Apirila, 2004 hilabeteko artxiboa
Telendro bat aurkitu nuen lehenengo egunean. Egia esan, aspaldi probatu nahi nuen zer hori, jende askok aipatu dit eta erostekotan nenbilen… Baina lehenengo egunean aurkitu nuen hura hobetzeko asmoz edo, neurea sortzea erabaki nuen. Egia esan, telendro batzuk nirea baino askoz hobeak izango dira baina telendroen sailkapenean nireak leku ona izango duelakoan nago. Bide batez nire telendro honen kokapena probatuz, sailkapen horretan nire lekua zein den ikusiko dut.
Badakit telendro baten sailkapena hobetzeko hainbat trikimailu badirela, baina nire asmoa ez da, azken finean, telendrorik onena edukitzea. Hori horrela dela frotatzeko, beste euskal telendro batzuk aipatuko ditut. Hiru.com-en dagoenak harritu nau bereziki, ez bainuen espero bertan bat topatzea. Aurki bilatzaileak ere berea egin du eta, Sustatun irakurri berri dudanez, propaganda kanpainia egin nahi du Telendrorik onenaren saria eskuratzeko. Atxukale mutrikuar aldizkariak ere propaganda egin dio baina nire asmoa ez da bilatzailea engainatzea, nire webguneak duen sailkapena ikustea baizik.
Apirilak 30, 2004
Demagun aurrerantzean enpresa bakar bati ematen zaiola Europan sagar tartak egiteko baimena, edo gure seme-alabek eskolan Pitagorasen teorema erabiltzeagatik ordaindu behar dutela. Sinesgaitza litzateke, ezta? Bada, softwarearekin horrelako zerbait gerta daitekeela salatzen ari dira software librearen aldeko aktibistak. Iragan astean mobilizazioak izan ziren, sarean eta kalean, Europan softwarearen gaineko patenteak onar ez ditzaten. Gizakion garapen teknologikoa dago jokoan.
Gaur egun softwarearen industria oso negozio garrantzitsua da, programak sortu eta saltzen dituztenak zenbait kasutan ordenagailuak egiten dituztenak baino aberatsagoak dira. Microsoft dugu softwarea eginez gehien aberastu den enpresa, baina horrelako erraldoi batek informatikaren garapena lagundu barik oztopatu egin duela uste dute erabiltzaile eta aditu gehienek.
Programa eta sistema eragileak hainbat programatxo biltzen dituzte euren baitan eta patentatutako hainbat kontzeptu baliatzen dituzte. Kasu bitxi batzuek agerian utzi dute gai honen garrantzia eta patenteek ekar ditzaketen ondorio larriak, plug-in delakoen gainekoa kasu. Eolas izeneko enpresa batek plug-in kontzeptua patentatu zuen 1998an eta orain hasi dira horien erabileragatik dirua eskatzen. Sareko nabigazioan nabigatzailearen funtzioez harago doan edozein programatxo kargatzeko erabiltzen da plug-in kontzeptua: flash artxiboak, java applet-ak, RealMedia edukiak… Eolasek Microsoft-i dirua eskatu dio lehenengo, baina edonori eska diezaioke nahi izanez gero, denok erabiltzen baitugu teknologia hori. Baina edozein programatzaile, programa berria sortzen duenean, aurretik garatutako kode zatiak hartu eta egokitzen ditu, ez da inoiz zerotik abiatzen. Software patenteek programa berriak garatzea ia ezinezkoa bihurtuko lukete. Europan patenteen aurkako mugimendua koordinatzen ari den Foundation for a Free Information Infrastructure-ren (FFII) webgunean diotenez, Haydn-ek “sinfonia, soinua sonata zabal baten forman sortutako soinua ezaugarri duena” patentatu izan balu, Mozart-ek arazo legalak izango zituen.
Egun sarean argazkiak jartzeko formatorik erabiliena dugu JPEG, bere konpresio maila onak eta erabilerak estandar bilakatu baitute. Bada, aste honetan Forgent Networks izeneko enpresak 31 enpresa salatu ditu estandar hori bere baimenik gabe erabiltzeagatik. Enpresa horrek AEBetan 4,698,672 patentea dauka, irudien konpresiorako algoritmo bat jasotzen duena. Euren esanetan JPEG estandarrak patente hori baimenik gabe bortxatu du. Hurrengo urratsa euren webguneetan jpg irudiak jartzen dituzten guztiak salatzea litzateke eta hurrengoa irudi horiek bere baimenik gabe ikuskatzen dituzten internauta guztiak salatzea litzateke. horrek agerian uzten du software patenteen arazoa zein absurdoa bilaka daitekeen eta nolako galga izan daitezkeen horrelako murrizketak.
Horiek adibideak baizik ez dira, baina askoz gehiago jar daitezke eta are gehiago agertuko dira etorkizunean software patenteak Europan onartzen badira. Europar Batasunean indarrean dago 1973ko patenteen aurkako ituna, ordenagailuetarako programak patentatzea espreski debekatzen duena. Hala ere, jabego intelektuala eta industriala babestu nahi dituzte, azken hau bereziki, eta horretarako dago patenteen bulegoa. Multinazionalak eta patenteetan berezitutako abokatu batzuek presioa egiten ari dira Europak software patenteak onar ditzan. AEBetan dagoeneko giza genoma bera ere patentatu dute eta, noski, software mordoa ere bai. Presio hauen aurrean ezezko jarrera adierazteko, Europako Parlamentuak software patenteen aurka bozkatu zuen 2003ko irailaren 24ean, milaka herritar eta enpresak bultzatutako ekimenari sostengua emanez eta aurten onartu behar den arauari mugak jarriz. Hala ere, erabaki hauen guztien aurka, Europan milaka software patente erregistratu dira dagoeneko.
Gainera, Europar Batasuneko presidentziak iazko irailean onartutako muga guztiak ezabatu nahi dizkie patenteen aldeko enpresei eta direktiba muga horiei jaramonik egin gabe onar dezaten proposatu du. Horrek software librearen aldeko mugimenduaren erreakzioa ekarri du. Apirilaren 14ean manifestazioa izan zen Bruselako kaleetan eta sarean ere protesta ugari izan dira hilaren 5etik 15era, 2.100 webgunetan ikusi ahal izan baitira kanpainiaren bannerrak edo salaketa orrialdeak. Bertan salatzen dutenez, patenteen gaineko direktiba onartuz gero, egun indarrean dauden programen erdiak legez kanpokoak izango dira.
Stallman doan ikusteko aukera bihar
Hemen iragarri genuen moduan, Richard Stallman Bilbon izango da bihar, Euskalduna jauregian, Ciber@RT kongresuan hitzaldia emateko. Programa informatikoen erabilera, kopia, banaketa eta egokitzapen edo hobekuntza librea aldarrikatzen du Stallmanek. Software librearen aitatzat daukate, 1984an sistema eragile librea osatzeko GNU proiektua eta berau babesteko Free Software Foundation taldea sortu baizituen. Orduz gero munduan harat-honat dabil softwarearen erabilera librea aldarrikatzen eta jabedun softwareak garapenari egiten dion kaltea salatuz. Software librearen zabalkunde lan politikoa egiten du egun, guru moduan hitzaldiak ematen. Goizeko 9.40ean Software librea, kultura librea izenburupean ingelesez emango du hitzaldia. Euskalduna jauregiko hitzaldira sartzeko kongresurako matrikula ordaindu dutenek izango dute lehentasuna, baina arratsaldeko 17.30etan Deustuko unibertsitateko paraninfoan bertako hacker eta ikasleekin bilduko da, denentzako topaketa irekian. Bertan gaztelaniaz emango duen hitzaldia bere klasikoa da: Software librearen mugimendua eta GNU/Linux sistema eragilea.
Patenteen aurka
swpat.ffii.org
Adibide absurdoak
swpat.ffii.org/patents/
LABURRAK
Bitakorak paperera
Gaztelaniazko blogosferan badira erreferentzia bilakatu diren hainbat webgune, Alt1040, eCuaderno, Minid, Tintachina, Zona Geek eta beste batzuk. Duela egun batzuk fenomeno hori aztertzen duen Blogpocket metabitakoran PDF formatoko aldizkaria osatu dute Weblog Magazine, paperean edo pantailan irakurtzekoa. Zero zenbakian hainbat weblogger ezagunen idatziak eta elkarrizketak daude diseinu txukuneko aldizkaria osatuz. Saretik bertatik eskura daiteke Blogpocket-en.
www.blogpocket.com
Bin Laden birusa
Azken egunoan Bin Laden protagonista duen mezu elektronikoa hedatzen ari da, spam-a troiar birusekin konbinatzen dituena. Spam moduan bere burua zabaltzen duen birusak Bin Laden harrapatu dutela jakinarazten die erabiltzaileei, webgune baterako lotura emanda. Loturan klik eginez gero, itxuraz publizitatea duen webgune horretara bideratuko gaitu nabigatzaileak. Bertan sartutakoan, Trj/Small.B izeneko troiar birusa sartuko zaigu ordenagailuan, Explorer eta Windows-en ahulezia bat profitatuz. Nabigatzailea eta antibirusak eguneratuta eduki behar dira eta horrelako mezuei jaramonik egin gabe zuzenean ezabatzea da onena.
Autostop-a sarean
Autoa partekatzeko proiektu interesgarria aurkitu dugu sarean, bidaiak egiteko aspaldi Alemanian indarrean dauden autostop agentzien modukoa. Bidaia bat egin aurretik zure hiriari dagokion lotura sakatu eta agian helburu bera duen norbait aurki dezakezu. Aurkituz gero hainbat ezaugarri irakurri ahal izango dituzu: autorik duen, bidaiaren arrazoia zein den, datak eta bestelako jakingarriak. Posta elektronikoaren bidez kontaktuan jarri eta, nahi izanez gero, bidaia profita dezakezue elkarrekin joanez.
www.compartir.org
Apirilak 25, 2004
Ahaztu telefono eta modem-ak, kableak eta ADSL konexioak. Internetera konektatzeko modurik onena etxeko entxufea bera izango da. Aspaldi agindu ziguten eta, Iberdrolak agindu duenez, udazkenerako hasiko da gurean hedatzen teknologia hau. ADSL arruntak baino abiadura handiagoa izango du eta merkeagoa izango ei da.
PLC sistema gurean zabaltzeko Niscko israeldar enpresarekin akordioa egin du Iberdrolak, hark garatutako sistema hemen ezartzeko. Funtsean, PLC sistemak energia elektrikoaren banaketa sarea erabiltzen du etxeetara konexioa helarazteko. Elektrizitatea frekuentzia apaleko korronte alternoaren bidez heltzen zaigu (50 Hz). PLCak, berriz, frekuentzia altuak erabiltzen ditu (1,6MHzetik 30era) datuak garraiatzeko, ADSL konexioak telefono hariekin egiten duen bezala, frekuentzia ezberdinak erabiltzea da gakoa.
Banda zabaleko komunikazioa eskuratzea ahalbidetuko digu PLCak aparteko instalaziorik egin gabe. Elektrizitatea berdin jasotzen jarraituko dugu, nahikoa izango dugu ordenagailua eta entxufea izatea, biak modem moduko aparailu baten bidez konektatu eta sarean nabigatzen egongo gara. Abiadura simetrikoa izango du, datuak jaisteko zein bidaltzeko 600 Kbps-ekoa, ADSL arrunt batek 256/128 Kbps-ekoa duen bitartean.
Prisa edo entxufetik datuak sare elektrikotik garraiatzen dira goi frekuentzia horien bidez, etxeko kontagailuen lekuan egongo den anplifikadore bateraino. Honek transformazio gunean egongo diren aparailuetaraino bultzatuko du seinalea. Bertan bezero guztien seinaleak hartu eta Internetera bidaliko dira, zuntz optikoa, satelitea edo LMDS konexioak erabiliz.
Urte bukaerarako PLCa kontratatzeko aukera izango dute Hego Euskal Herriko biztanleek. Hasieran Iberdrolak ez zuen gurean zerbitzua momentuz eskaintzeko usterik, baina presioak direla medio, bere jarrera aldatu du eta udagoienean hasiko da bi motatako kontratuak eskaintzen, hileko 24 edo 39 eurokoak, abiaduraren arabera. Dagoeneko Madrilen probak egin ditu Iberdrolak eta 10.000 bezerori PLC zerbitzua ematen die bertako bi auzotan. Iberdrolako arduradun Miguel Angel Sanchez Forniek onartu duenez, «oso eskaera handia» somatu dute. Hala ere, Forniek argitu duenez, Iberdrola ez da komunikazio hornitzaile bilakatuko: «gure bezeroei zerbitzuak emango dizkiegu, baina sare hauek egun merkatuan dauden hornitzaileetako edozeinek erabili ahal izango ditu», zehaztu du.
Munduko beste leku batzuetan ere garatzen ari dira sare elektrikoaren bidezko konexioak. Merkaturatzen aurreratuenak alemaniarrak izan dira, bertako RWE enpresa uda partean hasiko da zerbitzua eskaintzen. AEBetan oso azkar ari da hedatzen BLC (Broadband Power Line) izenarekin. Bartzelonan Endesa ari da horrelako sistema baten probak egiten. Electricite de France enpresak probak egin ditu Buenos Airesen (Argentina), Endesarena bezalako sistema bat erabiliz. Hong Kong-en zerbitzua abian jarri du InnovaTech enpresak eta Brasilen, Italian edo Malasian ere antzeko probak ari dira egiten elektrizitate enpresak, Internetek eman dezakeen negozioaren jakitun.
Irratizale batzuk kexu ageri dira, eurek erabiltzen dituzten VHFren CB frekuentzietan interferentziak eragingo dituen beldurrez. Britainia Handian arazoak izan ziren hasieran, lokiak antena bihurtu eta datuak aireratzen baizituzten, baina lokien forma aldatuz eta transmisioaren potentzia jaitsiz konpon daitezke arazo horiek.
Horrelako arazorik izan ez dadin Europako Batzordeak sare elektrikoaren bidezko konexiorako estandarrak sortu nahi ditu. Horretarako sortu dute Opera proiektua (Open PLC European Alliance) eta berau Iberinco enpresak koordinatuko du. Iberdrolaren eskumeneko enpresa horrez gain beste enpresa eta ikerketa zentro batzuek esku hartuko dute Operan, Cybereuskadik azaldu duenez. Iberdrolak PLC komunikazioari buruz eginiko ikerketa gehienak Valentzian egin ditu, bertan baitago DS2, arlo honetako enpresarik garrantzitsuenetakoa.
Orain arte ADSL konexioa zen estimatuena, telefonoa, satelitea eta zuntz optikoaren gainetik. Azken urteotan ADSL konexioen kopurua izugarri emendatu da, hedapen zabala eta salneurri eskuragarria duelako. Baina PLCaren bidez are eskuragarriagoa izango da 24 orduko banda zabaleko konexioa. Datuak garraiatzen dituenez, ahots eta bideo seinale digitalizatuak ere transmititzeko erabil daiteke PLC teknologia; horregatik aurrerakuntza ugari ekarriko du aurrerantzean sistema honek.
LABURRAK
Zientzianet berria
Webgunea eraberritu du zientzia.net atariak. Zientzia dibulgazioa euskaraz egiten duen webgune hau Elhuyar fundazioak argitaratzen du eta oso albiste eta txosten interesgarriak ditu. Diseinu berria eta atal berriak izango ditu aurrerantzean webguneak: astronomiaren inguruko albisteak, liburuen iruzkinak eta irakurleen iritziak jasotzeko txokoa. Gainera, lehiaketa batean esku hartu ahal izango dute irakurleek, astero bost galderari erantzunda. Zuzen erantzuten dutenen artean, Elhuyarren produktuak zozkatuko dira astero
Netscape berriro
Denok hiltzat eta AOLk lurperatutzat ematen genuenean bueltatu da Netscape, baina ez nabigatzaile moduan. Netscape desktop navigator berriarekin bilaketak egin ditzakegu eta kale-izendegia edo albistegia ikusi, beste aukera interesgarri batzuez gain. Web orrialde baterako lotura sakatuz gero, aurretik geuk aukeratutako nabigatzailean zabalduko da, programak ez baitauka nabigatzeko ahalmenik.
Amazonen bilatzailea
Ustekabeko lehiakidea agertu da bilatzaileen arteko gatazkan. Amazonek liburuetako testuen barruan bilaketak egiteko ematen duen aukera bera A9 bilatzaile honetan ematen du zuzenean, bila gabiltzan hitza ageri den Amazon-en liburuetarako loturak erakutsiz. Liburuetan bilatzeko erabilgarria izanik, helburua liburuak eros ditzagun da, loturek dendara bideratuko baikaituzte. A9-k sarean ere egiten ditu bilaketak, Alexaren motorea erabiliz eta haren emaitzak erakutsiz. Nabigazio barra ere badu A9 honek, Googlerenak bezala pop-up iragarkiak blokatzen dituena.
Apirilak 18, 2004
Urritik aurrera katalanek Interneten .cat domeinuarekin agertzeko aukera izango dute ICANN erakundeak Puntcat elkarteak eginiko proposamena onartuz gero. Hainbat urtez herrialde bezala hizki biko goi mailako .ct domeinuaz ezagutuak izaten ahalegindu ondoren beste bide bat aukeratu dute katalanek: hizkuntza komunitate moduan onartuak izatea. Euskal Herrian lehenengo bideari bere garaian ez zitzaion ganoraz ekin, bigarrena oraindik ez da proposatu ere egin.
PuntCat elkartea Kataluniako 70 inguru elkarteren artean sortu dute, mundu osoko katalan komunitatearentzako .cat domeinua galdatzeko. Dagoeneko domeinu izen berriak onartzeaz arduartzen den ICANN erakundeari aurkeztu diote proposamena eta honek “uztaila baino lehen erabakia hartu beharko du”, PuntCat-eko kide Amadeu Abrilek iragan astean iragarri zuenez. Dagoeneko 43.757 herritarrek eta 1579 enpresa edo erakundek sinatu dute .cat domeinuaren aldeko agiria.
Internet Corporation for Assigned Names and Numbers edo ICANN Interneteko gobernua da, sarea gobernagarria den neurrian eta 19 kidez osatutako gobernu batzordeak boterea handia du Top Level Domain (TLD) edo goi mailako domeinuen sorkuntza erabakitzen duelako. Amadeu Abril bertako kide izan da urte askoan eta, aldi berean, Kataluniarentzako .ct domeinua eskatzen zuen domini-ct.org kanpainiaren bultzagileetako bat izan zen. Erakundearen barruan .ct domeinua bultzatzen ahalegindu zen baina ez zuen onarpena lortu, oso zaila baita estatu gabeko lurralde batek hizki biko domeinu izen geografikoa lortzea. Iazko uztailetik ICANNetik at dago Abril, baina bere eragina kontutan hartzekoa da erakundearen baitan.
Duela bi urte abian jarria, .cat domeinua lortzeko kanpainiak lurraldetasunaren arazoa saihesten du katalana hizkuntza komunitate moduan azalduta. Hala ere, azken hilabeteotan bultzakada handia ematen ari zaizkio gaiari eta azkenik ICANNek proposamena aztertzea lortu dute. Uztailean hamar proposamen aztertuko ditu erakundeak, .cat domeinuaz gain. Besteak beste .xxx domeinua webgune pornografikoentzako, .travel bidaien gaineko webguneetarako, .asia kontinente hartakoentzako eta .jobs lan bila dabiltzanentzako.
Institut d’Estudis Catalans-eko Salvador Alegret-ek adierazi duenez, .cat domeinuarena “jarraitu beharreko eredua da, hizkuntza gutxiagotuak babesteko eta sendotzeko baliagarria”. Abrilen hitzetan, domeinu hau “sarean katalan moduan agertu nahi dutenentzako proposamena da”. Onartua izanez gero, sei hilabete barru domeinuak erosten hasi ahal izango dira elkarteak eta enpresak; pertsona bakanek gehiago itxaron beharko dute. Domeinu izen komertzialak edo babestuak dira hauek, .museum, .coop edo .aero bezala. Horrek esan nahi du berauen salmenta kudeatu nahi duenak dirutza ordaindu beharko duela hori egin ahal izateko, gehiago irabaziko duela jakinik. PuntCat elkarteak kudeatuko du domeinuaren erregistroa eta lehenengo hilabeteetan 10.000 izen erregistratzea espero dute, egungo domeinu izen generikoak baino dexente garestiago. Lehen .ct domeinuaren alde zegoen Abril egun PuntCat-eko buru izatea eta domeinu enpresa bateko kide izatea ez dute begi onez ikusten .ct domeinua proposatzen zutenetako batzuek. Gainera ez daude euren kanpainia bertan behera uzteko prest, lurraldetasuna ezagutzea galdaten dutelako.
Historian atzera eginez, Internet heltzean IANA erakundeak (egun ICANN da) goi mailako bi domeinu mota sortu zituen: generikoak (com, net, org, gov, edu eta mil) eta geografikoak (es eta fr kasu). Azken hauek esleitzeko irizpide baten bila, ISO estandarizazio erakundearen ISO 3166-1 estandarra hartu zuen, ordurarte herrialdeak posta zerbitzuetan, filatelian, matrikuletan, burtsan estatistiketan eta zientzian identifikatzeko erabiltzen zena. Erabaki horrek estaturik gabeko herrialde asko kanpoan utzi zituen, NBEk ezagututakoak bakarrik kontutan hartzen baizituen estandarrak. Estatu ez diren leku batzuk ere ageri dira zerrenda horretan, Gibraltar, Santa Helena, Pitcairn eta horrelako irlak, estatutik fisikoki bereizitako lekuak direlako eta metropoliaren berariazko baimena dutelako. Hala ere, geroztik Antartida edo Palestina onartuak izan ziren, inongo metropoliren baimenik gabe eta salbuespen horrek piztu zuen Kataluniaren .ct edo Galiziaren .gz domeinuak onartuko zituzten itxaropena. Herrialde bietan kanpainiak abian jarri ziren lurralde moduan ezagupena lortzeko.
Gainera, Katalunian eta Galizian, Aragoen eta Andaluzian bezala, tokian tokiko ISOC-en kapituluak zeuden. Sareko antolakuntzan eragiten duen aholkularitza erakundea da Internet Society, eta munduko lurralde askotan kapitulu edo ordezkaritzak ditu. Espainiako gobernuak, hori ikusita, ISOC Espainia sortu zuen 1999ko bukaeran, tokian tokiko sailak indargabetu eta bakarrean biltzeko asmoz, baina saiakerak ez zuen arrakastarik izan.
Bitartean Euskal Herrian atzerapen nabaria zen 1999an: ISOCen kapitulurik ez, domeinuaren aldeko kanpainarik ez, nabigatzaile euskaldunik ez (Navegador eta Xis zeuden, hurrenez hurren, katalanez eta galegoz), euskarazko ataririk ez (Vilaweb eta Vieiros zeuden Katalunian eta Galizian). Salbuespena 1998ko hasieran Igor Aiestaran internauta euskaldunak .eh domeinua lortzeko abian jarritako kanpainia izan zen. Honek beste oztopo bat aurkitu zuen, ISO 3166-1 zerrendan dagoeneko .eh domeinua lurralde bati esleituta zegoela, aktibatu barik bazegoen ere. Mendebaldeko Saharari dagokio .eh domeinua zerrenda horretan, baina Marokok okupatuta dagoenez, oraindik ez du ICANNek berau aktibatu. Beste aukera bat .eu domeinua litzateke, baina hori Europar Batasunerako eskatu dute. Dena den, euskal ISOC bat gauzatzea lortu ez zen moduan, ez zen lortu Aiestaranen ekimen indibiduala kolektibo bilakatzea. EH domeinuaren aldeko kanpainia amatatu zen, webgunearen arrastorik ez da eta ehdomeinua.org domeinua bera libre dago egun.
LABURRAK
Byte irratsaioa
Eduardo Arcos blogger ezagunaren alt1040 bitakoran irakurri dugunez, Internet eta teknologia berriak hizpide dituen Byte irratsaioa egiten dute berak eta beste internauta batzuek Mexicoko Radioactivo irratian. Oso interesgarriak dira saio hauek teknofiloentzat baina, tamalez, Byte ezagutu eta gutxira jakin dugu Radioactivo beste batzuek erosi dutela eta irratia itxiko dutela. Gaitzerdi, sarean bertan eskegi dituzte iragan asteetako saioak mp3 formatoan eta konexio azkarra edukiz gero aise eskura daitezke.
Kinja albiste biltzailea
Albisteen biltzaileak modan daude azken aldion. RSS edo Atom moduan euren edukiak esportatzea ahalbidetzen duten webguneetako albisteak hartu eta biltzen dituzte. Sustatuk hori erakutsi digu, Bloglines zerbitzua erabiliz euskarazko 67 albistegi bakar batean bilduz. Horrelako zerbitzua ere eskaintzen du Kinja webguneak, baina berau erabiltzeko ez da beharrezkoa RSS edo Atom zer diren jakitea. Nahikoa da bere albisteak bildu nahi dugun webgunearen helbidea ematea.
Truke librearen aldeko epaia
Kanadako epaitegi federalak diskogintzaren industriari ukatu die musika truke sareetatik jaisten dutenen datuak eskuratzea. Pertsona horien kontra ekin nahi zuen kanadiar diskogintzaren industriak baina epaiak dioenez, abestiak saretik jaisteak edo nork bere ordenagailuan abestiak edukitzeak ez ditu jabego intelektualaren eskubideak urratzen. Espainian erabiltzaileen aurka momentuz ez duela joko adierazi du SGAE elkarteak, ezta abesti mordoa jaisten dutenen aurka ere. SGAEk berriki CD grabagarri bakoitzaren gaineko kanona %30 igo du hilabete honetan.
Apirilak 11, 2004
Alexandriako liburutegiak ba ei zeukan garai hartan argitaratuak ziren liburu bakoitzeko ale bat. Zoritxarrez orduko liburuzainek ez zituzten liburu haiek eskaneatu eta digitalizatu, ez zuten segurtasun kopiarik sortu eta zoritxarreko sute batek garai hartako kultura ondarea kiskali zuen duela 1600 urte. Liburu haietako gehienak betirako galdu ziren, beste alerik ez baizen geratu eta giza jakintzaren aurrerapenari 400 urteko galga jarri zion sute hark. Baina zer gertatzen da webguneekin? Webguneak aldatuz doaz eta ezin da aurrekoak zioena jakin, archive.org-en dagoen Denboraren Makinak bere garaian gorde ez bazuen.
Kultura ondarea babesteko primerako tresna da digitalizazioa. OCR bidez eskaneatu ostean liburu baten kopia digital bat izango dugu gordetzeko. Sarea, berriz, sekulako baliabidea da ondare hori elkarbanatzeko. Esaterako, euskal klasiko bat sarean jarriz gero milaka, milioika kopia egin ditzakete beste hainbeste irakurlek, euren diskoetan gordetzeko, inprimatzeko edo pantailan irakurtzeko.
Baina zer gertatzen da webguneekin eurekin? Webguneak denbora baten buruan aldatu egiten dituzte edo saretik desagertzen dira. Zer gertatzen da orduan bertan zegoen informazioarekin? Googlek indexatuta duen edozein orrialderen cache-a erakutsi ahal izango digu, berak orrialde hori indexatu zuenean gordetako kopia da cache horretan erakutsi diezagukeena. Baina Googleren robota gure webgunetik igarotzen den hurrengo aldian aurreko cache-a ezabatuko du. Beraz, orain dela egun batzuk zegoen orrialde baten bertsioa ikusteko balio du soilik, ez duela bi urte zegoena, eta azkar iraungitzen da Googleren cachea. Duela egun batzuk internauta batzuek salatu zuten Espainiako hauteskundeen ostean PSOEK webgunea aldatu zuela bere hauteskunde programa ez zegoela jada eskuragarri. Googleri esker berreskuratu zuten horietako batzuek baina salaketa eta gero berriro agertu zen programa arteragoko lekuan.
Software librearen inguruan Wiki-en kontzeptua garatu dute, euren aldaketak berrikustea ahalbidetzen diguten webguneak. Eztabaidagai diren proposamenentzako egokiak dira wikiak, webgune horietan aldaketak noiz egin diren eta aurreko bertsioak zer zioen ikus dezakegulako. Baina webgune gehienak ez dira horrelakoak: batzuetan informazio baten bila orrialde batera jotzen dugu eta dagoeneko ez dago bertan.
Horregatik, etengabe aldatuz doan ondare hori gordetzeko asmoz sortu zuten 2001ean Wayback Machine izenekoa. Brewster Kahle amerikar aberatsak sortutako Internet Archive gordailu erraldoiak gordeta duena erakusteko modu ikusgarria da denboraren makina hau. Kahlek egun Amazon-ena den Alexa bilatzailea sortu zuen 1996an, edozein webgunek munduko ranking-ean duen tokia eta bere bilakaera adierazten diguna. Hala ere, soilik Alexaren nabigazio barra instalatuta daukatenen nabigaziotik ateratako datuak hartzen ditu kontutan sailkapenerako. Internet Archive osatzeko datuak ere Alexaren robotak bisitatutako webguneetatik hartuak dira.
Webgune askoren informazioa harrapatzen du aldiro robotak eta archive.org-en ordenagailuetan gordetzen du. Webgunea zenbat eta Alexaren arabera garrantzitsuagoa izan sarriago harrapatuko dute gordailuan. Kahleren esanetan, bataz beste 75 egun irauten du sarean web orrialde batek betirako desagertu aurretik. Horregatik esan daiteke sare osoaren lagin batzuk baino ez dituela gordeta archive.org agiritegiak. Egun 30.000 milioi web orrialde ditu gordeak ehunka ordenagailutan. Erabiltzeko, web.archive.org helbidean ezagutzen dugun helbide bat jarri besterik ez dugu eta denboraren makinak helbide horren kopia egin duen momentuak erakutsiko dizkigu. Nahi dugun data aukeratu eta egun hartan webgunea zen moduan ikuskatuko dugu.
Duela urte batzuk webgune batek zeukan itxura eta edukiak ikustea ahalbidetzen digu archive.org webguneak eta ariketa interesgarria da urte hauetan izan duten bilakaera ikustea, edukiei zein itxurari dagokienez. Baten bat harrituta geratuko da ordurako hain garrantzitsuak ziren webguneek egungoekin alderatuta daukaten diseinu pobrearekin, baina garai batean puntakoenak ziren. Bildutako webgunerik zaharrenak 1996koak dira, baina garai hartako oso gutxi daude gordeta. Hala ere, archive.org-ek aitzindarien aukera interesgarria egin du Web pioneers atalean. Bertan hasierako Yahoo!, The Internet Movie Database, NASA, edo Amazon ikusiko ditugu. Jada sarean ez dagoen Feed aldizkaria ezagutzeko aukera izango dugu, 1996an sortua eta 2001ean puntucom-en gainbeheran diru faltagatik desagertua. BBS moduan 1985ean sortutako The Well mitikoa 1992an konektatu zuten sarera eta 1994an ezarri zuten webgune moduan: archive.org-ek 1997ko urtarrilean zen moduan erakutsiko digu.
Oso euskal webgune gutxi ditu gordeta denboraren makinak, garai hartan Alexaren nabigazio barra instalatuta zuen oso lagun gutxik bisitatzen zituztelako. Hala ere, Buber’s Basque Pageren 1996ko abenduko bertsioa ikus dezakegu, garai bereko Saint Pierre eta Miquelonen gaineko euskarazko webgune bat edo Euskal Herriko Unibertsitateak 1997ko urrian zuen erdarazko webgunea. Gehiago ziren orduan baina tamalez Alexak ez zituen gutxi batzuk baizik gorde.
Beste proiektu batzuk ere badira sareko informazioa gordetzeko. Esaterako, Googlek Useneteko artxibo zaharrak berreskuratu zituen, WebArchivist proiektuak gai edo gertakari jakin batzuen inguruko informazioa biltzen du eta AEBetako kongresuko liburutegiak ondare digitala gordetzeko programa sortu du.
LABURRAK
Ciber@RT kongresua
Apirilaren 26tik 29ra Ciber@RT Bilbao 2004 izeneko kongresua izango da Bilboko Euskalduna jauregian. Bitarteko teknologiko berriekin sorturiko artelanak ikusteko aukera izango dugu bertan: Net-Artea, animazioak, multimedia proiektuak eta instalazio interaktiboak izango dira, baina kongresuak hitzaldi interesgarriak izango ditu, ez soilik arteari lotuak. Esaterako, Derrick de Kerckhove eta Richard Stallman guru ezagunak izango dira. Software librearen apostoluak soziologia konputazionala izango du hizpide eta McLuhan programaren zuzendariak bitakorak sareko cyborg-en arima modukoak direla azalduko du. Beste hitzaldi eta komunikazio asko ere izango dira kongresuan.
Hiztegi asko leku batean
Sarean dauden hiztegi asko aurki daitezke webgune bakarrean bilduta. Artez euskara zerbitzuak sortu duen hiztegia.net webgunean hiztegi askotarako loturak agertzen dira. Interneten dauden euskara-erdara hiztegi guztiak bildu dituzte eta beste hiztegi interesgarri asko ere aurki ditzakegu, gaika sailkatuta.
Googleren posta
Doako Gmail posta zerbitzua aterako du Googlek, Yahook eta Hotmailek dutenaren antzekoa baina Gigabyte baterainoko ahalmena duena. Bilatzailea integratua izango du bertan eta banner edo pop-up molestagarririk gabekoa izango da. Hala ere, publizitate bidez ordaintzea espero du Googlek, bilatzailean bezala. Babestutako esteka horiek jartzeko Gmail zerbitzuak gure mezuen testuak aztertuko ditu gako-hitzen bila. Horrek intimitatea urratzen duela aitortzen du Googlek, baina hori jakinik zerbitzuan izena ematea erabiltzailearen erabakia da azken finean.
Apirilak 4, 2004