eMandoak liluratuta

By | 2003/09/21

Aipatu izan ditugu inoiz P2P programak, sarearen bidez internautek artxiboak trukatzeko erabiltzen dituztenak. Sarean filmak trukatzeko programarik arrakastatsuena eMule dugu, milaka internauta liluratuta dituena. Doakoa eta zentsuragaitza da mando elektroniko hau eta, gainera, badaki euskaraz.

Musikaren truke librea dela eta, polemikaren erdian daude Kazaa, SoulSeek eta WinMX programak diskagintzaren industriak jarritako salaketengatik. Lehenengo biak dira, batez ere, musika bilatzeko eta azkar eskuratzeko erabiltzen direnak eta horregatik oldartu zaizkie disketxe handiak. Baina MP3 formatoaren ospea gora-behera, P2P sareetan ez da musika bakarrik trukatzen. Neurri handiko artxiboak eskuratzeko, filmak batik bat, internauta gehienen aukera eMule da.

eDonkey programaren bertsio hobetua da eMule, haren sarea erabiltzen du eta oinarrizko protokolo berak ditu. Asto elektronikoak baino karga gehiago hartzen zuenez electronic mule edo mando elektronikoa bataiatu zuten garatzaileek. Irudiak eta musika bilatzeko ere balio duen arren, abiadura ez da bere ezaugarria, bost Megabyteko abestiak bain askoz neurriz handiagoko filmak eta programa informatikoak trukatzeko pentsatuta dago eta erabiltzaileek pazientzia handia behar dute, film bat osorik eskuratzeko egunak behar izaten baitira.

Normalean Divx formatoan trinkotutako luzemetraiak trukatu ohi dira, 700 Megabyteko CD arrunt batean sar daitezkeenak. Funtsean, DVD formatoan ateratako edozein film aurkituko dugu eMule sareetan. Filmoteka amaigabea osatzen dute, beraz, eMuleko sareetan dauden milaka artxiboek.

Batzuetan, film estreinatu berrien kasuan, askotan lehia bizia izaten da internauten artean, estreinaldiak nork lehenago eskuragarri jarri. Noski, oraindik ez dira DVD formatoan argitaratu baina screener-ak eskura daitezke. Internauta horiek zinemara joaten dira bideokamara digital batekin, pantailatik zuzenean filma grabatu, ordenagailuan trinkotu eta besteek eskuratzeko moduan jarri eMule sareetan. Itxarotea axola ez bazaigu, hobe izango da DVDn atera arte itxarotea, orduan ere ordu gutxitako kontua izango da filma eskuragarri egotea.

Baina film berriak ezezik klasikoak ere eskura daitezke eMuleren bidez, bideoklubetan aurkituko ez ditugun kultuzko filmak, film luzeak, laburrak, mutuak, koloredunak edo zuri-beltzezkoak, pornoa zein umeentzako marrazki bizidunezkoak… burura etor dakigukeen edozein film edo telesail aurki dezakegu eMuleko sareetan. Pornoa deskargatzeko erabiltzen dute askok eMule, bideoklubean hartzeko lotsaz direnak.

Sarearen antolaketari dagokionez, eMulen ez dago zerbitzari zentral bat, hori Napster-en ahulezia errepikatzea izango baitzen. Nahikoa izan zen epaile baten epazpena sistema hura behera botatzeko. Horregatik, eMuleren kasuan zerbitzariak asko dira eta oso aldakorrak. Aldiro konektatu eta deskonektatzen diren erabiltzaile batzuk dira trafikoa eta bilaketak koordinatzeko ardura dutenak.

Nola erabili
eMule erabiltzeko ezinbestekoa izango zaigu banda zabaleko konexio etengabea izatea, ADSL arrunta nahikoa izango da edo kable bidezkoa. Ondoren, mandoa eskuratu behar dugu gure ordenagailuan ezartzeko. Bertsio ofiziala emule-project.net helbidean dago, baina eMule Plus bertsioak, funtsean programa bera izanik, itxura erakargarriagoa du. Azpimarratu behar da eMule software librea dela, kolektiboki garatutakoa eta guztiz doakoa. Horregatik, berau oinarri hartuta, eMule Plus izeneko mod edo bertsioa garatu dute beste batzuek. Programa erabiltzeko hainbat hizkuntzaren artean aukera daiteke, tartean euskara dela. Euskaratzea internauta euskaldun batek egin du, noski, hori izan baita berak proiektu kolektibo horri eginiko ekarpena.

Interfaze hori hasieran ulertzeko zaila da, baina laster ohituko gara oinarrizko kontzeptuetara. Bidezko truke sistema bat da eMule, hau da, eskuratzeko eman ere egin behar da. Bere artxiboak besteei eskaini gabe inorenak eskuratu nahi dituenak nekez bilduko du film oso bat. Film, programa edo dena delako artxiboak, bakoitza zatitan banatzen du eMulek eta osatu ahal izateko zati guztiak eskuratu beharko ditugu.

Zatitzearen funtzioa bikoitza da: alde batetik konexioa etenez gero, ez ditugu galduko jaso ditugun zatiak eta, bestetik, ez dugu zertan film bat osorik beste erabiltzaile batengandik hartu. Zatiok bilatzen ditu programak eta bat hemendik hartu eta bestea handik hartuko du. Sarritan, guk oraindik osatu ez dugun film bateko zatiak gugandik hartzen ariko dira beste internautak. Konexioa etetea txarra da, zatiok eskuratzeko iladan geneukan lekua galduko baitugu. Makina etengabe piztuta edukiz gero, egunero film bat edo bi eskura daitezke ADSL arrunt baten bidez.

Emule
www.emule-project.net
Emule Plus
www.emuleplus.tk

3 thoughts on “eMandoak liluratuta

  1. jalgi hadi ((i))

    Oso ondo dago Emandoaren programa. Apurka apurka, gelditu barik ibiltzen da informazioa eskuraten, eta programak, kantak, diskoak, bideoak edo dena delakoak jeisten.

    Baina, zelan eskuratzen da jeitsitakoa.

    Non gordetzen du gure mandoak, ferian truke librean ekarritakoa.

    Zelan aktibatu jeitsi dugun pelikula hori adibidez?

    Esker mila

    Reply
  2. ZaPo

    Ea ba. jetsitakoa nun gordetzen dizun ikusteko sartu preferentzietan eta bertan direktorioen sailean jartzen dizu artxibo tenporalen kokapena eta iada jetsitakoena.

    Bestalde idatzitako informazioan esaten da ADSL-a beharrezkoa dela eta ez da egia. Nik 56Kbps-ko moden ziztrin batekin erabiltzen dut, ez doa abiadura handian, baña egun osoz piztua utzi ezkero jeisten ditu bere gauzak bai :P.

    Bueno eta Emuleren inguruan sortutatko webgune bat aipatu nahi nuke amaitzeko, webgune hau http://www.aizkolari.tk da eta bertan pelikulei buruz ez, baña musikako diska osoei buruz itzegiten da.

    Reply
  3. ni

    Euskaltzaindiaren hiztegi batua osorik sarean

    e-donkey edo e-mule erabiliz deskarga dezakezue gaur goizean bertan deskargatutako hiztegi osoa, html dokumentu batetan:

    ed2k://|file|Euskaltzaindia.Hiztegi.Batua.2003-12-22.zip|260318|0B3FAC19FEEBC401252FA439F025CF41|/

    Reply

Utzi erantzuna jalgi hadi ((i))(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude