Abendua, 2003 hilabeteko artxiboa
Azken urteotan gure bizitza aldaraziko zituzten hainbat gauza iragarri dizkigute Interneten inguruan. Batzuk benetan garrantzitsuak suertatu dira baina beste batzuk huts egindako iragarpenak dira. Moda iragankor horietako batzuek egun nahiko ergelak dirudite, baina bere garaian entzute handia izan zuten. Hona hemen sareko tontokerien zerrendatxo bat, berriki Kuro5hin weblogean agertutako Top Ten Internet Fads izeneko sailkapenaren moldaketa partikularra.
WAP telefonoak beste aurrerapen eskas bat izan dira. Mugikorraren bidez Interneten nabigatuko genuela esan ziguten, baina oso garestiak dira WAP zerbitzuak, pantaila nano batean lau albiste labur ikusteko. Nork nahi du sarean nabigatu telefono mugikor horiekin, testua baizik ikusiko ez dugula jakinda? Eta hemen, auskalo noiz etorriko den UMTS iraultzailearen zain geunden bitartean heldu zitzaigun Japonian iMode arrakastatsuaren fenomeno sozialaren oihartzuna. Jada aurreratuagoa dago telefonoena, koloretan ere ikusten dira orain gauzak baina oraindik nahiko urrun gaude ordenagailu baten ahalmenetatik eta kostuetatik.
Akronimo digitalak (B2C, B2B, B2G, G2C, P2P…) eta gurean jada izena duten gauzak deskribatzeko ingelesezko hitzak. Soziologoen arabera, taldekoak garela adierazteko modu bat dugu lengoaia bereziaren erabilera, dakitenek bakarrik erabiltzen dituzten hitzak une egokian botatzea.
Edozer sarean saltzea posiblea izango zela esan ziguten. Badira gauza aproposak sarearen bidez saltzeko, diskoak eta liburuak kasu, bidaltzeko errazak direlako eta aukera handia dagoelako. Amazonek erakutsi du sarean dirua irabazi daitekeela, kudeaketa eta estrategia egokiak izanez gero. Baina badira sarean saldu ezin diren gauzak, gure txakurrarentzako janaria, arrain freskoak edo eraikuntza materialak kasu.
PointCast zerbitzua 1997an iragarri zutenean, kontzeptu iraultzailea iragarri zuten. Pantaila babeslea zen, ordenagailua erabiltzen ez genuenean konektatu eta gure pantailan albisteak erakusteko. Honekin push kontzeptua saldu zuten, nork informazioa bilatu beharrean (pull), informazioa guregana berez etortzea. PointCast-ek ez zuen arrakastarik izan, nahiz eta kontzeptu bezala push guztiz oker ez egon. Izan ere, e-posta definizio horretan sartzen da, informazioa guregana dator harpidetza bidezko berripaper elektronikoen kasuan.
Interneteko ekonomiaren miraria ere ustela suertatu zen. Artifizialki hainbeste puztu ostean eztanda egin zuen puxikak 2000. urtean, telematikoa eta birtuala gauza bera ez direla frogatuz eta sareko ekonomiak, edozein ekonomiak bezala ezin duela oinarririk gabeko holograma hutsa izan erakutsiz. Irabaziak epe luzera agindu arren, haien segurantzirk gabe, barra-barra sartutako diruak atzera egin zuen, burtsaren alegiazko merkatuaren laguntzaz gehiegi hazia zela konturatu ostean. Famatuak izan ziren, pelotazoak iraun zuen bitartean, Terra atariarena bezalako espekulazio kasuak burtsan. Enpresei dagokienez, Interneteko atari edo bilatzaile xume bat sortzea eta gero telekomunikazio enpresa bati saltzea zen maukarik handiena. Horixe izan zen Pep Valles, Ole bilatzailearen sortzailearen kasua, edo Hispavistaren sortzaile Elosegi anaiena, hurrenez hurren Terra edo Libertysurf enpresak izan ziren erosleak. Elosegitarrena negozio biribila izan zen, enpresaren truke 36 milioi euro jaso eta urte bi beranduago berreskuratu ahal izan baizuten Hispavistaren kontrola.
Pertsona digitalekin solastuko ginela agindu ziguten, benetako elkarrizketak izango genituela. Webgune batzuetan sartutakoan konturatuko gara norbait hizketan ari zaigula. Leihoaren bazter batean animazioa ikusiko dugu, normalki neska erakargarri bat, hizketan ari den bitartean ezpainak ere mugitzen dituena. Batzuetan galderak egin diezazkiokegu eta berak erantzun sintetizatuak emango dizkigu, bezeroen arretarako zerbitzuetan erabiltzen dira animazio horiek, baina normalean ezer gutxi konponduko digute aurrez prestatutako erantzun horiek. Garai batean sekulako dirutzak gastatu zituzten horrelako asmakizunen ezpainen mugimenduaren sinkronizazioa hobetzeko baina jendeak, benetako elkarrizketa nahi badu, nahiago izaten du telefonoz benetako batekin aritzea edo benetako bulego batera joan. Honelako moda tontoen artean Microsoft Bob kokatzen du Frozen North-ek, Kuro5hin-en idatzitako artikuluan. Microsoft Bob hau, ordenagailuaren erabilera errazteko asmoa zuen pertsonaia zen, gerora Word programaren klip gorrotatuak izan zuen erabiltzailea tontotzat tratatzeko joeran aitzindari.
Geroago agertu zen Ananova, albisteak ahotsez ematen zizkigun Flash-ekin eginiko horrelako aurkezle birtual batek, baina erakargarritasun handirik ez zuen asmakizunak. Horren kontrako bertsioa, haragizkoa, eskaini zuen nakednews.com albistegi xelebreak, albisteak eman bitartean arropak eranzten dituzten emakume edo gizon aurkezleak. Benetazko albisteak dira, agentziazkoak, eta seguruenik audientzia fidelagoa dute alegiazko aurkezleek baino.
IP bidezko ahotsa ere betiereko promesen artean koka daiteke, denok telefono deiak sarearen bidez egingo ditugun eguna ez baita oraindik etorri. Soinuak heltzen badira atzerapenez izaten da eta mozketa ugarirekin. Elkarrizketa gehienak metaelkarrizketak dira, “Bai, bai, entzuten didazu?” gisakoak. Garapenari denbora pixkat gehiago eman beharko diogu, baina bitartean, Microsoft-ek Netmeeting programa egiteari utzi diola jakin dugu, messenger ezberdinetan soinuaren aukera gutxi erabiltzen den bitartean.
Desagertu den beste joera bat Interneten nabigazteko bezero tontoak izan dira, nabigatzeko baizik balio ez duten pantailak, barruan ordenagailua dute baina erabiltzaileak ezin du gauza handirik egin. Hori bai, erabilterrazak eta xaloak omen ziren bezero tontoa nor ote zen zalantza eragiten zuten iMac-en itxurako makina koloretsu haiek. Gogoratzen dut banku batek saltzen zituela garai batean, baina ez dut ezagutzen horietariko bat daukan inor.
Kuro5hin
http://www.kuro5hin.org
Flashblog eta flashmob
Bitakora batean bat-batean lagun asko sartu, bertan makina bat iruzkin idaztea eta alde egitea, aldez aurretik euren artean adostutako flashblog ekintzak dira sarean sortu den azken joera. Sarearen bidez hitzordua jarrita, internauta asko leku berean fisikoki agertzea den Flashmob joeraren aldaera dugu flashblog-a. Flashmob ekintzek ez dute arrakasta handirik izan, New Yorken eginikoak ez badira. Katalunian, sarearen bidez jarri zuten hitzordua lehendabiziko flashmob-a egiteko.Urriaren 4an, Colom plazan geratu ziren, 18:03etan doi doi estatuari buelta batzuk eman eta “Que vienen los indios” oihukatzeko. Bakarrik 10 lagunek hartu zuten esku ekitaldian eta bik soilik egin zuten oihu, lotsaren lotsaz. Kataluniako porrota ikusita, pentsatzekoa da zer gertatuko litzatekeen gurean honelako deialdiak eginez gero. Bada fenomeno honen inguruan teorizatu eta libururik idatzi duenik eta bada berau erabat gutxiesten duenik ere.
www.flashmob.com
www.smartmobs.com
www.antimob.com
Abenduak 28, 2003
Iragan astean Genevan izan zen Informazioaren Gizarteari buruzko gailurrak argi utzi zuen herrialde garatuen eta azpigaratuen artean gero eta alde handiagoa dagoela alfabetatze digitalari dagokionez. Herrialde pobreetako ordezkarien esanetan gailurrak ez du emaitzarik izan, erabaki garrantzitsu guztiak 2005eko azaroan Tunisian izango den bilkuraren bigarren parterako utzi baitituzte. Garapen digitalerako diruen bideratzea, software librearen garapena, software patenteen aurkako planteamenduak eta Interneten kontrola NBEren eskuetara pasatzea ziren, besteak beste, herrialde pobreen agendako gaiak.
Eskala txikiagoan eta gure artean honelako gaiak hizpide hartuta egiten diren topaketa gehienak bezala, emaitza argirik ez baina adierazpen handientsuak izan ohi dira itxiera ekitaldian. NBEk deituta, mundu osoko 10.000 ordezkari, 176 herrialdetako 50 estatuburu, 80 ministro eta milaka komunikabide erakarri dituen gailurrak konpondu gabe utzi ditu munduak eremu digitalean dituen arazoak eta lubakia gero eta handiagoa dela argi geratu da, korporazio handien eta gobernuen esku dagoen gai honetan.
Alde batetik, NBEk gizarte zibila gonbidatu du gailurreko eztabaidetan esku har dezan, baina bertaratu ahal izan diren GKEek bigarren mailako gonbidatuak izan direla salatu dute, gobernuak eta korporazio handiak protagonista izan diren bitartean. Argentinako hainbat elkarte zibilek salatu dute hitz egiterik ez dutela izan eta argentinar gobernuaren ordezkaritza telekomunikazio enpresekin lotutako gizonek osatzen zutela.
Egitasmo sendoa eskatzen zuten herrialde pobreek, azpiegitura eta hezkuntza digitalez hornitzeko. Senegalek elkartasun digitaleko fondoa sortzea proposatu zuen, alfabetatze digitaleko proiektuak ordaintzeko, baina AEBek, Japoniak eta Europak ezetz esan dute, horretara bidera daitezkeen bestelako fondoak badirela argudiatuz. Kubak, Ghanak, Zinbawek eta beste herrialde batzuek lubaki digitalaren kontrako neurriak proposatu zituzten baina bakar bat ere ez zen onartu. Azkenik, asmoen deklarazio orokorra baizik ez zen adostu eta 2005rako utzi zuten egitasmo zehatz baten erredakzioa.
Ganorazko erabakiak atzeratzeko aitzaki ederra dute herrialde aberatsek, gailurrak bi zati dituelako, eta Tunisian 2005ean izango den bigarren zatirako utzi dituzte konpromisoak. Gizarte zibilaren salaketa eragin du bigarren zati hori Tunisian egitekoa izateak. Ziberdisidenteak eta kazetari kritiko ugari gartzelan dituen Ben Aliren erregimenak antolatuko du gailurra, turismoari begira herrialde lasai eta erakargarriaren irudia saltzen duen estatu polizialak.
AEBetako ICANN erakundeak kontrolatzen du mundu osoko domeinu izenen banaketa. Elkarte pribatu hori hertsiki lotuta dago Bushen gobernuari eta sarearen antolaketa teknikoa kontrolatzen du, DNS zenbakien eta domeinu izenen banaketa eta domeinu izen berrien sorkuntza bere esku dago. Interneten herrialdeei dagozkien domeinu izenak aktibatzea ere erabakitzen du ICANNek, azken finean, sarean herrialde zein den eta zein ez den. Horregatik NBEk sareko gobernuaren kontrola bereganatu nahi du, ICANNen eskuetatik kenduta. Hori proposatu du gailurrean baina argi geratu da AEBek ez dutela botere horri uko egiteko asmorik eta Europako gobernuek ere nahiago dute kontu horrek orain arte bezala jarraitzea.
Tunisiako gaiaz aparte, adierazpen eta prentsa askatasunaren gaiak ere izan du lekurik gailurrean. RSF erakundearen protestak entzun dira, antolakuntzak nahita gailurrera sartzea eragotzi dielako. RSFren asmoa sarea euren iritziak adierazteko erabili duten ziberdisidenteak gartzelaratzen dituzten gobernuak salatzea zen, Tunisia da euretako bat, baina Txina, Kuba eta beste batzuk ere badaude RSFren zerrendetan. Horiez gain, hainbat GKEk eta globalizazioaren kontrako talde batzuek gailur paraleloa antolatu dute WSIS? We seize! izenburupean. Irrati telematiko baten bidez eta webgune baten bidez zabaldu dute deia, aktibistak, artistak hackerrak eta software librearen aldekoak bilduz eta jardunaldi paraleloak eginez. Indymediak ere jaso du gailurraren eta ekintza paraleloen inguruko informazioa bere Suitzako webgunean.
Software librea eta patenteak mintzagai
Ahotsa apenas altxatzerik izan duten gizarte zibileko erakundeek Software librearen aldeko neurriak hartzea eskatu dute, baina gaia diplomaziaz baztertu dute gailurreko moderatzaileek. Gailurra hasi aurreko egunetan, agiri baten bidez salatu zuten gailurreko eztabaidetatik baztertuak izan direla. Halaber, “neutraltasun teknologikoaren gezurra” salatzeaz gain, komunitateek teknologiaren garapenean esku hartu behar dutela aldarrikatu zuten, software libreari aipamen zuzena eginez. Software patenteek dakarten ezagutzaren pribatizazioa arriskutsua dela salatu zuten. Farmazia industriak patenteen bidez botika batzuk herrialde pobreetan eskuraezin bihurtzen dituen bezala, softwarearen industria handiek garapena oztopatzen dutela salatu zuten gizarte zibileko ordezkariek. Gailurrean esku hartu ahal izan zuen Richard Stallman-ek Linux sistema herrialde pobreetan zabaltzearen beharra azpimarratu zuen, doakoa, eta librea baita. Lehen munduarekiko eta enpresa handiekiko dependentzia desagertzea ahalbidetzen duen eredua, dudarik gabe, software librea da, baina gailurrak ez zion gaiari arreta handirik eskaini, adierazpen ofizialetatik guztiz at geratu baizen.
Gailurra
www.itu.int/wsis
WSIS? WE SEIZE!
www.geneva03.org
www.geneva03.net
Indymedian
switzerland.indymedia.org
LABURRAK
Ziberkazetaritza weblog-a
Internet eta informatika hizpide duten milaka albiste irakur ditzakegu Aula weblog izeneko blog kolektiboan. Leioako Komunikazio zientzien fakultatean kazetaritza irakasle Gorka Palaziok jarri du abian hau ciberperiodismo.net webgunearen barruan eta jada ikasleek eta internautek idatzitako milaka albiste biltzen ditu. Open Source edo software librea erabiliz egina da Ciberperiodismo.net, Linux sistemaren gainean edukiak kudeatzeko Zope sistema erabiliz.
Aula weblog
www.ciberperiodismo.net/gorka/aulaweblog/
Ibarretxe plana Googlen
Komunikazio kanpainia jarri du abian Interneten Eusko Jaurlaritzak, eta Google bihurtu da kanpainaren erdigunea. Google Adwords publizitatea kontratatu du Eusko Jaurlaritzak, Googleko bilaketetan norbaitek basque, alkartasuna, bakea, autodeterminazioa, Nafarroa, lehendakari eta beste hitz batzuk jarrita, emaitzetan lehendakariaren proposamena jasotzen duen webgunea nabarmendu dadin. Erdarazko domeinu bat baino gehiago hartu dituzte, propuestaibarretxe.com kasu, nuevoestatutodeeuskadi.net webgunera desbideratuz. Horretaz baliatu da jaurlaritza Google bombing modukoa egiteko. Izan ere, lehenengoa Googlen indexatua ageri da webgune normal baten moduan, bigarrena ordaindutako iragarkietan ageri den bitartean.
Ibarretxe
www.propuestaibarretxe.com
www.nuevoestatutodeeuskadi.net
Abenduak 21, 2003
Kantuok ekarpen
Bere 13. diskoa aurkeztu berri du Ruper Ordorika kantari oñatiarrak, Kantuok jartzen ditut izenekoa. Gustora dago Ruper, bere formula aurkitu duela eta, jazzaren auzo mugetatik datozen musikari amerikarren laguntzaz. Gurean entzulego fidela du eta kanpoan duen itzalak eman dio euskalduna izatea zein nekeza den konturatzeko aukera. Diskoa kokatzen den testuinguruaz, munduko hiritartasunaz eta euskalduntasunaz hitz egin dugu elkarrizketa politiko xamarrean.
Disko honetan kantuek euren dimentsioa hartu dutela eta, pozik ei zaude.
Nire kantuek esaten didate oso pozik daudela. Beharbada hurrengoan bestela egingo dut, baina disko honekin lasaitasuna aurkitu dut. Ez dakit prozeduragatik edo ondorioagatik den, baina disko honetan prozedura da izan da garrantzitsuena.
Nola izan ohi da prozesu konpositibo hori?
Zoritxarrez, oso metodo gutxiko pertsona naiz eta ahal dudan moduan ibiltzen naiz gauzak prestatzeko. Baina normalean kantuok neure kasa egiten ditut, bakarrik. Gero norbaiti erakutsi, gero egiturekin saiatzen naiz, tonuak erabakitzen… Ostean, musikoak datozenerako idatziak eta ondo tajutuak eukitzen ditut baina badaezpada ere ez ditut erabat ixten, irakurketa unean unekoa izan dadin. Aurreko diskoetan estudioan sartzerako xehetasun guztiak erabakita egoten ziren. Bat-batekotasun neurri horrek nire kantuei on egiten dien irudipena daukat orain.
Korrontetik at ibili zinen 80etan (kantautoreen gainbehera, rock radikala). Egun, esan daiteke aurkitu duzula zure kantagintza gustora kokatzeko giro musikal eta estetiko bat?
Ez dakit. Egia da kantuan hasi nintzenean bestelako giroa zegoela, kanturako joera gutxi zegoen. Guztiz ez zen desagertu, rock radikalak ordezkatu zuen, gehienak kantuan oinarrituriko taldeak baiziren. Aski bakarrik egotea tokatu zitzaidan baina ez pertsonalki, lagun gehienak rock horretan ibiltzen ziren eta behin ere ez nuen nire burua giro horretatik bereizia ikusi. Orain, berriz, ez dakit lortu dudan edo jendeak eman didan esparrua. Uste dut nire konpromisoa eta pasioa berdinak direla hasi nintzenetik baina nire ingurukoa aldatu dela.
Estetika bat bilatu duzu?
Ez kontzienteki behinik behin. Lehengo galderara etorriz, lehenengo diskoa 80an egin nuen, artean erabat ezezagun zen Bernardo Atxaga baten testuekin. Bigarrenean estrainekoz sartu nituen Joseba Sarrionandia zelako baten lehendabiziko testuak. Idazle horiek urteen poderioz ikaragarrizko itzala zabaldu dute Euskal Herriko letretan. Horrekin esan nahi dut orduan nonbait baginela eta horrek bere ondorioak ekarri ditu, gauza bera esan daiteke ere nire hautaketa musikalaz. Sasoi horretan beharbada ardatzen bat aurkituko genuen eta hori landuz honaino etorri gara.
Euskaraz kantatu arren, Espainiako musikazale zirkulu zenbaitetan onarpena irabazi duzula dirudi. Ez ote du euskaraz kantatzen duenak horrelako zeozer berezia egin behar onarpena jasotzeko?
Uste dut onespen hori aspaldi irabazia daukadala zirkulo horietan, kontrakoa esatea gezurra litzateke. Baina euskaraz kantatuz gero �orain madrildik etorri berri naiz eta nire inpresioa ez da aldatu� berezien sailean sailkatzen zaituzte, egiten duzun musika egiten duzula.
Egoera jakin bategatik aurreratu duzu disko honen sorrera, nolabait beharrizan sozial edo politiko batek bultzatuta?
Bai, batzuek interpretatu dute diskoaren gaia hori balitza, baina diskoa ez dago politizatuagoa inondik ere. Egia da gertatu diren gauza batzuek bultzatu nautela horretara, baina ez dira mobilizazioak izan, aski gauza pertsonalak baizik: lagun arteko eztabaida bat edo Madrilgo lagun batekin hitz egiteak. Egoera horretan absurdoa litzateke isilik egotea. Uste dut aurten oso gauza garrantzitsuak gertatu direla, ez bakarrik gurean. Munduko minoria guztientzako oso sasoi ilunak dira.
Madrilera zabiltza sarri. Zeuk ere Medem filma egitera bultzatu duten jarrera berdinak somatu dituzu bertan?
Beharbada bai, baina gu euskaratik gatoz. Ez dakit zehazki Medem-en arrazoiak zeintzuk izan diren baina euskaraz kantatzen dugunok argi daukagu hemendik kanpo kantatzeaz gain beste betebehar bat daukagula: nork bere burua azaltzea. kantaria zara gehi beste lan extra bat. Nik uste dut aspaldian komunikazioa etenda dagoela neurri handi batean. Berreskuratzeko ahalegin handiak egin behar dira zeren eta interes handia dago hori gerta ez dadin. Politikan, hemengo ezkerrak, ezker abertzaleak, aspaldi galdu zuen harremana indar progresista askorekin eta bestaldetik badago interes handi bat: zenbat eta euskal mundua isolatuagoa egon, are etekin gehiago. Azken urteotan euskaldunak komunitate moduan bakarrik aipatzen gaituzte negatiborako eta horrek eragina du, uste oneko jendearen artean ere.
Kulturalki euskaldunen existentzia bera absurdoarekin berdintzeko joera dago. Horren gainean silogismorik ezin da egin, logikaz ez baita ezer ateratzen. Kanpoan dagoen interes horri, euskaldunon defentsibara egon behar izate hori eta askotan itsu-itsu jokatze hori gehituz gero, ondorioz, komunikazioa etenda dago. Ni kantari bat naiz, nire ahotik mintzo naiz errespetu guztiarekin.
Zer iruditu zaizu haren inguruan sortutakoa?
Ez dut ikusi filma, ez dut aukerarik izan eta ez daukat iritzi originalik, oso gauza nabarmena baita gertatu dena. Ni naiz ezetz esan ziotenetako bat, nahiz eta gero idatzi diodan, aspaldian ezagutzen baitut.
Topiko zaharrekin lotzen gaituzte euskaldunok, nazionalismoa bidaiatzen sendatzen dela eta. Munduko hiritartasuna guri saltzeko arrazoirik badute Madrildik?
Nik uste dut (bidaietakoa) hori hemen gehiago esaten dela han baino. Askotan aipatzen dugu Madril, hau tenis partida bat bailitzan, baina hemen sentsibilidade asko daude eta giro batzuetan euskaldun jendea aldeanoa kontsideratzen dela, horrela esanda. Nahiz horren kontrako froga ugari egon, aurreiritzi hori ez da aldatzen, ez delako komeni. Bestela sentituko lirateke benetan behartuta euskal mundua errespetatzera. Errespetatu nahi dute soilik euskal herriko erdal mundua. Hemendik kanpo askotan aurkitu dut, kazetariengan kasu, hemengo askok ez daukaten sentsibilitatea eta begirunea ezberdintasunarekiko. Hemen, hainbat “hemengo” egunkari eta irratik kulturalki jokatzen dute Sevillako irrati baten moduan eta, ondorioz, hemengo sektore batek kulturalki horrela jokatzen du. Bada hainbat jende gure aurreko kantariak ezagutzen ez dituena, Gasteizen bertan, eta harrigarria da. Bi arazo ikusten ditut: bat da orain aipatzen ari garen zer sozio-ezdakit hori eta bestea euskal kulturatik bertatik zabaltzen den irudia.
Ghetto irudia edo?
Esan nahi dut hori oso barneratuta dagoela eta modu defentsiboan jokatzen dela, zirkuloa borobilduz. Baina hau ez da aurpegi biko txanpona, gu gara minoria bat gure herrian bertan eta ganoraz jokatu behar dugu, iraun nahi badugu. Ber gauza atzematen diot AEBetako natibo bati edo Manhattan-eko baltz bati.
Zein izan beharko litzateke euskaldunon estrategia edo diskurtso berria?
Ez dakit, neure partetik kantu onak eginez gero pozik nago. Uste dut nork bere bidetik ekin egin behar duela baina arakatu bidea, gelditu eta ikusi zer dan kaltegarri, ez joera itsu batean. Horregatik uste dut badela sasoia errebisioa egiteko, badira hori adierazten duten datu ugari. Ez dakit belaunaldi kontuagatik edo, irudipen hori aski zabaldua dela uste dut.
Nola dakusazu euskal kultura eskaintza?
Eskaeratik baino ikaragarri gorago dago. Aje ugari ditu, baina oso bizirik dago, indarra eta retroelikadura handia dagoela uste dut. Talde eta kantari ugari daude, produkzio sendoa… Alde horretatik baikorra naiz.
Askok diote teknikak eman diola bidea produkzio eskasak zabaltzeari?
Bai baina hori gauza handia da, ez gaude horren kontra. Nik aurreko metodoak ordezkatzeko erabiltzen ditut aurrerapenak, digitalean grabatu… Oraindik ez dugu antzematen ahal noraino eramango gaituen honek. Bestela nola grabatu behar nituen kantu danok elkarrekin? Hainbat zinta beharko nituzke.
Ikusi dut zure diskoak Interneteko truke sareetan daudela. Kezkatzen zaitu horrek?
Bai, musikaren munduan krisi handia dago gauza horiei esker eta, kezkatzen ez bagara izango da ez daukagulako askorik arriskuan. Uste dut inozotasunez jokatu dugula pentsatuz hori handiei bakarrik eragingo ziela, baina frogatuta dago kaltea askoz handiagoa dela euskal diskogintzan, aurki defizitarioa izango da.
Zure elkarrizketa ia guztietan Pott banda eta 70eko urteak aipatzen dira. Noraino nahi duzu hori zure egungo ibilbidean inspirazio izatea?
Harriduraz ikusten dut orain hainbeste galdera eta artikulu Pott-i buruz. Niretzako inportantea izan zen, baina gai zabala da. Alde batetik iruditzen zait ez ote dugun iraganera begiratzen oraingoaren sustraiak argitzeko, artean iragan eskolei buruz ere hitz egiten dute. Gure kasuan halako ospea lortuz gero gauza naturala da jakinmin hori. Zorionez, hor ibili ginenok egun gauzak egiten gabiltza oraindik eta ez gaitzatela orain 25 urteko gauzekin lotu. Oraintsu Etiopia-k 25 urte bete dituela eta, galdetu didate eta nik uste dut inportantea izan zela euskal poesiarentzat, poesiarentzat orohar.
Argazkiak: Jabi Zabala
Abenduak 16, 2003
Kontaizu aldizkariaren 3. zenbakian argitaratua. Sare sozialak dira Interneteko azken orduko joera arrakastatsua. Urrutiko zein hurbileko jendea ezagutzeko eta harremanak bideratzeko modu berria sortu da, lehendik ezagutzen ditugun chat berriketari eta bat-bateko mezularitzari sarearen egitura bera gehituz. Aurtengo fenomenoa, dudarik gabe, Friendster izan da. Haren arrakasta ikusita, laster sortu dira antzeko zerbitzuak han-hemenka. Kontu hau hobeto ezagutzen saiatuko gara lerro hauen bidez.
Sarea osatzen duten ordenagailuak bezala, Friendster zerbitzuan pertsonak dira nodo edo loturak, hau da, lagun batek ematen dizu bidea haren lagunak ezagutzeko. Haria ez da galtzen, beraz, guztiz ezezaguna zaiguna nonbait lagun baten lagun baten laguna izan daiteke eta harremanen lotura horiek ikus ditzakegu pantailan. Alabaina, Friendster-en ezin izango dugu gugandik lau urrats baino gehiagoko aldea duten jendeen fitxetara sartu.
Bertan izena ematean, erabiltzaileak bere fitxa sortzen du, bere argazkia eta gustoko dituen gauzen zerrenda jarriz. Bere lagunak e-postaz gonbidatuko ditu ondoren. Bere lagunek ere izena emanez gero, lehengoaren lagunak direla egiaztatu behar dute. Gauza bera egingo dute ondoren lagunek, eurenak gonbidatu. Ondoren, nork bere lagunen lagunak zeintzuk diren kuxkuxeatu dezake, bakoitzaren fitxan lagunen fitxetarako loturak agertzen baitira. Loturarik lotura nabigatuz, nahi izanez gero, lagunen lagun horiekin edo haien lagunekin harremanetan jar gaitezke zuzenean. Ideiak izan duen onarpenaren ondorioz esponentzialki hazi da Friendster: martxoan abiatu zen eta uztailerako jada milioi bat erabiltzaile zituen. Jendeak hartueman pertsonaletarako erabiltzen du Friendster, lagun berriak edo bikotekidea aurkitzeko primerako tresna ei da eta.
Zerbitzua erakargarria eta erabilterreza da. Gonbidapenak egiaztatu behar izateak eta besteak lagunen lagunak izateak ezezagun molestagarrien aurkako berme modukoa dakar eta hori da bere arrakastaren gakoa. AEBetako zirkulo batzuetan eragin handia izaten ari da harremanetan, jende askok lagun edo friendster berriak egiten baititu sarean. Friendster bat ez da benetako friend (lagun) bat, online ezagututa hari buruz asko dakigula uste dugun pertsona bat baino. Dakiguna bere profiletik atera dugu eta gezurra izango da agian, hor dago Friendster-en bidezko harremanen ahulezia.
Arrakastak bultzatuta, laster antzeko zerbitzuak sortu dira. Britainia Handiko bertsioak everyonesconnected.com du izena eta honek egungo beste joera arrakastatsu batekin lotzen du harremanen sarea, weblog edo bitakora pertsonalen fenomenoarekin, erabiltzaile bakoitzak bere albisteak jartzen dituen agerkaria osa baitezake. Tribe.net zerbitzuak ere erabiltzaile mordoa erakarri du eta Friend Of A Friend (FOAF) open source estiloko lagunen komunitate librea eraikitzeko saioa da, nork bere profila osatzeko ezagutza teknikoa eskatzen duen arren.
Antzekoak izanik, negozioetara bideratuta daude ryze.com ecademy.com edo linkedin.com zerbitzuak, harreman pertsonaletara barik. Etengabeko erakustazoka bat bailitzan ikusten dute harremanen sarea, aintzinako merkatuetan bezala negozioak zuzenean pertsonatik pertsonara egiteko. Linkedin.com zerbitzuaren leloa “Aurkitu bila zabiltzan jendea, sinisten duzun jendearen bidez” da.
Friendster aitzindaria eta nagusia izan arren, kritikak agertu zaizkio eta erabiltzaile asko antzeko beste zerbitzuetara igarotzen ari da. Arrazoiak zerbitzarien saturazioa eta azken aldion Friendster-en izan diren maniobra zentsuratzaileak dira. Abiadura motelarena konpondu daiteke teknikoki, baina zentsurak erabiltzaile asko beldurtu ditu. Zerbitzuan nahiko ezagunak bihurtutako pertsona batzuk faltsuak ziren eta Friendster-eko arduradunek, hori jakin bezain laster, profilak ezabatzen hasi ziren. Friendstapo esaten diete orain askok, esku gogorreko politika moralistak aplikatzen dituzten Friendster-eko arduradunei. Batzuek arazoak izan dituzte euren fitxa ezabatzeko, Friendster-ek ez baizuen nahi, eta beste batzuek ordea ez dute ezabatu nahi izan, Tribe.net ere probatu arren, giza harremanetarako ez ei delako lana topatzeko bezain ona.
Baina azken finean ideiak arrakasta handia izan du eta Microsoft, ideia arrakastatsu guztiekin bezala, bere bertsioa egitekotan dabil. Oraindik argitara atera ez den MyWallop zerbitzuak sare sozialetako osagarriak izango ditu, Friendster apur bat, bitakora kaierak, fotolog-ak, Messenger pixkat…
Batzuek diote sarearen bidezko harremanak txarrak direla, benetako harremanak ordezkatzen dituztelako, baina hori ez da horrela zertan izan. Harremanak egiteko beste bide bat da sarea eta hori erabiltzea ez da txarra, harreman fisikoak ordezkatzen ez baditu behintzat.
Friendster
www.friendster.com
FOAF
www.foaf-project.org
Abenduak 15, 2003
Enpresen arteko negozioek musikariei eta musikazaleei inoizko kalterik larriena egin diete egunotan. Azken urteotan musikari independieentzat sustapen zerbitzua eman duen mp3.com domeinua erosi berri dio CNET informatika sareak Vivendi enpresari. Vivendik urte hasieran erosi zituen domeinua eta haren zerbitzariak, baina ez du zerbitzua ematen jarraitu nahi, horregatik saldu du domeinua eta mp3.com-en zerbitzarietan zeuden milioika kantu suntsituko ditu.
Duela sei urte hasi zen abentura Michael Robertson-en San Diegoko etxeko gela batean. Nork bere musika sarean jartzeko zerbitzua eskaintzea bururatu zitzaion. Orduan sortu berria zen MP3 musikaren trinkotze formatoa sustatzeko eta, batez ere, musikari sortu berriek euren musika ezagutarazteko ideia arrakastatsua izan zen. Hasieran oso talde gutxiren musika aurki zitekeen bertan, baina nork bere kontua sortzeko eta abestiak igotzeko sistema automatizatua abian jarriz gero izugarri hazi zen erabiltzaileen kopurua. Lasterrera, 200 talde berrik sortzen zuten euren kontua egunero. Jada 250.000 artistek milioi bat abesti jarri dituzte bertan inork eskuratzeko moduan eta hauetako gehienak ezin dira beste inon aurkitu. Denbora honetan, bertan hasitako hainbat talde ospetsu bihurtu dira eta MP3 formatoa dagoeneko estandarra da musikaren trinkotzerako.
Enpresak gora egin zuen izugarri eta burtsako enpresa teknologikoen Nasdaq indizera heldu zen. Hala ere, MP3.com-en historia gorabeheratsua izan da, epaiketak direla medio. Napster-en aldi berean, antzeko arazotan ibili zen, bere jarduera disketxe handiak biltzen dituen RIAA elkartearen gustokoa ez zelako. Esaterako, Vivendi Universal enpresari 53 milioi dolar ordaindu behar izan zizkion.
Baina 2001ko maiatzean, Vivendik berak MP3.com erosi zuen, 372 milioi dolar ordainduta. Frantziako enpresa erraldoiak MP3.com bere asmoetarako aproposa zela zioen, sarean musika saltzeko. Badirudi azken aldian oso negozio arrakastatsua dela, batez ere Applek bere iTunes ordainduzko deskarga zerbitzua abian jarri zuenetik. Robertsonek asmatu zuen negozioarekin baina eskuetatik kendu zioten MP3.com eta orain beste kontu batean dabil buru-belarri sartuta, Windows eta Linux-en erdibideko alternatiba izan nahi duen Lindows sistema garatzen.
Hala ere, Vivendiren asmoa Robertson-ek garatutako sistema profitatzea zen bere musika saltzeko, konpetentzia ezabatzeaz gain. Vivendik MP3.com-en argitalpen digitalerako sistema integratu du bere negoziorako eta haien harpidetza sistema, orain Vivendirena den Napster 2.0 deskarga zerbitzuaren Pressplay harpidetza zerbitzuaren oinarritzat erabili du. Artista maketeroen promozioak ez zion axola eta milioi pasatxoko abesti mordoa ez zen sartzen bere negozio asmoen barruan. Horregatik, duela gutxi mp3.com domeinua saldu dio Vivendik CNET enpresari, domeinua bakarrik saldu du eta musika artxiboak suntsitzeko erabakia hartu du. Data jakinik zehaztu gabe, egunotan zerbitzarietako edukiak ezabatuko dituela jakinarazi die MP3.com-en musika zeukaten artistei.
Robertson oso haserre agertu da berak hasitakoa nola amaituko den ikusita: “Honek esan nahi du musika hori hilko dela, betirako desagertu. Sareko musika gordailurik handiena da eta, gainera, beste inon aurkituko ez duzun musika aukera dauka. Britney Spears nahi baduzu, makina bat leku dauzkazu hori eskuratzeko. Aldiz, Brittany Bauhaus, Brittany Lacy, Brittany Frompovich, edo Lymp Brittany aurkitu nahi badituzu, MP3.com da leku bakarra horiek topatzeko”. Abenduaren hasieratik haien webguneak ez dira inon egongo. Gordailua beste nonbait gordez salbatzeko Robertsonek eginiko bitartekaritza ahaleginek huts egin dute. Hainbat enpresek ere, Primetones edo Talentmatch.com kasu, euren burua eskaini dute musika hori ostatatzeko, baina ezetz borobila izan da erantzun bakarra. Dagoeneko ondare hori suntsitzen ari direla iragarri du Robertsonek, Vivendik suntsiketa burutzeko aurkitu dituen zailtasun teknikoak gora-behera.
Ondare digitalaren agiritegia
Digitalizazioa liburuen eta diskoen ondarea gordetzeko bidea izan daiteke, baina, zer gertatzen da formato digitalean eta Interneten soilik dagoen ondarearekin? Webgune bat desagertzen edo aldatzen denean, aurreko edukiak ezabatu ohi dira eta hor ondare baten galera izaten da maiz. Horregatik kezkatuta, Brewster Kahle izeneko aberats amerikarrak archive.org proiektua sortu zuen. Agiritegi honek, aldiro, webguneen pantailakadak hartzen ditu, haien itxuraren irudiak gordetzen ditu, historia harrapatzeko asmoz. Irudiak ezezik, testuak eta filmak ere biltzen ditu archive.org-ek, beti ere egileek horretarako eskubidea eman badute edo eskubide horiek iraungi badira. Horren bidez, datozen belaunaldiek Interneten bilakaera ikusi ahal izango dute irudi horien bidez. Diseinua, edukiak eta joerak nola aldatu diren ezagutuko dute eta jada izango de ziren webguneak ezagutuko dituzte. Zientzia museo eta liburutegi arteko nahasketa moderno horrek, tamalez ezin izango du MP3.com webguneko musika gorde, Vivendik ez baitu horretarako baimenik eman. Michael Robertsonek, etsipena gorde ezinik adierazi duenez, agirien suntsipena gauzatzearekin “museo digital itzela galduko dugu, berau berreskuratzeko aukerarik gabe eta mundua aurrerantzean musika gutxiagoko lekua izango da”.
LABURRAK
Ehun e-mailukada
Aste honetan ehungarren emailua bidali dute Susa argitaletxekoek. Posta elektronikoz banatzen da astero Literatura emailuak albistegi elektronikoa eta bertan albisteak, efemerideak, aipamen literarioak eta jakingarri interesgarri ugari irakur daitzeke. Azpimarratzekoa da hainbat libururen zatiak eta liburu osoak irakurtzeko loturak etorri ohi direla emailu hauetan. Ehungarrena ospatzeko, sei poetaren errezitaldiak jarri dituzte sarean, MP3 eta Real formatoetan entzungai. Harpidetza doakoa da eta berau egiteko Susa argitaletxearen webgunean dagoen formularioan gure e-posta helbidea eman besterik ez dugu.
Susa
www.susa-literatura.com
Buber sariak
Iragan astean jakinarazi zituzten aurtengo Buber sariak irabazi dituzten webguneen izenak. Internet&Euskadi elkarteak Bilboko Euskalduna antolatutako ekitaldian, arlo bakoitzeko sariak banatu zituzten. Euskarazko webguneetan, gure hizkuntzaren alde gehien egin duena Bizkaie aukeratu zuten, @Euskadi berripaper digitaleko harpidedunen botoek hala erabakita. Orotara euskal webgunerik onenari saria Aupaathletic.com-entzat izan zen, Athletic-en inguruko webgune ez ofizial honek aurrea hartu baizion bozketetan klubaren webgune ofizialari. Internauta euskaldun batzuren haserrea eragin du “Euskal webgunerik onena” erdara hutsean dagoen bat aukeratu izanak, Sustatun irakurri ahal izan dugunez.
www.bizkaie.com
www.aupaathletic.com
www.cybereuskadi.com
buber.interneteuskadi.org
Abenduak 14, 2003
Marokokoa diktadura da. Ez dut ezer berririk esaten horrekin, pixkat Mahgrebeko errealitatearen jakitun denarentzat. Ali Lmrabet kazetaria adierazpen askatasuna erdi aroko erregimen politiko batean egikaritu nahi izateagatik gartzelan dago aurtengo maiatzaz geroztik. Gose grebari ekin dio azaroaren 30ean, gartzela barruko bizi baldintza eskasengatik eta agintariek kontzientzia preso moduan har dezaten. Berarekin batera beste kazetari preso bat hasi da gose greba hori egiten, Mohamend el Hourd.
Lmrabet maiatzean kondenatu zuten Marokon, “erregeari laidoak eta Marokoren batasunari eraso egiteagatik”. Berak zuzentzen zuen Demain aldizkari kritikoan bere burua errepublikazale moduan definitzen zuen preso ohi bati elkarrizketa egiteagatik eta Saharako gatazkari buruzko hainbat iritzi eta albiste plazaratzeagatik kondenatu dute. Bere prozesuak iraun zuen bitartean gose greba luzea egin zuen eta horien ondorioz oraindik osatu ez diren osasun arazoak sortu zaizkio giltzurrunetan eta ikusmenean. Ultzera bat eta mugikortasun arazoak ere baditu orduz gero.
Lmrabeten aldeko elkartasun mugimendu zabala sortu da eta Espainian, esaterako, haren aldeko batzordea sortu zen. Bere iritzi artikulurik polemikoenak irakurri berri ditut, gaztelaniaz Mañana izenburupean argitaratu den liburuan. Tartean gartzelara eraman duten iritziak irakurri ahal izan ditut liburuan eta ez dira beste munduko ezer. Nahikoa light iruditzen zaizkit Saharari buruz esaten dituenak eta ez nator bat berak Saharari buruz duen iritziarekin. Erregearen figura ez du kolokan jartzen Lmrabet-ek, baina bere inguruko “Majzen” edo botere zirkuloaren kontu ilunak azaleratzen saiatzen da. Hala ere, “Gure lagun errege” jaun eta jabe den erresuman hori delitu larria ei da eta horregatik kondenatu badute, nire elkartasun osoa adierazi behar diot.
Kondenatua izan da, halaber, bere egunkarian umorezko tira kritikoak argitaratzeagatik. Berauek irakurri edo kasuaren gaineko informazio gehiago nahi duenak webgunea bisita dezake. Mohamed el Hourd-en kasua ez da Lmrabet-ena bezain famatua baina antzekoa da. Abuztuan kondenatu zuten, islamista bati elkarrizketa egiteagatik, bide batez berak zuzentzen zuen komunikabide kritikoa itxiz. Azken hau da, dudarik gabe, gobernuak lortu nahi zuena. Bitartean, itxuraz askatasuna defendatzen duten “Mundu libreko gobernuek” ez dute ezer esaten etxe ondoan daukatenari buruz. Aznarri behintzat, Marokora egin berri duen bisitan ez zaio gogora etorri Lmrabet, Saharauiak gogora etorri ez zaizkion moduan.
Aliren aldeko batzordea
http://selene.uab.es/ceii/Ali_Lmrabet/Ali_Lmrabet.htm
http://www.ali-lmrabet.org
http://madiaq.indymedia.org
Abenduak 11, 2003
Berriro ere Durangoko Azoka izan dugu hitzordu eta hizpide egunotan. Kokapen berria, oraindik burutu gabe badago ere, ikusgarria da. Hala ere, azalera arteragoko urteetako bera da eta jendetza artean ibiltzea nekeza izan da egun gehienetan. Urterik urtera lagun gehiago parajetzen dira Durangora, baina disko eta liburu ekoizleek jaitsiera somatu dute urtean zehar.
Kanpoko produkzioen ondoan jaitsi dira azken urteotan hemengoen salmentak. Elkarlanean-eko Anjel Valdesek errua pirateriari bota dio telebistan… Diagnostiko koxua iruditzen zait, ordea, zeozer gehiago egongo da. Liburuen salmenta baxuen errua ere izango du sareko truke libreak azkenean. Ez naiz aditua, baina beste faktore batzuk ere izango dira pirateriaren betiko rekurtsoaz gain. Akaso ohitura aldaketek, saltoki handiek, argitaletxe handi espainiarrek, liburudenda kateek, soziologiak eta PlayStation-en ugaltzeak ere izango dute zerikusirik.
Aurtengo nobedadeen artean Sarrionandia eta Atxagaren liburu berriak nagusitu dira (nik Sarrirena erosi dut). Gomendagarrien artean BAP taldearen CD eta DVDa (Metak), inoiz Euskal Herrian izan den talderik onenarekin gozatzeko aukera.
Ostegunean txiringitoa montatu eta umeen txanda egin genuen. Arratsaldean profesionalen txanda zen eta gustora ibili ahal izan ginen erakustokietan, lagunak agurtzen eta gure kultura produkzioaren neurriaz jabetzen.
Teknologia berriak atalean panel koloretsuz apainduta Euskaltelen gune laranja aurkitu nuen. Euskal ekoizpenen azoka batean marzianada ederra iruditzen zait umeak bideojoko erdaldunekin jolas dezaten jartzen duten stand hori. Azokako gehienei ere bai, seguru, baina Ardanzaren enpresa nire babeslea ez denez, nik esan egiten dut. Gainontzean, Nontzeberri, Bizkaie eta beste batzuek euren produktua erakusteko jarri dituzte pantaila batzuk. Egia esan, euren benetako eremua sarekoa da eta horregatik ez dute azokan ezer berezirik erakutsi beharrik. Kontrakoa pentsatu behar du Gerediaga elkarteak, urterik urtera webgune urri berdinarekin agurtzen baigaitu ziberespazioan azokaren erreferentzia bila gabiltzanak. Ganorazko webgune bat beharko luke azokak, itxuraz eta mamiz eraberritua, baina tira, datorren urtean agian…
Beti bezala, SUSAkoak euren erakustokian egungo euskal literaturaren balorerik ausartenak, kalekoenak, hurbilenak eta freskoenak plazaratzen. Aurten Edorta Jimenezen Kilkerren Hotsak eleberria erosi dut. Nobela historikoa da, egile berak Durangorako ere prestatu duen beste baten ondorioz sortua. Izan ere, Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan izenburuko liburua prestatu du, ikerketa historikoa berau, eta gai honen inguruan eleberria egitea bururatu zitzaion. Bada, azken aldion liburu politiko eta historiko gehiegitxo irakurtzen dut eta ez dut betarik hartzen eleberriak irakurtzeko. Horregatik Kilkerrekin hastea erabaki dut.
Amaitzeko, euren abade-bizkaiera artifizial xamar hori inoiz gustoko izan ez dudan arren, oso interesgarria iruditu zait Labayru ikastegikoen azken ekarpena, Labayru hiztegia. Aitortu behar dut aurten Labayruren beste liburu bat ere erosi dudala, Bizkaiko Arrantzaleen Hiztegia, baina behar-beharrezkoa iruditu zait beti bizkaiko lexikoa euskara batuaren partetzat onartzea. Horrek aurreko urrats bat eskatzen du, hitzok nola idatzi behar diren zehaztea, eta hori da hiztegi honen helburua. Hala ere, argi utzi nahi dute Labayrukoek ez dela bizkaiera hiztegia, bizkaierari bereziki erreparatzen dion hiztegi osoa baizik.
Nire aldetik, beti ahalegindu naiz bizkaierazko hitzak sartzen, baina sarri zuzentzailearen figurarekin egin dut topo. Bizkaitik ekialderago ere egin beharko lukete ulertzeko eta onartzeko ahalegina, maiz bizkaierazko berbak aztertu barik beste baliokide bat sartu eta arteztu dutela sarri uste izaten dute, uste onez bada ere, besteak bezain batua dena baztertuta.
Abenduak 8, 2003
Interneten komunikazioa eraginkorra izan dadin gizalegezko portaera ezinbestekoa da. Lantokian edo lagun artean bezala, besteak errespetuz tratatzea gomendagarria da sarean ere, batzuetan nahi izan gabe gure jarduerak beste internautei kalte egin baitiezaieke. Horregatik, molestagarri ez izateko netiketa edo sareko jendetasun arauak ezagutu eta errespetatu behar dira.
Sarean besteak ez molestatzeko gomendio bilduma da netiketa. Internet plaza bat da, ordenagailu sare hutsa baino giza sarea da, postontzi edo makina bakoitzaren atzean pertsona bat baitago. Benetan nolakoa den eta nor den baino, nolako jarduera duen axola zaigu. Hemen alderdi teknikoek garrantzi handia dutenez, zehaztu beharko dugu arlo bakoitzean zer egin daitekeen eta zer ez den egin behar, gure ezjakintasunagatik inori kalterik ez egiteko.
Jada gai zaharra da netiketarena, baina urterik urtera internauta berriak sartzen dira sarean eta gehienetan netiketaz zerbait ikasi orduko kalte handia egin dezakete ezjakintasunagatik. 1995ko urrian agertu zen RFC 1855, Netiquette Guidelines dokumentua, egun pixkat zaharkituta egon arren, netiketaren arauak estrainekoz zehaztu zituena. Bertan, posta elektronikoa erabiltzeko, banaketa zerrendak kudeatzeko, berriketan aritzeko eta berri taldeetan idazteko arauak ematen zituzten internauta berrientzat, jada erabiltzen ez diren bestelako zerbitzuak erabiltzeko gomendioekin batera.
Netiquette home page webgunean netiketa arauen bilduma dago, The Core Rules of Netiquette izenburupean. Virginia Shea-k idatzitako Netiquette liburutik hartua dago hamar arauko zerrenda hau eta sareko harremanetarako arau orokorrak dira. Horiez gain, webgune honetan aipatutako liburua online irakur daiteke eta gure ezagutza neurtzeko galdera-erantzun jokoa aurki dezakegu. Arau guztiak sakonki ezagutzeko webgune horietara jotzea gomendagarria da, baina guk gainetik aipatuko ditugu arlo bakoitzari buruzko gomendio nagusiak, sareko baliabide bakoitzak arau zehatzak baititu.
Posta elektronikoa dugu sareko baliabiderik erabiliena eta bertan jokabide oker batek kalte handia eragin dezake.Tentuz eta neurriz erabili behar da. Lehenengo araua gure helbidea zaintzea eta lagunei bakarrik ematea izan beharko luke. Gure helbide pertsonala edonori emateak denbora gutxira spam-aren biktima izatea dakar ezinbestean. Horregatik argi utzi behar zaie gure mezu pribatuen jasotzaileei gure helbidea ere pribatua dela eta zabaltzeko baimenik ez dutela. Batzuek mezu guztiei sinadura moduan atxikitako testu baten bidez azaltzen dute hori. Adeitasun bera izan behar dugu guk gure lagunen helbideekin, ez baitizkigute horretarako eman. Mezu kolektiboa bidali behar badugu, posta elektronikoak aukera ematen digu lagun guztiei haien helbideak agerian geratu gabe mezua bidaltzeko: haien helbideak mezuaren CCC: eremuan sartuta. Jasotzaile nagusiaren edo To: eremuan gure helbidea sartuko dugu eta kitto.
Kontu handia izan behar dugu mezuei erantsita bidaltzen ditugun artxiboen neurriarekin. Gaur egun banda zabalera emendatu da ADSL konexioen ondorioz, baina oraindik erabiltzaile asko modem arrunt batekin konektatzen dira. Horiei Megabyte bateko mezua bidalita sekulako kaltea egingo diegu, konexioa minutu batzuetan blokatuz, eskuratzeko zailtasun handiak baitituzte. Eskatu gabeko artxiboa izanez gero, are gehiago haserretuko da gure laguna: konprimitu gabeko argazki erraldoi edo animazio inozo hori ezabatzen duen bitartean haren biraoak offline entzungo ditugu agian.
Artxibo horien formatoarekin ere kontuz ibili behar dugu, denek ez dute sistema eragile bera erabiltzen eta. Windows sistema erabiltzen dutenek uste dute Word dokumentuak bidaltzea munduko gauzarik normalena dela. Bada, badira internauta asko Word dokumentuak zabaltzerik ez dutenak, testuetarako beste programa bat erabiltzen dutelako edo ez dutelako .doc dokumenturik zabaldu nahi, makro birusak hedatzeko bidea izaten baitira. Testu artxibo bat erantsita bidali nahi izanez gero, grabatu RTF formatoan, programa askorekin konpatiblea baita. Arau bera aplikatu behar da PowerPoint aurkezpenekin. Askoz egokiagoa da Flash animazioak bidaltzea, gutxiago okupatzen dutelako eta nabigatzaile gehienek instalatuta daukatelako berauek ikuskatzeko programa, sistema eragile guztietan. Maketazio eta estilo jakin bat duen testua bidaltzeko PDF formatoa da egokiena eta sistema guztietan ikus daitzeke mota horretako artxiboak. Testuen itxurak ere badu garrantzirik, erabiltzaile batzuek (gero eta gutxiagok) testu hutseko mezuak baizik ez dituzte irakurtzen ahal, ez HTML estiloak dituztenak. Maiuskulaz idaztea ere ez dago ongi ikusia, GARRASIKA aritzea adierazten baitu.
Eztabaida zerrendetan esku hartzeko errespetua eskatuko digute. Onena izango dugu denbora batez lurker izatea, hau da, besteek zeri buruz eta nola idazten duten ikastea, gure iritziak botatzen hasi baino lehen. Zerrendaren gaiari ez dagozkion mezuei offtopic esaten zaie eta oso justifikatuak izan behar dute, bestela jendea gogaituko dugu. Offtopic mezuez betetzea zerrenda bat hondatzeko bide segurua da, gaiarengatik interesa dutenek alde egingo baitute. Irizpide nagusia jendeari denbora eta konexioaren zabalera alferrik ez galaraztea da.
Gizatasunez jarduteak irainik ez botatzea dakar. Pertsonekin ari gara, ez pantailekin; horregatik funtsean aurpegira esango geniekeena esan behar diegu. Bestalde, ezin gara anonimatuan izkutatu irainak eta frogatu gabeko gauzak besteei aurpegiratzeko. Gauza bat anonimatu hori baliatuz salatu nahi badugu, frogak beharko ditugu gure salaketa irain hutsa izan ez dadin. Flaming esaten zaio berri talde edo posta zerrenda bateko internauta bi edo gehiago aurpegiratze pertsonalez betetako mezu kate luzean nahasten direnean. Neurriz egiten den flaming-a ez dago guztiz gaizki ikusita, baina mezu trukea luzatzen bada zerrendako beste kideak nazkatuko dira eztabaidaz.
Chat Berriketan ere netiketa errespetatu behar da. Irizpide nagusia “Ez egin inori zuri inork egitea nahi ez duzuna” esaldian laburbiltzen da. Aurretik aipatu ditugun aholkuetako batzuek balio dute honetarako ere, baina berriketan badira batzuk zehatzagoak: ez erabili ongi etorri mezu automatikorik, ez errepikatu mezu lerro bat hamaika aldiz, kontuz ibili script-ekin eta ez onartu edonork bidalitako artxiborik. Honen atzekoa den bat-bateko mezularitzan (messenger mota ezberdinetan) ere badira jarraitu beharreko aholku batzuk: ez sartu zure lagunen zerrendan horretarako baimenik eman ez dizunik, ez aztoratu zure laguna mezu sorta handiekin, agian ez baitu erantzuteko denborarik eta ordenagailu aurrean ez zaudenean, jakinarazi zure egoeraren adierazlea aldatuz.
Besteei laguntza eskaintzea dugu netiketaren aholku positibo nagusia. Ezagutzaren partekatzea Internet bera sortzeko ezinbestekoa izan zen, ikerleek ezagutza batak besteari erakusteko bidea aurkitu nahi baizuten. Filosofia horren gainean hedatzen ari da ezagutza sareari esker, eztabaida foroetan, bilatzaileetan eta posta zerrendetan besteek informazio bila gabiltzan gaiari buruz idatzi dutena aurkituko baitugu. Software librea ere filosofia horretan oinarrituta garatzen ari da. Geuk dakiguna besteei azaldu behar diegu, gure akatsak errepika ez ditzaten eta urrunago hel daitezen.
The Core Rules of Netiquette
www.albion.com/netiquette
Netiqueta
www.netiqueta.org
Aholku gehiago
www.advicemeant.com
RFC 1855 gaztelaniaz
http://www.netiqueta.org/netiqueta_rfc_1855.shtml
RFC 1855 frantsesez
http://www.sri.ucl.ac.be/SRI/rfc1855.fr.html
Abenduak 7, 2003