Podcast, nahi duzuna esateko

By | 2005/05/03

Internetek, nahi duguna idazteko aukera damaigun bezala, nahi duguna esateko aukera ere emango digu, besteei gure ahotsa, hitzak eta musika entzunarazteko. Audio artxiboak etxean grabatu eta sarean eskegiz besteek nahiko erraza izango dute eskuratzea, guk MP3 formatoan grabatutakoa entzunez.

Gure irratsaio moduko grabaketak egiteko eta sarean besteen esku jartzeko moda sortu da azkenaldian, Podcast izenarekin. Amerikarrek gauza guztiei izena ematen dietenez eta, hemengook, izen horiek berehala hartzen ditugunez, Podcast izendapenarekin geratu dira grabaketa horiek. Gaur egun mp3 artxiboak entzungailu eramangarrietan entzuten direnez, edozein leku edo momentutan entzun daitezke. Horietatik ezagunena Appleren iPod da eta hortik atera dute Podcast izena.

Soinua, mezua hedatzeko beste modu bat dugu podcast-a, zuzeneko irratsaioen alternatiba. Azken finean, zuzenean seinalea Interneten igortzea zailxeagoa da eta irratsaioa zuzenean entzule gutxik jarraituko dute. Aldiz, podcast gehienak entzuteko bitakoraren batean dagoen lotura jarraitu beharko dugu eta, bitakoretako albisteak RSS sistemaren bidez eskura daitezkeen bezala, podcast grabaketak ere automatikoki ekar ditzakegu gure ordenagailura.

Ingelesez milaka dira eskura daitezkeen podcast-ak, batzuk ia profesionalak, gainera, iragarkiak eta guzti. Gaztelaniaz eta katalanez dozena batzuk aurki daitezke dagoeneko eta euskaraz, momentuz, irratia.com irratsaio-bitakorak egiten dituenak entzun daitezke.

Nork bere podcast-a egitea oso erraza da, esateko zerbait duen bitartean. Grabaketa hauen gaia edozein izan daiteke: musika, Internet, gogoetak eta bidaiak izaten dira gairik ohikoenak, baina bakoitzak nahi duena esan dezake. Nahikoa da ordenagailuan soinua grabatzeko programa arrunt bat edukitzea eta mikrofonoa beharko dugu esaten duguna grabatzeko. Ondoren, Audacity edo horrelako programa baten bidez soinuak MP3 formatora pasatuko ditugu eta gure webgunean eskegi beharko dugu artxibo hori. Gero, gure bitakoran artxibo horrekiko lotura ipini eta eginda dago.

Lauaxeta sarean
Bizkaian sortutako olerkari Estepan Urkiaga Laukizen jaio zenetik ehun urte beteko dira aurten, abuztuaren 3an. Lauaxeta gudari ibili zen gerra zibilean eta, bonbardaketaren ostean, Gernikaren hondakinak atzerriko kazetari batzuei erakusten ari zela harrapatu zuten frankistek. Handik gutxira Gasteizen afusilatu zuten. Haren omenez Mungiako Udalak eta beste hainbat erakundek, elkartek eta artistek omenaldiak prestatu dituzte. Horien artean Zura taldeak argitaratu berri duen diskoa dugu, gerran hildako hiru artista omenduz: Lauaxeta, Nikolas Lekuona eta Federico Garcia Lorca. Bere lana hobeto ezagutzeko Bide-barrijak (1931), Arrats beran (1935) edo XX.mendeko poesia kaierak irakur ditzakegu sarean. Klasikoen Gordailuan ere, berak itzulitako hainbat olerki aurkituko ditugu.

Gizakiaren mendekua
Nori ez dio inoiz ordenagailuak alukeriren bat egin? Ez du aparailu berriren bat ezagutzen edo ez dugu programek funtzionatzea lortzen. Kasurik larrienetan, hainbat lan orduren buruan, bat-batean makina eskegita geratzen da edo errakuntza mezuren bat erakusten du… Eta gure lana gorde barik zegoen! Horrelakoetan ordenagailua ostikadaka eta ukabilkadaka jotzeko gogoa etortzen zaigu baina, ezin dugu guk bera baino irrazionalagoak garela erakutsi. Gogoa askatzeko sortu dute Interneten bidez ordenagailuari sekulako astindua emateko aukera “birtuala”.

Ordenagailu zaharren museoa
Duela 20 urte Euskal Herriko etxeetan erabiltzen hasi ziren ordenagailuak ez ziren egungoen modukoak, noski. Gehienbat jolasteko erabili ohi ziren 8 bit-eko makinak, Spectrum, Commodore edota MSX motakoak. Telebistara konektatzen ziren, ez baizeukaten pantailarik, eta audio cassette-ak erabiliz kargatzen ziren programak, bost bat minuturen buruan. Bideojolasak oso sinpleak baina bizi-biziak ziren, 16 kolore eta “makina soinu” polifoniko basikoak. Horien museo birtuala dago Interneten, modelo mordoa biltzen duena. Egun mitikoak bilakatu dira Hyper Sports, Kung-Fu, Pac-Man, Asteroids eta “martiztarren” jokoak (Galaga, Phoenix, Space Invaders eta Galaxian). Haiek bezalako joko klasiko haien emulazioa egiten duten programak ere eskura daitezke sarean. Ezagunena Mame dugu, makina haien lana egiten duen softwarea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude