Maiatza, 2004 hilabeteko artxiboa
Azken urteotan asturiera edo bable hizkuntzak berreskurapenaren bidean urrats garrantzitsuak eman ditu Interneten. Egunkari digitalak, argitaletxeak, disketxeak, alderdi politikoak… Asturiasko berpizkunde kulturaleko mugimendua lehenago abiatu zen, 70eko urteetan, baina sarea dugu lan horren ispilu garrantzitsua eta horretan dabiltzanak hizkuntza komunitatearen garapenerako tresna moduan atarramendua ari zaizkio ateratzen Interneti.
Aragoierarekin batera, asturiera estatuko hizkuntzetan baztertuena dugu, ofizialtasunari dagokionez bederen. Jatorri erromanikoko hizkuntza hau Asturiasko berezko hizkuntza dugu, baina egun bertatik kanpo ere hitz egiten dute Leongo eta Zamorako eskualde batzuetan, baita Portugalen dagoen Miranda do Douro hiriaren inguruetan ere. Tokian tokiko aldaera horiek leones, astur-leones edo mirandes izenak hartzen ditu, baina hizkuntza aldetik, historikoki eta geografikoki elkarri lotuta dauden mintzairak izan dira beti. Euren jatorria, iberiar penintsulako hizkuntza gehienena bezala, latinaren ertaroko zatikatzean dago. Asturiar hizkuntza Asturiasko erresumaren sorkuntzari (718-910) lotuta garatu zen eta ondoren Asturias-Leongo edo Leongo erresuma izan zenari. Egungo hizkuntzaren hedapen geografiko zabala horren erakusgarria dugu.
Asturierazkotzat jotzen den lehendabiziko idatzia Fueru d’Avilés izenekoa dugu, XII. mendekoa. Hala ere, XIV. mendean Gaztelarekiko dependentziarekin batera hasi zen hizkuntza atzera egiten eta lehenengo eragina agiri ofizialak gaztelaniaz idaztea izan zen. XVII. mendean asturierazko testu literario batzuk agertzen hasi ziren eta XVIII-XIX mendeetan hizkuntzaren aldeko intelektual eta idazleen mugimendu batzuk izan ziren. Hala ere, berreskurapenaren aldeko mugimendu garrantzitsua XX. mendeko 70eko hamarkadan abiatu zen, indar handiz, hizkuntzak diktaduraren garaian izan zuen atzerakada nabarmena ikusita galbidean ziholala argi eta garbi ikusi baizuten orduko ikasle eta idazle batzuek.
Egun egoera bestelakoa da, azken 30 urte hauetan eginiko lanari esker. Guretzat nahiko ezezaguna bada ere, badago asturierazko unibertso txiki bat, sarean bere isla duena. Biztanlegoa eta hizkun kopurua kontutan hartuta, asturierazko sorkuntza garrantzitsua da komunikazioa, literatura eta musika arloetan. Paperezko egunerokorik ez dago asturieraz, baina Les Noticies astekariak 7.500 ale banatzen ditu astero. Hizkuntza komunitateak beste erreferentzia garrantzitsu bat du Radio Sele irratiaren bitartez. Asturieraz lurralde osoarentzat emititzen duen irrati bakarra izan arren arazoak izaten ari da Radio Sele, PSOEk zuzentzen duen Asturiasko gobernuak emititzeko lizentzia komertziala ukatu baitio berriki.
Baina Interneten asturierazko informazioak isla indartsua dute aspalditik. Euskaldunontzat eguneroko albistegi digital edo atari bat edukitzea amets ezinezkoa zirudien 1997an, baina ordurako asturies.com atariak asturierazko informazioak eta posta zerbitzua eskaintzen zuen, besteak beste. Urte hauetan asturierazko informazioan erreferentzia nagusia bilakatu da, baina berriki beste informaziogune bat agertu da sarean, asturnews.com, copyleft lizentziarekin gaurkotasun-albisteak eskaintzen dituena.
Musikari dagokionez, badira asturiera erabiltzen duten talde eta abeslari franko. Baten bat nabarmentzearren, folk musika egiten duen LLan de Cubel taldea aipatu behar dugu, world music eremuan nahiko ezagunak bilakatu baitira. Bestalde, kulturari eta gizarteari lotutako aldarrikapenez betetako rocka egiten duen Dixebra (dixebra.com) edo folka beste estilo batzuekin nahasten duen Skanda (skanda.as) aipa daitezke. Azken talde biak L’aguañaz disketxeak kaleratu ditu, Dixebrako abeslari Xune Elipek koordinatzen duena. Asturieraz kantatzen duten taldeak argitaratzeko xedez sortu zuten disketxea 1993an eta diskoak sarearen bidez ere saltzen dituzte egun. Les Noticies aldizkariari lotutako Ambitu argitaletxeak ere liburuak eta diskoak argitaratzen ditu eta lesnoticies.com webgunean eros daitezke asturierazko ekoizpen horiek.
Hizkuntzalaritza arloan ere aurrerapausu handiak eman ditu asturierak normalizaziorako bidean. Dagoeneko bere akademia du, Academia de la Llingua Asturiana izenekoa, idatzizko hizkuntzaren estandarizazio prozesuan lan handia egin duena. Lan horren erakusgarri, asturierazko hiztegia kaleratu zuen 2000. urtean, asturshop.com webgunean eros dezakeguna.
Hala ere, egungo aldarrikapen nagusia ofizialtasunarena da eta beronen inguruan egituratzen da, momentuz, hizkuntzaren aldeko mugimendu osoa. Asturiasko gobernuak berak 1991n agindutako inkesta baten arabera, asturiarren %36k bere lehenengo hizkuntzatzat du asturiera. Aitzitik, autonomia estatutuak hizkuntza bultzatu eta babestu behar dela dioen arren, ez dio ofizialtasuna aitortzen. Horregatik, 1984an eratutako Xunta pola Defensa de la Llingua Asturiana elkarteak ofizialtasunaren aldeko lana eramaten du gehienbat, baina asturieraren akademiak berak bere webgunean dioenez, frustrazioa da hizkuntzaren aldekoek instituzioetatik behin eta berriro jaso dutena. Maiatzaren 7an egin berri duten asturiar letren egunaren kariaz argitaratutako agirian. “Zapuztutako esperantzen 30 urte” igaro direla zioten. Hala ere, Zapaterok iragarritako estatutuen eraldaketak ofizialtasuna ekarriko duen itxaropena daukate batzuek, euren ustez aukera ona izan daitekeelako.
Bistan denez, asturierazko webgune interesgarri franko dago sarean, baina hizkuntza horretan dauden gehienak ikusteko hobe dugu Ulos bilatzailearen asturierazko atala aukeratzea edo dmoz.org-en barruan dagoen Bable atalean bilatzea.
LABURRAK
Blog berriak gurean
Blog, weblog edo bitakora berriak agertzen ari dira azken aldi honetan, joera hau gurean azkenik indarra hartzen doan seinale. Berriki Luis Fernandez kazetari eta internautak bere bitakora pertsonala sortu du, Ingelesen hilerria, era guztietako kontuak agertuz eta hainbat azpibitakora sortu ditu, Zope kudeaketa sistemaren ahalmen handia frogatuz. Gainera, euskarazkoaz gain, ingelesezko eta gaztelaniazko bitakorak ere sortu ditu, bakoitzak bere testu originalak dituena. Telezaborra izeneko bitakora, bestalde, azken aldian agertu direnetan bitxiena da. Euskara hutsezkoa da eta telebistako programazioa du hizpide, egilea izengabea da baina bertan iritzi interesgarriak eta testu mamitsuak ageri dira. Telebistaz gain, egileak zabor-kulturatzat jotzen duenaren inguruko edozein gai jorratzen du azterketa kritiko eta batzuetan ironikoak plazaratzen dituen bitakora horrek.
Bertoko beste bitakorak
Hala ere, hemengo jendeak eginak izanagatik, blog berri gehienak erdarazkoak dira edo erdara nagusi da bertan. Esaterako, David Fortea internautak sortu duen bitakora pertsonal txukunak bere sorkuntza eta iritzi artikuluak jasotzen ditu Diez Palabras goiburupean. Horrek bezala, berriki Googlek erositako eta indarberritutako Blogger zerbitzua erabiltzen du Gaur Egun weblog kolektiboak. Xabier Pagolak sortua da eta bere idatziez gain, beste hiru lagunenak jasotzen ditu. Gaurkotasuneko politika kontuak aztertu eta iritziak ematen dituzte bertan. Erral bitakora xakezale elebidun batek egina da eta, tarteka, euskarazko testuak ageri dira.
Maiatzak 30, 2004
Iragan astean aurreratu genuenez, kinka larrian dago egun posta elektronikoa. Spam edo eskatu bako zabor-publizitateak nahikoa buruhauste ematen ari zenean heldu da birusen azken hilabeteotako oldarra, makina asko kutsatzeaz gain, erabiltzaile askoren postontziak ehunka mezuz betetzen ari dena. Sekulako lanak ematen ari dira Bagle eta Netsky birusak, egunero benetako mezuak aukeratu eta beste guztiak ezabatu behar baititugu. Zaparradak etengabe jarraitzen du eta ez du ematen atertuko duenik. Ahal den neurrian alternatibak bilatu bitartean arduradunak ere aipatu behar dira eta, bitartean, segurtasun neurriak zorroztu beharko ditugu, birusak gero eta makurragoak baitira.
Urtea hasi zenetik Netsky birusa bere aldaera guztiekin ari da gure ordenagailuetara etengabe heltzen. Bere ezaugarriak irakurriz gero ondorioztatu dezakegunez erraza da, makina gutxi batzuk kutsatuta ere, egun daukagun izurritearen zergatia ulertzea. Makina piztu orduko hasten da lanean birusa, gure makinako edozein artxibotan a bilduak aurkituz eta helbide horietara bere burua mozorrotuta bidaliz. Oso atzean geratu dira mota honetako birusen aitzindari Melissaren ezaugarriak. Hark bere burua Outlook-eko lagunen zerrendatik hartutako 50 helbidetara bidaltzen zuen bere burua, kutsatutako makina bidaltzaile moduan jarrita. Netskyk ez dauka 50eko muga hori. Gainera, bere bidalketak mozorratzen ditu, Outlook-ena barik bere bidalketa motor propioa sortuta. Jasotzaileok ez dakigu kutsatuta dagoen makina zein den, horregatik zaila da bere jabeari birusa duela jakinaraztea. Baglek, hori egiteaz gain, antibirusak eta bestelako prozesuak ezgaitzen ditu makina kutsatutakoan, garbiketa eragozteko xedez.
Bitarte honetan birusak erasokorragoak bilakatu dira eta maltzurragoak ere badira, Ingeniaritza soziala esaten zaizkien taktikak erabiltzen dituzte euren burua erakargarriago egiteko, azken finean birusa dakarren artxiboa zabal dezagun edo zuloa baliatuko duen ustezko loturan klik egin dezagun. Izenburu erakargarriak, guretzat fidatzekoak diren lagunek ustez bidalitako artxiboak, gure posta zerbitzuak itxuraz bidalitakoa den errakuntza mezua…
Iazko Sobig.E birusaren aldaera batek zituen ezaugarriak ikusita, seguruenik spammer batek sortua zela ondorioztatu zuten Messagelabs posta zerbitzariko adituek. Dagoeneko, kutsatutako makina asko spam-a bidaltzeko erabiltzen ari dira jabeak ohartu gabe. Birusak iraungitze data izateak -(uztailaren 14ean bere burua hedatzeari uzteko programatuta zegoen) spammerren egiletzaren teoria indartu zuen, izurrite kontrolagaitza sortzeko baino, erabilera jakin baterako sortu baizuten.
Arduradunak
Egoera honetan badira arduradunak eta lehenengo lekuan erabiltzaile arduragabeak aitatu behar dira. Melissa eta haren osteko birusen ondoren jendea dagoeneko hezituta zegoela eta ez zuela atxekitako artxiboetan klik egingo pentsatzea errakuntza itzela izan da, bistan denez. Experientziarik gabeko erabiltzaile berriak ezezik, hura ahaztuta zeukatenak ere badira, bigarrenez edo hirugarrenez birusak ardurarik gabe aktibatu dituztenak. Egungo birusen ezaugarriak ikusita, segurtasun neurriengatik arduratzen ez den erabiltzaile bakar batek beste milaka erabiltzaileri kalte egingo diela ohartu behar gara. Arduragabeen sailkapen honetan, denbora honetan oraindik kutsatuta daudela ohartu ez direnak daude goiengo postuetan. Garbitu gabeko makina horiek mezu jario molestagarriaren iturburu izaten jarraituko dute, sareko putzu beltzak bilakatuta.
Software enpresak, batez ere jaun eta jabe den Microsoftek dagoeneko gaindituta eduki beharko lukete arazoa, erabiltzaile arrunt baten ikuspuntutik, baina ez da horrela gertazen. Egungo birus askok Exploit iFrame trikimailua erabiliz Outlook zein Outlook Express programen segurtasun zuloez baliatzen dira gure makinan sartzeko. Gainera, Windows sistemaren beraren akatsak daude: aldiro-aldiro, Microsoft-ek segurtasun zulo berria estaltzeko txatal berri baten beharraz ohartarazten ditu erabiltzaileak. Baina txatala agertu aurretik kutsa daiteke makina eta txatalak jarri gabe geratuko diren makinak kutsatuz gero kaltea denontzako izango da, gero eta mezu gehiago etorriko zaizkigulako. Antibirus egileei ere leporatzen diete batzuek egungo egoeraren erantzukizuna. Birusa aurkitzen den unetik enpresek euren programak eguneratu arte igarotzen diren ordu edo egunetan, frogatuta dagoenez, milioika makina kutsa daitezke.
Ez da, momentuz, arazoaren erabateko konponbidea ekarriko duen alternatibarik aurkeztu. Bada egungo doako posta elektronikoaren SMTP protokoloa ordezkatzearen alde azaldu denik. Esaterako, Microsoft ordainduzko MMS teknologia bat ari da garatzen, SMTParen alternatiba seguru moduan saltzeko. Erabiltzaile askok estandar irekien aurkako erasotzat jotzen dute eta gehienek galdera sinplea egiten dute: zergatik ordainduko dugu, SMTPari esker doan daukagun zerbaiten truke? Bada, erosotasunagatik eta segurtasunagatik. Azken finean SMS mezuengatik ere ordaintzen dugu eta iragarkirik gabeko filmak ikusteagatik ere askok telebista zerbitzu digitalak ordaintzen dituzte. Badira, hala ere, Microsoft-enaz gain bestelako alternatibak, bidaltzailea gizakia dela ziurtatzeko erabil daitezkeen Turing-en testak kasu. Baina e-postaren erabilera jakin batzuek badute alternatiba sendorik. Banaketa zerrendak edo buletinak e-postaz banatu barik RSS bidez argitara daitezke eta erabiltzaileak ez du birusen arriskurik izango, feed horren harpidetza nabigatzailearen edo programa baten bidez irakurrita.
Bitartean, milaka aldiz errepikatutako aholkuak jarraitzeko eskatu behar zaie erabiltzaileei. Lehenengo neurria software segurua erabiltzea da. Linux edo Mac OS sistemak seguruagoak dira, baina Windows sistemari eutsiz gero, gutxienekoa sistema eta programak eguneratuta edukitzea da. Ahal dela, nabigatzeko eta postarako Mozilla erabili, edo web bidezko posta zerbitzuren bat. Noski, aurretik espreski eskatu ez baditugu hobe izango da mezuei erantsita datozen artxiboak ez zabaltzea, ezta gure lagun batek bidalia badirudi ere.
LABURRAK
Ezetz esateko aukera
Zentsura sarera ere heltzen da batzuetan, baina oraindik zentsuratu gabeko guneetan nork bere iritzia emateko aukera du. Esaterako, Madrilgo ACP-Indymediaren webgunean egunotan Espainiako printzearen ezkontzaren inguruko informazioak ari dira ematen, gertaera horrek Madrildarrentzat ekarri duen askatasunen urraketak salatuz. Herritarren mugimenduen murrizketa, gastu publiko handiak, eta kontra daudenen jazarpena ageri dira informazio horietan. Gurean ere abiadura handiko trenaren aurkako mugimenduak, instituzioen “bai” ofizialaz gain, ezetz esateko aukera ere badela aldarrikatzen du sarearen bidez.
Euskal lokuzioak sarean
Euskal lokuzioak biltzeko xedez Intza proiektua izeneko webgunea ezarri dute armiarma.com zerbitzarian. Damaso Intza frantziskotar nafarraren omenez bataiatutako webgune honetan euskarazko 6.195 lokuzio aurki daitezke, zuzenean edo frantsesezko zein gaztelaniazko ordainen bidez aurki daitezkeenak. Proiektuaren abiapuntua eta oinarria Koldo Izagirreren Euskal Lokuzioak bilduma izan da, bertan ageri zirenak zuzendu, txukundu eta beste batzuk gehitu ostean. Helburua euskaldunontzako doako tresna eskaintzea da, hizkera bizi eta adierazkorra lortzeko.
Online lehiaketak
Nontzeberri euskarazko aldizkari digitalak Flash formatoko animazioen Nontzeflash I. Animazio Lehiaketako irabazleak zeintzuk izan diren eman du ezagutzera. Espainiako Ignacio de Diego Pagolak lehenengo saria eskuratu du “La novia de Reanimator” animazioagatik. Kanadako, Errusiako eta Peruko lehiakideek eskuratu dituzte beste hiru sariak. Bestalde, Santurtziko udal euskaltegiak deitutako “Sarean kontari” III. Ipuin Lehiaketa Karlos Zabalak irabazi du. Beste hiru ipuin ere sarituak izan dira euskal euskaltegirik telematikoenaren lehiaketan.
Maiatzak 23, 2004
Argi gorria piztuta dago gure postontzi elektronikoetan. Azken bi hilabeteotan MyDoom, NetSky eta Bagle birusek eta euren aldaerek mundu osoko ordenagailuak kutsatu dituzte. Antibirusak inoiz baino gehiago saltzen ari dira baina gaitzak etengabe hazten jarraitzen du eta inork ez du erabateko sendabiderik ikusten. Ondoriorik larriena ez da gure ordenagailuak kutsatzea, sare osoaren saturazioa baizik. Sareko baliabide nagusia zena ia baliogabetu dute birus egileen eta spammerren artean eta, dagoeneko, bada posta elektronikoa erabiltzeari utzi dion makina bat lagun.
Milioika postontzi erabat blokatuta daude, zabor-publizitatea eta birusak e-posta hondatzen ari baitira. Gero eta denbora gehiago behar dugu egunero postontziko kaka garbitzeko. Garai batean, spam-a eta birusak banaka ezabatu egiten genituen; orain, berriz, benetakoak direnak -gutxienak- hartu, beste karpeta batean gorde eta beste guztiak ezabatu behar ditugu arinago amaitzeko.
Oraintsu arte spam-a edo eskatu bako publizitate mezuak ziren internauten kezka nagusia, gure helbide elektronikoa spammerren eskuetan jausi eta, berehala, gero eta jasangaitzagoa izango den zabor mezu zaparrada jasotzen hasiko baikara ezinbestean. Duela gutxi spam-ak benetako korrespondentzia elektronikoari aurrea hartu zion sareko trafiko osoan eta dagoeneko askoz gehiago da, baina mundu honetan gauzak azkarregi doaz. Inork uste ez zuena gertatu da azken hilabeteotan, birusek spam-a bera gainditu baitute gehienon postontzietan. Izurrite bikoitza da orain eta egunetik egunera hazten ari da.
Spam-a baino askoz izurri maltzurragoa da birusena, orain arte spammerren hatzaparretatik libre ziren helbiderik ezezagunenetaraino heltzen hasi baita. Izan ere, nahikoa lorratza utzi dugu helbide sekretu hartatik mezu gutxi batzuk bidalita, bai: ezinbestean birusak jasotzen hasi gara inor gutxik ezagutzen zuen helbide hartan ere. Baina nola heldu gara egoera honetara?
Melissa aitzindaria
Duela bost urte, jakinminak eta desioak bultzatuta, Melissa birusak milioika ordenagailu kutsatu zituen ordu batzuren buruan. Puntucom eztandaren gailurrean, gero eta lagun gehiago ari ziren estrainekoz sareratzen. Garai hartan birusena kontu berria eta interesgarria zen erabiltzaile gehienentzat, ez zuten pentsatzen birusak kutsatzeko ohorea izango zutenik.
Askori Outlook-eko sarrera-ontzian agertu zitzaien mezuak atxekitako fitxategian klik egitera gonbidatzen zien, sexua ikusiko zutela iradokiz. Dokumentuak Microsoft Word makro birusa zekarren, bere burua Outlook-eko kontaktuen zerrendako 50 helbidera bidaltzen ziona. Lagunak bidalitakoa zelakoan, beste 50 lagun horietako gehienek ere klik egin zuten eta horrela zabaldu zen lehendabiziko birus izurrite masiboa.
Ordutik hona, posta elektronikoaren bidez zabaltzen diren birusak garatu dira, are maltzurragoak bilakatuta. Euren burua mozorrotzen dute, lagunengandik datozela pentsa dezagun. Esaterako, azken aldion ugarienetakoa den Netsky birusak forma ezberdin mordoa hartzen ditu, mezuaren izenburu eta gorputz ezberdinak. Sistema askotako antibirus programek mezua bidaltzen digute, birusa bidali diegula esanez. Ez da egia, gure helbidea eta harena zituen makina batetik bidali baitiote, baina ondorioa betikoa da: mezu gehiago gure postontzian.
Dagoeneko Netsky-k ez ditu kontaktuen zerrendan begiratzen bere burua bidaltzeko helbideen bila, ordenagailu osoa arakatzen baitu. Ondoren, bere bidalketa motorea sortzen du, inoren zerbitzaria erabili barik, mezuaren jatorria izkutatzeko. Melissa agertu zenean emandako aholkuek ez dute eragin handirik izan, azken birusek agerian utzi dutenez, orduan tranpan jausitako asko berriro itsu-itsuan jausi baitira azken birusen amarruan.
Orduan askok ikusi zuten horrelako birusek spammerrei ematen zizkien aukerak: mezuak inoren makinatik bidali ahal izatea eta e-posta helbide berriak erabiltzaileen makinetatik eskuratzea. Itxura guztien arabera, aurrerantzean birusen eta spam-aren arteko nahastea agerikoagoga izango da, birusek eurek kutsatutako makinak spam-a bidaltzeko zerbitzariak bihurtuko baitituzte eta gure ordenagailu osoa arakatuko dute e-posta helbideen bila. Ondorioz, spam-a inoiz mezu gutxi batzuk bidaltzeko erabili diren e-posta helbide guztietara hedatuko da helbidea sortu eta egun batzuetara. Horrexegatik dago kinkan posta elektronikoaren beraren iraupena, egun ezagutzen dugun moduan bederen.
Errua erabiltzaileena da hein handi batean, askok ordenagailuak gutxieneko ezagutza eduki gabe erabiltzen dutelako. Autoa karnetik gabe gidatzeak ondorio larriak dituen bezala, askoren arduragabekeria telematikoek beste erabiltzaileei kalte egiten diete. Microsoft dugu, ondoren, arduradun nagusietakoa, bere Outlook eta Outlook Express programek, euren segurtasun akatsei esker, birusei hedatzen lagundu baitiete. Antibirus enpresei ere, zeharka bada ere, oraingo egoeraren ardura leporatzen diete segurtasun aditu askok, birusak garaiz geldiaraztea baino, euren ordainduzko harpidetza bidezko eguneraketa sistema saltzea hobesten dutelako.
Datorren astean gaia aztertzen jarraituko dugu eta orain arte proposatu diren alternatibak eta babes neurriak aipatuko ditugu.
LABURRAK
Go jokalariak
Txinatik etorritako joko tradizionala da Go, Asia osoan oso hedatua dago eta Europan zabaltzen ari da. Arau errazak dituen estrategia joko xaloa da Go, arauon funtsa ikastea erraza da baina goi mailako jokalaria izateko ordu asko eman behar ditugu abilezia lantzen. Agian horregatik, xakean ez bezala, ordenagailuekin egindako ahaleginek ez dute jokalari amateur baten maila gainditzea lortu. Gurean bada Gozoro talde bat, webgunea sortu duena eta astero jokatzeko bildu ohi dena.
Hizkuntzen amarauna
Unesco Etxeak Munduko Hizkuntzen Amarauna webgunea aurkeztu du, hizkuntza aniztasunaren aldeko topagune telematikoa. Horen bidez UNESCOrentzat aniztasun horren egoera eta arriskuak agerian utziko duen txostena osatzea dute helburu eta bertan diotenez, “edozein pertsonak nahiz erakundek parte hartu ahal izango du: lanak aurkeztuz, bere ezagutzak eskainiz eta bere esperientziaren ondorioz bildutako jakituria ekarriz”.
Forum-a gora eta behera
Iragan astean Bartzelonan hasi zen Forum-ak kritika ugari jaso ditu bertako ekintzaileengandik. Hizkuntza aniztasunaren aldeko webgune handi eta txukuna ere baduen arren, Forum-aren aurkako aldarrikapen ugari azaldu dira eta beronen inguruan dagoen espekulazioa, kulturen zapalketa eta enpresa handien negozioa salatzen duten webgune asko daude sarean. Indymedian ere atal osoa dago horren inguruan.
Maiatzak 16, 2004
Azken egunotan hainbat kongresu, jardunaldi, foro, feria eta topaketa batu dira bizi gaituen informazio saturazioa areagotuz. Aurreratuko dut, lehendabizi, ez dudala gehiegi sinisten kongresu mota batzuetan. Hala ere, era guztietakoak eta oso ezberdinak dira batzuk eta besteak. Egia esan, ez dut inoiz sinistu trajedunentzako antolatutako Interneti, gizarte digitalari edo ziberarteari buruzko bilkuretan. Kritikoek Bartzelonako foro famatuari ikusten diotena ere ikusten diet nik.
Duela bi aste Bilboko CiberArt kongresua izan zen baina, lana zela eta, azkenean ez nintzen bertaratu. Egia esan, egitarautik asteleheneko gonbidatu biak bakarrik interesatzen zitzaizkidan, Derrick de Kerckhove eta Richard Stallman. Azken hau, software librearen guru ezaguna, jokoz kanpo zirudien sartzeko euro mordoa ordaindu behar ziren kongresuan.
Bitartean, irakurri dudanez, 2005ean berriro egingo dute Bilbon IT4all kongresua, izenburua gorabehera, aipatu trajedunek beste trajedun batzuentzat eginikoa eta globalizazioaren aurkako taldeen eta hackerren protestak eragin zituena. Esanguratsua zen kongresuaren webgunea Explorerrerako egina izatea, IT4all (informazio teknologiak denentzako ingelesez) aldarrikapena hasieratik ezeztatzen zuena. Iazkoan multinazionaletako ordezkari franko izan zen eta ziberaktibistak zein globalizazioaren aurkakoak kanpoan geratu ziren. Kanpoaldean, hobe esan, Euskalduna jauregiaren atarian elgarretaratzea egin baizuten ekitaldiaren hipokrisia salatzeko.
Nire aburuz Interneti buruzko bilkura horiek oinezko internautentzat izan beharko lukete, sarea eraikitzen ari diren editore xumeentzat. Zintzoagoa iruditzen zait hau, inongo kongresu jauregi barik sarea bera aukeratu baitu eztabaidalekutzat. Ordainduzko vedette-hizlariek ere, ziurrenik ez dute maitatuko horrelako bilkura telematikorik (ez hamaikagarrenez nahastu telematiko eta birtual hitzak)glamour eta sos gutxikoak baitira.
Bordelen hilabete honetan izango den feria edo Bilboko Expovacaciones-i zintzotasun handiagoa ikusten diet, azken hau egin den erakustazoka berriaren izenari Eroski ere kutsatu duen ingelesarekiko menpekotasun kulturalaren zantzu berberak igartzen zaizkion arren. Probintzianismo berri horretan murgiltzeak ez die, antza webgunearen euskarazko bertsioa gaztelaniazkoaren maila berean uzteko denborarik utzi.
Maiatzak 13, 2004
Segurtasunaren eta pribazitatearen aldeko legeak gorabehera, gure makinetan badira gure datu pertsonalen eta gure nabigazio ohituren berri ematen duten hainbat programa. Espioitza programa horiek sortu dituzten ezezagunei ematen diete gure informazioa eta ez dago zer dakiten edota dakitena nola erabiliko duten jakiterik. Hala ere, euren lana eragozteko nola funtzionatzen duten jakitea eta babes neurriak hartzea komeni da.
Sarean diren iruzurren artean molestagarrienak spam-a eta birusak dira, euren eragina agerikoa baita, baina gaur izurrite isilago bat aipatu behar dugu: spyware-a edo espioitza programak. Gure makinan instalatuta, isilpeko lana egiten dute bertan gordeta ditugun datu konfidentzialak, gu ohartu gabe, programaren egileari bidalita. Besteak beste idazten ditugun testuak edo bisitatzen ditugun webguneak zeintzuk diren, banku telematikoko edo posta elektronikoko gakoak… Aukera asko dituzte programa horiek, baina horrek ez gaitu paranoiara eraman behar. Hala ere, behin irakurri nuenez, “norbera paranoikoa izateak ez du esan nahi zelatatzen ez gaituztenik”. Horregatik, ahal den neurrian, gure ordenagailua spywaretik babesten saiatu behar gara.
Publizitatean izan zuen sorburua espioitza telematiko honek, shareware programetan. Doan banatzen diren programa komertzialak dira hauek, gustatuz gero norberak hartzen baitu lizentzia ordaintzeko konpromisoa. Hala ere, jende askok ordaintzen ez zuenez eta berehalako irabaziak ziurtatzeko xedez, adware-a sortu zuten. Programa hauetan publizitate bannerrak ageri dira programa erabiltzen ari garela. Doakoak dira baina publizitatea jasan behar dugu horren ordean eta lizentzia ordainduz gero bannerrak desagertuko dira.
Programatzaile batzuek publizitate banner horiek pertsonalizatu nahi izan zituztenean etorri zen arazoa, programa horietan ordenagailuetan erabileraren monitorizazio ahalmena sartuta, erabiltzaileon jardueraren araberako iragarki pertsonalizatuak erakusteko xedez. Hori egiteko, euren argudio nagusia zera da: bildutako informazio hori helburu estatistikoekin erabilia dela, ez dela erabiltzaileen jarraipen pertsonalik egiten. Erabiltzaileak, erabilera baldintzak onartuta, bere baimena ematen duela diote, instalatzerakoan informazio hori aterako dutela jakinarazten baitute inor gutxik irakurtzen dituen testu mordoilootan. Bitartean, erabiltzaile arruntok ez gara ohartzen programa lanean dagoenik ezta zer informazio biltzen duen ere. Halaber, ez dago informazio hori enpresa ezezagun horiek nola prozesatuko duten jakiterik, ezta estatistika hutsak egiteko soilik erabiltzen duten.
Programa horiek aurkitzea eta kentzea ez da batere erraza. Hasteko, antibirus gehienek ez dute spywarea kontutan hartzen, ez baitira birusaren definizioan sartzen. Ez dute sisteman edo hardware-an kalterik egiten eta ez dute euren burua ugaltzen. Ekarri dituen programan txertatuta datoz gehienetan eta programa bera kendu beharra dago. Askotan programa kenduta ere, spywarea makinan geratzen da eta programa berezi baten bidez kendu beharra dago. Baina spywarea ez da mota horretako programen bidez bakarrik sartzen gure makinan. Sarean nabigatzen ari garela ere, Java edo Activex berezi batzuen bidez ere, programa horiek gure makinan sar daitezke, baina ohikoenak nabigatzean instalatzen zaizkigun cookie-ak edo salatariak dira. Cookie horiek webgune askotan sartzean ezartzen zaizkigu makinan eta gure makina identifikatuko dute, webgune horretan egiten dugun nabigazioaren datu guztiak apuntatuz: sartu ohi garen ordua, sarritasuna, guk ikuskatutako orrialdeak zeintzuk diren, erabiltzen dugun nabigatzailea, gure makinaren IP helbidea… Bisitariek emandako datu horiek prozesatuz, webguneek bisitarien gustuen eta nabigazio ohituren profila egin dezakete. Erabilerei dagokienez, era askotakoak izan daitezke. Spammerrek ere spywarea erabil dezakete gure makinan dauden posta elektronikoko helbideak eurei helarazteko.
Spywareari aurre egiteko neurrietan lehenengoa programak tentuz instalatzea da. Programa asko eta edozelakoak instalatuz gero ordenagailuaren abiadura motelduko da edonola ere. Gainera, fidatzekoak ez diren programek ez dute segurantzirik ematen, adibidez, Audiogalaxy bezalako truke programek spywarea ekarri ohi dute. Horrelako programen zerrenda aurkituko dugu spychecker.com helbidean eta badaezpadako programa bat instalatu aurretik bertara jotzea komeni da. Badira spywarea bilatu eta ezabatzen duten programak, Ad-Aware doakoa kasu. Beste batzuek gure ordenagailutik sarera eta saretik gure makinara dagoen trafikoa jagoten dute, ZoneAlarm kasu. Beste segurtasun neurri batzuren artean, nabigatzailean cookie-ak ezgaitzea edo noizean behin ezabatzea komeni da, gutaz gehiegi jakin ez dezaten. Explorer nabigatzailearen hobespenetan ActiveX kontrolak ezgaitzea ere neurri ona da.
Ad-Aware
www.lavasoft.de/software/adaware
ZoneAlarm
www.vsantivirus.com/za.htm
LABURRAK
Telendro baten bila
Azken bi asteotan Telendroen zoramena izan da Interneten, euskaldunon artean bereziki. Google hizpide duen Dirson bitakorak lehiaketa interesgarria jarri du abian, Googlen eginiko bilaketetan goiengo lekuak eskuratzeko webmasterrek duten abilezia probatzeko. Apirilaren 26an Googlen emaitzarik ematen ez zuen telendro hitza asmatu dute eta, berau bilatzean, emaitzetan lehenengo lekua eskuratzen duenak eramango du saria. Une honetan Aurki euskal bilatzailea dugu lehenengoa baina iraila arteko epea dago Google menperatzeko.
google.dirson.com
www.aurki.com/Telendro
Sasser birusa
Windows XP eta 2000 sistemako ordenagailuak kutsatzen dituen azken birusak buruko min handiak ari da eragiten. Ordenagailua geuk agindu gabe itzaltzen bazaigu litekeena da Sasser birusak kutsatuta egotea. Sistemaren segurtasun zulo bat baliatzen du birusak makinetan sartzeko, baina ez zaigu e-postaz sartuko edo webgune batean nabigatuz gero. Nahikoa da sarera konektatuta egotea, birusak IP helbideak bilatzen ditu eta, ondoren, bertan zulorik badago sartu eta exekutatuko da gure makinan. Hori gerta ez dakigun azken segurtasun txatalak instalatu behar ditugu, Windows Updatek apiriletik eskaintzen dituenak. Eguneratzeko oharrari jaramonik egin ez bagenion, dagoeneko kutsatuta egongo gara. Birusa kentzeko, lehendabizi, automatikoki itzaltzea galarazi behar diogu makinari, Hasiera menuan exekutatu aukeratuz eta, ondoren, “shutdown -a” idatziz. Ondorengo argibideak microsoft.fr edo microsoft.es webguneetan aurkituko ditugu.
Windows XP euskaraz
Gatesen azken sistema eragilea euskaraz erabili nahi dutenek dagoeneko aukera dute, UZEIk eta Elhuyarrek egindako itzulpena sarean eskuragarri baitago iragan astetik. Itzulpena doakoa da, hau da, ez dago Windows XP euskaraz erosi beharrik. Sistema honek orain LIP (Language Interface Pack) sistema erabiltzen du lokalizaizoetarako, interfazearen hizkuntza moldagarria izan dadin. Nahikoa da itzulpenak dakartzan LIP artxiboa saretik jaistea eta instalatzea sistema eragilea euskaratzeko. Microsoftek oraingoan itzulpena berak ordaindu izana eta lokalizazioak errazteko sistema hau erabiltzea Linux-en eraginpekotzat jotzen dituzte hainbat internautek, Eusko Jaurlaritzak sofware librearen alde egindako hautuak multinazionala mugiarazi baitu.
Itzulpena eskuratzeko
tinyurl.com/2nvf6
Maiatzak 9, 2004
Txiripaz, Orson Welles-en bila googleatzen euskal zinema ziklo interesgarria aurkitu dut. Maiatzean izango da eta, besteak beste, film hauek eskainiko dituzte: Euskal Pilota, Yoyes, Ama Lur, Vacas, Around the World with Orson Welles: The Basque Countries, El Mayorazgo de Basterretxe, El Proceso de Burgos. Interesgarria oso, baina filmok ikusteko Londresera joan beharko dugu. Bertako British Film Institute-n eskainiko dituzte. Agian Easyjet hartu eta eskapadatxua egingo dut.
Maiatzak 4, 2004
Lehendik Googlen ez zegoen eta asmatu berri duten Telendro hitza emanda lehiaketa antolatu du Dirson-ek. Lehiaketaren helburua Googlen hitz horrekin eta bakoitzak Googleren sailkatze algoritmoez dakiena aplikatuz, webmasterrek Googlen Telendro hitzaren bilaketan lehenengo lekua lortzea dute helburu. Baina zer da Googlen lehenengoa agertzea?
Dirsonen zehazten dutenez, ingelesezko interfazean agertuko dena kontutan hartuko dute lehiaketan. Baina aise froga dezakegunez, ez da ber gauza Telendro bat Google.com-en bilatzea, edo Google.es-en bilatzea (sare osoa kontutan hartuta). Azken honetan ere ez dizkigu erantzun berak emango paginas en español-en bakarrik bilatzeko aginduta (Aurkirena ere agertzen da hemen, 10. lekuan eta Papel Continuo-rena dago lehenengo) edo paginas de España atalean bilatzeko aginduta (hemen ere Aurkirena ageri da, 5. lekuan, baina lehenengoa telendro.org da). Azken bilaketa honetan egiaztatu ahal izan dudanez, nire sarean.com hau ez du Espainiartzat hartzen Googlek, Aurki berriz bai. Benetan kriptikoa eta, inondik inora bitxia da Googlek webguneak sailkatzeko duen logika, guztiz ilogikoa ere izan baitaiteke eta inondik inora perfektua ez da. Google.fr-en bilatzeko aginduz gero (sare osoan), Aurkirena ageri da lehenengo lekuan, papel continuo bigarrena eta telendro org hirugarrena.
Lehiaketan neuk ere esku hartzea erabaki nuen, kuriositatez, ez baitakit nire PageRank-a zein den ere eta Googlek sailkapenerako erabiltzen dituen beste irizpideak ez baititut ezagutzen. Baina Aurkik bestela planteatu du erronka: euskaldun guztiok bat egin dezagun bere alde, euskal webgune batek lehiaketa irabaz dezan, euskal ordezkariaren aldeko google bombing moduko bat, azken finean.
Batzuek, Googlek hobetuko sailkatuko dituelakoan Blogspot-en ezarri dituzte euren Telendroak eta telendroen gaineko webguneak (1), (2), (3), (4), (5). Baten batek ere, bere zerbitzuak iragartzeko baliatu du lehiaketa.
Gaur eguerdian lehenengo lekuan ageri denari Gmail-en posta kontua emango diote Dirsonekoek. Litekeena da Aurkik eskuratzea.
Maiatzak 3, 2004
Negu Gorriak taldeak abesten zuenez, “sindikatzea gure buruak antolatzea da”. Sarean ere, gero eta webgune gehiagok euren edukiak sindikatzeko aukera ematen dute eta oso tresna erabilgarria da sindikazioa. Baina zer demontre da sindikazioa? Bada, labur azalduta, webgune baten informazioak formato esportagarri batean jartzeari esaten zaio sindikazioa. Horretarako webgunearen kudeaketa sistemak dinamikoa izan behar du, ez HTML kode estatikokoa. Honek beste galdera batera garamatza, zer ote da webgune dinamiko bat?
Webgune estatikoak HTML kode hutsez eginikoak dira, maketazio programa bat erabiliz edo kodea tekleatuz osatzen den unitatea. Testu artxiboak dira HTML orrialdeak, normalki .htm edo .html amaiera dutenak eta FTP bidez zerbitzarira igotzen dira. Nabigatzaileak web orrialde horiek bisitatzean kodea interpretatu eta guri kodeak eman dion maketazio edo itxurarekin erakutsiko dizkigu datuak.
Baina azken urteotan webgune dinamikoak hedatuz joan dira, batetik web orrialde baten edukia, bestetik itxura edo estiloa eta bestetik txantiloia edo aurkeztuko ditugun elementuak definitzen dituena. Edukiak datu base batean gordetzen dira eta guk nabigatzean beste elementuen arabera ikuskatuko ditugu webgunea bisitatzean. Hiru elementuak independienteak dira, bakoitza bere aldetik alda daitezke eta, haietako bat aldatu ostean webgunea berrosatzen denean, webgunea aldatuta agertuko da.
Adibidez, albiste baten testua aldatzen badugu, hori datu basean egingo dugu, ez maketazio programa batean. Aldaketak gorde ostean webgunea berrosatzen da eta webgunea aldatuta agertuko da nabigatzailearekin bisitatzean. Estiloari dagokionez, demagun webgune osoko albisteen testuen letra mota eta kolorea aldatu nahi dugula. Nahikoa izango dugu estiloak definitzen dituen orrialdean aldaketa txiki bat egitea webgune osoko albisteen testua eta kolorea alda dadin. Azkenik, txantiloiak aldatuz atal mota oso batean agertzen diren elementuak alda daitezke. Nahikoa izango da txantiloian lotura berri bat sartzea edo esaldi bat gehitzea, berrosatutakoan webgune osoko orrialdeek aldaketa hori ager dezaten, HTML orrialdeetan banaka-banaka aldaketa bera mekanikoki egiten ibili beharrik gabe.
Datuak, beraz, datu base batean daude eta txantiloien bidez moldagarriak dira, edozein forma eman dakieke txantiloien bidez. XML esaten zaio eduki berak modu ezberdinez aurkeztu ahal izateari eta datu horiek txantiloi jakin batzuen bidez sindikaziorako estandar diren formatoetan esportatu daitezke.
Blog edo bitakoren hedapenak bultzatuta eta sindikatzeko formatoen garapenari esker sekulako garrantzia hartzen ari da sindikazioa. Azken finean, aldizkarien maketazioan Macintoshak eta autoedizioa agertzean gertatu zen bezala, oraintsu arte programazio informatiko korapilatsu eta garestien bidez soilik lor zitekeen emaitza egun zerbitzu erabilterraz eta merkeen bidez lortzen da. Edonork webgune dinamikoa sortu eta mantendu dezake gaur egun, duela bi urte oso gutxiren esku zegoen ahalmena, eta sistema horiek gure edukiak sindikatzea, esportatzea ahalbidetzen digute.
Aplikazio praktikoak
Sindikazioari esker, nork bere webgunean beste webgune bateko titularrak jar ditzake, webgune hark bere edukiak sindikatuta badauzka. Hori egiteko azalpena sarean.com bitakoran aurki ditzakegu, gaiari lotutako beste argibide zenbaitekin batera. Baina askoz gauza gehiago egin daitezke datu horiekin. Azken aldi honetan oso modan daude news aggregators edo albisteen biltzaileak. Webgune baten bidez edo gure ordenagailuan ezarritako programa baten bidez gure gustoko hainbat informaziogunetako azken albisteak irakurtzea ahalbidetzen digute horiek webgune guztiak bisitatu beharrik gabe. Albiste biltzaileak informazioa eskura jarriko digu era eroso batean, sindikaziotik elikatzen delako. Guk gauza bakarra egin behar dugu: berak arakatzea nahi dugun webgunearen RSS feed-aren helbidea zein den biltzaileari adierazi eta berak eskuratuko du informazioa guretzako. RSS feed-a zera da, datu basearen edukiak txantiloi baten arabera moldatuta sindikatzeko estandarraren arabera moldatuta erakusten dituen testu orrialdea.
Sindikazioaren emaitzak sarean ikusteko Bloglines zerbitzura jo dezakegu, gure ordenagailuan programa bat instalatu barik. Edozein nabigazailetik erabil daiteke, baita PDA eramangarri batetik ere. Bertan edonork zabal dezake kontu berria doan, e-posta helbidea emanda. Nahi dituen beste feed gehitu eta karpeten arabera nahi dugun erara ordenatu ditzakegu. Gero eta euskarazko webgune gehiagok beren edukiak sindikatzen dituzte eta horren erakusgarri dugu Bloglines zerbitzuan norbaitek sortu duen euskaraz izeneko bilduma.
Bitakoren munduan beste aplikazio batzuk baditu sindikazioak. Esaterako, weblogabout.com bilatzailea da, baina gaztelaniazko bitakoretan soilik bilatuko ditu bila gabiltzan kontzeptuak eta hori oso ondo dago azken uneko joera edo gertaerei buruz nork idatzi duen jakiteko. Albiste zer den aurkitzeko sindikaziotik ere elikatzen den beste zerbitzu bat dago, Blogpulse izenekoa. Bitakoretan azken egunotan gehien aipatutako lotura, kontzeptu edo hitzen sailkapena erakutsiko digu, aipatuta agertzen diren orrialdeen helbideak emanez. Webmasterrei beste webgune batetik beraienera norbaitek lotura jarri duela ohartarazten die technorati.com zerbitzuak.
Baina sindikatutako edukien moldagarritasuna ez da bitakoretara mugatzen: BBCren albisteak, eguraldi iragarpenak, Amazon-en produktuen zerrendak, azken lan eskaintzak biltzen dituzten zerbitzuak… Yahook berriki bere My Yahoo! zerbitzuan RSS feed-ak integratu ditu, gure neurrirako ataria ikus dezagun. Noski, Microsoftek ere bere hurrengo sisteman txertatuko dituela diote zurrumurruek. Berriki Atom izenburupean RSS estandar berria sortu da, ahalmen handiagokoa eta datozen hilabeteotan sindikazioa asko garatuko da, ziur.
LABURRAK:
Diasporak albistegi berria
New Yorkeko euskal etxeak informazio webgunea ezarri du Interneten aste honetan. Albistegi txukuna da eeny.org domeinuan aurkituko duguna, ez euskal etxeari buruzko katalogo estatikoa, New York eta Euskal Herria informazio esparrutzat hartzen duen aldizkari digitala baizik. Bertan gaika sailkatuta daude albisteak, hurrenez hurren, New York, Euskal Herria, AEBetako euskal diaspora eta New Yorkeko euskal etxea hizpide duten ataletan. Informazioak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez idatzita daude eta laster frantsesez ere egongo dira. Bertako euskaldunentzat ezezik, etxeorratzen hiria bisitatzen duten euskal herritarrentzat baliagarria izatea espero dute sustatzaileek.
Google azkenik burtsara
Duela hilabete aurreratu genuen moduan, azkenik Google burtsara atera da. Ostegunean bertan 2.700 milioi dolarreko kapitala osatzen duten akzioak ateratzeko behar diren izapideak egin zituen enpresak. Puntucom-en gainbehera izan zenetik Interneteko enpresa bat burtsara ateratzeak ez du horrelako irrikarik eragin eta, inbertsoreek ezezik, Googleko langileek eurek ospatu zuten hainbeste aldiz atzeratutako erabakia. Orain burtsara ateratzeak enpresaren bidea okertuko ez duela segurtatzen nahikoa lan izango dute Sergey Brinek eta Larry Pagek.
Sukaldaritza online
Sukaldaritzari buruzko webgune interesgarri bi aurkitu ditugu sarean. Alde batetik, Leioako ostalaritza eskolak sortutako Gastronomia Vasca webgunea dugu, euskarazko eta erdarazko bertsioak dituena. Mota askotako errezetak biltzen ditu, argazki eta guzti, bakoitzaren elikadura osagaien informazioa lagunduta. Bestetik, Sukaldeon webguneak oso diseinu txukun eta arina du, euskara hutsezkoa da eta irakurleen esku hartzeari zabalik dago. Errezetez gain bestelako informazioak ematen ditu, euskarazko sukaldaritza hiztegia, jatetxeen gida eta argitalpen interesgarriak kasu.
Maiatzak 2, 2004
Gure bitakoraren edukiak sindikagarriak badira, bada gure titularrak inoren webgunean txertatzeko modu asko. Azken finean, titularrak txertatu nahi duenak HTML kode zati txiki bat itsatsi beharko du titularrak agertzea nahi duen lekuan.
Korapilotsuena (niretzako) nork bere script-a sortzea litzateke. Nik beste bat asmatu dut, Movable Type-k txantiloien bidez index ezberdinak sortzeko ematen duen aukera baliatuta, baina ez dakit inoren webgunean txertatzeko zer egin behar den.
Badira sindikatzeko aukera duten webguneen titularrak nork bere webgunean txertatzeko aukera eskaintzen duten zerbitzu batzuk. Esaterako, kode hau zure webgunean jarriz gero:
Eguneraketa: (a ze torpea naizen, hemen txertatuz gero kodea ikusi barik exekutatu egiten da. Ikus HEMEN txertatu beharreko testua).
…automatikoki Sarean-en titularrak agertuko dira zure webgunean. Baina babeslearen lotura jartzen dizute. Sustatukoek eurena egitea lortu dute, nik hasierako orrialdean jarrita daukadana, baina programazio arloan jende aditua dago bertan.
Maiatzak 2, 2004
Lagunekin uneoro kontaktuan egoteko
Berehalako mezularitza posta elektronikoaren antzekoa da, baina jasotzaileak berehala jasotzen du gure mezua eta segituan erantzuteko aukera dauka. Konektatzen garenean gure lagunetatik zeintzuk konektatuta dauden ikusteko aukera daukagu, eurek ere gu konektatu garela ikusiko dute eta eurekin berriketa egin ahal izango dugu denbora errealean. Beraz, chat berriketa sistemen eta posta elektronikoaren arteko nahasketa da. Ingelelesez Messenger esaten zaie bat-bateko mezularitza sistemei eta euskaraz dagoen horrelako zerbitzu bakarrak Jalgi-Talki du izena.
Berehalako mezularitza programan leihotxo bat daukagu mezuak idazteko eta emoticons ikonoak gehitzeko. Jasotzaile bati edo gehiagori bidali eta berehala jaso dezakegu erantzuna. Azken bertsioetan gero eta aukera gehiago datoz, hala nola, audio bidezko elkarrizketak egiteko aukera, telefonoa ordezkatuz, online jokoetan beste lagunekin telematikoki lehiatzeko aukera eta batak besteari artxiboak eta programak bidaltzeko aukera. Berehalako mezularitza sistemei esker sare sozial modukoak sortzen dira, unean unekoak, baina noizean behin deskonektatuta egotea komeni da eta badira dependentzia kasuak ere, gauza guztiekin bezala ez baita komeni gehiegi obsesionatzea.
Arlo honetan arazo nagusia programa ezberdinak egotea dugu eta euren arteko bateragarritasun eza. Hasiera batean ICQ programa zen berehalako mezularitzan jaun eta jabe, baina 2000. urtean Microsoft-en MSN Messenger agertu zen eta modan jarri zen bat-bateko mezularitza. Izan ere, Explorer programarekin eta Microsoft-en beste programa askorekin gertatu den bezala, bere bertsioa sortu eta denboraren poderioz inposatu egin du Bill Gates-en enpresak. Windowsen azken bertsioetan berez instalatuta dator MSN Messenger, are gehiago, Windows XP sistema instalatu bezain laster ordenagailu erosi berriak Messenger konturik daukagun galdetuko digu eta egitera bultzatuko gaitu Microsoften sistema eragileak. Jendea, beste aukerarik dagoen galdetu gabe, hura hasten da erabiltzen eta askok ez dakite alternatibarik dagoenik. Nabigatzeko Explorer baizik ez dela uste dute askok eta beste askok programaren izena ere ez dakite, nabigatzeko euren pantailan “Internet” dioen ikonotxoan klik egiten dutelako.
Noski, erabiltzaile gehien dituena MSN Messenger da egun, baina badira beste batzuk: AOL Instant Messenger, Yahoo! Messenger eta ICQ dira alternatiba nagusiak, horietako bakar bat ere euskaraz ez badago ere. ICQ aitzindaria izan zen baina bere arazoa ez da bakarrik Microsoftek bere bertsioa atera izana: denbora honetan ez da gehiegi garatu eta ICQ programan nork bere zenbakia gogoratu behar zuen, hura zen gure nortasuna adierazteko modua. MSN Messengerren, berriz, izena ere alda dezakezu, baina ICQn askoz lagun gehiago gehitu ditzakezu eta MSN Messenger birusen aurrean ahulagoa da.MSNren beste akats bat da une jakin horretan dagoen erabiltzaile bati idatzi ezin izatea, Microsoft-ek mezuak bidaltzeko Hotmail erabil dezagun nahiago baitu. MNSren aldeko beste faktore bat dugu Hotmail-en e-posta kontua duen edonork jada MSNn ez duela altarik egin behar, baina Yahook abantaila bera du eta haren posta zerbitzua Hotmail baino hobea da.
Denentzako estandar bakar bat ezin izango da lortu, lehiakideak ezin baitira ados jarri, baina badira aldi berean protokolo ezberdinak erabiltzen dituzten programak. Oso lagun gutxik erabiltzen dituzte baina oso erabilgarriak dira eta batzuk software librekoak dira. Kopete Miranda eta Jabber dira hauetako batzuk.
Trillian batzuen zein besteen sareak erabiltzeko sortu zuten. Gainera, MSN Messengerek dituen segurtasun zuloak ez ditu, baina doako bertsioa zaharra da eta berria ordaindu behar da
Miranda, berriz, doakoa da eta GPL lizentziapean argitaratzen da, oso memoria gutxi okupatzen du eta ez dauka instalatu beharrik. Beste alternatiba bat kode irekiko Jabber dugu
ICQ aitzindaria instalatu daiteke edo, bertan kontua edukiz gero, edozein ordenagailutik sar gaitezke gure kontuan, ezer instalatu gabe. Java bidez funtzionatzen duen ICQ to go helbidera jo eta konektatuta egongo gara. Azken hau edozein plataformatan erabil daiteke.
Fire, berriz, soilik Mac Os X sisteman erabil daitekeen mezularitza zerbitzua dugu, hainbat zerbitzu erabiltzeko aukera emango digu aldi berean: AIM, ICQ, Jabber, MSN eta Yahoo! Messenger. Mac-erako beste bat Adium da eta Linux erabiltzaileek Kopete erabil dezakete.
Jada eskuragarri dago sarean MSN Messenger 6.2, baina dirudienez ez ditu erabiltzaileak asebete. Segurtasun zuloak dituela askotan salatu dute, birusak sartzeko bidea zabalik uzten dutenak. Horregatik azken bertsioa edukitzea komeni da beti eta sistema ere azken txatalekin eguneratuta edukitzea ezinbestekoa da seguru nabigatzeko.
Maiatzak 1, 2004
Aurreko idatziak