Uztaila, 2003 hilabeteko artxiboa
Netscaperen nabigatzailearen bertsio berriak egiteari utziko diola iragarri du AOL egungo jabeak. Erabaki horrek Microsoft ia bakarrik utzi du nabigatzaileen lehian, baina bada alternatibarik: doan, euskaraz eta eraginkorra den Mozilla.
Internauta batzuek gogoratuko dute Netscape Navigator nabigatzaile nagusi zen garaia. Geroztik Internet Explorer agertu zen eta, azken urteotan, nagusituz joan da Microsoftek eginiko nabigatzailea, Windows sistemarekin batera etortzeak eman dion abantailari esker.
Lehenengo web nabigatzailea izandako Mosaic-en ondorengoa izan zen Netscaperen Navigator. Agertu zenean sekulako aurrerapena izan zen, testuei irudiak gehitu baizizkien. Egun ezagutzen dugun web nabigazioaren oinarria diren taulak eta beste elementu batzuk estrainekoz agertu ziren Navigator-i esker.
Baina Microsoftek Explorer atera zuen Netscaperi aurrea hartzeko asmoz. Arlo guztietan egin duen moduan (e-posta, streaming-a, berriketa…) bere programa atera behar zuen Bill Gatesen enpresak, jada bere Windows sistema eragilea erabiltzen zuen gehiengoak nabigatzeko ere Microsoft produktua erabil zezan.
Hasieran kaxkarragoa zen nabigatzaileak laster hartu zion aurrea Netscaperi. Monopolio salaketak ekiditeko, Microsoftek Netscaperena ere sartu zuen Windows sortan, baina bigarren maila batean. Baina, batez ere, HTML estandarretatik kanpo zeuden baliabideak sartuta lortu zuen Microsoftek nagusitasuna. Hasieran, diseinatzaileak webguneen bertsio bikoitzak egitera behartu zituen: bat HTML estandarrerako, bestea Explorer-erako bakarrik balio zuena. Baina azken aldi honetan hain nagusi da Explorer nabigatzaileen arloan ezen egungo webgune asko ikuskatzeko derrigorrezkoa da Windowserako Explorer erabiltzea.
Geroago, Netscapek Communicator argitaratu zuen, nabigatzaileaz gain posta elektronikoa kudeatzeko programa, berri taldeak irakurtzekoa eta web orrialdeak editatzekoa zituen sorta laukoitza. Baina atzean geldituz joan da denborarekin.
Explorer-ekiko lehiak estututa, sekulako mugimendu estrategikoa egin zuen Netscapek 1998ko apirilean, Navigator-en oinarria den Mozilla kodea publiko eta libre eginez. Kodigoa askatze horren ondorioz Mozillak bere bideari ekin zion software librearen eremuan. Orduz gero, Mozilla dexente garatu da hainbat lagunen ekarpenari esker. Netscapek, aldiz, apenas izan du garapenik laugarren bertsiotik aurrera. AOL hornitzaileak Netscape erosi zuen 1999an eta geroago Time Warner enpresarekin bat egin ostean nabigatzailea baztertuz joan da. Aurrerantzean talde horretako komunikabide guztiak bilduko dituen ataria bihurtu nahi dute netscape.com webgunea.
Internauta gehienen aburuz, Netscaperen kodea gehiago garatu edo lehenago askatu izan balute, ez zituen hainbeste erabiltzaile galduko eta egun ez litzateke hilda egongo. Estandarrak errespetatzen ez dituen Explorer bere praktika monopolistikoekin baino, World Wide Web Consortium-ek ezarritako kodeak beteko dituzten nabigatzaileak nahiago dituzten internautak ez dira ados jartzen Netscaperen desagerpena ona edo txarra izango den. Batzuek diote Explorer bakarrik uztea txarra izango dela, Mozilla, Opera, Appleren Safari eta Omniweb nabigatzaileak indarrik gabe geratuko direla eta web diseinatzaileek orain baino gutxiago errespetatuko dituztela HTML estandarrak.
Beste batzuen iritziz, ona da Netscaperen desagertzea eta Mozillari bidea ematea, honek bere aldeko hainbat faktore baititu: alde batetik, nabigatzaile ona da, jaso dituen azken sariek berretsi dutenez –PC World eta Linux Journal aldizkariek 2003ko nabigatzailerik onenari saria eman diote Mozillari–. Aldiz, Explorer-ek eta haren posta kudeatzaile Outlook Express-ek segurtasun eskasa dute, haien bidez etengabe sartzen eta hedatzen diren birusek behin eta berriro frogatzen dutenez. Netscaperen errautsetatik Mozilla Fundazioa sortu da, AOLk eta beste enpresa batzuek babestua. Netscaperen markak, domeinuak eta teknologia berak hartuko ditu fundazioak, baita enpresako hainbat langile ohi ere, Mozillaren garapena koordinatzeko.
Gogoratu behar dugu Mozilla, nabigatzaile ona izateaz gain euskaraz ere badagoela, birusen aurkako babes sendoak dituela, bere baitan posta programa, IRC berriketa programa eta webguneen ediziorako programa ere badituela eta saretik doan eskura daitekeela… Zer gehiago behar dugu probatzen ausartzeko? Windows, Linux zein Mac OS plataformetarako eskura daiteke 1.4 bertsioa mozilla.org helbidean. Euskaratzeko eta gure hizkuntzan informazio gehiago aurkitzeko librezale.org helbidera jo dezakegu.
www.netscape.com
www.w3.org
www.mozilla.org
www.librezale.org
www.mozillazine.org
Uztailak 27, 2003
Gazte bidaiarientzako gidak egiten dituen Lonely Planet australiar argitaletxe famatuak Euskal Herriari buruzko gida atera berri du. “AQUITAINE - Pays basque” izenburu bitxiarekin badator ere, Akitania baino Euskal Herria hartzen du, iparraldea zein hegoaldea. Gure herria osorik hartze horrek buruhausteak ekarri omen dizkio argitaletxeari, @Euskadi buletinak dioenez.
Aspaldi Guide du Routard famatuak atera zuen Pays basque-ri buruzko gidaliburua, Euskal Herri osoa hartzen zuena. Aurten edizio berria egin dute.
Uztailak 21, 2003
Industriaren aburuz musika eta film gehiegi trukatzen dute internautek debalde. Azken aldi honetan epaitegietara jo dute maiz eta truke librerako aukera ematen zuten zenbait zerbitzu ixtea lortu dute. Aurrerantzean erabiltzaileak ere salatuko dituztela iragarri dute.
Arazoaren muina P2P zerbitzuak dira, erabiltzaile baten ordenagailutik beste batenera konexioa eginez edozein motatako artxiboak zuzenean garraiatzea ahalbidetzen dutenak. Gainera jende askoren konexioen abiadurak hobetu dira azken urteotan kablearen eta ADSLaren hedapenari esker. Horrek errazten du artxibo handien trukea eta kalte gehiago egiten dio industriari. Esaterako, eMule erabiliz eta ADSL konexio arrunt bat edukita, 600 Megabyteko pare bat film osorik jaitsi ditzakegu egunero. Ondoren, filmak CDetan grabatu eta nahi dugunean ikus ditzakegu. Musikari dagokionez, disko bat osorik jaisteko askoz denbora gutxiago behar dugu.
AEBetan diskogintzaren enpresa nagusiak ordezkatzen duen Recording Industry Association of America (RIAA) elkartearen eskutik etorri dira salaketak. Berak salatu zuen Napster eta truke librea gelditzea lortu zuen 2001an, jada milaka erabiltzaile zituenean. Iaz Audiogalaxy-rekin gauza bera lortu zuen, honek, kontrako epai baten mehatxupean RIAArekin adostu baizuen copyright-ak babestutako kanta guztiak bere eskaintzatik kentzea.
Erabiltzaile kopuru handia, handiegia edo eurentzat arriskutsuegia zeukaten zerbitzuen kontra jo dute RIAAkoek, baina bazuten beste ezaugarri bat menderagarri bihurtzen zituztena: zerbitzu zentralizatu batek kudeatzen zuen sistema osoa, trukea erabiltzaileen artekoa izan arren bilaketak eta beste ezaugarri batzuk zerbitzariak kudeatzen zituen. Nahikoa zen zerbitzari hori ixtea truke sistema osoa indargabetzeko.
Baina badira beste P2P sistema deszentralizatuak ere. Gnutella sarearen bidez artxiboak bilatzea, hartzea eta eskaintzea ahalbidetzen duen Limewire, musikarako sekulako indarra hartu duen Kazaa, bideoak, argazkiak eta multimediarako aproposa den eDonkey eta filmetarako aproposena den eMule ere zentsuragaitzak dira eta horiek badira benetan kezkagarriak RIAArentzat. Epaitegien bidez ez diete erasotu baina izan dira sabotaje saiakera batzuk eta birusez kutsatutako artxiboak zabaldu izan dira sare horien bidez. Askok industriari leporatu diote eraso horien atzean egotea.
Aurten ekimen berriak jarri ditu abian RIAAk. Maiatzean Morpheus zerbitzua salatu zuen, lehenago Napster eta Audiogalaxyrekin egin zuen moduan. Baina orain harago joateko asmoa erakutsi dute, erabiltzaileak ere salatuz. AEBetako Michigan-eko Teknologia Unibertsitateko ikasle batek 15.000 dolar ordaindu beharko ditu, RIAAk salatua izan eta gero. AEBetako beste hiru ikaslek ere antzeko kalte-ordainei aurre egin beharko diete aurki.
Uda honetan ehunka salaketa jarriko dituztela iragarri dute. «Erabilera handia» egiten dutenak salatuko dituela esan arren, RIAAk ez du zehaztu horrek zer esan nahi duen. Adituen arabera zehaztugabetasun hori erabiltzaile guztiak izutzeko taktika da, baina litekeena da abiadura handiko konexioekin milaka artxibo eskaintzen dituztenak salatzea. AEBetako DMCA legearen arabera Internet hornitzaileek artxiboak baimenik gabe hedatzen ari diren bezero horien datuak eman behar dizkiete artxiboon jabe diren enpresei, haiek salaketa jar dezaten. Aste honetan bertan artxibo bakar bat P2P sareetara igotzeagatik bost urteko gartzela zigorra eta isunak aurreikusten dituen lege proiektua aurkeztu dute AEBetan.
Espainian ere, P2P erabiltzaileen aurkako ekimenak iragarri dituzte aste honetan. Oraingoan 32 Software enpresa izan dira salatzaileak, euren programak doan trukatzen dituzten erabiltzaile «nagusien» aurka ekitea erabaki dutenak. Ez dago jakiterik noiz arte iraungo duten P2P sareek, baina batetik segurtasunaren izenean eta enpresen ekimenez bestetik, azken boladan pribatutasuna gero eta urratuagoa dago sarean. Eremu libre eta izengabe bezala abiatu zen Internetek gero eta gutxiago du ezaugarri biotatik.
LABURRAK
Pititako informatzen
Santurtziko Pititako irrati librea aspaldi honetan lan txukuna ari da egiten Interneten. Sarearen bidez aspalditik entzun daiteke Pititako, baina aipagarriena ez da hori, e-postaren bidez egunero hedatzen duten berripaper elektronikoa baizik. Egunero oso aukera interesgarria egiten dute albisteak eta deialdiak bilduz. Pititako informatzen egunero jaso eta inprimatzen dute ezkerraldeko hainbat gaztetxe eta tabernetan. Berripaperaren harpidetza egiteko pititako@pititako.net helbidean eskatzea nahikoa izango da.
Pititako Irratia
www.pititako.net
Euskal Encounter
Bilboko erakustazokan izango da datorren astean Euskal Encounter topaketa, orain arte Euskal Party izena zuena. Hilaren 24tik 27ra lehiaketak, hitzaldiak, jokoak eta bestelako ekitaldiak izango dituzte informatikaren eta programazioaren zale amorratuek. Batez ere joko egileak Linuxzaleak eta Amigazaleak ibiliko dira, bakoitzak bere ordenagailua etxetik ekarrita, euren programak elkarri erakusten. Euskal Herritik eta atzerritik etorritako 2.000 lagun inguru espero dituzte antolatzaileek.
Euskal Encounter
www.euskal.org
Uztailak 20, 2003
Kamera digitalei esker weblog edo bitakora asko photolog bihurtu dira eta hauetako batzuk phoneblog bilakatu, telefono mugikorren bat-batekotasuna gehituta.
Sanferminetako entzierroa, goizeko 8:02etan. Estafeta kalean zezen batek John Smith amerikar turista koitadua zapaldu du. Balkoi batetik argazkia egin dio Yung Lee lagunak bere telefono eramangarriarekin eta, segituan, online dagoen argazki galeria batera igoarazi du argazkia. Zezen guztiak plaza barruan egon baino lehen, AEBetan dagoen Johnen amak bere semearen irudia ikusi du etxeko ordenagailuaren pantailan.
Egoera hori ez da, jada, ametsa edo zientzia-fikzioa, errealitatea da eta gero eta gehiago dira sarean dauden denbora errealeko irudien galeriak. Duela urte batzuk Japonian hasitako joera da phonecam edo kamaradun telefono mugikorrak sareari lotzea eta argazkiak bat-batean online jartzearena. Baina gure artera heldu berria den arren, fenomeno teknologiko eta sozial bati buruz hitz egin daiteke, datozen hilabeteotan izugarri garatuko dena.
Argazkiak erakusten bereiztutako bitakorak modan daude, edizio automatizatuaren garapenari eta kamara digitalen hedapenari esker. Aukera hori emendatu dute izugarri hedatzen ari diren kamara-telefono eramangarriak. Alde batetik, aparailuak gero eta errazago konektatzen dira elkarren artean. Bestetik, telefono mugikorrak gainean eramaten ditugu milaka lagunok ia uneoro. Aparailu berri hauek argazkiak hartu eta sareratzeko duten gaitasuna gehituz gero, edozein gertaera harrapatuko duten bat-bateko milaka erreportari independiente ditugu. Hau photolog-ek argazkiak sarean eskegitzeko ematen diguten aukerarekin konbinatuz gero, kazetaritza pertsonala eta freskoa egiteko aukera ematen digu aparailuen eta teknologia ezberdinen arteko konbinaketa honek, lehen aipatu dugun adibidean bezala, gaia norberaren familiaren edo lagunen interesekoa delako.
Baina informazio orokorra lantzeko ere balio du, askotan albisteak eta argazkiak komunikabide handiak baino arinago hedatzen dute. Herritarrak bertatik bertara berri emale izan dira, esaterako, gerraren aurkako hainbat manifestazioren unean-uneko argazkiak Indymedian ikusi ahal izan genituen martxoan.
Beste erabilera batzuk izan ditzake phonecam-en eta sarearen arteko konbinaketak, voyeurismotik lapurretaraino, horregatik leku batzuetan debekatuta daude horrelako telefonoak, zenbait museo, kontzertu edota dendetako probalekuetan kasu. Intimitatea urratuko diguten arriskua ere badago, ez baitakigu edozein unetan egingo diguten argazkia edo sarera igoko duten, horrelako argazkiak biltzen dituzten cam7.com phonebin.com edo uboot.com bezalako atarietara. Hondartzan gauden bitartean agian atera berri diguten argazkiari puntuak ematen egon daitezke internautak.
Fenomeno hau hasi baizik ez da egin, gero eta gehiago izango dira argazkilariak, argazkiak eta voyeur-ak. Gero eta neurri handiagoko argazkiak eta filmak bidali ahal izango dira eta gero eta nahasiagoak izango dira publikoa eta pribatua, komunikabideak eta webgune pertsonalak ezberdintzen dituzten mugak.
LABURRAK
Eguraldia euskaraz
Gurean izango dugun eguraldiaren iragarpena euskaraz ikus dezakegu sarean, iragan asteaz gero. Euskal Herriko Klimatologia eta Meteorologia Elkarteak (EHKME) abian jarri duen webgunean gaur izango dugun eguraldiaren mapa ageriko zaigu eta datozen egunotan izango den eguraldia ere jakin dezakegu. Euskaraz gain, Euskal Herria soilik eta berau osorik hartzen du EHKMEren webguneak. Bestelako mapa eta informazio dexente ere badago: isobara mapak, itsasaldiak portu ezberdinetan noiz izango diren, uraren maila eta tenperaturak… Webgune honetarako informazioak biltzen, besteak beste, Pello Zabala eta Jon Albisu elkartekideak ibiltzen dira. Eguraldiaren iragarpena beste leku baterako nahi izanez gero, Meteoconsult frantziarra aukera ona da, baina ez dator euskaraz.
www.ehkme.com
www.meteoconsult.fr
Eskolak Saharan
SAEDeko hezkuntza sistema nahiko aurreratua da, errefuxiatuek kanpamenduetan duten baliabide falta gora behera. Hala ere, laguntza behar dute eskolak eraikitzeko eta materiala lortzeko. Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak "ikasle bat, adreilu bat" proiektua du, Dakhla kanpamenduan ikastetxea eraikitzeko. Webgunea zabaldu dute kanpainiaren berri emateko eta saharauien egoeraren berri emateko.
www.ehige-sahara.org
Uztailak 13, 2003
Sareko nabigazioaren erdigunea bilakatu da bilatzaile xaloa baino ez zena. Bilaketa azkarrak, eraginkorrak eginez, azken finean trafikoa kontrolatzen du eta webgune batek bisitariak izango dituen ala ez erabakitzen du.
Google 1998an sareratu zen, zalapartarik gabe, baina emeki-emeki erabiltzaileak erakartzen eta liluratzen joan da. Apaingarririk gabeko bilaketa tresna hutsa izaki, askok galdetzen zuten nola egingo ote zien aurre orduan modan zeuden atari handiei. Baina xalotasun hori izan da, hain zuzen ere, bere arrakastaren gakoetako bat. Izan ere, bi segundutan kargatzen da Googleren hasiera orrialdea. Aitzitik, atari handietako lehen orrialdea kargatu eta pantailan osatu arte itxaron behar genuen Yahoon edo Altavistan bilaketa egiteko. Orrialde gero eta astunagoak ziren zerbitzuz hornitutako bilatzaileenak eta internautok orrialdeak azkar kargatzea estimatzen dugu.
Bigarren ezaugarria emaitzak azkar eta zehaztasunez ematea du Googlek. Denbora galdu barik bila gabiltzana aurkitzea nahi dugu eta askotan bila gabiltzan kontzeptua ulertzen duela dirudi. Emaitzak sailkatzeko duen sistema adimentsu hori da Google onena egiten duena. Horregatik, harrotasuna izkutatu gabe, baietz lehenengoan aukera erakusten du, hartuz gero Googlek bila gabiltzala uste duen orrialdera zuzenean eramango gaituena.
Lerro hauek idaztean 3.083 milioi web orrialde zituen sailkatuta Googlek. Erabilera jostagarriak izan daitezke, nork bere burua bilatzea kasu, emaitza bitxi eta barregarriekin. Beste erabilera batzuk ere eman diezazkiokegu Googleri, hizkuntza arlokoak. Esaterako, diezaizkiokegu hitza bilatzea emaitza bakarra aurkitzeko. Hiztegira jo barik hitz edo esaldi baten egitura ondo dagoen ikus dezakegu Googleren bidez, zalantzarik egonez gero, “esaldi hori” berdin eta komatxoen artean idatzita. Emaitzarik egon ezik baliteke gaizki egotea.
Baina bitxikerietatik harago, garrantzi politiko ikaragarria har dezake milioika lagunen bilaketetan orrialde bat edo bestea lehenengoa agertzeak, haiek bila dabiltzana Donald Rumsfeld edo digital camera denean interes politikoak eta ekonomikoak sartzen dira tartean. Ondorioz, noski, webmaster eta enpresa guztiek nahi izango dute emaitzetan gorago agertzea, bisiten zati ederra Googleko bilaketetatik baitatorkie. Horrek begi asko jarri ditu Googleren barne funtzionamenduari begira.
Coca-Colaren osagarri sekretua bezain ezezaguna da emaitzak sailkatzeko Googlek darabilen mekanismoa. Haren bihotzean PageRank sistema dago, Larry Page eta Sergey Brin sortzaileek garatutakoa. PageRank-en funtsa hauxe da: Googlek A orrialdean B orrialderako lotura egotea boto baten moduan hartzen du, orrialde batek zenbat eta boto gehiago jaso, orduan eta aukera gehiago izango ditu emaitzetan gorago agertzeko. Hala ere, Googlek ez du soilik hori hartzen kontutan. Botoa ematen duen orrialdeak bere sailkapenean duen garrantzia ere begiratzen du eta, horrela, gure orrialdea garrantzitsua izango da bertarako lotura orrialde garrantzitsuetan agertzen den neurrian.
Baina webmaster askoren zoritxarrerako, PageRank, garrantzitsuena izanik ere, Googlek webguneen sailkapena egiteko erabiltzen dituen 100 algoritmo baino gehiagoren artean bat baizik ez da. Horregatik, bada bilatzaileari susmati begiratzen dionik. Esaterako, PageRank-en oinarrituta emaitzetan leku ona lortzea eskaintzen zuen Search King negozioa. Sailkapenean ondo kokatutako orrialdean bezeroen webgunerako lotura jartzean oinarritzen zuen bere eskaintza bertako arduradun Robert Massa-k, harik eta Googlek, tranpaz ohartuta, haren orrialdearen garrantzia jaitsi zuen arte. Googleko eledun Nathan Tyler-en esanetan, antzeko erantzuna jasoko dute beste batzuek «gehiago manipulatzen ahaleginduz gero».
Azken urteotan zerbitzu gehiago sartu ditu Googlek bere webgunean. Duela bi urte deja.com zerbitzua erosi zuen, Usenet-eko berri taldeetan webgunearen bidez mezuak irakurtzea eta jartzea ahalbidetzen zuen zerbitzua. Geroago, irudiak bilatzeko sistema berezia gehitu du, bestea bezain eraginkorra, eta merkatal produktuak topatzeko aurkibidea zabaldu du, katalogoak, gaikako bilaketak… Albisteak topatzeko zerbitzua ere zabaldu du, mundu osoko 4.500 komunikabidetatik albisteak bilduz eta sailkatuz.
Hainbeste bisitarirekin ez da banner bakar bat ere ageri Googlen eta internautek gogotik eskertzen dute hori. Horien ordez, testu bidezko adwords iragarkien sistema du Googlek. Bilaketa baten emaitzen ondoan, baina bereiztuta, bilaketaren terminoekin harremana duten iragarkiak ikus ditzakegu. Bannerrak baino eraginkorragoa da sistema hori eta oso errentagarria dirudi, 100.000 iragarle baititu egun.
Aurten, weblog-ak egiteko milaka lagunek erabitzen duten Blogger sistema erosi du eta horrek beste sistemen bidez eginiko bitakorak emaitzetatik baztertuko dituen beldurra eragin du. Momentuz, hala ere, oso gutxi dira Googlerekin kritikoak eta ez da manipulazioen froga sendorik aurkeztu.
Uztailak 6, 2003