Ekaina, 2004 hilabeteko artxiboa
Gero eta bidaia gehiago erosten dira sarearen bidez, ez bakarrik hegaldi merkeak, edozein agentziatan aurki daitezkeen oporretarako pakete turistikoak ere sarean aurkituko ditugu. Azken egunotan sekulako eskaintza merkeak ateratzen ari dira agentziak, ia behe denboraldikoak, eskaintzen ugaritasunak eta euren arteko lehiak bultzatuta. Astebete Kanarietan edo Ibizan 300 eurotik hasita, Gambian 380 eurotan, Korsikan 290 eurotan, Maltan 400 eurotan… Viajesiberia.com, travelprice.fr, nouvelles-frontieres.fr, marsans.es, halconviajes.com edo viajeseroski.com lehia horretan sartu dira eta ondorioak onak dira erosleentzat, dudarik gabe.
Gero eta zabalduagoa dago, gainera, bidaia agentziara jo ordez oporretako bidaiak zuzenean Interneten erosteko ohitura. Bezeroek webguneetan ibiltzea eta eskaintza ezberdinak sarean ikustea maite dute, euren gogoko bidaia osatzeko. Agian gero agentzian erosiko dute bidaia, baina aurretik sarean dexente nabigatuta.
Izan ere, ordaintzearen azken urratsak oraindik beldur pixkat ematen die askori, ez baitira fidatzen sarearen bidezko salerosketen segurtasunez. Hala ere, TradeDoubler Tracker salmenta bitartekariak eginiko txosten baten arabera, oporraldi eta bidaien Interneten bidezko salmentak %141 igo dira maiatzean, iragan urteko maiatzarekin alderatuta. Goranzko joera honi eutsiz gero, laster sareko lehenengo industria bilakatuko dira bidaiak.
Agentziaren webgunean sartu orduko, normalki hasierako orrialdean agertuko zaizkigu eskaintza nagusiak eta gehiago ikuskatzeko aukera. Leku bakoitzerako aukera ezberdinak agertuko zaizkigu, hotelaren eta daten arabera. Gomendagarriena erabaki aurretik eskaintzetan atzera-aurrera ibiltzea da, konbinaketa ezberdinak probatuz. Hegaldiei dagokienez ere antzekoak izaten dira webgune guztiak: hasierako orrialdean ere bertan agertuko zaigu gure bidaiaren edo hegaldiaren datuak sartzeko aukera, edreams.es webgunean kasu. Hegaldi interesgarriak daude rumbo.es edo travelplan.es webguneetan. Eskaintzak ez dira hain merkeak izaten viajes.elcorteingles.es webgunean, baina hegaldien eskaintza onak izaten ditu eta Amadeus zerbitzuari lotutako hegaldien bilatzaile ona dauka. Beherago, eskaintzen zerrenda dago, azken ordukoa, oso aukera onekin.
Bidaia aukeratu baino lehen arretaz begiratu beharko ditugu salneurriei gehituko dizkiguten gainkostuak, askotan prezioak ez baitaude gure inguruko aireporturako jarrita, Paristik edo Madrildik abiatzen direnentzako baizik. Nahi duguna aukeratuta, gure datuak eta e-posta emateko eskatuko digute. Bertara konfirmazio mezua bidaliko digute guk baiezta dezagun eta ondoren kreditu txartelez ordaindu beharko dugu. Interneten bidez erostea ez da agentzian edo jatetxe batean txartelaz ordaintzea baino arriskutsuagoa eta gure ordenagailua birusez eta spywarez josita ez badago ez daukagu zertan beldur izan.
Interneten, gainera, nahi beste konbinaketa proba ditzakegu, bidaiaren parametroak aldatuz, gustokoena lortu arte. Bidaia agentzian ere bai, baina saltzailea gogaituko dugu eta aukera posible guztiak bururatzeko zailtasun handiagoekin.
Baina dudarik gabe eskaintzarik onenak hegaldi hutsetan aurkituko ditugu Interneten. Sarean bakarrik saltzen duten konpainien artean Ryanair eta Easyjet ditugu ezagunenak. Ryanair-ek egunero Londreserako bidaiak egiten ditu Miarritzetik, Easyjet-ek Bilbotik Londresera eta Bristolera egiten ditu hegaldiak. Hala ere, Bilbotik bestelako hegaldi merkeak egin daitezke: HLX konpainiak Alemaniako Stuttgart, Kolonia/Bonn eta Hannover ditu helburu; Volareweb italiarrak Milan eta Erroma.
Bidaia bitakora katalana
Hego-ekialdeko Asiatik eta Ozeaniatik egiten ari den bidaia kontatzen du Gonçal Perez kataluniarrak bere No Vaig Ser Erasmus bitakoran. Martxoaren 17an abiatu zen eta dagoeneko India, Nepal, eta Hong Kong bisitatu ditu, orain Filipinetan dago. Bitakoraren bidez bere pasadizu eta gorabehera guztien berri ematen du, ziberkafeetatik-eta konektatuz. Bere telefono eramangarriarekin eginiko argazkiak ere bidaltzen ditu bitakorara.
Baina bitakora hau ez da berea bakarrik, askoz ere lagun eta lankide gehiagok esku hartzen duten proiektu kolektiboa baino. Diseinu txukuna duen webgune honetan ibilbidea irudikatzen duen mapa ikus daiteke, Gonçalen egoera animikoa, fisikoa eta pisua adierazten dituen markagailua eta argazki mordoa, besteak beste. Lagunek eta bisitariek ere idazten dute bertan, bidaiaren gainean iruzkinak egiten eta, hemen interaktibitatea sartzen da, bidaiaren hurrengo urratsak denen artean erabakitzen. Adibidez, bisitatuko dituen herrialdeetan Gonçalek egin behar izango dituen proba bitxiak proposatzen dizkiote: Nepalen Katalunia-Brasil futbol partida antolatzea, Indian behi baten gainean bakearen aldeko lelo bat idaztea… Filipinetan egin beharreko proba bozkatzen ari dira orain webgunean eta aukeren artean Preysler familia topatzea edo Abu Sayaf-en gerrilariekin biltzea daude.
Irabazi asmorik gabeko ekimena da No Vaig Ser Erasmus eta, izenak berak adierazten duen legez, bidaia egiteko diruak Perezek berak jarri ditu. Hala ere, Gironako udalak webgune pertsonalik onena saritzeko deitutako lehiaketa irabazi du bitakora honek. Bere lagunek jada bannerrak, idazmahairako irudiak, abesti ofiziala eta kamisetak proposatu dituzte abentura honen propaganda egiteko eta Kataluniako hainbat komunikabidetan agertu da dagoeneko. Eguberritarako Aucklandera heldu eta etxera itzultzeko asmoa du Perezek, baina bitartean bere ibileren berri izango dugu webgunean.
LABURRAK
Blogumentalak ikusgai
Bitakoren mundua edo blogosfera bideoklip bidez aztertzen du Blogumentary webguneak. Chuck Olsenek sortua da bideobitakora moduko hau, berak grabatutako bideo elkarrizketekin. Haietako batean Jeff Jarvis adituak bitakorek Irakeko gerran izan duten rola aztertzen du, komunikabide handien erreferentzia bilakatu baitira Salam Pax eta beste bitakora batzuk. Bestalde, egungo Iraniar gizartean duten garrantzia azpimarratzen du Jarvisek.
Zurrumurruak Microsoften
Bill Gatesek aurki bere bitakora pertsonala aurkeztuko duela aurreratu du Seattle Times-ek. Sareko kontuetan berandu heltzen delako fama du gizonak, baina bere mugimenduek eragin handia izan ohi dute eta bere iritziek seguruenik irakurle asko izango dituzte. Halaber, berandu baina azkenik Hotmail zerbitzuak postontzi bakoitzaren ahalmena 250 Megabytera igoko du, Googleren eta Yahooren eskaintzei erantzunez.
Argazkiak zerutik
Kite Aereal Photography webgunean kometa batetik harturiko argazkiak ikus ditzakegu. Scott Haefnerren argazki bilduma ikusgarria dago bertan, 360 graduko panoramikez osatua eta, beste atal batean, norberak kometa bati kamara digitala itsatsita honelako argazkiak atera ahal izateko jarraibideak aurkituko ditugu.
Ekainak 30, 2004
Kazetaritza digitalari buruzko Huescako kongresuan “kazetaririk gabeko kazetaritzaren” arriskuez ohartarazten zuten. Noski, ohiko komunikabideen bertsio digitaletakoek kontrolatzen zuten kongresua. Eurek ikusten dute kazetari ez diren asko idazten eta beldur dira kazetariaren statusa urratuko ote den. Nik bitartekaririk gabeko kazetaritza dela nabarmenduko nuke, hori da ezaugarri nagusia, idazten duena kazetari izan edo ez. Kazetari tradizional batzuk kazetari Vs. blogger dikotomia faltsua ezartzen ahalegindu dira, baina kazetaria jarduera edo ofizioa da eta blogger-a tresna jakin batzuk erabiltzen dituena da.
Noski, bitakora guztiak ez dira kazetaritza. CMSek bitartekoa jartzen dute, gero idazten dugunak definituko du erabilera eta, kazetaritza bitakora izanez gero, genero ezberdinak ere zehaztuko ditugu.
Bitakora fanzinearekin pareka daiteke, norberak egina delako, baina itxura aldetik paperezko fanzine bat eta egunkari bat oso ezberdinak dira eta sarean bitakora bat egunkari handi baten bertsio digitala baino txukunagoa ere izan daiteke. Jorratzen duen tematikagatik informazio orokorrekoa ere izan daiteke eta bereiziz gero edozein arlotan bereiz daiteke. Badira zientziari, zinemari edo literaturari buruzko bitakorak, informazio orokorrekoak edota bitakorei buruzko metabitakorak.
Dena dela, kazetarientzat kazetaritza zuzena, editorerik gabekoa egiteko aukera ematen du bitakora batek: kazetaria bera da editorea eta berak kontrolatzen du bitartekoa. Kazetaritza pertsonala ez da izango objektiboa, ohiko komunikabideak ere ez dira, baina zintzoagoa eta zentsurarik gabekoa izan daiteke (beti izango da autozentsurarik, bitakora izengabea izan ezik). Jon Udell kazetariak bere bitakoran erantzuten duenez, prentsa idatziak eskatzen duen kontrastea eta aurrekarien gaineko informazioa lantzea eskatzen du bitakora batean kazetaritza egiteak ere. Zentsura ezartzen dutenak irakurleak dira euren iruzkinekin, berehalako feedback-arekin.
Weblog edo bitakoren gaia kongresu horretako hizpide nagusia izan dugu, aurkeztutako hamar komunikazioetan zazpik gai hori jorratzen baizuten. Leioan ere izan zuten berbagai maiatzeko topaketan. Lehenago ere esan dudanez, autoedizioak aldizkarigintzara ekarri zuenaren pareko iraultza ekarri du Interneteko ediziora Edukien kudeaketarako sistemen (CMS) agerpenak. Edizioaren demokratizazio hori onuragarria da, inondik inora.
Ekainak 26, 2004
Udako oporrak ate joka datoz eta lagun asko autoa hartuta abiatuko dira helburu ezezagun baterantz, bide ezezagunetatik. Lehengo garaietan zuhurrenek mapa bat erosi eta gutxi gora behera biderik artezena marratzen saiatzen ziren bertan. Gaur egun, zorionez, badira lan hori askoz zehaztasun gehiagorekin egingo diguten programa eta webgune batzuk. Zenbat kilometro egingo ditugun esango digute eta biderik laburrena, azkarrena edo politena aukeratu ahal izango dugu, ez baitira beti gauza bera izaten.
Baina horretaz gain, bestelako datu baliagarri batzuk eskaintzen dituzte route planner edo bidea prestatzeko programa horiek. Batzuek erregaitan eta bidesaritan zenbat gastatuko dugun ere esango digute, besteek bidean zehar topatu ahal izango ditugun jatetxe edo hotelik interesgarrienak aholkatuko dizkigute. Edozein momentutan ibilbide berriak eta alternatiboak marraztuko dizkigute, bidea moztuta baldin badago edo hasieran erabakitako bidetik at dagoen leku bat bisitatzea bururatzen bazaigu.
Webguneetan dauden gidek, normalean, informazioa doan ematen dute, baina autoan baldin bagoaz seguruenik ez dugu sarerako konexiorik izanen eta, ordenagailu eramangarria edukiz gero, agian hobe izango dugu programa bat instalatzea. Espainiako Campsaren gidaren bertsio informatikoa 20 euro kostatuko zaigu, errepide sarearen gaineko informazio ona dauka baina hirien planoak xehetasun gutxikoak dira. Etxetik kontsulta egiteko ustea besterik ez badaukagu, hobe izango dugu Repsolen webgunean dagoen doako zerbitzua erabiltzea.
Microsoften Autoroute programak Europa osoko errepide mapak biltzen ditu eta frantsesez zein gaztelaniaz eskura daiteke, tamalez, mota hauetako programak ez baitaude oraindik euskaraz. Bidegurutze guztien arteko denbora eta distantzia tarteak emango dizkigu, ibilbidearen mapaz gain, baina garesti xamarra da, 85 euro inguru.
Horrek baino zehaztasun handiagoarekin ematen ditu hiri barneetako kaleen planoak Route 66 programak, errepide mapak ere zehaztasun handikoak dira eta Microsoftena baino merkeagoa da: 50 bat euro. Erabilterraza da eta ibilbidea marratzeko irizpide ezberdinak erabil ditzakegu, arinena, merkeena edo politena aukeratuz.
Paperezko gidetan Michelin dugu Europako ezagunena. Bada, Interneten ere erabilgarri dago eta guztiz doan. Abiapuntua eta helburua aukeratuta, xehetasun handiz erakutsiko digu ibilbidea, geldinuneen eta errepideen arteko loturen zerrenda xehatuarekin. Britainia Handiko RAC-aren Route Planner-ak ere Europa osoa hartzen du kontutan, baina interfazea soilik ingelesez dago, Michelinena gaztelaniaz eta frantsesez ere dagoen bitartean.
Bila gabiltzana mapak baldin badira, Multimap webgunean Britainia Handikoak, Europakoak eta mundukoak topatuko ditugu. Hala ere, Euskal Herriko mapa zaharkitu xamarra aurkitu dugu, gaztelaniazko toki izenak erakusten dituena. Hiri barneetako kaletegiak ikusi nahi baditugu Multimap erabil dezakegu, baina Espainiako hiriren bat bisitatu nahi izanez gero, hobe izango dugu Terraren kaletegia begiratzea.
Azkenik, nahi duguna ibilbideaz gozatzea bada, masrural.com atarian ibilbide ikusgarriak aurkituko ditugu, bidea ahalik eta lasterren egin barik ahalik eta politena egitea xede dutenak.
Gmail eta Yahoo
Bere Gigabyte bateko posta elektroniko zerbitzua eskaintzen hasi zenetik sekulako irrika sortu du Googlek, ez baita erraza Gmaileko kontu bat lortzea. Dagoeneko kontua dutenek soilik gonbidatuta sar gaitezke zerbitzuan eta oraintsu arte gonbidapen bakarra eman du Googlek erabiltzaile bakoitzeko. Horrek gonbidapen horiek saltzea edo enkantean eskaintzea ekarri du eta batzuek gonbidapena lehiaketa bateko sari moduan eskaini dute, hain estimatuak baitira Gmaileko kontuak.
Alabaina, ekainaren 8an Googlek erabiltzaile bakoitzari beste hiru gonbidapen eman zizkion, bakoitzak nahi duen eran erabiltzeko. Jokabide honekin Googlek, nahiz eta ofizialki gonbidapenen salerosketaren kontra dagoela adierazi, sekulako publizitate kanpainia egin du, iragarkitan hogerleko bakar bat ere gastatu gabe. Erabiltzaileak dira publizistarik onenak. Horretaz ohartu da Yahoo eta bere posta kontuen ahalmena 100 Megabytera igo du, bidal daitekeen mezu bakoitzaren neurria 10 Megara igoz eta interfazea hobetuz. Horrekin nahikoa da posta elektronikoaren erabilera normal baterako eta, ziurrenik, laster Hotmail antzeko mugimenduak egiten ikusiko dugu, bere zerbitzua une honetan hirurko horretako kaxkarrena delako. Baina Microsoftek ez du oraindik bere zerbitzua hobetu eta, gainera, erabiltzaileak ez galtzeko makurki jokatzea leporatu diote hainbat erabiltzailek, Hotmail-en helbideetara Gmailera sartzeko bidalitako gonbidapenak automatikoki zabor mezuen karpetara bideratzen dituela salatuz.
LABURRAK
Sareei buruzko liburua
Sarean dago doan eskuragarri TCP/IP sareak liburua. José Mª Rivadeneyra informatika irakasleak idatzia, sareen antolaketa eta segurtasun kontuak azaltzen ditu liburu honek euskaraz. Besteak beste, aplikazioak, protokoloak, estandarrak eta ohiko arazoak menderatzeko azalpenak aurkituko ditugu bertan. Egilearen esanetan “Unibertsitate mailako ikastaroetan, euskarazko irakaskuntza ertainean edo bere kabuz ikasi nahi duenarentzat erabilgarria” da liburua. Paperezko bertsioa duela hilabete batzuk argitaratu zuen EHUk, baina orain Interneten jarri du egileak, PDF formatoan, edonork eskuratzeko eta inprimatzeko moduan.
La Haine itxita
Informazio alternatiboa ematen duen La Haine zerbitzariari ostatu emateari utzi dio bere ostatatze zerbitzuak, aurretik inolako oharrik eman gabe. Zerbitzariko arduradunek salatu dutenez, ostalariak gehiegizko trafikoa argudiatu du itxiera arrazoitzeko baina eurek ez dute trafikoan aparteko igoerarik somatu. DoS eraso bat jasan zuen webguneak martxoaren 11n eta talde espainiar nazionalisten begipuntuan izan da webgune hau azken aldian.
Ikastaroak Donostian
Internet hizpide izango duten makina bat ikastaro izango dira uda honetan Miramon Enpresa Digitalak antolatuta. Besteak beste, ikastarootan sareak aparteko kosturik gabe optimizatzea, nazioarteko webgune eleaniztuna sortzeko jarraibideak, programazio segurua, informazioaren gizartea, nabigagarritasun estandarrak betetzen dituzten webgune erabilterrezak egitea eta Linux sistemak kudeatzea izango dira ikastarootako gaiak.
Ekainak 23, 2004
Badira hilabete batzuk kontaizu aldizkari digitala atera zela (2003ko urrian) baina oraino ez du sareko jende askok ezagutzen. Egia esan, ez du inork nire aurrean aipatu eta ez dut inon ezer entzun edo irakurri horren gainean. Baina gaur Googlen bilatu dut eta erreferentzia bakan batzuk agertzen dira, Kontaizurako loturarik ez da apenas ageri emaitzetan eta konturatu naiz bere edukiak ez daudela indexatuta! Hilabetero sareari buruzko artikulu bat idazten ibili naiz, baina haietarako loturak egin nahi izan ditudanean ezinezkoa suertatu zait.
Programatuta dagoen moduak indexaezina egiten du bere edukia, ez Googlek, ez inork ez duelako zuzenean lehenagoko artikuluetara igarotzerik. Lehendabizi Hemeroteka atalera jo behar dugu eta gero irakurri nahi dugun zenbaki zaharra aukeratu behar dugu. Ondoren, zenbaki bakoitzaren menuan atala aukeratu eta erreportaia hura irakurri ahal izango dugu, adibidez, Sarean izeneko “informatika” (sic) atalekoa. Hala ere, nabigatzailearen helbide barran beti http://www.kontaizu.net/informatika/index.php helbidea agertuko da. Hemerotekatik igaro eta zenbaki jakin bat aukeratu ez badugu, helbide hori jarrita beti agertuko zaigu azken zenbakiko sarean ataleko artikulua. Dena dela, ez dakit zergatik baina azken zenbaki hori ere ez du indexatzen Googlek.
Hala ere, aurkitu dut zenbaki bakoitzeko orrialdeak ikusgai egiteko modua, helbideari ?mod=1&HEMEROTEK=zenbakia zatia gehituz. Ea loturaz beterik prestatu dudan testu honi esker Googlek aurrerantzean indexatzen dituen:
Bizkaiko ikastolen elkarteak atera du Kontaizu eta, esan bezala, hainbat erreportaia idatzi ditut bertan. Lehenengo zenbakian, Irratiak sarean entzungai izenburupean Interneten dauden irrati digitalak aztertu eta nork bere etxeko logelan bere irrati estazioa sortzeko oinarrizko jarraibideak eman nituen. Bigarrenean, Internetek gizartea aldatzeko tresna moduan ematen dituen aukerak aztertu nituen, ongi erabiliz gero aktibismorako sekulako tresna baita. Hirugarrenean, sarean seguru nabigatzeko gomendio batzuk eman nituen, nabigatzean ez dezagun gure pribazitatea arriskuan jarri eta ez dezagun oharkabean dialer eta horrelako programarik instalatu.
Laugarrenean sareak harremanetarako ematen dituen aukerak azaldu nituen Sarean lagunak egiteko izenburupean. Ondoren, bitakoren gaia azaldu nuen eta nork bere weblog pertsonala sortzeko gomendio batzuk eman. Seigarren zenbakian, berriro segurtasunaren gaiari helduta, azken aldion hainbat buruko min ematen digun Spam-aren kontrako neurriak eta segurtsun-netiketa arau basikoak azaldu nituen. Gezurra dirudi honez gero, baina internauta gehienek ez dituzte babes neurriak kontutan hartzen, horregatik daude gure postontziak zaborrez beterik.
Literatura sarean izenburupean, literaturaren inguruan Interneten dauden helbide batzuk aipatu nituen: klasikoak online, literaturari buruzko bitakorak, idazteko baliabideak…
Hurrengo zenbakian Berehalako mezularitza aztertu nuen, lagunekin uneoro kontaktuan egoteko primerako tresna da baina ez da Microsoften Messenger aukera bakarra, zerbitzu hobea eta plataforma anitzerako balio duten beste batzuk ere badirelako. Flash animazioak aipatu nituen ikasturte honetako azken zenbakian, diseinatzaile eta artista asko formato honetara pasatu direlako, flash animazioak euren adierazpidea bihurtuz.
Ekainak 22, 2004
Gaur ez dira BERRIA egunkarian ohiko Interneti buruzko orrialdeak argitaratu. Izan ere, uda datorrenez, aldaketak izango dira gehigarrietan. Baina lasai egon, asteroko hitzorduari eutsiko diogu, igandero barik asteazkenero baina. Beraz, badakizue: datorren asteazkenean ez ahaztu BERRIA erostea (inoiz ahaztu bazaizue).
Ekainak 20, 2004
Aste honetan bisitari ilustreak izan ditugu gurean eta batzuoi tokatu zaigu cicerone kulturalarena egitea. Kontua da Marshall fundazioak etorkizuneko aitzindari estatubatuar batzuk ekarri dituela Europa ezagutzera, bere fellowship programa transatlantikoan. Bai, mundu gerraren osteko Marshall plan haren ondorengoa den fundazioak halako Erasmus labur moduko bat antolatzen du eta kontinenteko geldiuneetako bat Bilbo zen euretako zazpirentzat. Unesco etxeak egitaraua prestatu zien gurean eta, besteak beste, Gernika bisitatzea eta Kafe Antzokia ezagutzea egokitu zitzaien.
Ilustreak ezezik, ilustratuak ere baziren, bakoitzaren kurrikulumari begirada bat botatzea besterik ez zegoen horretaz ohartzeko. Denok geunden urduri ea zer nolako pajaroak zetozkigun, ez baizuten zertan hizkuntza eta kultura gutxituekiko sensibilitaterik izan. Ezinezkoa zitzaigun Berlangaren filmaz ez gogoratzea eta barre dexente egin dugu egunotan, baina azkenean, jende normala ziren gehienak, nahiko irekiak eta ikasteko prest zeuden.
Batzuek bitakorak dituzte, Dave Ramaswamy-k edo Sanjay Parekh-ek kasu eta, nik bezala, biek Movable Type erabiltzen dute, kasualitatea?
Bidaiaren bitakora ari da egiten Sanjay eta oso ondo jarri gaitu bertan. Antza, Ibarretxerekin biltzeak baino eragin handiagoa egin die Zenbat Gara bisitatzeak, euskalgintzaren berri izateak eta gurekin afaltzeak. Tira, honez gero uste dut amerikarrek ez gaituztela (momentuz) bonbardatuko.
Ekainak 19, 2004
Sarea aldarrikapen politikoak egiteko baliagarria da, publizitate komertziala ezezik kanpainia politikoak egiteko edo norbaiten kontra ekiteko erabiltzen dira webguneak. Baina sarean irudimena izatea oso garrantzitsua da: batzuek inportanteena mezua dela esaten dute, baina mezua bidea bera dela diote beste batzuek. Egia esan mezua, arrazoi osoa edukita ere, nekez jasoko du hartzaileak, modu ulergarri eta erakargarrian aurkezten ez bada. Mezuari irudipena erabiliz forma erakargarriak, bitxiak eta harrigarriak ematen berezitutako webmaster eta diseinatzaileak daude eta horietako batzuk nabarmenduko ditugu gaurkoan.
Oso ospetsuak dira RTmark-en kanpainiak, publizitatea, artea eta aktibismoa nahasten duen kolektibo horrek ekintza telematiko ikusgarriak egin baititu. Korporazioek sortutako produktuen itxuraldaketak eginez. Webguneak aldatu dituzte, askotan, gwbush.com parodikoa kasu, baina ez dira webguneetara mugatzen. Gure arerioaren webgunea itxuraldatzea eta parodia webgunea sortzea oso ohikoa da, haren mezuan ikusten ditugun kontraesanak agerian utziz, ironia edo umorea erabiliz. RTmark-en proiektuen zerrendan ikus dezakegunez, Barbie ekintzailea panpina sortzea edo sabotaia ekintza irudimentsuak egitea proposatzen dute korporazioen aurka. Eurena da gatt.org webgunea, baina euren ekintzarik ikusgarrienetako bat webgune hori ofiziala dela sinetsita Salzburgon hitzaldi batera gonbidatu zituztenean gertatu zen, hizlari faltsua bidali baizuten sekulako iskanbila sortuz.
Dena dela, ekintzetara igaro gabe ere, internautak badauka interaktibitatea eta irudimena erabiliz gogoetara edo status-a zalantzan jartzera bideratuko duen webgunerik. Washington Post-en webgunean Spheres of Influence izeneko flash aurkezpen ikusgarria dago, Bush babesten duen jende mordoaren informazioak eta euren arteko loturak azaltzen dituena. Arloka sailkatuta dago eta mapa handi baten forma du, leiho txikian mugitzen dugun koadroaren gunea lehio handian zoom moduan ikus dezakegu eta bertan agertzen den pertsona bakoitzaren gainean klik eginez gero, haren informazioa emango digu beste leiho batean.
Boteredun pertsonaien arteko loturen gai bera hartuta, Stanford-eko unibertsitatean Political Friendster jokoa sortu dute, modan dauden sare sozialetan inspiratuta. Friendster-en bezala, pertsona batek dituen lagunak eta haien lagunak ikus ditzakegu bertan. Sartu garenen unean, behekaldeko leihotxo batean jokora gehitutako azken pertsonaia ikus daitezke, gure kasuan Pedro J. izeneko bat. Bere izenean klik eginez gero, haren konexioak ikusiko ditugu: Jose Aznar, Al Jazeera eta Alan Greenspan. Haietako bakoitzean klik eginez gero, bakoitzaren loturak agertuko zaizkigu eta loturaz lotura nabigatuz sekulako ibilbide luzea egin dezakegu Friendster politiko honetan. Bisitariak botoa eman dezake lotura jakin baten gainean, lotura hori mantentzearen edo kentzearen alde. Beraz, konexioak internautek erabakitzen dituzte. They rule webguneak ere loturak erakusten ditu, baina AEBetako enpresa handien artekoak: enpresen atzean dauden pertsonak, haien arteko loturak eta bakoitzaren eragin eremua erakutsiko dizkigu theyrule.net ikusgarriak, Flash formatoan.
Ikusi ez dugun egoera edo toki baten ideia egin dezagun ere balio dute Flash formatoko aurkezpen interaktiboek. Esaterako, Anatomy of a Refugee Camp izenekoak gerretan antolatzen diren errefuxiatuen kanpamendu horietako baten antolaketa erakusten digu. Plano orokorra eta gune ezberdinen zerrenda dauzkagu goikaldean eta, pantaila osoa hartuz, kanpamendua xehetasun guztiekin. Kanpamenduko Ez da oso interaktiboa, erakusteko egina baitago, baina bideojokoen estetika eta alde batetik bestera mugitzeko modua kopiatzen ditu, The Sims jokoaren antza dute marrazkiek. Beste errefuxiatu kanpamendu baten bisita birtuala ikus dezakegu Mugarik Gabeko Medikuen Kanadako webgunean, kasu honetan HTML xaloagoan diseinatua baina azalpen gehiagorekin.
Jokoak ere erabil daitezke ekintza politikorako. Esaterako, Antiwar Game Flash jokoan AEBetako presidentea gara eta aurrekontuak banatu behar ditugu beharrizan sozialen, kanporako laguntza edo gastu militarren artean. Komunikabideak eta boteredunak ere ageri dira eta gastu militarrak gehiegi murrizten baditugu, seguruenik, jokoa galduko dugu. Lehentasunen eta botere faktikoen arteko harremanak ulertzeko era bat da.
Bestelako joko batzuen bidez ere egin daiteke aktibismoa. Esaterako, newsgaming.com webgunean mezudun jokoak sortzen dituen kolektiboa aurkituko dugu, jokoak laket hutsa baino gehiago izan daitezkeela uste baitute. Lehendabizikoa September 12th izan zen, AEBek egiten duten terrorismoaren aurkako gerraren ondorioak erakusten zituen jokoa. Bertan, terroristak akatzeko misilak jaurti ditzakegu hiri batera, tartean dabiltzan zibilak hiltzeko arrisku handiaz. Hildako zibilen ondokoak ere terrorista bihurtuko dira eta jokoak ez du amaierarik, edo agian bai, denak terrorista bilakatutakoan. Azkena, berriz, Madrid dugu, martxoak 11ko sarraskiaren ondorengo Espainian girotua.
LABURRAK
Telebista telefonotik
ADSL bidezko telebista zerbitzua iragartzen hasi da Telefonica. Imagenio goiburupean eskaintzen hasi den zerbitzuari esker telebista telefono hariaren bidez helduko zaigula dio enpresak. Hori dela eta, baliteke aurki ADSL bidezko konexioen abiadura emendatzea, zerbitzu horrek ezinbestez ohikoena den 256 Mbps-ko abiadura handitzea eskatzen baitu. HIlean 48 euro kostatuko da zerbitzua eta 22 telebista kanal, 15 irrati kanal digital, ordaindutako bideo zerbitzua zein Interneterako konexioa emango ditu. Zerbitzu honen probak hasi dira egiten baina gurean saltzen noiz hasiko diren oraindik ez du zehaztu Telefonicak.
Liburutegi digitala
Euskal liburutegi digitala sortu dute sarean Eusko Jaurlaritzak eta Sancho el Sabio Fundazioak. Bertan, oraingoz, fundazio horren 3.000 lan ikuska daitezke, idazkien irudien bidez. Guztira 800.000 irudi daude webgunean, XV. mendea eta 1934 artekoak. Bilaketak egiteko tresna dakar webguneak, egilearen, izenburuaren edo argitarapen dataren araberakoa, lan bakoitzaren orrialdeak irudi bidez ikuskatzeko aukera dago. Laster fundazioak eskaneatuta dituen beste lanak ere sartuko dituztela iragarri dute, guztira 4,5 milioi irudi. Mozilla nabigatzailea erabiliz gero hasierako orrialdeko mezuak ez zaizkigu zabalduko.
Lazarragaren transkripzioa
Juan Perez Lazarragakoaren eskuizkribua aipatu genuen martxoan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren kultura departamenduaren webgunean irakur zitekeela iragarriz. Bada, berriki transkripzioa ezarri zuten sarean, armiarma.com webgunean. Dagoeneko transkripzioari zuzenketa batzuk ere gehitu dituzte, internauten ekarpenei esker.
Ekainak 13, 2004
“Martzelina bero, harek emongo leuke eskatu ezkero”, kantatzen zuten Kepak eta Rufinok. Gure webgunera ere uda iritsi da eta hori igarriko duzu, jarri dudan uda giroko mantxeta sorta berriaren bidez. Negutik udara egin dugu salto udaberriaren gainetik, egun hauetako sargoria jasanez. Eguzkipean ibili, ibili eta ibili, Ibilaldia heldu zen eta igandean Euskal Eskola Publikoaren jaia ere izan genuen Bilbon, orain Zorrotzaurre esaten dioten Deustuko erriberan. Ez genuen asfaltoaren bero itzela luzaro aguantatu eta zubiaren bestaldean dagoen Bilbo Itsasadarra Itsas Museoa bisitatzea otu zitzaigun.
Kanpoaldean zeuden gaztelaniazko eskupaperetako bat hartu eta sartu ginen, sarrera zegan zen galdetzera. Harreralekuko neskaren erantzuna erdaraz jaso ostean museoko langileei euskara jakitea eskatzen zieten galdetu nion eta ezetz erantzun zidan. Ez nion galdetu beste hizkuntzarik bazekizkiten, baina lepoa jokatuko nuke ingeles batek arazorik ez lukeela izango azalpenak bere hizkuntzan jasotzeko.
Kaletik jende dexente zebilen arren, museoan bost bat bisitari izango ginen guztira, happy day-ko lau euroko sarrera ordainduta (bestela zazpi ordaindu behar baitira) eta haize egokitua gorabehera. Barruko erakusketari interesgarria iritzi nion, material gutxikoa akaso, baina museo berria izanik normala da. Bilbok horrelako museo bat behar zuen, bere itsas merkataritzaren eta itsasadarraren historia kontatzeko. Ez da sekula izango Londreseko National Maritime Museum-aren neurrikoa, gure nabigazioa ez baita hain garrantzitsua izan, baina antzeko gaiak jorratzen ditu.
Argazkiak egiten ibili ginen, ezker-eskuin, museo osoan. Baina azken unean gure aititaren barkuaren maketa aurkitu nuen eta, hari argazkia ateratzerakoan begirale itxurako neska batek argazkia ez egiteko esan zigun (Cervantesen hizkuntzan, noski). Total, euskararen tratamendua kenduta, nahiko txukuna iruditu zitzaidan museoa.
Ekainak 10, 2004
Oraintsu arte hirugarren munduko langileentzat lanik eskasenak zeuden gordeta AEBetan, prestakuntza gutxi eskatzen dutenak eta aurretik ere gutxien ordainduak zirenak. Baina gauza bera soldata altuagoak jasotzen dituzten exekutiboen lanpostuekin egin badaiteke? egin daitekeenean egingo dute enpresek, dudarik ez egin. Galdetu bestela AEBetako goi mailako programatzaileei, euren enpresak langile merkeagoak kontratatzen ari dira Indian, Txinan edo Errusian. Lan merkatuaren globalizazioa fenomeno orokorraren ondorioetako bat dugu, baina telekomunikazioei eta Interneti esker iduneko zurien lanpostuak kinkan daude lehen mundu postindustrialean.
Pertsonen artean egizu zeuk garaia amaitu da azken aldion. Lanak eta gizarte harremanetarako denbora gehiago edukitzeko, gero eta zerbitzu gehiago kontratatzen ditugu: janaria eta etxea egin diezaguten, arropen garbiketa, adinekoen zainketa… Behar guztiak besteen esku uzten dira, AEBetako eta Ingalaterrako leku batzuetan batez ere.
Enpresa munduan ere hori azken urteotako joera da, gaztelaniaz externalizacion eta ingelesez outsourcing esaten zaiona, teknologiaren sektorean batik bat. Zerbitzu jakin batzuk egiteko, komunikazio arloan edo programazioak sortzeko, horietan berezitutako beste enpresa baten edo langile autonomo baten zerbitzuak kontratatzen dira, enpresan departamendu bat propio sortu barik. Abantaila nabaria da enpresarentzat, dirua aurrezten baitu soldatetan eta segurantza zerbitzutan. Jada zerbitzuak behar ez dituenean edo beste batenak nahiago dituenean harremana etengo du eta kitto. Telematikaren munduan ASP edo aplikazio zerbitzuen hornitzaileek aplikazioen zerbitzuak eskaintzen dizkigute, programak prestatuz eta kudeatuz.
Baina egun bizi gaituen globalizazioaren munduan zerbitzu horietako batzuk planetaren beste muturreko enpresek edo langileek egin diezazkigukete. Etengabe hazten ari den joera honi outsourcing edo offshoring esaten zaio, edo near shoring, ondoko herrialdean gertatzen denean. Azken finean ekonomia kontuan oinarritzen da: gastuak murriztea, atzerrian askoz diru gutxiagoren truke egingo duen bati lana aginduz.
Ontzietako eskifaiak, manufaktura enpresak, industria astuna… Sektore horietan guztietan eragin du globalizazioak eta langile gehienak egun herrialde haietakoak dira. Batzuetan lehen munduko herrialdean bertan egingo dute lan, baina lehen munduak ez du nahi langile guztiak bere lurraldea zapaltzea ezinbestekoa ez bada. Gainera, beste askorentzako ere badauka lanik, asian dauden sweatshop famatuek erakusten dutenez. Bertan, kirol marka ezagunentzako oinetakoak eta bestelako arropak egiten dituzte, oso soldata eta lan baldintza eskasekin, askotan umeak erabiliz.
Orain iduneko zurien txanda da: goi mailako programatzaileak zain daude Indian, Txinan eta Errusian, amerikar eta europarrentzat lan egiteko irrikitan daude eta askoz soldata baxuagoekin konformatzen dira. AEBetako programatzaile batek, bataz beste, 70.000 dolar irabaziko du urtean, Indiako batek 9.000 inguru. Aipatu hiru herrialde horietan urtero AEBetan baino hiru aldiz zientzia eta ingeniaritza lizentziatu gehiago sortzen dira urtero eta telekomunikazioak izugarri ari dira hedatzen bertan. Esaterako, AEBetatik Indiarako telefono dei bat duela hamar urte baino hamar aldiz merkeagoa da egun.
Berleleyko unibertsitateak eginiko ikerketa baten arabera, AEBetako lanpostuen %11 atzerrira eramateko arriskuan dago. Bezeroarekiko buruz buruko harremanen beharrik ez dagoenean, edukia informazioa denean eta lana Interneten bidez egin daitekeenean… Horiek dira offshoring-aren biktima izateko aukera gehien dituzten lanpostuak. Adituen arabera, datozen bost urteetan AEBetako bankuek, burtsa enpresek eta bestelako finantza zerbitzuek 500.000 lanpostu eramango dituzte atzerrira, euren lan eskuaren %8, horietako asko goi mailako barne zereginak egiteko: finantza azterketak, ikerketa, diruzaintza eta diseinu grafikoa besteak beste.
Beste fenomeno bati lotua ageri da teknologia langileen offshoring-a, dagoeneko askoz lehenagotik ari baiziren H-1B bisatuen bidez kanpoko langileak AEBetara eramaten, soldata merkeagoak ordainduta eta bertako teknologia enpresen beharrizanen arabera bisatuen kopurua handituz edo murriztuz. Baina zertarako ekarri, Interneti eta telefonoari esker euren herrialdean gera daitezkeenean? Korporatibismoak edota enpresa jakin batzuetako langileen defendatzeko gogoak H-1B bisatuen zein offshoring-aren kontrako mugimenduak sorrarazten ari dira AEBetan, batzuek gogoeta serioa egin nahi dute arazoa bideratzeko, herrialdearen ekonomiarentzat ekarriko duen kaltea azpimarratuz eta babes neurriak proposatuz, besteak mugimendu xenofobiko hutsak dira.
Baina outsourcing-aren zenbakiak gehiegi puzten ari direla dioenik ere bada. Economic Policy Institute-ko Josh Bivensen esanetan, “akziodunen aurrean enpresek modako joerarekin bat egin behar dute, nahiz eta praktikan gutxiagorako izan”. Informazio teknologietako langileak kaltetzen ari den lehenengo faktorea teknologia merkatuko burbuilaren eztanda izan dela dio Bivensek.
Azken finean, iduneko zurien langileria egoteak herrialde hartako ekonomia garatzen lagunduko du, seguruenik gutxien kutsatzen duen industria da eta herriaren hezkuntza maila jasotzen lagunduko du. Dena dela, argi dago arazoaren errua, beti bezala, herrialde batzuen eta besteen bizi kalitatean eta soldatetan dagoen amildegiak duela. Indiako langileek soldata duinagoak jasoko balituzte, munduko merkataritza harremanak orekatzeko itunak egingo balira…
LABURRAK
Euskararen datu basea
Euskararen ezagutza eta erabilerari buruzko datuak, estatistikak eta grafikoak aurki daitezke Euskararen Datu Basea izeneko webgunean. SEI elkarteak ezarri du webgunea, Aztiker Soziologia ikergunearekin lankidetzan. Kale erabiera, hizkuntza gaitasuna, irakaskuntza ereduak ikusgai daude, grafiko zein tauletan. Gainera, EAEko herrien kasuan, eskualde edo herri jakin bat aukeratuta, bertako datuak ikusi ahal izango ditugu.
Google groups berria
Erabat aldatu du xedea Google Groups-en bertsio berriak, oraingoz beta edo proba fasean badago ere, eztabaida-banaketa zerrenda zerbitzua eskaintzen hasi baita. Duela urte batzuk Deja.com zerbitzua erosi zuen, Useneteko berri taldeen eztabaidak jarraitzeko aukera ematen zuena, geroago Useneteko artxiboa ia osorik ezarri zuen bere groups.google.com helbidean. Maiatzean, ordea, Yahooren azken mugimenduei erantzunez, Google Groups berria aurkeztu dute, erabilera biak uztartzen dituena eta talde edo zerrenda bakoitzaren XML feed-a ere duena, azken mezuak eta erantzunak Bloglines bezalako zerbitzu edo programen bidez jasotzea ahalbidetzen duena.
Spam-aren kontra, Thunderbird
Mozillaren azken bertsioetan posta programari spam-a zer den irakasteko aukera dugu, baina postarako bakarrik den Thunderbird programak bahe berezia dakar, aldez aurretik spam-a ezagutzeko gai ei dena. Ikuskizun dago norainoko eragina duen baheak eta birusdun mezuak ere gelditzeko gai den, baina Outlook-ek aspaldi eduki behar zuen ahalmena du behintzat Thunderbird-ek.
Ekainak 6, 2004
Web orrialde estatikoei bizitasuna emateko sortu zen Flash formatoa. Formato honetan sortutako animazioak web orrialdeetan txertatzen dira eta oso ikusgarriak dira. Bi ezaugarri nagusi dituztelako bihurtu dira ospetsuak: kargatzeko errazak direlako eta interaktibitatea dutelako. Artxiboek gutxi okupatzen dutenez, kargatzeko errazak dira eta interaktiboak izanik jokoak sor daitezke Flashen.
Beste ezaugarri bat nabigatzailean bertan ikusteko aukera da. Dagoeneko gehienok instalatuta izango dugu ordenagailuan flash artxiboak ikuskatu ahal izateko behar den plug-in edo gehigarria, eta eduki ezik ordenagailuak berak gidatuko gaitu 900 KB pisatzen duen programatxoa behar den moduan jaisteko.
Macromedia enpresaren asmakizuna izanik, eurek dute Flasharen dohaiak ezagutarazteko beharra, horregatik shockwave.com webgunean hainbat animazio istorio eta joko interaktibo erakusten dituzte. Ekintza jokoak, buruari eragitekoak edo marrazki bizidun “filmak” ikusi ahal izango ditugu bertan, oso marrazkilari onen lanak barne.
Hala ere, bestelako jende eta talde askok ere euren webguneak sortu dituzte formato honen inguruan jarduteko eta euren lanak erakusteko. Batzuk bertokoak dira, animatu.com sortu duten marrazkilari teknofiloak kasu. Euskal sortzaile batzuek Ti-ta.net webgunean hainbat animazio eta joko barregarri jarri dituzte. Esaterako, Tranvia Chirene jokoan, kalea zeharkatu behar dugu Bilboko alkateak gidatzen duen tranbiak harrapatu gabe. Mister Tus animazio filmetan kaktus baten ibilera xelebreak ezagutuko ditugu.
Flash formatoko lanen lehiaketak ere badira. AEBetan eta mundu mailan ezagunena Flash Forward jaialdia da, baina Europa aldean famatuena Bartzelonako OFFF edo Online Flash Film Festival izenekoa dugu, azken aldi honetan beste mota batzuetako animazio eta filmei atera zabaldu diena. Gure artean Nontzeberri aldizkari elektroniko euskaldunak Nontzeflash I. Lehiaketa deitu du aurten arrakasta handiz. Irabazle suertatu diren hiru animazioak ikusgai daude Nontzeberriren webgunean.
Animaturen webgunean euren lanaren erakusgarri batzuk jarri dituzte eta Flash sorkuntzaren munduko lotura interesgarriak ere aurkituko ditugu. Lanbroute webgunea Goio Telletxeak eta Mikel Lazkanok sortu dute, euskaraz eta ingelesez dago eta Flash asko dauka, tartean eurek sortutako player izenekoa, euskal talde batzuren abestiak aukeratu eta entzuteko.
Baina sarean badira beste sortzaile askoren bestelako flash guneak, batzuk oso interesgarriak. Nacho Turururen webgunean animazio zoroak, Joshua Davis sortzaile famatuarenean edo hainbat lagunen ekarpenak biltzen diren Polo webgunea.
Ekainak 1, 2004