Euskal sarearen urrats berriak

By | 2003/06/29

Lau hilabete igaro dira EGUNKARIA itxi zutenetik hona. Denbora tarte honetan jazotako guztiek erakusten digute sareak bilakaera azkarragoa duela offline munduak baino.

Aurrerantzean orrialde honetatik sareko gaiak jarraitzeko ustea daukagu, baina paperera bueltatu bitartean, sarean ez da gelditu informazio trukea eta aldaketarik ere izan da. Esaterako, @Euskadi buletinak e-postaz jarraitu du informazioak bidaltzen, baina weblog ere bihurtu da, cybereuskadi.com domeinuan. Informazio berriak, eztabaidak, iritziak… Aukerak zabaldu nahi izan ditu Jose Antonio Del Moral kazetariak. Euskaraz, Sustatuk jarraitu du euskal sarearen berri ematen eta eztabaida interesgarriak piztu dira bertan, Egunkariaren itxieraren, galipotaren edo Euskadi Irratiaren gainekoak kasu.

Baina dudarik gabe, Sustatun eta euskal sare osoan azken aldian izan den mugimendurik garrantzitsuena EGUNKARIAren itxierak sorturikoa izan da. Sarea agertoki eta komunikabide garrantzitsua bihurtu da salaketarako eta gizartearen erantzun kolektiboa antolatzeko. Halaber, EGUNERO zein BERRIA altxatzeko Internetek izan duen berebiziko garrantzia: kazetarion arteko komunikaziorako, saretik informazioa lortzeko…

Egunkaria itxi eta salaketa lana ondo antolatzea, indarrak bideratzea izan zen euskal internauta askoren zeregina egun haietako nahasmenaren erdian. Kontseiluak hartu zuen salaketaren ahotsa eta internauten ekarpenak ondo antolatu ziren aurrera.net webgunearen bidez, itxiera hainbat hizkuntzetan eta hainbat arlotatik azalduz. Salaketarako eta informazio bilketarako lekua ere eskaini zuen Sareko Argiak (www.argia.com/egunero) eta bestelako ekimen batzuk sortu ziren. Esaterako, lerrook sinatzen dituenak eta Luis Fernandez lankideak EGUNKARIAn sareari buruz idatzitakoen bilduma edo gordailua sarean.com webgunean.

Sarean ere hartu zuen egunero.info webguneak eguneroko euskal prentsaren lekukoa eta egun berria.info helbidean egunkari honen edizio digitala dugu. Lehenengo zenbakiaren 50.000 aleak amaitu ziren arren, estraineko egunetik bertatik aletan agortezina den webgunea dago. Gainera, webgune honetan BERRIAren bertsio digitalaz gain, egun osoan zehar albiste iturri dugu orain webgunea, etengabe –astelehenak barne– berritzen den edizio jarraitua baitu. Saretik papererako norabidea duten eztabaidagune eta inkesten aukera dago, paperezko edizioa interaktiboa bihurtzen dutenak.

Iraken inbasioak ere izan du islarik, hainbat eta hainbat webgunetan eta, batez ere, hainbat weblog-etan. Edizio erraza duten bitakora kaiera hauek oso erabilgarriak izan zaizkie berri emale independienteei eta internautei, komunikabide eta agentzia handienak ez diren beste ahots batzuk entzuteko. Esaterako, Iraketik bertatik idazten zuen Christopher Albritton izeneko kazetari independiente batek, back-to-iraq.com webgunearen bidez informatu zuen bere kabuz, sarea adierazpide eta bidaiaren finantzabide moduan erabiliz. Bestalde, Badgadeko hiritar izengabe Salam Pax ezizeneko internautak protagonismoa hartu zuen sarean, inbasioak eta bonbardaketek iraun zuten bitartean Irakeko hiriburutik idazten baitzituen bere albisteak eta kronikak. Bowling for Columbine dokumentalarengatik Oscar saria jaso zuen Michael Moorek berak badauka gerraren aurkako informazioak biltzen dituen michaelmoore.com webgunea.

Mundu osoan izandako manifestazioen berri Indymediaren bidez izan genuen eta AEBen galbahetik igaro gabeko irudiak jaso ahal izan genituen Al Jazeera telebista kate arabiarraren eskutik. Kate honen webguneak (aljazeera.net) ere jasan zituen erasoak amerikarren gustokoak ez ziren informazioak zabaltzeagatik. Gurera bueltatuta, Prestige untziaren inguruko informazioek eta eztabaidek gerrak baino leku txikiagoa izan dute, oso oihartzun gutxi izan baitu gaiak hemengo webguneetan. Gure kostaldea oraindik zikin badago ere, Espainian sortu dira kritika eta informazio gehienak.

Informatika alorrean, mundu mailan albiste Bugbear birusa izan den bitartean, gurean Informatikari Euskaldunen IV. Bilkura eta Leioako wireless jardunaldiak aipatu behar dira. Kablerik gabeko Wi-Fi sareen ugaltzea Euskal Herrian ere ikusten ari gara, apurka-apurka, baita software librearen eta informazio independientearen aldeko mugimenduaren hedapena ere. Hain zuzen ere, egunotan Indymedia Euskal Herriak urte bat bete du. Honekin lotuta, nabarmendu behar dugu Mozilla nabigatzaile librearen euskaratzeko Zuhar enpresak abian jarritako proiektuak ibilbide propioa hartu duela, librezale.org domeinupean, euskal internauten ekarpenak jasotzeko prest.

Zalantza barik, sarean gai gehiago sortu dira hilabete hauetan eta zeresanik emango du aurrerantzean ere. Horien berri ematen ahaleginduko gara orrialde hauetatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude