitakorarik ez zen izan bertan.
Fisika eta ekologia
Fisika ikasteko webgune berria ezarri du Interneten eFaber enpresak. DBHko ikasleentzako azalpenak, ebaluazio probak, ariketak eta Flash formatoko simulazio interaktiboak ditu webguneak, gaika sailkatuta. Berriki Ekologistak Martxan taldearen webgunea ere egin du enpresa berak, taldearen gaineko informazioak eta albisteak biltzen dituena.
Weblog Magazine 1.0
Bitakoren mundua PDF formatoko aldizkari baten bidez aztertzen duen Weblog Magazinek lehenengo zenbakia sareratu du eta sarean eskuragarri dago doan. Blogosferaren inguruko gogoeta mamitsuak bildu ditu protagonista nagusien eskutik zero zenbakian arrakasta handia izan zuen argitalpen honek.
Irailak 22, 2004
Copyright-aren diktadurapean bizi garela diote eta eredu libreagoa proposatzen dute Creative Commons-eko kideek, sortzaileek nahierara euren lanak besteekin elkarbanatzeko eredua aukera dezaten. Etorkizuneko sorkuntzak Lawrence Lessig-en bidetik joko duela diote arte elektronikoaren aitzindariek ere, honek galdatzen eta proposatzen duen kultura librearen eta sorkuntzaren jabego ez murriztailearen bidetik.
Aurtengo Ars Electronica jaialdia egin berri da Linz-en (Austria), arte teknofiloaren inguruan Europan den bilkurarik inportanteena. Irailaren 2tik 7ra mundu digitaleko punta-puntako sorkuntza islatu du jaialdiak. Hitzaldi, instalazio, mahainguru eta aurkezpen mordoa egin dute, beti bezala, ardatz moduan aukeratutako gai baten inguruan. Aurten 25 urte bete ditu Ars Electronica-k eta, horregatik, datozen 25 urteotan teknologiak izango duen bilakaera igartzen saiatu dira.
Golden Nica sariak ere banatu dira bertan, arte eta pentsamendu digitalaren munduko Oscar-ak. Antolatzaileek sorkuntzak eremu digitalean aurrera egin dezan garrantzitsutzat jotzen dituzten ekimen bi saritu nahi izan dituzte: komunitate digitalen proiektu partehartzaile horizontalak koordinatzen dituztenak eta kultura librearen alde lan egiten ari direnak. Lehenengo sektorea ordezkatuz Wikipedia saritu dute, berriki aipatu genuen entziklopedia librea. Bigarren saritua ere jakintzaren eta sorkuntzaren banaketa librearekin lotuta dago: Lawrence Lessig-ek bultzatutako Creative Commons proiektua.
Copyright-aren diktadurak bizi gaituen honetan, Lessig ziberzuzenbidearen inguruko erreferentzia nagusietakoa bilakatu da. Stanford-eko unibertsitateko zuzenbide katedradun honek Creative Commons zuzentzen du, erabilera libreko edukien lizentzia sistema kudeatzen duen elkartea. Creative Commons (CC) nork bere sorkuntza lanak elkarbanatzea oztopatzen duen Copyright (C) kontzeptuaren osagarri moduan sortu zen. Sortzaile batek, berez, bere lanen gaineko eskubideak ditu, berez, eta Copyright-aren zeinuak hori ezin dela kopiatu edo baimenik gabe erabili adierazten du. CC zeinuak, berriz, egileak bere eskubideak mantendu arren, erabilera batzuetarako baimena ematen duela adierazten du.
Lizentzia horren termino zehatzak egileak ezar ditzake, erabilera batzuk baimenduz eta beste batzuk ez. Esaterako, testu edo musika hori edonork erabiltzeko baimena eman dezake, aldatzen edo mozten ez den bitartean, edo aldatzeko baimena ere eman. CC lizentzia mota ezberdinak eta kontzeptuaren azalpen interesgarriak aurkituko ditugu creativecommons.org webgunean.
Liburuak ere idatzi ditu Lessig-ek, azkena Free Culture izenekoa, Kultura librea edo Kultura askatu bezala itzul daitekeen esangura bikoitzeko goiburua. Azpitituluan dioenez, komunikabide handiak teknologia eta legeak erabiltzen ari dira sormena mugatzeko eta kultura giltzapean gordetzeko.
Mardula eta mamitsua da liburua, oso interesgarria. Bertan jabego intelektualaren gatazkan dauden elementu guztiak aztertzen ditu eta kontzeptuak azaltzen ditu banaka: musika, irratia, kable bidezko telebista, pirateria, grabagailuak, bildumazaleak, jabegoa, oinarriak, kontzentrazioa, arkitektura, erabilera librea, bidezko erabilera… Azkenik, sorkuntza bultzatzen duen kultura librearen eredua proposatzen du.
Noski, berak ere CC lizentzia batekin argitaratu du liburua: nahi beste kopia egin daitezke eta erabilera ez komertzialak baimentzen ditu, betiere egilea aipatzen bada. Hori da Lessig-ek bere libururako aukeratu duen lizentzia mota, eta horri esker gaztelaniazko itzulpena etorri da, CC lizentziak berau itzuli duten internauta batzuen ekarpena ahalbidetu baitu.
Euskal sindikazioa aurrera
Ez gara langile mugimenduaz ari, Internet euskaldunean arrakastaz hedatzen ari den edukiak elkarbanatzeko moduari buruz baizik. RSS feed baten bidez nork bere bitakora edo webguneko testuak besteen esku jartzen ditu, beste internauta batzuen webguneetan ere ager daitezen.
Baina kontrakoa ere lor daiteke teknologia honi esker, euskarazko webgune askoren berriak webgune bakar batetik ere irakur baitaitezke dagoeneko, Bloglines zerbitzua erabiliz. Behinola azaldu genuen sindikazioa zer den, gure bitakora edo aldizkari digitaleko titularrak eta testuak automatikoki beste webgune askotan ager daitezen sortutako teknologia sinple eta moldagarria. Bada, euren edukia RSS (Real Simple Syndication) formato horretan argitaratzen duten webgune askoren informazioa bildu eta argitaratzen duten programa eta webgune asko daude. Esaterako, Bloglines zerbitzuan euskarazko webgune askoren goiburuak ikuska daitezke batera, euskaraz edo sarean izeneko bildumetan.
Bestalde, Sustatukoek teknologia honetan oinarritutako del.icio.us webgunearen moldaketa bitxia eta baliagarria egin dute, Jamaika ikusteko izenburupean. Edonork sor dezake del.icio.us horretan kontu bat eta bertan bere intereseko loturak jarri, bakoitzari iruzkin txiki bat gehituta. Nahikoa da gure bilduma horri kode batzuk gehitzea, guk proposatutako lotura horiek Sustatuko azalean ager daitezen.
LABURRAK
Web museoa
Nicholas Pioch internautaren ekimenez sortu zen orain dela 10 urte Webmuseum izeneko webgunea. Bertan, estilo askotako margolari famatu askoren lanak daude ikusgai. Margoen jabegoaren inguruan eta webgune honen zilegitasunaren inguruan zalantzarik duenak ez du erabateko azalpenik aurkituko bertan, eztabaidarako elementuak baizik. Agian horregatik azalpen honetara laburtzen du kontua egileak: hemen sartzen bazara zure erabakiz egingo duzu. Bisitariek ekarritako irudiez hornitzen da museoaren fondoa eta eguneko 24 orduetan dago zabalik.
Caballito Ebay-n
Cybereuskadi aldizkariak zabaldu duenez, Gasteizko Caballito enpresako langileek enkantea egingo dute Interneten euren erresistentzia kutxarako dirua biltzeko. Iragan urteko azarotik soldatarik kobratu ez duten langileek Arabako kirolari batzuek emandako arropak eta Celedon-en euritakoa Ebay zerbitzuaren bidez saldu nahi dute. Hala ere, ez dute momentuz ebay.es domeinuaren bidez egingo, es.ebay.com helbidean baizik. Izan ere, multinazionala Igorreko Ebay enpresari domeinua erostekotan dago, Cybereuskadik berak argitaratu duenez.
Dropload baliagarria
Nork bere artxiboak lagunei helarazteko zerbitzu interesgarria ematen du doan Dropload webguneak. Demagun 5 Megabyteko artxibo potoloa daukagula eta lagunei helarazi nahi diegula. Bada, Dropload honetara igo eta gure lagunen helbideak bertan idatzi. Eurei mezua helduko zaie, artxiboarekin baino, berau eskuratzeko lotura batekin. Zerbitzuak 100 Megako muga du, lagunen postontziak ez blokatzeko modua da eta, diotenez, ez dituzte gure lagunen helbideak beste ezertarako erabiliko.
Irailak 15, 2004
Gaur Sustatun agertu da badagoela webgune bat, quebuscasque izenekoa, jendeak Googlen egiten dituen bilaketa bitxiak batzen dituena. Bada, webgune gehienetan bezala, bilatzaile bidez sarean.com honetan agertzen direnak ere oso gauza bitxien bila dabiltza, bisitarien %89 bilatzaile batetik igaro gabe zuzenean sartzen diren arren. Gako-hitzen top ten-a egin dut eta hauek izan dira 2004ko lehen sei hilabeteetan jendea sarean.com-era bideratu duten hitzik bilatuenak:
sektak, heriotz zigorra, anje duhalde, sex men, euskal liburuak, hasiberriak, klasizismoa, ruper ordorika, komikiak eta ume gaiztoak.
Baina hitz batzuk beti sailkapen horretan mantentzen diren arren, hilabete batetik bestera aldatzen dira haietako asko. Adibidez, iraileko lehenengo egun hauetako hitz eta hitz sortarik bilatuenak, hurrenez hurren, hauexek izan dira: www.sexu.com, sexmen, hondarribiko jaiak, euskal liburuak, futura 2000, lan bila, sexu.com, abestien letrak, herri norte eta elektrotuna.
Bilaketen %51,6 google.es-etik datoz. Ondoren yahoo.com (%14.9), google.com (%9,7), msn.com (%6,6) eta google.fr (%3,5) datoz. Bistan da hegoaldeko jende gehienak google.es erabiltzen duela, Googlek hala egitera bideratuta, nahiz eta aipatu genuen prozedura bat egon badagoen google.com-ekin jarraitzeko.
Irailak 13, 2004
Zientzia-fikzioko idazleek iragarri dutenez, laster helduko omen da aurrerapen teknologikoak giza adimenari aurrea hartuko dion unea. Amerikarrek singularitatea esaten diote etortzeko den balizko une horri. Giza bilakaeraren ondoan askoz arinago doa makinena eta baliteke laster nolabaiteko adimena izango duten ordenagailuak sortzea. Zer gertatuko zaigu orduan? Iragarpenak ez dira oso optimistak.
Teknologiak milaka urte ditu, artean gizaki ez ziren arbaso haiek tresnak erabiltzen hasi zirenetik aurrerapena etengabekoa izan da. Egungo gizakion adimena, antropologoek diotenez, arbaso haiena baino handiagoa da, burmuinaren neurriek adierazten dutenez. Baina aldaketa teknologikoaren abiadura azkartu egin da azken urteotan, gero eta arinago doa. Zientzia-fikzio idazle batzuek iragarri dutenez, laster hel daiteke une bat non aurrerapen teknologia hain aurrera doan, ezen giza adimena gaindituko duen, gutariko azkarrenena ere.
Zientzialari askori falta zaien imaginazioa daukate idazleek eta horregatik euren nobelak irakurtzen dituzte, inspirazio bila. Nolabaiteko oinarri zientifikoa izan duten idazleen iragarpen asko bete dira, Jules Vernetik hasita. Baina gaurko gaiari dagokionez, denok pentsatu dugu inoiz horretaz, konturatu baikara itxuraz teknologia abailan doala aurrera eta gero eta gaitzagoa egiten zaigula aparailuen atzean dagoena ulertzea, fisika eta kimika elektronika baino ulergarriagoak ziren-eta. Batzuek diotenez, makinek datozen 30 urteotan hartuko digute aurrea, ikasteko ahalmena garatu ahala. Orduan talka imaginaezina gertatuko da, historiaren amaiera modukoa. Vernor Vinge idazleak singularitatea deitu zion, astronomiatik hartutako hitzarekin aurrerapenek gure adimena gaindituko duten momentua izendatuz, eta hainbat liburu eta filmek aurreratu digute nolakoa izango den guretzat.
Zineman ikusitako lehenengo iragarpena 1968ko 2001: A Space Odyssey filmeko Hal ordenagailuaren matxinada izan zen: maitasuna, inbidia eta amorrua zer den ikasi ostean gizakiak akabatzen hasten baita, alegia, benetako gizaki baten moduan jarduten. Terminator eta The Matrix dira historiak egin lezakeen beste bide posible batzuk. Oraino aipatutako guztiak gizakiontzat apokaliptikoak dira, baina zinema negozioa da eta amerikarrei film apokaliptikoak gustatzen zaizkie. Vinge idazleak ere, singularitatea azaltzen zuen How to survive in the post-human era liburuan gizakia desagertu zela iragarri zuen baina ez da oraindik gertatu. Iragarpen ikaragarri horren aurrean gizakion sena matxinatzen da eta makinen aurkako gerrak pizten dira imaginazioan eta denok jartzen gara azken gizaki matxinatuen lekuan.Hain zuzen ere, cyberpunk azpigenero horretako idazle asko singularitarioak dira, horrelako ideia batean oinarritzen baitira euren etorkizuneko munduak imaginatzeko, eta gogoeta erakargarria da. Izan ere, duela gutxi Blade Runner inoizko zientzia-fikziozko film onena izendatu dute internautek bozketa batean.
Agian makinek ez dute inoiz urrats hori emango baina guk bai, akaso giza adimena handitzeko txipak txertatuko zaizkigu, cyborg-aren irudi zinematografikoa egia bihurtuz. Agian gure ezintasunak garapena galgatuko du eta berau moteldu egingo da. Agian pilula bereziak hartuko ditugu burmuinaren adimena suspertzeko, azken finean kimika kontua baita neuronen arteko dantza. Kontua da dagoeneko informazio saturazio handia badaukagula eta gure Homo Sapiens memoria urriekin barneratzeko gai ez garen jakintza teknologiko mordoa dagoela. Internetek bere sare egiturarekin marraztu digun adimen banaturantz goaz, ordea, gizakiok gero eta inurriago sentitzen gara, gizartea inurritegi handia bihurtuta. Determinismo teknologikoak ez dauka, momentuz, etorkizuneko gizartea nolakoa izango den iragartzeko erabateko teoriarik, etorkizunean edozer gerta baitaiteke.
Milenarismoa eta ezinegona
Hala ere, gizakion joera izan da beti, ertarotik gaurdaino, norbera bizi den garaia erabakiorra izango dela pentsatzea. Hainbat adibide izan ditugu historian. Milenarismoak 1000. urtean mundua amaituko zen ustea zabaldu zuen eta ez zen ezer gertatu, baina hori izan zen aurki zeozer handia gertatuko zen irudipena gizarte kristauan txertatu zuen lehenengo adibidea. Urteak zenbatzeko daukagun modua arazoaren zati bat da, beti baitago muga biribil bat ostertzean eta bertan ezartzen da etortzeko dagoen zer potolo horren data. Adventistek, mormoiek eta Jehovah-ren lekukoek, pragmatismoz, etengabe atzeratzen dute data apokaliptiko hori, aurretik zehaztutakoa arazorik gabe igaro ondoren.
Baina aldaketa garaian bizitzearen sentsatzioak eragiten du etorkizun hurbilean gertatzekoa denarekiko ezinegona. Grafikoek populazioaren hazkunde etengabea erakusten digute, atmosferako karbono dioxidoaren hazkundea, petrolioaren agortzea, teknologiaren aurrerapena… Denak seinalatzen du mende bukaeraren bueltan gertatzekoa den zerbait, egungo munduaren akabera, dakigunarena, ulertzen dugunarena. Data biribilak igaro dira baina aurki zerbait gertatu behar duen sentsazioa ez zaigu desagertzen, are gutxiago mende berrian gerrek ez dutela zertan desagertu ikustean, bonba atomikoa gero eta herrialde gehiagok daukatela… Eta hori guztia zineak areagotutako psikosiak aipatu gabe: meteorito erraldoiak, martiztarren bisita, pandemiak… Singularitatearena beste bat gehiago dugu, besterik gabe. Agian gertatuko da, agian ez.
Hala ere, Bruce Sterling idazleak singularitateari buruz The Long Now fundazioan emandako hitzaldi batean esan duenez, lehenago ez geneukan segurantzia daukagu 1945tik hona, gizakiok benetan planeta osoko bizitza suntsitzeko ahalmena dugula, horrek gure ezinegona areagotu egiten du.
Vingeren liburua
tinyurl.com/4dyzw
The Long Now
www.longnow.org
Sterling-en hitzaldia
LABURRAK
Eibarko blog gehiago
Blog edo bitakora berriak sortuz doaz eibar.org eibarnauten komunitatean. Coreblog softwareari esker bertako kide guztiek baitute bakoitzak berea sortzeko aukera. Sustaturen itxura berria sortu duen Maite Rementeria kazetari eta diseinatzaileak berea zabaldu du, Etiam izenekoa. Amatiņo kazetari eta politikariarena ere aurkituko dugu bertan, baita Matrallako irratiarena, Oier Gorosabelena, Prospektiba, Iturri Blog eta beste batzuk ere.
Erraldoia musika saltzen
Azkenik Microsoft ere sartu da musika online saltzearen negozioan, Apple-ren iTunes edo Napster-en antzera, abestiak banaka eskuratzeko ordainduzko zerbitzua ezarri baitu sarean. Abesti bakoitza dolarreko 99 zentimo kostatuko da MSN Music zerbitzu berrian, iTunes-en bezala, baina zerbitzua oraindik beta bertsioan dago. Duela gutxi Sony multinazionalak ere bere zerbitzua atera zuen, Connect izenekoa, soilik Explorer nabigatzailearekin ikuska daitekeena.
Txetxeniarrak sarean
Errusiarrek Txetxenia inbaditu eta bertako gobernua deuseztu ondoren, Maskhadov-en gobernuak eta kazetari independiente askok Interneten aurkitu dute babesa eta euren mezua zabaltzeko bidea. Erbestean dagoen txetxeniar gobernuaren kanpo arazoetarako ministerioak badu bere webgunea eta gobernu horren albiste agentzia ofiziala chechenpress.info helbidean aurkituko dugu. Informaziogune franko dago ingelesez sarean, besteak beste, chechentimes.org edo caucasustimes.com argitalpen independienteak. Herrialdeari buruzko jakingarriak, berriz, chechen.8m.com helbidean aurkituko ditugu ingelesez. Errusieraz, berriz, askoz webgune gehiago daude.
Irailak 8, 2004
Azken hilabeteotan hemen biltzen ari naiz nire gustoko (eta ez hain gustoko baina nolabaiteko interesekoak) bitakora eta albistegien titularrak, XML feed-a dutenena behintzat. Pertsona baten liburutegiak bere izaeraren berri ematen duen bezala, blogger baten berri ematen digu egun bere blogrollak. Bloglines zerbitzua erabiltzen dut, doakoa eta oso gomendagarria.
Irailak 5, 2004
Prentsa askatasunik ez dagoen herrialde askotan gobernuek komunikabideak itxi ostean Internet bilakatu da zentsura saihestuz informazioa hedatzeko bide bakarra. Sareak ematen duen askatasun horrek beste aurpegi bat badu: gartzelaratutako internautena, baina sarean bertan eraso horiei emandako erantzuna ez da makala izaten.
Ali Lmrabet kazetaria aski ezaguna da Marokon. Berak zuzentzen zituen Demain Magazine eta Douman aldizkariak, satiraren bidez marokoar erregimenarekiko kritikak zabaltzen zituen, askatasun eza eta ustelkeria salatuz. Gobernuak bere lehenengo aldizkaria itxi zuen, bigarrena ere bai eta, azkenik, gartzelaratu zuen kazetaria. Lmrabet-ek ez zuen Internet zentsuratutako aldizkaria argitaratzeko erabili, baina haren aldeko elkartasun kanpainiaren erdigunea bilakatu zen lagun eta lankidez osatutako batzorde batek argitaratutako webgunea.
Human Rights Watch erakundeak internauta disidenteei buruzko atal bat dauka bere webgunean, Txinako, Vietnamgo eta Tunisiako kasuak aipatuz. Txinan gero eta internauta gehiago dago eta asko preso daude Interneten gobernuaren kontrako iritziak zabaltzeagatik. Mugarik Gabeko Kazetariak (RSF) erakundeak ere Interneten euren iritziak eta informazioak plazaratzeagatik atxilotutakoen kasuak aipatzen ditu, beti Kuba eta Txina askatasun gutxien duten estatuak direla nabarmenduz. Baina badira kasu gehiago, batzuk AEBei eta Mendebaldeari lotutako herrialdeetan ere, Zoheir Yahiaoui tunisiarrarena kasu.
Yahiaouik Tunezine agerkari elektroniko satirikoa argitaratzen zuen ezizen bat erabiliz. Ziberkafe batean atxilotu zuen tunisiako poliziak 2002an eta urte biko gartzela zigorra ezarri zioten. Orduz gero tunezine.com argitaratzen jarraitu zuten haren lagunek, zerbitzaria Tunisian ez zegoenez Ben Aliren erregimenak ezin izan baizuen zentsuratu. Are gehiago, Yahiaouiren aldeko elkartasun webgunea bilakatu zen eta sekulako oihartzuna lortu zuen, giza eskubideen aldeko hainbat erakunderen arreta erakarriz. Egun, ziberespazioan Tunisiari buruzko erreferentzia garrantzitsua da eta bertan politika eta gizarte gaietako eztabaida mamitsuak izan ohi dira bertan. Yahiaoui askatu behar izan zuten protesten ondorioz, 18 hilabete gartzelan eman ostean, baina giza eskubideen egoera ez da hobetu Tunisian. Bai, ordea, bere burua paradisu turistikotzat aurkezten duen herrialde baten errealitatearen ezagutza.
Antzeko egoeran dago prentsa askatasuna Maldivetako paradisu turistikoan, sandhaanu.com aldizkarian irakurri ahal izango dugunez. Saudi Arabian, berriz, milaka webgunetarako sarbidea galerazita dago, gobernuak sortutako agentzia batek 400.000 webgunetarako sarbidea blokatu du eta ezinezkoa da bertatik sartzea, bahea herrialdeko hornitzaile guztietan ezarrita baitago. Bertako erbesteratu batzuek egiten duten miraserve.com aldizkaria ere blokatuta dago, baina bertakoek zentsura saihesteko teknikak garatu dituzte. Hala, webgunea blokeatu gabeko helbide baten bidez ikusteko nahikoa izango dugu mezu bat helbide jakin batera bidaltzea. Erantzun automatikoa jasoko dugu bisitatu beharreko helbidearen berri emanez. Anonymizer edo Safeweb proxyak horrelako kasuetan baliagarriak dira, hemen horien bidez ikuska baizitekeen debekatutako batasuna.org domeinua.
Bitakorak fenomeno kontrolagaitzagoa dira eta adierazpide libreagoa izaten dira ohiko komunikabideak baino. Iranen, adibidez, politika kontuen gaineko blog asko daude eta zentsura ahalegin handiak egiten ditu bertako gobernuak, stop.censoring.us bezalako webguneetan salatu dituztenak. Webgune asko blokatuta dauden arren, iraniarrek idatzitako bitakora kritiko asko daude sarean. Hala ere, blokatutako webguneetako arduradun batzuk atxilotuak izan dira, poliziak berauek ezabatu ahal izateko FTP sarbideko pasahitzak nahi zituelako. Sina Motallebi bere rooznegar.com bitakora zela eta atxilotu zuten Iranen, baina mundu osoko blogger-en sinadura bilketa koordinatuaren ondorioz askatu behar izan zuten.
