50eko urteetako alegiazko hiri amerikarra

By | 2010/03/09

Ocondesign-en bidez ezagutu dut gaur Michael Paul Smith-en lan bitxia Flickr-en. AEBetako barnekaldeko hiri txiki batekoak diruditen argazkiak egiten ditu, nahiko retroa, hori bai, amerikarren bizimoduko 50eko hamarkadako urte zoriontsuetako hiri horretako argazkiak baitira.

Benetako argazkiak dira, bai, baina ez erabat. Kalean hainbeste auto klasiko topatzeko Kubara joan beharra zeukan seguraski eta ez, Michael ez da etxetik mugitu. Eskala txikiko modelo oso sinesgarriak egiteaz gain, argazkietarako kalean kokatzen ditu eta hondoko paisaiarekin nahasiz egiantza lortzen du.

Bere argazkien diapositiba aurkezpenak merezi du bisita: Herriko tailerra eta ondoan aparkatutako auto zaharrak, edurtutako gaueko paisaia, Hopperren Nighthawks koadroa gogora ekartzen duten eszenak… Argazki batzuetan bera ere agertzen da, sinets dezagun trikimailua dela, eta bere eredu zenbaitetan barrabaskeriak egiten aurkituko dugu Theresa Thompson laguna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude