'sarean' ataleko artxiboak
Blogei buruzko erreportaia atera dute aste honetan ETB1eko Sautrela saioan. Blogen fenomenoa literaturarekiko dituen harremanetatik aztertzen saiatu dira Xabier Gantzarain eta Jon Benito, azalpenekin hiru blogariren adierazpenak tartekatuz. Juan Luis Zabalarenak, Patxi Traperorenak eta neureak sartu dituzte, beste hainbatenak sar zitzaketen bezala. Ohi duten eran, txukun prestatu dute bideoa, baina hitz egindako kontu asko kanpoan geratu dira, telebistan askotan gertatzen den moduan. Hona hemen bideoa:
Apirilak 22, 2008
Lau urte igaro dira jada sarean.com hau publiko egin nuenetik. Sarean bertan dagoen garapen abiadura ikaragarrian ematen du denbora gehiago igaro dela, lehenengo euskarazko blog pertsonal hau agertu zenez gero ehunka sortu baitira daborduko. Erabat onartuta daukagu euskarazko blogosfera badela, benetan kontaezinak direlako gure hizkuntzan idatzitako blogak, baina hori pentsaezina zen duela lau urte. Lehengoan irratia.com-en aipatu genuenez, testuinguru bitxian suertatu zen: Iraken inbasioa, Prestigeren marea beltza…
Egunkaria itxi zuten espainiar agintari eta epaileei esker sortu zen sarean.com, baina teknologiaren aldetik Movable Typeri esker abiatu zen asuntua. Egun Wordpress erabiltzen dut, baina MT txiripaz ezagutu nuen Roberto Moso eta Niko Vazquezi esker, Mosoren Flores en la basura liburua sareratzeko Nikok sistema hori instalatu baizuen. Ez nuen nire burua gai ikusten orduan modan zeuden PHP-nuke eta postnuke edizio sistema dinamiko zailak erabiltzeko eta MTk aukera eman zidan edukiak kudeatzeko sistema erraza baizen.
Erraztasun hori eta are handiagoa gerora etorri diren edizio plataformena ere (blogari.net, blogak.com, goiena.net…) blogen loraldiaren gakoak dira. Ikusi da azkenik euskaldunok badugula zeresana eta tresna hau oso baliagarria dela, gainerako 2.0 tresnak bezala.
Buzzin’ in my head: Changes (David Bowie).
Apirilak 5, 2007
Katixak pasatu dit meme edo memelokeriaren marroia, hari Luistxok pasatuta. Luistxok bezala zer ez kontatu asko dudanez, zer demontre kontatu ibili naiz mamurtzen. Hona hemen niri buruz ez dakizkizun bost gauza, harrigarriak izanagatik denak egiazkoak:
1. Luistxok bezala, neuk ere futbolaz idatzi izan dut inoiz, behin Egunkarian baja bat kubritzeko beste bat inor ez eta Lezamara bidali ninduten partidu baten bezperan, partidu aurreko testua egiteko. Egun bezalaxe, futboletik Kalkutako Teresa baino aparteago nengoen sasoi hartan. Horoskopa idaztea baino are iruzur handiagoa iruditu zitzaidan.
2. Inoiz identifikatuen sentitu naiz pertsonaia Paco Martinez Soriak behin egindako Don Erre Que Erre filmeko protagonista da.
3. Lau urte nituela Woody Allen-en autoan buelta bat eman nuen familiarekin, Manhattan-etik Coney Island-era eta buelta. Gure senide bat haren txoferra zen garai hartan eta jefeak jakin gabe eraman gintuen. Aspaldi izan zen hura, Franco bizirik zen artean eta Gerald Ford zen AEBetako presidentea.
4. Euskara nire kabuz ikasi dudala esan daiteke. Beti arraro sentitu naiz non ikasi dudan galdetu didatenean, ez baitut inoiz erantzun konbentzional eta sinesgarri horietako bat izan. Erdaldun hazita, ez nintzen inoiz ikastola edo euskaltegi batean izan, 15 eguneko ikastarotxo bat kenduta. A ereduak urte batzuetan emandako oinarri makalaz gainerako guztia han eta hemen jaso dut.
5. Behin Torrebruno ikustera joan nintzen La Casillara. Oso fan handia nintzen eta hari autografoa eskatzen ere ahalegindu nintzen. Sekula ez dut beste aukerarik izango.
Marroia nori pasatu: Txabiri, Telezaborrari, Loretxoari, Patxikuri eta Iemeri.
Buzzin’ in my head: This Magic Moment (Lou Reed).
Otsailak 10, 2007
Lehengoan Gotzon Uribe lagunak elkarrizketa egin zidan Deiako Ortzadar gehigarriarentzako, irratia.com dela eta. Irratiak, blogak, sarea eta nire ohiko aldarrikapenak izan genituen hizpide. Argiaren Harian agertu zen aipamena baina Interneteko edizio irekian agertu ez zenez, hona dakartzat galdera-erantzunok. Interesa bai baina Deia irakurtzerik izan ez zuenarentzat, nik botatakoen gainean iruzkinik egin nahi duenarentzat… A, eta bai, nik “Internet” behar bezala idatzi nuen, letra larria hasieran (norbaitek zuzenduko zuen gerora).
Jabi Zabala: “Internautak eragilea izan behar du”
irratia.com euskaraz eginiko lehen irrati digitala sortu zuen orain dela zazpi urte Patxi Gaztelumendirekin batera
Testua: Gotzon Uribe
2000ko domusantu egunez abiatu zen irratia.com proiektua. Nagusiki musika kanalak entzuteko aukera ematen zuen webgunea zen. 2001ean Sareko Argia lortu zuten, ekarpen berritzailea egiten zuen euskarria zelako. Teknologia berrien arloan euskararen egoera tamalgarriari buelta emateko eta irratigintza digitalizatzeko bultzada emateko asmoz eratutako proiektua da. Zazpi urte bete ditu.
Zuena irrati digitala da. Norbaitek benetan entzuten al ditu Internet bidezko irratiak?
Noski, jendeak Interneten bidezko irratiak entzuten ditu baina, uhinen bidezko irratietan bezala, badira entzule gehiago edo gutxiago dituztenak. Gure helburua ahalik eta entzule gehien izatea balitz ez genuke euskaraz egingo. Gure komunitate txikian eragitea da gure asmoa, euskal sarean ekarpen teknofiloa egitea.
Euskeraz eginiko lehen irrati digitala izan zela zuena. Nola ikusten duzue zuen bilakaera?
Bai, 2000ko azaroan hasi ginen zuzeneko irratsaio bat egiten, zazpi musika kanalekin eta hainbat ekitaldi zuzenean emitituz. Irrati birtuala zen gurea, ez Interneten bidezkoa zelako, benetako egoitza fisikorik ez geneukalako baizik. Gainerakoan benetakoa zen guztiz. Duela bi urte kontzeptua erabat aldatu genuen: Musika kanalak desagertu ziren, webgunea blog sistema bihurtu eta irratsaioa bihurtu zen irratia.com, asteartero Bilbo Hiria irratian emititzen dena. Sarean agertuz joan diren baliabide berriak berehala bereganatu ditugu gure lana hobeto eta errazago egiteko. Unean uneko baliabide merkeak eta eskuragarriak erabili ditugu beti, euskal irratiak eta beste internautak animatzeko, gauza asko egin daitezkeela erakutsi nahian.
Gaur egun teknología berriei esker edozeinek egin dezake irratsaio bat bere etxetik. Hau kazetaritza digitalaren hoberako edo txarrerako al da? Agian nolabaiteko galbaheak jarri beharko dira entzulegoa ez despistatzeko…
Onerako, dudarik gabe. Argitalpenen demokratizazioa gertatu da Internet, blogak, i-rratiak eta sareko telebistak agertzearekin batera. Gaur egun edonork egin dezake irratsaio bat bere logelatik, baina hori tresnen demokratizazioa da. Kalitatearena honekin nahastea eta baheak eskatzea eztabaida faltsua sortzea da. Eztabaida hau planteatu da berdin blogen kasuan eta beti ohiko hedabideetatik atera dira karnetak edo baimenak ezartzearen aldeko iritziak. Astakeria galanta da adierazpide tradizionalak aldarrikatuta besteak mugatu nahi izatea. Beti bezala, tresnak eta edukiak nahastetik dator hori: badira kazetaritza blog bikainak baita antikazetaritza egiten dutenak ere, konfidentzialak-eta. Bestaldean, errotatibak eta paperak ez dute bermatzen edukia kazetaritza denik.
Edukietan, idazketan eta gaien tratamenduan dago kazetaritza. Hainbat agerkari eta telebista ospetsutan kazetaritza barik zaborra egin ohi dute egun baina kazetaritzat jotzen dute euren burua, telebista batean egoteagatik-edo. Aitzitik, sarean bere kabuz idazten ospea lortu duen kazetariak berak bakarrik irabazi du ospe hori, editore baten babesik gabe.
Blogosferan ere bazabiltzate aspaldidanik. Euskal blogosfera delakoa benetakoa al da? Orain urtebete martxan zeuden blog ugari gaur egun eguneratu gabe daude…
Bai, euskarazko blogosfera sortu eta ikaragarri hazi da azken urteotan. Blogariak iritzi eta albiste iturri dira, batzuetan interesgarriagoak eta kualifikatuak, besteetan ez hainbeste. Baina bizitasuna eta komunikatzeko grina duen multzoa gara, gure arteko saretxoak ditugu eta harremanetarako tresnak: Zabaldu, Sustatu, Aurki… Komunikazio, pentsamendu eta arrazoitze gaitasuna duen indar handia biltzen ari da euskal blogosferan. Kopuruz ere, Euskal Herriko talde editorialik handienetakoa izango da euskal blogosfera. Gero, normala denez, batzuk desagertu edo gelditzen dira, baina halako hiru sortzen dira gero.
Irratia.com. Teknologia berriak eta musika. Zer bilatzen duzue?
Bada entzun barik gure saioa ordenagailuei buruzkoa dela uste duenik, baina entzundakoan iritziz aldatzen dute: gizarte gaiak jorratzen ditugu eta oso musika ona ipintzen dute Ibon Burgoa eta Ekaitz Hernandez gure teknikariek, oso zeregin garrantzitsua dute irratia.com-en. Edukietan zentratzen gara, euskarazko edukietan batik bat.
Ordenagailuak ez, baina Internet bai izaten dugu hizpide, bertan eztabaidatzen direnak eta baliabide berriak ere. Batez ere 2.0 aro honetako baliabide berri eta interesgarrien alde mintzatzen gara (Flickr, zabaldu.com, Google, Youtube). Eragiteko balio duten aukerak azpimarratzen ditugu beti, Internautak irakurle pasiboa edo erabiltzaile hutsa baino, eragile izan behar duelako. Edukiei buruz, berriz, saiatzen gara entzuleentzat erreferentzia interesgarriak biltzen, blogek egiten duten bahe lanaren antzekoa egiten.
Egun Bilbo Hiria Irratiaren programazioaren barruan emititzen duzue astearte arratsaldetan 6etatik 7etara.
Zuzenean egiten dugu ordu horretan eta Bilbo inguruan FMko 96.0an entzun daiteke, baita sarean ere, bilbohiria.com-en zuzeneko seinalean. Baina zuzenean entzuterik ez duenak badaki beste edozein momentutan irratsaioak entzun edo eskuratzeko aukera duela irratia.com irrati-blogean.
Eskuragarritasun hori podcast delakoaren bidez egiten duzue. Zertan datza?
Podcast egiten dugu, beraz, oso erraza da irratia.com saioak jaitsi eta gero metroan edo kalean entzutea… Nork ez dauka gaur MP3 jogailu horietako bat? Duela bi urte kontzeptua aldatu geneuenean pentsatu genuen irratsaio bakoitzeko testu bat sortzea blogean eta bertan saio horretako MP3 artxiborako lotura jartzea. Artean ez genekien horri “podcast” esaten zitzaionik. Funtsean hori da podcast, baina prozesua automatizatu egiten dute iTunes moduko programek: gure irratsaioa automatikoki iPod-era edo ordenagailura jaitsi daiteke, geroago entzuteko.
Zuretzat, honekin lotuta, zein izan beharko luke Internet eta euskal munduari loturiko hurrengo bilakaera?
Bilakaera kualitatiboa izango da nagusiki, asko baitago oraindik aldatzeko. Euskal sektore jatorzale teknofoboak gero eta indar gutxiago du baina galga asko daude gure artean: korporatibismoak, subentzionitisak, hedabide tradizionalak… Interneten garapenaren kontra. Aldeko indarrak, berriz, internautak eurak ari dira ipintzen: Sustatu, zabaldu.com, blogari.net , blogak.com
Azken audientza neurtzaileek diote Euskal Herrian irratia gero eta jende gutxiagok entzuten duela. Zergatik izan daitekela uste duzue?
Ez dakit. Sareko irratiak lehen baino lagun gehiagok entzuten dituzte behintzat.
Nola ikusten duzue gaur egungo Euskal Herriko irratien osasuna?
Euskal irratiak, irrati komunitarioak, irrati txikiak dira gehienbat. Denetariko egoerak daude, baina badira elkarlan adibide esanguratsuak, Iparraldeko euskal irratiena kasu (Irulegiko Irratia, Gure Irratia, Xiberoko Botza).
Musika aipatu dugu. Gauza jakina da jendeak bere gustoko gauzak entzun nahi dituela. Espezializazioa al da bidea?
Ez dut uste derrigorrez musika irratietan bide egokia espezializazioa izango denik. Denetariko musika ona jartzea akaso ere ez, jende gehienak ez baitu musika ona bilatzen, radioformulak duen arrakasta ikusita… Baina zuk uste duzu hori bilatu behar duela euskal irrati batek? Azkenean arrakastatsuena ez da izango masentzako irrati bat, norbere neurrira egindakoa baizik. Internetek aurki aukera emango digu gure gustoen araberako musika emango digun aukera edo musika kanala osatzeko.
Internet bidez hizkuntza eta leku ezberdinetako irratiak entzuteko aukera dago; baina kopuruz, gure artean jendeak entzuten al ditu?
Momentuz jende gutxik entzuten ditu Internet bidezko irratiak, jendeak ez baitu ordenagailua irrati moduan erabiltzeko ohiturarik. Baina apurka-apurka egin beharreko kontua da.
Urtarrilak 20, 2007
Aurreko batean buruan bueltaka geratzen zaizkigun doinuez jardun nuen. Mano Negrak ere honela zioen: “Beat beat of the song song Buzzin’ in my head head head Like a bum-dum”. Eta hainbat blogek aspalditik meme modukoa jarraitzen dute, unean unean entzuten ari diren abestia edo, aipatuz. Aurrerantzean testuinguru informazio hori ere gehituko dut post baten amaieran, oroitzen baldin banaiz eta buruan musikaren bat badaukat bederen.
Buzzin’ in my head: The Passenger (Iggy Pop).
Azaroak 3, 2006
Duela urte eta erdi idatzi nuen hemen Dreamhost-en hosting merkea eta ona gomendatuz. Bada, bitarte honetan ez dut aparteko arazorik izan eta orokorrean balantzea erabat positiboa da momentuz. Ordura arte hainbat esperientzia txar sufrituta nengoen hosting zerbitzuekin eta horregatik gomendatu nuen aurkikuntza. Hainbat lagunek egin didate kasu orduz gero eta eskertzen diet, nire izena aipatuz hosting-a hartu duen bakoitzagatik niri deskontua egin didatelako. Eurak ere gustora daude denak, itxura denez.
Iraungo ahal du honela! Insha-allah. Baina uste dut ematen didaten deskontu hori zerbitzua kontratatzen duenarekin ez elkarbanatzea ez dela bidezkoa nire aldetik. Ez da nire helburua aberastea, ahal dela ostatatze eta konexio gastuak estaltzea baino. Horregatik, sortu dut promo kode hau, merke45 izenekoa. Dreamhost hartzen duenak merke45 hori aipatzen badu 45 dolarreko deskontua izango du urtebete, bi urte edo beste edozein hosting mota kontratatzean. Beraz, are merkeago aterako zaio zerbitzu bera: urte bat hartuz gero 58 bat euro kostatuko zaio, bi urte hartuz gero, 115 inguru (5 euro hilean). Lehenago aukera izan banu…
Bada, Dreamhosten eskaintzan hobekuntza nabariak izan dira ordutik hona. Orain oinarrizko plana nahikoa da edonorentzat, egia esan, ez baitu seguruenik gehiagoren beharrik izango. Izan ere, hauxe emango digu Dreamhostek hileko 5 bat euro horien truke (nik Level 1 edo oinarrizko plana hartzea gomendatzen dut, nahiko eta sobera edozertarako):
- Hosting-erako tokia: 20 GByte, astero 160 MegaByte hazten dena. Gure filmoteka guztia jartzeko beste.
- Hileko transferentzia: TeraByte bat. (1024 Giga), astero 8 Giga hazten dena. Gure disko osoa konpartituta ere ez genuke gaindituko astakeri hori.
- Nahi beste domeinu osorik eta independienteki ostatatzeko aukera. Nik, besteak beste, sarean.com, irratia.com eta saharatik.com dauzkat.
- Nahi beste MySQL Datu base, 3000 e-posta kontu (POP / IMAP), 75 Shell / FTP kontu, PHP4, PHP5, Shell sarbidea, nahi beste cgi, jabber, estatistikak, web kontrol panela…
- Edozein formato edo neurriko artxiboak jartzeko aukera. Berdin da 700 megako .avi bat jartzen baduzu ere.
Benetan brutala da Dreamhosten eskaintza une honetan. Gainera, one click install batzuk badituzte, hau da, click batekin instalatzen dizute (baita eguneratu ere) Wordpress blog sistema, MediaWiki Wikia, PhPBB foroak, Advanced Poll, osCommerce Store, Joomla (Mambo) CMS, Gallery Image Album eta WebCalendar egutegia. Eurek ere bloga dute Wordpressekin eta eztabaidagunea zein wikia erabiltzen dituzte erabiltzaileei laguntza emateko. Duela bederatzi urte sortu zenetik sendo iraun du bere ikuspegi gaztearekin, etengabe hazten. Diotenez, gehiegizko irabaziak bilatzen dituzten hosting urrietako merkatariak baino ondraduagoak direlako jarri dizkiete prezio merke horiek zerbitzu erraldoi horiei eta, diotenez ez dira euren globoa gehiegi puzten ari, ondo kalkulatuta omen daukate hazkundea eta hari arazorik gabe aurre egiteko gai direla. Amen!
Gustatu ez zaidan kontu bakarra azkenaldion spam-aren kontra borrokatzeko hartu duten neurria da. Mezuen bidalketetan muga berriak ezarri dituzte, helbide jakin batetik ordu bakoitzeko 100 lagun baino gehiagori ezin baizaie mezu bat igorri. Zorrotzegia da agian orduko 100 jasotzaileko muga hori, batzuetan mezu kolektiboak lagun gehiagori bidaltzen baizazikie. Bidalketa kolektiboak egiteko beste alternatiba batzuk badira (yahoogroups, postaria…), baina eurek bat ematen dute: euren banaketa zerrenden sistema erabiltzea. Hori bai, banaketa zerrenda bat sortzen duzularik jasotzaile guztiek beren onespena eman behar dute eta zerrendan egotea onartu behar dute, konfirmazio mezu batean klik eginez.
Irailak 18, 2006
Otsailean bete ziren 3 urte Egunkaria itxi zigutenetik. Nola pasatzen den denbora! New Yorken nengoen orduan eta ezin izan nuen efemeridearen inguruan idatzi. Egun bitxiak izan ziren 2003ko haiek. Otsailaren 20 hartan argitaratu zen Egunkarian nire azken testua. Testu hartantxe Prestige aipatzen nuen, baita gerra ere, etortzear zen inbasioa. Manifestazioak ere aipatzen nituen, horretan iaioak baikara gure manilandia honetan. Agian horregatik itxiko zuten Egunkaria?
Kasualitatez, Jai Alai Katumbi Express izan zen gurean jotzen gau hartan, bezperan bezalaxe, Korrika kulturalak ekarrita. Egunkaria itxi zutela sinistu orduko amorrua, pankartak, kontzentrazioak… Baina kontzertua ez zen bertan behera geratu, gau hartan Egunkaria eta adierazpen askatasuna bihurtu ziren kontzertuaren aldarrikapen nagusiak. Orduantxe atera nuen argazki hau, prentsan hainbat buelta eman zituena. Manu Chaori elkarrizketa egin nion handik hiru egunera Ondarroan.
Geroztik bere webgunean argitaratu zituen Manuk egun horietako argazkietako batzuk. Gure bulegoan ere agertzen gara! Bada berriki Fermin Muguruza bere Basque Fire Department-arekin izan zen Bilboko Kafe Antzokian. Han ere argazki batzuk bota eta Flickr-en argitaratu nituen ondoren. Ferminek haiek hartu eta bere webgunean ere jarri ditu.
Eta hiru urte bete dira egunotan sarean.com hau abian jarri nuenetik. Egunkaria itxi zutela eta, bertan argitaratutako testuak bildu eta gordailu honetan argitaratu nituen. Beraz, euskarazko lehen blog pertsonalaren sorrera Egunkariaren itxierari lotuta dago, dudarik gabe.
Prestigeri dagokionez, badirudi dena ahaztuta daukatela, baita hortik atarramendu politikoa atera nahi izan zuten soziatek ere. Noski, gure kostaldean ere eragin zuela eta bertoko agintarien utzikeria ere inoiz izan zirenik zalantzan jarriko du hainbatek, oroimena hain erraz lausotzen da eta…
Eta gerrari dagokionez, berriz, egunero telebistan daukagu amaitu barik areagotu egin dela Irakeko tragedia, inbasioa hasi zenetik inoizko egoerarik tamalgarrienean daudela bertan. Inbasioaren hirugarren urteurrenean, gerrak jarraitzen duela gogorarazteko manifestazioa izan zen martxoaren 18an Bilbon. Asko jota 1.000 lagun izango ginen bertan, zazpi kaleetako merkealdietan eta gran viako espaloietan baino askoz gutxiago. Tamalgarriena baten batek, manifestazioa ikusita “zer gerra? galdetuko zuela, seguru, denboran eta distantzian oso urrun lehertzen dira bonbak orain…
Martxoak 31, 2006
Mezuak blogtiletan
(Argazkia Txanodunaren kortesiaz) Hainbeste blogari, lehen ere bazen hainbat idazle… Zerk bultzatzen gaitu idaztera? Gutxi batzuen kasuan irabazien esperantzak, bai, baina gehienon kasuan beste arrazoi sakonago eta existentzialago batzuk badirela uste dut. Ospea? Bai, Luistxok dioenez, etorkizunean denok izango dugu gure 15 harpidedun. Autoritatea (besteen onarpena)? Gaur egun askoz bide eraginkorragoa da horretarako telebistan minutu batez agertzea, hamar urtez prentsan edo blog batean idazten jardutea baino. Mezua zabaltzeko gogoa? Enpatia bilatzea edo gure ikuskeraren bertsio ofiziala argitara ematea. Gauza bera esan daiteke, eraginkortasuna oso mugatua baitu idazleak.
Arrazoi horiek, dena dela, hor daude, euren indarra dute eta honetan ez dago eragile bakarra, hainbaten batuketa baino. Baina nik, ikuspegi existenzialistara bueltatuta, gure testigantza, gure mezua uztearen beharra nabarmenduko nuke. Seguru Eugene O’Kelly horrelako zerbaitek bultzatu zuen idaztera, medikuak hiru hilabete geratzen zitzaizkiola esan zionean.
2005eko maiatzaren 24an Eugene O’Kelly bere medikuaren bulegoan sartu zen, burua eta agenda zereginez beterik eta etorkizuneko planak ondo programatuta, goi mailako exekutibo bati dagokion moduan. Sei egun geroago KPMG enpresako agintaritzari uko egin zion. Bere planak 100 egunera laburtuta. Agur esatea bihurtu zen bere helburu nagusia. Lau hilabete geroago hil zen, I was blessed. I was told I had three months to live goiburuko liburua idatzi ostean. Beste lehentasunik ez zuen izan denbora horretan.
Ez dut bide makabro horretan sakonduko, baina egia da gure ondorengoentzat gure zati bat gordetzeko nahiak ere gidatzen gaituela. Zergatik eraiki zituzten cromlech-ak, zergatik jartzen dira izenak hilarrietan? Zergatik margoztu zituzten eskuak Santimamiñen? Eta asmo horrek huts egiten du gehienon kasuan. Gu bagoaz, gure lanak geratzen ei dira hemen… Eta obsesioa bilakatzen da mezua uztea, botiletan mezuak, naufragoak bezala. Hainbat botila hartu eta hainbat mezu idatzi baina inoiz ez dugu bakar bat ere norbaiten eskuetara helduko den erabateko ziurtasunik. Urrunegi joan gabe, ez dakigu gauza handirik gure birraitita-birramamen gainean… Zeintzuk ziren euren kezkak, euren eguneroko gauzak, euren lagunak, nondik ibili ziren… Horrelako kezkarik izan zuten inoiz eurek? Idatzi zuten bitakorarik edo egunerokorik?
Guk idazten dugu, batzuoi paperezko liburuetan argitaratzen dizkiete idatziak, beste batzuei prentsan, batzuek bloga dute… Baina horrek botiletako mezuen moduan, ez du erabateko fidagarritasunik eta agian horrek kezkatu beharko gaitu. Bai? Momentuz, harlauza batean mailukadaz idatzitakoak blog bateko mila testuk baino iraunkortasun gehiago du. Hemerotekak, berriz, Egipto zaharreko hilobi bat baino askoz ilunagoak eta hauskorragoak bihurtzen dira denborarekin.
Martxoak 13, 2006
Lehengo egunean Iruñean izan nintzen, aurreko bidalketan (sarreran, albistean…) idatzitakoak hornidura pixkatekin botatzeko. Ez nuen ordenagailurik ez diskete edo pendrive-rik eraman, testua hemen zirriborro moduan bainuen. Sartu, argitaratu eta hor hasi nuen jarduna Larraona ikastetxeko ordenagailu gelan. Bitakorak edo CMS sistemek duten beste abantaila bat duzu zirriborroena.
Garik azaldu zigun Aurkiren ibilbidea eta arratsaldeko atelierrean Wordpress euskaraz nola kudeatu erakutsi zigun Xabierrek. Bide batez, nik aurrekoan adierazitako zalantza argitu zuen berak, WP nola euskaratu azaldu baizigun. Gaztetxuloko lankide Gorka Julio lankidea ere ezagutu nuen bertan eta berak prestatu du azalpen eta xehetasun guztiak dituen tutoriala, laster argitaratuko ei duena. Baina, funtsean, oso erraza da prozedura, informatikari batentzat oso zaila azaltzen beraz.
Patxik aipatu duen moduan Diario de Noticias-en ageri da gaur sarean UEUk paperean baizik argitaratu ez duen testua. Kazetaritzaren paradoxa bikoitza agertzeko adibidetzat jartzen du Patxik UEUk blogei buruzko testua paperean bakarrik argitaratzea eta, bestalde, UEUkoek testua egitea eta beste komunikabide batek (ohikoa baina online edizioa duena) prentsa oharra datorren moduan hartu eta berea bezala argitaratzea, ikuturik ere egin barik. Horren inguruan ere jardun genuen ikastaroan, edukiaren inguruan hain zuzen, Bloga abian jarri aurretik komeni baita planteamendua zehaztea: zeren inguruan idatziko dugun, zein registrorekin, zein hizkuntzarekin… Blogak kazetaritza diren ala denetarikoak diren, euskaldunon teknofobia eta teknofilia, blogosferaren egoera eta beste hamaika konturen inguruan mintzatu ginen Iruñean.
Eta bueltatu ostean praktikan jarri nuen bertan ikasitakoa. Minutu gutxian Wordpress euskaratu ahal izan nuen, eu.mo fitxategia eskuratuta. Rosettan dagoena instalatu dut, Librezalen dagoena baino gehiago baitauka euskaraz. Wordpress-en instalazioko wp-includes karpetan languages izeneko beste bat sortu eta hara igo behar da ditxosozko eu.mo hura. Ondoren, gure instalazioko wp-config.php artxiboa jaitsi eta editatu behar da. Bertan, define (’WPLANG’, ”) dioen lekua aurkitu eta eu bat sartu behar zaio, honela: define (’WPLANG’, ‘eu’) berak itzulpena irakurri behar duela jakin dezan.
Itxura moldatzeari ere ekin diot, lehengo goiko irudietako batzuk sartu dizkiot eta nahiko ondo geratzen dira, ezta? Orrialdeetako loturak sartu ditut eta gauza batzuk euskaratu ditut. Zuen gustokoak izatea espero dut.
Uztailak 24, 2005
Kitto. Egin dut, asko kostata eta nagikeria gaindituta egin dut aldaketa Movable Type zaharra bazter utzi eta Wordpress berrira egin dut saltoa. Azken bertsioa instalatu dut (1.5.1.3) eta egin dudan lehenengo gauza spam iruzkinak garbitzea izan da. 2500 pasatxo ziren baina gehienak detektatu ditu WPek eta bistatik kendu ditu minutu gutxian. Orain nahiko xaloa ageri da bitakora baina gauzez betetzen joango naiz, ez baita erraza izango lehen nituen gauza guztiak agertzea. Txantiloietan sartu eta itxura euskaratzen hasiko naiz.
Hurrengo urratsa interfazea euskaratzea izango da baina horretan uste dut momentuz ez dudala laguntza handirik aurkituko…
Wordpress euskaraz nola instalatu azaltzen duen testu baten bila ibili naiz, Sustatuko albiste-eztabaida hau aurkitu dut, baina bertan ez dute NOLA egin behar den azaltzen. Itzulpena Urliak ala Berendiak egin duen, Rosetta, Ubuntu edo Txumatxarekin egin behar den (erabat galduta nabil) eta po edo mo nondik eskuratu behar diren (ez da argi geratzen non den azken bertsioa) eta polyglot-ek errakuntza ematen duen… Barka baina ez dut piperrik ere ulertzen eta uste dut WP instalatzera ozta-ozta heldu diren beste asko ere nire moduan galdurik ibiliko direla.
Tira, Librezaleren barruan sortu da Wordpressen euskaratzearen inguruko bitakora bat, Wordpress-en, noski. Hala ere, bertan ere ez dut aurkitu NOLA egin behar den, sartu orduko galdu bainaiz xehetasun artean. Informatikariei askotan ahazten zaie hasieratik abiatuta neofitoentzako azalpenak ematea.
Azkenean aurkitu dut NOLA egin azaltzen duen orrialde bat Gorkaren bitakoran. Baina, noski, hau bertsio zaharrago baterako zen eta, funtzionatuko du nirearekin ala prozedura aldatu da? Ingelesez aurkituko nuke, seguruenik, informazioa, baina itxarongo dut, momentuz bestelako zereginik ere badaukadalako.
Uztailak 19, 2005
Aurreko idatziak