Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2004 » Otsaila

Otsaila, 2004 hilabeteko artxiboa

Hauteskundeak sarean

Espainiako parlamenturako hauteskunde kanpainia hasi da, sarean ere. Hala ere, alde handia dago oraindik AEBetako kanpainiarekiko, apenas ez baitago weblog-en eta multimedia baliabideen erabilerarik. Espainiako hautagaiak ez dira oso internautak eta alderdiek ez diote sareari amerikarrek eman dioten lehentasuna. Huts nabarmenak, nabigazio akatsak eta kontraesan ideologikoak nabaritzen zaizkie hauteskunde horietara aurkezten diren alderdien webguneei.

ZP hizkien inguruan antolatu du PSOEk bere kanpainia eta zapateropresidente.com webgunea da sarean bere kanpainiaren erdigunea. Ez da oso webgune mardula, baina astunegia da modem bidez kargatzeko eta Mozilla nabigatzailearekin bisitatuz gero, etengabe kargatzen diren elementu batzuek nabigazioa zailduko dute. Menu nagusiko aukera batzuek, abisatu barik, pdf dokumentuetara garamatzate eta beste batzuek inora ere ez.

Webgune batek erabiltzen duen zerbitzari mota jakiteko nahikoa da netcraft.com helbidera jotzea eta bertan webgunearen helbidea idaztea. Honela jakin dugu Zapateroren webguneak Windows 2000 erabiltzen duela eta marianorajoy.es webguneak software libreko Apache zerbitzaria darabilela, Red-Hat/Linux sistema eragile librearen gainean. Gainera, PHP script lengoaia librea erabiltzen du web orrialdeak osatzeko, nahiz eta berau Windows 2000en gainean erabili. Rajoyk Interneti buruz dituen proposamenek kritika zorrotzak jaso dituzte.

PSOEren psoe.es webguneak ere Apache erabiltzen du, baina argitu beharra dago horrek ez duela zertan aukera ideologikoa izan. Sareko zerbitzarietan softwarerik erabiliena Apache da, librea izateaz gain estimatuena delako. Hala ere, bitxia da Extremaduran eta Aragoien software librearen aldeko eta monopolioen kontrako jarrerak agertu dituen PSOEk Microsoft erabiltzea eta enpresa horren alde agertu den Piqueren alderdiak, oraindik software librea fidagarritzat jotzen ez duenak, Linux eta PHP erabiltzea. PPren pp.es webguneak Linux-en gainean ezarritako Windows zerbitzaria erabiltzen du, konbinaketa bitxia inondik inora.

Jakin ahal izan dugu, halaber, izquierda-unida.es webguneak orain Apache erabiltzen ari dela, baina duela gutxi arte Windows ari zen erabiltzen. Gainera, webgunea bera soilik Explorer programarekin ikuska zitekeen. Barrapunto albistegian eta internauten kexuak agertu eta gero eskuin muturreko prentsak IUren akats ideologikoaren berri eman zuen eta Apachera aldatu ziren duela aste batzuk. Hala ere, euren webgunean bertan Microsoft-ek Windows Media Player aplikazioa erabiltzaileak zelatatzeko erabiltzen duela salatzen duten arren, programa hori da IUren bideoak eta audio artxiboak jasotzeko erabil daitekeen bakarra.

Euskal Herrira etorrita, EAren euskoalkartasuna.org webguneak Windows zerbitzaria eta Microsoft-en ASP script lengoaia erabiltzen ditu. Rafael Larreinaren larreina.net webgunea ere Windows eta ASPrekin egina da, bere alderdia software librearen alde agertu den arren. Internauta porrokatu batzuk baditu EAk, horrek azaltzen du webgune ez ofiziala sortu izana, ea2004.tk domeinupean. Microsoft-en software konbinaketa bera erabiltzen du eaj-pnv.com webguneak ere, Euskaltelen ostatu hartuta, hauteskundeetarako sortutako eaj-pnv2.com domeinuak bezalaxe.

Aralar alderdiaren aralar.net webguneak Zope software librea erabiltzen du Linux zerbitzari batean. Webgunearen itxura grafikoa ez da oso aurreratua, baina informazioak aurkezteko egitura txukuna eta nabigagarritasuna du. Nafarroa Bai hautagaitzaren nafarroabai.org webgunea HTML estatikoz egina da eta euskarazko atalaren egitura erdaraz dago, bigarren mailakoa den seinale.

Batasunari dagokionez, dagoeneko ez dauka webgunerik sarean. Garzon epaileak Espainiatik batasuna.org domeinura konektatzea galarazteko agindu zien sarbide hornitzaileei eta horregatik ezinezkoa zen sartzea Telefonica edo Euskaltel erabiliz. Azpimarratu beharra dago honelako aurrekaririk bakarrik Txinan izan dira, gobernuak webgune batzuetarako sarbidea sistema berdina erabiliz blokatu zuelako. Europan ez dago horren aurrekaririk, Alemaniako gobernuak bere herritarrei Radikal aldizkariaren webgunera galarazi zien arren ez baizuen haren webgunera sartzeko oztoporik jarri. Hala ere, denbora luze batez Batasunaren webguneak sarean iraun zuen eta anonymizer.com bezalako proxy-en bidez ikuska zitekeen. Legez kanpo utzitako beste alderdi batzuek sareko eremu librean biderkatu dute euren presentzia. Batasunak, aitzitik, bere webgunea argitaratzeari utzi dio eta egun ez du sarean inolako jarduerarik.

Hautagaia ez bada ere, aipatu beharra dago ibarretxe.com webgunea, Gasteizko legebiltzarrerako hauteskunde kanpainian EAJ-EAko hautagai nagusiarentzat botoa eskatzeko zena, orain webgune instituzional moduan ageri dela: lehendakariaren proposamena jasotzen du eta Eusko Jaurlaritzaren EJIE erakundearen zerbitzarietan hartua du ostatu. Honek ere Windows-ASP konbinazioa erabiltzen du.

Beti bezala, ziberokupak eta parodista ezagunak eta izengabeak hor daude, sarea denona baita, nahaste xelebreak eragiten. Esaterako, marianorajoy.com idazten duenak beste Mariano bat aurkituko du, benetakoak, noski, marianorajoy.es helbidea baitu. Bestalde, aznar.net helbide entzutetsuan aldaketa batzuk izan dira: orain losgenoveses.net domeinuan aurkituko dugu webgune haren oinordekoa.

Weblog-en erabilerari dagokionez, hautagaiek eta alderdiek ez dute oraindik tresna hau ezagutzen. Aldiz, weblog-etan isla kritikoa izaten ari dira hauteskundeak, jendearen iritziak jasotzeko aproposak baitira. Esaterako, puedoprometeryprometo.com bitakorak hauteskundeen jarraipena egingo du egunotan. Bistan da oraindik Interneti dagokionez oso atzeratuta daudela Espainiako alderdiak eta hori islatzen da alderdien programetan.

LABURRAK

Euskal Googleak
Urtarrilean googlecat.com aipatu genuen hemen, Googleren katalanezko bertsioa. Bada, berriki antzeko webguneak agertu dira googleri euskal itxura eman nahian. Galiziar batek Google Euskal Herria izenburupean atera duenak eman du zeresanik, presoak euskal herriratzearen aldeko ikurra dela eta. Komunika.net-eko kideek, berriz, politikoki neutroagoa izan nahi duen bilatu.net helbidean jarri dute eurena, baina bertako menuko aukeretan google.es ageri da, google.com barik.

www.google.eu.kz
www.bilatu.net

Eurekster bilatzailea
Iragan astean aipatutako sare sozialen kontzeptua bilaketetarako egokitu du Eurekster izeneko bilatzaile berriak. Bilatzaile normal baten moduan erakutsiko dizkigu bila gabiltzan kontzeptuarekin lotutako emaitzak, baina erregistratutako erabiltzaileak emaitza batean klik eginez gero, hurrengo bilaketetan link horrek besteek baino garrantzi handiagoa izango du. Sistema horren bidez bilatzaileak gure interesak zeintzuk diren ikasiko du eta jendeak estimatzen duenari garrantzia emango dio.

Eurekster
home.eurekster.com

Mezuak jainkoari
Israeleko enpresa batek zerbitzu bitxia jarri du abian: jainkoari mezu elektronikoak helaraztekoa. Judutarren tradizioaren arabera, jainkoak Jerusalemeko Auhenen Horman jarritako idatzizko eskaera guztiak asetuko ditu. Enpresa honek, zerbitzua ordainduz gero, faxez edo e-postaz idatzitako eskaerak inprimatu eta horma horretan ezarriko ditu.

www.bezeq.com

Iruzkin 1 Otsailak 29, 2004

Spam-ari ez

Nork ez du inoiz eskatu gabeko publizitate mezurik jaso? Gure etxeko postontzian noizean behin agertzen diren publizitate paperak kentzea nekagarria izan daitekeen bezala, e-postaz jasotzen ditugun eskatu bako publizitate mezuak izurritea bilaka daitezke eta, zenbait kasutan, helbidez aldatzera bultzatzen dute jasotzailea, egunero ehunka mezu aukeratzen eta garbitzen ibiltzea ezinezkoa bihurtzen denean.

Spam esaten zaio eskatu gabeko zabor-publizitate mezuen fenomenoari eta posta elektronikoaren erabilera hazi ahala areagotuz joan den arazoa dugu. Dagoeneko bada e-posta hiltzat ematen duenik, eraginkorragoa den beste zerbait asmatu beharko delako. Izan ere, une honetan ziberespazioan dabiltzan mezuen %40 spam dira eta kopurua etengabe haziz doa, postontzietan ez ezik zerbitzarietan eta trafikoan arazoak eraginez. Sareko tresnarik zaharrena eta eraginkorrena izan dena gaindi egiten ari da arimarik gabeko saltzaileen erruagatik.

Ohiko spam mezuek sexua iragartzen dute, sartzeagatik kobratuko diguten web helbideak iragarriz, Viagra merkea salduko digutela esango digute edo guri iruzur egiten saiatuko da Nigeriako gobernu kide ohia dela dioen batek, biderkatuta itzuliko digun diru mailegua eskatuta. Beste batzuetan inprimagailurako toner tinta merkea agintzen digute… Mila amuzki ipiniko digute, ea baten bati tenk egiten diogun.

Publizitate bide molestagarri honen ugaltzearen arrazoi nagusia ekonomikoa da, oso merkea baita mezu bat milioika laguni bidaltzea. Publizitate bide bat eraginkorra den ala ez publizitatearen kostuarekin alderatuz ikusten da. Posta elektronikoaren kasuan nahikoa da mila mezutik batek arrakasta izatea, hau da, iragartzen duena baten batek erostea. Hala ere, spammer-ek gure helbidea lortu behar dute, gehienetan milioika helbide saltzen dituen beste bati erosita edo era guztietako trikimailuak erabilita. Helbideak saltzen dituztenek ere spam-a erabiltzen dute euren milioika helbideko datu baseak iragartzeko eta euren spam banaketa zerbitzua iragartzeko. Baina helbide saltzaile horiek nola eskuratu dute gurea? Baliteke jasotzen dugun spam horren arduradun nagusiak geu izatea, ez baitugu e-posta behar den bezala erabili eta gure helbidea hedatu dugu nahi gabe, spammer-en eskuetara helaraziz.

Mezu kateak dira abiapuntua
Guk gure lagunekin baino ez badaukagu harreman telematikorik, nola liteke gure helbide sortu berrira jada spam mezuak etengabe heltzen aritzea? Ziur aski hoax edo kate batean esku hartu dugulako izango da edo katea geuk abian jarri dugulako: gehienetan mezu barregarri bat jaso dugu, “Zabaldu hau zure lagunen artean” moduko izenburukoa eta gure lagun guztiei berbidali diegu argazki, txiste edo animazio hori ikus dezaten. Jaso dugunean ikusi dugu gure lagun batek bidalia dela, bere lagun guztien helbideak jarri baititu To: (Nori edo Para, programaren arabera) edo Cc: eremuetan. Erreparatu dugu, halaber, jada mezuaren gorputzean hainbat e-posta helbide ageri direla, berak ere beste norbaitengandik jaso duen seinale. Hala ere, helbide horiek ikutu gabe, guk gure kontaktu guztiei berbidaltzeko agindu diogu ordenagailuari.

Mezu bat sortzean edo mezu bat berbidaltzean, gure lagunen helbideak To: edo Cc: eremuetan jarriz gero, agerian geratuko dira eta jasotzaile guztiek ikusiko dituzte helbideok. Are gehiago, haietako batek mezua bere horretan beste bati edo beste batzuei berbidaliz gero, gure lagunen helbideak mezuaren gorputzean geratuko dira iltzatuta. Handik egun batzuetara, mezua oso barregarria bazen, baliteke gure e-posta helbide pribatua milaka lagunen ordenagailuetan egotea. Une honetara helduta ohikoak diren bi gauza gerta daitezke: gure helbidea eta gure lagunenak spammer baten eskuetan jaustea edo milaka ordenagailu horietako batek birusa harrapatzea eta gure helbidera ere birusak bidaltzen hastea. Normalean gauza biak gertatuko dira.

Kate horietako asko nahita sortuak dira gezurrezko mezu baten bidez. Zabaldu mezu hau, arren! gisako izenburuak izan ohi dituzte eta, bertan esaten digutenez, mezua gure lagun guztiei bidaliz gero lagunduko dugu oso gaixorik dagoen mutil baten bizitza salbatzen. Ez da egia. Baliteke spammerrek katea egiazko kasu batean oinarritzea sinesgarriagoa egiteko, baina helburua beti ahalik eta helbide gehien batzea da, horregatik istorio irudimentsuak kontatuko dizkigute. Zortearen kateak, apurtzen duenari zoritxarra agintzen diotenak, aberats bilakatzeko moduak, kondaira urbanoak, elkartasun kateak, birus sendaezinei buruzko abisuak edo sinadura bidezko atxekimendu kanpainak… Denek gure lagunen helbideak agerian jar ditzagun helburua dute eta helbideok eurei helarazteko bidea helbide jakin batera ere bidaltzea izan ohi da edo helbideok web formulario batean jartzea. Faltsuak diren mezu hauei hoax esaten zaie.

Beste batzuetan kateak nahigabe sortzen dituzte helburu zintzoekin dabiltzanek, Amina Lawal harrikatuta hil ez dezaten edo Espainiako gobernuak Prestige auzian bere errua onar dezan zabaldutakoak dira gure artean ezagunenak. Helburua zintzoa izanik, kaltea handiagoa izango da bide hori erabiliz gero eta laguntza eskasa emango diogu helburuari mezu kate baten bidez.

Mezu kateen funtzionamenduari buruzko esperientzia zabala jasotzen du Eugenio Siccardi argentinarrak bere Rompecadenas webgunean. Berak hoax-en bilduma handia dauka dagoeneko eta agian horietako baten bat ezagutuko dugu, inoiz tranpan jausi garelako. Bere esanetan, hoax guztiek spam-a dute helburu, ezinbestez. “Nik neuk datu basea osatu nuen, esperimentu moduan, jasotzen ditudan hoax-en kateetatik ateratako helbideak bilduta. Ahaleginik egin gabe 5.000 helbide bildu nituen bi hilabetean”. Beste esperimentu bat egin zuen Siccardik, doako bost helbide berri sortuz eta mezu kateetan esku hartuz. Handik aste bira hasi zen spam-a jasotzen helbide horietan guztietan.

Lagunei oporretatik gure pasadizoak kontatuz bidali diegun mezu kolektiboa ere kaltegarria izan daiteke gure lagun horien helbideak agerian jartzen baditugu. Mezua berdin helduko zaie guztiei euren helbideak hirugarren eremuan jarrita (kopia itsua bidaltzen dien CCO: edo BCC: eremuetan). Argi dago arazo honen kontzientzia hartu behar dugula eta denon artean spam-aren arrakasta zaildu behar dugula.

Rompecadenas:
www.rompecadenas.com.ar

Iruzkina gehitu Otsailak 24, 2004

Sare sozialak

Harremanetarako bide berria agertu da sarean azken aldion eta arrakasta handia izaten ari da. Interneten bidez harremanak sortzeko eta bideratzeko zerbitzuak sortu dira social networking izenburupean. Friendster izan zen honetan aitzindari eta orain sekulako oihartzuna du Orkut zerbitzuak, bitakora egilen eta sektore zehatzen artean batik bat.

Sare sozialak web bidezko topaguneak dira, bertan harpidetza egiten duenak bere profila sortzen du bere datu pertsonalak eta bere gustoko jardueren gaineko informazioa sartuta. Horrela, antzeko joerak dituen jendea erakarriko du eta lagun horiek ezagutu eta onartuz gero elkarrekin gauza asko egin ditzakete. Norberaren helburuen arabera lagunak bazkideak edo bikotekideak topa daitezke. Aisialdiko txangoa, hitzordu erromantikoa edo negozio bat adostu daiteke. Aukera asko dira eta bada jarduera jakin batzuetara bideratutako sare sozialik. Aditu batzuek erabateko garrantzia ematen diote, sareko azken boom-a dela esanez. Beste batzuek uzkurragoak dira baina denek garrantzi handia ematen diete sare sozialei. Googlek ere ikusi du sare hauen garrantzia eta horregatik dago Orkut zerbitzuaren atzean.

Hala ere, Craig Newmark-ek sortutako craiglist.org izan zen arlo honetako aitzindaria. Erabiltzaileek erosi, saldu, eztabaidatu eta elkar ezagutu ahal izateko zerbitzu bateratua sortu zuen Craigek eta, haren arrakastaren ostean, Friendster, Evite, Emode, Meetup eta Orkut etorri dira antzeko zerbitzuak eskaintzera. Friendster zerbitzua iaz arrakastak hondatu zuela esan daiteke, erabiltzaile mordoak izena eman ostean zerbitzariek ezin izan baizioten trafikoari eutsi, baina une honetan lehenengo lekuan mantentzen da sare sozialen sailkapenean.

Sare hauen funtzionamendua, bakoitzak bere ezaugarri bereziak baditu ere, antzekoa da: izena ematean nork bere zaletasunak adierazi behar ditu eta jada bertan dagoen baten laguna bada, haren adiskideen taldean sartuko da. Esaterako, Friendster famatuan gure lagunak zeintzuk diren ikus dezakegu, baita haien lagunak eta lagunen lagunak ere, baina lau urrats horiek baino urrunago ezin izango gara heldu. Lagun horietako baten lehenengo mailako lagun bihurtzen bagara, harenak ere zeintzuk diren ikusi ahal izango dugu. Orkut-en, antzekoa izanik, gonbidapen bidez sar gaitezke soilik, bertako batek gonbidatuta. Gogoan izan behar dugu trusted members community bat dela, elkar ezagutzen duten bizilagunez edo ezagunen ezagunez osatutako kideen komunitatea.

Baina ez dago dena argi honelako sareen inguruan. Milioika erabiltzaile izanik, euren balioa are hadiagoa da haien datu pertsonal zehatzak dituzten datu baseak direlako, erabilera komertzial asko dituzten jatorria, adina eta zaletasunei buruzko datuak, besteak beste. Horrek azalduko luke Yahoo-ko sortzaileak, eBay enkante etxeak edo Paypal zerbitzuak sare hauek erosteko interesa erakutsi izana. Google Friendster zerbitzua erosten saiatu zen baina ez zuen lortu. Handik hiru hilabetera, Googleko ingeniari Orkut Buyukkokten-i lotutako Orkut zerbitzua agertu zen. Argi dago Googlek interesa duela sare sozialak eta ingeniaritza soziala nola funtzionatzen duten jakitea bere bilatzailea hobetzeko eta bereari lotutako negozio lerro berriak zabaltzeko, horregatik erosi zuen Blogger zerbitzua. Mesfidantzarako arrazoi gehiago ematen dute Orkut-eko zerbitzuaren eta beste batzuen erabilerarako baldintzek, ez baitiote informazio hori guri ezer saltzeko erabiliko ez dutenik.

Baina onartu beharra dago Orkut-ek sekulako arrakasta izan duela bitakorak egiten dituztenen artean. Horren arrazoia izan daiteke blogger-ek gai baten inguruko sareak sortzeko duten joera, baina Orkut-en badira bestelako interesen inguruan eraikitako komunitateak ere: Linux eta kode irekia dira kide gehien dituztenak.

Batzuek besteak ezagutzen dituztela jakintzat eman ohi da, baina gehienetan gure friendster edo orkut lagunak ez ditugu benetan ezagutzen, benetako konfidantza maila apala dute baina gure datu pertsonal batzuk eskura ditzakete. Orkut erabiltzen duen Mariak bitakora batean dioenez, “ezin dut erantzukizunik hartu nik laguntzat onartu ditudanengatik, ez baitira benetakoak, lagun horietako batek nire beste lagun bati zerbatik erostea gomendatu badio”. Adiskide jatorrak soilik izango ditugula bermatzeko tentuz ibili beharra dago inor onartzekotan. Nortasun faltsuarekin, zerbait saltzeko edo iruzurra egiteko asmoarekin sartzen direnak aurkituz gero egotziko dituzte zerbitzutik, baita netiketa arauak hausten dituztenak. Orkut-en gartzela dago, arauak hausten dituztenentzako zigor birtuala. Sare hauetako batzuk ordainduzkoak bihurtu dira, Emode kasu, eta beste batzuk langileak eta patroiak kontaktuan ezartzeko topaguneak dira, tribe.net kasu.

Orkut
www.orkut.com
Friendster
www.friendster.com
FOAF
www.foaf-project.org

LABURRAK

Truke libre eta izengabea
Musika, filmak eta bestelako artxiboak trukatzeko erabiltzen diren P2P sareetako erabiltzaileak musika industriaren salaketen beldur dira AEBetan, haien lorratza jarraitu eta salaketa helarazi baitie hainbati RIAA elkarteak. Espainiako Pablo Soto gazteak asmatutako Manolito Peer to Peer protokoloak zeregin hori zailduko die, ordenagailuen IP helbideak izkutatzen dituelako trukea izengabea bihurtuz. Protokolo hori erabiltzen dute jada Blubster eta Piolet musika truke programek, baina beste batzuek ere interesa agertu dute berau erabiltzeko eta bestelako artxiboak ere trukatu ahal izateko.

www.blubster.com
www.piolet.com

Saharaui presoak
Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharan ehunka preso eta desagerturen aldeko AFAPREDESA elkarteak webgunea ezarri du sarean bere lanaren eta eskakizunen berri emateko. Atzerriko kazetariek sartzea eta bertokoek informatzea zaila duten lurralde okupatuetatik errepresioaren inguruko albisteak eta argazkiak ateratzen dituzte sarearen bidez.

www.afapredesa.org

Bushen kontraerasoa bideoan
AEBetako demokraten artean John Kerryk aurrea hartu die azkenik Internetetik bultzatutako beste hautagai biei. Dean-en bazterketa salatzen duen blog batek Kerryk komunikabide handien erabateko babesa izan duela dio, batez ere Dean-ek “komunikazioaren korporazio handiak apurtuko ditugu” esan zuenez geroztik. Bushek berriz sarean ekin dio kontraerasoari Kerryren kontrako bideoa online jarriz. Oso Internet estilokoa den bideo horretan Kerryk komunikabideetan gastatu duen dirutza nondik eskuratu duen azaltzen dute Bushen propagandistek.

Dean-en alde
tinyurl.com/2lkq7
Bideoa
www.georgebush.com

2 iruzkin Otsailak 22, 2004

Gezurra ari du

Igandea da eta azkenik atertu du. Gezurra, ordea, atertu barik ari du, duela urtebete bezala. Lorea Agirre lankideak idatzi duen Gezurra ari du liburuaren berri izan dugu Sustatun eta Berrian.

Googlera jo, bertan “armas de destruccion masiva” bilatzeko esan eta “Baietz lehenengoan” sakatu. Agertuko zaizuena nahiko barregarria da, ari duen gezur horrekin batera irakiarren gainean bonbak jausi ez balira.

Gurean, berriz, kritika politiko jator eta errespetuzkoa zuen Txori Barrote konpartsaren karrozari galarazi diote Bilboko inauterien desfilean esku hartzea. Behintzat asteak albiste onik ekarri du, Lazarragako eskuizkribuaz ari naiz. Beste batzuk euskararen presentzia molestagarria pegatinekin estaltzen saiatzen dira, Iruñeko udaltzainak kasu.

Iruzkina gehitu Otsailak 22, 2004

Omega-Omega-Omega

Lehengoan EAEko hezkuntza sailburu Anjeles Iztuetari entzun nion harrituta, hiru.com webgunea berriro aurkezten ari zela, helbidea “Omega-Omega-Omega-hiru-puntu com” zela esaten. Ez dirudi andre hau oso teknofiloa denik, beste politikari askoren moduan. Ohiko komunikabideetan ere askotan huts egiten dute sareko kontuak azaltzean.

Zenbat aldiz irakurri dugu egunkarietan web helbide bat gaizki idatzita, azentuak edo hitzen arteko tarteak jarrita. Beste hainbatetan albistea dugu webgune bat aurkeztu dutela eta, webgunearen xehetasun guztiak aipatu ondoren albistea amaitu da xehetasun ttipi bat eman gabe: webgunearen helbidea (URL-a).

Lehengo egunean ETBn, kasu, Athletic-eko Joseba Etxeberria jokalariak bere webgune pertsonala aurkeztu duela eta, bertan aurkituko dugunaren gaineko xehetasun guztiak eman zituzten. Hasieratik susmatu nuen helbidea ez zutela emango eta halaxe gertatu zen. Iztueta gutxienez helbidea ematen saiatu da, baina internautak gaitz izango du omega hizkia teklatuan jartzea. Googlen ere etxeberriaren web horren arrastorik ez dut aurkitu, nonbait, egin dutenei ere ahaztu zaie xehetasun ttipiren bat, kristo guztiak erabiltzen duen topatzailean helbidearen alta ematea. Baina egon… Hemen dago! Izenekin saiatuta, logika pixkat aplikatuz berehala aurkitu dut. Tira, interesa duenarentzat hor dago.

Hiru.com domeinua 500 dolar ordainduta erosi zuen Jaurlaritzak. Bertan, herritar ororentzako etengabeko formakuntza telematikoa bildu nahi dute eta, Cybereuskadin irakurritako albistearen arabera, Santillana argitaletxe espainiarrak eta Bilboko Inutec enpresak (webgune horrendoa daukate) garatu dute.

Iruzkina gehitu Otsailak 16, 2004

Zeuk sortutako musika librea banatzeko

Ezaguna da musika truke sareetan banatzeak ondorioak ekar ditzakeela. Egile eskubideak eta SGAE bezalako erakundeak tartean direla, gero eta zailagoa du irautea musikaren industria tradizionalak egungo gizarte digital telematikoan. Hala ere, badira euren musika besteen esku jarri nahi duten talde batzuk, Motorsex edo LaMundial.net taldeak kasu. Ikusiko dugunez, nork bere ekoizpenak doan banatzea ere ez da dirudien bezain erraza.

Duela hiru urte hasi ziren lehenengo taldeak euren musika zuzenean internautei eskaintzen, disketxeen bitartekaritzari uko eginda. Orduan mp3.com edo vitaminic.com bezalako zerbitzuak sortu ziren, artista hasberri eta ezezagunen zabalkunderako sekulako aukera ematen zuten. Nork bere taldearen gaineko informazioa eta kontaktua jartzeaz gain, abestiak mp3 formatoan bertan jarri eta edonori eskuratzeko aukera ematen zuten. Berehala bete ziren abestiz eta oso arrakastatsuak bihurtu ziren zerbitzu hauek. Argi zegoen orduan ohiko negozio eredua aldatu beharko zutela disketxeek eta artistek eurek. Hala ere, iaz mp3.com erosi zuen Vivendi enpresari bezala, horrelako zerbitzuak ez zaizkie diskagintzaren industriari interesatzen, ohiko eredu hori talde ezagunen gainean eraikia delako eta oraindik ez du ereduz aldatzeko erabakia hartu. Vivendik milioika abesti suntsitu zituen, talde asko sareko erreferentziarik gabe utzita.

AEBetan diskogintzaren enpresa handiak biltzen dituen RIAA elkarteak hartu du musikaren truke librearen kontrako ekimenen ardura, kanonak ezarriz eta P2P sareetako erabiltzaileak salatuz. Espainian, berriz, SGAE elkarte boteretsuaren eskutik agertu da kontraerasoa, fronte askotan gainera. Oraindik ez du P2P sareak erabiltzen dituzten aurkako ekimen garrantzitsurik egin, baina sareko webguneetan musika doan banatzen zutenei, Interneteko irratiei eta, azkenik, euren musika doan banatzen duten artistei eurei oldartu zaie. Dirua leku askotatik eskuratzeko ahaleginetan herritar askoren haserrea piztu duten ekimenak jarri ditu abian de facto administrazioarena bailitzan jokatzen duen elkarte pribatu honek, CD grabagarri guztien gainean 17 zentimoko kanona ezartzea kasu.

Bilboko MCD talde mitikoa aitzindaria izan zen euren musika sarean doan banatzen. Duela bi urte disko bat grabatu zuten, imbecil.com izenburukoa, sarean eskegita doan banatzeko ustez. Euren helburua diskogintzaren industriaren gainetik pasatzea zen, CDen prezioek duten salneurri altua salatzea eta CD dexente salduta ere beraiek indarrean dagoen sistemarekin ez liratekeela aberastuko agerian uztea. Benetako CDa osatzeko beharrezkoak diren elementu grafikoak eskaini zituzten, gaileta eta liburuxka barne. CD pertsonalizatuak eta egileek sinatuak ere egiteko aukera ematen zuten, sareak eskaintzen dituen aukera interaktiboen erakusgarri. Diskoaren ia 18.000 deskarga izan ziren eta gehien saldutako diskoen AFYVE zerrendan ere sartu zen, doakoa izan arren. Niko Vazquez kantariaren hitzetan “oso esperientzia positiboa izan zen eta inoiz baino kontzertu gehiago eman genituen horren ondoren”.

Baina beste inork kantak erregistratzearen beldurrez, SGAEn erregistratu zituzten eta horrek egoera aburdo xamarra ekarri zien: “SGAEren gutunak jasotzen hasi ginen, mehatxuz dirua eskatzen, gure kantak gure webgunean erregalatzeagatik. Paradoxa dirudien arren, badirudi hori legalki egin dezakeela”. Eskarmentuaren ostean, Motorsex talde berria sortu eta Copyleft doako lizentziapean, inongo egile elkartetan erregistratu gabe, singleak argitaratzeari ekin diote Nikok eta MCDkoak izandako beste musikari batzuek.

Kataluniako LaMundial.net funk taldeak ere MCDren bidea jarraitu du eta banaketa librearen defentsa sutsua egiten dute euren webgunean. Hainbat artikulu eta informazio interesgarriren artean, bide librea hartu nahi duten musikarientzako lagungarria izango delakoan, Como publicar tu musica de libre distribucion y no morir en el intento izeneko aholku sorta ezarri dute. Funtsean, SGAEN erregistratu beharrean, nork bere musika Jabego Intelektualaren Erregistroan egiteko gomendatzen dute, beste hainbat konturen artean. Hain zuzen ere, LaMundial.net-ekoek antolatuta, norberak ekoitzitako musika eta banaketa librea mintzagai izango dute hilaren 28an Bartzelonan musikarientzako antolatuko duten jardunaldian. Bertan, gai honekin zerikusia duten sektore guztietako ordezkariak izango dira: abokatuak, eskubideen kudeatzaileak, elkarteak, kazetariak, bitartekariak, kontzertu aretoak eta beste. Gauean, berriz, musika librea egiten duten bost talderen kontzertua izango da.

Euskal Herriko Oikobras streetpunk taldeak ere abesti batzuk grabatu eta sarean ezarri dituzte edonoren esku. Banaketa libreko gunea eratzeko asmoa ere badute, eurenaz gain beste talde batzuen musika librea eskaintzeko eta musikarientzako topagunea osatzeko.

MCD
www.imbecil.com
Motorsex
www.motorsex.info
LaMundial.net
www.lamundial.net
Nola banatu zure musika
tinyurl.com/2soxm
Oikobras
distri.oikobras.org

LABURRAK

Ardoa botilarik gabe
Sarean aurki dezakegu John Perry Barlow-ek duela hamar urte idatzitako saioa “Ardoa botilarik gabe saldu”. Wired aldizkarian argitaratu zen, 1994ko martxoan, aro digitalean jabego intelektualak izango zituen arazoen azterketa kritiko aitzindari hau. Orduz geroztik hainbat aldiz aipatua izan da eta ezinbesteko erreferentzia bilakatu da jabego intelektualaren eta copyright-aren eredu zaharra Interneten eta eremu digitalean inposatu nahi dutenei kritika arrazoitu hau. Bere iragarpenetako askotan bete-betean asmatu zuen Barlowek eta, iragandako denbora gorabehera, gaurkotasun handiko testua da.

Gaztelaniaz
tinyurl.com/28cly
Frantsesez
tinyurl.com/2u8qa

Euskal Pilota
Haren inguruan sortu den polemikagatik ezaguna da Julio Medemek egin duen Euskal Pilota filma. Hain ezaguna ez dugu, ordea, lapelotavasca.net webgunea. Bertan, filmaren gaineko jakingarriez gain, azken muntaketan sartu ez diren hainbat testigantza biltzen dira. Astero, lekukoetako baten azalpenak agertzen dira bideo formatoan, filmean baino luzeago eta zabalago. Halaber, euskal pilotaren bila ari ginela, oso bestelako webgunea aurkitu dugu: Jai-Alai players-en inguruko webgune batean apostuak egin eta pilota partidak ikus daitezke telematikoki. Hori bai, bertokoak baino, AEBetako frontoietako partida laburrak ikusiko ditugu.

www.lapelotavasca.net
www.bet-jaialai-online.com

Internetek ez du isolatzen
Sarea snuff, lapur eta hacker guztien habi moduan aurkezten duen kondairaren antzera, Interneten dabilen gizaki antisozialaren mitoa ere faltsua dela frogatu du hamaikagarren ikerketak. Oraingoan Hedabideen Europako Institutuak dioenez, sarea erabiltzen dutenek askoz telebista gutxiago ikusten dute. Izan ere, burmuina amatatu nahi dugunean telebista pizten dugu, baina berau piztu beharra dago ordenagailuarekin batera.

www.eim.org
www.worldinternetproject.net

Iruzkin 1 Otsailak 15, 2004

Zentsura eta manipulazioak

Oraintxe zabaldu dira sarean CBS telebista katearen asmoak. Entzuna nuen diktadura batzuetan telebista seinaleak segundu batzuetako atzerapenarekin igortzen direla, zuzenean protestaren bat edo egokia ez den zeozer agertuz gero, igorri baino lehen zentsoreei seinalea mozteko denbora emateko. Bada, hori egin nahi du aurrerantzean CBSk, lehengo eguneko ustezko eskandalua errepika ez dadin. Gringoek Footbal esaten dioten kirol horretako Superbowl-en finalaren atsedenaldian Janet Jackson-ek titi zati bat erakutsi zuen segundo erdiz.

Bada, bushin30seconds iragarkia erakusteari uko egin berri dion kate horrek ez du ezustekorik nahi, gaur zuzenean igorriko dituen Grammy sarietan. Noski, Oscar sarietarako ere sistema hori eskatu dute zinearen marrazo handiek, ez dezan beste Michael Moore batek Bushen kontrako esaldi ezegokirik esan.

Bada, Aznarrek ere izango du bere aznaren30segundos iragarki lehiaketa, amerikarren kopia hutsa baina arrakastatsua eta hura bezain justifikatua. Espero dezagun Aznar, Ese hombre-ri dedikatutako iragarkiak gringo-enak baino zorrotzagoak izatea.

Julio Medem eta bere filma ere zentsuratu nahi izan zituzten lehengoan orangistek Madrilen. Azkenean ez zuten euren helburua lortu eta oso haserretuta daude espainiar artistekin, ez zutelako euren elkarte ultraeskuindarrarekin bat egin.

Iruzkina gehitu Otsailak 8, 2004

Macintosh-ek 20 urte

Egunotan 20 urte bete ditu ikonoak, sagua, leihoak eta karpetak jendarteratu zituen ordenagailuak. Autoedizioa eta herri aldizkariak ekarri zituen Macintosh-ak, diseinuan ezinbesteko lanabesa bihurtu zen eta Internet aroan birusik gabeko nabigazio segurua ahalbidetzen du. Gutxiengo harroaren aukera menderaezinaren historia laburra egingo dugu ondorengo lerrootan.

Superbowl-aren finala zen, 1984ko urtarrilaren 24an. Janet Jackson-en titiak ez, baina markak hautsi zituen iragarkia ikusi zuten telebistan amerikar gehienek. Urteko iragarkirik garestienen artean, 60 segunduko batek 1984 urtea «1984 bezalakoa» ez zela izango jakinarazi zien ikusleei. Orwellen liburuari aipamena eginez Applek sistema berria aurkeztu zuen Ridley Scott zinema zuzendariak egindako iragarki haren bidez.

Lehenengo ordenagailu pertsonalak 70eko urteen hasieran agertu ziren, baina egun ezagutzen dugun ordenagailuaren kontzeptua, sormena eta komunikazioa bideratzeko tresna moduan, 1984ko urtarrilean agertu zen jendaurrean. Programatzaileentzat baino, jende arruntarentzako diseinatua, sagua izeneko aparailu baten bidez gobernatzen zen karpetez eta ikonoz osatutako interface grafiko intuitiboa erakusten: ume batek erabiltzeko modukoa. Programazio kodeak barik, Mac-ak idazteko eta marrazteko softwarea zekarren.

Hurrengo urtean, 1985ean, Windows 1.0 agertu zen Microsoft enpresaren eskutik. Interface grafiko askoz urriagoa zeukan eta erabiltzeko askoz zailagoa zen baina aplikazio sorta zabalagoa zekarren. Bitartean, Macintosh-ak ahalmena eta memoria gehituz joan ziren eta Applek publizitate kanpainia bereziak egiten jarraitu zuen: Andy Warhol eta Mick Jagger azaldu ziren Mac berriak erabiltzen. Urte horretan lehenengo LaserWriter inprimagailua eta Aldus PageMaker programa heldu ziren, autoedizioaren iraultzari bidea zabalduz.

Lehenengo Mac horiek izan ziren, euren interface grafikoari eta erabiltzeko erraztasunari esker, iraultza hori ahalbidetu zutenak. Liburu zein aldizkarien maketazioa eta inprimatu aurreko prozesu guztiak erabiltzaileen eskuetara pasatu ziren 80ko hamarkadaren bukaeran. Macintosh-etan Aldus PageMaker eta QuarkxPress programak agertuz geroztik konposizioa, tipografia eta ordura arte langile berezi batzuren zereginak ziren prozesuak edonoren eskueran jarri ziren. Gurean herri aldizkarien fenomenoaren agerpena ahalbidetu zuen autoedizioak eta, horren lekuko, aldizkariren baten erredakzioan oraindik huts egin ez duten Macintosh Classic eta LC bakan batzuk geratzen dira, museoko aleak bezala. Gutenberg-en ostean edizioak izandako aurrerakadarik nabarmenena izan zen autoedizioa, baina aurrerapen hori erdi ahaztuta geratu zen urte batzuk geroago, beste aurkikuntza batek, Internetek, aurrea hartuta.

Bitarte horretan, Appleren fundatzaileek enpresa utzi zuten eta Mac berri asko atera ziren errenkadan –19 modelo ezberdin 1992an– baina salmentek behera egin zuten, Windows-en hedapenarekin batera. PowerMac-ekin sekulako aurrerapena egin arren, enpresaren kudeaketa kaxkarrak eta Windows 95 sistemaren agerpenak beherantz eraman zuten enpresa. Jobs-en hitzetan «plataformen gerra galdua» zuen Applek, Microsoft-en mesedetan. Ironikoki, lehenengo Windows-ak Macintosh-en funtzio batzuk hartu eta erabiltzeko baimena ordaindu zuen arren, 1995ekoak are ezaugarri gehiago kopiatu zituen, Windows benetako sistema bihurtuz.

Hori ikusita, ezusteko mugimenduak egiten hasi zen Apple. Jobs berriro kontratatu zuen enpresak, haren norabidea alda zezan eta honek etsaiarekin egin zuen tratua 1997an. Microsoft-ek laguntza eman zion enpresa makalari, AEBetan monopolioen aurkako legeak egonik bere kalterako izango baizen bakarrik geratzea. Jobs-en beste ekarpena enpresari buelta ematea izan zen. Bere lanaren emaitza 1998an ateratako iMac modelo trinko eta modernoa izan zen, Interneterako pentsatua.

Milurteko berria heltzean beste mugimendu garrantzitsu bat eman zuen Applek. Windows sistemari aurre egiteko gai izango zen ahalmen handiagoko sistema berri bat garatu nahi zuen eta 2001an aurkeztu zuen: UNIX-en oinarritutako Mac OS X berria.

Ezberdintasuna gora eta behera
Macintosh erabiltzaileek beti izan dute gutxiengo pribilegiatu baten parte izatearen kontzientzia eta Applek sentimendu hori bultzatu du hasieratik. Izan ere, think different lelopean ezberdin pentsatzen zutenei begira egin ditu publizitate kanpainak, Picasso edo Einstein-en aurpegiak erakutsiz. Salneurri altuagoak gora behera, diseinuaren eta edizioaren arloetan estandarra markatu dute Macintosh-ek.

Jada ez dira Windows-en alternatiba bakarra, Linux eta beste sistema libreak gero eta indartsuagoak baitira. Hala ere, urte hauetan, akatsez betetako Windows ordenagailuen ondoan egonkorrak izatearen famari eutsi diote Mac-ek. Egun oso modan dauden birusak zer diren ere ez dakite maczale gehienek, birusak Windows sistemarako eginak izaten baitira eta Macintoshetan zailagoa da segurtasuna urratzea.

2 iruzkin Otsailak 8, 2004

Monopolio kaxkarra sufritzen

Iragan abenduan RealNetworks enpresak Microsoft-en aurkako salaketa jarri zuen, Bill Gatesen enpresak bere audio-bideo softwarea monopolio moduan sustatzen duelako. RealNetworks-ek dioenez, Microsoftek bere Windows Media Player (WMP) programa sartzen du bere sistema eragilean, sarearen bidez musika entzutea eta bideoak ikustea ahalbidetzen diguna.

Lehenago merkatuan zegoen RealPlayer programari aurrea hartu dio WMPek, kaxkarragoa izanagatik, Windows sistemarekin batera instalatuta datorrelako ordenagailu guztietan. RealPlayer, ordea, norberak jaitsi eta instalatu behar du makinan, bideoak ikusi ahal izateko. Ondorioz, gero eta jende gutxiagok erabiltzen du RealNetworks-en programa.

Hau ez da kontu berria plagiora eta joera monopolistikoetara ohituta dagoen Microsoft enpresarentzat. Bere jarduera programa arrakastatsuen plagio kaxkarrak sortzea eta estandar moduan inposatzea izan da Windows sortu zuenetik.

Windows bera 1985an aurkeztu eta berehala Apple enpresak aurreko urtean aurkeztutako Macintosh sistemaren osagarri batzuk ebasteagatik salaketa jaso zuen. Microsoftek Appleri osagarri horien lizentzia erosi behar izan zion aurrera jarraitu ahal izateko. Haren kopia merkea zen Windows 1.0, akatsez jositakoa, baina DOSen gainean ezartzeko sortu zuen Gatesek, dagoeneko gehiengoa ziren IBM egiturako PCekin bateragarria eginez, horixe izan zen bere arrakastaren gakoa.

Baina Interneten sorreraz gero beste plagio gatazkatsu asko egin ditu Microsoft-ek bere nagusitasunaz baliatuta. Netscape nabigatzailea nagusi zen 1995ean, Microsoft-ek Explorer 1.0 atera zuenean. Windows-ekin batera banatzeaz gain, sistema eragilean erabat txertatu zuen Explorer Microsoftek eta, denboraren porazuz, aurrea hartu zion Netscaperi, de facto-ko standarrak ezarriz.

Adibide gehiago daude: Messenger mezularitza programak ICQri nagusitasuna kendu dio, Windows Mediak Real Player-i, orain Google-ren bertsioa egin nahi dute… Microsoft-en programa gehienak beste batzuen kopia txarragoak dira, baina bereak dira. Produktu kaxkar bat de facto monopolioa izatearen ondorioak denok pairatzen ditugu: Windows erabiltzaileek segurtasun zuloz betetako sistema astuna eta geldoa erabili behar dute, birusen eta akatsen menean. Linux edo Mac OS erabiltzaileek ere pairatzen dute Windows monopolioaren eragina, beste norbaitek bidalitako Word dokumentua edo PowerPoint aurkezpena zabaldu ezin dutela azaldu behar dutenean. Hala ere, aukeran, nahiago dut denbora azalpenotan ematea ezen ez MyDoom bezalako birusak garbitzen. Monopolioa? Bai, noski, baina sufrimenduaren monopolioa ere kasu honetan Windows-en erabiltzaileek dute.

Jabi Zabala

Iruzkin 1 Otsailak 1, 2004

AEBetako hautagaiak, sareak aukeratuak

AEBetako lehendakarigaia izateko, lehendabizi, alderdi barruko bozketak batek irabazi behar ditu. Egunotan demokraten arteko lehia bizia ikusten ari gara, hiru hautagai nagusirekin: John Kerry, Howard Dean eta Wesley Clark. Kerryk indar handia duen arren, Internetek beste biak jarri ditu lehia horretan: Clark, sareak aurkeztera bultzatutako hautagai uzkurra eta Dean, sarea ongi erabiliz gutxik uste zuten indarra lortu duen hautagai xumea.

Internet AEBetako politika eztabaidagune nagusia bilakatzen ari da, iritziak eta informazioak libreki azaltzen diren leku bakarra baita. Bere erabateko garrantziaren hasiera 2000. urtea izan zen, John McCain senatore errepublikarrak e-posta eta webgunea bolondresak eta dirua batzeko erabili zituenean. Ez zen nahikoa izan Etxe Zurira heltzeko baina asko ohartu ziren orduan sarearen ahalmenaz.

Azken albisteen arabera, badirudi Kerryk aukera gehiago izango dituela demokraten hautagaia izateko, New Hampshire estatuko hauteskundeetan Howard Dean-ek baino boto gehiago eskuratu ostean. Demokraten baitako lehia horretan, hala ere, diruak garrantzi handia du eta Kerryk gehiegitxo gastatu du orain arteko ahaleginean. Kerryren informazioa sarean aurki daiteke johnkerry.com webgunean eta bitakora edo weblog-a ere badauka. Halaber, haren aldeko ehunka weblog eta webgunetarako loturak ageri dira bere gune ofizialean. Baina Kerryrentzat sarea garrantzitsua izanik, ohiko bideei eman die garrantzi gehiago eta horrek dirutza handia xahutzea ekarri dio. Kerry ohiko hautagaia dela esan daiteke, ohiko bideetatik politikaren finalerdietara heldu dena.

Baina Internet bere indarra erakusten ari da bozketa hauetan eta, berak sortu duen hautagairik badago, hori Clark generala da. Wesley Clark-ek bere burua aurkezteko erabakia sareak duen eragin handiaren froga dugu. Bere aldeko mugimendua Interneten sortu zen draftwesleyclark.com webgunearen bidez 1,6 milioi dolar bilduta eta horrek bultzatu zuen Clark hautagaitza onartzera.

Howard Deanek deanforamerica.com helbidean du webgune ofiziala, baina urrats gehiago eman ditu, Internet bere aurtengo kanpainaren erdigune bilakatuz. Berak eta bere aldekoek meetup.com bezalako tresnak erabili dituzte ekintzaile taldeak antolatzeko, sarean zehar bere mezua azkar eta merke hedatu dutenak. Meetup gai baten inguruko bilerak eta mahainguruak antolatzeko doako zerbitzua da. Norberaren joerak edo gustuak dituen jendea badagoela jakinik, jende horiek biltzea da zerbitzu honen xedea. Nork bere gustoko gaia aukeratu, zerbitzuan izena eman eta harremanetan sartuko da bere hirian gai beraren inguruko interesa dutenekin. Milioi bat lagunek eman dute izena jada, 3.880 gairen inguruan. Dena dela, egunotako top topics edo lagun gehien biltzen dituztenak hauexek dira: Dean (186.900 lagun), Clark (65.900) eta Kerry (34.100).

Bestalde, blog edo bitakoren erabilera azkarra egin du Deanek. Bitakoren ezaugarri nagusia dugu kasu honetan herritarrek iruzkinak eta eskaerak zuzenean egiteko ahalmena izatea, orain arte politikan gaitza izan dena, are gaitzago hauteskunde kanpainetan. Bada, Dean-en aldeko blogzale mordoak bere bitakoretan eta inorenetan haren aldeko idatziak eta iruzkinak izugarri azkar zabaltzen dituzte. Botoetan islatuko denentz ez da segurua, baina kaleko aktibismo politikora bueltatzea ekarri dute bitakorek, telebistaren agerpenetik baztertua zegoen herritarren grassroots partehartze politikora.

Beste baliabide telematiko batzuk ere erabiltzen ditu Deanek, howarddean.tv helbidean eskura daitezkeen audio-bideoak kasu. Deanek botatako zantzoak eta hitzaldi xelebreak sarean azkar hedatu dira, barre eragiteaz gain hautagaiaren ilusioa islatzen dutelako.

Azkenik, Dean-en alde gehien egin duena moveon.org mugimendua bereganatzea izan da. Moveon 2003an sarean izandako mugimendurik handienetakoa dugu, Irakeko gerraren aurka sortua eta Bush gobernutik kentzeko xedez garatua. Inoiz aipatu dugun bushin30seconds kanpainaren bultzatzaileak izan dira Moveon-ekoak. Moveon ez da hautagai baten aldekoa, Bushen kontrakoa baizik, baina bertan antolatutako bozketan Dean aukeratu zuten internauten hautagaitzat.

Bakoitzaren bitakora aztertzen jarrita, nabarmena da Dean-ek duen laguntzaile mordoa eta bitakoran bertan du gaikako weblog-en zerrenda bat, lotura mordoarekin, weblog-ei buruzko atal oso bat eskaintzeaz gain. Wesley Clark-ek ere oso itxura xaloko bitakora pertsonala du, kanpainako blog ofizialaz gain, eta haren aldeko blog zerrenda edo blogroll handia erakusten du. Konparatzeko, George Bushek ere badu bere bitakora bat, baina ez du merezi izendapena. Hasteko, ezin da iruzkinik egin, ez du bere aldeko weblog-etarako loturarik erakusten… Ideologian ere alde ederra erakusten du Bushen gizarte gaiei buruzko atal batek compassion izena edukitzeak.

Beste blogger batzuk ere sortu eta geratu dira lehendakaritzarako bidean, Gary Hart aitzindaria kasu. Baina weblog guztietan ibili beharrean, hautagaien inguruan oso jantzita ez dagoenarentzat badago online test bat, gure iritziak ezagutzeko galdera batzuk erantzun ostean hautagai bakoitzarekiko hurbiltasun ideologikoa eta programatikoa neurtuko diguna.

LABURRAK

Kaia digitala
Euskarazko agerkari digitala ezarri du sarean Juanma Gallego izeneko internauta euskaldunak. Misterioa eta zientziak azaldu ezin dituen gertakariak jorratzen ditu Kaia aldizkariak eta dagoeneko bi zenbaki argitaratu ditu. Besteak beste, euskaldunak XVI. Mendean Polinesiara heldu zirela dioen teoria, Durangaldeko basetxe bateko horman azaldutako aurpegi misteriotsua edo Yeti-aren inguruko azken ikerketak ditu aipagai aldizkari honek eta webgune.net doako ostatatze zerbitzu euskaldunean hartu du ostatu

Kaia digitala
www.kaiadigitala.tk

Txiki Zabaloren lana
Jon Zabalo marrazkilariak eginiko komikiak, afitxak, karikaturak eta bestelako lan mordoa erakusten duen webgunea kausitu dugu sarean. Mende hasierako prentsan eta liburugintzan Zabaloren marrazki eta txiste ugari argitaratu ziren eta webgune honetan aukera interesgarria dago, tartean Xabiertxo umeentzako liburuen ilustrazioak eta publizitate afitxak.

Jon Zabalo
www.txikizabalo.org

MyDoom birusa
Izugarri azkar zabaldu da sarean MyDoom birusa. Adituen arabera inoizko hedapen azkarrenekoa izaten ari da. Funtsean, ez du bere burua exekutatzen, erabiltzaileak mezu batean atxekita datorren artxiboa zabaltzean baizik. Noiz ikasiko dugu atxekitako artxiboak ez direla zabaldu behar? Salbuespen bakarra izan behar dira aurretik jasoko ditugula dakigun mezuak, gure lagun batek bidalia dela erabat seguru gaudenean, telefonoz edo beste modu batez konfirmatuta. Eta hala ere kutsatuta egon daiteke artxiboa edo birusak berak bidalia izatea.

Info gehiago
www.alerta-antivirus.es

Iruzkin 1 Otsailak 1, 2004


sarean.com

Calendar

Otsaila 2004
A A A O O L I
« Urt   Mar »
 1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak