Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » iritziak

'iritziak' ataleko artxiboak

Fernando Alonso sucks (eta gainerakoak ere bai)

Fernando AlonsoLehengoan, Bizkaiko herri bateko garagardotegian nengoela, telebista jarrita zegoen, halako lekuetan barkatu ohi den detaile merkea baina tira, jende asko ari zen jarraitzen Formula1-eko lasterketa. Interes berezia sorrarazi dute azkenaldion auto lasterketek, zalantzarik gabe Fernando Alonsoren inguruko fenomenoak eraginda. Halako batean, jendea pozez zarataka hasi zen, Alonso aurkariari aurrea hartu eta lehenengo jarri zelako lasterketan.

Guztiz arrotza zait Formula1, moto lasterketak bezala, baina iruditzen zait El Correok lortu ez duena lortzen ari dela Alonso hori, gurean ere atxekimendu handia baitu. Zerekin lotuta ageri den erraza da atzematen, beti: Heroiak mutil friki xamarra baina zintzoa ematen du, Movistar, Asturiasko bandera, Espainiako koloreak, Antena3… Espainiaren etsaiek kritikatu dute, Espainia bihotzean daramatenek goraipatu dute. Gutxi batzuek kritikatu dute errege biluzia, espainiarrak direla onartu arren…

Baina jakin nahi nuke zer gertatuko zen, esaterako, katalana izanik hasieratik, natural bezain harro, senyera erakutsi balu munduan. Nire herrikide Herri Torrontegiri gertatu zitzaionak ematen dit erantzuna: ez zuen erdietsiko daukan palmaresa eta honez gero lasterketatik at egongo litzake. Alonsok berriz patriotismoa biziberritzeko arrazoiak eman dizkigu, baina ez gaitezen maltzurrak izan, herrialde guztiek nazionalismoa bultzatu nahi dute kirolaren bidez (barka, Espainian horri nonacionalismo esaten diote). Hemen beste batzuek negozioa egin nahi izan dute telefono zerbitzu garestia aberriaren kolore laranjarekin jantzita. Eskerrak errealitateak euskal heroiak ere bere lekuan jarri eta gure kirolariak besteak bezain ustelak izan daitezkeela erakutsi.

Iruzkina gehitu Abuztuak 7, 2007

Nola zentsuratzen da webgune bat?

El Jueves - Bahitutako edizioaEspainiako epaileak ere izan ziren Batasunaren webgunea ixteko agindu zutenak. Orain El Juevesekin gertatu da. Teknikoki eta juridikoki zentsuratze hori nolakoa izan den jakin nahian ibili naiz eta inon ez dago azalpen handirik. Hemen behintzat, deskonexioa aldizkarikoek eurek egin dutela agertzen da, poliziek delitua egiten ari zirela jakinarazi eta gero. Baina zer gertatzen da zentsuratuak bere webgunea kentzen ez badu? Zentsuragaitza da sarea? Espainian egun oso erraza da webgune bat zentsuratzea, tamalez. Garai batean ISP mordoa zegoen estatuan, zailagoa izango zen denak banaka-banaka konfiguratzea webgune jakin baterako sarbidea galarazteko. Gaur egun, ordea, dozena erdi telefonia enpresek ematen digute sarbidea. Nahikoa dute Telefonica, ya.com, Jazztel, Orange eta Onori zentsuratzeko agintzea praktikan zentsura hori ia erabatekoa izan dadin, zentsuratuak bere webgunea saretik kendu ez badu ere.

Ni neu beti TMEOkoa izan naiz, askoz basatiagoa baita baina inoiz ez diote horrelakorik egin. Zergatik? Fiskal askok ez dutelako ezagutzen eta ez delako hain famatua. Argi esan dute El Juevesekoek ere: orain arte askoz gogorragoak atera izan ditugu eta ez da ezer gertatu: Zergatik oraingoan? Azalean agertu delako. Letiziaren izaera sakratua atzera-eraginezkoa izango da?

Iruzkin 1 Uztailak 23, 2007

The revolution will not be televised? Telesur Europan

Gil Scott-Heron poeta eta kantari iraultzaile amerikarrak asmatu eta hedatu zuen The revolution will not be televised leloa 1971an argitaratutako aldarrikapen kantuaren bidez. Hona hemen abestiarekin eta hainbat irudirekin osatutako bideo bat. Canongate Books-ek argitaratutako Now and Then bildumarako egindako promozio bideoa da:

Interneten garaia geroago heldu da eta, komunikabiden arteko kategorizazio zurrunak alde batera uztearekin batera, iraultza telebistaz (Scott-Heronek aipatu nahi zituen boteretsuek kontrolatutako mass media) baino, komunikabide alternatiboen bidez hedatzeko aukera dago. Hain zuzen ere, goiburu bera du Venezuelan Chavezen aurkako estatu kolpe saiakeraren alderdi mediatikoari erreparatzen dion dokumentalak.

Gainera, Venezuelan bertan dauka egoitza nagusia satelite bidezko Telesur telebista bolibartarrak. Tamalez, ordea, zuzeneko emisiorako hartu duten inperioaren Windows Media sistemak ez du seinalea behar bezain ongi igortzen. Aukera ona zuten VLC edo horrelako sistema libre bat bultzatzeko zuzeneko emisioak etsaiaren softwareare eskasarekin egin ordez.

Satelite bidez orain Europan ikus daiteke Telesur (hemen jarraibideak). Kodifikatu gabeko seinalea da, NSS 806 sateliteak igortzen du eta Euskal Herrian hego-mendebaldera begira jarri behar da antena (230º gutxi gora behera) Satelite hori harrapatzeko. Hori bai,  120 zentimetrotik gorako diametroa duen antena behar ei da seinalea ondo hartzeko.

Iruzkina gehitu Uztailak 8, 2007

Konponbidea behar dut

Zaldieroa 2007-06-05 BerrianAstearte goizaz gero ez da beste gairik albistegietan. Jendearen arteko elkarrizketetan, ordea, gaurko bentilatuta somatu dut su-etenaren etenaren gaia. Denok aurreikusi dugu hemen, ETAk hainbat abisu emanak baizituen, Barajasekoa tartean. Otegik ere lehengo larunbatean bukatutzat eman zuen prozesua, ezker abertzalea bakarrik mahaian eserita aspaldi, Godoten esperoan… Esanguratsua da, bai, Zaldieroaren tira hau etenaren iragarpenaren egun berean atera izana. Orain elkarri erruak leporatzearen erretorika egozentriko guztia jasan behar dugu telebistan-eta, baina inor ez da hau bideratzearen inguruan mintzatzen une honetan.

Bitartean, jendartean gure asuntuarekiko gero eta oskol gogorragoa hazten doa. Euskaldunen artean ere sentipen ezberdinak sumatu ditut aurreko su-eten eta elkarrizketa prozesuekiko. 1998an poza eta esperantza, apurketan atsekabea. Iazko martxoan ustegabeko edozein albiste on hartzen den moduan hartu genuen su-etena, aparteko algararik gabe. Oraingo apurketarekin etsipena da inguruko jendearengan (eta neure buruarengan) somatu dudan sentsazio, resignazio katoliko modukoa.

Azken finean ETAk erabakia zuen borroka armatua uztea, hori duintasunez egiteko bidea eskatzen zuen soilik eta, bidea ukatu diotenez, behartu dute bere diskurtsoarekin koherentea izanik armak berriro hartzera. Bai, errua Zapaterorena da, bere kalkulu politikoen arabera ezin baitu ezer negoziatu Espainiako gobernua galdu nahi ez badu… Baina erantzukizuna ez da bakarrik Zapaterorena, eta erantzukizunez jokatzea denoi zegokigun. Alderdi politikoek euren interesak eta kalkuluak jarri dituzte aurretik, ANV alderdi txiki eta historikoa ezezik, asko arriskatuz esku bat bota nahi izan baitio prozesuari eta Batasunari, aintzina egin zuen moduan alderdiaren aurretik herria jarriz.

Zer gertatuko da honen ondorioz? Bada, hau ez da Bill Murrayren filmeko marmotaren zikloa bezalakoa eta, igarlearena egiten, hainbat ondorio handi eta txiki izango ditu, ez baita berriro hasierako laukira bueltatze hutsa. Ondorioak era askotakoak izan daitezke, norbaitek Sustatun apuntatu dituenak eta gehiago: Nafarroan eskumako gobernua berriro ezartzea, Bizkaiko hainbat herritako udaletan beste lau edo zortzi urtez ezkerreko oposiziorik gabe hirigintza arloko gehiekikeriak jarraitzea, Araban espainolistak boterean jarraitzea, Espainiako gobernuan berriro PPk agintea eskuratzea… Eta ondorioak euskalgintzaren aurkako operazioak, komunikabideak ixtea, politikariak gartzelaratzea, presoak gartzelan beste hainbat urtez itxaropenik gabe geratzea…

Ekintza armatuak berriro hasiko direla eta, bistan da, horrek ez dituela izutzen espainiako segurtasun indarrak. Youtubeko bideo batean itxura militaristako gazte batzuek egiten duten arma erakustaldia kezkagarriagoa da niretzat edo Alec Reid-entzat (ikus Argiako elkarrizketa), baina ez PPko bihar-etziko gobernuarentzat. Borroka armatua tresna moduan erabiltzearen garaia igaro da. Egun ETAren esistentzia bera ezer ez egiteko aitzakia baizik ez da Espainiako gobernuentzat, eta ETAren ekintza baldarrak PPren propaganda bulegorik onena. Hiruzpalau komando prestatuta gauza handiak egingo dituen espejismoa berehala atxiloketak eta preso gehiago bihurtuko dira, frogatuta baitago operatibitate militarra oso murritza duela horrelako hiri gerrilla batek gaur eta hemen. Espainiarentzat noizean behin odol apur bat botatzen duen ultzera txikia da ETA; euskaldunekin ezer ez negoziatzeko aitzakia handia ere, bestalde.

KonponbideaEta non geratzen dira, testuinguru honetan, Milakabilaka bezalako ekimenak? Imanol Muruak idatzi duen moduan, elkarrizketa, bakea eta errespetua eskatu dugunok, ANVri prozesuaren alde eskatutako botoa eman dugunok ez ote dugu agindutakoa merezi? ANVk berak ez zuen datorkion marroia baizik beste ostertz bat merezi? Non geratzen gara herritarrok? Gogoa gure asuntua baztertu eta beste hainbat gauzetara dedikatzeko ematen du. Etsipena eta indiferentzia, datozen hauteskundeetan alderdirik bozkatuenak izango direla dirudi. Nork bueltatuko digu orain itxaropena?

Buzzin in my head: Desperado (Amparanoia).

Iruzkin 1 Ekainak 7, 2007

En el hoyo, DF erraldoiaren inguruko dokumental interesgarria

Eskertzekoa da oraindik Multicines eta Renoir bezalako zine areto independienteak egotea Bilbon, Athletic-en partidagatik arduratzen ez garenon gozagarri. Igandean El Violin ikusteko ustearekin parajetu nintzen Bilboko multietara, baina 20:00etako emanaldian ez zuten ematen. Segundu batzuetan erabaki eta En el hoyo ikustera sartu nintzen. Ez nintzen damutu.

Trailerra webgune ofizialean ikus daiteke, baita Youtuben ere:

Mexikon diotenez, herri-lan erraldoi horietan lanean hiltzen diren beharginak deabruak kobratzen duen bidesari modukoa dira. Hortik abiatzen da Mexikoko DFko igarobide erraldoi baten eraikuntzan dabiltzan kurrela batzuen gaineko dokumentala, Juan Carlos Rulfok egina. Horietako bakoitza hartu eta bere bizimodua deskubrituko dugu, bere kezkak, ilusioak eta atsekabeak ezagutuko ditugu. Multietan egongo da ikusgai aste honetan.

Buzzin in my head: Yo vengo del hoyo (Radio Bemba).

Iruzkin 1 Maiatzak 29, 2007

SGAEko “lagunak” elkartasun ekimenetatik dirua poltsikoratzen

SGAE lapurretanBadakizue aspalditxotik Googlen SGAE bilatuz gero nabarmen ageri dela SGAE=ladrones izenburuko post bat. Testua aspaldikoa izan arren oraintsu jaso du egileak elkarte mafiosoaren mehatxua. Tamalez ez da lehenengo aldia SGAEk elkartasuna bideratzeko ekimenetatik dirua poltsikora eramaten duela, artistek eurek egile eskubideengatik kobratzeari uko eginda ere. Prestigeren afera izan zenean ere Nunca Mais plataformak antolatutako jaialdi batean. Egileak ez dira burujabe euren eskubideengatik kobratu ala ez erabakitzeko. Hori da Joseba Tapiak euskal SGAE bat nahi duen argi ez edukitzeko arrazioetako bat: eskubideak zureak dira baina kobrabideak beste batek erabaki eta exekutatzen ditu, zeuk katxeta zerora jaitsi nahi izanda ere. Komikia irakurtzeko irudia handiago ikusi behar da.

Iruzkina gehitu Maiatzak 16, 2007

Ruper eta Piris bikote bikaina

Ruper Ordorika - Jon PirisEderra, gozagarria iruditu zitzaidan barikuan Bilbon Ruper Ordorikak eskainitako emanaldia. Memoriaren mapan diskoaren zuzeneko emanaldiak formato xume eta akustikoan, mugalariekin baino, Jon Piris kontrabaxu jotzailearen laguntza hutsarekin egiten ari da oñatiarra. Duela pare bat urte egin zuen formato honen aurrerapen modukoa Bilboko Kafe Antzokian bertan, entzule gutxi batzurentzat, baina ostiralean areto handian eta 250 bat lagunen aurrean egin zuen. Kontzertuaren argazki pare bat eskegi ditut Flickr-en eta nire Lumix berriarekin ateratako Hondartza galduan kantaren bideo zati hau ere Youtubera ere igo dut, baina desfase bat sortu du Youtubek irudien eta soinuen artean. Hemengo flash player-arekin, berriz, soinua irudiekin batera doa arazorik gabe.

2 iruzkin Martxoak 18, 2007

Emakumearen eguna eta euskal esaeren bilduma misoginoa

Emakumeak jokoanSareari esker jakin dut martxoaren 8aren ustezko abiapuntu historikoa ez dela benetakoa. Fabrika batean baldintza txarretan zeuden emakume asko hil ziren New Yorken, baina beste data batean izan zen eta lehenagotik aldarrikatzen zuten emakume sozialistek emakumearen egun bat AEBetan. Martxoaren 8a 1914an aukeratu zen estrainekoz, gerraren aurka protesta egiteko. Dena dela, emakume askorentzat ezezaguna eta garrantzirik gabea da egunaren jatorriaren auzia, baita haren edukiaren gehiena, egun euren erara ospatzen baitute. “Enpresariek putetxeak betetzen dituzte maiatzaren lehenean” zioen Morauk, “Marujek jatetxeak betetzen dituzte martxoaren 8an” diot nik, askorentzat horretara mugatzen baita aldarrikapen eguna. Asko dago oraindik aldatzeko, emakume askoren buruetan bai, baita beste hainbat arlotan ere. Esaterako euskarazko esaera zaharren bilduman emakumearen inguruko euskaldunon pentsaera atabikoaren erakusgarri eder batzuk aurkituko ditugu.
Egunero Gotzon Garatek bildutako refranero ospetsuan murgiltzen naiz lanean, egunean-egunean esaera bat aukeratu behar baitugu, menuaren apaingarri moduan. Egun seinalatuetan ahalegintzen gara egun horri dagokion esaeraren bat bilatzen. Eta lehengoan emakumeen aldeko esaera baten bila abiatu nintzelarik konturatu nintzen zein misoginoa den euskaldunon esaera bilduma tradizionala. Asko dira emakume edo andreak aipatzen dituzten esaerak, ez pentsa. Baina ia denek gizonezko matxisten ikuspuntua islatzen dute. Ordu erdiz emakumeen aldeko esaera bakar bat ere aurkitu ezinik, amore eman eta bestelako gai baten gainekoa aukeratu nuen. Hala ere, ikus dezazuen nolakoa den, gure esaeren bildumako erakusgarri ttxiki-ttxiki bat ekarriko dut lerrootara. Bere benetako dimentsioa ikusteko, bildumara jo eta andre edo emakume hitzak bilatu… Susmoa dut behinolako matriarkadoarena ere gure buruak (edo arbasoenak) zuritzeko asmatutako ipuina ez ote den.

Astoa eta emakumea ez zaizkio iñori uzten.
Apaindurik, emakume itsusirik ez.
Ardoaren eta emakumeen mende dagoena gaizki.
Ahuntza, astoa ta emakumea ez ditu iñork teman autsiko.
Aza berriz berotua eta emakumea berriz ezkondua, berdintsu.
Emakume bat etxerako gutxitxo ta bi geitxo.
Emakume edarra, etxe galgarri.
Akatsik gabe ez mandorik ez emakumerik.
Emakumea eta gezurra egun berean jaio ziren.
Emakumea eta zartagia sukaldean.
Emakumeak gobernatzen duan etxia ta oilluak gobernatzen duan baratza berdiñak.
Emakumeak illia sobran ta garunak faltan.
Emakumearen negarra ta arratoi-txakurraren errena berdin.
Emakumeari esandako sekretua ez da sekretua.
Emakumeari eta lapurrari okasiorik ez ipini.
Emakumeekin orga bat pazentzia behar da.
Gerritik be(he)ra ez da emakume zaharrik.
Lumak pisurik ez, emakumeak zentzurik ez.
Kontuz mandoarekin atzetik, zakurrarekin aurretik eta emakumearekin alde guztietatik.
Andrearen indarra, titiak eta negarra.
Andrea ta astoa temosoak.
Andrea soloi, hurdea basoi.
Andre itsusia, urreak edertu.
Andre ederra, etxean gerra.
Andre bi eskatz (eskaratz, sukalde) baten txarto.
Andre barritsuek, sarri baztarrak loi.
(…)

Buzzin in my head: Redemption Song (Bob Marley) Johnny Cash eta Joe Strummer-ek kantatua.

Iruzkina gehitu Martxoak 10, 2007

Oleguer eta zapatagileen erretorika ustela

Futbola, ditxosozko futbola… Gizarte honetako opioarekiko distantzia mantendu nahi izan arren, noizean behin heltzen zaizu baloikadaren bat aurpegira, gutxien espero duzunean gainera. Gero eta irmoagoa da ene baitan hura debekatu eta kirolen zerrendatik kendu beharko luketen sinismena. Lehia zikina, deportibitate eza, vedettismoa, oroz gainetik irabazi beharra… Eta guztiaren atzean dirua, dirua eta dirua, kopuru iraingarri eta lotsagabeetan dirua. Kirolik ustelena kendu eta haren ordez rugbya jarri beharko luketela errege, horixe diot nik, gero eta ozenago. Horregatik benetan harritzen nau futbolari bat ganorazko gauzak esaten eta idazten ikusteak.

Ez nuen Oleguer Presas futbolaria ezagutzen, lehengoan Berrian Fede ona izeneko haren artikulua irakurri nuen arte. Iñaki De Juana askatzearen alde mintzo zen bertan, argudioak eman zituen hura gartzelan atxikitzea bidegabekeria dela azaltzeko. Albistegien kirol tartean betiko adierazpen hutsalak entzuten ohituta egonik, futbolari batengan ezohikoa den erretorika ordenatua agertzen zuen idatziz… Orduan gogoratu nuen Fermin Muguruzak argazkia atera zuela berriki Ronaldinho eta beste futbolari batekin… Bai, bera zen. Wikipediak datu gehiago eman dizkigu ezohiko futbolari honen gainean: katalanista, globalizazioaren aurkakoa, irakurlea, inteligentea (gurean ordea Yeste estilokoak dira nagusi: argudiorik inteligenteena galtzontziloak erakustea)…

Gerora, Bartzelonako euskal etxearen blogean irakurri dut Kelme enpresak harekin zuen kontratua bertan behera utzi duela artikulu harengatik. Kirol oinetakoak saltzen dituen enpresak berak esan du adierazpen horiek eragin dutela Kelmek kontratua haustea eta, ondoren, prentsa oharrean zera diote, hitzez hitz:

“Los responsables de la empresa deportiva abogan por la defensa de los derechos de libertad de expresión y libre pensamiento. Sin embargo, la vinculación de Kelme con el jugador se basaba en criterios única y exclusivamente deportivos, por lo que se tomó la decisión de rescindir la relación contractual unilateralmente”.

Logika guztia apurtzen duen falazia dugu hau: Beraz, harremana soilik kirol arloan egonik eta, gainera, enpresak iritzi eta adierazpen askatasuna errespetatzen duela adierazita, kontratua hausten dute kirol arloarekin zerikusirik ez duten adierazpen batzuengatik. Norbaitek ulertzen du? Silogismoa ez, baina esan nahi dutena bai, ezta? Ez, ez gara idiotak, erdaraz ere badakigu. Eta espainiako zapatagileen erretorika ustela dela aspaldi ikasia dugu.

Buzzin’ in my head: Santa Maradona (Mano Negra)

3 iruzkin Otsailak 24, 2007

DEIAn elkarrizketa, irratia.com dela eta

Lehengoan Gotzon Uribe lagunak elkarrizketa egin zidan Deiako Ortzadar gehigarriarentzako, irratia.com dela eta. Irratiak, blogak, sarea eta nire ohiko aldarrikapenak izan genituen hizpide. Argiaren Harian agertu zen aipamena baina Interneteko edizio irekian agertu ez zenez, hona dakartzat galdera-erantzunok. Interesa bai baina Deia irakurtzerik izan ez zuenarentzat, nik botatakoen gainean iruzkinik egin nahi duenarentzat… A, eta bai, nik “Internet” behar bezala idatzi nuen, letra larria hasieran (norbaitek zuzenduko zuen gerora).

Jabi Zabala: “Internautak eragilea izan behar du”

irratia.com euskaraz eginiko lehen irrati digitala sortu zuen orain dela zazpi urte Patxi Gaztelumendirekin batera

Testua: Gotzon Uribe

2000ko domusantu egunez abiatu zen irratia.com proiektua. Nagusiki musika kanalak entzuteko aukera ematen zuen webgunea zen. 2001ean Sareko Argia lortu zuten, ekarpen berritzailea egiten zuen euskarria zelako. Teknologia berrien arloan euskararen egoera tamalgarriari buelta emateko eta irratigintza digitalizatzeko bultzada emateko asmoz eratutako proiektua da. Zazpi urte bete ditu.

Zuena irrati digitala da. Norbaitek benetan entzuten al ditu Internet bidezko irratiak?

Noski, jendeak Interneten bidezko irratiak entzuten ditu baina, uhinen bidezko irratietan bezala, badira entzule gehiago edo gutxiago dituztenak. Gure helburua ahalik eta entzule gehien izatea balitz ez genuke euskaraz egingo. Gure komunitate txikian eragitea da gure asmoa, euskal sarean ekarpen teknofiloa egitea.

Euskeraz eginiko lehen irrati digitala izan zela zuena. Nola ikusten duzue zuen bilakaera?

Bai, 2000ko azaroan hasi ginen zuzeneko irratsaio bat egiten, zazpi musika kanalekin eta hainbat ekitaldi zuzenean emitituz. Irrati birtuala zen gurea, ez Interneten bidezkoa zelako, benetako egoitza fisikorik ez geneukalako baizik. Gainerakoan benetakoa zen guztiz. Duela bi urte kontzeptua erabat aldatu genuen: Musika kanalak desagertu ziren, webgunea blog sistema bihurtu eta irratsaioa bihurtu zen irratia.com, asteartero Bilbo Hiria irratian emititzen dena. Sarean agertuz joan diren baliabide berriak berehala bereganatu ditugu gure lana hobeto eta errazago egiteko. Unean uneko baliabide merkeak eta eskuragarriak erabili ditugu beti, euskal irratiak eta beste internautak animatzeko, gauza asko egin daitezkeela erakutsi nahian.

Gaur egun teknología berriei esker edozeinek egin dezake irratsaio bat bere etxetik. Hau kazetaritza digitalaren hoberako edo txarrerako al da? Agian nolabaiteko galbaheak jarri beharko dira entzulegoa ez despistatzeko…

Onerako, dudarik gabe. Argitalpenen demokratizazioa gertatu da Internet, blogak, i-rratiak eta sareko telebistak agertzearekin batera. Gaur egun edonork egin dezake irratsaio bat bere logelatik, baina hori tresnen demokratizazioa da. Kalitatearena honekin nahastea eta baheak eskatzea eztabaida faltsua sortzea da. Eztabaida hau planteatu da berdin blogen kasuan eta beti ohiko hedabideetatik atera dira karnetak edo baimenak ezartzearen aldeko iritziak. Astakeria galanta da adierazpide tradizionalak aldarrikatuta besteak mugatu nahi izatea. Beti bezala, tresnak eta edukiak nahastetik dator hori: badira kazetaritza blog bikainak baita antikazetaritza egiten dutenak ere, konfidentzialak-eta. Bestaldean, errotatibak eta paperak ez dute bermatzen edukia kazetaritza denik.

Edukietan, idazketan eta gaien tratamenduan dago kazetaritza. Hainbat agerkari eta telebista ospetsutan kazetaritza barik zaborra egin ohi dute egun baina kazetaritzat jotzen dute euren burua, telebista batean egoteagatik-edo. Aitzitik, sarean bere kabuz idazten ospea lortu duen kazetariak berak bakarrik irabazi du ospe hori, editore baten babesik gabe.

Blogosferan ere bazabiltzate aspaldidanik. Euskal blogosfera delakoa benetakoa al da? Orain urtebete martxan zeuden blog ugari gaur egun eguneratu gabe daude…

Bai, euskarazko blogosfera sortu eta ikaragarri hazi da azken urteotan. Blogariak iritzi eta albiste iturri dira, batzuetan interesgarriagoak eta kualifikatuak, besteetan ez hainbeste. Baina bizitasuna eta komunikatzeko grina duen multzoa gara, gure arteko saretxoak ditugu eta harremanetarako tresnak: Zabaldu, Sustatu, Aurki… Komunikazio, pentsamendu eta arrazoitze gaitasuna duen indar handia biltzen ari da euskal blogosferan. Kopuruz ere, Euskal Herriko talde editorialik handienetakoa izango da euskal blogosfera. Gero, normala denez, batzuk desagertu edo gelditzen dira, baina halako hiru sortzen dira gero.

Irratia.com. Teknologia berriak eta musika. Zer bilatzen duzue?

Bada entzun barik gure saioa ordenagailuei buruzkoa dela uste duenik, baina entzundakoan iritziz aldatzen dute: gizarte gaiak jorratzen ditugu eta oso musika ona ipintzen dute Ibon Burgoa eta Ekaitz Hernandez gure teknikariek, oso zeregin garrantzitsua dute irratia.com-en. Edukietan zentratzen gara, euskarazko edukietan batik bat.

Ordenagailuak ez, baina Internet bai izaten dugu hizpide, bertan eztabaidatzen direnak eta baliabide berriak ere. Batez ere 2.0 aro honetako baliabide berri eta interesgarrien alde mintzatzen gara (Flickr, zabaldu.com, Google, Youtube). Eragiteko balio duten aukerak azpimarratzen ditugu beti, Internautak irakurle pasiboa edo erabiltzaile hutsa baino, eragile izan behar duelako. Edukiei buruz, berriz, saiatzen gara entzuleentzat erreferentzia interesgarriak biltzen, blogek egiten duten bahe lanaren antzekoa egiten.

Egun Bilbo Hiria Irratiaren programazioaren barruan emititzen duzue astearte arratsaldetan 6etatik 7etara.

Zuzenean egiten dugu ordu horretan eta Bilbo inguruan FMko 96.0an entzun daiteke, baita sarean ere, bilbohiria.com-en zuzeneko seinalean. Baina zuzenean entzuterik ez duenak badaki beste edozein momentutan irratsaioak entzun edo eskuratzeko aukera duela irratia.com irrati-blogean.

Eskuragarritasun hori podcast delakoaren bidez egiten duzue. Zertan datza?

Podcast egiten dugu, beraz, oso erraza da irratia.com saioak jaitsi eta gero metroan edo kalean entzutea… Nork ez dauka gaur MP3 jogailu horietako bat? Duela bi urte kontzeptua aldatu geneuenean pentsatu genuen irratsaio bakoitzeko testu bat sortzea blogean eta bertan saio horretako MP3 artxiborako lotura jartzea. Artean ez genekien horri “podcast” esaten zitzaionik. Funtsean hori da podcast, baina prozesua automatizatu egiten dute iTunes moduko programek: gure irratsaioa automatikoki iPod-era edo ordenagailura jaitsi daiteke, geroago entzuteko.

Zuretzat, honekin lotuta, zein izan beharko luke Internet eta euskal munduari loturiko hurrengo bilakaera?

Bilakaera kualitatiboa izango da nagusiki, asko baitago oraindik aldatzeko. Euskal sektore jatorzale teknofoboak gero eta indar gutxiago du baina galga asko daude gure artean: korporatibismoak, subentzionitisak, hedabide tradizionalak… Interneten garapenaren kontra. Aldeko indarrak, berriz, internautak eurak ari dira ipintzen: Sustatu, zabaldu.com, blogari.net , blogak.com

Azken audientza neurtzaileek diote Euskal Herrian irratia gero eta jende gutxiagok entzuten duela. Zergatik izan daitekela uste duzue?

Ez dakit. Sareko irratiak lehen baino lagun gehiagok entzuten dituzte behintzat.

Nola ikusten duzue gaur egungo Euskal Herriko irratien osasuna?

Euskal irratiak, irrati komunitarioak, irrati txikiak dira gehienbat. Denetariko egoerak daude, baina badira elkarlan adibide esanguratsuak, Iparraldeko euskal irratiena kasu (Irulegiko Irratia, Gure Irratia, Xiberoko Botza).

Musika aipatu dugu. Gauza jakina da jendeak bere gustoko gauzak entzun nahi dituela. Espezializazioa al da bidea?

Ez dut uste derrigorrez musika irratietan bide egokia espezializazioa izango denik. Denetariko musika ona jartzea akaso ere ez, jende gehienak ez baitu musika ona bilatzen, radioformulak duen arrakasta ikusita… Baina zuk uste duzu hori bilatu behar duela euskal irrati batek? Azkenean arrakastatsuena ez da izango masentzako irrati bat, norbere neurrira egindakoa baizik. Internetek aurki aukera emango digu gure gustoen araberako musika emango digun aukera edo musika kanala osatzeko.

Internet bidez hizkuntza eta leku ezberdinetako irratiak entzuteko aukera dago; baina kopuruz, gure artean jendeak entzuten al ditu?

Momentuz jende gutxik entzuten ditu Internet bidezko irratiak, jendeak ez baitu ordenagailua irrati moduan erabiltzeko ohiturarik. Baina apurka-apurka egin beharreko kontua da.

2 iruzkin Urtarrilak 20, 2007

Hurrengo idatziak Aurreko idatziak


sarean.com

Calendar

Maiatza 2008
A A A O O L I
« Api    
 1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak