Saharauiekiko bizipena, Bikilak kontatua

By | 2007/04/23

Bikila Riag Entinak liburuaren aurkezpeneanMendebaldeko Sahararen afera ezagututakoan etortzen zaigun hausnarketa da, zeinen hurbila eta era berean ezezaguna den orohar gure gizartean herri honek azken 32 urteotan bizi izan duen tragedia. Etenik ez du basamortuko siroco haizeak eta haizeak izendatzeko saharauiek riah erabiltzen dute. Begietan, ahoan, belarrietan hautsa sarrarazten duen haize horren kontra borrokatzen da Saharako Maratoian esku hartzen duen Bikila korrikalaria, horren aurka borrokatu dira 32 urtez hammadako erbestean bizi diren saharauiak. Saharauiak ezagutu eta maratoian parte hartzeak eman dio Bikilari kontaktu horrek eragindako sentipenak eta pasadizoak liburutto batean biltzeko aukera.

Riag Entinak liburukoak ez dira aditu baten hitzak, aferaz eta saharauien izaeraz ikasten ari denaren esperientzia berriak jasotzen dituenaren bitakora dirudi gehiago. Horregatik, pertsonala delako, eragiten ditu enpatia hori. Euskaldun nazareno gehienoi ezagutza prozesu horretan planteatzen zaizkigun harridurak, galderak eta lilurak azaltzen direlako liburuan. Liburu laburra eta arina da, aireportuko itxaronaldi luze horietan edo Tindouferako hegazkinean irakurtzeko aproposa. Baina liburuaren gainean Bikila berari eman nahi diot hitza, Bilboko aurkezpenerako erabili zuen testua eskatuta. Hori bai, bihar, apirilak 24, Gasteizen aurkeztuko du Hika ateneoan:

Liburu hau zirkustanzia baten seme edo alaba da, eta nire buruan irudikatzen hasi zenetik argitaratu arte maratoia baino bide luzeago egin du.

2000ko eguberriak. SEADeko Lagunen Elkartean dabilen Gasteizko aspaldiko adiskide batek telefonoz hotsegin zidan.

– Hi, Joxe, animatuko al hintzake Tindufeko basamortuan maratoi bat egitera? Kirola eta elkartasun politikoa uztartu nahi dizkiagu sahararren alde eta hi bezalakoen partaidetza behar diagu.

.- Galderak harri eta zur utzi ninduen, zer erantzun jakin gabe. Alajainkoa! Maratoia, eta gainera, Saharako basamortuan? Etzekiat, etzekiat… Atseden garaian harrapatzen nauk. Noizko duk?

.- Otsailaren 26an. SEAD sortu zeneko 25. urteurrenaren bezperan, hain zuzen. Dena den, lasterketaren aldetik, lasai egon hadi. Maratoia izena dik, baina aukera desberdinak zeudek norberaren ahalmenaren edo gogoaren arabera: bost edo hamar kilometrokoa, maratoi erdia, edota osoa. Lau aukera eta bi hilabete prestatzeko. Zer diok?

.-Hala baduk, ados.

Horrela hasten da, RIAG ENTINAK liburuxkan deskribatzen diren Tindufeko errefuxiatu kanpamendutara egindako hiru bidaien lehena. Lehena eta hirugarrena, maratoia egitea korrikalari engaiatu gisa, eta bigarrena, berriz, Gipuzkoako batzarkide zereginetan.

Hiru bidai horiek aukera eman didate, HERRI ZORAGARRI BAT EZAGUTZEKO, BASAMORTU IKARAGARRI ETA ALDI BEREAN ERAGARGARRI BATEAN OINAK JARTZEKO, ETA KAUSA ON BATEKIN BAT EGITEKO.

.- Azken, honekin hasita, esan beharra dago, gaur otsailaren 27an SEADeko aldarrikapenaren hogeita hamaika urte ospatzen dugularik eta delako Bake prozesua sinatu zutenetik ia hogei urte, egoera, zeharo blokeatuta dagoela. Are, usteltzen ari dela, MAROKIAR MONARKIAREN mesederako. Ez da gauza bera errefuxiatu kanpamenduan bizi behar izatea edo norberaren herrian, eta gainera bestearenaren okupatzaile gisa bizitzea, horrek dakarren guztiarekin.

Saharrar herria, bai Kanpalekuetan bizi dena, zein lurralde okupatuetan bizi dena, era askotako siroko-ekaitz bortitzez astinduta datzala.
Marokoarren aldetik, errepresioa eta ukazioa.
NBEren aldetik, zurikeria eta ustelkeria.
Europatik, joko bikoitza, Espainiar estatuena barne, GEHIENETAN Marokoren aldekoa.

Sirokoa nola deitzen den bere hizkuntzan galdetu nion Mohamed lagunari. Riag entinak erantzun zidan. Aurrekoan irifi zela esan zidaten. Berdin dio.

.- Independentzia! Horra hor gakoa. Garai batean Saharar herria nomada zen. Mugarik gabe mugitzen ziren basamortuan zehar. Inperio koloniarrek zatitu eta hesitu zuten Ipar Afrika osoa. Zenbat herrik bere buruaren jabe izateko borrokatu duen kolonialismoaren aurka, birritan independentzia politikoa lortzearren. Inork merezi badu, bi kolonialismo desberdinen aurka borrokatu duen Saharar herriak merezi du independentzia.

Eta independentziaren alde, errepresio gordinari aurre eginez, kaleratzen hasiak dira, bere intifada sortuz, ez gerra, ezta kolonizazioaren garaia ezagutu ez dituen Lurralde okupatuetako gazteria. Hau berria da, bi urtetik honakoa.

Mohamed gazteari entzun nion: “Gerra eta bake mingarrienaren artean harrapaturik gaude”.

Agian ez. Intifada izan daiteke irtenbidea blokeotik irteteko.

.- Dena den, liburu hau, engaiamendu politikoa soila baino haratago doa. Maitasuna eta senidetzaren isla bada ere. Herri batekikoa, hezur mamizko jendearekikoa. Egoera bat konpartitzeak, sentimenduek korapilatzeak, bidaide ez ezik gogaide bihurtzen zaitu.
Ez da beharrezkoa Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetara joatea, zein gogorra eta latza den basamortuko bizimodua irudikatzeko, bai ordea, benetako senidetza gauza ahal izateko.

Oharkabean, haima barruko bizimoduak eragindako harridurak harrapatuko zaizu barru barrutik; BASAMURTUKO HAIZE IXILAREN MODUAN larruak ferekatuz, barru sakonak astinduz geroago. Etxera itzuli eta egun batzuen bueltan, ikusitakoarekin eta bizi izandakoaz hausnarrean hasitakoan, jakiten da jadanik ez zarela lehengo bera. Hangoak hemengo direla, eta hangoa ere badela norbera. Saharak bizi duela. Harrapatuta dagoela. Ez edonola, gainera.

.- Bi gauzek harritu ninduten lehenengo bisitan eta gauza bera ondorengoetan. Lehenik, haurrak. Zailtasunak zailtasun, nahiko ondo elikatuak, hobeto zainduak eta eskolatuak, familiaren eta gizartearen babesa eta maitasuna dituztenak. Ez dago horrelakorik Afrika osoan.
Bigarrena, antolakuntza eta gizalegeak. Afrikan herri asko dira egoera oso zailean daudenak, batzuk, gainera borrokan ari direnak eta, arazoak arazo, haiei elkartasuna zor diegu. Sarritan, ez dago ziurtasunik, ezta jakiterik ere, elkartasun horren nondik norakoaz. Izan ere, mafiak tartean direlako batzuetan, agintarien ustelkeria dagoelako besteetan, elkartasuna galdu, edo desbideratu egiten da. Saharako herriarekin ez da hori gertatzen. Ziur egon gintezke, Saharar herriari ematen dizkiogun apurrak, denak, ondo eta gizalegez banatuak izango direnaz.

.- Kirolaren ikuspegitik, zaletasuna eta kausa noblea, biak uztartzea ez da beti lortzen, ez horixe! Gaur egunean dirua da nagusi. Dirua eta estatuen interes politikoak.
Horren isla dugu, basamortuaren isiltasuna eta bakea apurtzeaz gain, bertako jendearen gose eta egarriaren bizkar egiten den Paris-Dakar lasterketa zoro eta eskandalagarri horri buruz. Motorren harrabotsak, logoen interes komertzialak eta estatu jakin batzuen asmo kolonialistak aldarrikatzen ditu lasterketak, ez elkartasuna.
Saharako maratoiaren asmoa oso bestelakoa da. Elkartasuna du helburu. Domina xume bat eta herri duin bat ezagutzeko aukera, ez dago beste saririk. Inskripzioaren ordainaren zati bat egitasmoa sostengatzera bideratzeaz gain, bertako umeen kirol jardueren azpiegitura gauzatzeko erabiliko da.

Saharako maratoia egin izanak, niretzako, erronka pertsonalaz haratagoko joan den bidai iniziatikoa izan da. Hausnarketarako leihoa; mundu desberdinen arteko zubia.

Zer esan nahi dudan horrekin, liburuaren pasarte hau irakurriko dizuet.

” Zuhaixka bakan bat begiztatzen dut urrutian. Basamortuko akazia da. Zenbat eta hurbilago egon, enborra orduan eta bihurriagoa iruditzen zait. Azala lakarra du, bost adar oker zabalerantz eta gora egiten. Puntetan adaska sorta du non hosto iharrak zirtzilka. Nola iraun lezake bizirik? Harrigarria da natura. Zuhaitz hori ikustea besterik ez dago. Guretzat guztiz antzua den basamortuan, horrelakoek adierazten dute bizitzak mila aurpegi, denak desberdinak, dituela.

Miraria dela saharar herriarena, bertan bizi ahal izatea alegia.

Sirokoa zakartzen doa. Hondar-jasak, haizegailu batek botako lukeen harearen gisa kolpatzen gaitu aurpegian, besoetan, izterretan, gorputz osoan. Eta min ematen du horrek. Benetako mina.

Une horretan bertso bat hasten zait kiribiltzen buruan.

Pakito zenaren ohorez
eta oroimenez.
Basamortuko zirimolari
aurre eginez,
Duna, harritza eta ezina
Menderatuz gogoz eta senez,
Hamadak sorgintzen zaitu
Ulisse grekoari bezala
Bere sirena kantuez!

Izan ere, haizeak badu hemen bere doinua. Harea eta itsuago, orduan eta finago dabil belarria. Fizz-izz-zzz…

Ai, gurekin bazina, Martin Fiz!

Bigarrenez oinetakoak txorkatiletaraino hondarrez beteak. Behatz puntak oso minberatuak ditut. Lurrean eseri naiz, oinetakoak eta galtzerdiak erantziz. Galtzerdietatik ateratzen dudan hondarra urre hautsa balitz, orduan bai, orduan pozik. Harea gorri bizikoa da, fin-fina. Edozein zirrikitutik sartzen da.

Altxa porru, Joxe. Hemen ez duk giro. Aurrera, esaten diot nire buruari. Une horretan elur egunetako eguzkitan egindako saioak datozkit burura. Karrikako ur freskoa…

Zenbat falta da helmugarako? Zazpi kilometro izango al dira? Infernuan bertan sartuta gaude. Haizeteak ia alde guztietatik jotzen du, baina batez ere aurretik. Hondar zirimolak itsutzen nau, eta ahoa zein sudur zuloak hondarrez beteta dauzkat. Zezenarena egin behar. Edo betizuarena. Haiek ez dira galtzen laino itxienean ere.

Burua makurtu, eta kosta hala kosta, aurrera egin.

Ikaratzen hasi naiz, izutzen noraezean nabilela, ez dakidala nora jo. Esfortzuan edo ahaleginean itotzeko arriskuak areagotzen ditu nire beldurrak.

Geldi-geldi geratu naiz, lainoan galdurik nagoenean bezala, begiak itxita eta senari utziz norabidea antzematen.

Zirriborro sotila soilik hasieran, geroz eta zehatzago ageri dena, hurbiltzen naizen heinean korrikalari bikotearen traza hartu arte. Oihuka hasi natzaie. Ezusteko pozgarria; Lander, eta beste bi dira.

-Koño, Bikila. Hi ere galduta? -galdetzen dit Landerrek.

-Galduta eta kezkatuta. Horrela ez zegok korrika joaterik.

Energetiko bati koska egiten ahalegindu naiz, baina ezin. Plastikozko azala kendu eta berehala hondar-kroketa bihurtu da. Hortzetan kriski-kraska egiten du hareak, eta ezin dut irentsi. Bota egin dut tu eginez.

Pixkanaka, eraikuntza baten moduko zerbait antzematen dugu. Esmara da. Abere kortak dira eta lehenengo haimak. Hemen ere, Ausarden gertatutako bera errepikatzen da. Norantz jo? Ez dugu biderik nabari eta kanpoan inor ez, hari bideaz galdetzeko.

Mutiko bat ikusi dut eskuan ur-botilarekin. Berarengana jo dut ur eskean. Begiak busti ditut eta tragoska bat edan. Lagunak berrogei bat metro aurreratu zaizkit. Ahalegintzen naiz haiek harrapatzen, baina urdailean zimikoa sentitzen dut eta zangoak astun daude. Ezin dut azkarrago joan. Une horretan, jende piloa dakusat eta atzean…helmuga! Adrenalinaren ziztada sumatzen dut gorputz osoan eta oinak azkartzen zaizkit. Azken metroak hortzak estutuz eta bihotza ahoan dudala egiten ditut.

Egina!

Lau ordu eta erdi gutxi gora behera. Berdin dio horrek. Iritsi naiz, horrek du garrantzia. Euforiaz hordi nago. Atzean geratu dira duda-mudak, saio luzeak, nekea eta izerdia.

Iritsi naiz. Pozak zoratzen nago!”

Handik ez denbora askora. Korrikalari eta ETBko esataria den Juanan Legorbururi hauxe irakurri nion:

Maratoia esker txarrekoa da gero! Bereganatu egiten zaitu, bahitu, zukutu, eta maratoian zabiltzan bitartean ez duzu ia beste ezertan pentsatzen: egunero entrenatu behar da, atsedena hartzea obsesio bihurtzen da, otordua erritual, hidratatzea erlijio. Gustuko aldapan nekerik ez pentsatuko duzue, eta arrazoiarekin, baina ni nekatu naiz…
Orain hamar urte ezagutu nuen maratoi anderea. Lirain eta eder zegoen nire aurrean azaldu zenean eta harrapatu egin ninduen. Goxo hartu ninduen, lotsati, eta lehen harremana sutsua izan zen, biok gozatu ginen, bihotza lapurtu zidan. Harrezkero nirekin jolastu baino ez du egin: lotsagabe tentatu izan nau, baina ez dit hurbiltzen utzi, maitale hobeak badituela esan eta engainatu egin nau.
Eta ezin dut gehiago, aspertu naiz, barruko sua itzali zait.

Nire galdera da: Zein da porrota eta garaipenaren arteko muga? Lortutako postua? Gehiegizko sufrimendua? Ezintasuna? Estraineko idealizazioan ala ondorengo madarikazioan dago gakoa?

Tomaz Humar mendizalearen hitzak datozkit burura: Batzuk helburu bat lortzeko prestatzen dira; tontorra. Ni ez, ni biderako prestatzen naiz. Bidea da helburua, eta bidean aurrera eginez, azkenean tontorrera iristen naiz.

Niretzako, maratoia, bidaia da; hausnarketarako leihoa ere; mundu desberdinen arteko zubia, gure herritik Saharar herriarekiko, adibidez.

Liburuaren pasarte askotan, nire imaginazioak eten gabe dabil joan etorri batean. Euskal Herrian negua da, eta neguko gau beltzean ez da toki alaia Oiartzungo bidegorria. Arratsaldeko zortziak dira eta, euripean blai, bakar bakarrik korrika egiten nabil. Gau umel honi aurre egiteko, basamortuko paisaia idorrean eguzki argitan nire burua irudikatzen saiatzen naiz.
Hango argitasuna eta hemengo iluntasuna. Hango lurraren gogortasuna eta hemengo lokatzaren biguntasuna. Han ur arrastorik ez eta hemen putzuak nonahi. Eta batez ere, mendietako iturri garbi freskoak.

Hango mugarik gabeko zabalerak eta hemengo hesitutako estutasuna. Hango biderik eza eta hemengo bidetik atera ezina.

Ezker-eskuin begiratzen dut. Ez da askorik ikusten, baina mendi malkarrak eta hesiak irudikatzen ditut bi aldetara. Hala ere, aske nabil, aske eta gogotsu gau ilunean zehar…

Natura eta lurrari buruzkoak, ahaztu gabe. Kanpalekuetan maileguan bizi dira. Berarena ez den lurralde batean. Hemen, erdizka bada ere gure lurraren jabe gara, hobe esanda, batzuk lurraren jabe dira. Eta nahi dutena egiten dute

Aiako Harriko aldera edo Pasaiako kaira, edozein aldera begiratzen dudala ere, zeinen ederki ikusten den edozer. Elurrak, itsusia polit egiten du zalantzarik gabe. Berriro, korrika egiteari ekin diodanean, moxal batzuk lauhazka hasi dira ihesian eta haien atzetik joan naiz pozak txoratzen.

Zaldi Zoro indiarrarekin gogoratu naiz. Guk, gizon zuriak, zurikerian nagusi eta ankerkeriatan ankerrena izan garenok, naturaren suntsitzaile eta lagun hurkoaren jipoi emaile goren izan garenok historian zehar, uste dugu, gurea dela zibilizazioaren gailurra. Tooyalaket buruzagi indiarrak bestelakoa uste zuen ordea.

Bereak dira hitz hauek: Eguzkiaren laguntzarekin sortua izan zen Lurra, eta sortu zen bezalaxe iraun dezan utzi behar zaio… lautadak eta alorrak, mugarik eta zuinik gabe izan ziren sortuak, eta gizonak ez dizkie ezarri behar horrelakoak… Lurrak eta nik gauza bera sentitzen dugu… Ez iezadazue oker ulertu, soil-soilik eta oro har, lurrarenganako sentitzen dudan maitasunari dagokion neurrian uler nazakezue. Nik inoiz ez dut esan lurra nirea denik, harekin gura dudana egin ahal izateko…Nik nire lurrean bizi ahal izateko eskubidea soilik eskatzen dut, eta onartzen dut zuek zuenean bizitzeko duzuen pribilegioa.

Jaizkibelen gibelera, kosta hala kosta egin nahi duten superportua; Oarsoaldea erditik zeharkatuko lukeen Abiadura Handiko Trena; autobide sarea; gune industrialen hedapena; eta etxebizitzen mugarik gabeko hazkundeak gaitz baten sintomak dira.

Euskal Herrian ere, natura barne, dena dago salgai, dena garapenaren aldareari sakrifizioan eskaintzeko.

***

Bukatzeko: Sirokoa, metafora bezala erabili dut, Sahararren zorigaitza azaltzeko. Sirokoa ikaragarria da kontra duzunean: itsutzen zaitu, atzera eragiten zaitu eta nahastu ere bai. Baina bere indarra alde jarriko bagenu a zer nolako abiada hartuko lukeen herri horrek.

Beraz, gure dagokigu ere, sorokoaren indarra sahararren alde jartzea, haize indartsu horrek gainditu eta estali dezan herri hori zatitzen duen LOTSAREN HARRESIA.

HALA BIZ!

One thought on “Saharauiekiko bizipena, Bikilak kontatua

  1. Amuitz

    Pasarte hau gustatu zait:
    Etxera itzuli eta egun batzuen bueltan, ikusitakoarekin eta bizi izandakoaz hausnarrean hasitakoan, jakiten da jadanik ez zarela lehengo bera. Hangoak hemengo direla, eta hangoa ere badela norbera. Saharak bizi duela. Harrapatuta dagoela. Ez edonola, gainera.

    Ni ere hala geratu naiz:
    Wilaya Dajla
    Begiradak

    Reply

Utzi erantzuna Amuitz(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude