Iraila, 2003 hilabeteko artxiboa
Aipatu izan ditugu inoiz P2P programak, sarearen bidez internautek artxiboak trukatzeko erabiltzen dituztenak. Sarean filmak trukatzeko programarik arrakastatsuena eMule dugu, milaka internauta liluratuta dituena. Doakoa eta zentsuragaitza da mando elektroniko hau eta, gainera, badaki euskaraz.
Musikaren truke librea dela eta, polemikaren erdian daude Kazaa, SoulSeek eta WinMX programak diskagintzaren industriak jarritako salaketengatik. Lehenengo biak dira, batez ere, musika bilatzeko eta azkar eskuratzeko erabiltzen direnak eta horregatik oldartu zaizkie disketxe handiak. Baina MP3 formatoaren ospea gora-behera, P2P sareetan ez da musika bakarrik trukatzen. Neurri handiko artxiboak eskuratzeko, filmak batik bat, internauta gehienen aukera eMule da.
eDonkey programaren bertsio hobetua da eMule, haren sarea erabiltzen du eta oinarrizko protokolo berak ditu. Asto elektronikoak baino karga gehiago hartzen zuenez electronic mule edo mando elektronikoa bataiatu zuten garatzaileek. Irudiak eta musika bilatzeko ere balio duen arren, abiadura ez da bere ezaugarria, bost Megabyteko abestiak bain askoz neurriz handiagoko filmak eta programa informatikoak trukatzeko pentsatuta dago eta erabiltzaileek pazientzia handia behar dute, film bat osorik eskuratzeko egunak behar izaten baitira.
Normalean Divx formatoan trinkotutako luzemetraiak trukatu ohi dira, 700 Megabyteko CD arrunt batean sar daitezkeenak. Funtsean, DVD formatoan ateratako edozein film aurkituko dugu eMule sareetan. Filmoteka amaigabea osatzen dute, beraz, eMuleko sareetan dauden milaka artxiboek.
Batzuetan, film estreinatu berrien kasuan, askotan lehia bizia izaten da internauten artean, estreinaldiak nork lehenago eskuragarri jarri. Noski, oraindik ez dira DVD formatoan argitaratu baina screener-ak eskura daitezke. Internauta horiek zinemara joaten dira bideokamara digital batekin, pantailatik zuzenean filma grabatu, ordenagailuan trinkotu eta besteek eskuratzeko moduan jarri eMule sareetan. Itxarotea axola ez bazaigu, hobe izango da DVDn atera arte itxarotea, orduan ere ordu gutxitako kontua izango da filma eskuragarri egotea.
Baina film berriak ezezik klasikoak ere eskura daitezke eMuleren bidez, bideoklubetan aurkituko ez ditugun kultuzko filmak, film luzeak, laburrak, mutuak, koloredunak edo zuri-beltzezkoak, pornoa zein umeentzako marrazki bizidunezkoak… burura etor dakigukeen edozein film edo telesail aurki dezakegu eMuleko sareetan. Pornoa deskargatzeko erabiltzen dute askok eMule, bideoklubean hartzeko lotsaz direnak.
Sarearen antolaketari dagokionez, eMulen ez dago zerbitzari zentral bat, hori Napster-en ahulezia errepikatzea izango baizen. Nahikoa izan zen epaile baten epazpena sistema hura behera botatzeko. Horregatik, eMuleren kasuan zerbitzariak asko dira eta oso aldakorrak. Aldiro konektatu eta deskonektatzen diren erabiltzaile batzuk dira trafikoa eta bilaketak koordinatzeko ardura dutenak.
Nola erabili
eMule erabiltzeko ezinbestekoa izango zaigu banda zabaleko konexio etengabea izatea, ADSL arrunta nahikoa izango da edo kable bidezkoa. Ondoren, mandoa eskuratu behar dugu gure ordenagailuan ezartzeko. Bertsio ofiziala emule-project.net helbidean dago, baina eMule Plus bertsioak, funtsean programa bera izanik, itxura erakargarriagoa du. Azpimarratu behar da eMule software librea dela, kolektiboki garatutakoa eta guztiz doakoa. Horregatik, berau oinarri hartuta, eMule Plus izeneko mod edo bertsioa garatu dute beste batzuek. Programa erabiltzeko hainbat hizkuntzaren artean aukera daiteke, tartean euskara dela. Euskaratzea internauta euskaldun batek egin du, noski, hori izan baita berak proiektu kolektibo horri eginiko ekarpena.
Interfaze hori hasieran ulertzeko zaila da, baina laster ohituko gara oinarrizko kontzeptuetara. Bidezko truke sistema bat da eMule, hau da, eskuratzeko eman ere egin behar da. Bere artxiboak besteei eskaini gabe inorenak eskuratu nahi dituenak nekez bilduko du film oso bat. Film, programa edo dena delako artxiboak, bakoitza zatitan banatzen du eMulek eta osatu ahal izateko zati guztiak eskuratu beharko ditugu.
Zatitzearen funtzioa bikoitza da: alde batetik konexioa etenez gero, ez ditugu galduko jaso ditugun zatiak eta, bestetik, ez dugu zertan film bat osorik beste erabiltzaile batengandik hartu. Zatiok bilatzen ditu programak eta bat hemendik hartu eta bestea handik hartuko du. Sarritan, guk oraindik osatu ez dugun film bateko zatiak gugandik hartzen ariko dira beste internautak. Konexioa etetea txarra da, zatiok eskuratzeko iladan geneukan lekua galduko baitugu. Makina etengabe piztuta edukiz gero, egunero film bat edo bi eskura daitezke ADSL arrunt baten bidez.
Emule
www.emule-project.net
Emule Plus
www.emuleplus.tk
Irailak 21, 2003
Internauta asko faktura izugarri garestiak heltzean soilik ohartu dira iruzurraz. Gehienetan antzeko ezustea izan ohi da, biktimak telefono faktura jasotakoan izaten baitu iruzurraren berri. Berak gogoratzen ez dituen telefono dei izugarri garestiak datoz faktura horretan, Espainian 906 zenbakiekin hasten direnak, gure ordenagailua zenbaki horietara deitzen ibili delako gu ohartu gabe.
Hasierako sustoaren ostean telefono konpainiari azalpenak eskatzea izaten da hurrengo urratsa, agian enpresaren akats bat izan delakoan. Bertan jakinaraziko digutenez, faktura ondo dago eta deiak gure telefonotik eginak dira. Ordenagailuak egin ditu, ordea, eta gu ezertaz ohartu gabe ziurrenik.
Kontua zera da, webgune jakin batzuetan sartzean, pornografia eskaintzen duten webguneetan gehienbat, guk ezer onartu gabe eta konturatu gabe gure ordenagailuaren konfigurazioa aldatuko duen programatxo bat instalatzen dela.
Programatxo horrek gure Interneterako sarbidearen datuak aldatzen ditu. Sarera sartzen ahalengintzen garen hurrengoan, modem-ak 906 edo 905 zenbakia markatuko du, normalean markatzen duenaren ordez, horregatik dialer esaten zaie programa horiei. Ondorioz, minutu batzuetako nabigazioagatik dirutza ederra ordaindu beharko dugu. Telefono mota hauetara deitzeagatik, asko jota, euro bat pasatxo ordain daiteke minutuko. Baina oharkabean nabigatuta 6.000 euroko fakturak oso ohikoak dira.
Minik handiena egiten duena faktura da, baina salatzeko arrazoi nagusia izan daiteke gure ordenagailuaren konexioaren ezaugarriak aldatu izana. Webgune batzuetan, konfigurazioa aldatzeaz gain, nabigatzaileari barra molestagarria gehitzen diote eta preferentziak aldatzen dituzte. Hori ere ez da legala erabiltzailearen baimenik gabe.
Iruzurraren biktima izan denak kontsumitzailearen bulegora joan behar du, telefono konpainiak ez baitigu esango norena den deitzen ibili garen ordainduzko zenbaki hori. Printzipioz, telebistan zenbaki horiek iragartzen direnean bezala, oharkabean sartu ginen webgune hartan argi eta garbi adierazi behar ziguten horrelako zenbaki batera deituko genuela eta minutu bakoitzaren kostua zein zen. Webmaster azkar batzuek argudiatuko dute dagoeneko erakutsi zigutela, normalean internautok irakurri gabe OK teklari sakatzen diogun ohar horietako baten letra txikian baizetorren abisua. Batzuetan, salaketa jarri beharrean, faktura ordaintzen du internautak, astrologia iragarleen webguneetan edo web pornografikoetan ibili dela agerian geratuko den beldurrez.
Iruzur honetatik babesteko, oraindik guri gertatu ez baldin bazaigu, babes neurriak hartzea izango dugu onena. Terroirs izeneko frantziar webgune batean Explorer programa kentzea proposatzen dute, dialer-en iruzurrak soilik Windows sistema, Explorer nabigatzailea eta telefono bidezko konexioa dutenei eragiten baitie. Horren ordez, Mozilla ezartzea gomendatzen digute, askoz jakingarri gehiago emango baitigu programa berri hori instalatu aurretik. “Gezurra dirudien arren, Explorer kentzea ez da ezinezkoa”, diote. Microsoft-en webgunean bertan dauden argibideak jarrai daitezke, edo IEradicator programa erabili.
Dialer programak gure ordenagailutik kentzeko anti dialer programak erabil daitezke. Terroirs-en YAW (Yet Another Warner) programa gomendatzen dute. Espainiako Asociacion de Internautas (AI) elkarteak Checkdialer izenekoa ipini du edonork eskuratzeko moduan.
Espainian, izan diren kexuak gora-behera, ez da aparteko neurririk hartu, zientzia eta teknologia ministroak duela hiru urte arazoari helduko ziola iragarri zuen arren. Aurrerantzean Espainian 803 (helduentzako edukiak) eta 806 (aisialdia) aurrizkiak sartuko dira indarrean, 906 ordezkatzeko. Askoz kontrolatuagoak izango dira aurrizki berriak eta berauek erabiliz ezin izango dira modem bidezko deiak egin.
Consumer aldizkariak gaiaren azterketa sakona egin zuen, iruzurraren biktima izan denak jarraitu beharreko urratsak aipatzen. Espainiako Asociacion de Usuarios de Internet (AUI) elkarteak hainbat datu biltzea gomendatzen du, salaketa jarri aurretik. Printzipioz, telefono horrekin lotuta dagoen webguneak informazioa eman behar zigun, baina gehienetan nahikoa da banner baten gainean sakatzea .exe programa hori gure makinan ezartzeko. Aurretiazko informazioaren baldintza hori bete ezean, enpresak ezin izango digu ezer kobratu.
Hala ere, gehienetan gu ohartu gabe egiten dutenez, badira arrazoi franko salaketa jartzeko, gure ordenagailuaren konfigurazioa aldatu duenak kalte egin digu, espainiako Zigor Kodeak eta LSSI legeak jasotzen dutenez. LSSI legearen arabera, webgunearen arduradunak behartuta daude euren datuak guri ematera. Gehienez 30 minutu iraun dezake dei batek eta aldez aurretik argiro adierazi behar dute helduentzako edukiak ikuskatzeko dela.
Gure aldetik, aipatutako programak erabiltzeaz gain, telefono konpainiari esan diezaiokegu ordainketa bereziko zenbakiak ezgaitzeko gure linean. Gure ordenagailuko konexioaren ezaugarrietan begira dezakegu, tarteka, zenbakia aldatuta dagoen ikusteko. Nabigatzailearen mezuei ere erreparatu behar diegu, ez onartzeko gure konfigurazioa aldatuko duen inolako programarik edo programa susmagarririk.
Helbideak
terroirs.denfrance.free.fr/p/internet/attaque/dialer.html
www.consumer.es/web/es/especiales/60281_print.jsp
YAW
www.trojaner-info.de/dialer/dialer.shtml
Checkdialer
www.internautas.org
IEradicator
www.litepc.com/ieradicator.html
Irailak 14, 2003
Katalanak sarean duen presentzia neurtzeko ikerketa egin berri du Softcatala institutuak. Horren arabera, katalana 19. hizkuntza da orrialde kopuruari dagokionez. Euskara 40. postuan dago eta frantsesa Interneteko hirugarren hizkuntzarik erabiliena da.
Hizkuntzen sailkapena egin berri dute abuztuan softwarea katalanera itzultzeaz eta katalanezko programak sortzeaz arduratzen den Softcatala elkartekoek. Hizkuntza bakoitzak duen orrialde kopurua neurtu dute, AllTheweb bilatzaileak emandako datuak erabiliz. Bilatzaile hori ez da web orrialde gehien indexatuta dituena, baina Softcatalakoen aburuz, hizkuntzak irizpide onargarrien arabera sailkatzen ditu. Sarean badira beste baliabide batzuk, e-posta, berriketa, eztabaida zerrendak eta berri taldeak kasu, baina neurtzeko gaitzagoak dira eta horregatik weba edo amarauna hartu dute aztergai, web orrialdeak hain zuzen ere.
Duela hiru urte Vilaweb atariak eginikoa eguneratu nahi izan dute Softcatalakoek. Orduan, bilatzaile beraren emaitzen arabera egin zuten sailkapena eta katalana sareko 19. hizkuntza zen, orrialde kopuruari dagokionean. Sailkapen horretan euskara 31. hizkuntzarik erabiliena zen, baina sailkapenean hain goian egoteko arrazoia ez zen euskaldunon webgune pertsonal eta profesionalen kopuru handia, administrazioetako hainbat agiri eta buletin derrigorrez euskaraz argitaratzearen ondorioa baizik. Nolabait, gure hizkuntzaren garrantzia puztuta dago sailkapenean.
Aurtengo neurketaren arabera nabarmen jaitsi da gure hizkuntza sailkapen horretan, 40. lekuraino jaitsiz. Guztira, euskaraz 154.709 orrialde daude AllTheweb-en indexatuta. Gurearen aurretik, munduko hizkuntzarik ezagunenez gain, lituaniera, bulgariera, islandiera eta galegoa aipa daitezke. Goiko aldean, ingelesak jarraitzen du nagusi, alde ederragatik gainera. Ondoren, hurrenez hurren, alemana, frantsesa, japoniera eta espainiera daude. Azken honek txinerari aurrea hartu dio gutxigatik baina, Softcatalakoek nabarmendu dutenez, oraindik milioika orrialde daude sailkatzeke hizkuntza horretan eta ez da ezberdindu txinera mota ezberdinen artean.
Katalana ere nabarmen jaitsi da sailkapen horretan, 23. posturaino. Ikerketa egin dutenen arabera, duela hiru urteko ikerketan katalana zegokion lekua baino aurrerago ageri zen eta aurtengoak datu fidagarriagoak dira, orrialdeak hobeto sailkatu baitira. Dena dela, bada datu bitxirik, milioika hiztun dituen arabiera katalanaren ostean, 24. lekuan, agertzea kasu.
Googleko eledunen arabera, egun amaraunak 9.000 eta 12.000 milioi web orrialde inguru ditu. Googlek soilik 3.000 milioi ditu indexatuta eta AllTheweb-ek 2.100 inguru, baina kontutan hartu behar da orrialde asko errepikatuta daudela eta badirela txineraz eta gainontzeko hizkuntza asiarretan oraino sailkatu ezin izan direnak.
Vilaweb-ek 2000. urtean eginiko ikerketak ez zituen indonesiarra, thai, kroaziera edo estoniera kontutan hartu, orduan AllTheweb ez baizen berauek identifikatzeko gai. Bilatzaile honek web orrialde baten hizkuntza zein den jakiteko hitz jakin batzuen presentzia neurtzen du. Hala ere, Sofcatalakoek onartzen duten moduan, sistema hauek ez dira guztiz fidagarriak, zenbait orrialde txikiren kasuan huts egin baitezakete. Hizkuntza minorizatu zenbaiten kasuan ere errakuntzak egon daitezke sailkapenean, okzitaniera eta katalanaren artean edo galegoa eta portugesaren artean kasu.
Duela hiru urte Vilaweb-ek egin zuen bezala, Orrialde kopurua hizkuntza bakoitzaren hiztun kopuruarekin alderatu dute Softcatala-koek. Sarean hizkuntza bakoitzak bere hiztunekiko duen presentzia neurtzeko beste modu bat da. Hiztun bakoitzeko sarean hizkuntza bakoitzak duen orrialde kopurua neurtuta. Katalanak orduan 0,07 orrialde zituen hiztun bakoitzeko eta egun 0,45 orrialde ditu. Euskarak 0,06 zituen duela hiru urte eta egun 0,26 orrialde ditu hiztuneko.
Orrialde kopuruaren igoera nabarmena izan du gure hizkuntzak, baina gainontzekoek azkarrago egin dute gora. Hizkuntza txikia izanik kopurutan beti orrialde gutxi izango du, baina indize honek erakusten digunez, kualitatiboki ere atzean geratu gara besteen ondoan. Testu gehiago ezezik euskaldun gehiago sareratzea da gure hizkuntzaren erronka eta euskaldun horiek webgune euskaldunetan nabigatzea.
Sarean badira hizkuntzen presentzia aztertzen duten hainbat webgune eta lan. Esaterako, 1997an, hizkuntzen Hit Parade-a egin zuen Internet Society (ISOC) elkarteari lotutako Babel Team proiektuak. Orduan hizkuntzak sailkatzeko baliabideak urriagoak ziren eta soilik 17 hizkuntzaren artean sailkatzeko gai izan ziren ikerleak, denak mendebaldeko alfabetokoak. Kanpoan geratu ziren, beraz, txinera, arabiera eta beste asko. Hala ere, daturik aipagarriena da orduko web orrialdeen %80,2 ingelesez zeudela. Egun, AllTheweben indexatutakoen %60 inguru daude ingelesez, Internet mundu osoan hedatuz doan seinale.
Katalanaren egoera 2003an
www.softcatala.org/articles/article26.htm
2000ko ikerketa
www.vilaweb.com/especials/5anys/enquesta.html
Munduko hizkuntzak
www.ethnologue.com
Hizkuntzen eta kulturen behatokia
www.funredes.org/LC
1997ko beste sailkapen bat
babel.alis.com/palmares.html
Irailak 7, 2003