Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » nire i-bilerak

'nire i-bilerak' ataleko artxiboak

Natura blog interesgarria: Tantaka-tantaka

Lehengoan Antton Alberdiren mezua jaso nuen euskalnatura.net eta haren barruan dagoen Tantaka-tantaka bloga ezagutzeko gonbidapenarekin. Bereziki interesgarria bertan jarri duen bideoa. Afrikako Kruger parkean filmatutakoa da eta bertan, txiripaz, bizitzako kontakizun lazgarri eta bitxia harrapatu zuen bisitari batek bere kamerarekin. Ez dizuet gehiago kontatuko, bisita ezazue bloga eta bertan aurkituko duzue bideoa.

Buzzin in my head: Pun-ba-pa (Niko eta Dominika Etxart, Robert Larrandaburu).

Iruzkina gehitu Uztailak 3, 2007

Flash bideoa probatzen: Second Liferi buruzko erreportaia

Lehengoan elkarrizketa egin genion irratia.com-en Ana Courier avatar-ari, bere bigarren bizitzako ibileren inguruan. Bada, igandean bertan beti interesgarria izaten den Mundo.hoy saioan Second Life izan zuten hizpide. Nik USB bidezko TDT deskodetzaile erosi berriak nola grabatzen duen probatu eta gero, esperimentua egin dut flash videora pasatzeko eta hemen duzue emaitza.

Gigabyte bateko bideoa Riva FLV Encoder programatik pasatu dut, 360 Kbps-era kodifikatuz. Emaitza 156 MBeko artxiboa da, astuna baina FTP bidez igotzeko modukoa. Ondoren, Wordpressen, nire hostingak automatikoki instalatu didan WP-FLV plugina erabiliz txertatu dut hemen 400×300 neurrian. Ikusteko banda zabala ezinbestekoa da, baina akaso 160 Kbps-era jarrita ere ondo ikusiko litzateke, probak egitea izango da kontua…

4 iruzkin Ekainak 19, 2007

Steve Jobsen berbaldi hunkigarria

Harrituta utzi nau. Aspalditik mac erabiltzaileak garenok (eta aspaldi mac-eroak ginenok), Steve Jobs-en figura ezagutzen dugu, Macintosh-en Think different pentsamoldearen bultzagilea. Urte askoan Gates Goliath-aren aurka borrokatu den David interesgarriagoa, alternatiboagoa, inteligenteagoa, cool-agoa… Berak sortutako Apple konpainiatik bota zuten eta handik urte batzutara berriro bueltatu zen (ikus duela 10 urteko erreportaia), iMac-a besapean, sorkuntzaz eta imaginazioaz ezer ez zekiten exekutiboek galbidean jarritako enpresa salbatzera. Bitartean Pixar estudioak sortuak zituen  eta gerora, iPod-iTunes arrakastatsuaz gain hainbat mugimendu eraginkor eta itun bitxi egin ditu, Apple egonkortasunera eramanez. Sortzaile eta kudeatzaile arrakastatsua dela erakutsi du.

Baina Stanford-eko ikasleen aurrean egindako berbaldi honetan Jobs-ek bere bizitzako hainbat xehetasun kontatzen ditu. Amak abandonatu zuen jaio berritan, sekula ez zituen ikasketak burutu… Pertsona ezagutuko dugu eta nola bere bizitzan egindako hainbat hautuk eragina izan duten gerora…

Bigarren zatia gero…

Iruzkin 1 Ekainak 15, 2007

Donositatik Bilboara

Aipatu nuen hemen Luistxok salatutakoa, Word-en “zuzentzaileak” Donostia zuzendu eta donosita bihurtzen duela, gaztelaniaren corpusean dagoen hitz donosoa bilakatzen du… Baina, Word-en eraginez ez bada, zer demontre pintatzen du Bilboa izeneko hiri batek hain sarri Googlen?

Iruzkin 1 Ekainak 13, 2007

Vendo costo de guena calídas ha chabale rollao

vendo costoLuistxoren gaztelaniazko blogean irakurri dut albistea eta gero beste hainbatetan ageri dela ikusi. Marcosek DIY (Do It Yourself) marketing tresnak ederki erabiliz egin du bere negozioaren publizitatea, geolokalizazioa barne. Harrigarriegia dela egia izateko… Eta zer? Ez al du eskubiderik oktabilla batzuk banatzeko bere zerbitzuen eta lokalaren deskribapen zehatza eginez?

Iruña-Veleiakoak egiazkoak ote diren antzeko eztabaida hasi da honen inguruan: lehiakideek asmatua dela, poliziak berak atxilotu ahal izateko. Mossoek zelatatu eta Marcos harrapatu egin dute, lastozko zubia pikutara joan zaio oraingoan ere. Oso gaizki idazten badu (Cervantesen hizkuntzan) egongo da Kataluniako hezkuntza sistemari errua leporatuko dionik…

Bistan da Marcosek zuzentzaile ortografikorik ez duela erabili, baina baliteke ere Microsof Word-ena erabili izana, emaitza desastroso hori ikusita. Izan ere, Luistxoren Mapamovilen bertan irakurri dut Sustatun ere atera den kontua: hautagaien zerrendak Word-ek kutsatuta ageri direla. Benetako harridura eragin didana Luistxok aurkeztutako froga da: Word-en zuzentzaileak Donostia ulertu ez eta beti donosita bihurtzen du. Bada, Googlen bertan Donosita bilatu ezazue eta flipatu, zenbat aldiz ageri den.

Iruzkin 1 Maiatzak 5, 2007

Maiatzaren 1ean albiste garrantzitsua izango da Kuban

Hala diote eta itxaron beharko jakiteko. Momentuz cubainformacion.tv bisitatuta ez dute informazio gehiagorik ematen.

3 iruzkin Apirilak 28, 2007

Saharauien erbestetik blogeatzen

El ciber de Dajla - Internet cafe in Dakhla refugee campSarearen mirariak! Errefuxiatu saharauien Dajla kanpamendutik ari naiz idazten blogean. Zinema jaialdia dago hemen egunotan. Aljeria hegoaldeko puntan daude saharauien kanpamenduak, Tinduf hiriaren inguruetan, eta horietan Dajla da kanpalekurik urrunena, handik 167 kilometrora. Urrunago egonik baztertuago bizi izan dira beti dajlarrak, “erbestearen baitako erbestean”, diotenez. Aurten kanpamendu honetan egokitu da urtero Javier Corcuerak eta beste espainiar batzuek antolatzen duten Fisahara, IV Festival Internacional de Cine del Sahara goiburukoa. Oso ekimen interesgarria da eta saharauientzat hainbat zentzutan onuragarria, euren egoera ahanzturaren putzutik ateratzen baitu egun batzuetan eta euren egunerokotasun itogarrian ere oasia delako egunotako mugimendua.

Pizzeria en la escuela de mujeres de DajlaZenbait euskaldun etorri gara, tartean hemen hainbeste proiektu lagundu dituzten BIGEko neskak. Hemen behinola aipatu nizuen Maimarenean hartu dugu ostatu, bera baitugu lagun, gidari eta eragile nagusietakoa Dajlan. Emakumeen eskolako zuzendaria dugu eta bertatik enplegu proiektuak ari dira sortzen etengabe. Azkenekoa pizzeria bat izan da, emakumeentzako sos batzuk ateratzeko ideia bikaina eta, festibala profitatuz, egunotako bisitariekin ederto funtzionatzen ari dena.

Kanpamenduetarako nire seigarren bisita den arren, lehenengo aldia da Dajlara natorrena eta benetan gustatu zait jende honek eraketaren bidez nola egiten dion aurre egoera latzari. Orain arte handik kolaboratu dut eurekin, Mujeres De Dajla bloga instalatuz, baina Satelite bidez konektatzen dira sarera eta zibertoki bat egin dute hemen. Azman ingeniari saharauiaren laguntzarekin Internet konexioa eraman dugu ziber honetatik emakumeen eskolara. Beraz, aurrerantzean handik konektatu ahal izango dira, baita laster eskolan dagoen informatika gelatik ere.

Pequeña gran mujerEmakumeen eskolan dauden bestelako lantegiak dira, besteak beste, trikotaje, jostungintza, pasteleria, artisautza denda, ileapaindegia… Tira, euren bloga bisitatzea gomendatzen dizuet denak ezagutzeko. Dena dela, Maima Mahamud ezagutzeko soilik balitz ere bidaiak mereziko luke. A ze emakume indartsua! Bere hitz jarioa zuzena, sendoa eta batzuetan -askotan- zirraragarria da, dagoeneko kazetari askok egunotan ikusi ahal izan dutenez.

Jaialdiari buruz, berriz, hura ez balego ere etorriko ginen Dajlara, baina benetan interesgarria da. Filmen proiekzioak daude egunero eta film batzuk hemen bakarrik ikuskatzeko aukera izango dira, tamalez. Saharari buruz bart ikusi genituen Espera Fati fikziozko dokudrama modukoa eta Hacia el mundo con tus ojos, Gasteizko SEADen lagunen elkarteak prestatua. Beste hainbat film ere badira ikusgai egunotan, baina jaialdiaren inguruan antolatu dutena bai dela interesgarria. Bart dunetan antolatu zuen Mariem Hassan-en eta beste saharaui artista batzuen emanaldia hunkigarria izan zen eta gaur Amparanoia eta Nur taldeak arituko dira zuzenean jaialdiari agur esateko.

Buzzin in my head: Yasar Geidu (Mariem Hassan & Leyoad).

6 iruzkin Apirilak 14, 2007

Ruper eta Piris bikote bikaina

Ruper Ordorika - Jon PirisEderra, gozagarria iruditu zitzaidan barikuan Bilbon Ruper Ordorikak eskainitako emanaldia. Memoriaren mapan diskoaren zuzeneko emanaldiak formato xume eta akustikoan, mugalariekin baino, Jon Piris kontrabaxu jotzailearen laguntza hutsarekin egiten ari da oñatiarra. Duela pare bat urte egin zuen formato honen aurrerapen modukoa Bilboko Kafe Antzokian bertan, entzule gutxi batzurentzat, baina ostiralean areto handian eta 250 bat lagunen aurrean egin zuen. Kontzertuaren argazki pare bat eskegi ditut Flickr-en eta nire Lumix berriarekin ateratako Hondartza galduan kantaren bideo zati hau ere Youtubera ere igo dut, baina desfase bat sortu du Youtubek irudien eta soinuen artean. Hemengo flash player-arekin, berriz, soinua irudiekin batera doa arazorik gabe.

2 iruzkin Martxoak 18, 2007

Emakumearen eguna eta euskal esaeren bilduma misoginoa

Emakumeak jokoanSareari esker jakin dut martxoaren 8aren ustezko abiapuntu historikoa ez dela benetakoa. Fabrika batean baldintza txarretan zeuden emakume asko hil ziren New Yorken, baina beste data batean izan zen eta lehenagotik aldarrikatzen zuten emakume sozialistek emakumearen egun bat AEBetan. Martxoaren 8a 1914an aukeratu zen estrainekoz, gerraren aurka protesta egiteko. Dena dela, emakume askorentzat ezezaguna eta garrantzirik gabea da egunaren jatorriaren auzia, baita haren edukiaren gehiena, egun euren erara ospatzen baitute. “Enpresariek putetxeak betetzen dituzte maiatzaren lehenean” zioen Morauk, “Marujek jatetxeak betetzen dituzte martxoaren 8an” diot nik, askorentzat horretara mugatzen baita aldarrikapen eguna. Asko dago oraindik aldatzeko, emakume askoren buruetan bai, baita beste hainbat arlotan ere. Esaterako euskarazko esaera zaharren bilduman emakumearen inguruko euskaldunon pentsaera atabikoaren erakusgarri eder batzuk aurkituko ditugu.
Egunero Gotzon Garatek bildutako refranero ospetsuan murgiltzen naiz lanean, egunean-egunean esaera bat aukeratu behar baitugu, menuaren apaingarri moduan. Egun seinalatuetan ahalegintzen gara egun horri dagokion esaeraren bat bilatzen. Eta lehengoan emakumeen aldeko esaera baten bila abiatu nintzelarik konturatu nintzen zein misoginoa den euskaldunon esaera bilduma tradizionala. Asko dira emakume edo andreak aipatzen dituzten esaerak, ez pentsa. Baina ia denek gizonezko matxisten ikuspuntua islatzen dute. Ordu erdiz emakumeen aldeko esaera bakar bat ere aurkitu ezinik, amore eman eta bestelako gai baten gainekoa aukeratu nuen. Hala ere, ikus dezazuen nolakoa den, gure esaeren bildumako erakusgarri ttxiki-ttxiki bat ekarriko dut lerrootara. Bere benetako dimentsioa ikusteko, bildumara jo eta andre edo emakume hitzak bilatu… Susmoa dut behinolako matriarkadoarena ere gure buruak (edo arbasoenak) zuritzeko asmatutako ipuina ez ote den.

Astoa eta emakumea ez zaizkio iñori uzten.
Apaindurik, emakume itsusirik ez.
Ardoaren eta emakumeen mende dagoena gaizki.
Ahuntza, astoa ta emakumea ez ditu iñork teman autsiko.
Aza berriz berotua eta emakumea berriz ezkondua, berdintsu.
Emakume bat etxerako gutxitxo ta bi geitxo.
Emakume edarra, etxe galgarri.
Akatsik gabe ez mandorik ez emakumerik.
Emakumea eta gezurra egun berean jaio ziren.
Emakumea eta zartagia sukaldean.
Emakumeak gobernatzen duan etxia ta oilluak gobernatzen duan baratza berdiñak.
Emakumeak illia sobran ta garunak faltan.
Emakumearen negarra ta arratoi-txakurraren errena berdin.
Emakumeari esandako sekretua ez da sekretua.
Emakumeari eta lapurrari okasiorik ez ipini.
Emakumeekin orga bat pazentzia behar da.
Gerritik be(he)ra ez da emakume zaharrik.
Lumak pisurik ez, emakumeak zentzurik ez.
Kontuz mandoarekin atzetik, zakurrarekin aurretik eta emakumearekin alde guztietatik.
Andrearen indarra, titiak eta negarra.
Andrea ta astoa temosoak.
Andrea soloi, hurdea basoi.
Andre itsusia, urreak edertu.
Andre ederra, etxean gerra.
Andre bi eskatz (eskaratz, sukalde) baten txarto.
Andre barritsuek, sarri baztarrak loi.
(…)

Buzzin in my head: Redemption Song (Bob Marley) Johnny Cash eta Joe Strummer-ek kantatua.

Iruzkina gehitu Martxoak 10, 2007

Oleguer eta zapatagileen erretorika ustela

Futbola, ditxosozko futbola… Gizarte honetako opioarekiko distantzia mantendu nahi izan arren, noizean behin heltzen zaizu baloikadaren bat aurpegira, gutxien espero duzunean gainera. Gero eta irmoagoa da ene baitan hura debekatu eta kirolen zerrendatik kendu beharko luketen sinismena. Lehia zikina, deportibitate eza, vedettismoa, oroz gainetik irabazi beharra… Eta guztiaren atzean dirua, dirua eta dirua, kopuru iraingarri eta lotsagabeetan dirua. Kirolik ustelena kendu eta haren ordez rugbya jarri beharko luketela errege, horixe diot nik, gero eta ozenago. Horregatik benetan harritzen nau futbolari bat ganorazko gauzak esaten eta idazten ikusteak.

Ez nuen Oleguer Presas futbolaria ezagutzen, lehengoan Berrian Fede ona izeneko haren artikulua irakurri nuen arte. Iñaki De Juana askatzearen alde mintzo zen bertan, argudioak eman zituen hura gartzelan atxikitzea bidegabekeria dela azaltzeko. Albistegien kirol tartean betiko adierazpen hutsalak entzuten ohituta egonik, futbolari batengan ezohikoa den erretorika ordenatua agertzen zuen idatziz… Orduan gogoratu nuen Fermin Muguruzak argazkia atera zuela berriki Ronaldinho eta beste futbolari batekin… Bai, bera zen. Wikipediak datu gehiago eman dizkigu ezohiko futbolari honen gainean: katalanista, globalizazioaren aurkakoa, irakurlea, inteligentea (gurean ordea Yeste estilokoak dira nagusi: argudiorik inteligenteena galtzontziloak erakustea)…

Gerora, Bartzelonako euskal etxearen blogean irakurri dut Kelme enpresak harekin zuen kontratua bertan behera utzi duela artikulu harengatik. Kirol oinetakoak saltzen dituen enpresak berak esan du adierazpen horiek eragin dutela Kelmek kontratua haustea eta, ondoren, prentsa oharrean zera diote, hitzez hitz:

“Los responsables de la empresa deportiva abogan por la defensa de los derechos de libertad de expresión y libre pensamiento. Sin embargo, la vinculación de Kelme con el jugador se basaba en criterios única y exclusivamente deportivos, por lo que se tomó la decisión de rescindir la relación contractual unilateralmente”.

Logika guztia apurtzen duen falazia dugu hau: Beraz, harremana soilik kirol arloan egonik eta, gainera, enpresak iritzi eta adierazpen askatasuna errespetatzen duela adierazita, kontratua hausten dute kirol arloarekin zerikusirik ez duten adierazpen batzuengatik. Norbaitek ulertzen du? Silogismoa ez, baina esan nahi dutena bai, ezta? Ez, ez gara idiotak, erdaraz ere badakigu. Eta espainiako zapatagileen erretorika ustela dela aspaldi ikasia dugu.

Buzzin’ in my head: Santa Maradona (Mano Negra)

3 iruzkin Otsailak 24, 2007

Hurrengo idatziak Aurreko idatziak


sarean.com

Calendar

Abendua 2008
A A A O O L I
« Aza    
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak