'Beste' ataleko artxiboak
Oporraldi labur baten ondoren hemen gaude bueltan, betiko lekuan eta jada behar genuen euri zitalak lagunduta. Beste batzuentzat, ordea, hondartzan ahuspez lehorreratzeko ordua heldu da. Espainiar tropen Libanoko entree ikusgarria, mundiala izan da, txo! Bakearen gurutzadako tropa iberiarrak infidelez beteriko lur santuan lehorreratu dira oso ekintza arriskutsuan. Egun argiz eta jendaurrean burutu dute arrakastaz operazioa, erresistentziarik gabe baina indigenen barre algara artean. Baten batek frantsesen moduan zergatik ez diren lehorreratu galdetu du, portuan, alegia, Israelek egun bi arinago jaso baizuen portuen blokeoa. Aitzitik, Espainiak ez du porturik behar lehorreratzeko eta edozein hondartzatan egin dezakeela frogatu du. Hotel bateko hondartza aukeratu dute, etsaia oharkabean harrapatuz. Zenbait blogari eta kazetari maltzurrek barre egin dute, baina Hizbullahko gerrilari gazteak armarik eta arroparik gabe harrapatu ditu maniobra azkarrak. Txiripaz bertatik zebilen nafar familia batek, ordea, naturaltasun osoz agurtu ditu tropak, nezeserrean kasualitatez zeramaten bandera espainiar erraldoia haizatuz. Horiek bai benetako nafar eznazionalistak!

Ondo prestatuta doaz soldadu espainiarrak bertako jendea tratatzeko. El Mundon irakurri dugu Antonio Navarro sargentuak azaldutakoa:
Llevan un librito con instrucciones sobre cómo tratar a la población local, musulmana chií. Entre las instrucciones está la de no tomar fotografías, no mirar a las mujeres a los ojos, no saludarlas, no tomar alcohol en público y cómo comportarse si son invitados a un domicilio local.

Hemen ageri dira liburuttoa irakurritako soldaduak, bertako emakume xiita arriskutsuekin ikasitakoa praktikatuz: begiratu ere ez, badaezpada!
Irailak 15, 2006
Araban egunpasa egin genuen barikuan, Silicon Lautadan. Azken aurkikuntzen oihartzunak animatuta, Iruña-Veleiara joan ginen, bisita gidatua hartuta. Adeitasunez eta xehetasunez, Rebecak den-dena erakutsi eta azaldu zigun euskarazko bisita gidatuan. Erabat gomendagarria da bisita, ondoko bideoan ikusiko duzuenez. Informazio gehiago nahi izanez gero, veleia.com webgunean aurkituko duzue, baita hitzordua egiteko telefonoak ere. Asko dago oraindik aztertzeko, zati txiki bat baino ez baitago eginda. Falta zaie babesa eta babesleak, lantalde handiagoa osatzeko. Zenbat eta jende gehiagok bisitatu, uste dut babes horren falta nabariagoa egingo zaie erakunde publikoei.
Egun ruinosoarekin jarraitzeko, Gasteizera joan ginen gero, bertako katedral zaharreko lanak bisitatzera. Bertan ere bisita gidatua izan genuen, gaztelaniaz baina, eta xehetasun guztiekin erakutsi eta azaldu zizkiguten jausteko zorian zegoen katedrala aztertzeko eta artezteko lanak. Argazkiak egitearen debekua ulergaitza egin zitzaidan, ez baitago bertan egile eskubiderik indarrean duen lanik, baina… Gomendagarriak dira bisita biak, inondik inora.
Uztailak 18, 2006
Egunero, ia-ia eguneko une bakoitzean musika bat izaten dugu buruan bueltaka. Batzuetan melodia kutreak izan ohi dira eta, Vaya semanita-n esaten zuten moduan, alukeria izaten da PPren sintonia, Koalaren Opá edo Amo a Laura modukoak eskapatzen zaizkigunean, burutik ahorako bidea eginda.
Beste batzuetan, ordea, musika onak izan ohi dira, musikari ona aipatu digutelako edo ikusi dugulako. Bart, Donostiatik bueltan, ezagutzen zailak ziren Dylan-en kantu desitxuratuak baino, Mikel Laboaren Orduan izan nuen buruan, etxerako bidean… Andonik furgonetako loroan Led Zeppelin jarri zuen arte. Izan ere, kanta batek beste bat behar du buruko tokadiskoan ordezkatua izateko. Gaur jakin dut Syd Barrett hil dela eta berehala Bike kantak hartu du bere lekua buru barruko tocatan. Hemen entzun (eskumako jogailuan) eta irakur dezakezue psikodelia hutseko pieza bikaina…
I’ve got a bike,
You can ride it if you like
It’s got a basket, a bell that rings
And things to make it look good
I’d give it to you if I could, but I borrowed it
You’re the kind of girl that fits in with my world
I’ll give you anything, everything if you want things
I’ve got a cloak it’s a bit of a joke
There’s a tear up the front it’s red and black
I’ve had it for months
If you think it could look good then I guess it should
You’re the kind of girl that fits in with my world
I’ll give you anything, everything if you want things
I know a mouse and he hasn’t got a house
I don’t know why I call him Gerald
He’s getting rather old but he’s a good mouse
You’re the kind of girl that fits in with my world
I’ll give you anything, everything if you want things
I’ve got a clan of gingerbread men
Here a man, there a man, lots of gingerbread men
Take a couple if you wish, they’re on the dish
You’re the kind of girl that fits in with my world
I’ll give you anything, everything if you want things
I know a room of musical tunes
Some rhyme, some ching, most of them are clockwork
Let’s go into the other room and make them work
Syd Barrett-ek idatzia 1967an, The Piper at the Gates of Dawn diskoan argitaratua.
Uztailak 13, 2006
Jakinmin naturala, alferreko obsesioa ala bestelako interesak? Ba ote dago sailkapen fidagarririk? Gure diskurtsoa norbaitek jasotzen duen jakin nahi izaten dugu web editoreok eta blogariok eta, egia esan, hedabide tradizionalen ondoan askoz errezagoa da Interneteko webgune bateko bisitarien gaineko datu zehatzak eskuratzea. Mezua heltzen den ikustea gauza bat da, baina besteekiko gure kokapenak gehiegi kezkatzen bagaitu gure egoa elikatzeko joera adikzio obsesibo modukoa bilaka daiteke, helburu terrenalagorik egon ezik.
Duela bi urte salatu nuen Alexaren sailkapena fidagaitza zela euskal webgune bisitatuenen, aipatuenen… sailkapena egiteko. Iaz berriro salatu nuen munduko txorakeriarik handiena zela Alexaren sailkapenarekin euskal webguneen rankina osatzea. Are, haren datuetatik Cybereuskadik eskuz eta gainetik egindako web baskoen sailkapena hartu eta, eskuz eta gainetik euskal webgune (elebakarren) sailkapena egiteak batere funtsik ez zuela argudiatu nuen iruzkin batean. Alabaina, ez didate kasurik egin, berriro aipatu baitute aurten erabili.com-en sailkapenaren kontua.
Oraingoan ezin nuen sinetsi sekula entzun barik neukan Ondopasabizkaian bezalako webgune erabat ezezagun batek 387. lekua erdiestea euskal webguneen inongo sailkapenetan. Hainbat datu oker zeudela egiaztatu nituen (Zapaterok bezala). Adibide hurbil-hurbila jartzeko, webgune hauxe ez zegoen zerrenda horretan, zabaldu.com eta beste hainbat bezalaxe. Baina zerrenda, euskaldunen agerpenari dagokionez ondo balego ere, Alexan oinarrituta dago eta Alexa, euskal webguneen sailkapen bat egiteko erabati fidagaitza dela errepikatzen dut, joño!
Oraintsu (obsesioa?) beste sailkapen sistema bat aipatu dute, Mikel Iturriak egin baitu bloglines zerbitzuak duen harpide kopuruaren araberako sailkapena. Alexarena baino fidagarriagoa ei da Bloglinesen harpidedunen arabera webgune baten estimazioa neurtzea, baina hori ere ez da webgune baten bizitzaren adierazpen partziala baino
Bloglinesek arazoak ematen ditu nire feed-arekin, feed-a ondo dagoen arren, eta agian horregatik ez dute kontutan hartu. Baina feeda ondo egonda ere, ez da hain erraza blog baten bloglineseko harpidedun kopurua neurtzea. Nire blogak hainbat feed edo bertsio ematen ditu: Atom, RSS2… Baina eragozpenak ez dira hor amaitzen: Bloglines ez da perfektoa teknikoki eta, kasurako, nire rss feed bat hainbat kontutan banatzen du: hemen eta hemen.
Technoratin oinarritutako beste sailkapen hau aurkitu dut eta Sarean.com nahiko goian ageri da. Technoratik emandako datuak erabiltzen ditu honek. Eta ez al da sinesgarriagoa? Beste blogetan dauden loturek eta aipamenek zehazten dute webgune baten garrantzia. Gorka Juliok egindako Bloginfluence are tresna egokiagoa iruditzen zait sailkapen bat ezartzeko. Zure blogaren URLa sartu eta hainbat sailkapenetan daukan tokia erakutsiko dizu. Nirea ez dago bertan oso ondo kokaturik, baina printzipioz beste sailkapenak baino fidagarriagoa zait.
Cybereuskadik Alexarena erabiltzen zuen, baina hori egiten zuten lagunek (Alianzo enpresak) orain beste batzuen konbinazioa erabiltzen du EAEko webguneen (euskaldunak zein erdaldunak) sailkapena egiteko. Konbinazio hori Alexa baino fidagarriagoa delako izango da agian, baina oraingoz zehaztasun onargarririk gabeak iruditzen zaizkit denak.
Nola eta zertarako manipulatu sailkapenak?
Zer fidagarritasun dauka Alexaren sailkapen horrek? Bat ere ez, esan dut, esanen eta esango. Alexaren nabigazio barra Euskal Herrian ia inork ez duela kontutan hartzea nahikoa izan beharko litzateke hori esateko. Hala ere, esperimentua egingo dut datozen asteotan, Alexaren barra pare bat ordenagailutan instalatuta, besterik gabe. Itxaron egingo dut gero eta ikusiko dugu emaitzak aldatzen diren. Beste batzuk ere konturatu dira Alexarena manipulagarria dela.
Baina oraindik Alexari atarramendua atera nahian dabiltza batzuk, euren prentsa oharretan web baskoen enegarren lekuan daudela iragarriz. Bistan da batzuek interes bizia dutela hori egiteko, zergatik? Dirulaguntzak, esaterako, izan daitezke manipulatutako sailkapenen (eta bisita kopuruen estatistika puztuen) helburua. Susmatia banintz pentsatuko nuke akaso bertoko instituzioek zenbait proiektu fantasmagoriko diruz ederto lagunduta, euskalgintzafuntzionariadoak eta talde editorial indartsu zenbaitek sareko proiektuetan aurkitu dutela bere burua finantziatzeko bide berri bat eta Alexak ematen diela behar duten justifikazio hori.
ETAren su-etena aldarrikatu zen egunetan bertoko webguneek izandako bisita gorakada aztertzen ikusi zen argiro askok nabarmendu nahi zutela igoera eta baten batek datu okerra ere zabaldu zuen. Haritz Rodriguezek GARAko bere erreportaian zioenez, norberari bere webguneko log-ak ematen dio bisiten benetako kopurua. Baina kanpoko kontrol baten faltan bisita horiek puztea oso erraza da.
Duela aste asko hasi nintzen testu hau zirriborratzen eta, bitartean, sailkapenen fidagarritasunagatiko kezka hori islatzen duten testu batzuk aurkitu ditut. Lehengo egunean Mutilmediako Arkaitzek eta Patxi Gaztelumendik estatistiken fidagarritasun ezaz jardun zuten, Patxik ranking-ekiko obsesio horri edukien gaineko kezka falta kontrajartzen zion bitartean.
Uztailak 12, 2006
Onartu behar dut ez zaidala futbola batere interesatzen. Munduko txapelketa hasi baino aste bi izan nuen mundialaren berri. Egunotan, hala ere, kezkatu nau jende askoren atxekimenduak Espainiako selekzioarekiko. Ez nabil Xabi Alonsori buruz, Bilboko kaleko jendeari buruz baino. Estraineko partida irabazi zuenean entzun nituen gool! batzuk eta bukaeran urruneko bolandera batzuk entzun nituen. Lehengoan ez nengoen partida ikusten eta algarak entzun nituenean Espainiaren garaipenagatik zela irudikatu nuen. Aitzitik, oraindik jende jatorra geratzen da zazpi kaleetan eta espainiarren porrota ospatzen ari ziren algarak.
Partida galdu zuenean frantziar zaletuen adierazpenak: “Zidane jubilatu nahi zutela? Toma!” Baina zeinek jubilatu nahi zuen ikertzen jarrita, Marcaren azal hau aurkitu dut. Hori bai kazetaritza garbia! Zaletuen jarduna ere maila horretakoa izan zen: beltzak zirela eta irain arrazistak botaz, marseillaise-a entzuten zen bitartean txistuak, Frantziarren aurkako topiko eta aurreiritzi españolazo horiek guztiak…
Horrek frantziarrak euren handikerian puztu egin zituen eta espainiarrek jipoia hartu zuten. Eta errematerako, Domenech entrenatzaileak, Kataluniako erbesteratu baten semea bera, espainiarra baino, katalana sentitzen dela esan zuen. Bitxia da baina adierazpen horiek ez dute oihartzunik izan Espainiako prentsan, blog honen egilea (katalana) ohartu denez. Dena dela, kanariar batek gogorarazi digunez, Zidane amazigh jokalariaren golei esker irabazi zuen Frantziak. Berriro kolonizatu baten lana inperio errepublikarraren loriaren alde. Hau guztia irakurtzean, ez dakit zergatik, baina Trainspotting filmeko berba hauek gogoratu nituen, protagonista eskoziarrak esana:
“Some people hate the English, but I don’t. They’re just wankers. We, on the other hand, are colonized by wankers. We can’t even pick a decent culture to be colonized by. We are ruled by effete arseholes”
Gu berriz bi nazio loriatsuk inguratuta gaude, ez nazionalistez beterikoak biak. Zorionekoak gu.
Uztailak 5, 2006
Duela urte bi, eMulen aurkitutako MacGyverren serieko atal baten zatia webgune honetara igo eta hemen komentatu nuen euskaldunak zelako modu bitxian atera gaituzten zinean. Western zahar bat ere aipatzen nuen, orain dela urte mordoa ikusi bainuen telebistan Thunder in the Sun filma: euskaldunak Far West-era bidean, indioen kontra borrokan, harriak jaurtitzeko xisterak erabiltzen, irrintzien bidez komunikatzen, flamenco dantzari eta frantsez izenekin… Benetako nahaste borrastea. Handik aste batzutara, MacGyverren bideoa agertu zen Felix Linaresen ETB2ko programan. Ez nuen saioa ikusi, baina konturatu orduko nire hostingaren mugak gainditzeko zorian izan nintzen, Lagun mordoa ari baizen, interneten bilatuta, bideoa hemendik deskargatzen. Orduan ez zegoen youtuberik eta zaila zen bideoak webgunean erakustea.
Baina geroago Linaresek erreportaia osoagoa egin zuen, arrakastak bultzatuta. Oso ona izan zen hura eta Holywoodek filmetan euskaldunak nola islatu dituen agertzen zuen. Orain Youtuben eskegi dute eta ikusi behar duzue, benetan. Film hura eta McGyverrena ageri dira, baina baita beste adibide barregari asko ere: gezurrezko Bilbo batean moto lasterketa bat, Gernikako bonbardaketa erridikulu bat eta onena: Titanic-en gaineko film batean euskaldunak ustez euskara zen berbeta ulergaitzean. A zelako barreak, andreak tukutu esaten duenean!
Uztailak 3, 2006
AEBetan egun 4 dolar inguru kostatzen da gasolina galoia, euskarara itzulita, 0,84 euro litroa. Noski, eurentzat onartezina da gu orain konformatuko ginatekeen prezioa, baina garestitzeak herritarrei kezka eragin die. Boteretsuek sortutako status quo horren logika maltzurra eta zilegitasuna agerian uzten duen film dokumentala estreinatuko da datorren astean AEBetan: Who killed the electric car? izenburukoa.
1996an auto elektriko berria kaleratu zuen General Motorsek Kalifornian, EV1 izenekoa, abiadura eta autonomia onargarriak zituen beribila. Hamar urte geroago, erabat ahaztuta dago orduan sekulako aurrerapentzat aurkeztu ziguten autoa. Zergatik baztertu zuten? Galdera horren erantzuna ematen digu dokumentalak: General Motors bera (autogintza) eta petrolio enpresa handiek hil zuten proiektua, euren negozio eredua kolokan jarriko lukeelako.
Petrolioaren ekonomian bizitzeaz gain, petrolioaren eredu hori inposatzetik elikatzen den inperioa dugu AEB. Munduarekiko bere harremanetan petrolioaren kudeatzaile eta onuradun nagusia izatea lortu dute AEBek, petrolio hori beste herrialdeetan ateratzen bada ere. Horrek azaltzen du Irakeko inbasioa, adibidez. Fahrenheit 9/11en antzera, atzean dagoena azaleratzen ahalegintzen da dokumentala, hainbat lekukoren testigantzen bidez.
Filmaren trailerra Youtuben eta Appleren webgunean (QuickTime) ikus daiteke.
Ekainak 24, 2006
Ostiraleko Berrian, azkenik, berba horiek (edo batzuk bederen) argitaratu ziren. Baina zergatik ez da Iruña-Veleiako aurkikuntzen gaineko ia ezer azaldu Espainiako komunikabideetan? Nahikoa da gaztelaniazko Google Newsen buelta bat ematea (gaur arteko) ia aipamen guztiak bertoko prentsakoak direla egiaztatzeko. Azken lau egunotan bakarrik Telecincon aipamen bat eta El Paisen gaur beste bat. Hain bitxia da ezen konturatu eta galdera berbera egiten du historiari buruz jarduten duen Kanadako blog batek: Hmmm. Interesting, but why do you suppose that no major news sites have covered this story? Odd, that. Are the other news websites just late to the party?
Ostiralean egin nuen azterketak kontuak nahiko argi uzten zituen: albisteak kanporatzeko bahearena egiten duen Espainiako prentsan agertu ez izanak eragin du ingelesezkoan aipamen bakarrak (3) EITBren ingelesezko bertsiokoak izatea. Kanpoan, beraz, zero patatero (Arabako lautadan gaudenez gero). Ingelesezko blogosferan, hala ere aipamen gehiago ageri dira hedabideetan baino.
Bertoko prentsan ere badira albistearen tratamendu esanguratsuak. Adibidez, Diario de Navarrak nahiago izan du Kalbarioaren aurkikuntza nabarmendu. Beste batzuek euskarazko berbena aitatu (edo atatu agian) ere ez dute egin. Horrek ematen digu akaso pista bat. Qui prodest? galdetzen zuen Hannibal Lecter-ek eta guk galdera bera eginez gero aurkituko dugu erantzuna. Gaztelaniazko testuak izan balira… Baina ez, euskarak gaztelaniari 600 bat urteko aurrera hartu dio honez gero. Erabat maltzurra, bihurria baina horrexegatik esanguratsua eta aipatu beharrekoa, El Mundoren ostiraleko konklusio bihurria: aurkikuntzak “demostraría la poca evolucion del euskera” edo horrelako zerbait (sarean loturarik ez, tamalez). Eta gero esango dute euskara despolitizatu behar dela…
Ekainak 20, 2006
Batzuetan, askotan, arreta euskaraz lortzea arapahoe hizkuntzan eskatuta baino zailagoa da. Telefonoa euskaraz izeneko kanpainia baten bideoa aurkitu dut sarean. Arreta euskaraz eska dezagun animatu nahi gaitu Kontseiluak iragarki tragikomiko honen bidez. Errealitateak, hala ere, fikzioari aurrea hartzen dio sarri, tamalez…
Ekainak 13, 2006
Egunotan liburu azoka dugu Bilbon eta haren inguruan egitarau interesgarria osatu dute antolatzaileek. Hala ere, Interneten ez dut ez egitaraua ez azokaren inguruko webgune ofizialik aurkitu. Pena da, baina nago liburu saltzaileek ez dutela oraindik barneratu egitaraua osatzeaz gain, sarean haren berri eman behar dela, editore gehienek, salbuespenak salbuespen, sarea ulertu ez duten bezala. Iragan astean Luigi Anselmi lankidearen Bertzerenak liburuaren aurkezpenean izan nintzen (eskerrik asko liburuagatik, Luigi) eta bertan Xamarrek astelehenean Orhipean liburuaren ingelesezko edizioa aurkeztu behar zuela esan zidan. Arratsaldean izango zelakoan eta ordua konfirmatzeko webgunerik gabe, kale egin nuen, atzo eguerdian izan baizen aurkezpena. Baina esana nion Xamarri zerbait idatziko nuela haren gainean, merezi du-eta.
Orhipean liburuaren ingelesezko edizioa irakurtzen ari naiz egunotan. Duela aste batzuk ekarri zigun Xamarrek ale bat eta benetan kanpotarrei euskaldunen berri emateko oso liburu interesgarria dela konturatu naiz. Duela 14 urte argitaratu zen euskaraz Orhipean, gure buruari gure buruaren berri emateko xedez. Geroago, besteei ere euskararen herria eta euskararen unibertsoa azaltzeko aproposa dela ikusita, gaztelaniazko edizioa agertu zen. Orain, berriz, frantsesezkoa (maiatzean aurkeztu dute) eta ingelesezkoa agertu dira.
Gauza asko jakintzat eman eta beste asko ezkutatzen dituen diskurtso politizatuak gaindituz, naturaltasunez eta ikuspegi humanista batekin euskararen unibertsoa, euskaldunon unibertso hori aurkezteko diskurtso interesgarria osatuz joan da Xamar azken urteotan: euskaldunon jatorria, hizkuntzarena, euskaldunon aintzinako ohiturak, naturarekiko kontaktua… Orhipean honetan Hizkuntzalaritza eta antropologia arloetan mugitzen da Xamar baina dibulgazioaren erregistroarekin, baskoen mundua barik euskararen herria azalduz.
Kanpotarrentzako aproposa da Orhipean, zer esanik ez, baina baita bertoko basko askorentzat eta euskaradunontzako ere, noski, nondik gatozen gogora dezagun. Ez da liburu mardula, ez dugu bertan teoria sasizientifikorik edo gogoeta astunik aurkituko. Ez du gaietan gehiegi sakontzen, ez da hori bere funtzioa: irudiz hornitua, irakurketa arina eta ondo egituratua ahalbidetzen du.
Euskalkultura.com-en agertu da albistea, izan ere, atzerritarrentzat ezeze, diasporako euskaldunentzat biziki interesgarriak dira frantsesezko eta ingelesezko edizio hauek. GARAk berebiziko interesa erakutsi du eta eurek babestu dute ingeleserako itzulpena. Interes horren zergatiagatik galdetuta esan didate GARAk New Yorken euskal zentro edo kulturgune moduko bat egiteko asmoa omen duela. Asko heldu gara konklusio berberera (bertako Eusko Etxekoak ere aspaldi), NYen ganorazko ordezkaritza bat behar dugula euskaldunok, Eusko Etxeaz beste, ikuspegi kulturala, nazionala emango duena, merkataritza harremanak sustatuko dituena, turismoa… Ez dut ulertzen nola Eusko Jaurlaritzak ez duen oraindik ordezkaritzarik bertan, baina edukiz gero, seguruenik ez litzateke oso kulturala, nazionala eta euskalduna. Proiektuak proiektu, nork ipiniko du lehenengo harria? GARAk akaso.. Noiz? Auskalo. Oraingoz enbaxadore ibiltari batzuk ditugu: liburuak.
Ekainak 6, 2006
Hurrengo idatziak
Aurreko idatziak