Saharatik abian

By | 2005/07/31

Duela hilabete aurreratu nuenez, proiektu berriekin ibili naiz azkenaldion. Bada, horietako bat duela bi aste aurkeztu nuen beste leku batzuetan baina hemen ez. Beraz, aipatu beharko dut azkenik saharatik.com webgunea. Mendebaldeko Sahara du hizpide informaziogune honek eta espero dut ekarpen interesgarria izatea arlo horretan. Lagun batzuren artean sortu dugu eta ari gara informazioz hornitzen. Noski, WordPressen egina dago, horrek ahalbidetzen baitu, besteak beste, hainbat egile egotea eta La Jaima irratsaioen podcasting-a. Elebiduna da saharatik.com, baina RSS jarioa ere badu eta, horri esker, euskarazko albisteak soilik irakurri nahi izanez gero harpidetza egin dezakegu. Beste edozein atalekin ere egin dezakegu atalkako harpidetza hori WPri esker.

Aiba Sustatun ateratako oharra:

saharatikOhar honen bidez saharatik.com webgunea aurkeztu nahi dizuegu. Mendebaldeko Saharako gatazkaren inguruko online informazio gunea da, saharauien alde Euskal Herrian dagoen elkartasun mugimendua ere islatuko duena.

Proiektu honen abiapuntua sarean gai honen inguruko euskal informazio erreferentzia baten falta izan zen, saharauien aldeko elkartasun mugimendua gero eta biziagoa denean. Horrek ekarri du saharatik.com informazio webgunea, gaiaren gaurkotasuna euskal erreferentzia batetik islatzeaz gain, berton hainbat elkartek eta instituziok saharauien alde antolatzen dituzten ekimenen berri emateko. Webgune dinamikoa izango da, elkarteen partaidetzara irekia izango den tresna.

Bertan web aldizkari eguneratua aurkituko duzue, hainbat gairen inguruko azken ordua bilduko duena. Bi gai nagusi dira bertan:

ELKARTASUNA, hemendik saharauiei laguntza emateko egiten denaren inguruko informazioa jasoko dugu, errefuxiatuen kanpamenduei laguntza (karabana, elkartasun proiektuak eta bestelako ekimenak), salaketa, sentzibilizazio eta mobiliziazio ekimenak.

LURRALDE OKUPATUAK: Marokok okupatutako lurraldean bizi diren saharauiek jasaten duten errepresioaren inguruko azken albisteak.

Aurkituko ditugu, halaber, NAZIOARTEA edo IRITZIA bezalako atalak, edo AGENDA, gure herri eta auzoetan antolatuko diren ekitaldien informazioa bildu nahi duen atala. Baina saharatik.com webgunearen izaera multimediatikoa nabarmendu beharra dago, testu eta irudiez gain bestelako dokumentuak ere eskura baitaitezke bertan. Esaterako, LA JAIMA irratsaioa, ostegunero SEADen lagunen Bizkaiko elkarteak Tas-Tas irrati librean egin ohi duen irratsaio honen saioak MP3 formatoan eskuragarri daude LA JAIMA atalean.

Gainera, MULTIMEDIA dokumentuen atalean bideo interesgarriak eskura ditzakegu erreportaia eta dokumentalekin. Adibidez, Al Jazeera kateak intifadaren inguruan egindakoa, baita beste telebista batzuetan agertutako irudiak eta geuk sorturiko bideoak ere. Dokumental interesgarriak ere eskuratu ahal izango ditugu bertatik eta aurki saharauien musika ere izango da eskuragarri.

Webgune berri honen aurkezpena gaia gurean pil-pilean dagoen unean suertatu da: lurralde okupatuetan manifestazioak egiten ari dira saharauiak askatasuna aldarrikatzeko eta Marokoko erregimena sekulako errepresioaren bidez erantzuten ari da; euskal parlamentari, kazetari eta behatzaileek osatutako ordezkaritza bat egotzi zuten marokoarrek Aaiunetik asteazkenean eta iragan astean “Oporrak Bakean” planeko haurrak heldu ziren Loiura, gurean uda pasatzeko. Honen inguruan saharatik.com webgunean aurkituko duzue informazio guztia, baita uztailaren 17an Arrasaten izango den “Oporrak Bakean” jaiaren inguruko jakingarriak ere.

One thought on “Saharatik abian

  1. Jose Luis Irigoien

    Edozertarako balio bazituzte sahara ko kanpalekuren argazkiak ditu. Era bili daitezke saharauitarrei laguntzeko.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude