Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » Beste

'Beste' ataleko artxiboak

10 urte EGIN genuela

Eta bat-batean bera gabe gelditu ginen. Hamar urte igaro dira egun hartatik eta egunotan EGIN zein Egin Irratiaren itxieraren inguruko hainbat aipamen irakurri ahal izan ditut (gehienbat bertoko) komunikabide zenbaitetan. Hala ere, aferak sarean izan zuen oihartzunaz eta sareak emandako erantzunaz ezer gutxi idatzi da orain arte atera diren EGINen itxieraren gaineko kontakizunetan.

Hamar urte dira berriak gosaria mingostu zigun egun hartatik. Bagenbiltzan batzuk Interneten bazterrak nahasten, orain gauden euskaldun koadrilla koxkorra baino, danborrik gabeko lau katu baginen ere. Telefonoak jo zuen etxean, Xabier laguna Andoaindik: “hemen dauzkagu Eginekoak aterpetuta, beste egunkari bat atera nahi dute eta ea Interneten zerbait egin daitekeen”.

Aurrekaririk ez zegoen gurean, baina gogoratu nuen Holandako lagun batzuk zentsuratutako argitalpenei babesa ematen zien contrast.org izeneko zerbitzarian zebiltzala. Arratsalderako ostatua lortua zegoen, baina testuak ez ziren biharamun goizerarte iritsi. Ostegun arratsalderako oinarrizko edizio bat eginda zegoen: aurkibide txiki bat azaleko argazkiarekin eta testuak banaka zerbitzarira igota: “Egin egingo dugu”. Sarean berehala hasi zen hedatzen contrast.org/egin helbidea, baita euskalherria.net-en ezarritako ispilua ere. Hurrengo egunetan milaka bisita jaso zituzten bi helbideok, jendea informazio gose zen, ahotsik gabekoen ahotsa entzun nahi zuten berriro.

Mac Performa motel hartan, HTML orrialdeak banaka Netscape 3.0 gold haren editore xinplearekin editatzen, Quark-etik copy-paste egiten, testuak txukuntzen, modem-a sutan… Hainbat egun joan ziren horrela. Hurrengo astean elkartasun telematikoa hobeto antolatu zen eta Eusneteko lagun batzuek hartu zuten edizioaren lekukoa, euren trebezia informatikoari esker hainbat gauza hobetuz.

Ordura arte Eginek ez zuen webgunerik ukan, hurrik eman ere ez. Are, sarearekiko EGINekoen jarrera ikusita, barre galantak egin zituen hainbatek Salutregi jauna “ETArekin Internet bidez komunikatzen zela” irakurtzean. Baina orduantxe konturatu zen hainbat lagun sarearen garrantziaz, gure territorio libre bakarra… Enpin. Hainbat herritan agerkariaren fotokopiak egin ziren moduan, munduko hainbat bazterretan Euskadi Información webgunekoak inprimatu, fotokopiatu eta banatu egin zituzten. EGIN ez bezala, Alemaniatik, Argentinatik edo Jaenetik irakurri ahal izan zuten interes handiz hainbat lagunek eta hori islatu zen e-posta mezuetan zein sareko newsgroups eztabaidaguneetan. Sarean saltsa polita sortu zela gogoan dut, banaketa faltagatik edo beldurragatik sekula EGIN bat esku artean eduki gabeko lagun askok estreinakoz beste bertsioa eskuratu baizuten etxeko edo lantokiko pantailan.

P.D. Hala ere, Interneten entzundako lehenengo euskal irratia Egin Irratia bera izan zen, itxiera baino lehen Euskal Herria Journal-en (EHJ) webgunean egunero albistegiko titularrak eskegitzen baiziren realaudio formatoan.

2 iruzkin Uztailak 16, 2008

Aste Santuan ez da giro

Aste santua Bilbon, berriro ere, katarroarekin eta atertu barik euria bota eta bota, sekulako plana. Aurrekoetan bezalaxe, baina ilunago eta turista gutxiagorekin aurtengoan hala ere. Berriz jasan behar izan ditugu bertoko jatortzat aurkezten dizkiguten nazarenoen prozesioak. Batez ere Palankatik igaro eta ustezko puta zahar batek saetak kantatzen dituenekoa saldu nahi digute erakarpen jatortzat. Ez dut telebistan-eta horren jatortasunari buruzko eztabaidarik entzun, xenofobia hitzari beldurragatik akaso, ezta prozesio hauek frankismoak ezarri zituela aipatzen duenik ere ikusi. Seguraski gerra aurretik zerbait egiten zen, bai, baina Bilbon diren segizio eta kofradia gehienak frankismoarekin hasi ziren, hori egia da.

Kofradiak 40ko urteetan sortu ziren eta, Joseba Zulaika antropologoak Bilbao acabado (PDF) saioko bere artikuluan dioenez, 50etan ahalegin berezia egin zuen elizak ardi galduak berriz kontrolatzeko. Frankismo betean, “misiolarien eremua” bihurtu zen Bilbo ordena erlijiosoen pasio misiolariarentzat. “Misioa” predikariak eliztarren pekatari kontzientziak astintzen zituzten garizuma ostean, astebeteko saio espiritual dramatiko batzuen bidez. Sermoi amaitezin eta deprimenteak botaz eta derrigorrezko aitorpen saioetan bekatuak aitorraraziz, zirenak eta ez zirenak. Zulaikak garai beretsuan “Sevillatik ekarrita Bilbon ezarri ziren segizio barrokoak” aipatzen ditu. Hala kontatu dit 84 urteko izeko batek, Bilbon jasangaitza egiten zen giroa egunotan: taberna gehienak itxita, zine guztiak ere, dekretu bidez. Ondo pasatzeko aukerarik gabe, mezak eta errosarioak biderkatu egiten ziren… Ariketa izpiritualak izeneko jarduera ere bazen, pekatu guztiak aitortu eta lelo atzerakoiak errepikatu behar ziren jardunaldi beldurgarriak… Beste garai batean bizi gara, gaitzerdi. Baina eskerrak bazkoa heldu den.

Iruzkina gehitu Martxoak 26, 2008

Deskafeinatua

SobreaBatzuetan ez ditut jendearen erreakzioak ulertzen. Lehengo egunean taberna bateko kamarerarekin gertatu zitzaidana, adibidez. Kafe bat eskatu baino ez nion egin.

Deskafeinatua, mesedez -esan nion.
-Makinakoa?
-Ez, Nescafea.

Tabernatik bota ninduen.

2 iruzkin Urtarrilak 31, 2008

Amberesen desagerturik

Argentinako Taberna Vasca fotolog Lagun batek kontatu zidan benetakoa ei dan pasadizua, Sondikako aireportuan gertatua. Sopelako andre euskaldunzaharra joan zan aireportura gizonaren bila. Denboraldi bat itsasoan eman ostean etxera zetorren oporretan hegazkinez. Alabaina, gizona ekarri behar zuen hegazkina heldu eta… Haren arrastorik ez bidaiarien artean. Andreak, arduraturik, Iberiako arreta zerbitzura jo zuen, gizona non zegoen argi ziezaioten.
-No se preocupe señora, vamos a averiguar donde se encuentra su marido.

Handik minutu batzutara etorri zitzaion Iberiakoa:

-Su marido ha perdido el avión en Amberes y se ha quedado allí.

-¿Donde pero?

-En Amberes.

-Ai ene! Orduen non dago neure gizona? Hemen berez, Han bere ez… Inon bere ez!

Horrela gaude gu ere egunotan, gure burua ezin kokaturik. Hemen ez baina han bere ez.

Buzzin’ in my head: Desaparecido (Manu Chao)

Iruzkina gehitu Irailak 27, 2007

Aukera merkea: Citroen AX bat salgai

Salgai - VendoAuto berriago eta handiagoa erosi dut eta, ondorioz, orain arteko autoa saltzen dut. Citroen AX Thalassa da, 1.1 injekziokoa (berunik gabeko gasolina), 1993koa.

97.000 Km eginak ditu eta une honetan inolako arazorik gabe martxan dabil. 700 euroren truke zurea da. Beste ezaugarri batzuk:

  • Haize egokitua
  • Itxitura zentralizatua
  • Irrati-kassetea, aux minijack sarrerarekin (mp3rako)
  • Barrutik berria bezala, orbange eta garbia
  • Kanpotik, urratu batzuk gorabehera, ondo
  • Asegurua eta IAT azarora arte indarrean, Bilboko TAO abendura arte.
  • Triangeluak, txalekoa, ordezko argiak eta lapurretaren aurkako barra

Salgai - VendoDiru gutxi gastatuta leku batetik bestera eramango zaituen auto xume baten bila bazabiltza, hemen duzu aukera. Argazkiak hemen. A, bai, erdaraz ere iragartzen dut, vendo AX. Interesatuta bazaude, bota aupada bat eta utzi zure telefonoa ere.

Iruzkin 1 Irailak 4, 2007

Bilboko jolas parke herdoildua

Galdakaoko lurretan zegoen Bilboko jolas parkea. Instituzioek baztertua, bilbotarrek ahaztua, hemen dago oraindik haren hilotz ugertua. Lehengo egunean, hainbat urte pasa ostean, txiripaz pasatu nintzen handik. Horrelako tokiak, masentzako sortutak baina aspaldi abandonatuak, oso zinematografikoak dira. Begira bestela Coney Island-en zenbat film egin diren… Baina Bilboko jolas parkea biziki erakargarria egiten zait, gure txikitako oroimenek handiagotzen baitute bertan bizi izandako ilusioen eta egungo herdoilaren arteko amildegia.

aspaldiko irudia- Planeta Inopia Planeta inopiak Flickr-en jarri du aspaldiko argazki eskaneatua, eta gogoratu egin digu berriki Standard taldeak bideoklipa grabatu zuela bertan. Zirraragarria auditorio erraldoi abandonatua ikustea, belar zaharrak nonahi eta dena oihanak janda, telefono kabina zaharra… Orain galderak datozkit: norena da lur zati hori (Aldundiarena dela uste dut) eta zer egiteko asmoa dute bertan?

Iruzkin 1 Uztailak 13, 2007

Maiatzaren 1ean albiste garrantzitsua izango da Kuban

Hala diote eta itxaron beharko jakiteko. Momentuz cubainformacion.tv bisitatuta ez dute informazio gehiagorik ematen.

3 iruzkin Apirilak 28, 2007

Gernika, gaur 70 urte

Gaurko lako batean gertatu zen, jada 70 urte igaro dira eta gero eta gerrako lekuko gutxiago geratzen dira gure artean, bizirik daudela, zor zaien aitortza eta omenaldia jasotzeko. Hala ere, aurreko urteurrenetatik ezberdin ikusten dut giroa aurten, oroimen historikoaren berreskurapenerako lanak eta kontzientziak aurrerapauso handiak ari baitira ematen azkenaldion. Agian horregatik irakurri ditut gerraren inguruko hainbeste liburu azkenaldion, ni neu ere horren inguruko lan batean murgildurik bainabil. Momentuz, bideo bat ekarriko dut youtubetik. Gernika Gogoratuz-ek ateratako The bombing of Guernica, The Mark of Man.

2 iruzkin Apirilak 26, 2007

Sopelako esaera zaharren txapelketan

Esaera Zaharren Lehiaketa - Erauntsia pasatu eta guardasolak ateraXIV. edizioa jada, sinistu behar gero! Lehengo larunbatean Sopelan izan nintzen, urtero bertako Nikola euskaltegiak antolatzen duen esaera zaharren lehiaketan. Aurretik hiru aldiz egonda nengoen, baina urte batzuk joan barik eman ostean, aurten bueltatzea erabaki nuen… Ez nintzen damutu. Giroa benetan aparta izan zen egun osoan, bai goizeko poteo-kanporaketan, baita bazkalosteko finalean ere.

Ezagutzen ez duenarentzat lehiaketaren dinamika azaldu behar da. Parte hartzaileek lau laguneko taldeetan aurkezten dira. Aldez aurretik taldeak lehiaketan sartuko diren 100 esaera zaharren zerrenda buruz ikasi behar dute irabazi nahi baldin badute behintzat. Goizeko kanporaketan hainbat talderen artean ibilbide jakin bat egiten dute Sopelako tabernetatik, bertsolari bat gidari dutela. Aurten 25 talde izan dira, bosna taldeko bost ibilbidetan banaturik.

Esaera Zaharren Lehiaketa - Finala arratsaldeanTaberna bakoitzera heldutakoan, bertsolariak bertsoa (jarria) kantatzen du eta, txandaka, taldeek aukera izango dute bertsoak gogora ekarri nahi duen esaera zein den asmatzeko, baita besteek huts egindako txanden erreboteak asmatzeko ere. Tira, askoz hobeto azaltzen du kontua Bilbo Hiria irratiko Mieltxo Monfortek egindako erreportajeak. Nik argazki batzuk eskegi ditut Flickr-en. Pare bat bideo ere ekarri ditut…

…Lehenengoa lehiaketaren dinamika nolakoa den ikusteko:

Gero ikastolan, bazkalostean, bertsolariak aritu ziren. Hona hemen Xabi Paya mundiala eta bere ateraldietako bat:

Bistan denez, oso giro ona izan zen egun osoan, beti bezala, eta ideia hedatuz joan da. Dagoeneko Mungian eta beste hainbat lekutan honen antzeko lehiaketak antolatzen dituzte. Badakizue, datorren urterako plan polita izan daiteke Sopelakoa, pixkat ikasi ostean.

Iruzkin 1 Martxoak 23, 2007

Niri buruz ez dakizkizun bost gauza

NeuKatixak pasatu dit meme edo memelokeriaren marroia, hari Luistxok pasatuta. Luistxok bezala zer ez kontatu asko dudanez, zer demontre kontatu ibili naiz mamurtzen. Hona hemen niri buruz ez dakizkizun bost gauza, harrigarriak izanagatik denak egiazkoak:

1. Luistxok bezala, neuk ere futbolaz idatzi izan dut inoiz, behin Egunkarian baja bat kubritzeko beste bat inor ez eta Lezamara bidali ninduten partidu baten bezperan, partidu aurreko testua egiteko. Egun bezalaxe, futboletik Kalkutako Teresa baino aparteago nengoen sasoi hartan. Horoskopa idaztea baino are iruzur handiagoa iruditu zitzaidan.

2. Inoiz identifikatuen sentitu naiz pertsonaia Paco Martinez Soriak behin egindako Don Erre Que Erre filmeko protagonista da.

3. Lau urte nituela Woody Allen-en autoan buelta bat eman nuen familiarekin, Manhattan-etik Coney Island-era eta buelta. Gure senide bat haren txoferra zen garai hartan eta jefeak jakin gabe eraman gintuen. Aspaldi izan zen hura, Franco bizirik zen artean eta Gerald Ford zen AEBetako presidentea.

4. Euskara nire kabuz ikasi dudala esan daiteke. Beti arraro sentitu naiz non ikasi dudan galdetu didatenean, ez baitut inoiz erantzun konbentzional eta sinesgarri horietako bat izan. Erdaldun hazita, ez nintzen inoiz ikastola edo euskaltegi batean izan, 15 eguneko ikastarotxo bat kenduta. A ereduak urte batzuetan emandako oinarri makalaz gainerako guztia han eta hemen jaso dut.

5. Behin Torrebruno ikustera joan nintzen La Casillara. Oso fan handia nintzen eta hari autografoa eskatzen ere ahalegindu nintzen. Sekula ez dut beste aukerarik izango.

Marroia nori pasatu: Txabiri, Telezaborrari, Loretxoari, Patxikuri eta Iemeri.

Buzzin’ in my head: This Magic Moment (Lou Reed).

2 iruzkin Otsailak 10, 2007

Aurreko idatziak


sarean.com

Calendar

Abuztua 2008
A A A O O L I
« Uzt    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak