Truke librea arriskuan

By | 2003/07/20

Industriaren aburuz musika eta film gehiegi trukatzen dute internautek debalde. Azken aldi honetan epaitegietara jo dute maiz eta truke librerako aukera ematen zuten zenbait zerbitzu ixtea lortu dute. Aurrerantzean erabiltzaileak ere salatuko dituztela iragarri dute.

Arazoaren muina P2P zerbitzuak dira, erabiltzaile baten ordenagailutik beste batenera konexioa eginez edozein motatako artxiboak zuzenean garraiatzea ahalbidetzen dutenak. Gainera jende askoren konexioen abiadurak hobetu dira azken urteotan kablearen eta ADSLaren hedapenari esker. Horrek errazten du artxibo handien trukea eta kalte gehiago egiten dio industriari. Esaterako, eMule erabiliz eta ADSL konexio arrunt bat edukita, 600 Megabyteko pare bat film osorik jaitsi ditzakegu egunero. Ondoren, filmak CDetan grabatu eta nahi dugunean ikus ditzakegu. Musikari dagokionez, disko bat osorik jaisteko askoz denbora gutxiago behar dugu.

AEBetan diskogintzaren enpresa nagusiak ordezkatzen duen Recording Industry Association of America (RIAA) elkartearen eskutik etorri dira salaketak. Berak salatu zuen Napster eta truke librea gelditzea lortu zuen 2001an, jada milaka erabiltzaile zituenean. Iaz Audiogalaxy-rekin gauza bera lortu zuen, honek, kontrako epai baten mehatxupean RIAArekin adostu baitzuen copyright-ak babestutako kanta guztiak bere eskaintzatik kentzea.

Erabiltzaile kopuru handia, handiegia edo eurentzat arriskutsuegia zeukaten zerbitzuen kontra jo dute RIAAkoek, baina bazuten beste ezaugarri bat menderagarri bihurtzen zituztena: zerbitzu zentralizatu batek kudeatzen zuen sistema osoa, trukea erabiltzaileen artekoa izan arren bilaketak eta beste ezaugarri batzuk zerbitzariak kudeatzen zituen. Nahikoa zen zerbitzari hori ixtea truke sistema osoa indargabetzeko.

Baina badira beste P2P sistema deszentralizatuak ere. Gnutella sarearen bidez artxiboak bilatzea, hartzea eta eskaintzea ahalbidetzen duen Limewire, musikarako sekulako indarra hartu duen Kazaa, bideoak, argazkiak eta multimediarako aproposa den eDonkey eta filmetarako aproposena den eMule ere zentsuragaitzak dira eta horiek badira benetan kezkagarriak RIAArentzat. Epaitegien bidez ez diete erasotu baina izan dira sabotaje saiakera batzuk eta birusez kutsatutako artxiboak zabaldu izan dira sare horien bidez. Askok industriari leporatu diote eraso horien atzean egotea.

Aurten ekimen berriak jarri ditu abian RIAAk. Maiatzean Morpheus zerbitzua salatu zuen, lehenago Napster eta Audiogalaxyrekin egin zuen moduan. Baina orain harago joateko asmoa erakutsi dute, erabiltzaileak ere salatuz. AEBetako Michigan-eko Teknologia Unibertsitateko ikasle batek 15.000 dolar ordaindu beharko ditu, RIAAk salatua izan eta gero. AEBetako beste hiru ikaslek ere antzeko kalte-ordainei aurre egin beharko diete aurki.

Uda honetan ehunka salaketa jarriko dituztela iragarri dute. «Erabilera handia» egiten dutenak salatuko dituela esan arren, RIAAk ez du zehaztu horrek zer esan nahi duen. Adituen arabera zehaztugabetasun hori erabiltzaile guztiak izutzeko taktika da, baina litekeena da abiadura handiko konexioekin milaka artxibo eskaintzen dituztenak salatzea. AEBetako DMCA legearen arabera Internet hornitzaileek artxiboak baimenik gabe hedatzen ari diren bezero horien datuak eman behar dizkiete artxiboon jabe diren enpresei, haiek salaketa jar dezaten. Aste honetan bertan artxibo bakar bat P2P sareetara igotzeagatik bost urteko gartzela zigorra eta isunak aurreikusten dituen lege proiektua aurkeztu dute AEBetan.

Espainian ere, P2P erabiltzaileen aurkako ekimenak iragarri dituzte aste honetan. Oraingoan 32 Software enpresa izan dira salatzaileak, euren programak doan trukatzen dituzten erabiltzaile «nagusien» aurka ekitea erabaki dutenak. Ez dago jakiterik noiz arte iraungo duten P2P sareek, baina batetik segurtasunaren izenean eta enpresen ekimenez bestetik, azken boladan pribatutasuna gero eta urratuagoa dago sarean. Eremu libre eta izengabe bezala abiatu zen Internetek gero eta gutxiago du ezaugarri biotatik.

LABURRAK

Pititako informatzen
Santurtziko Pititako irrati librea aspaldi honetan lan txukuna ari da egiten Interneten. Sarearen bidez aspalditik entzun daiteke Pititako, baina aipagarriena ez da hori, e-postaren bidez egunero hedatzen duten berripaper elektronikoa baizik. Egunero oso aukera interesgarria egiten dute albisteak eta deialdiak bilduz. Pititako informatzen egunero jaso eta inprimatzen dute ezkerraldeko hainbat gaztetxe eta tabernetan. Berripaperaren harpidetza egiteko pititako@pititako.net helbidean eskatzea nahikoa izango da.

Pititako Irratia
www.pititako.net

Euskal Encounter
Bilboko erakustazokan izango da datorren astean Euskal Encounter topaketa, orain arte Euskal Party izena zuena. Hilaren 24tik 27ra lehiaketak, hitzaldiak, jokoak eta bestelako ekitaldiak izango dituzte informatikaren eta programazioaren zale amorratuek. Batez ere joko egileak Linuxzaleak eta Amigazaleak ibiliko dira, bakoitzak bere ordenagailua etxetik ekarrita, euren programak elkarri erakusten. Euskal Herritik eta atzerritik etorritako 2.000 lagun inguru espero dituzte antolatzaileek.

Euskal Encounter
www.euskal.org

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude