Tira, zerbaitetan irabazi behar zuen hemengo enpresa batek eta, une honetan, Hego Euskal Herrian telefonia mugikorreko kontraturik interesgarriena Eroski Movil-ek dauka bere Contigo tarifarekin: deiaren ezarpena doan eta minutuko 10 zentimo, edozein ordutan Espainiako edozein telefonotara. Esan daiteke bertakoa ere dugun Euskaltelen antitesia dela Eroski, ia publizitaterik egin gabe, tarifarik merkeena eskaintzen baitu Elorrioko operatzaile birtualak. Gehiago irakurri…
Kaixo parrokianoak! Uztaila eta abuztuan offline egon da bitakora, lo. Ni ez, bestelako zereginetan ibili bainaiz eta, batez ere hala nahi izan dudalako, udako atsedena eman diot nire agerkari honi. Baina zerbait idatzi behar da hautsa astindu eta irailari ongi etorria emateko. Eta krisiaren eta itzuleraren hilabete postpotrojorril honetan sartu garenez gero, ondo dago gogoratzea hil honetarako prestatu duela berriro Iñaki Uriarte arkitektoak bere itsasadarreko ibilbideak.
Arkitekto kritikoa da Uriarte, bere ibilbideetan itsasadarrean eman diren gehiegikeriak eta ondarearekiko arduragabekeriak zorrotz aztertzen eta kontatzen dituena. Euskal Herria ontzitik itsasadarrean behera Santurtzirainoko bidaia egin ez duenak egunotan du aukera gomendagarria. Goizez, arratsaldez eta gauez ere egin daitezke ibilbideak, begiratu ibilbideen egutegia (pdf) eta aldez aurretik izena eman, arkitekoen elkargoan. A, eta kamara eraman, horrela nire ibilbidekoen moduko argazkiak egin ahal izango dituzue.
1967ko Bertsolari Txapelketaren gaineko Pio Caro Barojaren dokumentala
Berriki TVEren artxiboetatik eskuratutako harribitxia eskaini digu ETBko Hitzetik Hortzera saioak. Pio Caro Baroja dokumentalistak zuzendua, bertsolaritzaren gaineko azalpen argigarri eta bikainak eskaintzen dizkigu, aspaldiagoko eta orduko bertsolariei buruzko hainbat daturekin batera. Bertan, zeharka bada ere, Xalbadorri ikusle batzuek botatako txistu famatuak ageri dira. Hemen duzue orain arte artxiboetan galduta egon den altxor dokumental hau baita, ondoren, final haren inguruan Xabier Amuriza, Amets Arzalluz eta Joserra Gartzia solasean ere.
Mayor Orejak botatakoak ditugu hizpide egunotan. Ikusi ez dituenak hemen du bideoa: Bere birraitonak aitonari euskara debekatuz egin zion mesede eta, harena bezalako gogo irekiak dituen jendea behar dela euskarari dagokion tratua emateko.
Hain gordina izan da debekuaren aldeko bere adierazpena, ezen Basagoiti alderdikideak leundu behar izan du. Baina bigarren zatia ekarri nahi dut. Mayor Orejaren azken esaldiak iradokitzen du zein den argudioaren oinarria: El papel importantísimo del Español.
Espainieraren aldeko aldarriak justifikazioa bilatu beharra du, eta justifikazio honek lotzen du Mayorren diskurtsoa gaztelaniaren ustezko bikaintasun eta mundialtasun sena berezkoaren teoriarekin. Oso interesgarria da azken finean ulertzeko zergatik jende honek ikuskatzen duen gaztelania ilustratuen hizkuntza zerutiar gisa. Jakobinismoaren arrazionaltasun ta neutraltasunarena bezain faltsua den nagusitasun intelektualaren mito etnozentrista.
Hainbat gauza interesgarri azaltzen dira Informe Semanaleko beste dokumentu honetan:
Orain jakin dut zerbait gaiztoa ere egiten nuela, gaizki sentitzen naiz EAJk Patxi Lopezen webgune berria salatu eta itxiarazi ostean. Pachi lendacari-ren gobiernodecambioeneuskadi.org webgune abortatuaz ari naiz. EITBren arabera, “EAJk “erabat legez kanpo” dagoela salatu du, horren atzean egoitza Kaiman uharteetan duen enpresa bat baitago”.
Noski, horrela esanda… Berez, Patxiren (edo bere Internet jendearen) pekatua omen zen domeinua erregistratzeko Directnic enpresa erabili izana. Nik azken urteotan dozenaka domeinu erregistratu izan ditut enpresa horren bidez, oraintsu arte egoitza New Orleans-en bazuten ere. Hala ere, kobratzen dituzten 15 dolarrak baino merkeagoa den Godaddy-ra pasatu ditut gehienak azkenaldion, 7 euro inguru kobratzen baititu AEB inperialisten Arizona redneck-ean egoitza duen azken honek. Ez dakit nor dagoen enpresa hauen atzean eta, egia esan, orain arte ez diot erreparatu egoitza karibeko uharte batean zuten, prezioari baino.
Informazio gehiago bilatuz, gero jakin dut ezlegaltasuna edo akatsa Eusko Jaurlaritzaren webgune ofizialak ezartzeko indarrean diren hainbat dekretu eta lehiaketaren gainetik igaro izana dela. Hori beste gauza bat da. “Paradisu fiskalak” aipatuz goiburu ikusgarria bilatzea joera ulergarria da zenbait politikari eta kazetarirengan, baina egongo da zer kritikatu nobelak asmatzen ibili barik. Baten batek erreparatu dio asmakizunari eta abisatu du, paradisu horietan aztertuz gero 15 dolarreko domeinu erregistro baten fiskalitatea baino zuriketa potoloagorik aurki litekeela.
Bide batez: Jaurlaritzaren euskadi.net domeinua, berriz, Euskaltelen bidez Nominalia enpresan erregistratuta dago, EAEko beste domeinu ofizial batzuen moduan. Enpresa honek 34 euro kobratzen du urteko eta domeinuko. Hala, iradoki dutenez delitua domeinu bat Kaiman uharteetan erregistratzea bada, nik diot delitu gehiago duela 2009an domeinu bat erregistratzeagatik 34 euro eskatzeak. Tira, momentuz nahikoa da, beste baterako utziko dugu EJIEk eta edozein hosting enpresak eskaintzen dituzten zerbitzuen (eta horien kostuen) alderaketa.
Riiing -kaleko txirrinak jo du.
-Bai?
-Correo comercial, ¿me abres?
Atarira jaitsi eta Telepizzako panfletoak ziren…
Jendea engainatzeko teknika txikiak, dira. Dena eufemismoekin izendatzen den aroan panfleto banatzaileak ere postari komertzialak ei dira. Hirian bizi naizenetik jakin dut spam-a ez dela Internetekoa bakarrik, hura baino zaharragoa ere baita etxerik etxeko paperezkoa. Eufemismoez gain, gezur txikiak ere botatzen dituzte batzuek. Aurreko batean “La revista de Ikea” erantzun zidan batek, atea zabal nezan. Zaharrentzako audifonoen publizitatea zen.
Beste batzuetan, “propaganda” erantzuten dutenean, gogoa ematen dit galdetzeko zein alderdi edo ideologiarena den, banatzaileak tontoa naizela pentsatuko duela jakin arren. Izan ere, ez dira bakarrak propaganda eta publizitate komertziala nahasten. Azken finean, filosofatzen hasten bagara (philosophia baino obia, oilo zopia) ezberdintzen zailak direla ikusiko dugu. Telebista piztea baino ez dago Berlusconirena publizitatea eta McDonalds-ena propaganda dela konturatzeko.
Baina badago teknikak findu barik atari-firewall azpiko zirrikituan panfletobombing-a egiteko segurtasun zuloa topatzen duenik ere. Atarian MediaMarkt-eko zaborra batzen gerria bihurritu ostean aurkitu nuen in fraganti morroi handia, zenbaki batzuk harago bere spam-a ate azpitik askatzen. Bronka botatzen nion bitartean konturatu nintzen atzeratua zela eta azkenean nire buruarekin ere txarto sentitu nintzen. Nola borrokatu orduan spam honen kontra? Bada, atzo ataria enpapelatu zidaten Pizzón Pizza enpresako lagunei egitea bururatu zaidana, egin didaten bera egitea eurei ere: bertara joan eta “jatetxe” atariaren barruan dozenaka panfleto askatzea. Noski, beste marka batekoak, ikus dezaten spamari ere Talion legea ezarri dakiokeela. Aiba pizza, ma non pizza di mangiare…
…Tuiter, fologuer. Idoloak… Nor da Edans?
Berriki, sarean.com honen itxura aldatu nuen, instalazioa eguneratzearekin batera, baina ez nintzen gustora geratu, behar ez nituen aukera batzuk zituen theme ikusgarriak, eta behar nituenak ez. Buelta batzuk eman ostean, hemen naiz berriro, itxura berriarekin baina, batez ere, nire lehengo goiburu edo mantxeta irudien bilduma maitea berreskuratuta. Irudi horiekin albuma egin dut Flickr-en, diaporama moduan ere ikus daitekeena.
Webguneko edukien lizentzia ere aldatu dut. Luistxori kasu eginez, erabilera ez komertzialarena kendu eta Aitortu-Partekatu baimen beraren arabera 3.0 ezarri diet hemengo edukiei. Feedburner bidez e-postaz harpidetza egiteko aukera ere jarri dut, post berriak automatikoki postontzian jasotzeko.
Bilbo inguruan rockak izan duen historia, bilakaera, pasadizuak eta beste hainbat kontu biltzeko lan handia egin du Alvaro Heras musikazale getxoztarrak azken bost urteotan. Hala egiaztatzen da Lluvia hierro y Rock & Roll liburu mardula eskuetan hartu orduko. Mardula behar zuen, halabeharrez, botxo inguruan rock-ak izan dituen garai eta estilo guztiak biltzekotan. Elkarrizketa mordoa, hemeroteka lan piloa eta informazio guztiari forma eman beharra ez da egilearentzako samurra izan. Emaitza Vudumediako diseinatzaileen laguntzarekin autoeditatutako liburua, argazkiz, afitxez, disko azalez eta irudi bitxiz hornitua.
Gaiarekiko interesa duenak gogoz irakurriko du hasieratik bukaerara: 60ko urteekin batera abiatu eta Soroak, Arizonako kontzertuak, Los Mitos, rockabillie-ak, punk olatua, drogak, Eskorbuto, Gaueko, RRV-a, Bilboko gaztetxea, El Tubo, makrojaialdiak… Liburua eskuratu nahi duenak badaki pixkat mugitu beharko duela, oso leku gutxitan aurki daiteke salgai eta lehenenengo argitalpena agortu omen da. Informazio gehiago liburuaren myspace txokoan, baita Muga tabernaren blogean eta Koska irratian ere.
Ona El Club de Los Sentidos-eko kideek Kafe Antzokiaren gainean egin duten bideoa. Egunotako zurrunbilotik atera gabe behintzat barre batzuk egiteko balioko du.













