'nire i-bilerak' ataleko artxiboak

Joxe teknopataren rola hartuko dut gaurkoan nire gadget berriaz jarduteko. Urtebete da UMPC edo eramangarri nanoen moda hasi zela, iazko urrian Taiwanen agertu eta maiatza arte euskal erdira heldu ez zen EEE PC ospetsuarekin. Bitartean, eta azkenaldion bereziki, hainbeste netbook ikusi ditugu eta harekiko zein ondorengo batzuekiko beroaldia pasatu ere egin zitzaigun, modelo indartsuago eta pantaila pixkat handiagokoak atera orduko. Txikien ugaltzeak eta hazkundeak seguraski jarraipena izango du urrian (LG eta Dell nano berriak iragarri dituzte), baina nik plantoa egin nuen atzo Eee PC 1000H erosita.
Patxik bere EEE txikia Taiwandik ekarri zuen, irratia.com egiteko beharrezkoa zuen bat iBook zaharrak azken beep-a botaz gero. Neuk ere batera eta bestera ibiltzeko benetako eramangarria nahi nuen, sorbaldako minik eragingo ez zidana, baina txikiegiak egiten zitzaizkidan nanoen 7 hazbeteko pantailak eta teklatuak. Disko gogorra ere benetakoa nahi nuen eta gauzak gordetzeko zein partizioak egiteko lekuarekin. Izan ere, nire bigarren asmoa Ubuntu eta Mac OS X Leopard ezofizial horietako bat instalatzea da, triple boot horietakoa lortzea. Acer Aspire One oso polita eta interesgarria bere 8,9 hazbeteko pantailarekin, baina 10 hazbeteko MSI wind eta bere klonak majoagoak iruditu zaizkit: Advent 4211 edo Medion Akoya Mini, honez gero jende askok leopardizatuak. Azken hau Mediamarkten zeukaten 160GBko diskoarekin baina amaitu zitzaien astelehenean eta urrira arte ez dute espero ale berririk jasotzea. Bateriena zen MSI-Medion-Advent hauen alderdi makala, bere 2 orduko iraupenarekin…
Eta halako batean1000H agertu zen duela bi egun CanalPCren webgunean (426 euro). Funtsean, MSI wind bezalakoa da: 160 GBko diskoa, Atom prozesagailua, 10 hazbete… Baina bateriak 7 ordu iraun dezake. Konparaketa eta review bideo batzuk ikusi ostean hartzea erabaki dut. Eee PC 1000H hau ekainean agertu zen Taiwanen eta lehengoak baino askoz gutxiago berandutu da gurean. baina atzo bertan heldu ziren lehenengo aleak Bilbora, saldutako lehenengoa, zehazki, lerro hauek idazten ari naizen hauxe. Azken sorpresa atsegina izan da espainierazko teklatuak enter tekla handia duela, irudiotako ingelesezko teklatuak ez bezala. Orain soilik falta zait leopardizatzea, ubuntizatzea eta mugikorra 3G modem moduan erabiltzea, Simyo bidez konektatzeko.
Irailak 21, 2008
Aste Nagusiko zurrunbiloan sartuta, desorduetan aurkitu dut egunotan gmail kontsultatzeko aukera. Atzokoan Dublinetik Kate lagunak bidalitako mezuak Ronnie Drew handiaren heriotzaren berri eman zidan. Ostiralean zendu zen, 73 urterekin, gaitzaren kontrako borroka luze baten ondoren. Irlandan sobera ezaguna, Dubliners talde mitikoaren sortzailea izan zen Ronnie, kanta ezagun askoren egilea eta egun munduan zabalduta dagoen Irlandari buruzko irudi asoziazio multzo horren bultzagile nagusietakoa, pub-etako musikari dagokionez behintzat. Onartu behar dut nik 80etan eta The Pogues-en eskutik ezagutu nuela Ronnieren musika, baina gerora konturatu nintzen antzeko punkie (zaharrago) batzuk bazirela dublindarrak eta nik estimatzen nituen zenbait kanturen benetako egileak.
Duela sei urte bera eta bere emazte Deirdre ezagutzeko zortea izan nuen, baita eurentzako txofer lana egiteko ere. Josu Zabalak Otxandioko Korostondon antolatu zuen afari gogoangarria eta bertan izan ziren Antonio Breschi eta Jose Angel Irigaray, baita Josuren koadrilla musikala ere. Breschiren bidezko kontaktu horietatik etorri zen geroago Ronnieren parte hartzea Irigarayren Zeharbidetan diskoan. Argazki batzuk egiteko aukera izan nuen, baita pasarteren bat grabatzeko ere.
Sorpresarik handiena hartu nuen orduan, Ronnie gaztelaniaz ederto moldatzen zela ikustean eta berak, Andaluziako azentudun erdara garbian azaldu zigun 18 urterekin ingeles ikasle ibili zela Sevillan eta bertan ikasi zuela gaztelania… Hori bai, “sin libroh ni ná, en loh bare hablando con la gente”. Otxandiora etorri zelarik edana aparte utzia zuen Ronniek, baina geroago tabakoak pasatu zion fakturarik potoloena: iaz, Ronnie gaisoa zaintzen ari zela, ustekabean Deirdre jo zuen samako gaitzak eta berehala zulora eraman. Haren bidetik joan da Ronnie ere urtebete geroago.
Dagoen lekuan dagoela, parranda ederra egiten ibiliko da Ronnie, seguru, hainbeste urte edan barik eman ostean… Orain, Bilboko zortzi eguneko kaos, alkohol eta parranda giroan murgilduta gaudela, burura etortzen zaidan Ronnieren lehen doinua Seven drunken nights da, zein bestela?
Eta amaitzeko, Katek atzokoan bidalitako filmotekako harribitxi bat, blog interesgarri honetan aurkitua: Eurek ospetsu bilakatutako O’Donoghues pub-aren izena, bizardunak, alkohola, neskak… eta gazta moztu zezakeen Ronnieren ahots paregabea. 1965an filmatua, kontakizuna eta guzti duen baina sekula montatua edo argitaratua izan ez zen film laburra. On egin/Slàinte.
Abuztuak 19, 2008
Hor joan dira Borja Portuondo eta Unai Jauregibeitia, Seat Marbella zaharberrituan, Mongoliarako bidean. Muxutruk taldea osatu dute bizkaitarrek eta Mongol Rally ospetsuan parte hartzen ari dira, bilbo-mongolia da euren bloga. Larunbatean abiatu ziren Madrildik, Ulan Bator dute jomuga eta dagoeneko Turkian daude. Arazo mekanikoren bat izan dute Marbella zaharrarekin eta Istanbulen bi egun eman dituzte geldituta, online jarraipena egiteko instalatuta duten gailuak salatzen duenez.
Mongol Rally hau ez da Dakar pijoaren moduan auto indartsu eta modernoen lasterketa, esango nuke lehenengoa heltzea ere ez dela garrantzitsuena, erronka, bidea eta bidaia bera baino. Rally xaloa da, helburu benefikoekin sortua, auto zahar eta bitxiekin egiten dena. Arau nagusia 1.000 cc baino gehiagoko kotxea ez izatea da eta, hortaz, auto gehienak zaharrak dira: 2CV, Seat, Renault zaharrak… Auto bitxiak ere badira bidean, aurten gainean Londresko telefono kabina daramana kasu… Aquellos chalados en sus locos cacharros gogoratzen dit honek guztiak.
Lehengusua dut Unai eta badakit zer nolako ilusioa jarri duen proiektu honetan: autoa aurkitu, prestatu, babesle batzuk lortu… Argazkiak bidaltzen ari da egunotan, ahal dutenean, ziber bat topatzen dutenean… Aurretik Iran, Turkmenistan, Uzbekistan, Kazakhstan eta Errusia iragango dituzte, Mongoliara iritsi orduko. Borja zeinUnai, biak telebista kamaralariak dira eta pentsatzen dut erreportaiaren bat osatuko dutela bidean ikusitakoekin, ikusiko ahal dugu!
A, Muxutruk taldea eta beste batzuk nondik dabiltzan jakin nahi izanez gero, helbide honetan sar zaitezkete, erabiltzailea mongolrally08 eta gakoa Mongol08 sartuta.
Uztailak 26, 2008
Eta bat-batean bera gabe gelditu ginen. Hamar urte igaro dira egun hartatik eta egunotan EGIN zein Egin Irratiaren itxieraren inguruko hainbat aipamen irakurri ahal izan ditut (gehienbat bertoko) komunikabide zenbaitetan. Hala ere, aferak sarean izan zuen oihartzunaz eta sareak emandako erantzunaz ezer gutxi idatzi da orain arte atera diren EGINen itxieraren gaineko kontakizunetan.
Hamar urte dira berriak gosaria mingostu zigun egun hartatik. Bagenbiltzan batzuk Interneten bazterrak nahasten, orain gauden euskaldun koadrilla koxkorra baino, danborrik gabeko lau katu baginen ere. Telefonoak jo zuen etxean, Xabier laguna Andoaindik: “hemen dauzkagu Eginekoak aterpetuta, beste egunkari bat atera nahi dute eta ea Interneten zerbait egin daitekeen”.
Aurrekaririk ez zegoen gurean, baina gogoratu nuen Holandako lagun batzuk zentsuratutako argitalpenei babesa ematen zien contrast.org izeneko zerbitzarian zebiltzala. Arratsalderako ostatua lortua zegoen, baina testuak ez ziren biharamun goizerarte iritsi. Ostegun arratsalderako oinarrizko edizio bat eginda zegoen: aurkibide txiki bat azaleko argazkiarekin eta testuak banaka zerbitzarira igota: “Egin egingo dugu”. Sarean berehala hasi zen hedatzen contrast.org/egin helbidea, baita euskalherria.net-en ezarritako ispilua ere. Hurrengo egunetan milaka bisita jaso zituzten bi helbideok, jendea informazio gose zen, ahotsik gabekoen ahotsa entzun nahi zuten berriro.
Mac Performa motel hartan, HTML orrialdeak banaka Netscape 3.0 gold haren editore xinplearekin editatzen, Quark-etik copy-paste egiten, testuak txukuntzen, modem-a sutan… Hainbat egun joan ziren horrela. Hurrengo astean elkartasun telematikoa hobeto antolatu zen eta Eusneteko lagun batzuek hartu zuten edizioaren lekukoa, euren trebezia informatikoari esker hainbat gauza hobetuz.
Ordura arte Eginek ez zuen webgunerik ukan, hurrik eman ere ez. Are, sarearekiko EGINekoen jarrera ikusita, barre galantak egin zituen hainbatek Salutregi jauna “ETArekin Internet bidez komunikatzen zela” irakurtzean. Baina orduantxe konturatu zen hainbat lagun sarearen garrantziaz, gure territorio libre bakarra… Enpin. Hainbat herritan agerkariaren fotokopiak egin ziren moduan, munduko hainbat bazterretan Euskadi Información webgunekoak inprimatu, fotokopiatu eta banatu egin zituzten. EGIN ez bezala, Alemaniatik, Argentinatik edo Jaenetik irakurri ahal izan zuten interes handiz hainbat lagunek eta hori islatu zen e-posta mezuetan zein sareko newsgroups eztabaidaguneetan. Sarean saltsa polita sortu zela gogoan dut, banaketa faltagatik edo beldurragatik sekula EGIN bat esku artean eduki gabeko lagun askok estreinakoz beste bertsioa eskuratu baizuten etxeko edo lantokiko pantailan.
P.D. Hala ere, Interneten entzundako lehenengo euskal irratia Egin Irratia bera izan zen, itxiera baino lehen Euskal Herria Journal-en (EHJ) webgunean egunero albistegiko titularrak eskegitzen baiziren realaudio formatoan.
Uztailak 16, 2008
Azken urteotan bi zerbitzu ikaragarri hazi dira, modan daude eta, berauek aztertuta, gakoak ulertzen saiatu naizen arren ez ditut oraino arrakastaren arrazoiak erabat argitu. Fotolog eta Myspace fenomenoez ari naiz. Batak argazkiak eskegi eta komentatzea besterik eskaintzen ez duen zerbitzua da. Bestean, diseinu zurrun eta ikaragarri itsusi batzuen artean bat aukeratuta, musika batzuk, testu apur bat eta argazki batzuk eskegi dezakegun orrialde bakarreko webgune prefabrikatua lortuko dugu, kontaktuen sare sozialeko ezaugarri sinple batzuekin.
Interneten bilatuta, aurkitu dut nire galdera bera egin duenik, baita arrakastaren gako horiek ulertzeko lorratz batzuk iradoki ere. Fotolog eta Flickr alderatzen ditu Furilok eta, arrazoi guztiak Flickr-en alde agertzen badira ere, zergatik Fotolog arrakastasuagoa (popular, amerikarren adieran) den galdetzen dio haizeari, Kottke-k lehenago egin zuen moduan, Alexaren estatistiketan Fotologek Flickr-i aurrea hartu diotela erakutsi ostean:
This is a somewhat stunning result because by all of the metrics held in high esteem by the technology media, Web 2.0 pundits, and those selling technology and design products & services, Flickr should be kicking Fotolog’s ass. Flickr has more features, a better design, better implementation of most of Fotolog’s features, more free features, critical praise, a passionate community, and access to the formidable resources & marketing power of Yahoo! And yet, Fotolog is right there with them.
Sarea aditu moduan aztertu ohi dugu eta bertako fenomeno batzuk ulertezinak iruditzen zaizkigu, hain zuzen gure ikuspuntua horixe delako. Fotolog, ordea, 2.0 zer den ez dakiten eta bost axola zaien internauta basikoek darabilte, Furiloren iruzkinetan batek dioenez:
La gente que usa Fotolog no sabe qué es la web 2.0, ni le interesa. Usan fotolog porque en muchos casos ni siquiera saben crear un blog ni les importarían los tags, categorías, pingbacks y todas esas cosas. Fotolog es un sitio con muy poca interactividad, muy pocas opciones y funcionalidad casi nula (ni siquiera usan RSS). Por eso les encanta. Mientras más “capado” esté un servicio mejor para el usuario “general” que no quiere tener que aprender nada nuevo. Suena duro, pero bueno, es así. En Flickr tienen grupos, tags, sets, photostreams y demas cosas que los usuarios de Fotolog no entienden ni quieren entender.
Hor dago koxka, bai, baina onartzen dut horrek ez didala erabat azaltzen zerbitzu eskas hauen arrakasta. Furilori berriro kasu eginez, mojoari emango diogu arrakastaren gakoa. Izan ere, myspace fenomenoa azaltzeko ez du balio xalotasunaren azalpenak, oso interface mordoiloa baitu. Seguru domeinu bat hartu eta Wordpress instalatzea baino errazagoa dela, baina erdibideko aukera asko daude nork bere bloga zabaltzeko, horietako asko erraz-errazak.
Beti aipatu izan da Hotmail, milaka erabiltzailek aukeratu duten zerbitzu eskasa, lehiakide askoz hobeak izanik nagusitasun posizio batetik (Microsoft-ena da eta Windows instalatzearekin batera hotmail kontua sortzea eskatzen dizu sistemak) bultzatua zela eta azalpen horrekin asetu gara. Baina Fotolog eta Myspace fenomenoek aurkitu beharreko beste gako eta irakaspen batzuk ere badituzte…
Ekainak 28, 2008
Telefono konpainia birtual low cost berrien zurrunbiloan (Carrefour, Eroski, Diamovil, Yoigo, Pepephone…), duela hilabete batzuk sortu zen oraino tarifarik merkeenak eskaintzen dituen SIMYO. Hegaldi merkeen enpresen gisara, erabat Internetera begira sortu da, bezeroak kudeaketa guztiak webgunearen bidez egin behar baititu. 2.0 baliabideak ere darabiltzate, arduradun batek hainbat konturen berri eman eta iruzkinak erantzuten dituen bloga, youtuben kanala eta Flickr-en argazkiak ere baitituzte. Holandako KPN operatzailea dago haren atzetik eta hainbat herrialdetan dago presente Simyo.
Bere eskaintzari dagokionez, xalotasuna aldarrikatzen dutela nabarmentzen dute, baldintzetan letra txikirik eza eta bezeroa tarifa bihurriekin ez nahastea. Horregatik tarifa bakarra dute: edozein telefonotara eta edozein ordutan 9 zentimo minutuko, txartela zein kontratua eduki, eta kontratua dutenek ez dute inolako gutxieneko kontsumorik egin beharrik. Gainera, promozio moduan sortu zen zenbait Simyo telefonoren artean deiak minutuko zero zentimotan egitea, baina azkenean orokortu egin dute neurria eta jada Simyo telefono guztiek euren arteko deiak (dei bakoitzaren 10. minutura arte) doan dira, soilik ezarpenaren 15 zentimoak ordaindu behar dira.
Nik momentuz Orangen daukat mugikorra eta pozik nago Euskalteletik pasatzeagatik %50 merkeago dauzkadalako nire kontsumo urriak. Horregatik, Simyo probatzeko, aurreordainketa (txartela) bidezko zenbaki berria eskatu dut, lehengo egunean aipatu nuen wifi telefonoan erabiltzeko. Simyok, sinpletasunaz gain, bezeroaren erabateko askatasuna ere aldarrikatzen du, nahi duenean baja eman ahal izatea, eta horregatik ez dizu telefonoa merkeago eskuratzearen truke 18 hilabeteko lotura derrigortzen. Hori bai, oinarrizko Nokia 1650 librea eskaintzen du 50 euroren truke (gastatzeko beste hainbeste saldoan emanez). Duela hiru egun eskatu eta gaur goizean heldu zaizkit mugikorra eta txartela. Deien, kontsumoen eta erantzungailuaren kontrol guztia webgunean sartuta egiten da, kontrol panel honen bidez.
Bestelako promozioak ere egiten dituzte, esaterako, bost euro gehiago lortuko ditu bezero berri batek jada bezeroa den batek gonbidatzen badu. Beraz, Simyon alta eman eta bost euro horiek eskuratu nahi badituzue klikatu hemen eta niri ere beste bost sartuko omen didate txartelean.
Dena dela, badakigu nolakoak diren telefono konpainiak zerbait ondo ez dabilenean… Horretan denak berdintsuak dira eta Simyoren inguruan hainbat kexu irakurri ditut, batez ere telefono bidezko arretari dagozkionak portabilitateekin arazoak sortu direnean (horregatik ez naiz ausartu amari, azkenik Euskaltel uztea erabaki duen unean, denda fisikorik ez duen konpainia bat gomendatzen eta Orangera joan da azkenean). Hala ere, une honetan eskaintzarik interesgarriena dirudi Simyorena eta iritzi positibo ugari ere irakurtzen dira. Ikusiko dugu nola funtzionatzen duen eta nire esperientziaren berri emango dizuet hemen. Kontatuko didazue zeuek ere… Bitartean hiru bideorekin uzten zaituztet, lehena telebistako iragarki konbentzionala da; bigarrena, hasierako kanpainia egiteko gastu erridikulua egin dutela aitortu duen marketing zuzendariak berak Youtuberako egindakoa; hirugarrena Movistar-en iragarkiaren parodia egiten duelako kentzera behartu zuten iragarkia.
Maiatzak 31, 2008
Etxean neukan wi-fi telefonoa eta ni konturatu gabe… Duela urte eta erdi etxerako ya.com-en ADSLa kontratatu nuenean TC-300 telefonoa oparitu zidaten. Eskertzekoa zen mugikor librea oparitzea, GSM terminal moduan nahiko ezaugarri xaloak dituen arren. Baina telefono mugikor arrunta ezezik, etxean gaudela bertako telefono finkoaren terminal inalambrico moduan funtzionatzen duen telefono duala zela zioen publizitateak. Hala ere, ez dut orain arte haren beharrik izan eta armairuan gordeta eduki dut.
Baina lehengoan jakin nuen wifi telefonoa ere badela, (etxean gaudela, finkoarekin lotura egiten duen oinarriarekiko komunikazioa wi-fi bidez egiten du) eta hainbat lagunek edozein wifi sarbidera konektatuta IP telefonia zerbitzuak baliatzeko konfiguratu dutela, IP ahotseko zerbitzuek darabilten SIP protokolorako bateragarria baita. Telefonoa aurkeztu eta Carpo zerbitzuarekin nola konfiguratu erakusten duen bideoa ere badago baina nik, beste askok bezala, voipbuster ezagunarekin erabiltzeko konfiguratu dut, bertan doako kontua (60 minutu doan) sortu ostean… Eta funtzionatzen du!
Edonon gaudela, wifi sare ireki bat atzeman eta munduko hainbat lekutara doan deitzeko aukera ematen du telefonoak voipbuster zerbitzuaren bidez, eta probatzeko etxera deitu dut. Atzerapen pixkatekin entzuten da baina kalitatea nahiko onargarria da. Atzerrian maiz ibiltzen denarentzat edo atzerrira askotan deitzen duenarentzat ikusten ditut egoki SIP phone edo siphone hauek, edozein wifi irekira konektatu eta orduak eman ditzakegu Australiako lehengusuarekin edo etxean geratu direnekin berbetan. Hala ere, nire kasuan ez diot erabilgarritasun handirik ikusten, ez baitut askotan atzerrira deitzen eta Espainiako finkoetara deitzeko badaukat etxeko telefono arruntean tarifa laua. Uste dut simyo txartel horietako bat erosi, telefono honetan ipini (SIM txartelik gabe ez dabil) eta merkeago daukadanean deiak egiteko utziko dudala. Hori bai, kanpora joaten naizenean nirekin eramango dut.
Maiatzak 26, 2008
Azkenik badirudi eeePC famatua helduko dela gurera, Taiwanen atera eta zazpi hilabetera, CanalPCn hilaren 26tik aurrera hasiko baitira saltzen 284 euroren truke. Joxe teknopataren blogean irakurri nuen Espainiatik datorren notizia. Iragarpenek asmatu dute eta, EEE PC ordenagailu nano merkearen arrakastak bultzatuta hasi dira han-hemenka horren moduko ordenagailu merke, txiki eta eramangarriak. Azkena, Airis enpresa espainiarrak iragarri duen Kira txikia dugu eta EEE PCri gurera heltzea kostatzen ari zaiona ikusita, badirudi Espainiako merkatuan arrakasta handiz sartuko dela Kira txikia. Berez, aurretik Norhtec enpresak iragarritako Gecko-ren berdina dirudi eta ez ei da Gaztelako enpresak egina, hura bezala Quanta taiwandarrak egin omen ditu Kirak (OLPC proiektuko 100 euroko ordenagailua egin duen bera da Quanta). Hala ere, gurean AEBetan Geckoa baino arinago aterako dela dirudi.
Lau kolore eta lau konfigurazio ezberdinetan aurki daiteke Airisen Kira hau. Merkeena 300 euroan saltzen da, baina osatuena (40 GBko diskoarekin, GB bateko memoriarekin) soilik 49 euro gehiago kostatuko zaigu. Gainera, Telefonicarekin egindako tratu baten ondorioz 200 euro merkeago eskura dezakegu urtebetez DUO famatua kontratatuz gero. The Phone Housen ere saltzen dute eta bertan Jazztelen ADSL+TV kontratua eginez gero 89 euro kostatuko zaigu.
Gainerakoan, EEE famatuaren antzekoa da, 7”ko pantaila eta kilo bateko pisua, baina prozesagailua Intel barik Via C7 du. Sistema eragilea ere Linux du aurrez instalatuta, nahi izanez gero eta 50 euro gehiago ordainduta Windows XP ere ekar dezakeen arren. Aurreinstalatutako Linux distribuzioa Linpus Linux 9.4 Lite da, propio horrelako makinetarako sortutakoa eta, Asusenak bezala, nabigatzeko zein bulego lanetarako beharrezkoak diren aplikazio guztiak dakartza, baita multimedia programak eta jokoak ere. Airisen webgunean eskura ditzakegu makina interesgarri honen gidaliburuak eta driverrak eta beronen gainean propio sortu da bideoak eta azalpen gehiago dakartzan webgunea.
Maiatzak 17, 2008
Gure herrian banderizoak dira nagusi: Marino eta Gorospe, Athletic eta… Erreala? Oinatz eta Ganboa, Kaikua eta forro polarra, EAJ eta EA, HB eta Aralar, AEK eta HABE, Maixa eta Ixiar eta Alaitz eta Maider (edo Iron eta Maider), EHKME eta Euskalmet, Udalbiltza eta Udalbiltza (eta Eudel), UPV eta EHU (eta UEU?), Cipri eta Punpa, Laia bai, Laia ez, AHT eta Euskotren, ikastolak eta ikastetxeak, Ondarroa eta Lekeitio, Hertzainak eta Zarama, Txirri, Mirri eta Txiribiton eta Takolo, Pirritx eta Porrotx, Behatokia eta beste hura… Baina beti da hirugarren bat (edo laugarrena, edo…). Tira, ez beti.
Maiatzak 8, 2008
Aste biko oporraldiaren buelta gogorra izan dut Kafe Antzokian, Josetxo Anitua lankidearen derrepenteko galerak harritu eta hunkitu gintuen denok asteazken goizean. Zaila egiten zait ezer idaztea, dagoeneko gauza asko idatzi direnean, baina Josetxo Anitua ikusi nuen azken aldiarekin geratuko naiz. Siniestro Totalen kontzertuko eguna izan zen, Errioxatik lagun batzuk etorri ziren eta, hain zuzen, kontzertu ostean disko jartzailea zelako musika aukera aproposa jartzen ari zen aipatu zidaten. Aurretik beste zenbaiti bezala, harrotasunez erantzun nien Josetxo Anitua zela, Cancer Moon taldeko kantaria izandakoa eta musikaz asko dakien tipo mitikoa zela nabarmendu nuen. Gure Josetxo miresten nuen -miresten dut- eta eragiten zuen miresmen horren zati handia bere izaera bitxiari zor zion.
Atzo funeralean bere harreman sare handi eta anitzaren isla bat ikusi ahal izan zen, eta jendearen ahoetan komentario berdinak: nolakoa zen Josetxo, holakoa, halakoa… Konklusioa: inork ez zuela guztiz ezagutzen Josetxo. Azken finean bera irekia eta era berean erreserbatua zen. Tipo ausarta zela azpimarratuko nuke nik, oso xumea eta lotsatia izanik aurre egiten ziolako lotsa horri eszenatoki gainean katarsi baten bidez bere burua transformatzeko. Sortzailea zen horretan ere Josetxo.
Bart gauean, gauaren erdian Bilbora heltzean, botxoa ikusten zen Egirleta gainetik eta, zeruan, hirira begira zegoen ilargiak ohi baino tamaina handiagoa zuela iruditu zitzaigun…
Apirilak 25, 2008
Aurreko idatziak