Sarean lagunak egiteko

By | 2003/12/15

Kontaizu aldizkariaren 3. zenbakian argitaratua. Sare sozialak dira Interneteko azken orduko joera arrakastatsua. Urrutiko zein hurbileko jendea ezagutzeko eta harremanak bideratzeko modu berria sortu da, lehendik ezagutzen ditugun chat berriketari eta bat-bateko mezularitzari sarearen egitura bera gehituz. Aurtengo fenomenoa, dudarik gabe, Friendster izan da. Haren arrakasta ikusita, laster sortu dira antzeko zerbitzuak han-hemenka. Kontu hau hobeto ezagutzen saiatuko gara lerro hauen bidez.

Sarea osatzen duten ordenagailuak bezala, Friendster zerbitzuan pertsonak dira nodo edo loturak, hau da, lagun batek ematen dizu bidea haren lagunak ezagutzeko. Haria ez da galtzen, beraz, guztiz ezezaguna zaiguna nonbait lagun baten lagun baten laguna izan daiteke eta harremanen lotura horiek ikus ditzakegu pantailan. Alabaina, Friendster-en ezin izango dugu gugandik lau urrats baino gehiagoko aldea duten jendeen fitxetara sartu.

Bertan izena ematean, erabiltzaileak bere fitxa sortzen du, bere argazkia eta gustoko dituen gauzen zerrenda jarriz. Bere lagunak e-postaz gonbidatuko ditu ondoren. Bere lagunek ere izena emanez gero, lehengoaren lagunak direla egiaztatu behar dute. Gauza bera egingo dute ondoren lagunek, eurenak gonbidatu. Ondoren, nork bere lagunen lagunak zeintzuk diren kuxkuxeatu dezake, bakoitzaren fitxan lagunen fitxetarako loturak agertzen baitira. Loturarik lotura nabigatuz, nahi izanez gero, lagunen lagun horiekin edo haien lagunekin harremanetan jar gaitezke zuzenean. Ideiak izan duen onarpenaren ondorioz esponentzialki hazi da Friendster: martxoan abiatu zen eta uztailerako jada milioi bat erabiltzaile zituen. Jendeak hartueman pertsonaletarako erabiltzen du Friendster, lagun berriak edo bikotekidea aurkitzeko primerako tresna ei da eta.

Zerbitzua erakargarria eta erabilterreza da. Gonbidapenak egiaztatu behar izateak eta besteak lagunen lagunak izateak ezezagun molestagarrien aurkako berme modukoa dakar eta hori da bere arrakastaren gakoa. AEBetako zirkulo batzuetan eragin handia izaten ari da harremanetan, jende askok lagun edo friendster berriak egiten baititu sarean. Friendster bat ez da benetako friend (lagun) bat, online ezagututa hari buruz asko dakigula uste dugun pertsona bat baino. Dakiguna bere profiletik atera dugu eta gezurra izango da agian, hor dago Friendster-en bidezko harremanen ahulezia.

Arrakastak bultzatuta, laster antzeko zerbitzuak sortu dira. Britainia Handiko bertsioak everyonesconnected.com du izena eta honek egungo beste joera arrakastatsu batekin lotzen du harremanen sarea, weblog edo bitakora pertsonalen fenomenoarekin, erabiltzaile bakoitzak bere albisteak jartzen dituen agerkaria osa baitezake. Tribe.net zerbitzuak ere erabiltzaile mordoa erakarri du eta Friend Of A Friend (FOAF) open source estiloko lagunen komunitate librea eraikitzeko saioa da, nork bere profila osatzeko ezagutza teknikoa eskatzen duen arren.

Antzekoak izanik, negozioetara bideratuta daude ryze.com ecademy.com edo linkedin.com zerbitzuak, harreman pertsonaletara barik. Etengabeko erakustazoka bat bailitzan ikusten dute harremanen sarea, aintzinako merkatuetan bezala negozioak zuzenean pertsonatik pertsonara egiteko. Linkedin.com zerbitzuaren leloa “Aurkitu bila zabiltzan jendea, sinisten duzun jendearen bidez” da.

Friendster aitzindaria eta nagusia izan arren, kritikak agertu zaizkio eta erabiltzaile asko antzeko beste zerbitzuetara igarotzen ari da. Arrazoiak zerbitzarien saturazioa eta azken aldion Friendster-en izan diren maniobra zentsuratzaileak dira. Abiadura motelarena konpondu daiteke teknikoki, baina zentsurak erabiltzaile asko beldurtu ditu. Zerbitzuan nahiko ezagunak bihurtutako pertsona batzuk faltsuak ziren eta Friendster-eko arduradunek, hori jakin bezain laster, profilak ezabatzen hasi ziren. Friendstapo esaten diete orain askok, esku gogorreko politika moralistak aplikatzen dituzten Friendster-eko arduradunei. Batzuek arazoak izan dituzte euren fitxa ezabatzeko, Friendster-ek ez baitzuen nahi, eta beste batzuek ordea ez dute ezabatu nahi izan, Tribe.net ere probatu arren, giza harremanetarako ez ei delako lana topatzeko bezain ona.

Baina azken finean ideiak arrakasta handia izan du eta Microsoft, ideia arrakastatsu guztiekin bezala, bere bertsioa egitekotan dabil. Oraindik argitara atera ez den MyWallop zerbitzuak sare sozialetako osagarriak izango ditu, Friendster apur bat, bitakora kaierak, fotolog-ak, Messenger pixkat…

Batzuek diote sarearen bidezko harremanak txarrak direla, benetako harremanak ordezkatzen dituztelako, baina hori ez da horrela zertan izan. Harremanak egiteko beste bide bat da sarea eta hori erabiltzea ez da txarra, harreman fisikoak ordezkatzen ez baditu behintzat.

Friendster
www.friendster.com
FOAF
www.foaf-project.org

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude