Literatura sarean

By | 2004/03/23

Literaturaren inguruko baliabide asko daude sarean. Argitaletxeak, liburudendak, literatura testuak, idazketa teknikak ikasteko eta lantzeko ikastaroak… Hauetako batzuk aipatuko ditugu, agian lagungarri suertatuko zaizkigulakoan. Internet bera inoizko liburutegirik handiena da, horregatik, paperean inoiz argitaratu bako liburuen ondoan liburu osoak ere aurkituko ditugu sarean.

Pantailan liburu osoak irakurtzea ez da batere erosoa. Begiak nekatzen dira eta ezinbestez ordenagailu aurrean egon behar dugu irakurtzeko. Horregatik Susakoek eta beste idazle eta argitaratzaile askok ez dute uste sarean doan emateak liburu horien salmentari kalte handirik egingo dionik. Baliagarritasuna ere aipatu behar da, ikastolako lanen bat egiteko jatorrizko testutik testu zatiak kopiatu ditzakegu eta ondoren gure lanean itsatsi. Komunean, egongelan, ohean edo mendi baten puntan irakurtzeko onena betiko paperezko liburuak dira.

Klasikoak ugari dira, egile eskubideak iraungita dituztelako. Literatura unibertsaleko klasiko batzuk badaude sarean eskuragarri. Euskaraz era guztietako liburuak aurkituko ditugu klasikoak.com helbidean, PDF formatoan osorik jaisteko moduan eta doan. Eusko Jaurlaritzaren webgunean ere, euskal idazleei buruzko datuak eta literatura unibertsaleko liburuen aipamen laburrak aurkituko ditugu. Marginalia bilduman X. Galarretak itzulitako hainbat liburu eskura ditzakegu euskaraz. Beste helbide interesgarri asko aurkituko ditugu Aurki bilatzailearen literatura atalean.

Literaturaren gaineko weblog edo bitakorak ere badira sarean. Euskaraz antzekoenak Taxi Galduak eta Bailando rumba en el anonimato ditugu. Lehengoak prosa poetikorako joera erakusten du batik bat, testu laburren bidez. Are laburragoak dira haikuak, Japoniatik hartutako esaldiak. Nontzeberri aldizkarian argazki haikuen lehiaketa dago eta edonor har dezake parte haiku bat eginez. Literatura atal berean beste kontu interesgarri batzuk ere badaude. Portugesez ere badira literaturari buruzko bi bitakora aipagarri: Pensar Enlouquece eta Pessoas do Seculo Passado brasildarrak.

Sarearen bidez famatua egin den jarduera bat Bookcrossing dugu, liburuak nahita edozein lekutan uztea, besteek irakur dezaten. Hemen ikusiko duzuenez, gure inguruan ere egiten da hau. Literaturaren inguruko bestelako bitxikeri franko aurkituko dugu sarean, esaterako, inoiz debekatuak izan diren liburuen zerrenda edo inoiz idatzi ez diren liburu alegiazkoen bilduma. Invisible Library honetan soilik beste liburuetan aipatzen diren liburuak daude, errealitatean idatzi ez direnak, horietako batzuk oso erakargarriak diren arren.

Euskal Argitaletxe gehienak sarean daude: Susa, Txalaparta, Elkar, Pamiela, Alberdania eta beste batzuk aurki daitezke. Azpimarratzekoa da Susa argitaletxeak daukan webgunean hainbat liburu oso-osorik eta doan irakurtzeko eta saretik eskuratzeko modua daukagula.

Posta elektroniko bidez banatzen den doako berripaper elektronikoa ere badute Susan, Literatur emailuak izenekoa. Harpidetza egiteko zure e-posta helbidea eman besterik ez duzu. Baina sarearen izaera multimediari esker, argitaletxe batek bestela nekez egingo lituzkeen gauzak jarri dituzte Susakoek euren webgunean: Audio formatoan entzun daitezkeen olerkiak edo kantak topa ditzakegu bertan.

Susak armiarma.com helbidean ezarri berri duen Literaturaren zubitegian 638 euskal idazle batu dituzte, 3183 liburu bibliografiatan, 1436 aipamen eta artikulu, 678 kritika, 2026 link edo esteka, 3445 efemeride (euskal zein erdal idazleenak). Eta aldiro berritzen jarraituko dute. Bihotz Bakartien Kluba izeneko literaturazale taldeak Linterna Gorria aldizkaria argitaratzen du sarean eta Literatura eskola antolatu dute Larrabetzun, literaturaren inguruko jakintza zabaltzeko.

Baina, liburuak irakurtzeaz gain, idatzi nahi dituztenentzako ere laguntza ematen du sareak. Idazle eskolak edozein lanetan euskaraz idazteko gaitasuna bermatzea du helburu. Baina bertako eskolak ez dira doakoak eta gehienak bertatik bertara ematen dira. Ikasturtean 120 ikastordu ikasgelan jasotzen dira eta beste 30 ordu telematikoak dira, sarearen bidezkoak, alegia. Interneten, hala ere, badira doako baliabide asko idazketa teknikak ikasteko eta hobetzeko, beste hizkuntza batzuetan bada ere.

Liburuak erosteko bidea ere ematen du Internetek. Liburudendara joan barik ere bila gabiltzan liburua aurkituko dugu Megadenda liburudenda euskaldunean edo Casa del Libro eta FNAC dendetan. Baina sarean liburudendarik ezagunena Amazon dugu. Internet bidezko salmentan aitzindaria izan zen Amazon eta negozio telematikoetan arrakastatsuak diren bakanetakoa dugu. Bertan euskarazko oso liburu gutxi aurki daitezke baina bai ingelesezko izenburu mordoa.

Oraintsu arte, leku edo gai baten inguruko liburuen bila genbiltzanean, Amazon-en barne bilatzaileak hitz hori liburuaren gaian, deskribapenean edo erabiltzaileen iritzietan agertzen denean aurkitzen zuen. Baina berriki Amazon-ek liburuen barruan bilatzeko ahalmena jarri zuen abian. Bila gabiltzan hitza liburuaren barruan agertzen bada, liburu horien erreferentzia emango digu emaitzetan eta gainera hitza ageri den testuingurua ere erakutsiko digu. Milaka liburu oso-osorik eskaneatu dituzte OCRtik pasatuz eta digitalizatuz, ondoren liburu horien testu osoa euren datu basean sartuz. Erabiltzaile erregistratua izan beharra dago Amazonen liburuak pantailan irakurri ahal izateko.

Izan ere, Alexandria berria esaten diote askok Interneti, antzekotasunak nabariak baitira. Ondare publikoa diren heinean klasikoak bertan eskura ditzakegu munduko edozein bazterretik. Hala ere, lehen aipatu dugunez, liburu gehiago doan ez aurkitzeko arazo nagusia egile eskubideak dira, idazle askok ez baitute euren lana doan eman nahi, jendeak paperezko liburuak erosiko ez dituen beldur. Batzuk saiatu dira liburu elektronikoak saltzen, Stephen King kasu, baina programa berezia behar da liburuok irakurtzeko eta beti dago moduren bat ordaindu barik liburua eskuratzeko. Esaterako, Harry Potter-en azken liburua ofizialki argitaratu aurretik truke libreko sareetan zebilen dagoeneko bueltaka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude