Ona El Club de Los Sentidos-eko kideek Kafe Antzokiaren gainean egin duten bideoa. Egunotako zurrunbilotik atera gabe behintzat barre batzuk egiteko balioko du.
Tira, beste hainbatek bezala, blogari arreta handiegirik ez diot ematen azkenaldion, ez bada agure kakerreraren iritzi testu beti hasieran-uste-baino-luzeagoak botatzeko. Guztiz bat nator Benitok lehengoan idatzitakoarekin: gero eta gehiago gabiltza Twitter eta Facebook-en mikroblogatzen eta, beraz, arreta gutxiago ematen diogu blogari, baita besteen blogei ere. Bloga krisian dago, ekonomia bezala. Beraz, San Inaziori kasurik ez egitearren, erabaki dut blogari bueltatxo bat ematea, WordPress instalazioa 2.7ra eguneratu ostean. Hala, theme moderno hau aukeratu dut, ea zuen gustokoa den…
Lehengo egunean, Bilboko erdialdeko denda baten barrutik ia ahaztua nuen idazmakinaren tak-tak mekanikoa entzutean pentsatu nuen zer kontraste bitxia den ingurune moderno horretan tresna hori aurkitzea eta zertarako erabiliko ote duten galdetu nion nire buruari, akaso testu gutxi eskatzen duen ordainagiriren bat idazteko, auskalo.
Egun batzuk geroago Javier Marias izeneko kabernikola batek Interneti buruz aurreiritziz betetako artikulu tamalgarria idatzi zuela eta, blogari batek erantzun bikaina eman ziola txiokatu zuen Xabi Del Rey lagunak. Leku guztietan badira kabernikola atzeratu teknologikoak, ez bakarrik euskaldunon artean, baina tipo horrena gehiegi da. Entzuna nuen inoiz haren izena baina, egia esan, ez nekien idazle emankorra eta gaztelaniaren akademikoa zenik. Bada, hainbeste perlaren artean (miresle batek hari buruzko webgunea duela hamar urte sareratu eta denbora honetan gogoz elikatu duen arren oraino inoiz bisitatu gabea zela), berak harro zabaldu du idazteko ez duela ordenagailurik erabiltzen, hainbeste liburu idatzi dituen arren. Zuzenketak egiteko zailtasunaz gain, bigarren pentsamendua da norbaitek pikatu beharko dizkiola testu guztiak… Horrelako redneck teknofobo harroen jarrerak euskaldunen artean nahiko baztertuta daudela uste dut nik ere, baina bere burua unibertsaltasunez janzten duen hizkuntza boteretsu bateko akademiko batek bultzatzea…
Bilbon gaude, El Corte Inglesen ondoan. Inguru hurbilean daude sarrerak saltzekoak ziren hiru saltokiak: Corte Ingles, Fnac eta Ikatz denda. Ehunka gaztek gaupasa egin dute hiru lekuon ondoan, Bizkaia osotik etorrita, sarrera eskuratzeko segurantzia izateko. Goizeko 10etan hasi omen da salmenta baina zerbait ez zebilen ondo, iladak ez zuen aurrera egiten…
Lagun batzuk izan ditut gau osoan zain, hotzak hilik, Corte Inglesen ondoko espaloian. Gauean eurek antolatu dute erreskada, zenbakiak banatu dituzte eta 42. lekua izanik sarrera lortzeko segurantzia. Ez da nekerik, ez da hotzik edo goserik. AC/DC ikusteagatik jasangarria zaie, For those about to rock… Bitartean, neu, bulegoko epelean hamarrak jotzean hasi naiz saiatzen: bi ordenagailu, bi sarbide ezberdinetatik eta bi nabigatzaile… Ezinezkoa. Salmenta telefonoetara etengabe deitzen, dena saturatuta.
Azkenik, finantza krisiaren inguruko azalpen ulergarria, Xabiren eskutik.
Laurogeiko urteen biktima garenok ez dakit elkartea egin behar dugun, askok proposatzen duten moduan, azken finean nire kasuan beste edozein garaitan hazitako umeen antzeko oroitzapen pertsonalak dauzkat, ume eta gazte baten begiradarekin ikusi bainituen. Baina baditugu gure artean identifikatu eta geuk bakarrik ezagutzen ditugun hainbat kultura gako. Gustatu zitzaidan Coca Colaren iragarki hura, orain gehienak guraso berri hipotekatu direnean, gako horietako zenbaiten (espainiar eremukoak) enumerazioa zelako. Baina badira belaunaldi baten bestelako sinbolo batzuk. Oroitzapenak berpiztu egin zitzaizkidan lehengoan, Somerako txinatarren dendara sartu nintzenean… Erloju hura erakusmahaian ikusi nuen eta, mugimendu atabiko batek bultzatuta eraman nuen eskua ezkerreko eskuturrera: “Nire erlojua!” pentsatu nuen segundu batez. Han zegoen nire CASIO mitikoa, 12 euroan salgai. Ez nuen gogoratzen bere izena baina googlek esan dit Casio F91W duela izena. Gehiago irakurri…
Euskararen eta gure unibertsoaren inguruko dokumentala ari da prestatzen Emily Lobsenz laguna. Hemen Ipuina kontatu proiektuaren bideo pilotoa edo izango dena laburbiltzen duen promo bideoa.
Kafe Antzokian Internet bidez sarrerak saltzen hasi eta bi egunera The Dictators talde mitikoaren kontzertua; ostean ostea, normala denez. Canon 1000d kamara on eta eskuragarri berriarekin argazki batzuk egin nizkien, besteak beste Ross The Boss, Andy Shernoff eta Handsome Dick Manitoba ospetsuei. Hemen bat, beste batzuk nire Flickr-eko txokoan daude.
Atzo denboraldi berriko bigarren saioa irratia.com-e, Danbaka lehiaketa Gasteizko Hala Bedik eta gaztetxeak antolatutako jaialdia (txorionak!) Gaur, berriz, Facebook-en izena eman eta interfacea ikertzen eman dut arratsaldea. Zenbat lagun egin daitezkeen bost minututan! Vale.

Joxe teknopataren rola hartuko dut gaurkoan nire gadget berriaz jarduteko. Urtebete da UMPC edo eramangarri nanoen moda hasi zela, iazko urrian Taiwanen agertu eta maiatza arte euskal erdira heldu ez zen EEE PC ospetsuarekin. Bitartean, eta azkenaldion bereziki, hainbeste netbook ikusi ditugu eta harekiko zein ondorengo batzuekiko beroaldia pasatu ere egin zitzaigun, modelo indartsuago eta pantaila pixkat handiagokoak atera orduko. Txikien ugaltzeak eta hazkundeak seguraski jarraipena izango du urrian (LG eta Dell nano berriak iragarri dituzte), baina nik plantoa egin nuen atzo Eee PC 1000H erosita. Gehiago irakurri…
Aste Nagusiko zurrunbiloan sartuta, desorduetan aurkitu dut egunotan gmail kontsultatzeko aukera. Atzokoan Dublinetik Kate lagunak bidalitako mezuak Ronnie Drew handiaren heriotzaren berri eman zidan. Ostiralean zendu zen, 73 urterekin, gaitzaren kontrako borroka luze baten ondoren. Irlandan sobera ezaguna, Dubliners talde mitikoaren sortzailea izan zen Ronnie, kanta ezagun askoren egilea eta egun munduan zabalduta dagoen Irlandari buruzko irudi asoziazio multzo horren bultzagile nagusietakoa, pub-etako musikari dagokionez behintzat. Onartu behar dut nik 80etan eta The Pogues-en eskutik ezagutu nuela Ronnieren musika, baina gerora konturatu nintzen antzeko punkie (zaharrago) batzuk bazirela dublindarrak eta nik estimatzen nituen zenbait kanturen benetako egileak.
Duela sei urte bera eta bere emazte Deirdre ezagutzeko zortea izan nuen, baita eurentzako txofer lana egiteko ere. Josu Zabalak Otxandioko Korostondon antolatu zuen afari gogoangarria eta bertan izan ziren Antonio Breschi eta Jose Angel Irigaray, baita Josuren koadrilla musikala ere. Breschiren bidezko kontaktu horietatik etorri zen geroago Ronnieren parte hartzea Irigarayren Zeharbidetan diskoan. Argazki batzuk egiteko aukera izan nuen, baita pasarteren bat grabatzeko ere.
Sorpresarik handiena hartu nuen orduan, Ronnie gaztelaniaz ederto moldatzen zela ikustean eta berak, Andaluziako azentudun erdara garbian azaldu zigun 18 urterekin ingeles ikasle ibili zela Sevillan eta bertan ikasi zuela gaztelania… Hori bai, “sin libroh ni ná, en loh bare hablando con la gente”. Otxandiora etorri zelarik edana aparte utzia zuen Ronniek, baina geroago tabakoak pasatu zion fakturarik potoloena: iaz, Ronnie gaisoa zaintzen ari zela, ustekabean Deirdre jo zuen samako gaitzak eta berehala zulora eraman. Haren bidetik joan da Ronnie ere urtebete geroago.
Dagoen lekuan dagoela, parranda ederra egiten ibiliko da Ronnie, seguru, hainbeste urte edan barik eman ostean… Orain, Bilboko zortzi eguneko kaos, alkohol eta parranda giroan murgilduta gaudela, burura etortzen zaidan Ronnieren lehen doinua Seven drunken nights da, zein bestela?
Eta amaitzeko, Katek atzokoan bidalitako filmotekako harribitxi bat, blog interesgarri honetan aurkitua: Eurek ospetsu bilakatutako O’Donoghues pub-aren izena, bizardunak, alkohola, neskak… eta gazta moztu zezakeen Ronnieren ahots paregabea. 1965an filmatua, kontakizuna eta guzti duen baina sekula montatua edo argitaratua izan ez zen film laburra. On egin/Slàinte.