Iparraldean ADSL hobea
Cybereuskadi aldizkariak berriki aipatu duenez, artean alde ederra dago Bidasoaren alde bien artean ADSL zerbitzuen abiadurari et kalitateari dagokionez. Sarbide arrunta Hegoaldean 256Kbpsekoa da eta hileko 39 euro kostatzen da gehienetan, Arsys enpresa errioxarrak 29,90 euroan eskaintzen duen arren. Iparraldean, aldiz, Free enpresak 29,99 euroan eskaintzen du 2 Mbps-eko ADSL sarbidea, nahiz eta, webgunean frogatu dugunez, herri gehienetan 1024 Kbps-eko gehienezko abiadura eskaini.
Gainera, aurki Baionan 6 Mbps-eko abiaduraraino igoko da zerbitzua, hiriburuan bere sarea hedatzen ari baita Free eta, horrek, enpresak bere webgunean dioenez, zerbitzuaren abiadura igotzea ahalbidetuko du. Enpresaren arabera, urtea amaitu baino lehen egongo da prest zerbitzu berria, Baionarrei ADSL zerbitzuaz gain, 29,99 euro horien truke hainbat telebista kanal eta telefono deiak doan egiteko aukera emango diena.
Hegoaldekoak kontsolatzeko Telefonicak agindutakoa gogoratuko dugu, enpresak ADSL arrunten abiadura doan biderkatuko duela. Abiadura igotzearen arrazoia Telefonicak laster eskainiko duen ADSL bidezko telebista zerbitzua da, gutxienez 512ko abiadura eskatzen duena. Igoera hori haren sarearen bidez konexioa eskaintzen duten enpresa guztietako ADSLetan igarriko da. Bestalde, kontratua Telefonicarekin dutenentzako doako promozioa dago, hilabetez zerbitzuaren abiadura doan 512 Kbps-era edo 2 Mbps-era igotzeko aukera ematen duena. Berau aktibatzeko 1004 telefonora deitu beharra dago.
LABURRAK
Spam-a Espainiatik
Interneten bidaltzen diren zabor mezuen jatorriari dagokionez Espainiak bederatzigarren lekua eskuratu du sailkapenean, Frantziaren ostean, berau debekatu duen LSSI legea gorabehera, bertatik gero eta spam gehiago bidaltzen baita. Sophos segurtasun enpresak eginiko ikerketa baten arabera, munduko spam guztiaren %1,16 Espainiatik bidalia da. AEBetatik bidaltzen da spam-aren %42,53 baina gero eta indar handiagoa hartzen ari dira spammerrak Txinan, Korean eta Brazilen.
Bitakora gehiago
Euskarazko blog berria agertu da azken asteotan. Kili-Kili izenburuko bitakoran gogoetak eta argazki batzuk bildu ditu Mifune ezizeneko internautak euskaraz. Horrek baditu erdarazko beste bitakora bi, bata japoniar itxurakoa eta bestea anorexia eta bulimiari buruzkoa, baina Kili-Kili izenekoan soilik euskarazko testuak agertzen dira. Beste bitakora berri bat agertu da Amodioblog goiburupean, ikasle batek egina, burutazio malenkoniatsuak biltzen dituena.
Sustatu berria
Abuztuko oporraldia igarri da Sustatun, Interneti buruzko aldizkari eta weblog guztietan bezala, bertan albisteen ekoizpena moteldu baita azken hilabetean. Hala ere, atsedenaldian izkutuko lana egiten ibili dira Sustatukoak webgunea eraberritzeko eta horren emaitza atzo bertan agertu zen gure pantailetan: guztiz eraldatua ageri zen webgunea, itxura berria erakusten eta nork bere argazkiak bertan argitaratzeko aukera berria gehituta.
Irailak 1, 2004