Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2003 » Abuztua

Abuztua, 2003 hilabeteko artxiboa

Re: Birusez betetako abuztua

Hilabete beltza bihurtu zaigu abuztua Interneteko birusei dagokionez. Hilaren 11n agertutako Blaster-ek eta 19an agertutako Sobig.F zizare maltzurrak milaka ordenagailu kutsatu dituzte Euskal Herrian eta milioika mundu osoan. Oporren ostean ordenagailu gehiago kutsatuko diren beldur dira adituak.

Abuztuaren 11an Klez famatuaren familiako Blaster agertu zen eta berehala hedatu zen sarean. Windows familiako sistema eragileek dituzten ahultasunak profitatzen ditu ordenagailuetan sartzeko. Behin instalatuta, windowsupdate.com helbidearen kontra zerbitzu-ukatze erasoak (DoS edo Denial of Service) egiten ditu hilabetero, hilaren 15ean eta 31n, Microsoft-en eguneraketen zerbitzaria bertan behera botatzeko xedez. Bistan da birusa sortu duenak Windows-en ahulezia agerian utzi nahi izan duela, erasoa enpresa beraren aurka bideratuz. Gainera, Bill Gates-i mezua bidalaraztzen dio birusak kutsatutako ordenagailuari. Bertan, ingelesez birusaren egileak hauxe galdetzen dio Microsoft-eko presidenteari: «Billy Gates, Zergatik egiten duzu hau posible? Utzi dirua kobratzeari eta egin programa seguruagoak!».

Zori hutsez aukeratutako IP helbideei erasoz hedatzen da Blaster, ahultasun hori daukaten ordenagailuen bila, ez da posta elektronikoaren bidez hedatzen. Beraz, horrelako ordenagailua eukiz gero, onena Microsoft-en webgunetik txatala jaistea izango da. Antibirusik eduki ezik, gaitza izango da infektatuta gauden jakitea, baina zizarearen kodifikazio errakuntzen ondorioz, ordenagailua sarri eskegi edo berrabiatzen da berez. Panda Software-ren webgunean gure ordenagailua aztertzeko eta birusak kentzeko doako aplikazioak aurki ditzakegu.

Dena dela, abuztuko birusik kaltegarriena egun batzuk geroago heldu zaigu. Sobig.F izeneko zizarea oso kaltegarria da eta azkar hedatzen da Windows sistemako ordenagailuen artean. Birus honek bere SMTP programa propioa dakar, behin instalatuta lanean hasten dena. Gure ordenagailuan harrapatzen dituen e-posta helbide guztietara hasten da bere burua bidaltzen, honelako itxura duten mezuekin: Re: Thank you!, Re: Approved edo gure Outlook Express-eko karpetetatik ausaz aukeratutako bestelako izenburuak.

Mezuaren bidaltzailea izkutatu egiten da eta biktimaren makinatik hartutako helbide bat jartzen dio birusak bidaltzaile moduan. Horrela, sarritan gure lagun batek birusa duen mezua bidali digula dirudien arren, gu bion helbideak zituen hirugarren lagun baten ordenagailutik etorriko da ziurrenik.

Birusa ordu oro konektatzen da web helbide jakin batzuetara bere burua handik eguneratzeko. Horrela antibirusak zoratzen saiatzen da eta gero eta indartsuago egiten da. Mezuarekin batera birusa dakarren artxiboak .pif edo .scr amaiera izan ohi du eta tamainua ezberdina izan ohi da, birusak zabor-kode zatiak gehitzen baititu bere amaieran, identifikazioa zailtzeko. Kutsatuta egonez gero, lehen baino lehen kentzea komeni da, lehenago aipatutako aplikazioen bidez.

Zenbait atxilotu dituzte azken egunotan birusak sortzea leporatuta. Ostiralean FBIk 18 urteko gazte bat atxilotu zuen, Blaster birusaren aldaera baten egilea delakoan. Bi egun geroago agertutako bertsioa berak hobetu zuela dio poliziak eta bertsio horrek gutxienez 400.000 ordenagailu kutsatu dituela.

Espainiako Goardia zibilak ere gazte bat atxilotu zuen ostegunean, IRC-Hispano berriketa zerbitzuaren aurkako zerbitzu-ukatze erasoa egin izana leporatuta. Telebistan zabaldutako informazioetan hacker arriskutsuei buruzko topikoak errepikatzeaz gain, birusaren ezaugarrien gaineko informazio gutxi eman zuten. Hori bai, gazteak heavy metal musika gustoko zuela nabarmendu zuen Benemeritak .

UDAN ERE, BABESA ERABILI
Birusetatik babesteko segurtasun neurriak hartzea izango da onena. Antibirusa instalatuta eta eguneratuta edukitzeaz gain, nabigazioan zuhur ibiltzea da gomendagarriena, ez ibiltzea oso webgune arraroetan edo bertatik programarik ez hartzea. Windows sistema eta bere Explorer nabigatzailea erabiltzen baldin baditugu, nabigatzailea eguneratzea ezinbestekoa da, 6.1 bertsioak aurrekoen segurtasun zuloak konponduta baitauzka. Gauza bera gertatzen da Windowserako Outlook Express programarekin. Sistema eragilea ere eguneratzea gomendagarria da, batez ere Windows 95 erabiltzen baldin badugu. Onena Linux edo Mac OS sistemak erabiltzea izango litzateke, askoz zulo gutxiago dituzte eta. Horixe bera egin du Microsoft-ek, Iblnews.com albistegiak jakinarazi duenez, Linux erabiltzen hasi baita bere zerbitzarietan. Erasoen aurka, Gatesek berak konpetentziaren produktua erabiltzea erabaki du, Akamai hosting zerbitzuaren bidez.

Dena dela, abuztua jarduera gutxiko hilabetea izanik, irailean ordenagailu gehiago kutsatuko diren beldur dira adituak. Oporretan ordenagailu asko itzalita egon dira eta postontzian Sobig eta beste birusak dituzte zain. Beraz, kontuz ibili eta babesa erabili.

Espainiako ministerioak
www.alerta-antivirus.es
Panda Software
www.pandasoftware.es

Iruzkina gehitu Abuztuak 31, 2003

Barraskiloak Cancunera

Munduko Merkataritza Erakundeak (WTO) gailurra egingo du Cancunen (Mexiko) irailaren 10etik 14ra bitartean. Seattlen gertatu zen moduan, protestak eta bilkura paraleloak ari dira antolatzen sarearen bidez. Oraingoan, hurbil diren Chiapaseko zapatistek ere esku hartuko dute antigailurrean.

Egunotan Chiapas albiste izan da, Oventic-en izandako topaketentagik eta EZLNk abian jarri duen barraskiloen antolaketa berriagatik. Irailan, berriro, Yucatan inguru hori albiste izango da WTOk gailurra egingo baitu bertan, Cancun hirian. Turismoaren eta kontsumoaren sinbolo den hiri horretan herrialde pobre eta aberatsen arteko merkataritza harremanen eta nekazaritzaren antolaketa globalaren inguruko erabakiak hartu nahi dituzte boteretsuek. Horrelako bilkuretan ohikoa denez, bertan izango dira agintariek entzun nahi ez dituzten gauzak esango dizkieten ekintzaileak.

Iragan astean ekintzaile telematikoez mintzo ginen eta, Cancunen prestatzen ari diren ekintza eta bilkura alternatiboak antolaketa modu berri horren adibide argiak dira. Cancunen izango diren jardunaldi, manifestazio eta abar telematikoki antolatzen ari dira eta Interneten bidez haien berri izan dezakegu.

WTOk Seattlen egin zuen azkenaurreko gailurra, 1999ko abenduan, eta bertan globalizazioaren aurkako mugimenduaren protestek protagonismoa kendu zioten gailurrari. Horregatik hurrengo gailurra Dohan (Qatar) izan zen, protestaldirik izango ez zela bermatu baizuen bertako gobernuak. Cancunen mundu osoko 145 herrialdetako ordezkariek nekazaritza izango dute eztabaidagai, Dohan hasitako eztabaiden helburu nagusia AEBk eta Europar Batasunak herrialde garatuetan nekazaritzarako dirulaguntzak jaistea adostea da.

Cancun aukeratu dute oraingoan boteretsuek biltzeko. Mundu osoan ezaguna den turismo gune hau 1971an sortu zuten ezerezetik ingurune natural polit eta garbi batean eta egun kutsadura arazo ikaragarria duen 300.000 biztanleko hiria da. Bertako biztanleen erdiak —haietako asko indigenak— pobrezia gorrian bizi dira eta ez dute ur edangarririk, elektrizitaterik, osasun zerbitzurik, zabor bilketarik edo hondakin uren zerbitzurik. Luxuzko hoteletan dauden turisten ondoan egonik, bertatik bertara islatzen da Cancunen aberatsak aberats eta pobreak pobre mantentzen dituen munduaren antolaketa. Baina Indymedia Cancun-en arabera, ez dute hiria aukeratu horren paradigma izateagatik, bertako jendeeen «kontzientzia sozialaren maila apalagatik» baizik.

Seattlen hasitako mugimenduak bere indarra erakusteko aukera izan du, herrialde boteretsuetako agintariek eginiko beste gailur batzuetan. Baina Cancunekoan, bilkuraren garrantziaz gain, badira beste faktore batzuk protestak eta bilkura alternatiboak garrantzitsuak izango direla pentsatzeko. Alde batetik, Merkataritza Librearen Itunak kaltetutako nekazari asko daude Mexikon eta, bestetik, Chiapasen ondoan dago Cancun.

Hain zuzen ere, oso lotuta dago zapatisten borroka globalizazioaren eta neoliberalismoaren aurkako borrokarekin. Zapatistek bat egin dute gailurraren aurkako protestekin eta Cancunera joateko deitu dute. EZLNko Zebedeo komandanteak adierazi berri duenez, «Cancunera joan nahi genuke, bainu bat hartzera eta zer dagoen ikustera. Ez gara WTOren bileraz ari, gizateriaren aurkako mundu gerra berriaren aitzindari den erakunde horretaz. Aitzitik, planeta osoko jendeek egingo duten bilkuraz ari gara, diruaren mundu baztertzaileari ezetz esateko eta beste mundu bat posible dela esateko izango den bilkuraz».

GAILUR PARALELOAK
Irailaren 1etik 7ra, hedabide eta teknologia alternatiboen inguruko jardunaldiak izango dira. Nekazarien foroa irailaren 8an eta 9an izango da, Via Campesina eta beste elkarte batzuek deituta. Irailaren 10ean nekazarien ibilaldia izango da. Irailaren 12an mobilizazioak izango dira, Cancunen bertan eta mundu osoan, zapatisten esanetan «planetaren jabeak direla uste dutenen aurka». Herrien foroa ere izango da, gailurrak iraungo duen egunetan. Horien guztien gaineko informazioa omcmexico.org helbidean aurki daiteke.

Bestalde, Heinrich Boll fundazioak Boll foroa antolatuko du, GKEn, globalizazioaren aurkakoek eta gobernuetako ordezkariek elkartzeko xedez. Halaber, Gazteen Foroa ere izango da, Emakumeen Nazioarteko Foroa, bidezko merkataritzaren erakustaldia eta mundu mailako parlamentarien foroa. Albisteak Indymedia sarearen bidez jasotzeaz gain, ekitaldi hauen guztien informazioa sareko irrati baten bidez entzun ahal izango da cancunradio.org helbidean.

Foro alternatiboak
omcmexico.org
Hedabide alternatiboak
espora.org/cancun03
cancun.mediosindependientes.org
chiapas.indymedia.org
mexico.indymedia.org
www.cancunradio.org
Boll Foroa
www.cancun2003.org
Via Campesina
www.viacampesina.org

Iruzkina gehitu Abuztuak 24, 2003

Ekintzaile telematikoak

Era guztietako ekintzaileak aspaldi hasi ziren sarea erabiltzen. Salaketa publikorako bidea eta mezua zabaltzeko aukerak eskaintzen ditu Internetek. Salatu nahi den horretaz informazioa lortzeko, ekimenean laguntzeko prest dauden lagunak topatzeko eta ekintzen koordinaziorako ere balio du. Edozein unetan bihur gaitezke ziberekintzaile.

Euskal kostaldea petroleoz zikinduta dagoela, gure enpresa erosi duen multinazionala langileak kaleratzen hasi dela, gobernuak egunkari bat itxi duela, saharauiek 27 urte daramatzatela erbestean eta inork ez duela ezer egiten… Mila adibide jar litezke. Herritar askok sentitu dute inoiz bidegabekeria baten aurrean zerbait egiteko beharra baina inpotentzia nagusitzen da akabuan, zer egin edo nola egin jakin ezik. Internauta askok sarean aurkitu dute haserre hori bideratzeko aukera. Akaso pankarta bat eskuan kalera irtetea beharrezkoa izango da kasu askotan, baina badira gizartean eragiteko bide berri eta eraginkorrak.

Sarean eragiteko ez da ezinbestekoa talde batean antolatuta egotea, baina ekimen kolektiboek indar gehiago izan ohi dute. Esaterako, globalizazioaren aurkako mugimendua, funtsean bakoitza bere etxean dauden ekintzailez osatua dago, telematikoki koordinatzen diren ekintzaileek posta zerrendak erabiltzen dituzte eztabaidatzeko edo chat berriketa bilera birtualak egiteko. Antolakuntza modu horrek sarearen beraren egitura bezalakoa da, ez dago bilgune edo zentru bat, nodo independienteak baizik. Kaleko manifestazioak, hitzaldiak edo liburuen edizioa koordinatzeko erabiltzen dute sarea. Webguneari dagokionez, Indymedia sarea mundu osoan zabalduta dauden tokian-tokiko informaziogunez osatua dago. Internautak berri emale dira komunikabide kolektibo horietan baina ez dira webgunearen diseinuaz edo edizioaz arduratu behar.

Funtsean, ziberaktibismoaren tresna nagusiak webguneak eta posta elektronikoa dira. Webguneak salatu nahi dugunaren gaineko informazio guztia bildu behar du eta ezinbestekoa da, sarean gure kanpainia horren erreferentzia izango delako. Bertan, testuak ezezik, argazkiak edo bideoak jar daitezke gure salaketa frogatzeko. Nahi beste dokumentazio jar dezakegu baina, beti ere, era txukunean aurkeztuta. Webguneak ondo egituratua egon behar du eta hasieran oinarrizko informazioa soilik eman behar dugu. Bertan menua jarriko dugu dokumentazioa, bideoak, argazki galeriak eta testu gehigarriak egongo diren webguneko beste orrialdeetarako loturekin.

NetAction elkarteak bere The virtual activist ikastaroan hainbat aholku ematen ditu. Esaterako, webgune «xaloa eta informatiboa» egitea, nabigazioa zaildu lezaketeen Java edo Flash aurkezpen ikusgarririk gabe. Gurekin kontaktuan jartzeko bideak eskaini behar ditugu, e-postaz edo telefonoz. Beti galdera berak erantzuten ez ibiltzeko, komeni da SEG edo Sarritan Eginiko Galderak (FAQ ingelesez) izeneko orrialdea egitea.

Ahal den guztietan eman behar dugu webgunearen berri, saretik kanpo egiten dugun edozein komunikaziotan edo mezu elektronikoetan webgunearen helbidea jartzea gogorarazten digu NetAction-ek, interesa dutenek bertan aurkituko baitute informazio gehigarri guztia.

Posta elektronikoari dagokionez, neurriz erabili behar dugu tresna hau gure mezua zabaltzeko. «Bidali ahalik eta lagun gehienei» gisako mezuak ez dira oso eraginkorrak. Aitzitik, oso kaltegarriak izan daitezke. Edozein mezu katetan bezala, etengabe berbidaltzearen ondorioz e-posta helbide pertsonalez betetzen dira mezuok eta gure helbidea milaka lagunen ordenagailuetan agertuko da. Horrek bi ondorio negatibo izan ditzake: batetik, haiek birus batek kutsatu ostean birusak bere burua gure helbidera bidaltzea. Bestetik, gure helbideak spammer baten eskuetan jaistea eta, handik gutxira zabor mezu komertzialen izurritea jasaten hastea. Horren ordez, guk bidalitako mezuetan lagunen helbideak Bcc eremuan sartu behar dira, jasotzaileek besteen helbideak ikus ez ditzaten.

Are absurdoagoa da gure aldarrikapena sina dezaten mezu katea sortzea. Ilogikoa da, guk ez baititugu sinadura berriak jasoko eta sinadurak ez baitira denak bata bestearen atzean metatuko. Hobe dugu e-postaz zure webgunearen helbidea ematea eta jendeak sinatzeko formularioa bertan ezartzea. Edozein modutan, mezuak bidaltzea eskatu ez digutenei bidaliz gero spam-tzat har dezakete, nahiz eta zerrendatik kentzeko bidea eman. Internauten haserrea piztu ohi da horrelako mezuak sarri errepikatzen direnean.

Ohiko tresna bi horiez gain, badira beste baliabide batzuk, azken aldion erabiltzen ari direnak. Flash animazioak webgune baten hasierako orrialdean ez dira egokiak, baina irudimentsuak eta ironikoak badira, azkar zabalduko dira saretik. Sonatua izan da aurten Avertefue kanta, marea beltza dela eta espainiar gobernuaren kontra ateratako Asereje-ren bertsio ironikoa. Gerraren kontrako animazioak, Flash jokoak edo Power Point aurkezpenak izugarri hedatu dira e-postaz.

Iruzkina gehitu Abuztuak 17, 2003

Buber sariak abian

Euskal Herriko webgunerik onenak nabarmentzen dituzten Buber sarien laugarren edizioa abian jarri dute. Aurten Internet&Euskadi elkarte sortu berriak hartuko du sariketa hau antolatzearen ardura, orain arte Jose Antonio Del Moral kazetariak zuzentzen duen @Euskadi buletinak antolatzen baizuen.

Sariok zortzi arlotako webgunerik onenak aukeratzen dituzte. Hurrenez hurren webgune instituzionalak, pertsonalak, kirol webguneak, enpresenak, hedabideenak, kulturari buruzkoak, atariak eta sarean euskararen alde gehien egin dutenak.

Edozein euskal webgune aurkeztu daiteke Buber sarietara eta internautok ere inorena proposatu dezakegu dagokion kategorian sailkatzeko. Ondoren, kategoria bakoitzean beste internauten bozkarik gehien jasotzen dituzten hamar webguneak igaroko dira bigarren fasera. Oraintxe zabalik dago hainbat arlotako webguneak proposatzeko aukera.

Azarotik aurrera izango den bigarren fasean, arlo bakoitzeko hamar horien arteko bi aukeratuko ditu euskal internauta ezagun batzuek osatutako epaimahaiak. Arlo bakoitzeko finalista bi horien artean berriro internautek bozken bidez aukeratuko dute irabazlea. Horien artean ere internautek urteko euskal webgunerik onena aukeratuko dute. Bozkatzeko hainbat faktore kontutan hartzeko eskatzen dute antolatzaileek: egindako ahalegina, diseinuaren kalitatea, egituraketa, negozio edo zerbitzu publikoaren ikuspegia eta edukien aberastasuna.

Buber sariek Blas Pedro Uberuaga internautari zor diote izena. AEBetara joandako euskaldunen semea dugu Buber eta bera izan zen, 1994an, Euskal Herriari buruzko lehenengo erreferentzia garrantzitsua sortu zuena. Unibertsitatean zegoela webgune pertsonal moduan osatzen hasi zen euskal kulturaren, hizkuntzaren, sukaldaritzaren eta beste hainbat arloren gaineko informazioak ingelesez zituen informaziogunea, gure herriaren bila zebiltzan atzerritar askorentzat lehenengo kontaktua izan zena. Geroztik Euskal Herriari buruzko beste webgune batzuk sortu izan dira baina Buber-ena aitzindaria izan zen eta oraindik garrantzi handia izaten jarraitzen du.

Buber sariak
buber.interneteuskadi.org
Buber
www.buber.net

——————

Proxy-a gaindituz

Kablea eta ADSLa hain hedatuta daude eta hainbeste jendek erabiltzen du Internet nabigatzeko ezen trafikoa izugarri emendatu da azken aldi honetan. Sarbidea ematen duten telefono konpainiek aurkitu dute beraien eta Interneten artean dagoen banda zabalera hobeto baliatzeko modua aurkitu dute proxy-a instalatuz. Funtsean, proxy-ak internautok sarrien konektatzen garen orrialdeak hartu eta gordetzen ditu bere disko gogorrean, cache-an. Gero, beste internauta batek orrialde hori eskatuz gero, proxy-ak, webgunerako konexioa egin beharrean, berak gordeta daukana erakutsiko digu. Horregatik, batzuetan ez gara webgune horren azken bertsioa ikusten ari, hala uste badugu ere, Telefonicak edo erabiltzen dugun hornitzaileak bere ordenagailuan gordeta duena baizik.

Internauta askoren protesta eragin du kontu honek eta, proxy-a kenduko dutenik ez dirudienez, hura gainditzeko programa sortu du Espainiako Internauten Elkarteak (AI). Euren webgunetik jaitsi daiteke doan Pasakche 1.0 deritzon programa. Honek, ikusi nahi dugun webgunearen azken bertsioa eskatzera behartzen du gure hornitzailea.

www.internautas.org

LABURRAK

Flash barregarriak

Webguneetara interaktibitatea, soinuak, mugimenduzko irudiak eta beste hainbat ezaugarri ekarri ditu Flash programak. Artistek asko maite dute Flashen sortzea eta badira ia Flash hutsean egindako webgune asko. Gurean Katalunian bezain garatuta ez dagoen arren, badira horretara bideratu diren artista batzuk, Pernan Goñi eta ti-tako beste lankideak kasu. Euren webgunean, Flash-arekin egin daitekeenaren erakusgarri, lan bitxiak jarri dituzte inoren eskura. Aipatzekoak dira Paz-man, Garzon epailea eta ezker abertzaleko buruzagiak protagonista dituen Pac-man haren bertsioa, edo Tranvia chirene jokoa. Hemen Bilboko kaleak zeharkatu behar dira Azkuna alkatea gidari duen tranbia berriak harrapatu barik. Gorbea izeneko sorkuntza film laburra edo Mister Tus kaktusaren abenturak ikusteko ere merezi du bisitak.

www.ti-ta.net
www.animatu.com

Weblog gehiago

Palenqueko lagunak webgunea Los Rios-en (Ekuador) dauden euskal eliztarren lagunek egiten dute bertako eta hemengo informazioak weblog batean bilduz. Euskaraz eta gaztelaniaz egiten dute, bitakorak doan egitea ahalbidetzen duen webzinemaker.com zerbitzari frantziarraren bidez. Bestalde, beste euskal kazetari batek bitakora zabaldu du ziberespazioan, Luis Alfonso Gamezek Sinapsis-en zientziari buruzko idatziak biltzen ditu Blogspot zerbitzuaren bidez. Aurretik Javier Armentiak berea zabaldu zuen Blogalia erabiliz.

www.palenque.tk
sinapsis.blogspot.com
javarm.blogalia.com

Iruzkina gehitu Abuztuak 10, 2003

Arkeologia sarean

Usenet-eko berri taldeen artxiboa ia osorik dago Interneten, 1981tik argitaratutako mezuak berreskuratu baititu Googlek. Horrek arkeologia bitxia egiteko aukera damaigu, gai jakin baten gaineko lehenengo mezuen bila.

Askok Usenet edo berri taldeak zer diren ere ez dute jakingo, web nabigazioa jaun eta jabe baita egun sarean. Lehenengo nabigatzaileak agertu baino dexente lehenago berri taldeak bizi-bizirik zeuden. Gai baten inguruan sortzen diren berri taldeetara internautek mezuak bidaltzen dituzte eta eztabadak sortzen dira, beste internauten erantzunek gai baten haria osatzen baitute. Mezuok irakutzea eta sailkatzea ahalbidetzen duen programa baten bidez ikuskatzen dira, baina normalean zerbitzarietan azken egunotako mezuak baizik ez dira ageri. Outlook Express, Mozilla edo Netscape Communicator programak erabil daitezke horretarako.

Usenet izan da mundu osoko berri taldeak bere baitan izan dituen zerbitzua. Dejanews zerbitzua 1995ean sortu zen, Useneteko eztabaidak web nabigatzaile baten bidez ikuskatzeko. Esku hartzeko eta artxiboetan bilaketak egiteko aukera ematen zuen gerora deja.com izena hartu zuen zerbitzuak.

Googlek 2001eko otsailean erosi zuen Deja.com eta, berarekin, 1995etik ordura arteko Useneten artxibo osoa, mezu guztiekin. Bere azpiatal moduan integratu zuen Googlek artxibo hori groups.google.com helbidean, bilaketak egiteko aukera mantenduz. Baina, internauten zorionerako, hamar hilabete geroago bere artxiboa emendatu zuen Googlek, 1981tik 1995era argitaratutako mezu gehienak gehituta. Zinta zahar batzuetatik berreskuratu zituen mezu gehienak, orotara 700 milioi mezuko gordailua osatuz.

Agiritegi horretan arkeologia bitxia egin dezakegu mezu zaharren bila. Bitxikeri moduan sarearen historian gertakizun edo iragarpen garrantzitsu batzuren inguruan agertutako lehenengo mezuen aukera erakusten digute Googlekoek. Esaterako, 1993ko martxoan, sarearen kretaziko aroan Mosaic lehenengo web nabigatzaileari buruzko aipamena egin zuen Marc Andreessen-ek.
Yahoo eta Lycos aipatzen dituzten lehendabiziko mezuak 1994ko abendukoak dira eta, hilabete bi geroago aipatu zen estrainekoz taliban hitza. Bitxia dirudi baina ez da hainbeste denbora pasatu jada zahartzat ematen ditugun hainbat gauza agertu zirenetik.

Denboran atzerago joanez, 1991ra hel gaitezke, Tim Berners-Lee ikerlariak World Wide Web edo web nabigazioa izango zenaren proiekua aurkeztu baizuen urte hartako abuztuan. Sareko jurasiko arotzat har dezakegun hartan Gopher protokoloa eta Linux aurkeztu ziren Useneteko eztabaidagune horietan. Konturatuko gara, halaber, sarean iruzurleak oso zaharrak direla, lehenengo Make money fast mezua 1989koa baita.

Besteak beste, Amiga, Macintosh, IHESA, Bill Clinton edo Windows aipatzen duten lehenengo mezuak aurkituko ditugu 80ko urteetan. Baina sarearen kanbriar arora ere hel gaitezke, fax makinen lehenengo aipamena ikusteko. Halaber, Microsoft, MS-DOS edo IBM PCak 1981an izan ziren estrainekoz aipatuak.

Guk ere guretzat garrantzitsuak diren data edo gertakizunen inguruko lehenengo mezuak bila ditzakegu, baita ego surf pixkat egin ere, alegia, nork bere burua bilatzea. Baina zein izan zen, adibidez, euskaraz Usenetera bidalitako lehenengo mezua? Nik aurkitu ahal izan dudan mezurik zaharrena 1991ko uztailekoa da, beraz, badirudi gure hizkuntza ez dela hain zaharra sarean. Argitu behar dut indusketa birtual honetarako erabili dudan metodoa guztiz azientifikoa dela, eta, du eta dira hitzak konbinatuz ibili bainaiz emaitzak dataren arabera bilatzen. Inork datu zehatza jakinez gero, esatea dauka.

www.google.com/googlegroups/archive_announce_20.html

Europako online kazetaritza sariak 2003

Uztailaren 3an banatu zituzten Bartzelonan Europako online kazetaritza sariak. Bostgarren urtez egin duten NetMedia sariketa honetan kazetaritza zerbitzu globalik onenari saria Bartzelonako LaMalla.net katalanezko atariak eraman du.

Europako eta Kataluniako hainbat unibertsitate eta kazetari elkarterekin elkarlanean antolatu dute aurtengo edizioa. Sari gehien eraman dituzten kazetariak, orohar, BBC News Online-koak izan dira berriro ere, 21 sariotatik zortzi eramanda.

Gerra, bakea, diruzalekeria eta enpresarien ustelkeria izan dira aurtengo sarietarako hautagai gehienen gaiak. Saririk preziatuena “Interneteko aurtengo kazetaria” izenekoa Vincent Landon-entzat izan da. Swiss Radio International-eko zientzia kazetariak “Malariaren negozioa” erreportaia egin du, herrialde azpigaratuetako umeengan gaitz honek duen eraginaren gaineko ikerketa lana.

www.net-media.co.uk/awards
www.lamalla.net

Iruzkina gehitu Abuztuak 3, 2003


sarean.com

Calendar

Abuztua 2003
A A A O O L I
« Uzt   Ira »
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak