Erabilgarritasunaren garrantzia

By | 2004/10/14

irudi batIragan astean eskuragarritasunaz jardun genuen, nabigatzaileek informazioa ondo irakurtzeko kodea garbia izan behar baita. Oraingoan, erabilgarritasuna jorratuko dugu. Webguneko informazioa txukun ordenatuta aurkeztearen garrantzia aztertuko dugu, batez ere hasierako orrialdean, gunearen aurkibide-ataria baita. Aurkezpen intuitiboa, orrialdea kargatzeko erraza izatea eta elementu grafikoen ganorazko erabilera dira erabilgarritasunaren gakoak.

Erabilgarritasuna (usability ingelesez) erabiltzaileak gure webgunera heltzean aurkitzea espero duena eta espero duen eran aurkezten asmatzea da. Hasierako orrialde nahasgarri edo kargagaitz batek bisitariak uxatuko ditu. Noski, web diseinuaren beste alderdi batzuk ere hobetu behar dira, baina hasierako orrialdeak ondo komunikatzen ez badu, webgunerik edukiko ez bagenu bezala izango da.

Webgune bakoitzak izaera ezberdina du: batzuk komertzialak dira, informazio orokorrekoak besteak; batzuk umeentzako eginak dira, besteak helduentzat. Baina denek izaera informatiboa dute eta informazioa erarik eraginkorrenean antolatu behar dute. Etxe baten ataria bezalakoa da hasierako orrialdea, edo aldizkari baten azala bezalakoa, barruko edukietarako aurkibidea duena.

Hasierako orrialdeak oso espazio baliotsua dira. Zentimetro koadro gutxi batzuk okupatzen dituen pantaila batetik milioika euro bidera daitezke. Hasierako orrialdea munduarekiko gure enpresa edo elkartearen aurpegia da. Balizko bezero askok, gurekin negozioak egin aurretik, gure webgunean begiratuko dute ea zer nolako enpresa garen.

Hasteko, internautak ez du pazientzia handirik eta bila dabilena segituan aurkitzea estimatzen du. Informazioz, irudiz eta animazioz betetako orrialde batek lan gehiago emango dio ordenagailuari pantaila guri aurkezteko eta denbora gehiago emango du saretik gure makinara jaisten. Orrialdeak gure begien aurrean agertzeko hamar segundu baino gehiago behar baditu, ez da orrialde eraginkorra izango, bisitari askok informazioa eskuratu baino lehen alde egingo baitute.

Informazio elementuak ordenatzea oso inportantea da. Internautak pantaila eskaner batek bezala aztertzen du gainetik, ezkerretik eskumarako mugimenduak eginez. Azken urtekotako praktikak ezarritako konbentzio batzuk jarraitzen ditu orrialde nagusiaren diseinuak informazioa pantailan ordenatzeko. Adibidez, goikaldean, enpresaren logotipoa eta informazio korporatiborako loturak egon ohi dira: kontaktua, enpresaren informazioa… Elementu grafiko gutxi egon behar dira, baina webgunea bere orrialde guztietan identifikatzeko nahikoak izan beharko dute. Koloreek eta diseinuak zeregin hori bete dezakete neurri handian, orrialdeen pisua arinduz.

Kontutan hartu behar da 800 pixeleko zabalera duen pantaila dela egun gure artean erabiliena. Horrelako zabalerarako diseinatu behar da orrialde informatiboa eta, goiko nabigazio barraren azpian bi edo hiru zutabeko diseinua da ohikoena. Alboetako zutabeek, atalka bilduta, webgunearen ataletarako loturak eskainiko dizkigute eta erdikoan informaziorik berrienak nabarmenduko ditugu.

Edukien erredakzioa ere oso garrantzitsua da. Hasierako orrialdean menuetako aukerak adierazgarriak izango dira, azalpenak sintetikoak. Orrialde arrunt bateko testua internauta gutxik irakurriko dute 2.000 karaktere baino gehiagoko luzera badauka. Irizpide asko webgunearen helburuen araberakoak izango dira eta batzuk garrantzitsuagoak dira besteak baino. Jakob Nielsen adituak bere azken urteotako lanean hasierako orrialdeak eraginkorra izateko bete beharreko 113 irizpide bildu ditu, gaika sailkatuta, hainbat hizkuntzatan argitaratutako Homepage Usability: 50 Websites Deconstructed liburuan, irizpideok 50 webguneren azterketan aplikatuz. Erabilgarritasunaren guru nagusitzat hartzen dute Jakob Nielsen eta, liburuan ezezik, bere useit.com webgunean ere biltzen ditu webgune zenbaiten erabilgarritasunari buruzko azterketak.

Askori irudituko zaie Nielsenek proposatzen duen eredua ez dela, itxura aldetik, batere erakargarria. Erabateko erabilgarritasunaren alde egiten baitu, ikusgarritasuna erabat baztertuz. Funtzionaltasunaren eta estetikaren arteko oreka, ordea, beharrezkoa da, estetikak ere informazioa era egokian barnera dezagun garrantzi handia baitu.

Jakob Nielsen
www.useit.com
Beste batzuk
www.usabilityviews.com

LABURRAK

Joko klasikoak online
Beharbada egungo bideojoko ikusgarriek ez zaituzte erakartzen, euren egiantzeko soinu, irudi eta mugimenduekin. Agian 80ko urteetako bideojoko klasikoak nahiago dituzu, abilezia eta imaginazio pixkat eskatzen zuten joko xarmangarri eta xalo haiek. Haietako batzuk online daude Triplets and Us webgunean. Bertan Frogger, Pac-Man, QBert, Defender, Robrotron, Arkanoid, Space Invaders eta beste batzuen jatorrizko bertsioekin jolastu ahal izango dugu programarik instalatu beharrik gabe. Jolasteko arauak, egungo jokoen ondoan, oso errazak dira eta, Donkey Kong jokoa dagoen orrialdean dionenez, “80etan hazi bazinen ez duzu jarraibideen beharrik izango”.

Bideojokoak
www.tripletsandus.com/80s/80s_games

Bilatzaile berria
Googleri nagusitasuna kentzea du helburu vivisimo.com enpresak aurkeztu berri duen Clusty bilatzaileak. Oraindik beta fasean dagoen bilatzaile hau hainbat urteko lanaren emaitza da eta, Yahooren datu baseko emaitzak aurkeztuko badizkigu ere, bere ezaugarri nagusia informazioa pantailaren ezkerraldean gaika sailkatuta aurkeztea da.

Clusty Beta
www.clusty.com

Nabigazio izengabea
Hesiak eta debekuak gaindituz nabigazio izengabea egiteko aukera ematen digu Stay Invisible izeneko proxyen aurkibideak. Doako proxy publikoek gure pribatutasuna babesten dute, webgune bat zuzenean bisitatu ezin badugu edo nahi ez badugu nabigazioan bitartekari lana eginez. Adibidez, herrialde batzuetan gobernuak edo epaileek debekatutako domeinuetan sartzeko erabiltzen dituzte proxy-ak bertako internautek, beste herrialde batean egonik, proxy-ak ez baitu arazorik bertan sartzeko. Webguneetan gure benetako IP helbidearen lorratzik utzi gabe nabigatzeko balio dute proxy hauek.

Stay Invisible
www.stayinvisible.com

2 thoughts on “Erabilgarritasunaren garrantzia

  1. Osoitz

    Jabik dio: “Kontutan hartu behar da 800 pixeleko zabalera duen pantaila dela egun gure artean erabiliena. Horrelako zabalerarako diseinatu behar da orrialde informatiboa”

    Horren aurka egiten duten egile asko daude, Webgunea ez duzu zertan ordenagailu batean instalatuta dagoen nabigatzaile grafiko batekin ikusi behar, baliteke mugikorrrean edo eskuzko ordenagailuan begiratzen aritzea, orduan zure pantaila askoz txikiagoa da. Idealki zure webguneko orriak hor ere sartu beharko liratezke.

    Pantaila hain txikietan zein laneko 19’ko pantailan sartzen den diseinu bat moldagarria izan beharko luke, horri diseinu likidoa deitzen zaio.

    Hala ere eztabaidak daude honen inguruan, guztiz moldatzen den diseinu bat pantaila oso handietan emaitza kaxkarrak eman ohi dituelako (testu lerro luzeegiak…) Horregarik diseinu onenak elementu likido eta finkoak nahasten dituzte, eta emaitza original eta on bat lortzea diseinatzaileentzat desafio bat da.

    Reply
  2. Jabi

    Horixe da gakoa, hain zuzen ere, zuk azken zatian diozuna. Erabat likidoa eta moldagarria den diseinu bat ez delako batere erakargarria izaten eta, gainera, badira konbentzio batzuk denok oharkabean bada ere, jarraitzen ditugunak web bat irakurtzen dugunean.

    Hemen diseinuak ere egiten du webgune bat erabilgarri, gauzak espero dugun lekuan topatzen baditugu eta espero dugun itxurarekin. Bestela, oso moldagarria izango da diseinua eta likidoa eta oso eskuragarria, estandarrak betetzen dituelako, baina bere azken helburua (informazioa helaraztea) agian ez du lortuko, informazioa sar dadin estetikak (diseinu estetikoak) rol garrantzitsua baitauka.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude