Emakumearen eguna eta euskal esaeren bilduma misoginoa

By | 2007/03/10

Emakumeak jokoanSareari esker jakin dut martxoaren 8aren ustezko abiapuntu historikoa ez dela benetakoa. Fabrika batean baldintza txarretan zeuden emakume asko hil ziren New Yorken, baina beste data batean izan zen eta lehenagotik aldarrikatzen zuten emakume sozialistek emakumearen egun bat AEBetan. Martxoaren 8a 1914an aukeratu zen estreinakoz, gerraren aurka protesta egiteko. Dena dela, emakume askorentzat ezezaguna eta garrantzirik gabea da egunaren jatorriaren auzia, baita haren edukiaren gehiena, egun euren erara ospatzen baitute. “Enpresariek putetxeak betetzen dituzte maiatzaren lehenean” zioen Morauk, “Marujek jatetxeak betetzen dituzte martxoaren 8an” diot nik, askorentzat horretara mugatzen baita aldarrikapen eguna. Asko dago oraindik aldatzeko, emakume askoren buruetan bai, baita beste hainbat arlotan ere. Esaterako euskarazko esaera zaharren bilduman emakumearen inguruko euskaldunon pentsaera atabikoaren erakusgarri eder batzuk aurkituko ditugu.
Egunero Gotzon Garatek bildutako refranero ospetsuan murgiltzen naiz lanean, egunean-egunean esaera bat aukeratu behar baitugu, menuaren apaingarri moduan. Egun seinalatuetan ahalegintzen gara egun horri dagokion esaeraren bat bilatzen. Eta lehengoan emakumeen aldeko esaera baten bila abiatu nintzelarik konturatu nintzen zein misoginoa den euskaldunon esaera bilduma tradizionala. Asko dira emakume edo andreak aipatzen dituzten esaerak, ez pentsa. Baina ia denek gizonezko matxisten ikuspuntua islatzen dute. Ordu erdiz emakumeen aldeko esaera bakar bat ere aurkitu ezinik, amore eman eta bestelako gai baten gainekoa aukeratu nuen. Hala ere, ikus dezazuen nolakoa den, gure esaeren bildumako erakusgarri ttxiki-ttxiki bat ekarriko dut lerrootara. Bere benetako dimentsioa ikusteko, bildumara jo eta andre edo emakume hitzak bilatu… Susmoa dut behinolako matriarkadoarena ere gure buruak (edo arbasoenak) zuritzeko asmatutako ipuina ote den.

Astoa eta emakumea ez zaizkio iñori uzten.
Apaindurik, emakume itsusirik ez.
Ardoaren eta emakumeen mende dagoena gaizki.
Ahuntza, astoa ta emakumea ez ditu iñork teman autsiko.
Aza berriz berotua eta emakumea berriz ezkondua, berdintsu.
Emakume bat etxerako gutxitxo ta bi geitxo.
Emakume edarra, etxe galgarri.
Akatsik gabe ez mandorik ez emakumerik.
Emakumea eta gezurra egun berean jaio ziren.
Emakumea eta zartagia sukaldean.
Emakumeak gobernatzen duan etxia ta oilluak gobernatzen duan baratza berdiñak.
Emakumeak illia sobran ta garunak faltan.
Emakumearen negarra ta arratoi-txakurraren errena berdin.
Emakumeari esandako sekretua ez da sekretua.
Emakumeari eta lapurrari okasiorik ez ipini.
Emakumeekin orga bat pazentzia behar da.
Gerritik be(he)ra ez da emakume zaharrik.
Lumak pisurik ez, emakumeak zentzurik ez.
Kontuz mandoarekin atzetik, zakurrarekin aurretik eta emakumearekin alde guztietatik.
Andrearen indarra, titiak eta negarra.
Andrea ta astoa temosoak.
Andrea soloi, hurdea basoi.
Andre itsusia, urreak edertu.
Andre ederra, etxean gerra.
Andre bi eskatz (eskaratz, sukalde) baten txarto.
Andre barritsuek, sarri baztarrak loi.
(…)

Buzzin in my head: Redemption Song (Bob Marley) Johnny Cash eta Joe Strummer-ek kantatua.

One thought on “Emakumearen eguna eta euskal esaeren bilduma misoginoa

  1. Amelia

    Kaixo, Jabi. Gustura irakurri dut zure artikulua. Zelako bilduma… Perla gehiago hemen: Aristi, Leticia (2002). Atsotitzen hiztegia: sexuarenak, Alegia, Hiria.

    Eskerrik asko!

    Reply

Utzi erantzuna Amelia(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude