Iruñean eta hemen WordPress-en inguruan jarduten

By | 2005/07/24

iruñeanLehengo egunean Iruñean izan nintzen, aurreko bidalketan (sarreran, albistean…) idatzitakoak hornidura pixkatekin botatzeko. Ez nuen ordenagailurik ez diskete edo pendrive-rik eraman, testua hemen zirriborro moduan bainuen. Sartu, argitaratu eta hor hasi nuen jarduna Larraona ikastetxeko ordenagailu gelan. Bitakorak edo CMS sistemek duten beste abantaila bat duzu zirriborroena.

Garik azaldu zigun Aurkiren ibilbidea eta arratsaldeko atelierrean WordPress euskaraz nola kudeatu erakutsi zigun Xabierrek. Bide batez, nik aurrekoan adierazitako zalantza argitu zuen berak, WP nola euskaratu azaldu baizigun. Gaztetxuloko lankide Gorka Julio lankidea ere ezagutu nuen bertan eta berak prestatu du azalpen eta xehetasun guztiak dituen tutoriala, laster argitaratuko ei duena. Baina, funtsean, oso erraza da prozedura, informatikari batentzat oso zaila azaltzen beraz.

Patxik aipatu duen moduan Diario de Noticias-en ageri da gaur sarean UEUk paperean baizik argitaratu ez duen testua. Kazetaritzaren paradoxa bikoitza agertzeko adibidetzat jartzen du Patxik UEUk blogei buruzko testua paperean bakarrik argitaratzea eta, bestalde, UEUkoek testua egitea eta beste komunikabide batek (ohikoa baina online edizioa duena) prentsa oharra datorren moduan hartu eta berea bezala argitaratzea, ikuturik ere egin barik. Horren inguruan ere jardun genuen ikastaroan, edukiaren inguruan hain zuzen, Bloga abian jarri aurretik komeni baita planteamendua zehaztea: zeren inguruan idatziko dugun, zein registrorekin, zein hizkuntzarekin… Blogak kazetaritza diren ala denetarikoak diren, euskaldunon teknofobia eta teknofilia, blogosferaren egoera eta beste hamaika konturen inguruan mintzatu ginen Iruñean.

Eta bueltatu ostean praktikan jarri nuen bertan ikasitakoa. Minutu gutxian WordPress euskaratu ahal izan nuen, eu.mo fitxategia eskuratuta. Rosettan dagoena instalatu dut, Librezalen dagoena baino gehiago baitauka euskaraz. WordPress-en instalazioko wp-includes karpetan languages izeneko beste bat sortu eta hara igo behar da ditxosozko eu.mo hura. Ondoren, gure instalazioko wp-config.php artxiboa jaitsi eta editatu behar da. Bertan, define (‘WPLANG’, ”) dioen lekua aurkitu eta eu bat sartu behar zaio, honela: define (‘WPLANG’, ‘eu’) berak itzulpena irakurri behar duela jakin dezan.

Itxura moldatzeari ere ekin diot, lehengo goiko irudietako batzuk sartu dizkiot eta nahiko ondo geratzen dira, ezta? Orrialdeetako loturak sartu ditut eta gauza batzuk euskaratu ditut. Zuen gustokoak izatea espero dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude