Abuztua, 2004 hilabeteko artxiboa
Teknologia berriak gero eta gehiago kontrol sozialerako erabiltzen dira eta gero eta zailagoa dugu gizaki arruntok horretaz jabetzea. Horietako bat radiofrekuentzia bidezko identifikazioa da, RFID bezala ezagutzen den teknologia. Oso etiketa txikiak gure arropen artean edo azalean jarrita, gure mugimendu guztiak jarrai daitezke. Hobetzen eta merketzen den neurrian, RFID teknologiak gure pribatutasuna ezerezean utziko du, ez baitugu jakingo zenbat ari diren gure erosketak, ibilerak eta ohiturak zelatatzen.
Funtsean, RFID teknologia identifikazio automatikorako beste sistema bat dira, dendetako lapurretak ekiditeko erabiltzen diren banda magnetikoen modukoak. Baina teknologia honek askoz aukera gehiago ematen du, etiketa bakoitzaren identifikazioa eta mugimenduen jarraipena ahalbidetzen baitu eta eremu handi bat kontrolatzeko erabili daitekeelako. Irrati bidez kontrolagailuak seinalea igortzen du eta eremu horretan dagoen etiketa bakoitzak seinalearen isla moduan oihartzuna bidaltzen du bere burua identifikatuz.
Teknologia honen aplikazio posibleak asko dira. Esaterako, dendetan ordaintzeko eta lapurretak ekiditzeko, RFID etiketek ez dutelako makina batekiko kontaktu fisiko edo optikorik eskatzen. Beraz, supermerkatuan erosketez betetako otzara eskuan kutxa erregistratzailera hurbildu eta momentuan aterako zaigu erositakoaren zerrenda zehatza. Baina agian ordaintzeko geratu beharrik ere ez dugu izango, gure kreditu txartelak RFID izan dezakeelako edo txakurrek egun duten moduan gure azal azpian txertatua izango dugulako RFID etiketa.
Arropa dendetako etiketa magnetiko mardulak ez bezala, RFID etiketek erosketa bakoitzaren erabateko identifikazio berdingabea ahalbidetzen dute, gero eta txikiagoak dira eta askotan izkutatuta daude, lapurrek non dagoen jakin ez dezaten. Gero eta merkeagoak dira eta adituek 2007rako bakoitzak 5 zentimoko balioa izango duela espero dute. Detektagailu baten ondotik igarotzea ez da beharrezkoa, irrati bidez haien presentzia askoz distantzia handiagoan somatzen baita. Etiketa hauek, gainera, pasiboak dira, ez baitute baterien beharrik, jasotako irrati seinalea islatu besterik ez dute egiten baina ez dute iraungitze datarik.
Ezaugarri hauek RFID teknologiaren hainbat aplikazio posible azalerazten ari dira. Esaterako, eskoletan umeei edo bahituak izateko arriskuan diren aberatsei horrelakoak azal azpian jartzen dizkien enpresa bat dago Mexikon. Solusat-ek saltzen duen Verichip hori kentzeko, baina, mexikar bahitzaileek hori jakinez gero biktimei etiketak kentzeko anputazioak egingo dizkieten beldur da, berriz, Privacy Forum-eko Lauren Weinstein. Izan ere, horrelako foroak oso susmati ageri dira teknologia honek jendearen intimitatean izan dezakeen eraginarekiko. Segurtasuna hizpide duen Kriptopolis Interneteko aldizkari espainiarrak atal osoa eskaintzen dio RFID etiketen gaiari, oso joera negatiboa baita Kriptopolisekoen iritziz. Electronic Privacy Information Center (EPIC) amerikarrak ere RFIDen gaineko informazio asko bildu du eta Electronic Frontier Foundation (EFF) famatuak ere gai honen inguruan bere kezka agertu du, RFID etiketen hedatzeak Lee Tien-ek zaintza gizarte baten arkitektura bezala deskribatzen duena ekar lezakeela salatuz.
Momentuz RFID aparailuen erabilera arautzeko legerik ez da apenas garatu, baina legeak gorabehera inoiz ez dugu jakingo espioiek legez kanpoko erabilera egiten ari diren. Horixe gertatu zitzaien Genevan iazko abenduan Informazioaren Gizarteari buruzko Goi Bileran (WSIS) izan ziren agintari eta goi mailako funtzionariei, tartean Eusko Jaurlaritzako lehendakari Ibarretxe jauna zela. Antolatzaileek euren baimenetan RFID etiketak txertatu zituzten baina ez zieten horren berri eman eta euren mugimendu guztien berri izan zuten zelatatuak ezertaz ohartu gabe.
Kriptopolis
www.kriptopolis.com
Privacy Forum
www.vortex.com
EPIC
www.epic.org/privacy/rfid/
EFF
www.eff.org
Verichip
solusat.com.mx
En.Red.Ando itxita
Interneteko argitalpen aitzindarietakoa zen En.Red.Ando aldizkari digital espainiarra itxi behar izan dute duela egun batzuk, arazo ekonomikoak direla eta. En.Red.Ando 1996ko urtarrilean abiatu zen, Luis Angel Fernandez Hermana kazetariaren zuzendaritzapean. Denbora honetan ezagutzaren gizarte digitalaren inguruko makina bat artikulu interesgarri eta sakon bildu eta doan eskaintzen zituen webguneak, baina enpresaren diru iturri nagusia hitzaldiak eta mintegiak ziren. Puntucom enpresen gainbeheratik bizirik atera zen proiektua, baina geroz izan dituen zailtasun ekonomikoek azkenik webgunea ixtera behartu dituzte arduradunak.
Artikulu eta saiakera mamitsuen bilduma mardula zuen webgunea ez da jada ikusgai eta, Fernandez Hermanak baieztatu duenez, ezin izango dira aurrerantzean haren edukiak eskuratu, testu bakoitzaren egileak berriro beste nonbait argitaratzen ez baditu. Honek orrialde hauetan uztailean aipatutako usteltze digitalaren gaira garamatza berriz, digitalizatzeak ez baitakar, berez, edukiak ez galtzea.
En.Red.Ando
www.enredando.com
LABURRAK
Ez gara jokozaleak
Cybereuskadi aldizkariak aipatzen duen Espainiako INE estatistika institutuaren azken inkestaren arabera, ordenagailua jolasteko eta chat berriketarako gutxien erabiltzen dutenak EAEko biztanleak dira. Aldiz, testuak idazteko gehien erabiltzen dutenak dira (%85), baina honetarako gutxien erabiltzen dutenak nafarrak dira (%69). Inkesta beraren arabera, Espainian baino gutxiago erabiltzen dira eskuko PDA ordenagailuak, baina etxean beste inon baino ordenagailu gehiago daude EAEko etxeetan. Aipagarria da, halaber, beste leku batzuetan baino lagun gutxiagok informatika eskolak jaso dituela aitortzen duela, KZguneak gorabehera.
INE
www.ine.es
Bitakorak debekatuta
Atenasko Olinpiar Jokoetan esku hartzen ari diren kirolariek debekatua dute, jokoak amaitu bitartean bitakorarik idaztea. Azken aldion oso normala bihurtu da goi mailako ekitaldi, lehiaketa edo bilkura batean esku hartzen ari diren batzuek weblog edo bitakora pertsonalak edukitzea. Bertan, euren gogoeta pertsonalak, pasadizuak, argazkiak eta albisteak aurki ditzakegu, zuzenean bizitzen ari den pertsona baten eskutik. Horregatik famatuak bihurtu dira, esaterako, Grezian dabiltzan AEBetako Duke unibertsitateko kirolari blogger-ak. Baina NOBek debekatu die kirolariei baimenik gabe idaztea, tartean publizitate kontratu garrantzitsuak babesteko eta komunikazio talde handiekiko dependentzia agerian utziz
Atenas 2004
www.athens2004.com
Asto katalanak
Oso kanpainia bitxia jarri dute abian Kataluniako gazte batzuek, Espainia ordezkatzen duen Osborneren zezena barik Katalunia ordezkatuko lukeen asto baten irudia hedatuz. Planta’t el burro kanpainiaren bultzatzaileek euren bitakoran diotenez, “zezenak edo espainiar matrikulak ordezkatzen duten zentralismo uniformizatzailearen kontrako aldarrikapena” da astoarena. Irudiaren egiletzaren inguruan izandako polemika baino zeresan gehiago sortu du ekimena gutxietsiz Juan Carlos Espartero izenez sinatu duenak astoaren inguruan idatzitako artikuluak, La Gaceta de Salamancak bere orrialdeetan argitaratua denik gezurtatu duen arren.
Abuztuak 25, 2004
Egunero jasotzen ditut iruzkin itxuraz absurdoak, ingelesez, normalki sexu webgune batera edo online kasino batera bideratzen dutenak. Ingelesez dira iruzkinok, noski, eta euren helburua Googleren bilaketetan euren webgunea goi postuetan agertzea da, PageRank engainatuta. Izan ere, web baterako lotura beste askotan agertzen denean, Googlek eta sailkapenean igotzen du web hori. Movable Typeren 2.661 bertsioa erabiltzen dudanez, MT-Blacklist erabili behar dut, comment spam delako horri bidea ixteko. Baina gaztelaniaz ere jaso ditut iruzkin batzuk, Telendro dela eta euren webguneak emaitzetan gora egitea bilatzen duten webmaster batzuen eskutik.
Spam mota hori askotan egiten dute webmasterrek, orrialdeetan bilatzaileak indexatu ditzakeen hitzak izkutatzeaz gain (hori inoiz neuk ere egin izan dut). Bada, Error500en azaltzen dutenez, badira horrelako teknikak erabiltzen dituzten webmaster “seriosak”, Fernando Alonso espainiar pilotuaren webgunea egin zutenak kasu. Mozillarekin bisitatuz gero ikus zitekeen Explorerdun masari izkutatzen zaion trikimailua zein den.
Baina iruzkinetako spam-era bueltatuz, gaur Ayudad a un Telendro Donostiarra esanez jaso dut hona bideratzen duen erdarazko iruzkin bat. Orain arteko spam iruzkin guztiak Telendro sarreran jaso izan ditut, tartean Hello Google izeneko enpresa batek bere telendroa sustatzeko jarritakoa (hau idaztean 10. ageri zen hori, etengabe aldatuz doan sailkapenean). Dirudienez, bertoko enpresa bat da hain zuzen webguneei Googlen sailkapen ona saltzera dedikatzen dena. Euren zeregina Google engainatzea da bezeroaren enpresaren webgunea Googlen lehenengo emaitzetan ager dadin. Ez dakit nik nork bere enpresa sustatzea irabazi asmoa baztertzen duen lehiaketa garbi batekin bateragarria den. Zer pentsatzen duzue zuek comment spam-ari buruz? Zilegia da akaso agerikoegia ez denean? Non dago muga? Eta Hello Google bezalako enpresei buruz?
Abuztuak 24, 2004
ETBn eguraldia aurkezten duen gizonarekin jai daukat. Herenegun asteazkena asteko egunik txarrena izango zela iragarri zuen. Eguna estalita hasi zen, hodei altuekin, baina eguerditik aurrera sekulako eguzkia atera zen. Gaur, Teleberri ostean, emakume sentitzen zela eta hodeirik ez genuela ikusiko esan digu. Bazkalostean abiatu naiz, bada, hondartzarantz. Baina goikaldean dena zegoen erabat estalita. Hondartzan geundela sekulako zaparrada hasi da eta denak aterpe bila karraderan.
Erreparatu duzue eguraldiaren iragarleek inoiz ez dutela biharamunean errakuntzarik aitortzen. Behinola TVEko tipo bibotedun batek (ez naiz izenaz oroitzen) eguraldia iragarri zuen eta honela erantsi zuen: “… eta okertuz gero bibotea kenduko dut”. Hurrengo egunean ez zuen ezer esan, baina bibote barik agertu zen pantailan.
Baina orokorrean, aurreko egunean esandakoaren kontrakoa egiten duenean (eta sarritan egiten du), ezer esan ez balute bezala agertzen dira, aurreko eguneko hankasartzea aitatu ere ez. Hondartzatik etxera heldu bezain laster sartu naiz eitb.com/eguraldia webgunean eta bertan “zaparradak izan zitezkeela” zioen. Hauek beti guapo ateratzen dira, “denbora errealean” aldatzen baitute iragarpena. Horrek 1984 liburua dakarkit gogora, Winston Smith gixajoak gogoratzea komeni ez zen historia zatiak ezabatzen zituen liburuetatik, Egiaren Ministerioan horixe zuen zeregina. Ez ziren gertatu.
Abuztuak 19, 2004
Jakintza biltzeko eta jendartean zabaltzeko egitasmoa izan zen entziklopedia. Bera izan zen ilustrazioaren abiapuntua eta egungo jakintzaren gizartearen abiapuntua. Sarea bera entziklopedia erraldoi moduan uler daiteke eta bilatzaileak bertako aurkibideak lirateke; Aurki bezalako direktorioak gaiak aurkitzeko aproposak dira eta Googlek gako-hitzak topatzen lagunduko digu. Interneten badira ohiko entziklopedien online bertsioak, baina sarerako propio eginiko entziklopediak ere badira, jabetzarik gabeko eduki libreak dituztenak eta internauten ekarpenez elikatzen direnak.
Duela 200 urte baino gehiago abian jarri zenetik ilustratuen egitasmoa ezin izan da erabat gauzatu. Entziklopedia bat eta denentzako, ahalik eta jende gehienengana helduko zena zeukaten buruan. Baina egitasmo hezitzaileak muga gaindiezin batzuk aurkitu ditu paperean argitaratu den artean. Mundu osorako egitasmo bakar bat koordinatzea ezinezkoa zen beste garai batean, baina oztoporik handiena dirua izan da orain arte. Izan ere, erakunde edo elkarte gutxik izango zuten jakintza biltzeko arduratutako aditu talde baten lana ordaintzeko beste diru. Azkenik, merkatuaren arauek entziklopedia batzuk besteen gainean jarri dituzte, elkarlaneko asmoak baztertuz. Gutxi batzuk nabarmendu dira arlo horretan, Britannica entziklopedia kasu.
Halaber, egindako lanaren inprimaketa eta banaketa gastuak bere gain hartzeko dirua behar izan dute erakunde edo elkarte horiek eta horregatik oso lotuta egon dira tokian tokiko eta unean uneko botere politiko eta ekonomikoei. Horiek trukean historiaren interpretazio ofiziala edo ez-osoa eskaintzera behartu dituzte maiz. Horregatik esan daiteke jakintzaren hedapena ez dela orain arte erabat librea izan. Edukien ikuspuntu partziala eta entziklopedia oso garesti ordaindu beharra izan dira ilustratuen ametsari jarritako oztopo nagusiak.
Sarean ere ohiko entziklopediaren ordainduzko ereduari jarraitzen dioten produktu batzuk sortu dira. Esaterako, Britannica sarean ere irakur dezakegu eta paperezko edizioan agertzen den edozein kontzeptu bilatu, urtero 60 dolarreko harpidetza ordainduz gero. Sarerako propio sortua da Microsoft-en Encarta entziklopedia, baina hemen ere irabazi asmoa da ekimenaren motor nagusia, urtero 29 dolar ordainduz gero soilik izango du herritarrak jakintzarako sarbiderik.
Baina Interneten etorrerarekin batera arestion aipatutako oztopoak desagertzeko bidean daude, baita jabedun jakintzaren eredua ere. Dagoeneko sortu da aspaldiko ametsa sarean gauzatzeko egitasmoa, software libreari lotutako internauten artetik sortu ere. Funtsean, software librearen eta GNU proiektuaren funtsa Diderotek ezarritako oinarri bera da: jakintzarako sarbide librea, berau oztopatuko duten lokarri ideologiko edo ekonomikorik gabea. Wikipedia du izena eta abiatu zenetik etengabe hazten ari da.
Sarbideari dagokionez, librea eta doakoa da entziklopedia librea. Wikipedia erabiltzeko ez dago ordaindu beharrik eta internautarentzat konexio gastua izango da oraingoz oztopo ekonomiko bakarra, sarerako sarbide unibertsala lortzen ez den bitartean. Hedapenaren kontua konponduta dago Interneten, ez baita liburuen banaketa fisikorik egin behar. Ale kopuru mugatua ere gainditzen du sareak, testu berak irakurle kopuru mugagabea izan bailezake. Inprimaketa gasturik ez dago eta edizio gastuak ere oso txikiak dira, entziklopediari ostatu emango dion zerbitzaria baino ez baita behar.
Edukiei dagokienez, ordainduzko editore talde baten beharrik ere ez dago Wikipediaren kasuan, eredu partehartzailea eta horizontala baitu. Diderotek lan-taldea osatu zuen jakintzaren arlo batzuetan berezitutako jakintsuak bilatuta. Eredu hori ere jarraitu dute orain arteko entziklopediek, aditu talde batek entziklopedia idaztea, baina Internetek ekarri duen mugimendu entziklopedista berriak beste eredu bat proposatzen du, mikroadituaren inguruan eratua. Entziklopedia berriaren azalpenean diotenez, ohiko entziklopedien lan-taldea makroadituek osatzen dute, gai baten inguruko ikasketa sakonak egindako guruek. Makroadituak gai horren gaineko artikulu sakonak idazten ditu eta entziklopediako irakurleak ez du beste inoren bertsio, ekarpen edo iruzkinik irakurtzeko aukerarik izango.
Mikroaditua berriz herritar arrunta dugu, ugaria, bizia eta dinamikoa. Harakina, itzultzailea, xakelaria, itzultzailea edo unibertsitateko ikaslea izan daiteke. Bere intereseko gaiaren inguruko kontzeptuak azaltzen saiatuko da bere ekarpenekin, hemen edonor izan baitaiteke editore. Hemen sartzen da Wiki teknologiak ahalbidetzen duen edizio mota irekia: demagun Urliak Tunisia sarrera idatzi duela, Afrikako herri horren gaineko datuak sartuz. Geroago beste internauta batek datu gehiago sar ditzake idatzitakoa aldatuz. Nahi izanez gero, sarrera beraren aurreko bertsioak aldera ditzakegu, bakoitzak zer kendu edo zer erantsi dion ikusteko. Ingelesezko Wikipedia da sarrera gehien dituena, baina beste hizkuntza askotan ere aurki daiteke informazioa, 2.352 sarrera dituen euskarazko bertsioa tartean.
Eredu honek kaosera garamatzala pentsa daiteke, erredaktore buru edo nagusirik gabe bakoitzak nahi duena idatziz. Baina badira entziklopedia ekimen zientifiko moduan mantentzeko xedea duten edizio arau batzuk. Garrantzitsuena Ikuspuntu Neutrala (NPOV) izenekoa da. Erabateko neutraltasuna ezinezkoa dela onartu arren, xedea ongi definitzen du eta berau ahal den neurrian lortzeko irizpideak ezartzen ditu Wikipediak. Berdintasuna da beste oinarrietako bat, horregatik ez dago aditurik edo goi mailako editorerik. Gure ekarpena gu bezalako milaka editorek aztertu eta, nahi izanez gero, iruzkinak egingo dizkiote.
Baina agian ikuspuntu neutralarena oztopo handiegia da gai korapilatsuak azaltzerakoan. AEBetan kokatutako Wikipediaren zatiketa moduan sortu zuten 2002an Enciclopedia Libre en Español proiektua, sortzaileen iritziz Wikipedian “proiektu libre eta irabazi asmorik gabeko batekin bat ez datozen joera ekonomiko eta zentsuratzaileak” zeudelako.
LABURRAK
Espainian Internet gutxi
Auna fundazioak eginiko ikerketa baten arabera Espainiak behera egin du Interneterako sarreraren araberako sailkapenean eta Europar Batasuneko 25 estatuen artean 17. tokian ageri da. SGAEk egindako beste ikerketa batek dioenez, espainiarren heren bat soilik konektatu ohi da sarera. Lehenengo aldiz ADSLak aurrea hartu dio telefono bidezko konexioari, Espainiako internautek abiadura handiko konexioa estimatzen duten seinale.
Asian Linuxen alde
Txina, Japonia eta Hego Koreako gobernuek bat egingo dute Linuxen alde, Windowsekiko menpekotasun teknologikoa ekiditzeko asmoz. Hiruen artean sistema horretako softwarea garatuko dute, erabiltzaile arruntei zein gobernuetako funtzionariei sistema aukeratzeko bidea emateko. Txinako gobernuak bere herrian hazten ari den software industria Linuxera bideratuko du eta, beraz, Gatesek miraririk egin ezik XXI. mendeko sistema eragilea izango da Linux.
BBC eta codec librea
BBC telebista kate britainiarrak bere Internet bidezko bideoak igortzeko Dirac codec librea erabiliko du aurrerantzean eta haren garapena diruz lagunduko du. RealMedia formatoa erabiltzen zuen orain arte BBCk, haren jabe Real Networks-i diru asko ordainduta. Bideoak trinkotzeko formatorik ezagunenak RealMedia, Windows Media eta QuickTime dira, baina denak jabedunak dira eta berauek erabiltzeagatik ordaindu beharra dago. BBCk aukeratu berri duen Dirac, berriz, doakoa da eta haren garapenaz internauten komunitate osoa onuratuko da.
Abuztuak 18, 2004
Sarea beti gauza ilunak, deigarriak baina azpimunduarekin lotutakoak gertatzen diren lekua da ohiko hedabideentzat. Askotan ez dira konturatzen Internet ez dela berez leku jakin bat, gizarte osoaren isla baino, unibertso ezberdin asko sar daitezkeen komunikazio sarea besterik ez da. Baina gauza bat Interneten gertatu dela esatea nahikoa da masa beldurtzeko eta topikoak zabaltzeko. Noski, beti albistegai diren gertaerak lotzen dira sarearekin: oso gutxitan gertatzen diren lapurreta edo iruzur elektronikoak, oso lagun gutxi ibiltzen diren pedofilia sareak… Eta gero internautak izaki isolatu eta antisozial moduan aurkezten dituen estereotipoa daukagu.
Horren arabera, egunero sarean ordu batzuk ematen dituenak, nahi duen lekura bidaiatuz, jarduera interaktiboan, foroetan idatziz eta informazioa aukeratuz, estereotipo horren arabera, telebista aurretan pasiboki egunero lau orduz edozer irentsiz jezarrita geratzen dena baino desorekatuagoa ei da.
Argitaratu berri duten azkeneko ikerketak internautak euren izaeraren arabera banatzen ditu lau profil psikologikotan. José Luis Fernández Seara irakasleak zuzendutako Salamancako psikologo batzuek egin dute, adizkio kasuetan erabilgarria izango zaielakoan. Profesionalak, zaleak, aztoratzaileak eta adiktoak dira sailkapen horretako taldeak. Profesionalek lan ordu asko ematen dute Interneten informazioa lortzeko, edukiak edo programak sortzeko. Adikzioa ere izan lezake honelako batek, baina psikologo hauek diotenez, «normalena denboraz zeregin honekin nazkatuta amaitzea izaten da».
Zaleek sarea tresna moduan erabiltzen dute, eduki interesgarrien bila edo hartuemanak izateko, baina euren eguneroko jarduera normaletan eragin gabe. Aztoratzaileen taldean, berriz, hackerrak sartzen ditu ikerketak, sarera beste batzuk molestatzera sartzen direla esanez. Honatx hedabideek zabaldutako beste topiko zaharkitu bat, hackerrak ez baitira molestatzaileak, sare eta sistemetan adituak baizik.
Azkenik, ikerketak adiktoak definitzen ditu: «Internet burutik kendu ezin dutenak, daukaten dependentziak euren bizimoduan eragin txarra du, ezin baitituzte beste hainbat gauza egin eta beti daude ahalik eta denbora gehien konektaturik, lorik ere ganoraz egiten ez dutela». Batzuk patologikoak ei dira eta nortasun arazoak dituzte: antsietatea, lotsa, segurtasun eza, arazo sentimentalak eta harreman sozialetarako arazoak dituzte.
Eta nik galdetzen dut: horiek ez al zeuden lehenagotik gaizki? Agian, euren arazoen sorburua izan beharrean, Internetek harremanetarako aukera ematen die. Komunikabideen Europako Institutua delakoak eginiko ikerketak horixe eman zuen aditzera: Internetek ez duela gizakia isolatzen. Baina aurretik badira espainiar psikologo horiek diotena ezeztatzen duten hainbat ikerketa argitaratuta.
Euskal Herrian ere hain erroturik dagoen jarrera teknofobikoak ez du horrelako topikoak urruntzen lagundu eta hori islatu du 2000. urte ingururarte gurean sarearen garapenak izan duen atzerapenak. Ordenagailuekin eta Interneten lan egiten dugunok sarri jasan behar izan dugu jarrera susmatia, are lankide batzuen aldetik, nahiz eta eurek ere ordenagailuak idazteko erabili, sarea benetako informazio esparrutzat hartzen ez zutelako eta edukia makinarekin lotzen zutelako.
Baina jarrera hori aldatuz joan da azken urteotan eta egun kazetari gehienek sarea erabiltzen dute informazioa eskuratzeko. Oraindik, hala ere, asko falta da Interneten kasuan herritarren gogoan makina eta edukiak erabat desberdintzeko. Irratigintzaren hasieran ere horrela gertatu zen, Marconiren gaiaian irratia elektronika zen, ez albisteak. Egun irratigintzaz jarduten dugunean ez dugu elektronika gogoan, esatariak ere ez dira egun uhinen funtzionamenduaz gehiegi arduratzen, horren beharrik ez dutelako.
Sarearen kasuan oraindik informatikarekin lotuegia ageri zaigu Internet, baita bertan albiste diren kontuak ere. Topikoak gainditzeko, kasu honetan ere, informazioa da konponbiderik onena. Baina Internetera hurbildu barik gauza arrotz moduan dakusanak ez du sekula hori lortuko.
Internetek ez du isolatzen
www.sustatu.com/1076661782
European Institute for the Media
www.eim.org
Kazaa gainbeheran, Skype gorantz
Artxiboak trukatzeko Kazaa sistemak gero eta erabiltzaile gutxiago ditu. Napster eta Audiogalaxy programen ondoren berau zen musika eskuratzeko erabiliena, baina azken aldion programari lotutako hainbat arazok fama txarra ekarri diote Kazaari. Batez ere programak atxikita dakarren spyware-a edo erabiltzaileak zelatatzeko programak izan dira horren eragileak, baita programaren bidez eskuratutako fake-ak edo abesti faltsuak ere. Izan ere, abestiaren ordez birusak edo makinak izorratzeko disketxeek edo erabiltzaile maltzurrek nahita sartutako artxibo exekutagarriek kalte handia egin dute milaka erabiltzaileren ordenagailuetan. Azken hilabeteotan bost milioi erabiltzaile galdu ditu Kazaak eta eDonkey/eMule edo BitTorrent lehiakideek, berriz, gero eta gehiago dituzte.
Kazaaren jabe Sharman Networks-ek, berriz, beste programa batekin ari da arrakasta lortzen orain. Telefono deiak sarearen bidez egitea ahalbidetzen duen Skype programak gero eta erabiltzaile gehiago ditu. Windows edo Linux sistemetan ezar daiteke doan eta beste erabiltzaileekin doako berbaldiak izateko balio du, ahotsa IP bidez bideratzen baitu. Telefono arruntetara deitzeko aukera ere ematen du, SkypeOut zerbitzuaren bidez, oso tarifa lehiakorrak ordainduta. Egileek argi uzten dute webgunean programak ez dakarrela spyware edo publizitaterako adware programarik, Kazaak ez bezala.
LABURRAK
Antibirus berria
Panda Software multinazional bilbotarrak TruPrevent teknologia berria atera du, birusak hedatu aurretik gelditzeko xedea duena. Izan ere, birus batzuk, Sasser, MyDoom edo SQLSlammer kasu, oso azkar hedatzen dira, antibirusek euren kontrako txertoa zabaldu aurretik milioika makina kutsatuz. Horregatik, TruPrevent teknologiak programen portaera susmagarriak aztertu eta programa horiek blokatzen ditu automatikoki. Informazio gehiago eskuratuko dugu Espainiako Asociacion de Internautas elkarteak eta Pandak ezarri duten webgunean eta bertatik, gure ordenagailua doan garbitzeaz gain, spyware programak ere ezabatu ahal izango ditugu.
www.seguridadenlared.org
www.worldwidesecure.org/fr/
Hegaldi merke gehiago
Bilboko aireportutik gero eta konpainia gehiago ari dira Europako hirrietarako hegaldi merkeak eskaintzen eta sarearen bidez saltzen. Air Berlinek, azarotik aurrera, egunero egingo ditu Berlinerako hegaldiak eta joan etorria 120 euro inguru kostatuko da. SN Brussels konpainiak ere egunero ditu hegaldiak Belgikako hiriburura, baina ez dira hain merkeak. Jada horrelako beste konpainia batzuk abiatzen dira Bilbon, Aerlingus.com irlandarrak astean hiru aldiz egiten du Bilbo eta Dublin arteko bidaia. Gainontzekoak Easyjet britainiarra, Snowflake suediarra, Volareweb italiarra eta HLX alemaniarra dira.
www.airberlin.com
www.flysn.com
Konpartsak online
Bilboko Aste Nagusia hastear dago eta Konpartsen federakundeko webgunean informazio asko aurkituko dugu jaien inguruan eta Bilboko jai ereduaren inguruan. Konpartsa bakoitzak osatutakoak ere ikusgai dira bertan, egitarau ofizialaz gain. Bestalde, lekuz aldatutako konpartsen kokapenak, albisteak, konpartsa bakoitzaren historia, ezaugarriak eta beste jakingarri batzuk aurkituko ditugu bertan.
www.bilbokokonpartsak.com
Abuztuak 11, 2004
Iragan astean nork bere bideo interesgarriak besteekin trukatzeko sareak ematen duen aukeraz jardun genuen. Aktibismo telematikoak bideoak trinkotuta eMule bezalako truke sareen bidez hedatzeko modua aurki dezakeela azpimarratu genuen, oraindik bide hori oso jorratuta egon ez arren. Gaurkoan banaketaren aurreko urratsei erreparatuko diegu, hau da, bideoak filmatzeko, editatzeko eta formatu trinkotu horietara moldatzeko moduei.
Gaur egun kamara digitala, ordenagailua eta sarerako konexioa edukita informazio multimedia enpresa osoa daukagu esku artean, Al Jazeera txikia edo suntsiketa mediatikoko armategi erabilgarria, biana erabiltzea eta atarramendua ateratzea da gakoa. Posta elektronikoz jaso ditugun mezuen arabera interesa piztu du bideo digitalen kontu honek, baina irakurle askok ez dakite nola digitalizatu bideo interesgarri horiek sarean besteen esku jartzeko. Ondorengo lerrootan, oso laburki bada ere, bideo digitalak sortzeko eta editatzeko urratsak azalduko ditugu.
Hasteko, demagun jada grabatuta daukagula sarerako moldatu nahi dugun bideoa, ez baitugu hemen zine eskolarik emango. Hala bada, bideoa kamaratik edo bideo zinta batetik ordenagailura pasatzea izango da lehenengo urratsa. Egun kamara digitalak nagusitzen ari dira eta normalena izango da kamarak USB edo Firewire konexioa edukitzea. Kable baten bidez lotzen zaio ordenagailuari eta orain bideoa harrapatzeko programatxoa erabili behar da. Mac OS ordenagailuek iMovie programa dakarte sistemarekin, bideoa harrapatzeko eta editatzeko programa xaloa. Horren modukoa da Windowserako WinDVD programa, beste asko ere badiren arren.
Kamara konektaturik badago eta ordenagailuan programa aktibatuz gero, beronek kamara ezagutuko du eta irudiak hartzeko prest egongo da. Ordenagailutik kamararen lana kontrolatuko dugu irudiak hartu eta, nahi dugunean ordenagailuan grabatuko ditugu. Ondoren edizio sinple bat egin daiteke: irudiak hartu, moztu, bata bestearen atzean jarri, trantsizioak ezarri, soinua moldatu eta musika gehitu, azpitituluak jarri…
Baina bideoa kamara analogiko batetik edo VHS zinta arrunt batetik ordenagailura pasatu nahi badugu, pixkat konplikatuko zaigu kontua, bideo eta audio seinaleak digitalizatu beharra baitago lehenengo. Horretarako ordenagailu berri askok ekarri ohi duten irudiak harrapatzeko txartela erabiliko dugu. Txartelak eta gure etxeko bideo aparailuak dituzten konexioen araberako kableak erosi beharko ditugu: Audio/Bideo RCA konexioa edo bideo konposatua dira ohikoenak. Gero, irudiak harrapatzeko programa bat behar da, Virtual VCR librea da estimatuena.
Editatu dugularik (jo dezagun bideoa muntatzen badakigula), formatu ezberdinetara pasatzeko unea izango da eta programak berak emango dizkigu aukerak. Kalitaterik handienekoa DVD formatua izango da eta hori grabatzeko DVD grabagailua behar izango dugu. Demagun gure etxeko filmak betirako gorde nahi ditugula, bada, hori izango da modurik aproposena. Baina filma ez bada luzeegia eta DVD grabagailu bat eduki ezik aukera interesgarriak dira DVD formatua CDan, VCD edo SVCD. Abantaila bakarra dute azken bi horiek, etxeko DVD aparailuetan irakur daitezkeela.
Programa batzuek formatu trinkotuan exportatzea ahalbidetzen digute eta hor hainbat codec daude, bakoitzak izen eta konpresio maila ezberdina duena. Baina ezagunena dugu azken aldion DivX konpresio modua, kalitatea mantenduz gehien trinkotzen duen formatua delako.
DVDak DivXera pasatzeko hainbat programa daude, baina ezagunenak VirtualDub edo DVD2AVI dira. Lehenengo, DivX codec-a divx.com webgunetik jaitsi eta instalatu beharko dugu. Ondoren, programa horiekin bideo eta audio seinaleak disko gogorrera pasatu eta, azkenik, DivXa sortuko dugu, audioa eta bideoa artxibo bakarrean nahastuz.
Ordu eta erdiko film arrunt bat 700 Megabyteko CD batean sartuko zaigu eta nahiko ondo ikusiko da filma. Horrelako neurrikoak izan ohi dira eMule bezalako truke sareetan dauden filmen artxiboak. Laburragoak direnak neurri txikiagokoak egin ditzakegu edo kalitatea handituz gutxiago trinkotu eta 650-700 megaren bueltan mantendu.
Badira aipatu beharreko formatu batzuk, sofware librekoak.Izan ere, DivXen alternatiba libre Xvid da eta soinu bandarako MP3 barik Vorbisen OGG librea erabil daiteke. Biek lortzen dute besteen pareko kalitatea eta trinkotze maila, batzuen arabera are hobeak diren arren. Emaitza OGM bideoa izango dugu, bestearekin bezala MPEG 4 estandarreko AVI bideoa izango da baina guztiz librea.
Askoz gehiago sakon daiteke bideoen digitalizazioaren inguruan baina gaia gainetik azaltzea izan da testu honen helburua. Sarean hainbat eta hainbat azalpen zehatz eta sakon aurkituko ditugu, baina saltseatzen, proba asko egiten lortuko dugu gure gustoko bideoak sortzea, hasieran beti zeozer geratzen baita gaizki baina praktikak egiten hasteko hobe izango dugu familiako VHS zahar haiek berreskuratzea eta digitalizatzea, zintak erabat usteldu baino lehen.
LABURRAK
Bideo pilulak
Kazetaritzaren inguruko Ciberperiodismo atari osoa eraki du Gorka Palazio EHUko irakasleak, software libreak gizarte komunikaziorako izan dezakeen erabilerari buruzko artikulu interesgarriekin. PHP lengoaia, Zope plataforma, GNU-Linux sistema eragilea dira Palaziok eginiko beste webgune batzuen gaiak eta hemen ere islatzen dira, baina orokorrean, euskarazko kazetaritza komunikazioa du hizpide ciberperiodismo.com atariak. Bertan, besteak beste, bideo laburrak sortu ditu, kazetari eta irakasle zenbaiti eginiko bideo elkarrizketak erakutsiz.
Konfidentzial berriak
Sareak argitaratzeko ematen dituen aukerak baliatuta aldizkari konfidentzialen loraldia ari da gertatzen Interneten. Gurean, EAJren inguruko izaronews.org ari da azken aldion albiste eta off the record asko argitaratzen. Molde horretan baina bertoko PPren jarrera politikotik gertuago euskadiconfidencial.com agertu da duela gutxi, lehenago bilbaoconfidencial moduan agertua. Espainian nabarmentzen ari dira elconfidencialdigital.com, elconfidencial.com eta vistazoalaprensa.com gisakoak euren jarrera eskuindarragatik, lehenagoko libertaddigital.com bezala.
Jakin ezine euskalduna
Hacker euskaldun batzuek Jakin bataiatu dute euren ezine edo sareko fanzinea. Hacking-jakin hitz joko polit horren ostean asmo handiko proiektua dago, GNU-Linux sistemaren banaketa euskalduna sortzea, Jakin OS goiburukoa. Baina horrez gain, Jakin argitalpen baten izena da eta bere zenbaki batzuk webgunean bertan irakur daitezke. Proiektu libreen Sourceforge zerbitzarian ostatu hartuta dagoen aldizkari honetan Euskal Herriko hacker eszena, kultura gaiak, lotura interesgarriak eta sareen inguruko artikulu teknikoagoak aurkituko ditugu.
Abuztuak 4, 2004
Sopelako Ander Deuna ikastolako ikasleek ikasketa bidaia berezia egingo dute aurten, saharaui errefuxiatuen kanpamenduetara. Baina nortzuk dira saharauiak eta zergatik daude basamortuko erbestean? Sarean jakingarri guztiak aurki ditzakegu.
Sahara desertuak Afrika iparraldeko zati handi bat hartzen duen arren, soilik Mendebaldeko Sahara herrialdean bizi direnei esaten zaie saharauiak, horregatik ezberdindu beharko genuke saharar eta saharaui hitzen artean. Sahara osoak Egipto, Sudan, Somalia, Txad, Niger, Aljeria, Libia eta beste herrialde batzuk hartzen ditu. Mendebaldeko Sahara, berriz, Atlantikoarekin muga egiten duen Saharako zatia da, Maroko eta Mauritania artekoa.
Lehenago “Sahara español” esaten zioten Mendebaldeko Saharari, izan ere, Espainiaren kolonia izan zen 1884tik 1975 arte. Baina 70ko urteetan Afrikako herrialde asko ari ziren independentzia eskuratzen eta NBEk saharauien autodeterminazioa prestatzeko agindu zion Espainiako gobernuari.
Franco diktadorea hiltzen ari zela profitatuz, Marokok lurraldea inbaditzeko plana egin zuen 1975ean, “Martxa berdea” izenekoaren bidez. Milaka zibil eta soldadu bidali zituen lurraldera, hura “Maroko handiaren” parte zela aldarrikatuz. Espainiarrek ez zuten saharauiak defendatzeko adorerik erakutsi, Mendebaldeko Saharatik alde egin baizuten, marokoarren esku utziz.
Marokoarrak sartzeaz batera espainiarrek alde egin zuten egunean bertan, 1976ko otsailaren 27an, saharauiek euren errepublika aldarrikatu zuten, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD), baina erbestera jo behar izan zuten, Marokoko soldaduen beldur. Aljeriak bere babespean muga ondoan eskainitako lur eremurantz jo zuten Mendebaldeko Saharako biztanle gehienek.
Izan ere, Maroko erregeren inguruan eratutako monarkia absolutista da, bere baitan adierazpen askatasuna eta kultura aniztasuna ezagutzen ez duena. Saharauiek, aldiz euren burujabetza aldarrikatzen zuten eta Hassan II erregearekin zerikusirik izango ez zuen errepublika demokratiko batean bizi nahi zuten. Kulturalki eta hizkuntza aldetik, saharauiak marokoarrekiko oso ezberdinak dira eta errepresioaren beldur ziren. Euren beldurrak bazuen oinarririk, ihesi zihoazen zibilak bonbardatu baizituzten marokoar hegazkinek.
Ondoren, 15 urteko gerra izan zen, saharauien Polisario Frontearen eta Marokoko armadaren artean. Azkenik, 1991an, su etena sinatu zuten NBEren bitartekaritzarekin, autodeterminazio erreferenduma eta errefuxiatuen itzulera adostuz. Baina geroztik Marokoko erregimenak oztopoak jarri ditu eta ez du onartzen saharauien independentziaren aukera. Saharaui erbesteratuen egoera behin-behinekoa zen, baina 28 urtez luzatu da eta ez da konponbiderik ikusten ostertzean.
Saharauien kanpamenduak
“Tindufeko kanpamenduak” esaten zaie errefuxiatuen kanpamenduei askotan, Tinduf herri aljeriarretik hurbil daudelako, baina kanpamenduetan ez da aljeriarrik bizi eta saharauiek euren burua antolatzen dute bertan. Saharauien gizartea ondo antolatuta dago, hango bizimodu gogorrari aurre egiteko ezinbestekoa baita antolaketa ona. Lau kanpamendu nagusi daude (Aaiun, Smara, Auserd eta Dakhla) eta bakoitzaren barruan 6-7 udalerri.
Saharauien gizartea arabiar munduko aurreratuenetakoa da sexu berdintasunari dagokionez, haurren %100ek hezkuntza jasotzen du. Osasuna ere bermatua dute nazioarteko laguntzari esker, baina kanpamenduetan ez da ia ezer ekoizten, dena kanpotik ekarri behar zaie errefuxiatuei: oinarrizko elikagaiak, ACNURek eta gobernuek ezezik, Europako GKEek antolatutako karabanek eramaten diete.
Ikas-materialaren falta nabaria dago kanpamenduetan, horregatik elkartasun ekimenak antolatu izan dira Euskal Herritik. Lekeitioko gazte batzuek duela bi urte ludoteka antolatu zuten kanpamendu batean. Iaz, “Ikasle bat, adreilu bat” kanpainia egin zuten guraso elkarte batean, Dakhla kanpamenduan eskola bat eraikitzeko xedez. Ander Deunako ikasle sopeloztarrek prestatu dute azken ekimena: ikasketa bidaian leku turistiko batera joan beharrean, basamortura joatea erabaki dute, errefuxiatuen kanpamenduak bertatik bertara ezagutzeko xedez. Bueltatzen direnean zer nolako esperientzia izan den kontatuko digute.
Bertan kokatzeko baliagarria izango zaie saharauien museo birtuala, Gironako unibertsitate baten laguntzaz sortutakoa eta benetakoaren informazio bera duena. Hassaniya apur bat ikastea ere ez zaie gaizki etorriko. Horretarako, sarean dauden oinarrizko hiztegi batzuk erabil daitezke.
Gurean dauden saharauien aldeko elkarte batzuek ere badute sarean webgunerik, Getxoko, Leioako eta Gorlizko elkarteak kasu. Eta Interneten ere, eMule bezalako truke sareen bidez, Saharari buruzko dokumentalak eskura daitezke. Beste hizkuntza batzuetan eta gai ezberdinak jorratzen dituzten beste hainbat lotura daude.
Abuztuak 1, 2004