Eroski Contigo… Nirekin ez behintzat

By | 2010/03/20

Urrian idatzi nuen hemen Eroski Contigo tarifa goraipatzen eta uneko onena zela esaten. Halaxe zen eta, esan nuen moduan, ahal bezain laster erabakia nuen horretara pasatzea. Hor hasi zen nire odisea telematiko-telefonikoa Eroskirekin. Laburbilduta: bost hilabete tardatu dute tarifa eskuratzeko ezinbestekoa nuen euren VISA txartela ematen, eta bitarte horretan eskaeraren arrazoia zen Contigo tarifa kendu egin dute. Baten baten inkonpetentzia nire kalterako izan da, bai, baina ziurtasun bat gehituta: dena izapideak Interneten (eta euskaraz) egiteagatik.

Telefonoz Eroski Movilera deituta informatu nintzen uneko tarifarik onena eskuratzeko baldintzez. Esan zidatenez, aurretik Eroski Fundazioko kide izan edo euren Visa Red txartela eduki beharra zegoen tarifa hori eskatu ahal izateko. Bada, egun horretan bertan egin nuen txartelaren eskabidea. Aurrerapenez egin nuen eskabidea, internauta naizenez, Internet bidez eta, euskalduna naizenez, euskaraz. Uste dut aukera horietako batek eragina izan duela sinatzeko paperak hiru hilabete geroago heldu izanarekin. Sinatuta eta eskatzen zidaten nominaren fotokopia erantsita bidali nituen.

Ondoren, beste bi hilabete igaro ziren berririk gabe. Duela hiru aste, txartela heltzen ez zela ikusita, deitu egin nuen Visa Red Eroskiren txarteleko telefonora. Itxura denez, Eroskik Santander bankuarekin (ez galdetu niri zergatik ez laboralarekin) daraman Red txartelaren zerbitzu hori hirugarren enpresa batek kudeatzen du, Grupo Konecta izeneko madrildarrak. Deitu eta orduan azaldu zidaten dokumentu gehiago bidali behar nituela: kooperatibista nintzenez errenta aitorpena ere bidali behar nien, beste jendearentzat nahikoa izaten den nominaz gain. Dokumentu horiek eskatuak zizkidatela zen euren txosteneko informazioa, horregatik ez zidatela deitu.  Ez zen egia, inork ez baizidan deitu. Baten batek suertea izan duen arren, Internet bidezko eskaerak askoz motelago tramitatzen dituztela ere esan zidaten. Hori egia dela badakit. Ba omen daukate pertsona bat arratsaldez, Internet bidez bidalitakoak kudeatzeko, eta beste bat euskaraz egiteko, baina ez dira pertsona bera eta, akaso izapiderik ez zen egongo baldintza biak (estreinakoz?) suertatuz gero.

Bidali nien errentarena ere, ohar batekin:

Nik deitu ostean telefonoz eskatu didazuen moduan, honekin batera doakizue nire errenta aitorpenaren deklarazioa.

Ez dakit noiz pentsatuta zenuten zerbait falta zitzaidala esatea, baina URRIAN egin nuen eskaera sarean, ta duela hilabete bidali nizuen sinatuta formularioa nominarekin. Gainera, hemen daukat zuek bidalitako gutuna eta testualki, zera dio: “dni.aren fotokopiarekin batea sarrialdi justifikantea (nomina, zahar sari edo errenta deklarazioa) adjuntatu behar duzue”. Bata EDO bestea dioenez, nik diru-sarreren justifikantea (nomina) bidali nuen, nahikoa izango zelakoan. Argi dago gaizki idatzita dagoela (bestelako akatsez gain). Beraz, gutuna zuzentzeko eskatzen dizuet, ni bezala izapideak sarean eta euskaraz egitea aukeratzen dutenek ez dezaten besteek baino gehiago itxaron beharrik izan.

Adeitasunez

P.D. Kooperatibista garenoi besteei baino dokumentu gehiago eskatzeak ironikoa dirudi, gainera, kooperatiba batengandik etorrita.

Aste honetako ostegunean heldu zitzaidan zorioneko VISA txartela. Azkenik! Orangerekiko permanentzia aspaldi bukatua dut eta irrikaz nengoen hainbeste laguni gomendatutako Eroski Contigora pasatzeko aukera behingoz izango nuelako, urtean aurreratuko nituen euroekin a zelako planak egingo nituen! Astelehenean bertan, faltarik gabe, Hiper Eroski batera joateko asmoa neukan, frantses multinazionala utzi eta euskal kooperatiba baten telefonia zerbitzua erabiltzen hasteko desiatzen nengoen…

Hara non gaur sartu naizen Eroski Movilen webgunean, tarifak bere horretan dauden ikusteko eta, nire atsekaberako, Contigo hori ez da agertzen jada, 15 zentimoko beste bat baizik. Aldatu dituzte tarifak aste honetan. Urduri, euren telefonoa markatu dut eta (aurreko biei bezala tarifa non dagoen euskaraz galdetu diedan hirugarren) telefonistak esan dit abenduaren 31 arte zela eskaintza hori. Niri inork ez zidala hori esan azaldu diot, eta Interneten egin nuela eskabidea. Berak argitu dit tarifa hori urte bukaera arte eta saltoki fisikoetan eskatutakoei gorde egin zaiela, geroago aplikatzeko bazen ere. Nik esan diot inork ez zidala horrelakorik esan eta berak saltoki fisikoetan bakarrik erreserbatzen zela (nola erreserbatuko zidaten, hala ere, baldintza den txartela oraindik ez baneukan?), sentitzen duela baina tarifa hori dagoeneko ez dagoela indarrean. “Eskerrik asko deitzeagatik”, agur.

Errepasatuz: eskatu didaten guztia egin dut, txartela eskatu, dokumentuak bidali, pazientziaz itxaron… Eta orain galdetzen diot nire buruari: zertarako hainbeste pazientzia, hainbeste tramite, dei eta email, emango ez didaten tarifa bat lortzeko? Saltokietan eskatu dutenei bai, gorde zaie contigo tarifa hori, baina Internet bidez egin dugunoi ezer ez, itxaronaldi luzeaz gain.

Hori eskatzeko baldintza zen beraien txartela Internetez eskatu eta bost hilabetera ematen badute, gainera, euren inkonpetentzia norberak ordaindu behar du orain. Tontoa ni, eskabidea Interneten eta euskaraz egiteagatik. “Egin zitekeelako” egin nuen, sobera denboraz, eta orain hemen nago, larunbat arratsalde gozoa galtzen, haserrea teklekin askatuz. Orain pentsatzen dut red txartel hori zaborretara botako dudala, zertarako emango nituen hainbeste buelta? Aaargh! Nazkatu nauten beste basko batzuk, oraingoan inkonpetentziagatik. Banoa Pepephoneko espainolengana, zer erremedio.

6 thoughts on “Eroski Contigo… Nirekin ez behintzat

  1. Desplazatua

    Ba nik, segurutik perezegatik, nire lehenengo sakelekoa eskuratu nuenetik, amak oparitxuta etxetik joan nintzenean, vodafoneko bezero izaten jarraitzen dot; sekula eztot hartu “eskainitako abantaila eskaintzarik”, ta behin bakarrik aldatu ditxut puntuak beste mobil bategatik (hilabetez izan nuen eta berriro hasieran baztertu nuena errekuperatu nuen, hobeto zebilen-eta); egia eztaukat pisuzko arrazoirik nire “alferkeria” justifikatzeko, baina zurea modukoak irakurrita gogora etortzen jat aitxak oraindik “brometan-edo” esaten dunea: “virgencita-virgencita, que me quede como estoy”
    😉

    Reply
  2. Gorka

    Enpresa askorentzat Internet fatxada hutsa da, pentsatzen nuen Eroskikoak serioagoak zirela baina badaezbada tramiteren bat egitekotan hipermerkatura joango naiz

    Reply
  3. EROSKI zurekin

    Kaixo Jabi,
    Lehendabizi, zuri gertatutakoa sentitzen dugula jakinarazi nahi dizugu, Eroskiri dagokion partetik.
    Nire lankideak zure kasua aztertzen hari dira, eta dagokionari azalpenak eskatzen ere, zeren eta, zure kasua aparteko zerbait izan da.
    Zuk esan bezala, ez da normala izapideak bete ondoren, erantzunik ez jasotzea. Eta ez da normala ere, beraiek esan zizutena -zure izpidea dokumenturen baten falta dagoela- zuk horren berririk izan gabe. Dirudienez, alta berrientzako zirkuitoan, akatsen bat gertatu da, eta zu izan zara kaltetua.
    Honelako kasuek hobetzen laguntzen gaituzte, baina zuk ez dituzu horren ondorioak zertan pairatu.
    Horregaitik, berriz ere barkamena eskatu nahi dizugu, gure seriotasuna kolokan jartzen bait duzu, baina akats bat izan dela berretsi nahi dugu.
    Agur bat

    Reply
  4. Jabi Zabala Post author

    Bada, Marijo, uste dot noizean behin komeni dala burua atera eta inguruan zer eskaintza interesgarri dagoen. Enpresentzat gaur egun ez dago “aspaldiko bezeroaren” kontzeptu zahar hori, gehiago eskaintzen diote etortzekotan denari eurekin 10 urte daramatzanari baino. Berez konpainiaz aldatzeak ez du zertan gorabeherarik izan, batzuetan izaten diren arren.

    Gaira bueltatuz, atzo deitu zidaten Eroski red-etik “argitaratzeko” (argitzeko uste dut esan nahi zuela) eskabidea abenduaren 10ean bete nuela eta eurek urtarrilaren 25ean bidali zidatela lehenengoz sinatzeko dokumentazioa, bi aldiz bidali zidatelako. Ez dut esango azken hori gezurra denik, akaso postariari galduko zitzaion lehen gutun hori, baina bai faltsua da geroago dokumentu gehiago behar zutela esateko inork deitu zidanik, neuk deitu bainuen, atzerapena ikusita. Ez dakit neska honi hiru hilabete eta erdi onargarriago iruditzen zitzaion, ulertzen dut Red txartelekoek bere burua zuritzeko ahaleginean ibiltzea, baina bost barik hiru izan balira ere onartezina irudituko litzaidake, are bezero batzuek hiru egunean lortu dutela irakurrita. Nik behintzat eskatu zaidan guztia egin dut berehala, atzerapen osoaren bi-hiru egun lepora diezadakete gehienez.

    Eroski zurekin: Barkamena eskatzen didazue. Horretarako gutxienez nik hasieran eskatu nuena aitortu beharko zenidate: Tarifa Contigo. Hain zaila da? Ondoren etorriko litzateke itxaronaldia eta buruko min guztiak zerbaitekin amortizatu daitezkeen pentsatzea…

    Reply
  5. Jabi Zabala Post author

    Tira, denbora pasatu da, Eroskikoek dirudienez “barkatu baina izorrai” horrekin konformatu dira eta nik, bitartean pepephonera eskatu dut portabilitatea, Orangeko mugikorra liberatu ostean. Badakizue, konpainiek “oparitutako” terminalak, permanentziako 18 hilabeteen buruan, bezeroak nahi izanez gero liberatzeko kodeak ematera legeak behartuta daudela, beste konpainia bateko txartelarekin erabil ahal izan dezazun. Hori bai, Orangeko mobila liberatzeko dei dezazun ematen dizute telefono zenbaki normal bat, ez doakoa (651822222) eta minutu aaaasko tardatzen dute hartzeko, horrek dakarren kostoarekin.

    Movilonia tarifa eskatu dut Nuevega y llama izenekoa: ezarpenik ez eta minutuko 9 zentimo, gehi 7 euroren truke 300 MB hilean nabigatzeko. Fakturarekin kalkulatuta, orain ordaintzen dudanaren erdia ordainduko dut, ez dago batere gaizki. Gainera, gastatutakoa beste ematen dizute gero deskontu moduan bidaiak eta auto alokairuak ordaintzeko. Kontatuko dizuet nola funtzionatzen duen, datorren astetik aurrera…

    Reply
  6. Jabi Zabala Post author

    EGUNERAKETA: GAUR deitu didate Eroskitik, esateko “Contigo” tarifa emango didatela erabaki dutela, baldin eta “Eroski Movilekin kontratua badaukat”. Deitu dien neskari erantzun diot ulertuko duenez, euren ezetzaren ostean ez nintzela euren zain geratuko eta duela ia bi hilabete pasa nintzela Pepephonera. Nola egingo nuen kontratua ez bazidaten nik nahi nuen tarifa ematen? Tira, pixkat barregarria ere bada. Enpin…

    Reply

Utzi erantzuna Jabi Zabala(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude