Panda antibirusa? Ez, eskerrik asko
2007ko Urriak 10 iritziak, nire i-bilerak
Edo zergatik ordaindu programa txar bategatik (doako) aukera hobeak egonda?
Ordenagailu berria erostean asko erreparatzen diogu abiadurari: zenbat Megahertz, RAM, bira minutuko… Alde handia dago prezioan plaka xumea jarrita AMD Sempron (edo Intel Celeron) xumea dakarren makinaren eta azken prozesagailua dakarren pepinoaren artean (ez ordea hainbeste erabiltzaile gehienok egingo dugun erabilera emanda). Gauza bera plakarekin eta txartel grafikoarekin, ezta? PC City edo MediaMarkt-eko saltzaile maltzurrak abiadurari buruzko datuak ematen dizkigu eta, honetaz gehiegi ez dakigunez, dendatik 1.200 euro gastatuta aterako gara, Pixar estudioetan erabiltzeko moduko makina daukagula.
Saltzailearen abilidadeaz gain, hemen sarritan oharkabean pasatzen den faktore erabakigarria dago jokoan: erosten dugun makina erosten dugula, gerora ezarriko diogun antibirus softwareak erabakiko du noraino mugatu eta motelduko dugun makina horren ahalmena. Sistema eragileak ere baldintzatzen du (esaterako Windows Vistak makinaren memoria eta lan ahalmena XPk baino askoz gehiago jaten du), baina oraingoan antibirusari erreparatuko diogu.
Aukerarik txarrena irudikatzen jarrita, horrelako misil bati Panda Software ezartzea Ferrari bat erosi eta Seat 600 baten gurpilak ipintzea bezalakoa da nire iritziz. Hainbat antibirus probatuta nago eta hori da egiaztatu ahal izan dudana. Virus.gr webguneak egindako sailkapenean Panda 25. lekuan ageri zen, beste batzuk (tartean doako antibirusen bat) askoz hobeto ageri ziren bitartean.
Orduan zergatik erosten du Panda jendeak? Ezjakintasunagatik eta hemengoa delako, punto. Hemengoa izate horrekin nazkatu xamar nago, Euskaltelek bezala hemengo enpresa horiek eskatu bai, atxekimendua eskatzen digute, bandera (ez dakigu zein) harrotzen digute, baina abantailak ez dira inondik ere ikusten… Azkenean gure dual core indartsua kafetera bihurtzen da Panda atzealdean lanean ari delako, arazoak sortzen dira sareetara konektatzeko, hainbat programa erabiltzeko… Ez aipatzeagatik uneoro ageriko zaizkigun ohar intrusibo bezain alferrekoak.
…Eta gainera ederki kobratu egiten digute, bai, hemengoontzat abantaila handirik ez, beraz. Alternatibak badaude ere, ezagunenetako batzuk Panda bezain txarrak dira gutxienez: McAfee, Norton… Fuera! Azterketa gehienetan Kaspersky goian ageri da eta bere erabiltzaileak orokorrean oso pozik daude berarekin. Ez da asko nabaritzen, detekzio mailarik onenak ditu… Dudarik gabe dendetan daudenen artean onena da Kaspersky eta ordainduzkoen artean bera eta Nod32 omen dira onenak.
Doako aukerak hobeto
Baina doako alternatibak ere badaude. Esaterako, gezurra badirudi ere, oraintsu arte AOLk Kasperskyren doako bertsio bat banatzen zuen Active Virus Shield goiburupean. Hori da nik instalatuta daukadana eta, benetan, telebistako konpresa eta tanpoi miragarri horiek bezalakoa da: ez zara instalatuta daukazula konturatzen. Alabaina, Kasperskyrekiko tratua abuztuan hautsi eta McAfee bihurtu da orain AOLk ematen duena. Nahi duenak hor dauka McAfee ordaindu barik eskuratzea, firewall eta guzti.
Baina nik erregalatuta ere ez nuke McAfee erabiliko, beste alternatiba batzuk ere badirelako. Batzuek Antivir darabilte eta AVG beste hainbatek eta, orohar, iritzi onak irakurri ditut hauen gainean, doakoak direla kontutan hartuta. Hala ere, doako antibirusen artean nire aukera une honetan Avast! antibirusa da. Gaztelaniaz edo frantsesez instalatu dezakegu eta ez du makina gehiegi moteltzen. Aurrekoek bezala, eskatzen diguten bakarra e-posta helbide bat da (erregistroko gakoa bidaltzeko) eta, erabilera ez komertziala egingo dugula ziurtatzen badiegu, urtebeteko doako harpidetza izango dugu, eguneraketak-eta arazorik gabe eskuratuz.
Beraz, doako beste zenbait antibirus ere badiren arren (BitDefender ez zitzaidan batere gustatu), nik azken hiru aukera hauek hartuko nituzke kontutan (hirurak probatu ditut, baita aurretik aipatu ditudan guztiak ere). Hala ere, besteen esperientziak ere kontutan hartzekoak direnez, bakoitzak konta dezala berea. (Ohar bedi irakurlea Windows sistemaz ari garela, birusak garatzen diren ur zikinen inguruneaz alegia).รง
Buzzin in my head: Dancing in the moonlight (King Harvest)
iritziak, nire i-bilerak atalean.
I
I
I 



10 iruzkin Zurea idatzi
1. xiber | 2007-10-10 Ordua: 6:20 pm
Nik AVG erabiltzen dot orain dala bi urtetik eta oso emaitza onak emon dostez. Pegarik ez, birusik ez, eta doan.
2. Gari | 2007-10-10 Ordua: 6:56 pm
Terribol! Ikaragarria!
Eta gero esango duzu informatikaz ez dakizula, Jabi.
Animo Windowsarekin!
3. azpi | 2007-10-11 Ordua: 8:30 am
Nik, nire ingurukoei, AVG istalatu izan diet azkenaldian, eta nahiko txukun dabil, egia esan. Avast hori probatu beharko dugu hurrengoan.
4. JJ | 2007-10-11 Ordua: 10:54 am
Earra!
Esker mile!
5. Jurgi | 2007-10-11 Ordua: 12:13 pm
Neuk AVAST erabiltzen dut, oso ona, egunero egunarazten da, eta lehen urtea pasa eta gero, berriro eskatzen dizu AVASTek erregistratzea, eta beste urte bat dohanik. Nik ia 3 urte AVAST erabiltzen daramat.
6. Jabi Zabala | 2007-10-11 Ordua: 1:45 pm
Gari, eta egia da informatikaz oso gutxi dakidala, curriculumetan esaten den bezala “a nivel de usuario”, baina itsuen erresuman begibakarra errege denez, windows erabiltzen amaitu behar izan dut berriki, hainbat urtez Mac-eroa izan ostean (eromen hori ere pasatu zitzaidan, zorionez) eta lankideen ordenagailuetan probatuz antibirus horiek.
Partekatu nahi dudan esperientzia, berriz, nire esperientzia zehatz bat da (niri gertatua) eta nire iritziak, beraz, subjetiboak, noski. Egongo ahal da Pandarekin gustora ibili denik eta dabilenik… Bejondeiola!
7. oier | 2007-10-11 Ordua: 4:15 pm
Panda, Norton eta horrelakoak sufritu ostean, orain gutxi lagun batek NOD32 instalatu zidan. Ostras, zelako diferentzia!! RAM-a laukoiztu izan banu bezala. Nik pentsatzen nuen ordenadora ya zaharkituta nuela, kafetera bihurtuta eta laster berria erostea pentsatzen hasi beharko nuela, eta hala, antibirusa aldatu eta inoiz baino abaila biziagoan ez dabil ba!! Antibirus madarikatuak zenbat atasko sufritu ditudan zuen kulpaz eta orain konturatzen naiz uste baino ordenagailu hobea dudala!!
8. Josu | 2007-10-11 Ordua: 7:19 pm
Ederra testua Jabi.
Niri AVG deskubritu nabenean, benetan ona iruditu jatan, eta azken aldi honetan eskatzen deustanari hori aholkatzen deutsat. Avast! ez dut probatu eta probatzekoa emoten dau ez?
Dana dala, orain bi urte Linuxera pasatu nintzen eta makinak berriak emoten dabe. Orain Ubuntu 7.10 itxaroten nago.
9. Gari | 2007-10-14 Ordua: 10:27 am
Nik badut Windows partizio bat etxeko ordenagailuan, oso noizean behin erabiltzen dudana. Han ClamWin jarri nuen. GPL lizentziapean banatzen zelako. Haren inguruko iritzirik badu inork?
10. Jabi Zabala | 2007-10-14 Ordua: 1:20 pm
ClamWin GPL lizentziako kode irekiko antibirusa da. Ideia oso ona da eta neuk ere probatu dut, baina ClamWinek ez du denbora errealeko babesik ematen. Soilik ordenagailua eskaneatzeko balio du, norberak agintzen dionean, baina ez du birusak exekutatzea eragozten.
Iruzkina idatzi
HTML pixkat jar dezakezu:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>
Trackback this post | Subscribe to the comments via RSS Feed