Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » iritziak

'iritziak' ataleko artxiboak

Fotolog eta myspace fenomeno… ulergaitzak?

Azken urteotan bi zerbitzu ikaragarri hazi dira, modan daude eta, berauek aztertuta, gakoak ulertzen saiatu naizen arren ez ditut oraino arrakastaren arrazoiak erabat argitu. Fotolog eta Myspace fenomenoez ari naiz. Batak argazkiak eskegi eta komentatzea besterik eskaintzen ez duen zerbitzua da. Bestean, diseinu zurrun eta ikaragarri itsusi batzuen artean bat aukeratuta, musika batzuk, testu apur bat eta argazki batzuk eskegi dezakegun orrialde bakarreko webgune prefabrikatua lortuko dugu, kontaktuen sare sozialeko ezaugarri sinple batzuekin.

Interneten bilatuta, aurkitu dut nire galdera bera egin duenik, baita arrakastaren gako horiek ulertzeko lorratz batzuk iradoki ere. Fotolog eta Flickr alderatzen ditu Furilok eta, arrazoi guztiak Flickr-en alde agertzen badira ere, zergatik Fotolog arrakastasuagoa (popular, amerikarren adieran) den galdetzen dio haizeari, Kottke-k lehenago egin zuen moduan, Alexaren estatistiketan Fotologek Flickr-i aurrea hartu diotela erakutsi ostean:

This is a somewhat stunning result because by all of the metrics held in high esteem by the technology media, Web 2.0 pundits, and those selling technology and design products & services, Flickr should be kicking Fotolog’s ass. Flickr has more features, a better design, better implementation of most of Fotolog’s features, more free features, critical praise, a passionate community, and access to the formidable resources & marketing power of Yahoo! And yet, Fotolog is right there with them.

Sarea aditu moduan aztertu ohi dugu eta bertako fenomeno batzuk ulertezinak iruditzen zaizkigu, hain zuzen gure ikuspuntua horixe delako. Fotolog, ordea, 2.0 zer den ez dakiten eta bost axola zaien internauta basikoek darabilte, Furiloren iruzkinetan batek dioenez:

La gente que usa Fotolog no sabe qué es la web 2.0, ni le interesa. Usan fotolog porque en muchos casos ni siquiera saben crear un blog ni les importarían los tags, categorías, pingbacks y todas esas cosas. Fotolog es un sitio con muy poca interactividad, muy pocas opciones y funcionalidad casi nula (ni siquiera usan RSS). Por eso les encanta. Mientras más “capado” esté un servicio mejor para el usuario “general” que no quiere tener que aprender nada nuevo. Suena duro, pero bueno, es así. En Flickr tienen grupos, tags, sets, photostreams y demas cosas que los usuarios de Fotolog no entienden ni quieren entender.

Hor dago koxka, bai, baina onartzen dut horrek ez didala erabat azaltzen zerbitzu eskas hauen arrakasta. Furilori berriro kasu eginez, mojoari emango diogu arrakastaren gakoa. Izan ere, myspace fenomenoa azaltzeko ez du balio xalotasunaren azalpenak, oso interface mordoiloa baitu. Seguru domeinu bat hartu eta Wordpress instalatzea baino errazagoa dela, baina erdibideko aukera asko daude nork bere bloga zabaltzeko, horietako asko erraz-errazak.

Beti aipatu izan da Hotmail, milaka erabiltzailek aukeratu duten zerbitzu eskasa, lehiakide askoz hobeak izanik nagusitasun posizio batetik (Microsoft-ena da eta Windows instalatzearekin batera hotmail kontua sortzea eskatzen dizu sistemak) bultzatua zela eta azalpen horrekin asetu gara. Baina Fotolog eta Myspace fenomenoek aurkitu beharreko beste gako eta irakaspen batzuk ere badituzte…

Iruzkin 1 Ekainak 28, 2008

Simyo probatzen…

simyo iragarkiaTelefono konpainia birtual low cost berrien zurrunbiloan (Carrefour, Eroski, Diamovil, Yoigo, Pepephone…), duela hilabete batzuk sortu zen oraino tarifarik merkeenak eskaintzen dituen SIMYO. Hegaldi merkeen enpresen gisara, erabat Internetera begira sortu da, bezeroak kudeaketa guztiak webgunearen bidez egin behar baititu. 2.0 baliabideak ere darabiltzate, arduradun batek hainbat konturen berri eman eta iruzkinak erantzuten dituen bloga, youtuben kanala eta Flickr-en argazkiak ere baitituzte. Holandako KPN operatzailea dago haren atzetik eta hainbat herrialdetan dago presente Simyo.

Bere eskaintzari dagokionez, xalotasuna aldarrikatzen dutela nabarmentzen dute, baldintzetan letra txikirik eza eta bezeroa tarifa bihurriekin ez nahastea. Horregatik tarifa bakarra dute: edozein telefonotara eta edozein ordutan 9 zentimo minutuko, txartela zein kontratua eduki, eta kontratua dutenek ez dute inolako gutxieneko kontsumorik egin beharrik. Gainera, promozio moduan sortu zen zenbait Simyo telefonoren artean deiak minutuko zero zentimotan egitea, baina azkenean orokortu egin dute neurria eta jada Simyo telefono guztiek euren arteko deiak (dei bakoitzaren 10. minutura arte) doan dira, soilik ezarpenaren 15 zentimoak ordaindu behar dira.

simyo kontrol panelaNik momentuz Orangen daukat mugikorra eta pozik nago Euskalteletik pasatzeagatik %50 merkeago dauzkadalako nire kontsumo urriak. Horregatik, Simyo probatzeko, aurreordainketa (txartela) bidezko zenbaki berria eskatu dut, lehengo egunean aipatu nuen wifi telefonoan erabiltzeko. Simyok, sinpletasunaz gain, bezeroaren erabateko askatasuna ere aldarrikatzen du, nahi duenean baja eman ahal izatea, eta horregatik ez dizu telefonoa merkeago eskuratzearen truke 18 hilabeteko lotura derrigortzen. Hori bai, oinarrizko Nokia 1650 librea eskaintzen du 50 euroren truke (gastatzeko beste hainbeste saldoan emanez). Duela hiru egun eskatu eta gaur goizean heldu zaizkit mugikorra eta txartela. Deien, kontsumoen eta erantzungailuaren kontrol guztia webgunean sartuta egiten da, kontrol panel honen bidez.

Bestelako promozioak ere egiten dituzte, esaterako, bost euro gehiago lortuko ditu bezero berri batek jada bezeroa den batek gonbidatzen badu. Beraz, Simyon alta eman eta bost euro horiek eskuratu nahi badituzue klikatu hemen eta niri ere beste bost sartuko omen didate txartelean.

Dena dela, badakigu nolakoak diren telefono konpainiak zerbait ondo ez dabilenean… Horretan denak berdintsuak dira eta Simyoren inguruan hainbat kexu irakurri ditut, batez ere telefono bidezko arretari dagozkionak portabilitateekin arazoak sortu direnean (horregatik ez naiz ausartu amari, azkenik Euskaltel uztea erabaki duen unean, denda fisikorik ez duen konpainia bat gomendatzen eta Orangera joan da azkenean). Hala ere, une honetan eskaintzarik interesgarriena dirudi Simyorena eta iritzi positibo ugari ere irakurtzen dira. Ikusiko dugu nola funtzionatzen duen eta nire esperientziaren berri emango dizuet hemen. Kontatuko didazue zeuek ere… Bitartean hiru bideorekin uzten zaituztet, lehena telebistako iragarki konbentzionala da; bigarrena, hasierako kanpainia egiteko gastu erridikulua egin dutela aitortu duen marketing zuzendariak berak Youtuberako egindakoa; hirugarrena Movistar-en iragarkiaren parodia egiten duelako kentzera behartu zuten iragarkia.

2 iruzkin Maiatzak 31, 2008

Wifi bidezko IP telefonoa probatzen

TC300Etxean neukan wi-fi telefonoa eta ni konturatu gabe… Duela urte eta erdi etxerako ya.com-en ADSLa kontratatu nuenean TC-300 telefonoa oparitu zidaten. Eskertzekoa zen mugikor librea oparitzea, GSM terminal moduan nahiko ezaugarri xaloak dituen arren. Baina telefono mugikor arrunta ezezik, etxean gaudela bertako telefono finkoaren terminal inalambrico moduan funtzionatzen duen telefono duala zela zioen publizitateak. Hala ere, ez dut orain arte haren beharrik izan eta armairuan gordeta eduki dut.

Baina lehengoan jakin nuen wifi telefonoa ere badela, (etxean gaudela, finkoarekin lotura egiten duen oinarriarekiko komunikazioa wi-fi bidez egiten du) eta hainbat lagunek edozein wifi sarbidera konektatuta IP telefonia zerbitzuak baliatzeko konfiguratu dutela, IP ahotseko zerbitzuek darabilten SIP protokolorako bateragarria baita. Telefonoa aurkeztu eta Carpo zerbitzuarekin nola konfiguratu erakusten duen bideoa ere badago baina nik, beste askok bezala, voipbuster ezagunarekin erabiltzeko konfiguratu dut, bertan doako kontua (60 minutu doan) sortu ostean… Eta funtzionatzen du!

Edonon gaudela, wifi sare ireki bat atzeman eta munduko hainbat lekutara doan deitzeko aukera ematen du telefonoak voipbuster zerbitzuaren bidez, eta probatzeko etxera deitu dut. Atzerapen pixkatekin entzuten da baina kalitatea nahiko onargarria da. Atzerrian maiz ibiltzen denarentzat edo atzerrira askotan deitzen duenarentzat ikusten ditut egoki SIP phone edo siphone hauek, edozein wifi irekira konektatu eta orduak eman ditzakegu Australiako lehengusuarekin edo etxean geratu direnekin berbetan. Hala ere, nire kasuan ez diot erabilgarritasun handirik ikusten, ez baitut askotan atzerrira deitzen eta Espainiako finkoetara deitzeko badaukat etxeko telefono arruntean tarifa laua. Uste dut simyo txartel horietako bat erosi, telefono honetan ipini (SIM txartelik gabe ez dabil) eta merkeago daukadanean deiak egiteko utziko dudala. Hori bai, kanpora joaten naizenean nirekin eramango dut.

Iruzkin 1 Maiatzak 26, 2008

Josetxo…

Aste biko oporraldiaren buelta gogorra izan dut Kafe Antzokian, Josetxo Anitua lankidearen derrepenteko galerak harritu eta hunkitu gintuen denok asteazken goizean. Zaila egiten zait ezer idaztea, dagoeneko gauza asko idatzi direnean, baina Josetxo Anitua ikusi nuen azken aldiarekin geratuko naiz. Siniestro Totalen kontzertuko eguna izan zen, Errioxatik lagun batzuk etorri ziren eta, hain zuzen, kontzertu ostean disko jartzailea zelako musika aukera aproposa jartzen ari zen aipatu zidaten. Aurretik beste zenbaiti bezala, harrotasunez erantzun nien Josetxo Anitua zela, Cancer Moon taldeko kantaria izandakoa eta musikaz asko dakien tipo mitikoa zela nabarmendu nuen. Gure Josetxo miresten nuen -miresten dut- eta eragiten zuen miresmen horren zati handia bere izaera bitxiari zor zion.

Atzo funeralean bere harreman sare handi eta anitzaren isla bat ikusi ahal izan zen, eta jendearen ahoetan komentario berdinak: nolakoa zen Josetxo, holakoa, halakoa… Konklusioa: inork ez zuela guztiz ezagutzen Josetxo. Azken finean bera irekia eta era berean erreserbatua zen. Tipo ausarta zela azpimarratuko nuke nik, oso xumea eta lotsatia izanik aurre egiten ziolako lotsa horri eszenatoki gainean katarsi baten bidez bere burua transformatzeko. Sortzailea zen horretan ere Josetxo.

Bart gauean, gauaren erdian Bilbora heltzean, botxoa ikusten zen Egirleta gainetik eta, zeruan, hirira begira zegoen ilargiak ohi baino tamaina handiagoa zuela iruditu zitzaigun…

Iruzkina gehitu Apirilak 25, 2008

Markakrazia, mundu osoa hartzen duen dominazio sistema

no logoSoldata igoera lortuta greba amaitu dute Vietnamen fabrika bateko langileek. Bai, orain arte hilean irabazten zituzten 59 dolarrak baino sei dolar gehiago irabaziko dute aurrerantzean Nike markarentzat kirol oinetakoak egiten dituen enpresa horretako langileek. Eurek lau txakur txikiren truke egin eta Nikek mundu osoan saldu, marka ipinita. Orohar, Txinan baino %30 gutxiago kobratzen dute langileek Vietnamen, horregatik azkenaldion hainbat enpresek bertan ezarri dituzte fabrikak. Ez komunismoa, ezta demokrazia burgesa ere: marken produkzio eta kontsumo sistema dugu mundu osoan hedatzea lortu duen botere sistema globala.

Bitartean irakurtzen dugu Nike-ri lekua kendu diola Applek kontsumitzaileen markarik maitatuenen sailkapenean. Ezberdin pentsatzeko eskatzen zigun marka alternatiboa benetan ez pentsatzeko eta kontsumitzeko agindu nahi digun ipotx saltzaile arrunt moduan ageri zaigu orain. Duela urte batzuk marken boterea salatu zuen Naomi Klein kazetariak No Logo liburu bikainean, nola anti, underground eta alternatibo mozorrotzea sistema bera saltzeko amarrua baino ez den… Ea orain egiten duten enpresa gorrotatuenen ranking bat, seguru horko izen asko zerrenda bietan ikusiko baititugu.

Iruzkina gehitu Apirilak 10, 2008

Mandela, Gatza, Etxegarai

MandelaSabotaiak antolatzeaz akusatuta 1962ko abuztuaren 5ean atxilotu zutenetik 27 urte, sei hilabete eta sei egun eman zituen Nelson Mandelak espetxean. 1985ean Pieter Botha presidenteak askatasun pertsonala eskaini zion borroka armatuaren eskubideari publikoki uko egitearen truke. Ez zuen amore eman berak eta gartzelan jarraitu zuen beste bost urtez. 1990ko otsailaren 11an askatu zuen azkenik Hego Afrikako afrikaner gobernuak, terroristekin sekula negoziatuko ez zuela esan zuen gobernu berak. Gogoan dut 80etako albistegietan Mandelari buruzko albisteren bat ematen zuten aldiro aspaldiko zuri-beltzezko argazkia erakusten zutela.

GatzaZornotzako Gatza presoak urtarrilaren 14an berdindu zuen Nelson Mandelaren marka eta oraindik barruan dago. Ez dakit zehazki hala den baina honez gero egun Europan gartzelan urte gehien eman dituen presoa dela entzun dut. Bera epaitzeko erabili zuten kode penal zaharraren arabera aspaldi etxean behar zuen, baina Parot doktrina aplikatu ziotenez gero, 30 emateko bidean da eta hemen ez da ezer gertatzen. Bere zuri-beltzezko argazki aldatu gabeak Mandelarena gogoratzen zidan, harik eta berriki modernoagoa den batengatik aldatu duten arte. Alde ederra dago, barruan ere denbora pasatzen den seinale.

pinkiSabotaiak egiteaz akusatuta Plentziako Fernando Etxegarai, Pinki, 1987ko apirilean atxilotu zuten eta aurtengo urtarrilaren 4an askatu, barruan 20 urte eta 8 hilabete eman ostean, gehienak. Doktrina famatua aplikatu zioten beldur zen baina ez zen hori gertatu eta kalera irten ahal izan zuen. Bi hilabetez Bilboko kaleak zapaldu, lagun zaharrak ikusi-ikutu eta gure gizartean izan diren hainbat aldaketa bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu. Bere burua egoera berrian kokatu orduko jaso du zaplastekoa: Madrildik etorri da ostera barrura sartzeko agindua, doktrina famatua ezarrita. Oso gazte nintzela eraman zuten eta ez nuen bera kalean ezagutzeko aukerarik izan, urte batzuk geroago lokutorio bateko kristalaren bidez baino. Azkenik, duela aste batzuk kalean ikusi nuenean artean ez genekien zer etorri behar zitzaion. Duela urte batzuk baino zaharrago ikusi nuen, halabeharrez, baina begirada gaztea nabarmendu nion estrainekoz ikusten zituen hainbat gauzari so egitean, aspaldiko argazkikoa bezain gaztea. Orain, askatasunaren eztiak frogatuta, berriro beste bost bat urtez nahi diote zigorra luzatu, barrura edo sasi artera bultzatu, urte hauen guztien ondoren atsedena ondo merezia zuen amari bakea kendu.

Lehengoan Txillardegik salatzen zuenez, bidegabekeria onartezina da presoekin gertatzen ari dena, baina ez dirudi aurki presoen panorama aldatuko denik. EAJ eta PSOEren arteko negoziazioetan bidegabekeria honen inguruko kexurik ez da azalduko, euskal presoek ez dute atzean nazioarteko presiorik, presoen aldeko manifestazioak sekula baino makalagoak ikusten ditut, Espainian batzuen zein besteen gobernuek nor baino nor gogorrago arituko dira presoekin, gurean ez alderdi abertzaleek ez ETAk ez dirudi presoen egoera hobetzeko ezer egingo dutenik…

Testu hau argitaratzeko nintzela ikusi dut GARAn elkarrizketa egin diotela Pinkiri, bideoa ere badago Youtuben bere adierazpenekin:

Iruzkin 1 Martxoak 30, 2008

Aste Santuan ez da giro

Aste santua Bilbon, berriro ere, katarroarekin eta atertu barik euria bota eta bota, sekulako plana. Aurrekoetan bezalaxe, baina ilunago eta turista gutxiagorekin aurtengoan hala ere. Berriz jasan behar izan ditugu bertoko jatortzat aurkezten dizkiguten nazarenoen prozesioak. Batez ere Palankatik igaro eta ustezko puta zahar batek saetak kantatzen dituenekoa saldu nahi digute erakarpen jatortzat. Ez dut telebistan-eta horren jatortasunari buruzko eztabaidarik entzun, xenofobia hitzari beldurragatik akaso, ezta prozesio hauek frankismoak ezarri zituela aipatzen duenik ere ikusi. Seguraski gerra aurretik zerbait egiten zen, bai, baina Bilbon diren segizio eta kofradia gehienak frankismoarekin hasi ziren, hori egia da.

Kofradiak 40ko urteetan sortu ziren eta, Joseba Zulaika antropologoak Bilbao acabado (PDF) saioko bere artikuluan dioenez, 50etan ahalegin berezia egin zuen elizak ardi galduak berriz kontrolatzeko. Frankismo betean, “misiolarien eremua” bihurtu zen Bilbo ordena erlijiosoen pasio misiolariarentzat. “Misioa” predikariak eliztarren pekatari kontzientziak astintzen zituzten garizuma ostean, astebeteko saio espiritual dramatiko batzuen bidez. Sermoi amaitezin eta deprimenteak botaz eta derrigorrezko aitorpen saioetan bekatuak aitorraraziz, zirenak eta ez zirenak. Zulaikak garai beretsuan “Sevillatik ekarrita Bilbon ezarri ziren segizio barrokoak” aipatzen ditu. Hala kontatu dit 84 urteko izeko batek, Bilbon jasangaitza egiten zen giroa egunotan: taberna gehienak itxita, zine guztiak ere, dekretu bidez. Ondo pasatzeko aukerarik gabe, mezak eta errosarioak biderkatu egiten ziren… Ariketa izpiritualak izeneko jarduera ere bazen, pekatu guztiak aitortu eta lelo atzerakoiak errepikatu behar ziren jardunaldi beldurgarriak… Beste garai batean bizi gara, gaitzerdi. Baina eskerrak bazkoa heldu den.

Iruzkina gehitu Martxoak 26, 2008

Egunkaria libre, #egunkarialibre

Egunkaria LibreEgun zoroa izan dut gaur eta ez dut oraino aukerarik izan irudia jartzeko. Irratian ere mintzatu gara honen inguruan, ez dut askoz gehiagorik esango. Egunkari librea genuen, orain libre nahi dugu Egunkaria. Bost urte pasatu dira idazteko eta irakurtzeko egunkaririk gabe geratu nintzela, bost urte pasatu dira gertatzen ari zela sinistu ezinik iratzarri ginela, sarean.com honi bidea eman zion bidegabekeria gertatu zela, Martxelo bezalako gizon sendoa negarrez eta dardarka ikusi nuela, Martin Ugalde atxilotuko ote zuten beldur nintzela, hurrengoak nortzuk izango ziren-ginen pentsatzen serio aritu nintzela… Eta guztia biharamun egun batean.

Gogoan dut biharamun eguna zela otsailaren 20 hura, bezperan Manu Chao eta Fermin Muguruza izan genituelako Kafe Antzokian, Jai Alai Katumbi express harekin, lau-bost orduko kontzertu zoroan. Biharamunean errepikatu zuten emanaldia oso ezberdina izan zen. Egun osoko kolpearen ostean antzokia pankartez eta animo oihuz beterik, Egunkariaren aldeko kontzertua bilakatu zen jai hura.

Baina gogoratzen ditut orduko eta geroko beste hainbat kontu ere. Esaterako nire herrian orduz gero atzera gertatu ez den erantzun bateratua gertatu zela, kolore, eta jatorri askotako jendeak Egunkaria aurrera zioen kamiseta jantzita zeramala… Eta pentsatu nahi dut epaituek, euskararen komunitate honentzako lan egiteagatik umiliatu, zafratu eta torturatu zituzten horiek, Damoclesen ezpata buru gainean duten horiek, gure elkartasun mugagabe, gogor, tinko, bero eta gozoa sentituko dutela epaitegian, atzera begiratu gabe ere denok hor gaudela, eurengandik metro erdira zutik. Hori sentituko dutela epaileak bakoitza bere izenagatik deituko dituenean.

Iruzkina gehitu Otsailak 20, 2008

Frankismoa 2.0 - notimeforlove

audiencia nacionalIgandea da eta etxean nago katarroarekin. Herenegun 77 urteko ibilbide demokratikoa duen euskal alderdi bat legez kanpo utzi zuten (bigarrenez, lehenengoa 1937ko ekainean izan baizen). Oraingoan ez da Ferrolen jaiotako militar espainiar bat izan, tankeen eta fusilen poderioz. Ez, oraingoan Jaenen jaio eta Madrilen bizi den funtzionario espainiar batek paper bat sinatuta lortu du, Madrilgo bere bulegotik mugitu gabe, telematikoki. Gaur, barrabaskeri horren kontra manifestatu nahi zutenak kolpatu eta sakabanatu dituzte bertoko beste funtzionario batzuek, funtzionario-virrey-vedette berak Madrildik aginduta.

Erasotzeko prest - Ready to chargeBiolentzia bidezko estrategia antzu eta okerrak kritikatu eta arbuiatu behar diren bezalaxe, euskal alderdiek eta gizarteak salatu behar dute salbuespen egoera hau. Tamalez alderdiek ez dute ezer egingo, ideien ilegalizazioa bultzatzen dutenen eta profitatu nahi dutenen artean banatzen baitira. Gizarteak salatu behar du ideien kriminalizazioa. Pelotazoak entzuten dira kalean, helikopteroa teilatu gainean dugu, manifestariak GPS bidez kokatzen. Jende asko normaltasunez ari da poteatzen, furgonetak paretik ziztuan pasatzen diren bitartean… Second life zertarako? Bertan bizi gara, demokrazia birtualean.

Buzzin in my head: Euria ari duela. (Sagarroi), edo No time for love (Hertzainak).

9 iruzkin Otsailak 10, 2008

Gora gu ta gutarrak, biba zuek!

Gu Ta GutarrakAste batzuk lehenago Mekoletan izan ginen eurekin eta kanta bat eskaini ziguten grabatzeko, kantu baten aldaera bat, hobe esan. Eguenean, berriz, Gu Ta Gutarrak taldearen emanaldia izan genuen Bilboko Kafe Antzokian, gutarrak eta gutar gonbidatuak edo extragutarrak. Gustokoa dute emanaldi bakoitzean tokian tokiko lagunen bat eurekin aritzea eta horrela dabiltza Euskal Herrian batera eta bestera, lagunak egiten eta lagun zaharrekin kantuan. Bilboko kontzertuan Rafa Rueda eta Jose Angel Irigarai izan ziren gomitatuak. Rafak Unaik egindako letra duen bi musu kantua jo eta abestu zuen bakarka. Jose Angelek berriz, gutar ez direnen zerrenda luze baina luuuuzea egin zuen, hiztegia kalifikatibo deskalifikatiboz hustuta. Orgia batera deitu zutela eta ea noiz hasi behar zuen galdetu zuen, hori despistea… Aitor gitarra jotzailea ordezkatzen etorritako Bixente Martinez ere ederto aritu zen gitarrarekin, baita slide guitar moduan jo zuen doinu batean ere.

Gutar neobertsolariakIzan zen iritzi kritikoagorik, baina niri bikaina iruditu zitzaidan kontzertua, bedar gozoaren lurrinak bitarte. Denetarik egon zen, Historiaren Taberna poutpourri- irudimentsuan bezalaxe. Atera kontuak, bertsotan ere aritu ziren Bixente, Xanpe eta Josu! Zazpi eskaleren bertsio bat egin zuten, bluesak, bakarkako kantuak, crescendoak eta une dizdiratsuak ere izan ziren… Ahaztua nuen ia, baina bukaeran Unaik gogorarazi zigun duela urtebete teklista moduan bertan egindako debuta… Enfin, debutamadre pasatu nuen nik. Ostean, trago artean, post bat idatziko nuela agindu nien eta hemen dago, ez dezatela gero esan berba jan dudanik. Hemen duzue ere, guretzako egindako kantua entzuteko moduan, baita Flickr-era igo ditudan pare bat argazki ere.

Iruzkina gehitu Abenduak 2, 2007

Aurreko idatziak


sarean.com

Calendar

Uztaila 2008
A A A O O L I
« Eka    
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak