Azaroa, 2003 hilabeteko artxiboa
Google oso boteretsua bihurtu da eta horrek ekarriko du aurki Microsoft erraldoi mehatxatuaren erantzuna. Kontraerasoa prestatzen ari da Bill Gates, Google jada nagusi den arlo batzuetan: weblog-ak, albisteen bilketa, pop-up iragarkiak… Baina potoloena etortzeko dago oraindik, Microsoft prestatzen ari den bilatzaile berria. Netscaperena errepikatuko ote da?
Duela hilabete batzutatik hona, MSNBot izeneko bot berria ari da sarea goitik-behera arakatzen. Webguneen bila sarea automatikoki arakatzen duten robotak dira bot-ak, bilatzaileek euren datu baseak osatu eta eguneratzeko erabiltzen dituztenak. Microsoftek bot berri hau jarri du abian Googleri kontra egingo dion makrobilatzailea osatzeko xedearekin. Googlebot-en antzera, MSNBot honek sarea arakatuko du webgune batetik bestera dauden loturak jarraituz. Ondoren, informazio honetan oinarrituta webguneen sailkapena egingo du, Googleren PageRank algoritmoaren antzera, webgune bakoitzak besteetan dituen loturak neurtuta.
Momentuz search.msn.com bilatzailea ez du elikatzen bot berri honek, oraingoz Microsoft-en bilatzailea soilik looksmart-en datuetan oinarritzen baita bilaketen emaitzak aurkezteko. Bot honen bidez osatzen ari den artxiboa erabiltzen noiz eta nola hasiko den ez dakigu, baina bere ohiko estrategia jarraitzen badu litekeena da bilatzaile hori bere hurrengo sistema eragilean txertatzea izango da, Explorer, Outlook edo Messenger programekin egin duen bezala, Google atzean utziz.
Googlek gaur duen boterea Microsoft-en eskuetan imaginatze hutsak eragin du Internauta adituen kezka. Kritika batzuk gora-behera, Google bilatzaile eraginkorra da, objetiboa izaten ahalegintzen da eta horregatik estimatzen dute erabiltzaileek. Aitzitik, ezaguna da Redmond-eko multinazionalaren jarrera monopolistikoa. Programen erabilgarritasuna hondatzearen eta pribazitatea urratzearen fama du Bill Gates-ek internauten artean.
Netscaperen aurrekaria
Gogoratu behar dugu Microsoft sarean atzeratuta geratu zenekoa. Nabigatzaile nagusia Netscape zen 1995. urte aldera. Berri taldeak irakurtzeko zein posta elektronikorako bestelako programak erabiltzen ziren eta audio artxiboak entzuteko RealPlayer programa nagusitzen ari zen. Urte horretako abuztuan, Microsoft-ek Windows 95 sistema berria atera zuen eta, berarekin batera, Internet Explorer 1.0 nabigatzailea. Sistema berea izatearen abantailak profitatu zituen banaketari eta produktuaren garapenari dagokionez, enpresa beraren sistemarekin hobeto integratu baizen Explorer. Windowsen erabiltzaileek apurka-apurka Netscape utzi eta Explorer azkarragoa aukeratu zuten.
Geroztik, Explorer txertatuz joan da Windows sistemaren barruan eta egun jada ezinezkoa zaie Windows erabiltzen dutenei Explorer programa kentzea, sistemaren beraren funtzio batzuk berak betetzen baititu. Bestalde, bere abantaila baliatuz egungo Explorer programak HTML lengoaiaren estandar asko ez ditu errespetatzen, baina praktikan estandarrak Microsoft bera ari da ezartzen, webmaster gehienek orrialdeak Explorerrerako egiten dituzte. Arazoa da de facto-ko estandarra Microsoft-ek bakarrik dituen teknologietan oinarritzen bada, ActiveX kontrol ezegonkorrak kasu, beste inork ezin izango baititu erabili. Azken finean, sarearen garapena oztopatzen du estandar zabal eta indartsuen ordez estandar kaxkarrak eta propietarioak inposatzeak.
Originaltasunik ez du inoiz erakutsi Microsoftek produktu berriak kaleratzeko garaian. Windows sistema bera Apple Lisaren ostean agertu zen duela ia hogei urte eta, geroztik, Macintosh sistema grafikoaren imitazio kaxkar moduan garatu zen.
Marketing kanpaina gogorretan oinarritu du bere hedapena Windowsek eta ordenagailu pertsonalen sistema eragileen merkatua menperatzen du %90 baino gehiago hartuta. Linux, Mac OS eta beste sistemak ezezagunak dira erabiltzaile gehienentzat eta horretaz baliatzen da Microsoft, bere produktuak sistemarekin batera instalatuz inposatzeko.
Googleren kasua
Google da, dudarik gabe, sarean azken urteotan gehien zabaldu den izena. Atariak puri-purian zeudenean ia ezerezetik abiatu zen bilatzaile xaloak erakutsi du bere negozio eredu originalak arrakasta izan duela eta etengabe hazten ari da, baliabide berri eta erabilgarriak gehituz.
Esaterako, sareko hedabideetako albisteen aukera biltzen du news.google.com helbidean eta bertan 4.500 albiste iturrik argitara emandako milaka albisteren artean bilatzailea posible da. Arrakasta handia izan du honek eta Microsoftek laster atera du bere bertsioa, MSN Newsbot izenekoa, besteak beste Frantziarako eta Espainarako. Oraindik probetan dago, beta bertsioan, eta Microsoftek ez du publikoki iragarri baina Googlerenaren modukoa izatea nahi du, probako orrian ikus daitekeenez.
Googlek eskua sartu duen beste eremu bat weblog edo bitakorak dira, berauek sortu eta ostatatzeko Blogger zerbitzua erosita. Microsoftek ere ez du loraldian dagoen sektore hau kontrolatu gabe utzi eta MyWallop proiektua lantzen ari da, bitakora, berriketa eta lagunarteko sareak batuko dituen Friendster eta Messenger-en arteko nahasketa modukoa.
Beste Google tresna arrakastatsu bat dugu Google Toolbar, Explorer nabigatzaileari eransten zaion nabigazio barra. Bertatik, bilaketak egiteko aukera daukagu Google.com helbidera jo gabe. Hau Mozilla nabigatzailearekin egin daiteke baina ez Explorer-en, barra hau instalatu ezik. Internautek estimatutako aukeren artean dugu barra honek zabaltzen diren popup iragarki molestagarriak blokatzen dituela. Hori ikusita, Microsoftek aurreratu du Exploreren hurrengo bertsioak popup-ak blokatuko dituela.
Bilatzaile berria noiz abiatuko den ez dakigu, ezta nola txertatuko duen Microsoftek bere sisteman, baina baliteke Windowsen hurrengo eguneraketan indarrean sartzea. Bitartean, internauta batzuek boikota egitea proposatu dute, robotari nork bere webgunea indexatzea galaraziz. Hala ere, etorkizunean MSNSearch bilatzailean en ez egoteak norberari egingo dio kalterik handiena, bisitak galduko baititu. Beraz, boikot mota hori ez da oso bideragarria, webmaster gehienek ez baitute esku hartuko.
Bot berria
http://search.msn.com/MSNBOT.htm
Windowsen historia
tinyurl.com/wutw
MSN Newsbot
fr.newsbot.msn.com
es.newsbot.msn.com
Mywallop
mywallop.com
tinyurl.com/wv2x
Microsoft Watch
www.microsoft-watch.com
Boikot proposamena
www.idlewords.com/boycott.pl
Googleren erabilera bitxiak
Interneteko bilaketen %75 baino gehiago egiteaz gain, bere albisteen zerbitzuaz gain, argazkiak bilatzeaz gain, berri taldeen agiritegiaz gain, bestelako erabilera bitxiak ere baditu Googlek. Esaterako, diru bihurgailu, neurri bihurgailu edo kalkulagailu moduan erabil daitekeela, telefono zenbakiak topatzeko. Googleren hamar erabilera bitxi bildu ditu Bostoneko Unibertsitateko irakasle Michael Feldman-ek, Ten things I bet you didn’t know about Google izenburua duen webgunean. Bertan, hainbat datu emateaz gain, bilaketarako iradokizunak ematen ditu, bere lehiakideekin konparatzeko estatistikak eta grafikak.
Webgune honek Googlek esku artean dituen esperimentu eta proiektuen berri ere ematen du. Esaterako, bilaketaren emaitzak diapositiba sorta moduan aurkezten dizkigun Google Viewer
Ten things I bet…
www.bu.edu/mfeldman/Google
Google Viewer
labs.google.com/gviewer.html
Bestelako esperimentuak
labs.google.com
Azaroak 30, 2003
Azaroaren 28 eta 29an Topaguneak jardunaldiak antolatu zituen Zamudioko Teknologia Parkean. Komunikazioaren hainbat arlotako gogoetak bildu ziren bertan, besteak beste, neuk prestatutako komunikazio hau. “Webguneen kudeaketarako beharrak: aukerak eta mugak” herri komunikabide baten ikuspuntutik sareak ematen dituen aukerak gainetik aztertu ditut.
Historia pixkat eginez, 1997 arte egingo dut atzera (sareko denboran sei urte atzera egitea kretazikora itzultzearen parekoa da), nire bizipenak zeintzuk izan diren gogoratu nahian. Sarea aurkitu eta berehala gure herri aldizkaria bertan jarri nahi izan nuen garaira.
Sareak orduan eskaintzen zituen baliabideengatik lilura eta komunikatzeko gogoa ere sentitzen genuen, iluminatuak ematen genuen sarearen aukerak guztiei azaltzen ari ginela, gure erlijio berriaren ebangelista zorotzat hartuko gintuzten seguruenik euskaldun teknofobo peto-petoek.
Edizio moldeari dagokionez, ahalegin boluntarista hura anarkiko xamarra zen. Paperezko aldizkariaren kopia egin nahi genuen. Albiste edo erreportaia bakoitzeko HTML orrialde bat sortu, Quark-etik copy-paste egin eta hasierako orrialdean index edo aurkibidea jarri genuen. Gero, zenbaki berriak agertu ahala, gauza bera egin eta aurkibideen aurkibidea jarri genuen. Bitartean, kontagailua jarri eta… Ene, 27 bisita hilean! Hasi ginen nekatzen (nire kasuaz ari naiz) eta pentsatzen agian oraindik goizegi zela horrelakoak egiteko.
Onartu behar dut une hartan testimonialak izan zirela webgune haiek, balio praktiko handirik ez zuten (Ttipi-Ttaparenak, hala ere, AEBetako nafarrekin komunikatzeko balio izan zuen), irakurlego zabalik ez zuten. Gainera, aurkitzeko zailak ziren (geocities.com/Athens/Acropolis/8022 moduko helbideak zituzten) eta bilatzaileak ez ziren egun bezain eraginkorrak.
Denborarekin balio dokumentala gehitu zaie, hala ere. Orrialde haietako batzuk eskuragarri daude oraindik eta bisita gehienak bilaketa bidez jasotzen dituzte. Sarean jarri zirenean bisita gutxi izaten zituzten. Orduan anekdotikoa zen eta alferrikakoa zirudien ahalegin hura, pentsatu nahi dugu (eta orduan hala pentsatzen genuen) heltzear zegoen egoera baten aurrerapen modukoa izan zela.
Lan molde horrekin azkenean kalipua galdu dugu, oso jende gutxik jasotzeko lan handiak hartzeak erretzen gaitu… Pixkat baztertuta geratu da euskarazko tokian tokiko komunikazioaren garapena sarean… Harik eta edizio sistema dinamikoak heldu diren arte.
Hurbiltasunaren balioa berreskuratu
Egun Interneten balioa frogatuta dago, ez dugu zertan ibili jendeari haren marabillak (ezaugarri nagusiak bederen) azaltzen… Duela sei urte komunikatzaile normal bati ez zitzaion bururatzen bere herrikoentzako informaziogunea sortzea, are gutxiago euskaraz. Denak geunden Australiako lagunekin komunikatzeko aukeragatik harrituta eta, gainera, gure herrian hamar lagun izango ziren Interneterako sarbidea zutenak, horietatik hiru euskaldunak. Nahiz eta herriko informazioak jarri, kanpora begira jartzen zen informazioa, gure herria, gure jarduerak… Kanpokoei erakusteko.
Denboraren porazuz, hurbiltasun geografikoaren faktorea agertzen hasi da apurka-apurka. Internauten kopurua emendatu da, herri guztietan corpus txikia osatua dago, internauta euskaldunen multzoa dago herri aldizkariak egiten diren inguruetan. Jende askok nabigatzen du, e-postaz komunikatzen dira… Herri edo eskualde batean nahikoa euskaldun internauta dagoenean (gogoratu gutxiengo baten barruko gutxiengoaz ari garela), dudarik gabe, ahalegin errentagarria izango da (agian ez hitzaren zentzu guztietan).
SARERAKO EDIZIOA, EDIZIO MOTA BERRIA
Interneten erabilerak eta baliabide berrien agertzeak sarerako edizioaren bilakaera ekarri dute. Edizio moldeak definitu dira, baliabide berriek edukiak sarerako moldatu dituzte. Horrela, paperezko prentsaren ondoan ezberdintasunak markatuz joan dira.
EDUKIAK: lehen HTML bertsioa, orain sarerako edizioa.
MAIZTASUNA: lehen maiztasun finkoa, orain edizio jarraitua edo etengabea.
EDIZIOA: lehen eskuzkoa, orain dinamikoa.
EDUKIAK-EGITURA
Interneterako aldizkari baten edizioaz ari garenean, lehenengo barneratu behar dugu Internet beste komunikabide bat dela, aurreko guztien aukerak biltzen ditu (prentsa, telebista, irratia), baina berezia da.
Edukiei dagokienez, ez luke paperezko aldizkariaren kopia hutsa izan behar. Gure aldizkariarekiko independientea izan daiteke edo elkarren osagarri izan daitezke biak. Hori bai, informazioaren aurkezpena eta antolaketa guztiz ezberdinak dira edizio elektronikoan. Adibidez, prentsa idatzian albisteen hierarkizazioa dago, erredaktoreek albiste bati eman dioten garrantziaz konturatzen gara berehala, eman dioten zutabe kopurua ikusita. Zabalera gehiago (eta argazkiak) = garrantzi handiagoa = testu gehiago.
Berehalako publikazioa da sarekoa, horregatik gaurkotasuneko albisteak eman daitezke, aldizkari batean ez bezala. Maketazioak ezartzen dituen espazio mugak ez daudenez, testuen luzeera ere ez dago mugatuta. Beraz, informazioak ez dira zertan puztu edo moztu behar eta, alde horretatik, garbiagoa izango da mezua. Alabaina, web orrialdeen irakurgarritasunak markatzen dituen neurriak errespetatzea komeni da (2.000-2.500 karaktereko orrialdeak), irakurketa arina izan dadin.
Egiturari dagokionez, zuhaitz baten antzekoa da, derrigorrez enborretik sartu behar da, adarretara joateko. Aldizkari baten azala baino gehiago aurkibidea izango da lehen orrialdea, bere maketazioaren arabera. Baina, batez ere, (edizio etengabeko webgune batean), azalean BERRIENA nabarmenduko da goialdean, ez hainbeste erreportairik garrantzitsuena. Atal finko batzuetarako loturak egon daitezke alboetan, baina bigarren mailako garrantzia izango dute.
MAIZTASUNA
Aldizkariaren zenbakiez hitz egiteak ez du zentzurik sarerako produktua egin nahi badugu. Edukiena eta egiturarena bezala, maiztasunaren kontzeptua ere aldatzen da. Eskemak aldatu behar dira eta, dirudienez, kostatzen ari zaigu hori barneratzea.
Argitalpen elektroniko batek bisitak mantendu behar ditu; hori da bere helburua, egunero bisitarien kopurua lortzea eta hari eustea. Frogatu ahal izan dugunez, internautei AHAZTU egingo zaie gure webgunea dagoenik, berau sarritan bisitatzen ez badute. Normalki internautok oso webgune sorta txikia bisitatzen dugu sarritan. Besteak, noiz edo noiz edo behin bakarrik bisitatu eta ahaztuko ditugu. Horregatik mantendu behar da interesa, egunero edo ia egunero albistez elikatuz eta bestelako baliabide erakargarriak ezarriz. Aipatu dugun beste ezaugarri bat berehalakotasuna da. Ez da aldizkaria etxean jaso arte itxaron beharrik. Denbora errealean argitaratzen da sarean.
EDIZIO DINAMIKOA
Lehengo sistemarekin, HTML artxiboak editatzen ziren banaka eta gero FTP bidez zerbitzarira igotzen ziren. Sistema hori nekagarria zen guztiz, albiste asko editatu behar baziren. Orain, maiz aldatzen diren webguneen (katalogo estatikoak ez direnak eta albisteak eskaintzen dituztenak) ediziorako CMS (Content Management System) sistemak erabiltzen dira, Edukien Kudeaketarako Sistemak.
Lehen, eskuzko HTML edizioan (nahiz eta itxura grafikoko programak erabili), nekagarria izateaz gain, artxiboak (albisteak) ezin ziren eraldatu, ez zegoen iruzkinik sartzeko aukerarik. CMSen bidez, bai.
Gakoa zera da: CMSetan bereizita ageri direla hiru multzo eta haietako edozein aldatzeko ez dira besteak zertan ikutu. :
1. Diseinua edo itxura
2. Maketazioa-egitura
3. Edukiak
Diseinua edo itxura alda dezakegu, fondoen eta letren koloreak, tamainak… Maketazioa txantiloien bidez egiten da, berauek aldatzen dira eta webguneko artxibo guztietan aldatuko dira. Edukiak datu base bati lotuta ageri dira, exportatu, inportatu daitezke, argitarau ostean aldatu… Bisitariak, sartzen den unean, hiru elementuon konbinaketa ikusiko du.
Webgune dinamiko batek bisitariarekin elkar eragiteko ahalmena du. Albisteak edo albisteen iruzkinak sartzea ahalbidetzen dio (sustatu.com), webgunearen barruan bilaketak egitea. Editoreei (eta albisteak gehitzeko baimena duen edonori) edukiak aldatzea ahalbidetzen die nabigatzailearen bidez, formulario errazak erabiliz, bestelako programarik erabili gabe eta edozein ordenagailutatik. Formulario horietan titularra, gaia, sarrera eta albistearen gorputza sartu eta klik baten ostean publikatuta dago.
CMS ezberdinak daude, gehienak PHP teknologia librean oinarrituak. Movable Type edo PostNuke xaloekin webgune informatibo txukuna egin daiteke. Begibistakoa da edonork, edozein gairi buruz eta edozelako itxurarekin argitara dezakeela agerkari bat sarean. Hortik dator egunotan CMS sinple horien bidez argitaratutako bitakora edo weblog mordoaren eztanda. Zope sistemak aukera gehiago ditu eta moldagarriagoa da. Zailagoa da oinezko internautarentzat, baina aproposa aldizkari batentzat.
AUKERAK
Sarea hainbat gauza egiteko suerta dakioke erabilgarri herri aldizkari bati. Hasteko, informazioa lortzeko. Bilaketak eta beste online prentsa oso informazio iturri onak dira. Baina sareko aldizkari dinamiko batekin lortzen den gauzarik interesgarriena irakurleen feedback-a da. Gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio eta komunikabide askok aurkitu dute bide ona dela edukiz hornitzeko eta gai berriak topatzeko. Paperezko aldizkari batean oso leku murritza dute irakurleen iritziek, eta eztabaida mamitsuak sortzea ia ezinezkoa da, iritzi baten erantzuna jasotzeko hurrengo zenbakira arte itxaron behar delako.
Sarean (Adibidez, sustatu.com) eztabaida sutsuak piztu daitezke gai baten inguruan eta irakurleek, iritziak emateaz gain, ekarpenak egin diezazkiokete informazio bati, berau osatuz. Radio Euskadin, esaterako, entzulearen telefonoak feedback-aren funtzio hori egiten du, baina Interneten jarri dituzten eztabaidaguneei ere garrantzia ematen diete. Albiste iturri ere izaten dira irakurleen ekarpenak, erredakzioan herriko informazio asko maiz oharkabean pasatzen bazaizkigu, sareak ematen duen anonimatoaz baliaturik informazio asko emango dizkigute herritarrek.
Interaktibitatea lortzeko, posta elektronikoaz eta albisteen iruzkinez gain, beste baliabide batzuk erabil daitezke. Berriketa edo chat-a hor dago, baina zailagoa da internautek une berean bat egitea. Gai baten inguruko eztabaidaguneak eta online inkestak tresna onak dira irakurleen iritziak ezagutzeko eta bisitarien interesa mantentzeko. Posta buletinak informazioa hedatzeko tresna eraginkorrak dira. Sortu ezazue banaketa zerrenda bat, noizean behin albiste garrantzitsuak edo webgunearen aldaketak iragartzeko. Interesa duenak harpidetza egingo du, nahi badu; ez sartu jendea banaketa zerrenda batean baimenik eman ez badute.
Amaitzeko, audio eta bideo artxiboak sartzeko aukera aipatu behar da. Komunikabide multimedia denez, ez dugu zertan mugatu paperak jartzen dizkigun mugetara.
Kazetarien lanerako ere ona da sarearen bidezko edizioa. Argitaratu aurretik, zirriborroak presta ditzakegu, beste leku batean dagoen bati erakutsi, edonondik sar gaitezke albistea editatzeko eta edozein momentutan (etxetik) sortu den albiste garrantzitsu bat online jarri.
ETORKIZUN LIBREA
Etorkizuneko erronken artean software librearena aipatu behar da. Ezinbestean informatika aipatu behar dut nabarmentzeko hemen dagoela euskararen salbabidea telematika eta ofimatika kontuetan. Hau da, programak euskaraz erabili ahal izan ditzagun bide bakarra jaberik gabeko software librea da.
Baina adi, filosofia hau askoz haratago joango da datozen urteotan (hala biz) eta laster Open source mugimendua zientziara, diseinura, zuzenbidera… arlo askotara hedatuko da. Uste dut herri aldizkarioi eta euskaldunoi, txikien filosofia horrekin bat egiten dugulako, egokituko zaigula honen hedapenean laguntzea, berau erabiliz eta bultzatuz.
Horretan oinarrituta eta euskaraz hasieratik, edizio tresnak garatuko dira, euskaraz nabigatuko dugu Mozillaren bidez (birusik gabe), euskarazko edukiak, testuak, bideoak… trukatuko ditugu barra-barra eta libreki.
Azaroak 29, 2003
Gure ordenagailua txarto badabil, gauza arraroak egiten baditu edo gure lagun batek itxuraz guk bidalitako mezu bitxiak jasotzen baditu, litekeena da birus batek kutsatua egotea. Azkar konpondu behar dugu arazoa, birusa gehiago heda ez dadin eta gure lanak gal ez daitezen. Horrelako kasuetan antibirus baten bidez makina aztertu beharko dugu. Sarean bertan badira doan birusak ditugun begiratuko duten aplikazio batzuk, Panda Software (www.pandasoftware.es) enpresaren ActiveScan kasu. Baina onena izango da birusak jo aurretik babes neurriak hartzea.
Sarean ibiltzeak kutsatutako ordenagailu askorekin harremana izatea dakar. Horregatik, oraindik birusen biktima izan ez bagara ere, gauza bat argi eduki behar dugu: babes neurriak hartu ezik laster jausiko gara birus baten hatzaparretan. Egunetik egunera gehiago izaten dira birusen erasoak Interneten, gero eta birus maltzurragoak eta meneragaitzagoak egiten dituztelako. Ez dugu paranoikoak bezala jokatu behar, baina neurririk ez hartzea erokeria litzateke.
Bada gauza bat ordenagailuak birusen erasoen aurrean bereziki ahul bihurtzen dituena: Microsoft enpresaren Windows sistema eta bere programarik ohikoenak erabiltzeak (Explorer nabigatzeko eta Outlook edo Outlook Express posta elektronikorako), birus gehienak horietarako propio eginak direlako eta Windows sistemaren ahultasuna baliatzen dutelako gure makinan sartzeko.
Macintosh edo Linux erabiltzen dituztenek, ordea, ez dira birusekin gogoratu ere egiten. Badira sistema horietarako birus batzuk, baina askoz gutxiago dira, hedapen murritzagoa dute eta sistema horiek erabiltzen dituzten ordenagailuak askoz seguruagoak dira kanpoko erasoen aurrean.
Baina guk ordenagailu gehienen kasuari erreparatuko diogu: Windows sistema erabiltzen dugu, postarako Outlook Express eta nabigatzeko Explorer programak erabiltzen ditugu. Gainera, aspaldi eguneratu gabeko bertsioak erabiltzen ditugu, Explorer 5 (euskarara itzuli zen azken bertsioa). Errematerako, Windows 98 edo 95 erabiltzen ditugu, XP bertsio berria erabili beharrean, agian euskaraz ez dagoelako edo gure makina zahar xamarra delako XP berriari eusteko. Bada, gure kasua hori bada, gruyere gazta batek baino segurtasun zulo gehiago ditugu eta arraroa litzateke dagoeneko kutsatuta ez egotea.
Gure ordenagailuaren konfigurazioa hori izanez gero, ez gara libratuko antibirus programa bat instalatuta edukitzeagatik. Nahikoa izango da nabigatzen ari garela kode maltzurra duen web orrialde batean sartzea gure makina kutsatzeko. Beste batek, birusa egin duenak edo hacker batek, gure ordenagailuaren kontrola har dezake, barruan dauden artxibo eta datu konfidentzialak eskuratu eta bestelako alukeriak egin. Baina horrelakoak oso ezohikoak dira, norberak web-gune hori noiz bisitatuko itxaron barik birusek badutelako hedatzeko modu aproposagoa.
Posta elektronikoa da birusek hedatzeko aurkitu duten biderik onena, zuzenean baitoaz erabiltzaileengana. Outlook eta Outlook Express programek duten ahulezia profitatuz, nahikoa da mezu bat irakurtzea, atxikita dakarren birusa zabaldu gabe ere exekuta dadin. Azken finean birusak programatxoak dira eta antzeko gauzak egiten dituzte. Normalean birusak gure lagunen helbideetara berbidaliko du bere burua. Gure lagunek ere zabalduko dute eta gurpil zoroak ordu gutxi batzuen buruan munduko milioika makina kutsatuko ditu.
Windows erabiliz gero, onena izango dugu sistema eguneratuta edukitzea. Windows XP bere azken txatal edo eguneraketekin, Explorer 6 Outlook berriarekin… Windows sistemetan sarritan aurkitzen dituzte segurtasun “zuloak”. Normalean ez ditu Microsoftek aurkitzen, baina zuloa aurkitu eta berehala prestatzen du enpresak hori estaltzeko txatala. Internauta asko jada gogaituta daude etengabe segurtasuna eguneratzen egon behar izateagatik. Gainera, gero eta memoria gehiago hartzen dute eguneraketek eta agian gure makina ez da azken bertsioei eusteko nahikoa indartsu eta modernoa. Kasu horietan badira irtenbide bi: Microsoften programak erabiltzen jarraitu nahi izanez gero, segurtasun zuloak ahal dugun neurrian estali beharko ditugu: Explorer-eko hobespenetan ActiveX kontrolak ezgaitu (hortik sartzen baitira birus asko) eta Outlook-en hobespenetan aurrebista ezgaitu. Benetan aldatu nahi badugu, Microsoft-enak baztertu eta bestelako programak bilatu beharko ditugu.
Alternatiba software librean
Bada alternatibarik, bestelako programak erabiliz. Eudora e-postarako programa ona da eta Opera nabigatzailea oso segurua ei da. Ordainduzko programak dira horiek, enpresa pribatuek garatuak, baina alternatiba hoberik ere bada, software librearen bidez. Mozilla sorta oso segurua da, ordenagailu zaharretan instalatu daiteke eta primeran dabil, arazorik gabe sar gaitezke Explorer-entzako arriskutsuak diren webguneetan eta, gainontzean, web orrialdeek itxura bera erakusten dute. Internauten artean egina da eta euskaraz daki Mozillak. Bere baitan nabigatzailea, posta elektronikoa, web orrialdeen editore xalo bat eta chat programa ditu. Soilik nabigatzailea edo e-posta programa nahi duenak, hurrenez hurren Firebird edo Thunderbird bertsio laburtuak eskura ditzake, edozein plataformarekin balio du… Eta guztiz doakoa da. Erabat aldatu nahi duen ausartak Windows osoa baztertu eta Linux sistemara egin dezake jauzi, baina ur handitan sartu aurretik bide librean hasteko modu ona da Mozilla.
Birusen gaineko informazioa
www.pandasoftware.es/
www.alertaantivirus.es/
Mozilla euskaraz eskuratzeko
www.librezale.org
Azaroak 25, 2003
Iragan astean gure webgunearen berri emateko bide batzuk aipatu genituen, hala bannerrak nola e-posta mezuen bidalketa. Bilatzaile motak aipatu eta euren funtzionamendua deskribatu genuen. Gaurkoan sareko orakuloetan zentratuta, topatzaile nagusietan gure webgunea erregistratzeko eta bilaketen emaitzetan gure helbidea nabarmendu dadin aholku batzuk emango ditugu.
Direktorioak gaika sailkatutako aurkibideak direnez, pertsonek kudeatuak izaten dira. Webgune edo pertsona jakin baten bila baino, gai baten inguruko webguneen bila gabiltzanean aproposenak dira, emaitza fidagarriagoak aurkituko baititugu. Azken finean pertsonak dira, editoreak, proposamenak aztertu eta sailkatzeko ardura dutenak. Dmoz-en leloak dioen moduan «Gizakiek hobeto egiten dute» lan hori robot batek baino. Hala ere, gure webgunea sailka dezaten laguntza eman behar diegu, zein ataletan agertzea nahi dugun adieraziz.
Dmoz-en gure webgunearen berri emateko onena Aurki bilatzailera jotzea izango dugu, bertan Dmoz direktorioan dagoen egitura bera aurkituko baitugu gure hizkuntzan. Hasteko, gure webgunea zein atal eta azpiataletan sailka daitekeen pentsatu behar dugu. Ondoren, Aurkiren direktorioan nabigatuko dugu, harik eta gure webguneari zehaztasunik handienarekin dagokion azpiatala aurkitu arte. Orduan, pantailaren goikaldean, Webgune bat gehitu dioen lekuan klik egin eta gure datuak sartzeko pantaila ageriko zaigu.
Hasteko, gure URLa sartu behar dugu, webgunearen helbidea. Ondoren, gure webgunearentzat izenburua idatzi behar dugu, webgunearen izen ofiziala izan dadin eskatzen digute bilaketa ahalik eta errazen egiteko. Gero, gure webgunearen deskribapena sartu behar dugu, 25 hitz baino gutxiagotan hizkera propagandistikorik gabe ahalik eta zehaztasun handienaz gure webgunea deskribatu behar dugu, tartean berau kokatzeko baliagarriak izango diren gako-hitzak sartuz. Azkenik gure e-posta helbidea sartuko dugu, editoreak gurekin harremanetan jarriko badira. Ezin dira sartu jada direktorioaren beste atal batean sailkatuta dauden webguneak, ezta webgune berera bideratuko gaituzten URL helbideak. Gure webgunea beste bilatzaileetan nabarmendu dadin oso gomendagarria da Dmoz-en sartzea, gehienek bere direktorioa erabiltzen baitute emaitzak aurkezteko, tartean Google, Yahoo, AOLsearch, DirectHit, HotBot, Lycos eta beste batzuk.
Gure webgunea gehitu eta hiru astera direktorioan ageri ez bada editoreek proposamena atzera bota duten seinalea izan daiteke edo ez dutela denborarik izan berau aztertzeko. Gogoratu behar dugu Dmoz proiektu irekia dela eta euren denbora zeregin horretan musutruk ematen duten internautak direla editoreak. Gu geu ere bihur gaitezke atal bateko editore, atal asko baitaude baten faltan. Horretarako Editore bihur zaitez dioen lotura jarraitu eta nork bere burua proposatu besterik ez du.
Yahook, bilatzaileen lehian atzean geratzen ari den arren, oraindik garrantzia mantentzen du eta bere aurkibidean egotea garrantzitsua da. Webgune baten berri emateko prozedura Dmoz-enaren antzekoa da, baina hemen Yahooko langileak dira editoreak. Hasteko, yahoo.com, yahoo.fr edo yahoo.es helbidera jo behar dugu. Direktorioa bat bera da, beraz, nahiago dugun hizkuntzaren arabera bat edo bestea hartuko dugu.
Azpialdean webgunea iradoki dioen loturan sakatuko dugu eta ondoren, gure webgunea jada Yahoon ez dagoela ziurtatuta, berau agertzea nahi dugun azpiatala adierazi behar diogu. Euskal webguneak geografikoki derrigortuta daude Espainia edo Frantzia kategorietan agertzera, azken honetan Akitaniaren barruan dagoen Atlantiar Pirineoak departamentuaren barruko azpiatal moduan ageri da Euskal Herria. Inglesezko sailkapenean, ordea, Basque hizkuntza moduan dago islatuta eta azpiatala du hizkuntzen artean, hizkuntzalaritza arloan. Halaber, beste Basque azpiatal bat aurkituko dugu giza zientzien kulturak eta gizarteak azpiatalaren baitan.
Behin gure webgunearen kokapena aukeratuta, Dmoz-en bezala, URL helbidea, izenburua, deskribapen laburra, gure izena eta e-posta sartu behar ditugu. Webgunearen kokapen geografikoa ere sar dezakegu nahi izanez gero, baina aurretik aipatutako sailkapenaren barruan kokatu beharko dugu.
Robotak
Robotetan ezberdina da alta emateko prozedura. Hauetan nagusia Google da, dudarik gabe, eta beste bat aipatzearren, Altavista nabarmenduko dugu, duela urte batzuk garrantzitsuena zelako.
Googlen gure webgunearen berri emateko urratsak oso errazak dira. Hasteko, euskarazko bertsioan sartu eta, bertan, Googleri buruz loturan klik egin. Hor, ingelesez, For site owners atalean Submitting your site aukeratu. Gure URL helbidea sartu eta, nahi izanez gero, Comments atalean gure webgunearen deskribapena sartu ingelesez. Azken honek ez du eraginik Googlen web orrialdea sailkatzeko, barne erabilerarako baizik ez baita.
Altavistak gure webgunea bertan sartzeko ordaintzea eskatzen digu, letra handiz, baina doan ere egin daiteke, horrela eginez gero nabarmentzea edo agertzea ziurtatzen ez duten arren. Submit a site aukeratu ostean, azpialdean Basic submit aukeratu eta gure URL helbidea sar dezakegu. Gizakiak garela ziurtatzeko, irudi batean azalduko diren letrak idazteko eskatuko digute eta e-posta helbide bat emateko.
Kontutan hartzekoa
Robot biek webgune osoan dauden testuak indexatzen dituzte baina informazioa hartzeko modu ezberdinak dituzte. Googlek testu guztiak hartzen ditu kontutan, orrialdearen izenburuak orrialdeak identifikatzeko garrantzi gehiago duen arren. Altavistak ere orrialde bateko testu osoa hartzen du, baina metatag kodeei erreparatzen die halaber. Hauek nabigatzean ikusten ez ditugun kodeak dira, baina robot batzuek kontutan hartzen dituzte, horregatik komeni da ondo jartzea.
Orrialdearen kodean, <Title> eta </Head> etiketen artean meta name izeneko etiketak sar ditzakegu. Keywords izenekoan, orrialdeari lotutako gako-hitzak sartuko ditugu eta description izenekoan oso definizio laburra.
Googlek internautari benetan bila dabilena erakusteko helburua du eta horregatik manipulazioen eragina murrizten saiatzen da etengabe sailkapen parametroak manipulatzaileen trikimailuetara egokituz. Funtsean, Googlerekin arrakasta izateko gakoak bi dira. Alde batetik, testu deskriptiboak izatea, gure webgunearen ezaugarriak testuinguru berean egon daitezen, ahal dela elkarren ondoan eta internautek bilatu ohi dituzten orden berean. Testua nagusi izatea ezinbestekoa da, irudiak eta flash animazioetan dauden testuak ez baititu kontutan hartzen.
Beste gakoa PageRank-en leku ona izatea da. Beste webguneetan gurerako dauden loturak kontutan hartzen ditu Googlek gurearen garrantzia neurtzeko. Inork bere webgunean gurera loturarik jarri ez badu, ez du Googlek nabarmenduko. Hortik manipulazio saiakerak sortzen dira, Google Bombing delakoak kasu, ahalik eta orrialde geihenetan webgune baterako loturak jarrita, baina Googlek horiek ere igartzen ditu eta tranpatiak zigortzen ditu emaitzetan beherago jarriz. Hala ere, beti da ona lagunen orrialdeetan gurerako loturak egotea.
Informazio gehiago euskaraz
igela.luberri.net/Ikas15.htm
Azaroak 23, 2003
Lana amaituta dago, ordu piloa sartu ostean nahiko txukun gelditu da gure enpresako edo gure elkarteko webgunea. Batzuek uste dute horrekin nahikoa dela zabaldu nahi dugun mezua jendeari helarazteko. Bisitariak berez etorriko diren ustea ustela dela konturatuko gara laster, estatistikei behatuz gero, lanaren erdia oraindik egiteke dagoelako. Publizitatea ere behar dute webguneek, sarean bertan batez ere.
Alferreko lana da inork bisitatuko ez duen webgunea egitea. Analogia bat jartzeko, etxean telefono berria jartzea eta inori zenbakiaren berri eman gabe jendeak deituko digula pentsatzea bezalakoa da. Tamalez, gurean izan dira horrelako kasuen adibide antologikoak, webgune instituzional handi eta garestiak tartean. Aitzitik, mezua hedatuko bada ezinbestekoa dugu horren berri ahalik eta leku gehienetan ematea. Saretik kanpo, webgune baten helbidea duten kartelak, automobilak, pegatinak, orriak eta pintadak ikus ditzakegu sarri. Ikusgai dauden ia euskarri guztiak dira erabilgarriak, irudimena erabiliz gero.
Baina sarean bertan ere egin behar da webgune baten publizitatea eta horretarako hainbat baliabide erabil daitezke. Bannerrak, esaterako, iragarki eraginkorrak dira gure webgunearen publizitatea egiteko. Iragarki moduan erabiltzen diren irudiak dira, gure webgunea besteen orrialdeetan iragartzeko. Gure lagun batek bere webgunean gure bannerra ipini dezake, mesede moduan, baina berau webgune askotan agertzea nahi badugu banner truke sistema batean esku har dezakegu. Sistema automatizatu baten bidez, gure orrialdeetan beste kideen bannerrak erakutsiko ditugu eta eurenetan gurea agertuko da. Euskal Herrian euskalbanner.com dugu banner truke sistemarik ezagunena. Bannerrek, sistema horietan esku hartu ahal izateko neurri estandarra izan behar dute, normalean 468×60 pixelekoak dira eta ez dute zertan irudi finkoa izan, gif animatuak izan daitezke eta azken aldion flash formatoko iragarki ikusgarrak ere badira.
Itxura interesgarria badu, jendeak gure bannerrean klik egingo du, bestela ez. Horregatik, edozein iragarkik bezala, erakargarria izan beharko du eta lelo iradokitzailea izan. Ezaguna da aurki.com bilatzaileak egin zuen banner bat, sexu konnotazioak zituena. Inoiz Aurkik izan duen arrakastatsuena izan zen, estatistiken arabera. Estatistikak aipatu ditugunez, esan beharra dago bannerren bidezko publizitatean, aldizkarienean ez bezala, zehatz-mehatz jakin dezakegula zenbat internautak ikusi duen eta horietarik zenbatek egin duen klik bertan. Kontzeptu bien arteko proportzioak ematen digu clickthrough ratio-a edo bannerraren arrakasta maila. Irizpide orokorrak dira banner iradokitzailea egitea, dena erakusten ez duena, internautak horren ostean zer dagoen begiratzera bultzatzeko.
Posta bidalketa kolektiboak ere, gure webgunearen berri emateko balio dute. Baina hemen oso erraza da spam-ean edo eskatu gabeko mezuen bidalketa masiboan jaustea, hortik zehar lagun, enpresa edo komunikabideen e-posta helbide mordoa lortu badugu. Gogoratu behar dugu spam-a legez kanpoko jarduera dela eta Espainiako legeetan debekatuta dagoela.Frantzian ere spammer bat kondenatu dute berriki eta Europar Batasunak ere debekatu du jarduera molestagarri hori. Beraz, lagunei webgunearen berri eman, spam-ean jausi gabe eta haien helbideak mezuaren CCC edo kopia itsuaren eremuan jarrita.
Bilatzaileak
Jendea erakartzeko dira orain arte aipatu ditugun jarduera horiek. Bilatzaileak, ordea, gure bila dabiltzanak edo guk eskaintzen dugun produktu edo testuaren bila dabiltzanek gu topa ahal izateko informazioguneak dira. Bi motatako bilatzaileak daude, direktorioak eta robot edo spider-ak.
Lehendabiziko multzokoak webguneak gaika sailkatuta ageri diren aurkibideak dira, atalak eta azpiatalak dituzte eta pertsonek egiten dute sailkapena. Internautak bere webgunearen berri ematean aurkibideko zein azpiataletan agertzea nahi duten adierazten du eta gero aurkibideko pertsona batek proposamena aztertu eta bertan jartzea onartzen du edo ez. Yahoo izan zen lehendabiziko direktorioa, bi internautak euren gogoko helbideak ordenatzeko sortua 1995ean. Open source-aren filosofiari lotutako dmoz.org proiektua, berriz, partehartzailea da eta ez du jaberik. Bertako edukiak euskaraz erakusten dizkigu aurki.com bilatzaile euskaldunak eta orain google.com-en emaitzetan integratuta ageri dira Dmoz-eko webguneak.
Robot edo spider-ak dira bigarren multzokoak, gaika ordenatu barik web orrialdeen textuak “irakurri” eta gogoratzen dituzten datu base erraldoiak. Robotek, ezagutzen dituzten webguneak sarri bisitatzen dituzte eta sartutako testu berriak indexatzen dituzte, aurrekoak gaurkotuz. Lehenago Altavista zen robotik ezagunena baina egun Google dugu bilaketen jaun eta jabe, web orrialdeetako testuak sailkatzeaz gain, bilaketa adimentsuak egiten dituelako, bila gabiltzana topatzeko beste hainbat faktore kontutan hartuta eta dmoz direktorioaren edukiak gehituta.
Badira bilatzaile gehiago eta badira gure webgunearen lotura bilatzaileetan gorago agertzea lortzeko zerbitzuak eskaintzen dizkiguten enpresa asko. Bilatzaile nagusiak, ordea, hauek dira eta beste guztiek ez dute hainbesteko garrantzirik. Emaitzetan gorago agertzeko ez da beharrezkoa enpresa bat kontratatzea eta guk geuk egin dezakegu lan hori. Datorren astean jarraituko dugu gai honekin eta emaitzetan nabarmentzeko teknika batzuk azalduko ditugu, bilatzaile bakoitzean alta emateko prozesuak xehatzeaz gain.
LABURRAK
Artearen datu basea
Euskal artearen datu basea Interneten osatzeko asmoa du Bilboko Arte eder museoak, Arteder izenburupean. XIX. mendearen hasieratik gaurdaino gurean izan diren artisten gaineko informazioa bildu nahi dute sarearen bidez denontzako eskuragarri izango den datu base baten bidez. Momentuz bakarrik 30 artistaren fitxak ageri dira webgunean, baina denboraren porazuz betetzea espero du museoak. Erderazko bertsioa da webgunean nagusi eta haren itzulpena da euskarazkoa, orrialdeen egituran eta nabigazio ikurretan erdara mantenduta. Gainera, soilik Windowserako Internet Explorer nabigatzailearen bidez ikus daiteke ongi.
Arteder
http://www.bd-arteder.com/
Ukberri online
Uribe Kosta eta Leioako kanpusa informazio esparru izango dituen Ukberri aldizkari digital euskalduna jarri dute abian eskualdeko kazetari batzuek. Indymedia eta Sustatu agerkari elektronikoen kazetaritza eredua jarraitu nahi du Ukberrik, jendearen ekarpenez hornitutako argitarapen irekia. Izena gorabehera, erdaraz argitaratzen den Uribe Kosta Digitalaren euskarazko alternatiba izan nahi duen Ukberrik argitalpenaren kudeaketarako software libreko PostNuke sistema erabiltzen du.
Ukberri
www.ukberri.net
Ukdigitala
www.ukdigitala.com
Helbide sinpleak
Askotan dokumentu batean itsatsi edo paperean idatzi nahi dugun web helbideak luzeegiak, zeinu arraroz beteak eta aldrebesegiak izan ohi dira. Lan hori errazteko sortu dute TinyURL zerbitzua, helbide luze horietako bat emanda, tinyurl.com/uyqv gisako helbide laburra bihurtzen duena. Helbide sinple hori sartuta, jatorrizko URL luze horretara bideratuko gaitu zerbitzu honek. TinyURL doakoa da, nahi beste helbide labur ditzakegu eta, webgunean diotenez, betirako mantenduko dituzte helbide laburtu horiek.
Tiny URL
www.tinyurl.com
Adibidea
http://tinyurl.com/uyk1
Azaroak 16, 2003
Amerikar militarren eskutik sortuta, gizarteratu zenean Internet sare libre eta kontrolaezin moduan aurkeztu ziguten. Hori zen bere dohain nagusia, eraso militar baten aurrean suntsiezina izatea. Denboraren porazuz eta erabilera zibila nagusitu denez, boterea dutenentzat mehatxua da askatasun hori eta legeen bidez murriztu nahi dute.
Komunikatzeko eta informazioa lortzeko oso baliagarria denez, dudarik gabe esan daiteke gizartearentzat ona dela Internet. Baina gizartean eragiteko tresna ere bada, hedabideetan ahotsik izaten ez dutenek Internet baiute adierazpide librea.
Amaitu da komunikabide ofizialen monopolioa. Edonork zabal dezake bere mezua sarean, edonor bihur daiteke erreportari eta, mezua ondo bideratuz gero, ondo hedatuko da. Horretarako komeni da jende gehiagoren babesa, talde lana. Indymedia ekimen kolektibo eta independientea da, jende askoren artean antolatutako komunikabide alternatiboa. Edonor izan daiteke erreportari edo iritzi emale. Ohiko komunikabideetan oso zaila dute herritarrek euren informazioak ematea edo iritziak ematea, jasotzaile hutsak izaten dira. Indymedian internautak dira irakurle, idazle eta komunikabide horren kudeatzaileak.
Globalizazioaren aurkako mugimendutik sortua, Indymedian ez dute soilik globalizazioaz edo nazioarteko gaiez jarduten, tokian tokiko albisteak ere jorratzen baitituzte. “Ekin lokalki” leloari jarraiki, leku askotan sortzen ari dira Indymediak, Euskal Herrian esaterako. Indymedia Euskal Herriak urtebete darama martxan eta bertoko informazioak jorratzen, hemen gertatutakoak mundura zabaltzeaz gain.
Horretaz gain, komunikabide lokal partehartzaileak sortzen ari dira. Gurean, sustatu.com dugu adibide bat, baina herri bakoitzeko gaurkotasuna jarraitzen dutenak ere badira Mutrikun atxukale.com eta Azpeitian uztarria.com ditugu tokian tokiko komunikabideak.
Askatasuna “besteei entzun nahi ez dutena esateko eskubidea” zela esan zuen George Orwellek eta hori frogatu dute hainbat lagunek, Irakeko gerra dela eta, amerikar gizarteari telebistak esaten ziena gezurtatuz. Ehunka telebista kate edukitzeak ez dakar derrigorrez aniztasun informatiboa eta, Irakeko kasuan, beste bertsio bat nahi zuten amerikarrek Internetera jo behar izan dute, terrorismoaren aurkako gerraren izenean ohiko komunikabideek bat egin baitute gobernuarekin.
Bertatik bertara informatu duten kazetari independiente batzuek euren webguneetatik eman dute informazioa. Hala Christopher Allbriton-ek nola Kevin Sites-ek, bakoitzak bere webgune pertsonalaren bidez, zentsurarik gabeko informazioak eman dizkigute. Salam Pax ezizeneko irakiarrak, berriz, irakiarren berri eman zigun Bagdadetik, bonbaketek eta inbasioak eragindako sarraskiak kontatuz.
Gerraren kontrako hainbat webgune ere izan dira, no war blog kasu gizartea mugiarazteko ere balio duela frogatuta geratu da. Informazio ezberdinak egoteak, kontrastea esaten zaiona egoteak botereari kalte egin diezaiokeenez, gero eta muga gehiago jartzen ari dira gobernuak Interneten, lege murriztaileak eta kontrolatzaileak ezarriz, baina esan daiteke sarea oraindik eremu librea dela, herrialdean bertarako sarbidera mugatuta ez badago.
Prestigeren adibidea
Prestige petroliuntziaren hondoratzeak eragindako marea beltzaren ingurukoa izan da sarearen garrantzia islatu duen azken gertaera. Nahasmen handia izan zen lehenengo uneetan, agintariek eta estatuko telebista nagusiek marea beltzik ez zegoela esan arren, kontrakoa esaten hasi baiziren Costa da morten bertan bizi direnak. Alarma Interneten bidez piztu zen eta ondoren ere sarean bakarrik eskuratu ahal izan dira informazio asko.
Hasieratik atal berezia osatzen hasi zen Vieiros galizierazko atarian, informazioak bilduz eta bertsio ofiziala ezeztatuz. Bertan ere hartu du ostatu aktoreek, idazleek, irakasleak eta pentsalariak biltzen dituen Burla Negra plataformak. Marea beltza kostaldera heldu orduko sortu zen Nunca Mais plataforma, Galiziako ehunka elkarte biltzen dituen antolakuntza. Gizarteko sektore asko bildu dira protesta ekintza nagusiak koordinatu dituen plataforma honetan. Baina tokian-tokiko informazioguneak bat-batean nazioarteko arretaguneak bilakatu dira, Costa da Morteko Finisterrae albistegia kasu.
Vigoko Unibertsitateko webgunean marea beltzaren inguruko datuak bildu dituzte ikuspegi zientifiko eta objektibo batetik. Gauza bera egiten dute, ornitologiaren ikuspuntutik Espainiako ornitologia elkartean. Gertaeren kronologia aurkituko dugu Chapapote no Grobe webgunean. Giro kritiko honetan umorea ere ez da falta izan eta, kasu honetan, “umore beltza” esatea inoiz baino aproposagoa da. Galiziako hainbat marrazkilarik euren lanak bildu dituzte chapapote.org webgune ikusgarrian.
Baina nahiko ikusgarriak dira berez petroleoak zikindutako guneen argazkiak, Galizian eta Galiziatik kanpo ere. Esaterako, Kantabrian izan den marea beltza salatzeko webguneak ipini dituzte, negargura eragiten duten argazki sortekin. Antzeko irudiak ikus ditzakegu Asturiaseko webgune honetan, hegazkin eta dordoka hilen argazkiekin batera. Gurean ere, protesta webgunerik izan da eta ekologistek salatu dutenez, “Espainiako Estatuak zein Eusko Jaurlaritzak lanaren zati handiena egin gabe utzi dute” kostaldearen zatirik handiena hartzen duten haitzak oraindik garbitu gabe daudela diote, hondartzak eta portuak, jendearen eta telebista kameren bistan daudenak egunero garbitzen dituzten bitartean.
Erantzukizunak eskatuz banner kanpainia abian jarri zuen webgune batek. Esku hartzeko nahikoa da bannerra jartzea lotura batekin. Bertan aurkituko ditugu kanpainian esku hartzen duten beste webguneen helbideak. Profitatu duten beste baliabide telematiko bat berriketa dugu. Prestige izeneko chat kanala ere zabaldu dute internauta batzuek, marea beltzari buruzko berriketan jarduteko.
Blog edo weblog pertsonaletan islatu da Prestigeren afera. Arlo honetan nabermendu behar dira Suso de Toro idazlearen webgunea edo Blogaliza, galizierazko bitakoren aurkibidea. Erakunde ekologistek ere islatu dute hondamendia euren webguneetan. Esaterako, Ecologistas en Accion edo Galiziako ADEGA elkarteek informazioa biltzeaz gain bolondresen lana koordinatu dute.
Bistan da gai honi buruzko informazio eta lotura piloa sarean bertan aurki dezakegula. Honek erakusten du gizartea aldatzeko indarra duela sareak eta, zentsura saiakerak gora-behera, informazioa libre den eremua dugula egun.
Azaroak 15, 2003
Internet ez da soilik aisialdia betetzeko ganorarik gabeko edukien multzo bat. Edukirik interesgarrienak aurkitzeko batzuetan geuk bilatu behar izaten dugu, ez baitira lar ezagunak. Ez dira masa kontsumorako produktuak. Besteak beste, hori zientziarekin gertatzen da: ez da jendetza erakartzen duen gaia, baina gustua aurkituz gero oso zirraragarria da.
Zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta jakin-min handiagoa sentiarazten du zientziak. Sarean badira zientziari lotutako webgune asko, interaktibitatea eta animazioak profitatuz ezagutza eta jakin-min hori zabaldu nahi dutenak.
Zein txikiak garen ohartzea, nondik gatozen imaginatzea, bizitza non, noiz eta nola sortu zen galdetzea… Natura eta zientzia hutsak poesiaren eta filosofiaren ezinegonarekin duten lotura estuaz ohartarazi gintuen Carl Sagan-ek bere Cosmos telesail gogoangarrian. Zientzialariek hasieratik erabili dute sarea ezagutza trukatzeko eta, azken aldion batik bat, ezagutza hori gizartean hedatzeko. Zientzia dibulgazioa ez zen sarean hasi baina egun gizakiok dugun informazio guztia aurki dezakegu bertan.
Unibertsoaren ezagutza gure eguzki sistematik hasteko abiapuntu egokia izan daiteke Solarviews webgunea. Bertan eguzkiaren eta planeten gaineko informaziogune handia eta ondo sailkatua dago. Ingelesez, gaztelaniaz, portugesez, frantsesez eta alemanieraz, planeta bakoitzari buruzko datu zehatzak eta irudi sorta ederrak aurkituko ditugu. Astronomiaren oinarriak ezagutzeko ikasgaiak ditu eta haurrentzako aktibitateak daude, kometa baten nukleoa prestatzeko esperimentua kasu.
Hemendik planetei behatzeko, gure teleskopioa eduki ezik, Hubblesite erabil dezakegu. Ingelesez dagoen webgune honetan Hubble teleskopioari buruzko informazio guztia dago. Bere historia, erabilera eta jakingarri tekniko guztiez gain, irudi ikusgarrien galeria dago eta ikasleek astronomia ikas dezaten atal berezia. Bertan, hainbat jolas didaktiko aurkituko ditugu, Hubble une jakin batean non dagoen asmatzeko edo kometa bat guk geuk egiteko jarraibideak.
Airearen eta espazioaren Smithsonian museoa oso garrantzitsua da eta bere webgunean, benetako museoan dauden erakusketen informazioa ezezik, online erakusketak ditu, jada museoan ikusgai ez daudenak. Hegazkingintzaren historiari buruzko irudi bilduma du eta Apolo proiektuaren gaineko erakusketa zabala, besteak beste.
NASAren unibertsoa
Baina espazioaren arloan dudarik gabe AEBetako NASA erakundearen webguneak aipatu behar dira. Webgune erraldoia dauka, nasa.gov hasierako orrialdetik abiatuta osorik ikustea ia ezinezkoa dena. Pazientzia eta denbora asko behar izango ditugu bertan murgiltzeko, atal asko baititu eta denak interesgarriak baitira. Esaterako, Liftoff to Space Exploration webgunean, unibertsoa, zientziaren oinarriak, astronauten bizimodua edo espaziountzien bilakaera azaltzen duten atalak daude. Antzeko atalak eskaintzen ditu era erakusgarri eta didaktikoagoan NASAren hezkuntza sailak. Agentzia publikoa denez bere ezagutza ondarea zabaltzeko ahalegina egiten du eta bere edukiak ere doan har ditzakegu, argazkiak kasu, eta ez bakarrik espaziokoak. Bertatik lurra zehaztasunez erakutsiko diguten argazkiak daude Visible Earth proiektuaren webgunean. Satelitetik ateratako kalitate oneko argazkiak dira, besteak beste Euskal Herria erakusten dutenak. Lurraren argazkiak Living Earth webgunean ere aurkituko ditugu, Ilargia, Martitz eta beste planeta batzuen irudiekin batera.
Espazioa erakusten diguten ehunka webgune daude, unibertsitate, museo eta bestelako erakundeenak, baina dena ez da espazioa zientzian. San Franciscoko Exploratorium museoan espazioaz gain giza gorputza aztertzen dute, gazteentzako esperimentuak daude eta hitzaldiak zuzenean ikus ditzakegu. Aipagarria da “Sukaldaritzaren Zientzia” atala, sukaldean ohikoak diren ekintzen atzean dauden fisika eta kimika erreakzioak aztertzen dituena. Unibertsoa azaltzeko CERNekin egiten dute lotura hemendik. Izan ere, Suitzako CERN dugu munduan dagoen fisika laborategirik handiena, partikula azeleragailua dauka eta, gainera, bertan sortu zen web nabigazioa. Askoren arabera, Explorelearning.com dugu fisikari buruzko jakintza gazteei era atseginean azaltzen dien webgunerik onena. Arlo guztiak hartzen ditu: mekanika, optika, uhinak, elektrizitatea, magnetismoa, bizitzaren zientziak… Dena ekintza interaktiboen bidez ikasteko aukera emanez.
Baina berton ere badudu horren antzeko adibiderik. Miramon Zientziaren Kutxagunearen webgunean ere esperimentu interaktiboak, erakusketak eta lotura interesgarri piloa aurkituko dugu euskaraz. Elhuyarren Zientzia.net webguneak astero erreportaia interesgarriak eskaintzen ditu, euskaraz nagusiki baina baita ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez ere. Gaztelaniaz Alex Fernandez Muerza kazetari bilbotarrak ahalegin handia egin du Divulcat aldizkaria abian jartzeko eta oso aldizkari txukuna egiten du beste aldizkari elektroniko zenbaitekin elkarlanean. Bistan da zientzia dibulgazioak gurean defendatzaile sutsuak dituela baina internauta gazteen interes faltagatiko kezka ere somatzen da, webgune hauek arrakasta gutxi baitute eduki hutsalez jositako amaraun erraldoian.
Solar Views
www.solarviews.com
Hubble
www.hubblesite.org
Smithsonian museoa
www.nasm.si.edu
NASA
liftoff.msfc.nasa.gov
edspace.nasa.gov
education.nasa.gov
visibleearth.nasa.gov
CERN
www.cern.ch
Planetary society
www.planetary.org
Kutxagunea
www.miramon.org
Zientzia.net
www.zientzia.net
Divulcat
www.divulcat.com
LABURRAK
Mailman eta postaria
Mailman, software libreko posta zerrenda kudeatzailerik ezagunenaren euskarazko bertsioa prest dago eta doan eskuragarri. Nork bere web zerbitzarian ezar dezakeen script sorta da Mailman, banaketa zerrenden edo buletin elektronikoen harpidetzak kudeatzeko aukera asko eskaintzen dituena. Funtsean, Yahoogroups zerbitzuak egiten duena baina publizitaterik gabe eta aukera gehiagorekin egiten du, besteak beste euskaraz. Hala ere, Mailman instalatzerik ez duenak Postaria.com zerbitzua erabil dezake bere zerrendak kudeatzeko. Sustatu weblog-ak, Yahoorena utzita, postaria.com hasi da erabiltzen albisteak harpidedunen artean banatzeko.
www.librezale.org
www.postaria.com
Berriketa euskaraz
Euskarazko chat berriketa zerbitzua sortu du Euskal IRC webguneak. IRC-hispano zerbitzuan bezala, berriketarako kanal batzuk sortu dituzte eta webgunearen bidez ere solasteko aukera dago, baina zerbitzua IRC programa baten bidez sartzeko pentsatuta dago. Hainbat kanal dituzte sortuta eta nork bere kanala sortzeko aukera ematen dute.
www.euskalirc.com
www.irc-hispano.org
Doako telefono sareak
Erabiltzaileen artean artxiboak trukatzea ahalbidetzen duen P2P teknologia heldu da telefono deietara. Doako telefono deiak egiteko aukera eman nahi dute Kazaa programaren sortzaileek, musika trukerako erabiltzen den sistema bera erabilita. Sortu duten programak Skype du izena eta kalitate oneko deiak egin daitezke erabiltzaile biren artean. Hori IP ahots sistema batekin konbinatuta lortzen da ordenagailua telefono bihurtzea.
www.skype.com
Azaroak 9, 2003
Herritarrek kexuak eta artikulu edo zerbitzuen gaineko iritziak plazaratzeko bide berria aurkitu dute Interneten horretarako dauden webguneen bidez. Printzipioz, bi motatakoak daude: zerbitzu txar batengatik protestatzeko webguneak eta internauten iritziak bildu eta gaika sailkatzen dituztenak, baina iritzi gehienak negatiboak dira, sarea haserrea bideratzeko modu ona baita.
Gure herriko udalak espaloiak konpontzen ez dituelako, enpresa batek langileak arrazoirik gabe kaleratu dituelako, erosi dugun zerbitzu edo produktu bat oso txarra zelako… Mila arrazoi izan daitezke enpresa, instituzio edo produktu horren gaineko iritzia idazteko. Kritika eraginkorra izan daiteke, aipatzen den hori hobetzeko eta besteentzat baliagarria suerta daiteke, jakinik gauza bat erosi edo zerbitzu bat kontratatu aurretik internauta askok sarean begiratu ohi dutela, beste internautek zer iritzi dioten ikusteko.
Internet ez zegoenean kexuak bideratzeko modu bakarra komunikabide bateko zuzendariari gutunak bidaltzea zen. Horixe hartu du kontuan cartasaldirector.com webguneak, bertan era guztietako protesta gutunak aurki baitaitezke, gaika sailkatuta. Gai batzuk oso ezagunak eta ohikoak dira, telefonia enpresak, administrazioak, tailerrak… Gehien aipatutakoak agerian geratzen dira zerbitzu txar moduan eta idazten dutenak lasaiago geratzen dira, esan behar zutena esanda. Kexuek amorrua askatzeko balio dutenez, batzuetan irainak idazten dituzte Internautek, edo argudioetan oinarritu gabeko iritziak.
Baina dena ez dira kexuak, azterketa kritikoak eta batzuetan iritzi positiboak ere izaten dira. Liburuen iruzkinak dira honen inguruan sortu den fenomenoaren adibide bat eta amazon.com edo barnesandnoble.com liburudendetan egiazta dezakegu bere garrantzia.Iritzi emale eta kritikari berriak sortu dira sarean. Esaterako, jende askok ez daki nor den Harriet Klausner, lehenago paperezko egunkarietan ez zuen idazten, baina Amazon-en 3.000 inguru iruzkin idatziak ditu. Bera bezalako liburu irakurle, idazle, mediku, abokatu, kazetari eta bestelako jendea dago, gai bati buruzko ezagutza sakona dutenak eta komunikabideetan idazten ez dutenak.
Azkenean, iritzi emale telematiko hauetako batzuek ospea irabazi dute sarean eta kontuan hartuak dira haien aburuak. Ospe hori neurtzen dute eta webgune askotan, haien izenaren ondoan ikus dezakegu berak idatzitako iruzkin kopurua eta beste internauten artean haren iritziek duten estimuaren maila. Iritzi bat irakurri ostean geuk daukagu berau baliagarri izan zaigun adierazteko aukera. Horrela, iritzi batzuek eta berauek idatzi dituztenek garrantzia hartzen dute eta iritzi sortzaile bihurtzen dira. Hauetako batzuk profesionalizatu dira eta hasi dira komunikabideetan artikuluak eta iruzkinak idazten. Epinions.com eta about.com webguneetan kalitatezko iritziak bilatzen dituzte, jendeak estimatu eta irakurri nahi izaten dituenak. Horregatik, iruzkin egileei ordaintzen diete, irakurleen artean euren artikuluek duten oihartzunaren arabera.
Amazonen bezala, iritziei buruzko webgune gehienetan iritziak emateagatik ez da dirurik jasotzen. Hala ere, bada iritziak beste nonbait argitaratzeagatik kobratzen duenik. ForeWordreviews.com webguneak liburu iruzkinak saltzen ditu, bakoitza 295 dolarretan. Euren hitzetan “liburuzainek iruzkinak behar dituzte erosketak justifikatzeko; liburu saltzaileek ere bai, alea eta lastoa bereizteko, eta argitaratzaileek analisi fidagarriak behar dituzte, liburu baten indarra eta puntu ahulak ezagutzeko”. Egunkari eta aldizkarietan oso zaila da hedapen txikiko liburuen iruzkinak aurkitzea, sarean ez. Readerville.com webgunean doakoak dira iruzkinak eta truke moduan planteatzen dute. Adituei ez zaie ordaintzen eta ez dituzte puntuen bidez sailkatzen. Bertan idazten dutenez komunitate horretako beste kideen gustuak ezagutzen dituzte. Gehiago fidatzen dira beraien iritzietaz ezen ez New York Times-eko kritikarien aburuez.
Liburuak eta musika dira sarean gehien saltzen diren gauzak, baina iritziak ez dira arlo horietara mugatzen. Espainiako Doyoo.es webguneak “kontsumitzaileen ataria” bezala definitzen du bere burua, produktu bat erosi aurretik kontsultatu beharko baikenuke eta ez baitago iritzi fidagarriagorik jada hori ezagutzen duten beste kontsumitzaileen iritziak baino. Bertan elikadura, finantzak, zinea, ordenagailuak, bidaiak, prentsa… Dena baloratzen da eta edozein gairi buruzko iritziak aurkituko ditugu. Planteamendu bera du ciao.es webguneak eta aurrerago ei doa: iritzia eman dugun produktua egiten duen enpresari helarazten dizkio iruzkinak, produktua hobetu dezaten. Iruzkinak idazten dituenari, berriz, ordaindu egiten diote, beste internauta batek iritzi hori irakurtzen duen bakoitzean zentimo bat irabaziko dugu.
www.quejasonline.com
www.cartasaldirector.com
www.amazon.com
www.barnesandnoble.com
www.allreaders.com
www.allexperts.com
www.ciao.es
www.doyoo.es
LABURRAK
Bushek entzungo du
Gustatuko litzaizuke George W. Bush jaunak berari buruz esateko edo galdetzeko duzuna entzutea? Bada, aukera hori izango du online lehiaketa bateko irabazleak. Saria bere iruzkin kritikoa telebistan aireratzea izango da, AEBetako presidenteak herrialdearen egoerari buruz mintzatzeko egingo duen agerraldian, ordaindutako publizitate iragarki baten bidez. Baina kasu, minutu erdia izango dugu mezua botatzeko. Beraz, ondo prestatu beharko dugu iragarkirako gidoia. Berau ordainduko duen Move On plataforma nagusiki abokatuz osatutakoa da, baina epaimahaian, besteak beste, Michael Moore izango da. Bushen politikari kritika serioa egitea da helburua eta iragarkia osatzeko ideia nagusiak lehiaketaren webgunean bertan aurki daitezke, AEBetan guztiz legalak diren iragarki politikoen informazioarekin batera.
www.bushin30seconds.org
www.moveon.org
Liburuen barruan bilatu
Amazon liburudenda arrakastatsuak berriro irabaziak aitortu ditu
Zerbitzu berria atera du Amazonek, Search inside the book izenekoa, 120.000 libururen barruko testuetan hitzak bilatzea ahalbidetzen duena. Liburu baten bila ibiliz gero, Amazonek izenburuaren, egilearen edo gako-hitzen araberako emaitza erakusten zuen oraintsu arte. Orain, Amazonek liburu horien testu osoa (33 milioi hitz inguru) digitalizatuta daukanez, emaitza horiez gain, bila gabiltzana agertzen den testuen erreferentzia ematen digu. Testu zati bat bakarrik irakurri ahal izango dugu.
www.amazon.com
Birakusi webgunea
Birakusi aldizkariak 7 eta 12 urte bitarteko haurren artean irakurzaletasuna eta Interneten erabilera sustatzeko helburua du. Paperean argitaratzen da hiru hilabetean behin, baina sarean ere badu webgunea, haren osagarri. Flash teknologian eginiko jokoak eta denborapasak aurkituko ditugu bertan, den-denak euskaraz.
www.birakusi.com
Azaroak 2, 2003