"Ukan", "ekin", eta euskaldun sinpatikoen kanpainia erritualak

By | 2006/11/18

ukanLelo konatibo deigarriak hiztegian bezala, euskararen erabileraren arloan ideiak agortuta ditugula ematen du eta horretaz ez ei da inor konturatzen. Kezkatuta nago benetan betiko kanpainiak eta betiko jarrerak ikusteaz, dena konponduko duen azken muñekote sinpatikoa aurkezten diguten bitartean. Gure agintariak euskararekiko erabat sinpatiko ikusten ditut.

Iñaki Martinez de Lunak idatzi du, Atxagak behin egindako herritarren euskararekiko jarrera eta jardunaren araberako sailkapena oinarri hartuta. Patetikoak, sinpatikoak eta antipatikoak deskribatzen zituen hark: patetikoak euskaraz bizi nahi duten euskaldunak direla; militanteak, alegia. Sinpatikoek, aldiz, euskarekiko atxikimendua adierazten badute ere, ez dute inongo ahaleginik egiten euskaraz bizitzeko. Bada, Iñakiren esanetan, patetiko izandako asko sinpatiko bilakatu dira denborarekin. Zera gaineratzen du berak: “Egun, aldiz, herri mugimendua izatetik elite baten ahalegina izatera pasa da, ia erabat, euskararen aldeko lana; patetikoak, une honetan, lau euskaltzale eta euskararen inteligentzia baino ez dira”.

Euskararen promozioaren inguruan errituak sortu dira eta horretan dena da antzekoa patetikoen artean ere: ezdakitzer eguna, ikastolen herrialdekako jaiak, Korrika, egizu! gisako agindu-leloa, abesti ofiziala eta merchandising-a, egun bateko jaia, diru bilketa…

Eta testuinguru horretan, mamiak baino, gero eta garrantzi handiagoa hartzen du azalak, itxurak, montajeak eta erritualak, ondo gera gaitezen. Gure instituzioek berehala ikasi dute arlo horretan hori dela errentagarriena, zerbait egiten duzun irudia ematea. Horretarako, noizean behin kanpainia bat egin behar da: maskota sinpatiko bat egin diezaguten enpresa bat kontratatu, aurpegi ezagun batzuk bildu, prentsaurrekoa egin… Eta derrigorrezko lunch-aren ostean denok etxera, lasai-lasai, euskararen alde ahal genuena egin dugu-eta.

Nire iritziz bistan da bertoko agintariek euskara galdutzat ematen dutela, erabileraren eremu serioan duten ikuspegiaren benetako neurria damaigu Osakidetzan langileak euskaldunak izateari uko egin dioten bitartean gure arreta birus sinpatiko batengana desbideratu nahi izateak. Ironikoa benetan munstroaren ondoan ematen duten irudia patetikoa izatea…

Itxuraz helduoi zuzendutako kanpainia da azkeneko Ukan hori, baina zer joera inozoa jendea umemoko moduan tratatzea! Honelako kanpainiak kontraproduzenteak diren susmoa daukat (eta erabileraren birusa ez da inolaz ere hedatzen ari, hori errealitatea da). Kezkatzen nau Jaurlaritzaren sinpatia inozoak, baina patetikoon indar eta ideia berri faltak ere kezkatzen nau, noski.

P.D. Laster Euskararen Nazioarteko Eguna datorkigu, beste kanpainia erabat sinpatiko bat.

14 thoughts on “"Ukan", "ekin", eta euskaldun sinpatikoen kanpainia erritualak

  1. Benito

    Ematen den irudi inozo hori, hau dena umeentzako kontuak balira bezala, dela eta, detaile batzuk etorri zaizkit gogora. Korrikan, adibide tontoa ematearren, gero eta gehiago dira umeak korritzera bidaltzen dituzten gurasoak, eurek espaloian geratzen diren bitartean. Kontu sinpatikoak dira ba…umeentzat orduan, ez guretzat. Edo euskararen aldeko jai-ospakizun-makroekitaldi guztietan lagundu eta montatzen ibiltzen den supereuskaltzalea, gero laneko normalizazio plana ezagutu nahi ere egin ez duena.
    Bide batez, Ukan horrek ez dizue ikara apur bat ematen? Neuri behintzat, estekikoki ez zait maitagarria iruditzen presisamentean.

    Reply
  2. jonas

    Patetikoon etsipen sentsazioak eraginda-edo, neuk ere zeuk bezalaxe ikusten ditut itxurakerian geratzen diren euskararen aldeko ahalegin antzu hauek. Ahaztutako gaixoak gaixorik dirauela adierazten duten egun bakarreko fruitu, zer ospatu ez dagoenean, aurretik zeozer egin den itxura eman nahia.

    Patetiko, sinpatiko eta antipatikoen arteko sailkapenaren antzeko bat erabili izan dugu guk “Bilbo hiriko” bizilagunak bereizteko. Bilbotarrak, Bil-bai-no-ak eta Bil-ba-í-no-ak, ezetz igarri zein den zein?

    Reply
  3. Jabi Zabala Post author

    Eskerrik asko Jozulin, Berriako aipamenagatik. Bat nator Aristirekin eta kasu askotan berak deskribatzen duena sinpatiko izatera pasatakoena da, ezta? Sinpatiak utzi eta euskararekin larrutan egingo ahal dugu egunero! Anjek esaten zuen hori, “maita nazazu gutxiago”.

    Bilbora ekarrita, erabat egokiak hiru izendapenak. Bil-bai-noak bereziki oso “sinpatikoak” dira euren La amatxu y el aita horrekin.

    Reply
  4. jaime lopez

    Ez Birusa, ez Korrika, ez Herri Urrats, ez orain arte asmatu diren euskararen aldeko ekimen guztiak, zoritxarrez gaur egun euskaraz hitz egiten ez duen heldua bera da erruduna euskarekiko maitasunik eta grinarik ez duelako. Argi eta garbi!!
    66 urte ditut eta nire gazte denboran ez zen ikastolarik, nire familian ez zen euskaraz hitz egiten, nire inguru giroa zeharo erdalduna zen Euskalerrrian kokaturik izan arren. Nire lehenengo euskal gramatika ” Umandi ” izan zen. Atera kontuak!!
    Baina betidanik euskararenganako grina eta maitasuna izan nuen eta pixkanaka, pixkanaka hasi nintzen zerbait ikasten. Gero, Ikastolen mugimenduak hasi zirenerako nire laguntza eta dirua eskeini nituen euskararen alde, baita bizi lekuz aldatu ere herri euskaldun batean bizitzeko. Zenbat barnetegi, zenbat ikastaro eta udako euskaltegi nire oporrei lapurtuta, eta pozik gainera, gehienetan nire poltsikotik ordainduta. Nire etxeko liburutegian gaztelianiaz edo frantsesez idatzitako liburuen arten 400 euskal liburu baino gehiago ikus daitezke, egunero irakurtzen dut edota idatzi ere euskaraz. Gaur egun lasai oso esan dezaket euskaldun peto, petoa naizela. Zuetariko batek pentsa dezake: To! agure astun horrek domina bat nahi dik! Ez horixe!! Nik zera azpimarratu nahi dut: interesik ez duten lagunek ez dute ezer ikasten urrezko azpilan aurkeztu ere!!!!!!
    Eta kontuan hartu, etorkizun batean euskara galtzen bada ez da Francoren errua izango baizik eta vascoena. Besterik ez.

    Reply
  5. indalezio

    Eusko Jaurlaritzak erabileraren mezua bereganatu nahi duela argia da,, errazagoa egiten baizaio horri lotzea erabiltzeko esparruak indartu eta instituzioetan erabilera bermatzea baino. Ez dugu haien zain egon behar, eta kaleak, euskara elkarteek, herri mugimenduak heldu behar dio erabilera aldarrikatzeari, bestela instituzioek “antzutu” egingo digute erabileraren aldarria Ukan hau bezalako kanpaina ridikulizanteekin. Izan ere, hauek egon, Barcina egon ala Le Pen egon gure mingaina eta lana ezingo dute kontrolatu hala nahi badugu. Kontua da ea nahi dugun. Nik zalantzak ditut hainbatetan Bilboko tabernetan “hizkuntz neurgailuaren antena” jartzen dudanean.

    Reply
  6. patxi lurra

    Motibapena: “Nabarra” aldizkaria, “Kutsidazu…” pelikula, blog hauxe,…

    Ezagupena: “Euskara Jendea” liburua, “Filoblogia” bloga,…

    Erabilpena: Hamen egiten gabilzana.

    Reply
  7. felipe

    Neure ustez holako kanpainak ondo daude baldin eta gero euskara benetan exijitzen bazaie funtzionario izan nahi gura duten guztiei, Osakidetzan, Foru Aldundietan, udaletxetan eta abarretan.Baita ere, Euskal Herriko komunikabidetan euskara gutxieneko portzentaia ezarri beharko duelakoan nago % 25 gehiegi litzateke?
    Dena den, neu ere panpina motza delakoan nago

    Reply
  8. Kepa Diegez

    Ni neu kopetaraino nauzue euskararen aldeko jai guztiekin. Azkenean, “apatiko” bihurtu naute. Horrelakoetan erabiltzen diren dirua, gogoa, kemena, kalipua eta abar, benetako erabileran eragingo balute, beste kuku batek joko liguke. Bitartean, folklorikoak izaten jarraituko dugu.

    Reply
  9. Jozulin

    Eta Benito Lertxundiren abestia (sic) euskararen egunerako? Dios mío de mi vida! Sartzen zaizu halako tristura sakona, halako negargura bat…

    Reply
  10. Pingback: Birusa - Superbai

  11. iturri

    Euskararen Eguna den honetan, REko “Más que palabras” irratsaioa Kursaal-etik egin dute. Bertan, gala bat antolatu baitu Jaurlaritzak.

    Jende ezberdina elkarrizketatu du Vizcaínok, tartean Jorge Giménez Bech, Editore Elkarteko lehendakaria. Giménezek esan du Ukan-en talde kreatiboan Anjel Lertxundi eta Antton Olariaga egon direla.

    Harri eta zur geratu naiz.

    Reply

Utzi erantzuna Kepa Diegez(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude