Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » Beste

'Beste' ataleko artxiboak

Pascual Molongua, frontman errebelazioa

Pascual Molongua - Txakurkalea kontzertuanLehengo egunean Txakurkalearen aurkezpena izan genuen Kafe Antzokian. 5×8 kolektiboak ideia sortu eta hainbat lagunek esku hartu dute proiektu multimediatiko honetan. Zazpikaleetako txakurren gaineko DVDa egin dute, bertan bizi diren edo ibiltzen diren hainbat txakurren ibilerak islatzen. Honi loturik, dokumentalaren irudiak lagunduz, soinu banda bitxia osatu dute bertoko hainbat artistaren kolaborazioekin eta haren CDa argitaratu du Gotzon Uribe lankideak. Besteak beste diskoan The Uski’s, Argi, TK Project, Atom Rhumba, The Cherry Boppers, Basin Street Cafe, Makala… Eta Pascual Molongua bera ere ageri da.

Txakurkalea kontzertuanEzagutzen ez dutenentzat (tira Bilbotik sarri ez dabiltzanentzat): Pascual Bidebarrietan edo Correon kantari jarri ohi den gizona dugu, oso ospetsua eta estimatua. Karaoke moduko musika baten gainean kantari aritzen aritzen da: Nino Bravo, Benito Lertxundi… Edozer. Ahots apala du, bera bezain beltza, irribarre zabala eta, tarteka, agur potxolaaa! batekin agurtzen du paseatzen dabilena edo txanponen bat botatzen diona.

Urtero Baltsar erregeak Pascualen aurpegia eramaten du Bilboko kabalgatan. Gurean 30 urte daramatza Pascualek eta, behin entzun nionez, bera Ekuatore Gineatik etorri zelarik beltz familia bakarra zegoen Bilbon, Jones futbolariarena…

Argi eta The UskisDokumentala luzetxoa egin zitzaigun, zutunik ikusteko behintzat, baina ondo egon zen, huts nabarmen bi kenduta: gure Gasi, Barrenkaleko erregina eta Jazin, Txakurto tabernako txakurttoa ez ziren ageri… Baina proiekzioaren ostean zuzeneko emanaldia heldu zen.

The Cherry Boppers hasi ziren, zinez Maceo Parker estiloan; Argi & The Uski’s geroago, rock dantzagarria egiten; Basin Street Cafe swingeroak azkenik… Eta orduan haiekin igo zen Pascual oholtzara. Diskoan agertzen den Mannish Boy blues famatuaren bertsio basatia kantatu zuen, bere ahotsik urratuena ateraz. Benetako frontman moduan jardun zuen, natural, kalean egiten duen moduan.

Ikusi nahi?

Buzzin in my head: Txuma, Rafa, Petti - Gaua eta kea (Hauxe)

Iruzkina gehitu Abenduak 9, 2006

AKELARREa euskal buztan luzean

AKELARRE sorta BATAgertu zenean azaldu nuen hemen zer zen Chris Andersonek proposaturiko buztan luzearen teoria, baita euskarazko edukiak buztan luze eta mehe horretan kokatzen direla azaldu ere. Poxpolin zinta agertu zenetik, ordea, oso gutxi aurreratu da gure ondarea sareko buztan luze horretan jartzeko bidean eta beste adibide bitxi batekin nator gaur, ea jendea animatzen den.

Euskaldunok sareko buztan luzean kokatuta gaude berez, (eskaera gutxiko eduki minoritarioen marra fin eta luze horretan gaude), baina badugu dagoeneko gure ondarearen baitako buztan luzea ere. Aho Bete Kanta proiektuak erakutsi duenez, gure kantagintzaren azken 40 urteotako ondarea oparoa da baina ezezagun xamarra guretzako ere eta ekoizpen zaharrak ez direnez jada zabaltzen geuk ere ez ditugu ezagutzen. Musikan bezala, zinean ere gertatzen zaigu. Lehengoan Mezu hau jaso nuen:

I am desperately looking to buy the documentary Ama Lur (1968). Do you have any ideas on how I can find it?

Thank You,
Michelle

Ez dakit zer erantzun Michelle honi, eta horrexek moskeatzen nau gehien. Izan ere, neuk ere onartu behar dut, ez dudala Ama Lur ikusi, eta ez da gogo faltagatik, berariaz ikusteko ez dakit nongo jardunaldietara edo filmategira joan ez naizelako baizik. Zaila da eduki horiek eskuratzea. Zaila DA? Internet eta, batez ere, eMule moduko tresnak daudenetik ez litzateke batere zaila izan beharko.

Esan dudan moduan, definizioari erreparatuta, gurean egin eta egiten den guztia dago buztan luzearen baitan, baina euskaldunok ere badugu gure buztan luzea. Durangoko urteko nobedade dizdiratsu eta ez hain arrakastatsuez gain, eskaria hutsaren hurrengo edo erabateko zerotik hurbil dauden ehunka erreferentzia ditu euskarak, batez ere eskaintzarik ez dagoelako, ondare hori digitalizaturik eta eskuragarri ez dagoelako inon, balizko bezeriak erreferentziak ezagutzen ez dituelako eta ahanzturaren putzura kondenaturik daudelako. Topagaitzak diren eduki franko badira: Labegerieren kantu aitzindariak, Estitxu, Argoitia neba-arreben ondarea… Non daude? Dendetan ez, noski (agian ale solte eta deskatalogaturen bat aurki dezakegu txiripaz, denda zaharren batean), baina Interneten ere ez daude, oraingoz.

AKELARREaren adibidea
Duela pare bat urte izan zen, udako gau batez. Meñakoz hondartzako txiringitoan izan ginen Sound System batean. Eta une batean, dancehall eta roots doinu gozo eta bedar usain artean MCak bestelako musika bat ipini zuen jogailuan: funky doinua zen, 70ko blacksploitation garaikoa erabat, Starsky & Hutch-en estiloko wah-wah, baina hammond-aren melodiak, berriz, euskal doinuak ziren. Ze ona! pentsatu eta tipoari galdetu nion ea zer demontre zen musika hura. Diskoa erakutsi zidan berak, AKELARRE zioen azalean eta amerikar beltz batek 1972an egina zen, gure herria bisitatu ostean. Diskoa bera eta tipo hari buruzko informazio gehiago lortu behar nuela pentsatu nuen, baina alferrekoa izan zen nire ahalegina Googlen; Pedro Elias Igartuari galdetu nion orduan eta ez zekien ezer horretaz; Pablo Cabezari eta Oihukako Aizpuru jaunari geroago… Ezer ez.

Esperantza galduta eta kontua ia ahaztuta nuela, gure bulegoan bertan dauzkagun disko zaharren artean begiratzen ari nintzela aurkitu nuen egun batez, dizdiratsu, estreinatu gabe ia. Buelta piloa eman ostean bertan neukan eta ironikoa iruditu zitzaidan erabat, ironikoa eta zerbaiten adierazgarria ere bai.

Orain lagun batek diskoa digitalizatu eta eMulen ezarri du eskuragarri (hemen ed2k lotura). Poxpolin metodoa esaten diodana aplikatu beharko litzaieke euskal ondare oparoa osatzen duten ehunka izenburu ahaztu eta deskatalogatuei, sareko buztan luzean egon daitezen. Animatuko gara euskal internautak erreferentzia gehiago digitalizatu eta sareratzen? Baten batek emango digu laster Ama Lur dokumentalaren eMuleko lotura?

Buzzin in my head: William S. Fischer - Euskaldunak gara.

13 iruzkin Abenduak 4, 2006

Munduko hizkuntzen gaineko dokumental interesgarria Mundo.Hoy saioan

Mlabri.orgDokumental zinez interesgarria ikusi nuen igandean ETB2ko Mundo.Hoy saioan. Arriskuan diren hizkuntzen gaineko erreportaia da eta mende honetan munduan diren 6.000 hizkuntzetan 3.000 inguru desagertuko direla dio. Hizkuntzen aniztasunaren aldeko aldarria egiten du dokumentalak, hizkuntza anitz izateak gizateriarentzat nolako aberastasuna dakarren azalduz. Euskaldun askok jada barneratuta dauzkagun kontuak dira, baina uniformizazioa eta mestizaje akulturizantea maite duten munduko hiritar askok kontutan hartzen ez duten gaia da hizkuntzen eta kulturen aniztasuna.

Bioaniztasunak eta hizkuntza aniztasunak bat egiten dute mapan. Hizkuntzak komunikatzeko tresna hutsak baino, euren bitartez interpretatzen den unibertsoa islatzeko modu bereziak dira. Alabaina, sistema ahulak dira, beti indartsuagoa den hizkuntza expansiboren baten mehatxupean. Hori azaltzen digu daniarrek 2005ean egindako In Languages We Live — Voices of the World dokumental eder honek.

Munduan orokorra den joeraren hainbat adibide ematen ditu: hizkuntza indigenak, batez ere ahozko adierazpena baizik ez dutenak, suntsituak izateko arriskurik handiena dutenak dira. Hizkuntza boteretsuak zapaltzaileak dira beti, txikiak gutxiesten dituzte, hiztunak lotsarazten, hizkuntza ahanztarazten… Mundu osoko fenomenoa da euskaldunok ezagutu eta ezagutzen duguna. Mandarina ikasi eta changsa-hua ama-hizkuntza ahaztu nahi duen neska txinatarra aurkezten digute, bere seme-alabei irakatsiko ez diela argi duena…

Gauza bera gertatzen da Mexicoko hizkuntza indigenen hiztunen artean edo Thailandiako Mlabri herrian, besteak beste. Euskararen aipamenik ez dago dokumentalean, baina bai Europako Livonierarena. Azken hiztuna aurkezten digute, inork ulertzen ez dion hizkuntza batean azken berbak egiten dituen gizon zahar eta tristea… Zirraragarria benetan.

Dokumentalaren aipamen bakarra aurkitu dut sarean, tamalez. Berriro noiz emango duten eta satelite edo LTD bidezko kateetan errepikatuko duten begiratzen egon naiz, baina kate horietako programazioetan ez da Mundo.hoy ageri. Nola liteke hain saio interesgarriak ez edukitzea tartetxo bat kate horietan?

Buzzin in my head: Egin Kontu (Ruper Ordorika).

2 iruzkin Azaroak 21, 2006

“Memoriaren Mapan”, badator Ruperren azkena

AzalaAzkenaldion disko berria prestatzen egon da Ruper Ordorika -mugalariekiko azken kontzertuen parentesia tarteko-. Gaur aurrerapen singlea bidali dute Elkarrekoek, mp3 formatoan, testu honekin:

Memoriaren Mapan Ruper Ordorikaren lan berria dugu. Oroimen eta larruan itsasitako kantu biluzi eta zainduen sorta koloretsu, fresko eta sendoa. Diskoak, Ruper Ordorikaren karreran bide berri bat zabaltzen du, proposamen hurbil eta biluziaren parean, erronka zintzoa bezain bizigarria bereganatzen duelarik. Ruper Ordorikak doinu guztiak eta Joseba Sarrionandiak letra guztiak (oraino argitaratu gabeak) sinaturik dator honako lana”.

Bakarrago eta akustikoago dator Ruper, Mugalariei momentuz agur esan ostean, eta zuzenean ere bakarrago arituko da, beste formato xaloago batekin. Aurrerapenak Hiriak izenburua du eta HEMEN aurki daiteke.

Buzzin in my head: Hiriak, noski.

2 iruzkin Azaroak 10, 2006

New York-eko argazki sorta osaturik

Azkenik osatu dut Flickr-en nire New Yorkeko argazki sorta. Aurtengo argazkiak dira bakarrik, otsailekoak, eta hiri handiko hainbat bazter islatzen saiatu naiz. Kostatu zait aukeraketa eta prestaketa egitea, badakizue kamara digitalekin argazki asko egin baina gero galbahetik pasatu behar… Tira, etxeorratzak, zubiak, Brooklyn, CBGB (azkenean itxi dute), Coney Island, Times Square, gure familiaren lorratzak eta inoizko elurterik handiena… Bakoitzaren gaineko azalpenak Flickr-en bertan, argazkiekin batera. Zuen gustokoak izatea espero dut, baita blogeko goiko mantxetak eguneratzeko erabili ditudanak ere.

Buzzin in my head: The Buckinghams - Hey Baby (They’re Playing Our Song)

Iruzkina gehitu Azaroak 9, 2006

Buzzin’ in my head head head Like a bum-dum

Mano NegraAurreko batean buruan bueltaka geratzen zaizkigun doinuez jardun nuen. Mano Negrak ere honela zioen: “Beat beat of the song song Buzzin’ in my head head head Like a bum-dum”. Eta hainbat blogek aspalditik meme modukoa jarraitzen dute, unean unean entzuten ari diren abestia edo, aipatuz. Aurrerantzean testuinguru informazio hori ere gehituko dut post baten amaieran, oroitzen baldin banaiz eta buruan musikaren bat badaukat bederen.

Buzzin’ in my head: The Passenger (Iggy Pop).

Iruzkina gehitu Azaroak 3, 2006

Bradley hil dute Oaxacan

Bradley, hil baino egun bi lehenagoPare bat aste hemen ezer idatzi barik, eta ez da gai faltagatik. Hainbat konturen gainean
idatz nezakeen: Egunotako beroaz, Bruselako eztabaidaz, Euskaltel-Orange aferaz, Ruperren lehengo eguneko kontzertuaz edo Xamarrek lehengoan aurkeztutako liburuaz… Baina Interneten bidezko informazio alternatiboa maite dugunok hunkitu gaituen gertaera bat aipatu nahi dut gaurkoan. Indymediako berri emaile Bradley Will hil dute Oaxacan. Betikoek hil dute, boterearen morroiek

Iruzkina gehitu Urriak 29, 2006

Euskaltel independientea?

Ardanza jaunaEuskaltelek Amenarekiko harremana (menpekotasuna) hautsiko zuela iragarri zuen, ahopeka, duela pare bat aste. Bere buruari Euskal operatzaile globala deritzonak oraino ez du bere segapotoen sarerik ukan eta Amenaren zerbitzua saltzera mugatu da. EITB24ko Albisteak dioenez, aurrerantzean bere kasa ibiliko da Euskaltel, bere prezioak ezarriz eta Espainia osoan kontratatu ahal izango da. Javier Lopez de Armentiak argitzen duenez, Euskaltelek Operador Móvil Virtual (OMV) izeneko lizentzia eskuratu du eta horrek ahalbidetuko dio independentzia erlatibo hori. Ez du bere sare propioa hedatuko, hala ere, Vodafonerena erabiliko baitu. Beraz, operatzaile birtuala izango da, lehen bezala beste bati lotua. Galderak sortzen dira orain, baina erantzunak ez daude batere garbi eta badirudi Amenak erabiltzaileen gaineko ustezko eskubideak aldarrikatzen dituela, kontratua Euskaltelekin egin dugun arren Amenaren zerbitzua erabiltzen dugulako. Gaur llamada amiga horietako bat jaso dut Euskalteleko beste mugikor batetik eta Amenarena ordezkatu duen robotaren lokuzioa Orange-ren izenean mintzo zen. Norbaitek badaki ezer honi buruz?

Iruzkin 1 Urriak 4, 2006

Nor da terrorista? DAMen bideo ikusgarria


Aurrekoan aipatutako DAM rap talde palestinarraren bideoklip bat nabarmendu nahi dut oraingoan. Meen erhabi? galdetzen dute (youtube), nor da terrorista? Ferminekin batera BECeko jaialdian arituko diren palestinarrek. Bideoa egin dute, bideo ikusgarria, israeldarren errepresioa jasotzen duten irudi gogorrekin, eta Zera galdetzen dute: “Min erhabi, ana erhabi? kayf ‘erhabi wanarash bi bledi?” (Nor da terrorista? Ni naiz terrorista? Nola izango naiz terrorista nire lurra hartu duzuenean?). Oso ona da Jacqueline Salloum-ek eginiko bideoa, eta lagun askok deskargatutakoa youtubera igo dute. Hemen aurkitu dugu bideoklip bat zabaltzeko bide eraginkorra: deskargatzeko moduan jartzen duzu eta jende askok youtubera igota egiten du propaganda.

Bideoklip gehiago ere badituzte, hebraieraz eta arabieraz abestutako Hemen jaioa izenburukoa kasu (NGren Radio Rahim gogorarazi dit). Baina Salloumen ezagutzak bidea eman dit beste bideo interesgarri batzuen bidez Palestinar raperoen mobida ezagutzeko. Jackie Salloumek berak egindako beste bideo batek, Slingshot hip hop goiburuko dokumentalak, ederto jasotzen du Gaza edo Zisjordanian bezala, Israel barruan bizi diren palestinarren egunerokotasuna. Hemen duzue trailerra eskuratzeko modua eta hemen youtuben ikusgai.

Iruzkina gehitu Irailak 23, 2006

Deskontua Dreamhost hosting zerbitzuan

dreamhost bannerDuela urte eta erdi idatzi nuen hemen Dreamhost-en hosting merkea eta ona gomendatuz. Bada, bitarte honetan ez dut aparteko arazorik izan eta orokorrean balantzea erabat positiboa da momentuz. Ordura arte hainbat esperientzia txar sufrituta nengoen hosting zerbitzuekin eta horregatik gomendatu nuen aurkikuntza. Hainbat lagunek egin didate kasu orduz gero eta eskertzen diet, nire izena aipatuz hosting-a hartu duen bakoitzagatik niri deskontua egin didatelako. Eurak ere gustora daude denak, itxura denez.

Iraungo ahal du honela! Insha-allah. Baina uste dut ematen didaten deskontu hori zerbitzua kontratatzen duenarekin ez elkarbanatzea ez dela bidezkoa nire aldetik. Ez da nire helburua aberastea, ahal dela ostatatze eta konexio gastuak estaltzea baino. Horregatik, sortu dut promo kode hau, merke45 izenekoa. Dreamhost hartzen duenak merke45 hori aipatzen badu 45 dolarreko deskontua izango du urtebete, bi urte edo beste edozein hosting mota kontratatzean. Beraz, are merkeago aterako zaio zerbitzu bera: urte bat hartuz gero 58 bat euro kostatuko zaio, bi urte hartuz gero, 115 inguru (5 euro hilean). Lehenago aukera izan banu…

Bada, Dreamhosten eskaintzan hobekuntza nabariak izan dira ordutik hona. Orain oinarrizko plana nahikoa da edonorentzat, egia esan, ez baitu seguruenik gehiagoren beharrik izango. Izan ere, hauxe emango digu Dreamhostek hileko 5 bat euro horien truke (nik Level 1 edo oinarrizko plana hartzea gomendatzen dut, nahiko eta sobera edozertarako):

  • Hosting-erako tokia: 20 GByte, astero 160 MegaByte hazten dena. Gure filmoteka guztia jartzeko beste.
  • Hileko transferentzia: TeraByte bat. (1024 Giga), astero 8 Giga hazten dena. Gure disko osoa konpartituta ere ez genuke gaindituko astakeri hori.
  • Nahi beste domeinu osorik eta independienteki ostatatzeko aukera. Nik, besteak beste, sarean.com, irratia.com eta saharatik.com dauzkat.
  • Nahi beste MySQL Datu base, 3000 e-posta kontu (POP / IMAP), 75 Shell / FTP kontu, PHP4, PHP5, Shell sarbidea, nahi beste cgi, jabber, estatistikak, web kontrol panela…
  • Edozein formato edo neurriko artxiboak jartzeko aukera. Berdin da 700 megako .avi bat jartzen baduzu ere.

Benetan brutala da Dreamhosten eskaintza une honetan. Gainera, one click install batzuk badituzte, hau da, click batekin instalatzen dizute (baita eguneratu ere) Wordpress blog sistema, MediaWiki Wikia, PhPBB foroak, Advanced Poll, osCommerce Store, Joomla (Mambo) CMS, Gallery Image Album eta WebCalendar egutegia. Eurek ere bloga dute Wordpressekin eta eztabaidagunea zein wikia erabiltzen dituzte erabiltzaileei laguntza emateko. Duela bederatzi urte sortu zenetik sendo iraun du bere ikuspegi gaztearekin, etengabe hazten. Diotenez, gehiegizko irabaziak bilatzen dituzten hosting urrietako merkatariak baino ondraduagoak direlako jarri dizkiete prezio merke horiek zerbitzu erraldoi horiei eta, diotenez ez dira euren globoa gehiegi puzten ari, ondo kalkulatuta omen daukate hazkundea eta hari arazorik gabe aurre egiteko gai direla. Amen!

Gustatu ez zaidan kontu bakarra azkenaldion spam-aren kontra borrokatzeko hartu duten neurria da. Mezuen bidalketetan muga berriak ezarri dituzte, helbide jakin batetik ordu bakoitzeko 100 lagun baino gehiagori ezin baizaie mezu bat igorri. Zorrotzegia da agian orduko 100 jasotzaileko muga hori, batzuetan mezu kolektiboak lagun gehiagori bidaltzen baizazikie. Bidalketa kolektiboak egiteko beste alternatiba batzuk badira (yahoogroups, postaria…), baina eurek bat ematen dute: euren banaketa zerrenden sistema erabiltzea. Hori bai, banaketa zerrenda bat sortzen duzularik jasotzaile guztiek beren onespena eman behar dute eta zerrendan egotea onartu behar dute, konfirmazio mezu batean klik eginez.

4 iruzkin Irailak 18, 2006

Hurrengo idatziak Aurreko idatziak


sarean.com

Calendar

Uztaila 2008
A A A O O L I
« Eka    
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak