Monopolio kaxkarra sufritzen

By | 2004/02/01

Iragan abenduan RealNetworks enpresak Microsoft-en aurkako salaketa jarri zuen, Bill Gatesen enpresak bere audio-bideo softwarea monopolio moduan sustatzen duelako. RealNetworks-ek dioenez, Microsoftek bere Windows Media Player (WMP) programa sartzen du bere sistema eragilean, sarearen bidez musika entzutea eta bideoak ikustea ahalbidetzen diguna.

Lehenago merkatuan zegoen RealPlayer programari aurrea hartu dio WMPek, kaxkarragoa izanagatik, Windows sistemarekin batera instalatuta datorrelako ordenagailu guztietan. RealPlayer, ordea, norberak jaitsi eta instalatu behar du makinan, bideoak ikusi ahal izateko. Ondorioz, gero eta jende gutxiagok erabiltzen du RealNetworks-en programa.

Hau ez da kontu berria plagiora eta joera monopolistikoetara ohituta dagoen Microsoft enpresarentzat. Bere jarduera programa arrakastatsuen plagio kaxkarrak sortzea eta estandar moduan inposatzea izan da Windows sortu zuenetik.

Windows bera 1985an aurkeztu eta berehala Apple enpresak aurreko urtean aurkeztutako Macintosh sistemaren osagarri batzuk ebasteagatik salaketa jaso zuen. Microsoftek Appleri osagarri horien lizentzia erosi behar izan zion aurrera jarraitu ahal izateko. Haren kopia merkea zen Windows 1.0, akatsez jositakoa, baina DOSen gainean ezartzeko sortu zuen Gatesek, dagoeneko gehiengoa ziren IBM egiturako PCekin bateragarria eginez, horixe izan zen bere arrakastaren gakoa.

Baina Interneten sorreraz gero beste plagio gatazkatsu asko egin ditu Microsoft-ek bere nagusitasunaz baliatuta. Netscape nabigatzailea nagusi zen 1995ean, Microsoft-ek Explorer 1.0 atera zuenean. Windows-ekin batera banatzeaz gain, sistema eragilean erabat txertatu zuen Explorer Microsoftek eta, denboraren porazuz, aurrea hartu zion Netscaperi, de facto-ko standarrak ezarriz.

Adibide gehiago daude: Messenger mezularitza programak ICQri nagusitasuna kendu dio, Windows Mediak Real Player-i, orain Google-ren bertsioa egin nahi dute… Microsoft-en programa gehienak beste batzuen kopia txarragoak dira, baina bereak dira. Produktu kaxkar bat de facto monopolioa izatearen ondorioak denok pairatzen ditugu: Windows erabiltzaileek segurtasun zuloz betetako sistema astuna eta geldoa erabili behar dute, birusen eta akatsen menean. Linux edo Mac OS erabiltzaileek ere pairatzen dute Windows monopolioaren eragina, beste norbaitek bidalitako Word dokumentua edo PowerPoint aurkezpena zabaldu ezin dutela azaldu behar dutenean. Hala ere, aukeran, nahiago dut denbora azalpenotan ematea ezen ez MyDoom bezalako birusak garbitzen. Monopolioa? Bai, noski, baina sufrimenduaren monopolioa ere kasu honetan Windows-en erabiltzaileek dute.

Jabi Zabala

One thought on “Monopolio kaxkarra sufritzen

  1. Julen

    Bai, erabat ados puntu denekin, baina jendea, hots, erabiltzaile den hori, ez da puntu hauetaz ohartzen. Ez da kezkatzen.
    Lagunak messenger duela eta Windowsek nola atxikituta dakarren, ba azken finean erabiltzaileak hori erabiliko du. Beste kontuetan erreparatu gabe.
    Nabigatzaile kontuetan berdin. Tamalgarria benetan. Gainera jendeak ordenagailua, pc-arekin lotzeaz gain, Windowsen existentziara kondenatzen du. Zorionekoak kontsideratu beharko gara…

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude