Hurakana guztiz pasatu gabe, hauteskundeak gaur

By | 2012/11/06

Gogoan dut iragan asteko ostegunean hegazkina hartzera nindoala norbaitek Karibe aldean zebilen hurakana aipatu zidala. Garrantzi handirik ez nion eman, handik geratuko zelakoan. New Yorkera heldu eta biharamunean entzun nuen iparralderako bidea hartua zuela. Larunbatean normaltasuna nagusi zen, hau da, gai nagusia Haloween zen. Gure inauterien antzeko kontua da baina aurreko egunetatik hasita jendea mozorrotuta ibiltzen da kalean, etxe batzuk kanpoaldetik dekoratzen dituzte beldurrezko apaingarriekin… Asteazkenean Manhattanen egitekoa zen desfile handia aparta izan ohi da, jai giro eroan. Igandean, berriz, maratoi handia ospatzekoa zen… Baina halako batean Sandy etorri zen.

Etorri eta planak zapuztu ere, ondo zapuztu zituen Sandyk. Iganderako jada gai bakarra bihurtua zegoen telebistako albistegietan, bazetorrela, bazetorrela… eta iritsi zen. Astelehena eta asteartea telebistara begira eman genituen, newyorktar guztiak bezala (Internet bidez telelan pixkat egiteaz gain). Horrek, eta ondorengo egunetako behaketak hemengo telebista kateen panoramaz jabetzeaz gain, batzuek eta besteek hurakana nola jarraitu duten ikusteko aukera eman dit. Denen gainetik NY1 katea (Time Warner) nabarmendu da, baina nik bereziki jarraitu dut hemengo bigarren katea, WCBS-New York (CBS), s Lonnie Qinn eguraldi-gizon nekaezina eta aurkezle moduan Maurice DuBois eta Kristine Johnson, hemen anchor esaten dioten ohiko gizon-emakume bikotea. NY1ekoak bezala, gau eta egun egon dira pantailan, hainbat eguneko lanaldi maratonianoan, neke keinu handirik erakutsi gabe. Gurean zalantzak dauzkat horrelako ahalmen-erakustaldirik egiteko gai izango ote liratekeen, akaso beharrik ere ez. Zer esanik ez, erreportariak eta teknikariak ere oso fin ibili dira, ekaitzak gehien jotako lekuetatik, gehien jotzen zuen uneetan, hantxe zeuden, urak tuneletan nola sartzen ziren edo haizeak egurrezko boardwalk espaloi famatua haizea hartzera nola bidaltzen zuen kontatzeko.

Astebete geroago, ia milioi bat lagunek argindarrik gabe jarraitzen dute, gehienak Atlantic City inguruan, handik sartu baitzen Sandy. Baina New Yorken ere, hainbat kalte egin ditu: 48 hildako guztira, uriolak Staten Island eta Coney Island-en, Rockawayko puntan dagoen Breezy Point auzunean 80 etxe erre ziren eta alkateak horiek eta etxea galdutako 14.000 lagun non sartu ez dakiela aitortu du, udalak ez baitauka hainbeste etxebizita eskura. Aterpetxe moduan egokitu dituzte leku publiko batzuk baina epe laburrean nonbaiten birkokatu beharko da jende hori. “Ez ditugu kalean utziko” esan du jada hainbat herritarren haserrea bertatik bertara ezagutu duen Bloomberg alkateak. New Jerseyn hasi ziren gasolina hornidura arazoak eta auto iladak New York osora hedatu dira, oso auto gutxi dabiltza errepideetan. Manhattaneko beheko partean argindarra herenegun bueltatu zen eta sagar handia Brooklynekin lotzen duten metro linea gehienak atzo libratu ziren. Bitartean, Haloweeneko desfilea lehenik eta ondoren igandeko maratoia ere bertan behera utzi zituen Bloombergek alkateak.

Eta gaur asteartea da, hauteskunde eguna. Argi dago ondorio politikoak izango duela hurakanak bertan. Aztertzaile gehienek diote Obamaren aldekoa izango dela eragina, duela aste batzuk Romney esan baitzuen hondamendi naturalei aurre egiteaz arduratzen den FEMA agentzia federala kendu behar zela, gehiegizko gastua zelako. Bestalde, New Jerseyko gobernadore Chris Christie errepublikarrak Obamaren erantzuna eta jarrera txalotu zituen iragan astean, gerora hauteskundeetarako Romneyren aldeko hautua berretsi duen arren.

Baina babes adierazpenik esanguratsuena New York-eko alkate Michael Bloomberg-engandik jaso du Obamak. Bloomberg jatorriz errepublikarra bada ere, egun independiente moduan dabil, baina Obamaren alde bozkatzera deitu du. Hurakana klima aldaketak eragin duela iritzi dio Bloombergek eta, bere iritziz, horren aurkako jarrera duen hautagaia Obama denez, haren aldeko hautua egin zuen publiko domusantu egunean. Bitxia da kontua, Sandy etorri arte hautagaietako batek ere ez baitzuen klima aldaketa aipatu buruz buru egindako hiru eztabaidetan. Hala ere, Bloombergen irudia ez da orbange atera afera honetatik: hurakana gorabehera, maratoia egitearen aldekoa zen bera baina abiapuntua Staten Island bera izanik, egoera negargarrian dauden bertako biztanleen haserreak eta gertatzekoak ziren istiluek eragin dute azken orduan alkatearen erabakia. Korrikalariek eurek kiroltasunez hartu dute lasterketarik gabe geratzea eta aparteko kexarik ez dute adierazi: igandean batzuk kalean paseatzen ibili ziren, beste batzuk parkeetan korrika egiten eta beste hainbat Staten Island-en bolondres moduan laguntzen izan ziren.

Alea jacta est, ez dakit Obama berriro presidente hautatzeak klima aldaketan eraginik izango duen, baina eguraldiak presidentzian eraginik duen gaur bertan argituko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude