Kontuz katekista terroristekin

2009ko Abenduak 22
Nork: Jabi Zabala

Barreari ezin eutsirik irakurri nuen titularra lehengo egunean: “El entorno de ETA utiliza grupos de catequesis para adoctrinar a jóvenes“. Haw, haw, haw, eta gu enteratu gabe. Inuzenteen eguna hamar egun aurreratu nahi izan duten edo albistea 40 urte traspapelatuta argitaratu barik geratuko ote zen galdetuko du baten batek, bai zera! Fundación de Victimas del Terrorismo delako elkarte batek egindako ikerketa sakonaren ondorioa ei da eta oihartzuna izan du ABC, Libertad Digital, El Diario Exterior eta El Economista bezalako komunikabide serioetan.

Kontua da 13 urterekin katekesitik betirako egotzi nindutenetik gauzak asko aldatu direla. Katekesia ez omen da lehen zen leku aspergarria; orain terrorismo eskolak dira. Klaro, aspaldi mezara joaten ez naizenez, ez dakit zer nolako giro militantea dagoen bertan. Tira, Confuciok esan zuenez, “Más vale buen humor que en los cojones un tumor”. (Bide batez, konparatu Meneameko iruzkinak Libertad Digitalen daudenekin. Aizue, azken abduzitu hauek telebista katea daukatela!

El injusto juicio a Egunkaria

2009ko Abenduak 15
Nork: Jabi Zabala

Hoy comienza el juicio a los procesados a causa del cierre, en febrero de 2003, del diario Euskaldunon Egunkaria. A raíz de aquel cierre, y desde entonces, vengo escribiendo en este blog mis pedradas, desvaríos y reflexiones. Hoy, por primera vez desde entonces, me he decidido a escribir en español para tratar de contar a quien tenga interés y quiera escuchar mi explicación de por qué este proceso es uno de los mayores despropósitos judiciales de los últimos años. Sinceramente creo que, además de otras circunstancias desfavorables del contexto político, el desconocimiento fuera de nuestra comunidad vascoparlante sobre lo que era Egunkaria hizo posible que se lo cargaran impunemente. También ha hecho posible la prolongación en el tiempo de este injusto proceso y que hoy tengamos que estar hablando de compañeros juzgados, además de en su día ultrajados, maltratados y calumniados. Gehiago irakurri…

Gu gabeko mundua

2009ko Abenduak 12
Nork: Jabi Zabala

Zer gertatuko da gizakiok lurretik desagertzen garenean? Dudarik gabe, egunen batean desagertuko da azken gizakia eta, seguraski, planeta guztiz suntsitu ez badugu, bizitzak aurrera jarraituko du. Bideo honen abiapuntua gizaki guztiok bat-batean desagertuko garen unea da. Ez da arrazoia zehazten, baina alegiazko desagerpen baketsua izango dela suposatuz (izurrite indartsua-edo), biharamunean abiatzen da prospektiba hori. Gertatu izan da jada, hainbat lekutan: Txernobyl ondoko Pripiyat hirian edo Zipreko Varoshan ikus daitezke urte gutxi batzuren ondorioak babesik gabeko egitura, kale eta lorategietan. Denboraren podesuz gizakion eraikuntza guztiak desagertu eta naturak berriro hiriak kolonizatuko ditu…

Aritxulegitik Altsasura, gotorlekutik plazara

2009ko Azaroak 15
Nork: Jabi Zabala

Altsasun sortu zen Herri Batasuna, eta Atzoko agerpena bertan egin izana kointzidentzia ez dela pentsatu nahi dut. Azken hilabeteotan gabiltza, azken asteotan batez ere, ezker abertzaleak azkenik bide armatuaren amaiera barneratu duen zantzuak jasotzen. Atzokoa horren berrespena izan zen. Idatziz, asteotan zabaldutako eztabaidarako txostenak zekarren, noski, baina atzoko mise en scène-aren helburua erabaki horren inguruko batasuna adieraztea zen, barrura eta kanpora begira.

Noski, ezker abertzalea zentzu zabalean hartuta (eremu soziopolitikoa) aspaldion arnasten den bertako gehiengo sozialaren hausnarketa eta gogoa norabide horretan doa, baina nukleo politikoaren eskutik berariazko hain adierazpen argirik ez da egon orain arte. Lehengoan Arnaldo Otegik, Rafa Diezek eta sarekada berean atxilotutako besteek beste fase bat, beste estrategia batzuk, beste tresna batzuk izango zituen fase politiko berriaren hasiera eskatu zuten gartzelatik: “estrategia horrek oinarri bakarra izan beharko du: herritarren atxikimendua” zioten. Atzokoa ezker abertzaleko egitura politikoaren eta erreferentzia nagusien hitz horiekiko berrespen argia eta garbia izan zen. Gehiago irakurri…

Olazabalek “in Spanish” egin omen zuen

2009ko Azaroak 6
Nork: Jabi Zabala

Txema Olazabalek PGAko Hall Of Fame ospetsuan onartua izan zen lehengo egunean. Zeremonian gurasoei euskaraz zuzendutako eskertzak hunkitu nau beraiek bezala. Oso detaile polita izan zen, euskaratuko dut:

“Mundura ekarri ninduten . Zinez apalak dira eta bizitzako kontu txikiekin gozatzen irakatsi didate. Neke asko pairatu dituzte euren seme-alabek bizitzan aukerak izan zitzaten. Ez dakite ingelesez, beraz, mesedez, utzidazue eskerrak ematen nire ama-hizkuntzan”. (Orduan euskaraz): “aita, ama, mila esker egin duzuen guztiagatikan. Zoragarriak zarete eta bihotz bihotzez maite zaituztet”, mila esker.

Jakinminez, nazioarteko ekitaldi publiko batean norbaitek euskara erabiltzeak izan duen oihartzunaren bila abiatu naiz, nire atsekaberako. Ingelesezko prentsan “golfista espainiarrari” eginiko omenaldiaren aipamen asko, aipamenik ez, ordea, hizkuntzari. Tira, hizkuntzari bai, baina ez euskarari:

“Olazabal provided another touching moment when he addressed his parents in Spanish. His mother bowed her head and began crying, and tears ran down the face of his father as he looked at his son”.

Webgune ofizialean badator ekitaldiaren kronika eta sarituen diskurtsoen transkripzioa. Hau da Olazabalenaren zatia:

“The next couple is even a little bit more special. They brought me into this world. They are truly humble, and they have shown me how to enjoy the small things in life. They’ve made a lot of sacrifices so their children could have a better start in life. They don’t speak a word of English, and please allow me to thank them in my native language. (Speaking Spanish.) (Applause.)”.

Beraz, “in my native language” esan zuenean, gaztelaniaz ere ez dakiten kazetariek jakintzat eman zuten kirolari espainiarrak gaztelaniaz esango zituela hitz ulertezin horiek. Ondorioz, seguraski PGAko prentsa ohar ofizialek hedatuta, euskarazko agurraren aipamenik ez ingelesez. Berriz, Googlen 180 bat lekutan ageri da gurasoei gaztelaniaz zuzendu ziela eskertza.

Eroski merkeena (telefonia mugikorrean)

2009ko Urriak 18
Nork: Jabi Zabala

Tira, zerbaitetan irabazi behar zuen hemengo enpresa batek eta, une honetan, Hego Euskal Herrian telefonia mugikorreko kontraturik interesgarriena Eroski Movil-ek dauka bere Contigo tarifarekin: deiaren ezarpena doan eta minutuko 10 zentimo, edozein ordutan Espainiako edozein telefonotara. Esan daiteke bertakoa ere dugun Euskaltelen antitesia dela Eroski, ia publizitaterik egin gabe, tarifarik merkeena eskaintzen baitu Elorrioko operatzaile birtualak. Gehiago irakurri…

Itsasadarrean behera, Iñaki Uriarteren azalpenek lagunduta

2009ko Irailak 11
Nork: Jabi Zabala

Molinos Vascos ZorrotzaKaixo parrokianoak! Uztaila eta abuztuan offline egon da bitakora, lo. Ni ez, bestelako zereginetan ibili bainaiz eta, batez ere hala nahi izan dudalako, udako atsedena eman diot nire agerkari honi. Baina zerbait idatzi behar da hautsa astindu eta irailari ongi etorria emateko. Eta krisiaren eta itzuleraren hilabete postpotrojorril honetan sartu garenez gero, ondo dago gogoratzea hil honetarako prestatu duela berriro Iñaki Uriarte arkitektoak bere itsasadarreko ibilbideak.

Arkitekto kritikoa da Uriarte, bere ibilbideetan itsasadarrean eman diren gehiegikeriak eta ondarearekiko arduragabekeriak zorrotz aztertzen eta kontatzen dituena. Euskal Herria ontzitik itsasadarrean behera Santurtzirainoko bidaia egin ez duenak egunotan du aukera gomendagarria. Goizez, arratsaldez eta gauez ere egin daitezke ibilbideak, begiratu ibilbideen egutegia (pdf) eta aldez aurretik izena eman, arkitekoen elkargoan. A, eta kamara eraman, horrela nire ibilbidekoen moduko argazkiak egin ahal izango dituzue.

1967ko Bertsolari Txapelketaren gaineko Pio Caro Barojaren dokumentala

2009ko Uztailak 1
Nork: Jabi Zabala

Berriki TVEren artxiboetatik eskuratutako harribitxia eskaini digu ETBko Hitzetik Hortzera saioak. Pio Caro Baroja dokumentalistak zuzendua, bertsolaritzaren gaineko azalpen argigarri eta bikainak eskaintzen dizkigu, aspaldiagoko eta orduko bertsolariei buruzko hainbat daturekin batera. Bertan, zeharka bada ere, Xalbadorri ikusle batzuek botatako txistu famatuak ageri dira. Hemen duzue orain arte artxiboetan galduta egon den altxor dokumental hau baita, ondoren, final haren inguruan Xabier Amuriza, Amets Arzalluz eta Joserra Gartzia solasean ere.

Espainiera, besteak baino hobea omen

2009ko Maiatzak 16
Nork: Jabi Zabala

Mayor Orejak botatakoak ditugu hizpide egunotan. Ikusi ez dituenak hemen du bideoa: Bere birraitonak aitonari euskara debekatuz egin zion mesede eta, harena bezalako gogo irekiak dituen jendea behar dela euskarari dagokion tratua emateko.

Hain gordina izan da debekuaren aldeko bere adierazpena, ezen Basagoiti alderdikideak leundu behar izan du. Baina bigarren zatia ekarri nahi dut. Mayor Orejaren azken esaldiak iradokitzen du zein den argudioaren oinarria: El papel importantísimo del Español.

Espainieraren aldeko aldarriak justifikazioa bilatu beharra du, eta justifikazio honek lotzen du Mayorren diskurtsoa gaztelaniaren ustezko bikaintasun eta mundialtasun sena berezkoaren teoriarekin. Oso interesgarria da azken finean ulertzeko zergatik jende honek ikuskatzen duen gaztelania ilustratuen hizkuntza zerutiar gisa. Jakobinismoaren arrazionaltasun ta neutraltasunarena bezain faltsua den nagusitasun intelektualaren mito etnozentrista.

Hainbat gauza interesgarri azaltzen dira Informe Semanaleko beste dokumentu honetan:

Gehiago irakurri…

Patxiren “paradisu fiskaletan” gustora nenbilen

2009ko Maiatzak 14
Nork: Jabi Zabala

Orain jakin dut zerbait gaiztoa ere egiten nuela, gaizki sentitzen naiz EAJk Patxi Lopezen webgune berria salatu eta itxiarazi ostean. Pachi lendacari-ren gobiernodecambioeneuskadi.org webgune abortatuaz ari naiz. EITBren arabera, “EAJk “erabat legez kanpo” dagoela salatu du, horren atzean egoitza Kaiman uharteetan duen enpresa bat baitago”.

Noski, horrela esanda… Berez, Patxiren (edo bere Internet jendearen) pekatua omen zen domeinua erregistratzeko Directnic enpresa erabili izana. Nik azken urteotan dozenaka domeinu erregistratu izan ditut enpresa horren bidez, oraintsu arte egoitza New Orleans-en bazuten ere. Hala ere, kobratzen dituzten 15 dolarrak baino merkeagoa den Godaddy-ra pasatu ditut gehienak azkenaldion, 7 euro inguru kobratzen baititu AEB inperialisten Arizona redneck-ean egoitza duen azken honek. Ez dakit nor dagoen enpresa hauen atzean eta, egia esan, orain arte ez diot erreparatu egoitza karibeko uharte batean zuten, prezioari baino.

Informazio gehiago bilatuz, gero jakin dut ezlegaltasuna edo akatsa Eusko Jaurlaritzaren webgune ofizialak ezartzeko indarrean diren hainbat dekretu eta lehiaketaren gainetik igaro izana dela. Hori beste gauza bat da. “Paradisu fiskalak” aipatuz goiburu ikusgarria bilatzea joera ulergarria da zenbait politikari eta kazetarirengan, baina egongo da zer kritikatu nobelak asmatzen ibili barik. Baten batek erreparatu dio asmakizunari eta abisatu du, paradisu horietan aztertuz gero 15 dolarreko domeinu erregistro baten fiskalitatea baino zuriketa potoloagorik aurki litekeela.

Bide batez: Jaurlaritzaren euskadi.net domeinua, berriz, Euskaltelen bidez Nominalia enpresan erregistratuta dago, EAEko beste domeinu ofizial batzuen moduan. Enpresa honek 34 euro kobratzen du urteko eta domeinuko. Hala, iradoki dutenez delitua domeinu bat Kaiman uharteetan erregistratzea bada, nik diot delitu gehiago duela 2009an domeinu bat erregistratzeagatik 34 euro eskatzeak. Tira, momentuz nahikoa da, beste baterako utziko dugu EJIEk eta edozein hosting enpresak eskaintzen dituzten zerbitzuen (eta horien kostuen) alderaketa.