Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2004 » Uztaila

Uztaila, 2004 hilabeteko artxiboa

Gurean ere netiketa, mesedez

Askotan aipatu izan dut sareko komunikazioan netiketa erabiltzearen beharra. Baina jendeak ez du oraindik ikasi ganorazko neurriak aplikatzen eta hori da, azken finean spam-a eta birusak gure artean hain ugariak izatearen arrazoia eta e-postak komunikatzeko tresna moduan balioa galtzearena. Horren erakusgarri, gure irratian egunero jasotzen ditugun e-posta bidezko oharrak daude, azken aldion gehiena birusak izan arren. Atzo heldutako mezuen artean soilik adibideak aipatzearren…

Besteak beste, Jabier Muguruzak, Bihotzean auzo elkarteak, Erromoko gaztetxekoek, UEUk eta Nemonica prentsa gabineteak bidalitako mezuak zeuden. Horietan guztietan euren banaketa zerrenda osoko helbide guztiak agerian zeuden CC. eremuan, Bcc (edo Ccc) hirugarren eremuan egon behar zirenean.

Horietarik batzuek (askok) ez dute ezer mezuan adierazten, atxekita doan .doc dokumentua zabaldu behar duzu zer jakinarazi nahi dizuten jakiteko. Beste batek hainbat laguni bidaltzen digu 2MBko irrati kuña bat mp3 formatoan (eskerrak trinkotua dagoen), artxiboa webgunean eskegi eta beronen lotura eman beharrean.

Baina herri honetan ez zaigu gustatzen kritikak jasotzea. Norberak gauzak nola egin behar ez diren esaten dienean -politesse guztiarekin esan ere- gaizki hartzen dute askok. “Gida baimena” eskatu beharko luke administrazio batek siliziozko tresnak erabili ahal izateko? Jaurlaritzak eta ESIk ematen dutena ez dadila izan, mesedez, azterketa negargarri hori ere ez diot inori eginarazi nahi. Baina arduragabeen erruagatik ez dut nire posta helbideak kakaztuta ikusi nahi… Zein da irtenbidea?

4 iruzkin Uztailak 31, 2004

P2P sareak aktibismorako

irudi batBideoak (normalki film komertzialak) eta bestelako artxiboak trukatzeko erabiltzen diren truke sareak bestelako dokumental alternatiboak eta albiste zentsuratuak ere banatzeko erabil daitezke. Horretan hasi dira ekintzaile batzuk. CNNk zentsuratutako albisteak, Medem-en Euskal Pilota, Michael Mooreren Fahrenheit 9/11 eta beste hainbat film sarean eskura daitezke dagoeneko, eDonkey/eMule edo Bittorrent bezalako sareen bidez. Beste batzuk KaZaA, Limewire (Gnutella) eta Soulseek erabiltzen ari dira AEBetako gobernuak Iraken izan duen jokabidea agerian uzten duten dokumentu ofizial batzuk banatzeko.

Bideoak oso tresna indartsua dira, telebista den bezala, proselitismo politikorako. Izan ere, bideo erreportaia batek milaka idatzik baino ahalmen handiagoa izan dezake ideia batzuk edo salaketa bat komunikatzeko. Baina bideoa bera sortzeko zailtasunez gain, banaketarako ezintasuna izan ohi da diskurtso alternatiboak izaten duen bigarren oztopoa. Hedapenaren kontu hau konponduta dago P2P sareak egoki erabiliz gero, webguneekin konbinatuta, gure film eta bideo dokumentuak libreki eta muga fisikorik gabe banatzeko sekulako tresna baitira truke sareak.

Indymediari lotutako batzuek ondo ulertu dute kontu hau eta indypeer.org sortu dute, bideo politikoak biltzen dituen webgunea edo, hobeto esan, euren aurkibidea, bideoak eDonkey/eMule sarean baitaude. Programa horien bidez nork bere ordenagailuan duen film bat besteek har dezaten ahalbidetzen du. Horregatik kolektibo alternatibo batek eginiko bideoa edo Al Jazeeratik hartutako albiste interesgarri bat partekatu dezakegu. AEBetan, esaterako, Iraken amerikar soldaduei gertatutakoak izkutatzen ari dira kate handietan. Bada, indypeer.org horretan horrelako irudi zentsuratuak aurki daitezke eta beste asko, gaiaren, hizkuntzaren eta artxibo motaren arabera sailkatuta. Filmerako lotura aurkituko dugu, ed2k lotura, ondoren eMule programan itsatsi beharrekoa. Oso antzeko helburuarekin sortu dute v2v.cc webgunea, antifaszismoa, arrazakeria, ekologia, gerra eta horrelako atalak dituena.

Oso erabilgarriak dira truke sareak eta edonork erabil ditzake bere bideoak zabaltzeko. Adibidez, Saharako gatazka ongi eta irudiz horniturik azaltzen duen erreportaia sorta jaso zuen VHS zinta batean euskal internauta batek eta beste batzuekin elkarbanatu nahi zuen aurkikuntza. Bada, modurik artezena DivX formatora pasatzea zen eta eMule programaren bidez besteen esku jartzea. Horrela egin zuen eta horregatik orain sarean dago eskuragarri Sahara Occidental, la guerra olvidada, DVD batetik ateratako Sahara Marathon filma bezalaxe (ed2k lotura). Askoz adibide gehiago jar daitezke, aspaldiko dokumental edo erreportaia asko, P2P truke sareak agertu arte hedatzeko beste biderik ez zeukaten produkzioenak.

Baina adibiderik berrienak Michael Mooreren filmak ditugu, bere arerioek ere animatu baitute jendea deskargak saretik egitera. Zine aretoetako diru irabaziak kendu nahian mezua zabaltzen lagundu dute amerikar errepublikarrek, ekintzaileen azken helburua dela kontutan hartu gabe. Izan ere, aintzinako lee, comenta y difunde gaztelaniazko leloaren egungo bertsioa dira dokumental hauek, baina egungo ikus-entzunezkoen kultura digitalera egokituz, sarearen bidezko bideoak zabaltzen dira, vietnamdarrarekin eginiko panfletoak barik.

Filmak DVD formatotik DivX edo XviD formatoetara pasatzea askoz errazagoa da, dagoeneko digitalizatuta baitaude eta programa batzuen bidez zehazten dira bihurketarako parametroak, hala nola, sortuko dugun bideo trinkotuak nolako kalitatea eta neurria edukitzea nahi dugun eta zenbat zatitan banatuko dugun, film luzea baldin bada. VHS bideo zinta analogiko batetik hartzeak, berriz, lan handiagoa eskatzen du, lehendabizi digitalizatu behar baita bideo zein audio seinaleak harrapatzeko txarteletatik sartuz. Ordu gehiago emango ditugu digitalizazio lana eginez, baina DVD arrunt bat trinkotzeak ere denbora dexente kenduko digu.

Hala ere, truke sareek bideoak ezezik bestelako dokumentuak ere trukatzeko aukera ematen dute: audio artxiboak, irudiak edo testuak. Ekimen interesgarria jarri du abian outragedmoderates.org webguneak, AEBetako 591 dokumentu sarean banatuz. Besteak beste, Abu Ghraib-eko gartzelan eginiko torturak eta Irak indarrez hartu aurretik gobernuak zer nolako informazioa zeukan ikertu duen senatuko batzordearen txostenak. Denak dokumentu publikoak dira, gobernuaren webguneetan aurkitzeko eta banaka jaisteko zailak direnak, baina denak karpeta batean eta trinkotuta askoz eskuragarriagoak dira, KaZaA, Limewire eta Soulseek sareetatik zuzenean eskura daitezke. Ekimen interesgarria da, gakoa informazioa ahalik eta eskuragarrien jartzea baita.

Truke sareak osatzeko agertu den azken programa BitTorrent dugu. Jende askoren ahotan dabil programa hau, eMuleren ondoan arinagoa ei delako. Hura bezala, fitxategi bat jaisten ari garela dagoeneko jaitsi diren zatiak har ditzakete beste internautek gure makinatik, jatorrizko fitxategia duen makina libreago utziz.

EGUNERAKETA: Norbaitek Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua eMule truke sareetan ezarri du .zip batean trinkoturik. Hau da ed2k lotura.

Euskal Jai Weblog-a
Iruñeko Euskal Jai gaztetxea arriskuan dago, udalak gazteak bertatik ateratzeko mugimenduak egiten ari baita azken asteotan. Horren aurkako protestak koordinatzeko eta gaztetxearen inguruko jakingarri guztiak eskaintzeko webgunea osatu dute bertakoek. Weblog-a da, jendeak albisteak eta iruzkinak idatz ditzake bertan eta azken-azken orduko albisteak haren bidez zabaltzen ari dira. Aintzina Euskal Jai pilotalekua izan zen gaztetxearen erakikina eta bere 95 urteko historia ere ezagutzeko aukera dago webgunean. Gogoratu behar da iragan urteko urrian Hackmeeting-a bertan egin zutela arrakasta handia lortuz eta, hortaz, normala da Interneten gaztetxeaen defentsa izaten ari den isla.

Publizitate blog-a
Publizitatearen inguruan euskaraz jarduteko bitakora ezarri du ziberespazioan Iñigo Fernandez Ostolaza internauta eta publizista euskaldunak. Euskararen egoera publizitate munduan, euskarazko publizitatea, itzulpenak publizitatean eta terminologia kontuak aztertzen ditu bertan, adibideak emanez. Publizitate munduan euskaraz lan egiten dutenentzat eta ikasleentzat interesgarria.

Kazetaritza kongresua
Euskarazko Kazetaritzaren egoera aztertuko duen Kongresuak webgunea eskegi du sarean, helbidean. Kongresua azaroaren 9tik 12ra bitartean izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian. Besteak beste, Internet eta bitakorak mintzagai izango dira bertan, Luis Fernandezek aurkeztuko duen Bitarketaritzarik gabeko kazetaritza hitzaldiaren bidez.

Iruzkina gehitu Uztailak 28, 2004

Usteltze digitalaren mehatxua

irudi batEgun digitalizatzea da joera, testuak, artea… Jakintza oro datu bihurtu, eskaneatu, digitalizatu behar ditugu gal ez daitezen, informazio hori aldaezin, urraezin bihurtzeko. Zeroak eta batak erabateko konponbidea bailiran aurkezten zaigu digitalizazioa… Baina nork bermatzen digu egun euskarri digitalean daukaguna 50 urte barru irakurgarria izango dela?

Bruce Sterling idazleak Digital decay edo usteltze digitala goiburuarekin bataiatu duena fenomeno garrantzitsua da. Izan ere, bizi gaituen informazioaren gizarte honetan inoiz baino neurri handiagoan daukagun horixe –informazioa– artxibatu beharreko ondare handia da, gero eta handiagoa.

Digitalizazioa ei da irtenbidea, aurreko ondarea gordetzeko ere modurik onena dela argi daukagu. Gainera, digitalizatutako testuen kasuan, moldagarriak dira, kopiatu, pegatu eta aldatu daitezke testu zatiak nahierara. Baina egun dena digitalizatzen da: telebista, arkitektura, diseinua… Egungo sorkuntza ordenagailuetan gordetzen da.

Baina informazio digitala ez dago desagertzetik libre. Areago, bere ustelkortasuna paperezko testu batena baino agerikoagoa izan daiteke oso urte gutxiren buruan. Materiagabea zaintzea eta ganoraz artxibatzea da gure gizarteak duen teknologia eta kultura erronka nagusia.

Gure ondorengoei utziko diegun ondare hori zein formatotan dagoen begiratu behar dugu eta iragan hurbila gogoratuz etorkizuna nolakoa izan daitekeen asma dezakegu. Duela urte gutxi lehendabiziko ordenagailuek zulatutako papera erabiltzen zuten informazioa gordetzeko, baina egun formato hartan gordetako ezer irakurtzeko gai den makinarik nekez aurkituko dugu, are zailagoa izango zaigu egungo ordenagailuetara pasatzeko modua aurkitzea.

Urte hauetan informazioa gordetzeko beste hainbat modu aurkitu ditugu, oso denbora gutxian galdu direnak: zaratak grabatutako musika cassette arruntak, 5,5 hazbeteko floppy-ak, ondoren 3,5ko disketeak, CDak, DVDak eta flash memoriak azkenik. Kilobyte batzuk hartzen zuten hasieran eta egun ehunka Gigabyte gordetzeko ahalmena dute PCetarako azken disko gogorrek. Fisikoki ere iraungikorrak dira egungo euskarriak, DVDak kasu, ehunka urtera hel daitekeen paperezko liburu bat baino gehiago.

Baina neurria eta euskarri fisikoa ez dira akaso faktorerik inportanteena, formatoa baino. Duela urte batzuk Windows-ik ez zuen PC hartan idazten nituen testuak WordPerfect programa erabiliz eta egun, artxibo haiek disketeetan gordeta eduki arren, nire egungo Mac OSean edo Windows XPan zabaltzeko lanak izango nituzke. Hasteko, egungo ordenagailu askok jada ez daukatelako 3,5 hazbeteko disketerarik eta, gainera, formatoak bihurtzeko programak ez dira guztiz fidagarriak, gehienetan ez baitute jatorrizko artxiboa ondo ulertzen.

Orain, ikus dezagun zer nolako ondarea ari garen gure ondorengoei uzten: mpeg, jpeg, RealMedia, Power Point, Flash, HTML, Word, DivX, Excel, AutoCAD eta beste ehunka formatotan gordetako artxiboak, hemendik gutxira iraungita egongo direnak eta irakurgaitzak izan daitezkeenak. Egun Microsoft Windows-en nagusitasuna munduko gauzarik naturalena iruditzen zaie askori, baina 20 urte barru agian software librean oinarritutako sistema bat izango da nagusi eta zaharrenok bakarrik gogoratuko ditugu Word, Explorer eta horrelako programak. Sistema eragileak eta programak ez dira beste batzuekin bateragarriak, ezta sistema beraren aurreko bertsioekin ere. Gainera, ordenagailuak berak laster atzeratuta geratzen dira. Industriak berak gure lana suntsitzera edo laster irakurgaitza izango den euskarri batean gordetzera bultzatzen gaitu.

Zerbait gehiago dago, artxibatzea ez baita gordetze hutsa eta ez da neurri edo formato kontu hutsa ere. Artxibatzea gizakion ekintza da, aukeratzea eta sailkatzea eskatzen duena eta hori ordenagailuek ez dute oraindik ondo egiten, geuk egin behar dugu gure dokumentuekin eta horrek dirua eta denbora eskatzen du. Ganoraz osatutako artxiboak soilik izango dira erabilgarriak. Egun kantitatea hobesten da baina inork ez daki zer nolako neurria hartuko duten artxiboek hemendik gutxira eta informazioa nola aurkitu ahal izango dugun, bilaketa tresna aurreratuak eduki arren.

Webguneen galkortasuna
Zer materiagabearen galkortasunaren garrantzia argiro islatzen da webguneetan. Asko dira saretik betirako desagertu diren webguneak eta hemen kasuistika anitza dago. Batzuk ostatu birtuala ematen zion zerbitzaria desagertuta, betirako galdu ziren, gurean Eusnet zerbitzariaren kasua aipa daiteke, bere baitan hainbat webgune hartzen zituena.

Beste batzuk, kontratua amaitu zelako, ez zuelako ordaindu edo beste arrazoiren bategatik desagertu ziren eta, gainera, segurtasun kopiarik ez zeukan egilearen ordenagailua hondatu zen. Webmasterrak pasahitza galdu zuen.

Webgune askok, aitzitik, urteak daramatzate eguneratu gabe, ziberespazioan fosil digital bihurtuta. Baina horiek ere egunen batean desagertuko dira, sarea bere azala tarteka eraberritzen duen izaki biziduna baita.

Egilea hil ostean, batek daki noiz arte, sarean geratu diren webguneak ere badira, Bixente Iriartek edo Larry Trask-ek eginikoak aipa daitezke. Egun batean zerbitzaritik desagertuz gero, inork beste nonbait gorde ezik, webgune horiek, euren informazioa, irudiak eta diseinua betirako galduko dira.

LABURRAK

Denbora gehiago sarean
EAEko herritarrek denbora zertan ematen duten Eustatek eginiko azken inkestaren arabera, herritar bakoitzak, bataz beste, zazpi minutu ematen ditu sarean nabigatzen egunero, gero eta denbora gehiago. Gizonezkoek emakumezkoek baino hiru aldiz gehiago erabiltzen dute Internet. Hala ere, gizarte harremanetarako gero eta denbora gutxiago erabiltzen dute herritarrek, baita telebista ikusteko edo irakurtzeko ere. Otorduek, lan egiteak edo lanera joateak, berriz, lehen baino denbora gehiago kentzen digute.

Kaixoren euskaltegia
Kaixo atariak euskaltegi telematikoa ezarri du sarean, internautek doan euskara ikasi ahal izan dezaten. Bereziki diasporarentzat prestatu du Kaixok, HABEren eta Udalbiltzaren laguntzaz. Frantsesa, gaztelania edo ingelesa ama hizkuntzatzat daukatenek hizkuntza horietan laguntza izango dute. Irudi eta soinuak erabiliz ikasi ahal izango dute ikasleek eta ikasitakoa erakusteko probak ere egiteko aukera izango dute. Besteak beste, hiztegia, esamoldeak, gramatika eta berriketa egiteko aukera dago 936 ikaslek izena eman duten teleeuskaltegi honetan.

Euskal Encounter BECen
Bihar hasita eta igandera arte informatikazaleen urteroko topaketaren 12. edizioa izango da Barakaldoko BEC erakustazoka berrian. Lehenago Euskal Party zenak gero eta jende gehiago hartzen du eta aurten inoizko lekurik handienean izango da, Bizkaia Arena aretoan. Hitzaldiak, jokoen eta programazioen erakustaldiak, software librea, sareak, software librea, Linux, Gnome eta beste hainbat gai interesgarri jorratuko dituzte aurtengo party-an, bakoitzak bere ordenagailua eta bere jakintza bertara eramanda.

4 iruzkin Uztailak 21, 2004

Haririk gabeko etorkizuna

irudi batOrdenagailuak Internetera konektatzeko eta sare txikiak osatzeko haririk gabeko komunikazioa gero eta hedatuagoa dago. Hasieran kableak ezarri beharraren lanak kentzeko pentsatu zen arren, irrati uhinak norberaren etxetik urrunxeago heltzen dira. Ez askoz gehiago, emititzen duten potentzia legez mugatuta baitago miliwatt gutxi batzutara, beste komunikazio batzuetan eta gure osasunean eraginik izan ez dezan. Baina edozein etxetan ezar daitekeen sarbide puntuak ehunka metroko irismena du, auzo etxeetara heltzeko beste. Etxebizitzako eremu fisikoa gainditze horrek ekarri du Wi-Fi teknologiaren erabilera soziala.

Teknologia merke eta eskuragarri honi esker ez da kablerik jarri behar eta oso abiadura handiak lortzen dira komunikazioan. Haririk gabe den guztia da wireless, baina gure artean Wi-Fi izenaz ezaguna denakomunikazio estandarren inguruko teknologia da. Protokolo honek gehienez 11 Mbps-eko abiadura lortzen du, ADSL arrunt batena baino dexente gehiago, eta bere ondorengo 802.11g protokoloa 45 Mbps-era heltzen da baldintzarik onenetan.

Printzipioz nork bere konexioa haririk gabe egiteko sortu da Wi-Fi teknologia. Enpresa edo etxe bateko gela ezberdinetan dauden ordenagailuak konektatzeko erabiltzen da, kableen bidez egiten diren LAN edo sare txiki horietako baten modukoa egiteko. Normalki sare hori Router baten bidez Internetera konektaturik egongo da, demagun 256 Kbps-eko ADSL arrunt baten bidez, eta Wi-Fi instalazioa egiteko AP edo sarbide puntua deritzon aparailua konektatu behar diogu LAN horri. Bestalde, gure ordenagailua irrati uhinen bidez komunika dadin wireless aparailua erantsi behar diogu. Eramangarrietan txartel bat izan ohi da baina badira mahaigainekoak ere. Aparailu hori AP edo sarbide puntuarekin komunikatuko da, kablea ordezkatuz. Sarbide puntua 90 euro inguru kostatuko zaigu eta ordenagailuari erantseko txartela 30 bat euroan aurki dezakegu.

Baldintzarik onenetan seinalea hobeto heltzen da eta abiadurarik onena lortzen da, baina ohikoagoa da ordenagailuaren eta sarbide puntuaren artean hormak edo distantzia luzeagoak egotea. Hala ere, kokapen finko bi lotzeko antena direkzionalak erabili ohi dira, seinalea norabide batean soilik bideratzen dutenak, eta horien bidez distantzia harrigarrietara lortzen dira konexioak. Hala, Kanariar uharteetan 70,5 kilometroko tartea lortu zuten 2002an eta, ondoren, distantzia luzeagoak lortu dira baina seinalea emendatuz. Legeak Europan ezarritako 100 mW-eko mugak gaindituz gero, aise lortuko dugu komunikazioa urrunago helaraztea (potentzia Watt batera igoz gero).

Etxe eta lantokietan ezartzen diren aparatuek 100 mW-eko indarra ez dute gainditzen, baina antena omindirekzionalak dituzte eta oztopo ugari tartean. Hala ere, sarbide puntu ugari konektatuz gero, gune zabal bat estal dezakegu. Ordenagailudun jende asko ibiltzen den gune publikoak horrelako zerbitzuekin hornitzea oso probesgarria da. Gurean Donostiako informatika fakultatea aitzindarietakoa izan zen, baina aireportuak eta tren geltokiak ere aproposak dira horrelako ezarpenak egiteko. Telekomunikazio enpresak ere, 802.11b estandarreko konexioak emateko inolako lizentzia berezirik behar ez dutenez, haririk gabeko konexioa hasi dira gehitzen euren ADSL eta enparauen eskaintzari. Kontratuak zehazten du beti zerbitzua ezin zaiori hirugarren bati saldu edo ezin dela erabili etxebizitza edo lantokiko eremu fisikotik at.

Baina leku publikoak wireless konexioz hornitzea interesgarria dela ikusi du Eusko Jaurlaritzak ere eta bere SPRI erakundearen bidez dirulaguntzak ematen hasi da EAEn honelako lekuetan Wi-Fi sareak ipintzeko. Dagoeneko ia 100 lekutan ezarritako haririk gabeko sistemek jaso dute Konekta Zaitez Wi-Fi programaren dirulaguntza. Ostalaritza enpresak, erakustazokak, parke teknologikoak, tren edo metro geltokiak eta horrelako lekuak izan behar dira, printzipioz, ordenagailu eramangarriekin edo PDA aparailuekin lan egiteko moduko itxarongelak edo antzeko lekuak dituztenak. Ikastegiak, hotelak, Algortako kirol portua eta Sopelako hondartzak dira, besteak beste, SPRIren dirulaguntza jaso duten instalazioak.

Komunitate libreak ere badira
Konexioa elkarbanatzeko aukerak bultzatuta sortu ziren lehendabiziko wireless komunitate libreak AEBetan, eta laster hedatu dira giro teknofiloetan gurean ere. Baina hauek Internetera sartzea ez dute helburu nagusi, herritar sare paraleloak sortzea baino. Hala ere, nodoren batek Interneterako sarbidea badu, sare horietara konektatuz gero aukera hori ere izango dugu.

Normalki endredatzea gustoko duten informatikariak edo hackerrak dira honelako sareak egiten dituztenak. Askotan GNU eta software libreari lotutako zirkuluetako jendea dira, honelako sareak programatzeko onena baita Linux sistema eta oso moldagarria delako. Esaterako, material gutxirekin eta tupperware batzuk erabiliz Linux-en funtzionatuko duen sarrera puntua egin dezakegu; antena on bat egiteko, berriz, Pringles lata bat eta kable batzuk erabil daitezke.

Gauza horiek guztiak komunitate horietako webguneetan ikas ditzakegu. Eurekin harremanetan sartzeko balio dute webgune horiek, sare horietako sarbide puntuak non dauden ikusteko eta geurea sortzeko informazioa eta laguntza topatuko dugu bertan. Azken finean, elkarbanatzearen filosofia partehartzaileak kutsatutako beste eremu bat dugu wireless teknologia. Horrelako komunitateak aurkituko dugu, besteak beste, Gasteizen, Donostian eta Bilbon.

LABURRAK

Blogger eibarnautak
Eibarko Internauten eibar.org elkartekoek webgunea berpizteko modu interesgarria topatu dute, elkartekide edo eibarnauta bakoitzari bere bitakora bertan jartzeko bidea emanez. Webgunea bera ere Zoperen gainean Coreblog izeneko softwarea erabiliz berrosatu dute. Bitakora pertsonal batzuk sortu dira jada eta hauen diseinuari itxura emateko, berriz, handik eta hemendik hartutako css estiloak erabili dituzte, tartean sarean.com-ena.

Euskal olerkiak sarean
Susa argitaletxeak basquepoetry.net webgunea ezarri du Interneten, XV. mendetik gaur arteko 200 euskal poetaren 1.100 poema biltzen dituena. Alfabetikoki eta mendeen arabera sailkatuta daude poemak, haietako zenbait beste hizkuntza batzutara itzulita.

Fahrenheit 9/11 sarean
Eztabaida ugari eta ikusmina sortu du AEBetan Michael Moore zinemagilearen azken filmak. Fahrenheit 9/11 filma sekulako dirutza ari da egiten zine aretoetan baina errepublikarrek sarean kontraerasoari ekin diote, michaelmoorehatesamerica.com edo moorewatch.com bezalako webguneak sortuz. Azken honetan BitTorrent programaren bidez filma eskuratzeko lotura jarri dute, jendeak bere filmak saretik doan eskuratzearen alde zinemagileak eginiko adierazpenak aitzaki hartuta. Ez dirudi, ordea, bere mezua zabaltzen laguntzea Mooreri aurre egiteko modurik onena denik, baina nork esan digu benetako filma deskargatuko dugunik? Agian bai, baina horrek emango digu errepublikarren inteligentziaren neurria. Adibidez, une honetan ustez La Pelota Vasca eMuletik jaisten ari diren gehienak fake edo kopia faltsua ari dira eskuratzen. Medem-en kontrakoek nahita jarritako kopia faltsu hauetan bestelako filmak egon ohi dira, pornoa gehienetan.

Iruzkin 1 Uztailak 14, 2004

eBay indartsuaren enkantua

irudi batEnkanteak Interneten egiten dituen enpresa aitzindaria dugu eBay, 1995an sortua, puntucom enpresen eztandatik bizirik irtendako bakanetarikoa. Are gehiago, eBay irabaziak dituztenen artean dago eta aurten Wired aldizkariak atera ohi duen Interneteko 40 enpresen sailkapenean 5. lekuan ageri da. Bere zerbitzuak sekula erabili ez ditugunoi zaila egiten zaigu arrakasta hori ulertzea, baina horrela dela berresten dute zenbakiek.

Abian jarri zenetik 2.250 milioi artikulu saldu izan dira webgune honen bidez. Aurtengo lehenengo hiruhilekoan 325 milioi gauza eskaini ziren bertan, gehienak enkantean eskaintzen dira, egun artikuluen %28 salneurri finkoan saltzen diren arren. Egunero 700 milioi bisita inguru izan ohi ditu eBayren webguneak eta 21 milioi artikulu inguru izaten dira salgai, arloka sailkatuak. Zazpi hizkuntzatan dagoen webgune honetako produktuak mundu osoan saltzen dira eta enkantean Auckland-eko batekin lehia daiteke Amoroko erosle bat Patagoniako beste internauta batek eskaintzen duen benetako kamikaze jantzi batengatik.

Ekaineko zenbakian Wired aldizkari ospetsuak 40 Companies driving the global economy sailkapena argitaratu zuen, urtero egiten duen enpresa digital interesgarri eta boteretsuen sailkapena. Bertan eBay 5. lekuan ageri zen: “fenomeno kultural bilakatutako enkante gunea baino, eBay ekonomia bat da berez. Aurten 30.000 milioi dolarreko balioa duten gauzak salduko dira haren bidez. Honek eBay munduko 81. ekonomia bihurtuko du, Kuwait edo El Salvador-en aurretik. Atal jakin bat, autoak saltzen dituen eBay Motors, enpresan diru gehien mugiarazten duena da, 7.500 milioi dolar iaz. Aurtengo lehenengo hiruhilekoan 628 milioi euro fakturatu ditu, iazko tarte berean baino %59 gehiago. Orotara, mundu osoan 105 milioi erabiltzaile erregistratuta dituen zerbitzu honetan 2.500 milioi euroko irabazi gordinak izatea espero dute aurten, iaz aurreikusia zegoena baino dexente gehiago.

Mundu osoan hedatua dago eBay eta tokian tokiko bertsioak ditu, tartean Frantziakoa eta Espainiakoa. Normalean tokian tokiko herrialdea adierazten duen domeinuarekin aurkituko dugu, Frantziako ebay.fr kasu, baina Espainiako kasuan ezin izan du ebay.es erabili, dagoeneko domeinu hori hartua baizuen kremailerak egiten dituen Igorreko enpresa txiki batek.

Hala ere, bada eBayren dizdira iluntzen duen itzalik. Iruzurrena oso arazo garrantzitsua da eta oso sarri gertatzen da, eBayk ez baitu bezeroak babesteko ganorazko neurririk hartzen. Berriki, Randall Stross-ek New York Times-en idatzitako artikuluan argudiatzen zuen eBayk asko daukala ikasteko 1900. urtean katalogo bidez saltzen zuen Sears enpresatik. Bezeroaren atsegina zen Sears-en helburua eta horregatik hartzen zuen bere gain itzulketaren kostua, erositakoa gustatu ezik. Aldiz, bere burua bitartekari huts moduan aurkezten duen eBayk ez du ardurarik hartuko arazorik egonez gero. Aurrerakuntza ederra! Askotan entzuten da saltzaileak erosleari hitzartutakoa bidali ez diola eta, batez ere beste herrialde batean egonez gero, oso nekeza da salaketa eta abokatu kontuetan sartzea. Beraz, bi bider pentsatu beharko dugu gauza bat erosi aurretik, batez ere balio gutxikoa ez bada.

Patenteen aurka
Iragan ekainaren 5ean Bilboko erdiguneko zenbait lekutan ohar bitxiak agertu ziren, kaleko semaforoak eta bidegurutzeak patentatuz, telefono kabinak eta kalean erabili ohi diren zenbait tresna sinbolikoki patentatuz aktibista ezezagun batzuek gure bizitzan ohikoak diren zenbait gauza patentatzearen absurdoa utzi nahi zuten agerian, softwarea patentatzeak beronen garapenerako dakarren galga salatzeko. Euren burua enpresari gazte moduan azalduz eta “Europako Kontseiluak onartu berri duen lege proiektuaz jakitun”, euren enpresa proiektua abian jarri dute sinbolikoki gauza horiek patentatuz. Euren adierazpenen arabera, gazte horiek “ez dute abokatuengana jotzeko aukera baztertzen, herritarrei erregistratu berri dituzten patente horien erabileragatik ordainarazteko”.

Ekintzaren ostean Indymedia EHn jarri zuten agirian azaldu zituzten euren ekintzaren arrazoiak eta euren Europatentes webgunerako lotura jarri zuten. Bertan, Microsoft-en webgunearen parodia egiten duen bertsio itxuraldatua aurkituko dugu. Gogorarazi beharra dago berriki Microsoftek klik bikoitza patentatu duela eta hori ez da txantxa bat. Oraclek ere, blog edo bitakorak patentatu dituela dio eta horrelako jarreren beste hainbat adibide daude Europatentes webgunean. SGAE ere badago euren arerioen artean, besteak beste, tabernetako jabeei musika ipintzeagatik ordainarazi nahi izateagatik. Patentes actuales atalean dagoeneko taldekideek patentatu dituzten gauzak ageri dira, baina gogoratu behar dugu erabili nahi izanez gero ordaindu beharko diegula.

Softwarearen gaineko patenteen aurkako mugimendua hazten ari da munduan eta horren erakusle da fightthepatent.com, patenteak direla eta bere proiektua beste enpresa baten salaketak geldiarazi zuen enpresari baten protesta webgunea.

LABURRAK

Albisteak euskaraz
Teknologiari buruzko online albistegia aurkitu dugu sarean. Zoperen gainean egindago Tknika webgunean euskarazko albisteak biltzen dituzte. Eusko Jaurlaritzak sustatutako Lanbide Heziketaren berriztapenerako zentroa dugu Tknika, lanbide heziketan gauzatzeko xedez, azken joeren eta aurkikuntzen atzetik dabilena. Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) garapena, berrikuntza kudeaketan, prestakuntzaren kudeaketa edo teleikasketen aplikazioa dira Errenterian dagoen ikerketa gune honen jarduera nagusiak. Albistegian Interneten sortutako berriak agertzen dira, batez ere hezkuntza, zientzia eta teknologia hizpide dutenak.

Soft librea eskuratzeko
Windowserako dagoen software librea bildu eta saretik eskura daitekeen CD batean jartzen du aldiro Valentziako Bartolome Sintes irakasleak CDlibre webgunean. Unibertsitateko zerbitzarietan jartzen ditu CD horien .iso artxiboak eta Internautek horiek jaitsi behar dituzte euren ordenagailuetara, ostean CDra pasatzeko. Horretarako ezinbestekoa da CD grabagailua eta banda zabaleko konexioa edukitzea, artxibook 600 Megabyte ingurukoak direlako. Diskoen edukia hilabetero berrizten du Sintesek, OpenOffice.org, XnView, Mozilla, Thunderbird, Firefox, Apache, Gaim eta beste programa askoren azken bertsioak gehituz.

Euskal filoblogia
Euskararen eta hizkuntzalaritzaren inguruko blog berria sortu da, Filoblogia izenburukoa. EHUko Ricardo Gomez euskal filologia irakasleak ezarri du sarean Blogspot doako zerbitzua erabiliz. Bitakora hau, ikasleentzat eta adituentzat ezezik, filologia adituak ez direnentzat ere erakargarria izan daitekeela uste du egileak.

Iruzkina gehitu Uztailak 7, 2004

Gozatuz sarean ikasteko

Azterketen aroa igaro da, gehienentzat bederen, baina oraindik ikasi behar duenarentzat edo, besterik gabe, ikasten gozatzea gustoko duenarentzat hainbat baliabide daude Interneten esku-eskura.

Klaseko kontu gutxi daude euskaraz sarean, horien artean, El racó del Clic izeneko webgunean haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako haur eta gaztetxoentzat ordenagailu bidezko 132 jarduera didaktiko eskura daitezke, guztiak euskaraz. Erabili.com albistegian irakurri dugunez, Matematika, Gizarte Zientziak, Musika, hizkuntzak, euskal aditza, Euskal Herriko inauteriak edota Eguzki sistema ordenagailu bidez lantzeko aukera ematen du, baina webguneko hizkuntzen aukeran ez da euskara agertzen. Lehenengo, webgune hartan dagoen programa bat instalatu behar dugu Windowsdun PC batean, informazio eta aurkezpen interaktiboak ikuskatu ahal izateko.

Baina dena ez da ikastolan eskatzen den moduko jakintza eta batzuetan zientziaren dibulgazioak beste gai batzuk jorratzen ditu. Esaterako, zernola.net ataria bisitatuz gero konturik bitxienak azalduko dizkigute bertan. Jolastuz ikasi atalean etxean egin daitezkeen zientzia esperimentuak proposatuko dizkigu: tipula baten DNA ikuskatzea, osmosia, uraren hidrogenoa eta oxigenoa bereiztea… Naturaren kontu bitxiak, asmakizunak eta jokoak ere badira atal honetan. Nola funtzionatzen du? atalean autoetako teleagintearen funtsa, su artifizialena edo barra-kodeena azalduko dizkigu. Horiez gain, berri laburrak, galderen txokoa eta alegiak aurkituko ditugu Zernola.net horretan.

Gai serioagoetan murgiltzen diren informazioak erakutsiko dizkigu zientzia.net aldizkari digitalak. Zernola bezalaxe Elhuyar Fundazioak sortua da zientzia.net baina irakurlego helduago batentzat da eta euskaraz gain ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz ere baditu informazioak. Albisteak, gai baten inguruko txostenak, agenda eta saretik eskuratutako berriak irakurri ahal izango ditugu.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak etengabeko ikaskuntzarako hiru.com ataria sortu du, herritarrei hezkuntza-edukiak eskaintzen dizkiena. Software libreko Zope plataformaren gainean eraiki da. Ez dago gazteentzako bakarrik egina, helduek ere ikas dezaten baizik. Besteak beste, atari honen bidez aurki hizkuntzak irakatsi ahal izatea espero du Jaurlaritzak. Bertan, edozelako gaiak topatuko ditugu: fisika, literatura, historia, euskara, teknologia berriak… Betiere modu eskuragarri batean jorratutako gaiak dira. Bertako eduki guztietarako sarbidea izateko soilik gure e-posta helbidea eman behar dugu eta eurek bidaliko digute sarbidea emango digun pasahitza.

Baina zientzia era atseginean ikasteko aukera franko izango ditugu Miramongo Zientziaren Kutxagunearen webgunean. Esperimentu errazak proposatzen dizkigute bertan, museoaren bisita birtuala, planetarioa eta astronomiaren inguruko kontuak aurkituko ditugu bertan. Esperimentalia izeneko atalean naturaren hainbat fenomeno azaltzen duten esperimentu gehiago aurkituko ditugu, zernola.net-en daudenen antzekoak: giza-ikusmenaren mekanismoa, akzioa-erreakzioa, mekanika eta beste hainbat kontu azalduko dizkigute animazioen bidez.

Esperimentu gehiago aurkituko ditugu erdaraz La celda de Bernard webgunean, denak etxean egiteko modukoak.

Alex Fernandez Muerza kazetari euskaldun bilbotarrak koordinatzen duen Divulcat sareko aldizkarian zientzia gaiak jorratzen dira oso modu erakargarrian. Berari lotuta dago 100cia.com aldizkaria eta bertan aurkituko ditugun artikuluak eta albisteak oso interesgarriak dira, arratoi edo arrain mota berriak aurkitu dituztela, Vazquez Figueroa idazleak itsasoko ura hartu eta gatza kentzeko sistema naturala aurkitu duela… Horrelako gaiak jorratzen ditu ere Portal del Medio Ambiente webguneak, ikuspuntu ekologistatik.

Iruzkina gehitu Uztailak 1, 2004


sarean.com

Calendar

Uztaila 2004
A A A O O L I
« Eka   Abu »
 1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak