Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » nire i-bilerak

'nire i-bilerak' ataleko artxiboak

Dikotomiak eta bestektomiak

BerakatzaGure herrian banderizoak dira nagusi: Marino eta Gorospe, Athletic eta… Erreala? Oinatz eta Ganboa, Kaikua eta forro polarra, EAJ eta EA, HB eta Aralar, AEK eta HABE, Maixa eta Ixiar eta Alaitz eta Maider (edo Iron eta Maider), EHKME eta Euskalmet, Udalbiltza eta Udalbiltza (eta Eudel), UPV eta EHU (eta UEU?), Cipri eta Punpa, Laia bai, Laia ez, AHT eta Euskotren, ikastolak eta ikastetxeak, Ondarroa eta Lekeitio, Hertzainak eta Zarama, Txirri, Mirri eta Txiribiton eta Takolo, Pirritx eta Porrotx, Behatokia eta beste hura… Baina beti da hirugarren bat (edo laugarrena, edo…). Tira, ez beti.

Iruzkin 1 Maiatzak 8, 2008

Josetxo…

Aste biko oporraldiaren buelta gogorra izan dut Kafe Antzokian, Josetxo Anitua lankidearen derrepenteko galerak harritu eta hunkitu gintuen denok asteazken goizean. Zaila egiten zait ezer idaztea, dagoeneko gauza asko idatzi direnean, baina Josetxo Anitua ikusi nuen azken aldiarekin geratuko naiz. Siniestro Totalen kontzertuko eguna izan zen, Errioxatik lagun batzuk etorri ziren eta, hain zuzen, kontzertu ostean disko jartzailea zelako musika aukera aproposa jartzen ari zen aipatu zidaten. Aurretik beste zenbaiti bezala, harrotasunez erantzun nien Josetxo Anitua zela, Cancer Moon taldeko kantaria izandakoa eta musikaz asko dakien tipo mitikoa zela nabarmendu nuen. Gure Josetxo miresten nuen -miresten dut- eta eragiten zuen miresmen horren zati handia bere izaera bitxiari zor zion.

Atzo funeralean bere harreman sare handi eta anitzaren isla bat ikusi ahal izan zen, eta jendearen ahoetan komentario berdinak: nolakoa zen Josetxo, holakoa, halakoa… Konklusioa: inork ez zuela guztiz ezagutzen Josetxo. Azken finean bera irekia eta era berean erreserbatua zen. Tipo ausarta zela azpimarratuko nuke nik, oso xumea eta lotsatia izanik aurre egiten ziolako lotsa horri eszenatoki gainean katarsi baten bidez bere burua transformatzeko. Sortzailea zen horretan ere Josetxo.

Bart gauean, gauaren erdian Bilbora heltzean, botxoa ikusten zen Egirleta gainetik eta, zeruan, hirira begira zegoen ilargiak ohi baino tamaina handiagoa zuela iruditu zitzaigun…

Iruzkina gehitu Apirilak 25, 2008

Blogei buruz Sautrelan

Blogei buruzko erreportaia atera dute aste honetan ETB1eko Sautrela saioan. Blogen fenomenoa literaturarekiko dituen harremanetatik aztertzen saiatu dira Xabier Gantzarain eta Jon Benito, azalpenekin hiru blogariren adierazpenak tartekatuz. Juan Luis Zabalarenak, Patxi Traperorenak eta neureak sartu dituzte, beste hainbatenak sar zitzaketen bezala. Ohi duten eran, txukun prestatu dute bideoa, baina hitz egindako kontu asko kanpoan geratu dira, telebistan askotan gertatzen den moduan. Hona hemen bideoa:

Iruzkina gehitu Apirilak 22, 2008

Zu non bizi zaren? Ondotxo dakite alderdiek

Zu, non bizi zara?Lehengoan etxera etorri zitzaidan EAJk bidalitako propaganda gutun hau. Edo hobeto publizitatea esan beharko dugu? Ez dakit. Egia esan, aspertuta nengoen publizitate banatzaileek tinbrea jo eta erantzutean “propaganda” zela entzuteaz, gero postontzia zabaltzean Lourdeserako txangoen, MediaMarkten edo audifonoen publizitatea aurkitzeko. Baina akaso hauteskundeetako propagandak gehiago du publizitate komertzialetik… Tira, ez da hori gaur hemen plazaratu nahi dudan gaia. “Zu, non bizi zara?” galdetzen du gutunak, galdera tontoa inondik inora. Izan ere gutunean bertan datorren datua baita, nire izen-abizenak eta helbidea. Datu berberak datoz  (aurkeztu ahal izan diren) gainontzeko alderdien gutunetan. Eta horrek zer pentsatua eman dit.

Nondik ateratzen dute alderdiek guri buruzko informazioa? Erroldatik ematen zaie, badakit, baina gero zer erabilera ematen diete informazio horri. Propaganda gutun horietan ez dago datuen babeserako legeari buruzko inolako aipamenik, zilegi da hori? Eta nola funtzionatzen du mekanismoak? Alderdiek zuzenean jasotzen dute errolda euren bidalketak egiteko ala bestelako sistema bat dago? Errolda guztiak jasotzen dituzte ala soilik interbentoreak izango dituzten mahaietakoak? Argi dago datu horiek informatikoki prozesatzen dituztela, baina horretarako baimenduta daude? Aurkezten diren alderdi guztiek jasotzen dituzte datu pertsonal horiek, baita Familia y Vida edo Democracia Nacional bezalakoek ere? Norbaitek hau hobeto ezagutzen badu, galdera hauek hemen erantzuteko eskatzen diot.

3 iruzkin Martxoak 3, 2008

Monstruoso

Egunotan hemengo zine aretoetan estreinatuko den Cloverfield filma zuzendu du Matt Reeves-ek. Ohiturari jarraituz, Espainian, izenburua aldatu diote eta Monstruoso goiburua jarri diote. Heroes-eko sortzailea omen da tipoa eta ezaugarri bereziak ditu ekoizpen independiente honek. Normalki AEBetan diru asko gastatzen da publizitate lanetan, filmak arrakasta lor dezan, baina film honen ekoizleek, hori egin barik, Interneteko marketing birala erabiltzea erabaki omen dute. Lost seriearekin sarean lehenengo eta telebistan geroago arrakasta lortutako J.J. Abrams-ek ekoitzi du. Egia esan, blogetan ez diot ikusi aparteko presentziarik, baina webgune ofizialean nork bere blogean trailerra ezartzeko widget-a daukate. Saiatu naiz eurek emandako kodea hemen jartzen baina maketazio osoa nahastu egin dit. Beraz, youtubeko bertsio bat jarriko dut hemen:

Iruzkina gehitu Otsailak 3, 2008

Dena berdin…

SerioUrte berria hasi da, betiko gabon gorrotagarrien ostean… Urteroko topikoak, asmo onak, merkealdiak eta urtarrileko aldatza. Gripeak baja asko eragin ditu eta igogailurako mintzagai alternatiboa bilakatu da… Hotza eta beroa, Goardia zibilak torturatzen jarraitzen du, alderdiak legez kanpo uzten dituzte… Nork esango luke 2008an gaudela? Bestondoaren efektuak gero eta luzeagoak dira… Domeka oste arratsalde tontoa da, telebista aurrean egoteko horietakoa…

A, baina gauza berririk ere bada. Esaterako, blog interesgarri bat ezagutu dut, Flickr-era nire azken argazkiak igo ditut, Zazpi@2007an bozkatu dut; Joomla instalazio batean ibili naiz lanean, Wikipedian ekarpentxoa egin dut, AEBekin hitz egin dut telefonoz Skype bidez, Youtubeko bideo interesgarri bat ikusi… Eskerrik asko Internet!

Buzzin in my head: Hope there is someone. Antony and The Johnsons.

Iruzkin 1 Urtarrilak 13, 2008

Euzkadi, bertako langileen eskuetan

EuzkadiEz, ez da bart iraultzarik gertatu, gurean gauzak ondo doaz, Ibarretxek lehengoan eman zigun Arcadian bizi garela sinisteko datu makroekonomiko piloarekin… Ez, Mexikori buruz ari naiz, bertan 2005ean Sindicato Nacional Revolucionario de Trabajadores de Euzkadi (SNRTE) delakoan eratutako langileek boterea eskuratu baizuten, eta gu enteratu gabe. Bi urteko borroka luzearen ostean, kooperatiba eratuta, fabrika bereganatu zuten, Argentinako La Toma-koen antzera. Euren lana eredugarria izan delako saritu zituzten Davos-en eta Berriki datu ekonomiko onak eman dituzte, egunero 6.000 gurpil ekoizten baitituzte.

Baina boterea hartzearekin batera fabrikari izena aldatu diote, Euzkadi kenduta. Anasagasti jauna lasaitzeko, esango dut ez diotela Euskal Herria bezalako izen batasunoa jarri. Izatekotan, cooperativa Trabajadores Democráticos de Occidente (Tradoc) ezker erradikalekoa izango da, azkenaldion izendapen hori modan jartzeko ahaleginean dabilen Urkullu jaunaren larridurarako. Edozein kasutan… Gora Tradoc askatuta!

Iruzkina gehitu Abenduak 17, 2007

Gora gu ta gutarrak, biba zuek!

Gu Ta GutarrakAste batzuk lehenago Mekoletan izan ginen eurekin eta kanta bat eskaini ziguten grabatzeko, kantu baten aldaera bat, hobe esan. Eguenean, berriz, Gu Ta Gutarrak taldearen emanaldia izan genuen Bilboko Kafe Antzokian, gutarrak eta gutar gonbidatuak edo extragutarrak. Gustokoa dute emanaldi bakoitzean tokian tokiko lagunen bat eurekin aritzea eta horrela dabiltza Euskal Herrian batera eta bestera, lagunak egiten eta lagun zaharrekin kantuan. Bilboko kontzertuan Rafa Rueda eta Jose Angel Irigarai izan ziren gomitatuak. Rafak Unaik egindako letra duen bi musu kantua jo eta abestu zuen bakarka. Jose Angelek berriz, gutar ez direnen zerrenda luze baina luuuuzea egin zuen, hiztegia kalifikatibo deskalifikatiboz hustuta. Orgia batera deitu zutela eta ea noiz hasi behar zuen galdetu zuen, hori despistea… Aitor gitarra jotzailea ordezkatzen etorritako Bixente Martinez ere ederto aritu zen gitarrarekin, baita slide guitar moduan jo zuen doinu batean ere.

Gutar neobertsolariakIzan zen iritzi kritikoagorik, baina niri bikaina iruditu zitzaidan kontzertua, bedar gozoaren lurrinak bitarte. Denetarik egon zen, Historiaren Taberna poutpourri- irudimentsuan bezalaxe. Atera kontuak, bertsotan ere aritu ziren Bixente, Xanpe eta Josu! Zazpi eskaleren bertsio bat egin zuten, bluesak, bakarkako kantuak, crescendoak eta une dizdiratsuak ere izan ziren… Ahaztua nuen ia, baina bukaeran Unaik gogorarazi zigun duela urtebete teklista moduan bertan egindako debuta… Enfin, debutamadre pasatu nuen nik. Ostean, trago artean, post bat idatziko nuela agindu nien eta hemen dago, ez dezatela gero esan berba jan dudanik. Hemen duzue ere, guretzako egindako kantua entzuteko moduan, baita Flickr-era igo ditudan pare bat argazki ere.

Iruzkina gehitu Abenduak 2, 2007

ASUS Eee eta eramangarri nano merkeen etorrera

EeeIzugarri merketu dira ordenagailu eramangarriak azken urteotan, mahaigainekoak bezala, eta Wi-Fi sareen hedapenarekin batera.  Ikusgarria da egun aireportuetako itxarongeletan, tabernetan, liburutegietan edo parkeetako jesarlekuetan zenbat lagun ibiltzen diren ordenagailuekin lanean, nabigatzen edo chat berriketan.

Oinarrizko ordenagailu eramangarria 500 euroren truke edo are merkeago eskura dezakegu egun eta, hortik gora, ahalmenaz gain pisua ordaintzen da: zenbat eta arinagoa eta txikiagoa -eramangarriagoa- gehiago ordaintzen da. Horrela, ordenagailu merkeek 3 Kilo inguruko pisua dute eta 1,8 Kilokoa izateagatik askoz gehiago ordaindu behar da. Egia da asko bidaiatzen den langileak eskertzen duela arintasuna baina geltoki, hotel eta aireportuetan ordenagailuarekin dabiltzan gehienak idazten eta posta irakurtzen ibiltzen dira, lanean ezta?

Bada, Varsavskyren blogean irakurri dudanez, horientzako aproposa den jostailua atera berri du ASUSek, subnotebook-en kategoriako azken bitxia. Eee du izena eta ezaugarri erakargarriak ditu ordenagailua lanerako erabiltzen dutenentzat. Sistema eragile moduan Xandros Linux distribuzioa darabil baina Windows XPren bertsio berezi bat ere onartuko omen du aurki. Aurkezpen honetan azaltzen dute momentuz zer egiteko gai den 250 euro inguru kostatzen den ipotxa.

Hemen oraindik salgai ez dagoen Eee honek ilarak eragin ditu AEBetako dendetan, 250 euro horien truke 7 hazbeteko pantaila, 4Gko flash diskoa, 512 MBko RAM, SD txartelentzako konexioa, hiru USB, Ethernet eta Wi-Fi konexioak, webcam-a, audio sarrera-irteerak, bozgorailuak… eta 900 gramoko pisua.

Uste dut beste asko etorriko direla bide honetatik (ez dezagun ahaztu hirugarren mundurako OLPC proiektuaren XO eramangarri merkea) eta laster arlo horretan ere lehia eta prezioen jaitsiera ikusiko dugula, gurean beranduxeago. Bitartean, zerbait oparitu nahi didanak badaki (2008 gabonetarako akaso)…

6 iruzkin Azaroak 25, 2007

Nire belaunaldia

Lehengo egunean Coca-Colaren iragarki hau ikusi nuen, nire belaunaldiko espainiarrei (eta euren telebista ikusten hazitakoak garenoi) zuzendua. Asmatu dutela uste dut, nahiz eta ez den horrelako fibra ikutzen duen lehenengoa.

Orain Wazemank-ekoek iragarkiaren parodia egin dute Noaoa! berria iragartzeko.

Buzzin in my head: My generation (The Who).

2 iruzkin Azaroak 3, 2007

Aurreko idatziak


sarean.com

Calendar

Maiatza 2008
A A A O O L I
« Api    
 1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak