Martxoa, 2004 hilabeteko artxiboa
Inoiz imagina genezakeen liburutegirik handiena da Internet, informazioz betetako terabyte mordoa gai guztien inguruan. Baina Google
informazio multzo erraldoi horri zentzua damaion orakulua bihurtu da, beste bilatzaile guztiak atzean utzita. Nagusitasun horrek sekulako boterea eman dio, ekonomikoa eta politikoa, webgune askorentzat bilaketa baten emaitzean goikaldean agertzea ezinbestekoa baita. Horregatik enpresa eta gobernu asko zain daude, Google burtsara noiz aterako, botere horren zati bat eskuratzea amesten.
Aspaldi iragarri zuten eta zurrumurruek diotenez, apirilean gertatuko da: Google burtsara aterako da. Hala ere, enpresaren Initial Public Offering (IPO) eskaintza egiten dutenean, lehen aipatutako arrazoiarengatik, zeruan bueltaka dabiltzan saiek harrapatu nahi izango dute. Egun horretan dena alda daiteke eta neurri handi batean aldatuko dela gauza segurua da, horregatik enpresa kontu handiz prestatzen ari da bere burtsarako irteera, dena kontrolpean mantentzeko asmoz.
Bilatzaile xalo eta zehatz hau Sergey Brin eta Larry Page ikasleen eskolako proiektu moduan sortu zen unibertsitatean zeudela. Bere arrakastaren gako nagusia bere PageRank sistema da, emaitzak erakustean bilatzailerik zehatzena eta zintzoena egiten duena. Diruak ez du oraindik lortu haren emaitzen ordenean eragitea eta webmaster-en trikimailuek ez dute lortu erabat engainatzea. Bila gabiltzana erakutsiko digu beste ezein bilatzailek baino askoz zehaztasun handiagoarekin. Internautek hasieratik estimatu dute hasierako orrialdean iragarkirik ez agertzea eta bere logotipoa ez beste irudirik ez erakustea.
Michael Chabon idazleak dioenez, “Iraganeko idazleek absenta, whisky-a edo heroína hartzen zuten. Nik berriz Google daukat. Bertara noa bost minutuz nabigatzeko ustearekin eta, konturatu orduko, zazpi ordu igaro dira, 43 hitz baino ez dut idatzi eta denbora horretan eginikoa erakusteko dudan bakarra The Nanny and the Professor telesaileko kapitulu guztien izenburuak dakizkidala da”. Link batetik bestera salto eginez gure jakintza emendatuz doa baina ez telebistaren eredu pasiboari jarraituz, norberak aukera baitezake nora jo. Erabilerak askotarikoak dira: askorentzat ego-surf egiteko (nork bere burua bilatzea) balio du, beste batzuentzat albisteak irakurtzeko modurik onena da news.google.com eta beste batzuek kalkulagailu moduan erabiltzen dute, gutxi batzuk aipatzearren.
Izan ere, internauta askori ezinbestekoa zaie Googlek egun duen izaerari eustea. Horregatik burtsara ateratzeak aldaketarik ekarriko duen beldur dira. Wired aldizkariak bere martxoko zenbakian erreportaia nagusia eskaini dio gaiari. Bertan azaltzen dutenez, lau etorkizun posible ditu enpresak, jada gertatu diren lau ibilbidetako bat egitea. Netscape burtsara atera zenean sekulako arrakasta izan zuen, burtsako milioiak enpresarentzat eta akziodunentzat. Baina Microsoftek Explorer atera eta atzean geratu zen Netscape, marrazoen bazka bihurtuz. AOLk eskuratu eta liseritu ostean desintegratu da. Yahoo publiko egitea ere arrakasta handia izan zen baina kalterako, stock options famatuekin aberastutako exekutiboek alde egin baizuten “beste interes batzuen bila”. Krisiaren erdian ezer gutxi ekarri zioten enpresak erosteari ekin zion enpresak eta azkenik exekutibo talde berria aurkeztu behar izan zuen enpresari “bere bidea berriro aurkitzen laguntzeko” helburuz. Microsoften bidea monopolio bilakatzea izango litzateke, inpartzialtasuna galtzea eta erabiltzaileen gorrotoa irabaztea. Ebayrena, berriz, enpresa arrakastatsua izaten jarraitzea litzateke, plataforma orekan hazten jarraitzea eta enpresaren kontrolari eustea.
Yahoo kontraerasoan
Microsoft bezala, Google bilatzaileari aurre egiteko asmo sendoa frogatzen ari da Yahoo. Albisteekin egin duen moduan haren urrats arrakastatsuen kopiak eginez berreskuratu nahi du Yahook nagusitasuna eta horregatik WebRank atera du egunotan, Googleren PageRank-en baliokidea izan nahi duen algoritmoa. Web orrialde baten ospea neurtzen du, ez orrialde horretara dauden lotura kopuruaren arabera, Yahooren nabigazio barra instalatuta duten erabiltzaileengandik hartutako informazioaren arabera baizik. Bai, Googleren antzera Yahook nabigazio barra du, Windows ordenagailuetako Explorer programari eranstekoa. Bertan, bilaketak egiteaz gain, webgune batek duen WebRank-a ikuskatu ahal izango dugu. Baina antzekotasunak ez dira hor gelditu: urtarrilean ikerketa eta garapen laborategiak atera zituen Yahook labs.yahoo.com helbidean, Googleren antzera, bertan bilaketak hobetzeko egiten ari den zenbait lanen berri emateko.
Duela aste batzuk googleren emaitzak bere bilaketetan erakusteari utzi zion Yahook. Orain, bere bilaketetarako Inktomi eta Overture-ren ren datu baseak erabiltzen ditu. Yahook 2002ko bukaeran erosi zuen Inktomi bilatzailea eta 2003ko uztailean Overture eskuratu zuen, Altavista eta Fast bilatzaileak kontrolatzen zituen enpresa. Orain horiek guztiak Yahooren eskuetan daude, baina horien datu baseak eduki arren, enpresa bere robota sortu du, Slurp izenekoa, jada sarea arakatzen ari dena. Yahooren laborategietan Overturetik heldutako ikertzaileak garatzen ari diren proiektu interesgarrienetako bat Nutch dugu, kode irekiko bilatzailea. Yahook dioenez, sareko bilaketak aurki “monopolioa bilaka daitezke (Googlerengatik) eta hori ez litzateke erabiltzaileentzat ona izango”. Azken mugimendua aste honetan egin du Yahook produktu komertzialen eskaintzarik onenak bilatzen dituen Kelkoo atari europarra erosiz. Arlo honetan dagoeneko atzean geratzen ari da Google, bere baliokide Froogle-k ez baitu oraindik arrakasta handirik izan.
news.google.com
LABURRAK
Bitakorentzat sariak
Katalanez eginiko weblog-en lehiaketa deitu du Gironako udalak ZonaJove.info webgunearen bidez. Lehiaketan sartzeko egileak 35 urte baino gutxiago izatea, bitakora sarri eguneratua izatea eta orrialdeak 30KB baino astunagoak ez izatea eskatzen dute eta epaimahaiak diseinua zein edukiak hartuko ditu kontutan. Euskaraz berriz oraindik bitakora gutxi dago eta gainera lehiaketarik deitu baino lehen bitakorak zer diren azaldu beharko litzaieke zinegotzi askori.
Metrobilbao.com azkenik
Abokatutan dirutza ederra gastatu ostean Metro Bilbao enpresak azkenik eskuratu du metrobilbao.com domeinua, Natxo Allende internautak kexuz betetako La antiweb del metro ezartzeko behinola erabili zuena. Orain arte metrobilbao.net erabili du garraio enpresak, baina puntucom-a eskuratu ostean webgune berria argitaratzea erabaki du. Hala ere, bere publizitatean enpresa ez da metrobilbao.com domeinua iragartzen ari, hurrengogeltokia.com eta proximaestacion.com baizik, baina denek webgune berera bideratuko gaituzte. Euskara, gaztelania edo ingelesa aukera dezakegu eta bakoitzaren bertsio eskuragarria ezarri dute, ezgaituentzako eskuragarri eta hainbat nabigazio estandar betetzen dituena.
Bitakora berriak
Gero eta idazle eta kazetari gehiagok du bere bitakora sarean. Aste honetan Noam Chomskyk zabaldu du berea, Z magazine aldizkari ezkertiarraren webgunean eta, itxura denez, aldizkariak berak kudeatua. Bertan, politikari buruz idazten du hizkuntzalari eta pentsalari ezagunak idatzitako eta esandako batzuk biltzen dituzte baina ez dago iruzkinik egiteko aukerarik. Azken egunotan Luis Angel Hermana kazetari espainiarrak berea jarri du, El Cangrejo Verde izenburupean.
Martxoak 28, 2004
Literaturaren inguruko baliabide asko daude sarean. Argitaletxeak, liburudendak, literatura testuak, idazketa teknikak ikasteko eta lantzeko ikastaroak… Hauetako batzuk aipatuko ditugu, agian lagungarri suertatuko zaizkigulakoan. Internet bera inoizko liburutegirik handiena da, horregatik, paperean inoiz argitaratu bako liburuen ondoan liburu osoak ere aurkituko ditugu sarean.
Pantailan liburu osoak irakurtzea ez da batere erosoa. Begiak nekatzen dira eta ezinbestez ordenagailu aurrean egon behar dugu irakurtzeko. Horregatik Susakoek eta beste idazle eta argitaratzaile askok ez dute uste sarean doan emateak liburu horien salmentari kalte handirik egingo dionik. Baliagarritasuna ere aipatu behar da, ikastolako lanen bat egiteko jatorrizko testutik testu zatiak kopiatu ditzakegu eta ondoren gure lanean itsatsi. Komunean, egongelan, ohean edo mendi baten puntan irakurtzeko onena betiko paperezko liburuak dira.
Klasikoak ugari dira, egile eskubideak iraungita dituztelako. Literatura unibertsaleko klasiko batzuk badaude sarean eskuragarri. Euskaraz era guztietako liburuak aurkituko ditugu klasikoak.com helbidean, PDF formatoan osorik jaisteko moduan eta doan. Eusko Jaurlaritzaren webgunean ere, euskal idazleei buruzko datuak eta literatura unibertsaleko liburuen aipamen laburrak aurkituko ditugu. Marginalia bilduman X. Galarretak itzulitako hainbat liburu eskura ditzakegu euskaraz. Beste helbide interesgarri asko aurkituko ditugu Aurki bilatzailearen literatura atalean.
Literaturaren gaineko weblog edo bitakorak ere badira sarean. Euskaraz antzekoenak Taxi Galduak eta Bailando rumba en el anonimato ditugu. Lehengoak prosa poetikorako joera erakusten du batik bat, testu laburren bidez. Are laburragoak dira haikuak, Japoniatik hartutako esaldiak. Nontzeberri aldizkarian argazki haikuen lehiaketa dago eta edonor har dezake parte haiku bat eginez. Literatura atal berean beste kontu interesgarri batzuk ere badaude. Portugesez ere badira literaturari buruzko bi bitakora aipagarri: Pensar Enlouquece eta Pessoas do Seculo Passado brasildarrak.
Sarearen bidez famatua egin den jarduera bat Bookcrossing dugu, liburuak nahita edozein lekutan uztea, besteek irakur dezaten. Hemen ikusiko duzuenez, gure inguruan ere egiten da hau. Literaturaren inguruko bestelako bitxikeri franko aurkituko dugu sarean, esaterako, inoiz debekatuak izan diren liburuen zerrenda edo inoiz idatzi ez diren liburu alegiazkoen bilduma. Invisible Library honetan soilik beste liburuetan aipatzen diren liburuak daude, errealitatean idatzi ez direnak, horietako batzuk oso erakargarriak diren arren.
Euskal Argitaletxe gehienak sarean daude: Susa, Txalaparta, Elkar, Pamiela, Alberdania eta beste batzuk aurki daitezke. Azpimarratzekoa da Susa argitaletxeak daukan webgunean hainbat liburu oso-osorik eta doan irakurtzeko eta saretik eskuratzeko modua daukagula.
Posta elektroniko bidez banatzen den doako berripaper elektronikoa ere badute Susan, Literatur emailuak izenekoa. Harpidetza egiteko zure e-posta helbidea eman besterik ez duzu. Baina sarearen izaera multimediari esker, argitaletxe batek bestela nekez egingo lituzkeen gauzak jarri dituzte Susakoek euren webgunean: Audio formatoan entzun daitezkeen olerkiak edo kantak topa ditzakegu bertan.
Susak armiarma.com helbidean ezarri berri duen Literaturaren zubitegian 638 euskal idazle batu dituzte, 3183 liburu bibliografiatan, 1436 aipamen eta artikulu, 678 kritika, 2026 link edo esteka, 3445 efemeride (euskal zein erdal idazleenak). Eta aldiro berritzen jarraituko dute. Bihotz Bakartien Kluba izeneko literaturazale taldeak Linterna Gorria aldizkaria argitaratzen du sarean eta Literatura eskola antolatu dute Larrabetzun, literaturaren inguruko jakintza zabaltzeko.
Baina, liburuak irakurtzeaz gain, idatzi nahi dituztenentzako ere laguntza ematen du sareak. Idazle eskolak edozein lanetan euskaraz idazteko gaitasuna bermatzea du helburu. Baina bertako eskolak ez dira doakoak eta gehienak bertatik bertara ematen dira. Ikasturtean 120 ikastordu ikasgelan jasotzen dira eta beste 30 ordu telematikoak dira, sarearen bidezkoak, alegia. Interneten, hala ere, badira doako baliabide asko idazketa teknikak ikasteko eta hobetzeko, beste hizkuntza batzuetan bada ere.
Liburuak erosteko bidea ere ematen du Internetek. Liburudendara joan barik ere bila gabiltzan liburua aurkituko dugu Megadenda liburudenda euskaldunean edo Casa del Libro eta FNAC dendetan. Baina sarean liburudendarik ezagunena Amazon dugu. Internet bidezko salmentan aitzindaria izan zen Amazon eta negozio telematikoetan arrakastatsuak diren bakanetakoa dugu. Bertan euskarazko oso liburu gutxi aurki daitezke baina bai ingelesezko izenburu mordoa.
Oraintsu arte, leku edo gai baten inguruko liburuen bila genbiltzanean, Amazon-en barne bilatzaileak hitz hori liburuaren gaian, deskribapenean edo erabiltzaileen iritzietan agertzen denean aurkitzen zuen. Baina berriki Amazon-ek liburuen barruan bilatzeko ahalmena jarri zuen abian. Bila gabiltzan hitza liburuaren barruan agertzen bada, liburu horien erreferentzia emango digu emaitzetan eta gainera hitza ageri den testuingurua ere erakutsiko digu. Milaka liburu oso-osorik eskaneatu dituzte OCRtik pasatuz eta digitalizatuz, ondoren liburu horien testu osoa euren datu basean sartuz. Erabiltzaile erregistratua izan beharra dago Amazonen liburuak pantailan irakurri ahal izateko.
Izan ere, Alexandria berria esaten diote askok Interneti, antzekotasunak nabariak baitira. Ondare publikoa diren heinean klasikoak bertan eskura ditzakegu munduko edozein bazterretik. Hala ere, lehen aipatu dugunez, liburu gehiago doan ez aurkitzeko arazo nagusia egile eskubideak dira, idazle askok ez baitute euren lana doan eman nahi, jendeak paperezko liburuak erosiko ez dituen beldur. Batzuk saiatu dira liburu elektronikoak saltzen, Stephen King kasu, baina programa berezia behar da liburuok irakurtzeko eta beti dago moduren bat ordaindu barik liburua eskuratzeko. Esaterako, Harry Potter-en azken liburua ofizialki argitaratu aurretik truke libreko sareetan zebilen dagoeneko bueltaka.
Martxoak 23, 2004
Sareko eztabaidaguneak edo foroak edozein gairi buruzko iritziak emateko, galderak egiteko eta dagoeneko beste batzuek gai baten inguruan idatzitakoak irakurtzeko lekuak dira. Gure zalantzak argitzeko, bikotekidea edo lagunak aurkitzeko, edozein zaletasun arraroko beste zoro batzuk topatzeko edo, besterik gabe, gairik bitxienen inguruan sutsuki jarduteko lekuak dira eztabaidaguneak.
Funtsean, ohar-taula modukoak dira eztabaidaguneak, bakoitza gai baten inguruan eratua. Bertan zure mezua jarri eta taldera konektatzen diren beste internautek, mezuaren goiburua interesatu bazaie, irakurriko dute. Erantzuna emango diote orduan, zure iritzi edo galderari, eztabaida hasiz. Eztabaidaguneetan idatzitako mezu batzuek ez dute erantzunik jasoko, baina beste batzuetan thread-a edo haria luzatuko da eta erantzunei erantzunak agertuko dira, gaia nahastuz edo desbideratuz edo irainetan jausiz… Hari bat noiz eta nola hasten den jakin daiteke baina ez noiz edo nola bukatuko den.
Aldi bereko chat berriketa, bat-bateko mezularitza sistemak eta posta elektronikoa komunikazio sistema azkarragoak dira, mezuak eta erantzunak berehala bidali baitaitezke. Baina horrelako baliabideen bidez soilik aurretik ezagutzen ditugunekin jar gaitezke kontaktuan edo une jakin batean konektatuta daudenekin. Galdera tekniko zehatzari erantzuna emateko, berriz, eztabaidaguneak dira aproposagoak, erantzuna akaso berandutuko den arren, jasotzea interesatzen zaigun lagun multzo berezituak jasoko baitu mezua.
Posta elektronikoarekin batera, sareko baliabiderik zaharrena dira eztabaidaguneak, baina ez dira beti egun ezagutzen ditugunen modukoak izan. Berri taldeak eta BBSak dira egun nabigatzailearen bidez erabil daitezkeen eztabaidaguneen aurrekariak. Web nabigazioa baino zaharragoak dira newsgroups edo berri taldeak, Netscape agertu aurretik erabiltzen ziren eta egun ere bizirik diraute, internauta berri askok ezagutzen ez baditu ere. Berri taldeak irakurtzeko programa berezi bat erabili behar da, postaren kasuan bezala, konfigurazio datuak sartuz. Outlook edo Mozilla programek badute berri taldeak ikuskatzeko ahalmena baina oso jende gutxik erabiltzen ditu horrela. Usenet-eko berri
BBS edo Bulletin Board System delakoak ere eztabaidaguneen aurrekariak dira, egungo Internet baino zaharragoak dira eta funtsean ez dute sarearen beharrik. Ordenagailu batek zerbitzariarena egiten du, bertan gordetzen baitira mezuak, gaika sailkatuta, eta mezu bakoitzak jaso dituen erantzunak. Aurretik baimena duten erabiltzaileak konektatzen dira ondoren, mezuen goiburuak jaso eta interesatzen zaizkien mezuak irakurriz edo erantzunak bidaliz. Internet bidez egin ohi da hori egun, baina lehenago telefono bidez sartzen ziren erabiltzaileak BBSetara, ordenagailu hori modem batera konektaturik egoten baizen.
Baina egungo joera da dena nabigatzailearen bidez egin ahal izateko egokitzea. Duela urte batzuk Dejanews sortu zen, nabigatzailearen bidez berri taldeetan esku hartzea eta mezuak irakurtzea ahalbidetzen zuen zerbitzu arrakastatsua. Duela hiru urte Googlek Deja.com erosi zuen eta egun groups.google.com helbidean aurkituko dugu Usenet-eko berri taldeetara sartzeko modua. Googlek bere eskuetan dauka, halaber, Usenet-eko artxibategia ia oso-osorik, edozein gai bilatzeko gordailu paregabea eta azken urteotako Interneten bilakaera erakusten duen altxorra, milioika mezuk osatua.
Zerbitzu guztiak nabigatzailearen bidez erabili ahal izateko joera horretan posta elektronikoa ere sartu behar dugu. Hotmail bezalako zerbitzuak sortu ziren arte ezinbestekoa zen postarako programa erabiltzea. Egun, Outlook Express, Eudora edo horrelako programarik erabili beharrik ez dago posta elektronikoa erabiltzeko, web nabigatzailea edukitzea nahikoa baita. Chat berriketa ere egun Explorer edo Mozillarekin nabigatzen ari garela egin dezakegu arazorik gabe. IRC programek ahalmen gehiago dituzte baina erabiltzeko zailak dira eta ikasteko ordu batzuk sartu beharko ditugu mIRC bezalako programa bat menperatzeko.
Hibridazio edo nahasketarako joera honetan bat-bateko mezularitza aipatu behar dugu, azken urteotan modan jarri baita e-postaren eta chat-aren arteko nahasketa den hau. Honetan ICQ programa izan zen aitzindaria, baina egun Microsoft Messenger dugu nagusi, Yahoo Messenger eta beste batzuk ere badiren arren. Sare sozialetako zerbitzuek ere eztabaidaguneen ezaugarri batzuk berriketaren, webguneen eta posta elektronikien ezaugarriekin konbinatzen dituzte. Yahoogroups zerbitzua ere nabigatzailearen bidez erabil daiteke, baina e-posta bidezko banaketa zerrendak dira berez.
Web nabigazioa erabiliz era guztietako eztabaidaguneak aurki ditzakegu. Gehienak irekiak dira baina eztabaidagune itxiak ere izan daitezke, erabiltzaile multzo jakin batentzat soilik. Enpresa edo talde politiko baten barruko kontuez jarduteko horrelako topagune murriztuak erabil daitezke, baina bilera bat bezain sekretupekoak ez dira inoiz izango, ez baitakigu beste kideon pantaila beste norbaitek ikusiko duen edo informazioa zabalduko duen. Askotan post bat, mezu edo erantzun bat bertan jartzeko, eztabaidaguneari ostatu ematen dion zerbitzuan alta ematea eskatzen dute, besteetan ez, mezu izenbakoak ere bidaltzea ahalbidetzen dute.
Nork bere eztabaidagunea sortzeko zerbitzuak eta tresnak ere badaude. Publizitatez babestutako zerbitzu komertzialak doakoak izaten dira, erabilterrazak dira eta konfiguratzeko ez digute jakintza tekniko handirik eskatuko. Ezboard dugu zerbitzu horietan ezagunenetarikoa eta bertan Euskadi Gaztea eta Radio Euskadi irratiek eztabaidaguneak dituzte. Irratsaio bakoitzak bere atala du eta irratian askotan aipatzen dituzte entzuleek bertan emandako iritziak. Atarramendua ateratzen diete, beraz, irratian feedback-ari bidea emateko. Horrelako bat sor dezakegu geuk ere edo, ausartuz gero, gure zerbitzarietan horrelako sistema bat instalatu dezakegu, Euskal Musika eztabaidaguneak erabiltzen duen PHPBB software librea kasu.
Arauak eta netiketa garrantzitsuak dira horrelako taldeetan jarduteko eta hemen ingelesezko hitzak erabiltzen dira barra-barra. Esaterako, offtopic bat dugu eztabaidagunearen gaiari ez dagokion mezua. Agian idatzi duena galdu xamar dabil eta ez da konturatu, baina agian nahita egin du spammer bat delako, alegia, bere mezua ahalik eta lagun gehienengana helaraztea helburu bakarra duelako. Agian troll batek idatzi du hori, jendea haserretzea eta erantzunak eragitea beste helbururik ez duen molestatzailea. Orduan gerta daiteke flame war edo irainen gerra bat hastea. Mezuak irakurri baizik egiten ez dutenei lurker esaten zaie, eztabaidetan hitza hartzen ez dutenei.
Eztabaidagune batzuk
viajeseroski.com
imbecil.com
Berri taldeetan
soc.culture.basque
alt.culture.euskalherria
LABURRAK
BRN zentsuratua
Justo de la Cueva soziologoak 1998an sarean ezarri zuen Basque Red Net webgunea bere zerbitzarietatik ezabatu du ostatua ematen zion kanadiar hornitzaileak. Martxoaren 16an hornitzaileak bidalitako mezuan Kanadako gobernuak “Basque Red talde terrorista moduan” sailkatuta duela eta ostatu ezin ziola ematen jarraitu adierazi zion de la Cuevari. Honek berriz, webguneak sekula poliziaren edo epaitegien zitaziorik edo ebazpenik izan ez duela eta erabat legala dela erantzun zien harrituta. Lerro hauek idazteko unean ezinezkoa zen BRN webgunera sartzea.
Zaldi ero eta Linterna Gorria
Bihotz Bakartien Kluba izeneko literaturazale taldeak Linterna Gorria aldizkari digitala sortu du sarean. Manifestua, editoriala, elkarrizketak, narrazioak, poesiak eta literatura laborategia topatuko ditugu bertan. Literaturari buruzkoa da, halaber, Miguel Angel Elustondo argazkilariak eginiko argazkiak erakusten dituen webgunea. Idazleen erretratuak dira Zaldi Ero ezizeneko argazkilari honek bertan bildutakoak. Gehienak euskal idazleen argazkiak dira baina tartean badira atzerritar batzuenak eta bestelako artistenak ere. Aurkibidean alfabetikoki ordenatuta ageri dira idazleak, abizenaren arabera, eta hildakoen kasuan.
Lau egun Interneten
Internetek hartu duen garrantziaren neurria eman digute iragan asteko gertaerek. Osteguneko atentatuarekin hasita, igande gauera arte sarea izan zen informazio librearen gunea. Egunkarien webguneek inoiz baino bisitari gehiago jaso zituzten ostegunean, atentatuaren inguruko informazio berriak ezagutzeko irrikitan baiziren internautak. Igande gauean, berriz, telebistek ere sarea erabili zuten Espainiako hauteskundeen emaitzak jakiteko biderik azkarrena baizen. Zurrumurruak ere zabaldu dira sarean egunotan, Pedro Almodovarrek estatu kolpe baten inguruan zabaldutakoa kasu. Gainera, Espainiako lehendabiziko flashmob edo elkarretaratze dei arrakastatsua izan zen larunbat gauean PPren egoitzen aurrean protesta egiteko SMS eta posta elektroniko bidez deitutakoa.
Martxoak 21, 2004
Berriki lurrikara batek ehunka lagun hil eta beste milaka batzuren kontzientziak astindu zituen. Alhuceima aldean eta Marokoko leku askotan gobernuarekin haserre daude berbere etniakoak, euren kulturari eta mintzairari eusteagatik gobernuak baztertzen dituela salatzen dute aspaldion, baina lurrikararen osteko laguntza faltak altxarazi ditu. Zuzenean munduari laguntza eskatu diote, eurek bideratzeko asmoz. Ez dira agintariez fido eta euren sare sozial indartsua eratu dute beharrizanei erantzuteko.
Bertako askoren aburuz ezin da esan Maroko herrialde arabiarra denik. Izan ere, herrialdearen gehiengoak egun arabieraz hitz egiten duen arren, jatorriz berbere edo, euren hizkuntzan dioten moduan amazigh jendeak dira ia marokoar guztiak. Arabizazio prozesuak eragin handia izan du hirietan, arabiera hizkuntza ofiziala baita eta kaleetan dariya izeneko berbeta darabilte gehienek. Baina nekazal eremuetan euren hizkuntza eta nortasuna mantentzen dituzte, eskualde jakin batzuetan batez ere. Horietako bat berriki lurrikarak jotako Rif aldea dugu, baina hegoaldean ere badira amazigh eremuak.
Amazigh-ak Afrikako euskaldunak direla esateko antzekotasunak daude. Arabiarrak agertu aurretik Ipar Afrika osoa Amazigh zen eta ehunka urtez eutsi diote euren kulturari, islamizazioa eta arabizazioa gorabehera. Kondairaren arabera, duela mende asko Egiptotik Marokoraino hedatzen zen Thamazgha inperioaren izena Numidia izan zen eta erregina baten agintepean bizi izan ziren Amazigh-ak bertan. Horregatik izen hori jarri diote euren kulturari eta izaerari buruzko ingelesezko noumidia.tk webguneari. Bertan gehienbat Rif aldeko erreferentziak ageri dira baina historia, hizkuntza eta Tifinagh alfabetoak azaltzen dituzte. Gurean Abdelkrim izenaz ezaguna den Abdelkarim Alkhattabi buruzagi gerrilariaren biografia eta Espainiak milaka soldadu galdu zituen Rif-eko gatazkaren gaineko azalpenak ageri dira webgune horretan. Frantsesez eta ingelesez mondeberbere.com webguneak informazio mordoa emango digu amazigh-en historiari eta ezaugarriei buruz.
Tamazight hizkuntza da amazigh jendearen ikur nagusia eta arabizatutakoengandik ezberdintzen dituena nagusia. Egun euren hizkuntzari eusten dioten amazigh komunitate nagusi batzuk badira. Marokon Rif, erdialdeko Atlas eta Antiatlas-a hegoaldean dira gune tradizionalak, baina azken urteotan gune hauetatik emigrazioa izan da hirietara. Ondorioz, hiri handietan ere entzuten da Tamazight-a kaleetan. Aljeriako hiriburuan ere hori gertatzen da baina Kabilia da herrialdeko amazigh gune nagusia. Marokon populazioaren %50 Tamazight hiztunak dira eta Aljerian %25 dira, horiek baitira Amazigh kulturako gune nagusiak. Handik ekialderago arabizazioaren eragina handiagoa da. Tunisian 50.000 hiztun daude Djerba irlan eta herrialdearen barnealdean, baina oso azkar ari dira hizkuntza galtzen, gobernuak ez baitu arabizazio politika gelditu nahi. Libian, Tripolitanian badira komunitate garrantzitsu eta indartsu batzuk eta Gadafi presidentea Amazigh leinu bateko kidea da. Egipton ia galduta dago Tamazight-a, soilik 5.000 eta 10.000 artean dira Siwako oasiaren inguruan euren hizkuntzari eusten diotenak. Barrualdean ere, Tuareg-ak Amazigh jendeak dira, Malin, Aljerian eta Niger-en hedatzen diren herri nomadak. Melillan eta Ceutan bizi diren ia musulman guztiak amazigh dira eta Rif aldeko tamazighteraz mintzo dira.
Urte askoan oztopoak eta errepresioa jaso dute berbereek, batez ere 1956tik, Mohamed V eta Hassan IIaren agindupean. Oraintsu Marokoko gobernua herrialdearen amazigh izaera aitortzen hasi da, baina onarpen hori sarritan eremu folklorikoan geratzen da, benetako laguntzarik eman gabe eta ekonomikoki baztertuta mantenduz. Aljerian alde guztietatik errepresioa jaso dute Amazighek. Gobernua arabierazalea da, FLNren aurreko gobernua zein oraingo Buteflikarena. Noski, hainbeste herritar hil dituzten islamista erradikalak ere arabierazaleak dira eta sozialki liberalagoak diren amazigh asko hil dituzte. Politikan, kulturan edo gizartean nabarmendu diren amazigh asko jausi dira GIA taldeak akabatuta. Horietako bat Matub Lunes kantaria izan zen, amazigh kulturaren sinboloa. Berari buruzko testua dago sarean euskaraz, Vladimir aldizkaritik hartua.
Azken urteotan Amazigh mundu osoan euren kulturaren defentsa mugimendua sortu da, bazterketa salatuz, nortasuna eta duintasuna aldarrikatuz. Emigrazioak ekarri die askatasunez adierazteko aukera eta Internet erabiltzen dute euren artean komunikatzeko edo euren izaera munduaren aurrean azaltzeko. Esaterako, Euskal Herrian bizi diren amazigh batzuek Azraf elkartea sortu dute eta euren webgunean euskararen eta tamazigh-aren arteko antzekotasunak azaltzen saiatzen dira, balizko lotura baten bila. Egiaztatua da, ordea, Kanariar uharteak berbereak izan zirela eta uharteen amazigh izaera aldarrikatzen duen elguanche.net webgunean horren frogak erakusten dituzte.
Rifeko lurrikara dela eta, Internet bilakatu da albisteak jasotzeko eta laguntza bideratzeko tresna, marokoar administrazioaren oztopoen gainetik. Holandan bizi diren amazigh-ek sarea baliatu dute lurrikararen berri emateko eta laguntza telematikoki bideratzeko. Esaterako, amazigh.nl edo tawiza.com helbideetan argazki sorta handiak ikus ditzakegu, Flash-en eginiko aurkezpenak, albisteak, elkarrizketak, artikuluak eta eztabaidagunea. Frantsesez bada lurrikararen inguruko albisteak biltzen dituen atal bat yahoo.com-en baitan.
LABURRAK
Kontaizu.net aldizkaria
Sarean kontaizu.net aldizkaria aurki dezakegu Bizkaiko Ikastolen Elkartearen eskutik. Egia esan, nahiko ezezaguna den arren, hilabete batzuk daramatza sarean gazteentzako agerkari digital honek. Bertsolaritza, literatura, musika, elkarrizketak, Internet, artea, denborapasak, kirolak, lehiaketak, agenda eta bestelako informazioak jorratzen ditu aldiro eta, dagoeneko, sei zenbaki ditu argitaratuak.
www.kontaizu.net
Film kritiko kolektiboa
Espainiako hainbat zinemagilek bat eginda osatu dute Hay motivo filma, hiru minutuko 32 film labur batuta. Hainbat arlotan Espainiako presidente Aznarrek izan duen jokabidea salatzeko eta gobernuz aldatzeko arrazoiak badirela erakutsi nahi izan dute zine zuzendariek lan kolektibo honen bidez. Leku batzuetan debekatu dute filmaren erakustea baina egileek aste honetan filmaren webgunea aurkeztu dute eta bertan berau eskuratzeko eta erakusteko bidea ematen dute. Halaber, laburrak banaka ikus daitezke Interneten bidez, Windows Media formatoan.
www.haymotivo.com
Gipuzkoaeuskara webgunea
Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusiak sarean ipini du webgunea gipuzkoaeuskara.net helbidean. Gipuzkoan euskararen inguruan sortutako albisteak, dirulaguntzak eta era guztietako jarduerak agertuko dira bertan. Noski, azken asteotan denon ahotan dabilen Juan Perez Lazarragakoren eskuizkribua aipatu eta aztertzen dute bertan, baina honek bere webgunea dauka, iruditan dokumentuaren orrialde guztiak ikusgai dituena.
www.gipuzkoaeuskara.net
lazarraga.gipuzkoakultura.net
Martxoak 14, 2004
Azken urteotan kalamuaren landaketan izan den aitzinamendua nabaria da. Autokontsumoa izugarri emendatu eta hedatu da Euskal Herrian, Europa osoan bezalaxe. Landaketa teknikak eta landareen aukera ere garatu dira, batez ere barneko landaketa. Horretan Internetek zerikusi zuzena izan du, bertan eskura baitaiteke horren inguruko informazio guztia inolako zentsurarik gabe.
Duela zortzi bat urte oso bestelakoa zen marihuanaren hedapena gurean. Oso murritzak ziren landaketa zein ezagutza, jatorri zalantzagarriko landare eskasagoak hazten ziren eta beti kanpoaldean, ez zegoen ia bibliografiarik gaiaren inguruan eta jendeak ez zeukan non galdetu. Holandan, ordea, 70etatik tradizioa zegoen marihuanaren landaketa eta aukeraketaren eremuan. Dudarik gabe, Amsterdam izan da garapen horren erdigunea eta zientifikoki garatutako landaketak coffee shop famatuetan zeukan mundu mailako erakustokia.
Baina 95etik hona, Interneti esker, jakinmina eta marihuana onarekiko zaletasuna zabaldu dira munduan, Europan batik bat. Horrekin batera aldizkariak eta grow shop edo landaketa dendak ere hedatu dira, kalamuaren kultura delakoa sortuz. Egun, Holandako hazi denda ezagunek asko saltzen dute Europan sarearen bidez: Sensi Seeds, Serious Seeds eta Dutch Passion dira ezagunenak baina badira askoz gehiago. Barneko laborantzaren zientzia izugarri garatu da, etxean eta urte osoan belar indartsua lortzeko aukera ematen baitu. Debekuaren kontrako elkarteak ere sortu dira, kalamuaren balioak aitortzearen eta ikertzearen aldekoak. Kataluniako ARSEC elkartea izan zen aitzindarietakoa eta Euskal Herrian Kalamudia eta Ai Laket elkarteek jarraitu dute bide hori. Denek sarearen bidez zabaltzen dute informazioa internauten jakinmina asetzeko eta zalantzak argitzeko. Webgune batzuek, landaketari buruzko informazioa emateaz gain, haziak, ongarriak, lanparak eta bestelako tresnak saltzen dituzte.
Internautek sekulako ilusioarekin ekiten diote barneko landaketari, webguneetan edo foroetan begiratu ostean. Esaterako, gaztelaniazko solocannabis.com oso webgune txukuna da, landaketaren inguruko aholkuak, argazkiak eta lege kontuei buruzko informazioa duena. Izurriteei nola aurre egin, ongarriak, argiak, aireztatzea… Zalantza horiek argitzeko eztabaidaguneak daude cannabiscafe.net internauten elkartearen webgunean. Beste batzuetan kalamu zuntzez eta kalamutik ateratako erretxinez eginiko bestelako produktuak ere saltzen dira: kamisetak, gorputzerako olioak, sokak…
Hala ere, webgune askotan sartu aurretik, arduradunek kontsumoaren aldeko webguneak ez direla argitzen diote internautari, lege arazoak ekiditeko. Izan ere, Frantzian haziak ere saltzea debekatuta dagoen bitartean, Espainian alegaltasun egoera gozoa bizi dute dendek, sarearen bidez haziak saltzen dituztenek eta marihuana landatzen dutenek: Cañamo edo Yerba bezalako aldizkariak arazorik gabe saltzen dira, liburudenda berezituak daude, inoiz baino jende gehiagok hazten du eta ez dago jazarpen handirik… Baina dendak, webguneak eta erabiltzaileak mehatxatuta daude azken aldion, Espainiako gobernuari ez baizaizkio gustatzen Drogen Gaineko Plangintza Nazionaleko Delegatu Robles jaunaren esanetan “drogaren apologia” egiten duten dendak eta webguneak.
AEBetan egoera txarragoa da, erabat debekatuta baitago marihuanarekin zerikusia duen edozer. Noski, ez dago kalamuaren inguruko dendarik eta haziak edukitzea ere debekatuta dago. Horregatik amerikar askok Kanadara jotzen dute hazien, lanparen eta bestelako tramankuluen bila, bertan legeak ez baitira hain zurrunak. AEBetan, hemen baino gehiago, Internet da belarzaleen aterpea informazioa eskuratzeko edo haziak erosteko. Beldurraren beldurrez, batzuk ez dira marihuanaren gaineko webguneetan sartzera ausartzen, poliziak euren mugimendu telematikoak zelatatuko dituen beldur direlako, baina kalamuaren aldeko gizarte mugimendua oso indartsua da, Kalifornian batez ere. Horretan ezagunena dugu High Times aldizkaria, lagun asko erostera ausartzen ez diren aldizkari legala, eta NORML, marihuanaren legeak aldatzearen aldeko mugimendua. Garai batean Kaliforniak marihuana inportatzen zuen Kolonbiatik, hegazkin txikitan eramanda. Autolandaketa garatu zenean, ordea, produkzioa hazi zen eta egun Kaliforniak bere burua eta beste estatuak ere hornitzen ditu, jada ez dute kanpoan belarrik erosten.
Baina azken aldi honetan beste aitzindari bat bihurtu da, ustekabean, debekuaren aurkako mugimendu telematikoko ikonoa: Tommy Chong aktorea. Oso ezaguna da Chong porruzaleen artean, 70eko eta 80eko hamarkadetan kanutoak protagonista ziren film barregarri batzuk egin baizituen Cheech lagunarekin, Cheech eta Chong bikote artistikoa osatuz. Kaliforniako bere dendan bong-ak, pipak eta kalamuari lotutako parafernalia saltzen zuelako atxilotu eta azaroan bederatzi hilabeteko eta 20.000 dolarreko zigor eredugarria ezarri zioten. Operazio berean atxilotutako beste dendari batzuei baino zigor handiagoa ezarri nahi izan zioten “AEBetako erretzailerik famatuena izateagatik”, adierazi dute NORMLekoek. Bere aldeko kanpainia telematikoa aurkituko dugu freetommychong.org webgunean.
Cervantes da gai honen inguruko idazlerik famatuena, bere liburu mardula landaketaren bibliatzat hartzen baitute. Jorge Cervantes amerikarraz ari gara, Indoor Marijuana Horticulture liburuaz gain marijuanagrowing.com webgunea ere egin duena. Bertan aholkuak, testigantzak eta lotura franko aurkituko ditugu. Azken aldion conoisseur asko dago eta marihuana mota ezberdinen ezaugarriak aztertzen eta erkatzen dituzte overgrow.com bezalako webguneetan.
Weblog-en artean ere bada Liberad @ Maria bezalako bitakora berezirik. Irratirik ere bada, radiomarihuana.tk kasu. Irrati telematiko honek marihuanari buruzko irratsaioak igortzen ditu sarean shoutcast sistemaren bidez.
LABURRAK
Lana topatzeko
Sareari esker askok lortu dute lanposturen bat, lanbide.net zerbitzu publikoa edo infojobs.net bezalako zerbitzu pribatuak erabiliz. Duela hilabete batzuk kaixo.com atariari lotutako euskolana.com zerbitzua abian jarri zen, lan bila dabiltzan euskal internautei zuzendua. Dagoeneko 1.000 curriculum jaso dituzte eta estatistikak egin dituzte jasotako datuekin. Bataz beste 25-35 urte bitarteko emakume bizkaitarra, goi mailako ikasketak egin dituena da euskolana.com-en lan bila dabilena. Webgune elebiduna den arren, erabiltzaile gehienek (% 85) gaztelaniazko zerbitzua erabili dute lana bilatzeko. Eskatzaile gehienek (%40,6) goi mailako ikasketak dituzte.
www.euskolana.com
Katalanaren alde
Katalanezko webmaster independienteen WICCAC elkarteak hizkuntza politika sendoagoa eskatu dio Generalitat-i, lege bidez webguneetan katalanaren presentzia arautzeko. Elkarte horrek eginiko ikerketa baten arabera, Kataluniako webguneen %43k soilik dute katalanezko informazioa. Kirola edo hezkuntza hizpide dutenen egoera onargarria den bitartean, enpresa webguneetan soilik %30ek daukate zerbait katalanez.
www.wiccac.org
Aholkuak politikariei
Hauteskunde garaian gaudela eta, Internet & Euskadi elkarteak aholku sorta prestatu du politikariek euren egitasmoetan kontutan har dezaten. Guztira 11 aholku dira, tartean euskara sustatzea, sofware librea lehenestea, sarrera zerbitzu unibertsaltzat hartzea, CDen canon-a ezabatzea, dialerrak debekatzea eta spamaren kontra borrokatzea.
www.interneteuskadi.org
Martxoak 7, 2004