Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » Bertan New York

'Bertan New York' ataleko artxiboak

New York-eko argazki sorta osaturik

Azkenik osatu dut Flickr-en nire New Yorkeko argazki sorta. Aurtengo argazkiak dira bakarrik, otsailekoak, eta hiri handiko hainbat bazter islatzen saiatu naiz. Kostatu zait aukeraketa eta prestaketa egitea, badakizue kamara digitalekin argazki asko egin baina gero galbahetik pasatu behar… Tira, etxeorratzak, zubiak, Brooklyn, CBGB (azkenean itxi dute), Coney Island, Times Square, gure familiaren lorratzak eta inoizko elurterik handiena… Bakoitzaren gaineko azalpenak Flickr-en bertan, argazkiekin batera. Zuen gustokoak izatea espero dut, baita blogeko goiko mantxetak eguneratzeko erabili ditudanak ere.

Buzzin in my head: The Buckinghams - Hey Baby (They’re Playing Our Song)

Iruzkina gehitu Azaroak 9, 2006

New York: Empire Statek 75 urte.

Empire State BuildingAtzo aipatutako langile horietako askok eraiki zuten, duela 75 urte, Empire State etxeorratza. Azkar egin zuten, 13 hilabetean, hiriko eta munduko eraikinik altuena: 102 solairu eta 443 metro. Depresioaren urteak ziren eta bertan lan egin zuten 3.400 langileak prest ziren lau xentimoren truke edozein lan egiteko. Segurtasun neurririk gabe, kaskorik eta uhalik gabe ibili ziren langileak bertan. William Lamb arkitektoak diseinatu zuen eta 41 milioi dolar kostatu zen. Baina nortzuk izan ziren langileak? Zergatik ez ditu inork gogoratzen bertan eraikuntzan hildakoak?

Eraikin honen eta Chrysler eraikinaren arteko lehia gogorra izan zen, nork baino nork altuagoa eraiki ibili baiziren 30eko urteetan, krisiaren erdian, Walter Chrysler eta John Raskob (General Motorseko jabea). Azken honek irabazi zuen lehia eta 1974 arte hiriko eraikinik altuenaren markari eutsi zion Empire Statek. Zeppelinen aireportua izateko pentsatu zuten, baina ez zen segurua eta ideia baztertu zuten berehala.

Bosgarren etorbidean, hiriko gunerik onenean kokatua, hasieratik erdi hutsik egon da eta gaur egun enpresak beldur dira, eta horregatik bulegoen %17 alokatu ezinik dabiltza jabeak, Manhattan-eko eraikinik altuena eta esanguratsuena erasoren baten xede izan litekeelako. Argazki batzuk ipini ditut Flickr-en efemeridea gogoratzeko. Goikaldetik eta gauez ateratako pantaila hondoa ere jarri dut, 1280×800 pixeleko eramangarrien pantaila panoramikoetarako.

2 iruzkin Maiatzak 2, 2006

New York: milurteko elurtea

Etxetik irtetenHauxe bai zoriona nirea! Sagar handian eman ditut egun batzuk, negu gorritik ihesi, eta negu zuriarekin egin dut topo New Yorken. Beldur pixkat ematen zidan neguan hara joateak, benetan hotza eta ezatsegina izaten baita hango negua. Horregatik ondo hornituta abiatu nintzen harantz. Hala ere, inondik inora ere ez nuen imaginatu halako elurterik topatuko nuenik… Inoiz New Yorken jausi den elurterik handiena tokatu zaigu, 1869an Central Parken neurtzen hasi zirenetik bederen… Argazkiak lekuko.

Larunbat arratsaldean heldu ginenerako maluta txiki batzuk ari ziren jausten, baina asfaltoa oraindik garbi zegoen. Gau osoan sekulako elurtea bota eta goizaldearekin ez zuen atertu. Brooklyn-en, Jonen etxeko ataria zabaldu eta sekulako panorama aurkitu genuen… Telebista piztu genuen. Albistegiek amerikarrei hainbeste gustatzen zaizkien alerta egoera kolektibo horietako batean geundela adierazten ziguten, etxetik ez irteteko esanez. Eskerrak igandea zen, bestela hildakoak ere izango ziren, 1947an bezala! Historiako bigarren elurtea zela adierazten zuten eguerdirako, 1947an 26,4 hazbete neurtu baizituzten. Igande arratsaldean atertu zuen, baina ordurako marka hori eta beste guztiak hautsita zeuden: 68.33 zentimetro (26.9 hazbete).

Elurra BrooklynenEz genuen hainbeste itxaron, ordea. Gosaltzeko etxetik 300 metrora dagoen Madison tabernara joan nahi genuen eta, gainera, espaloia garbitu behar genuen. Elurra egiten duenean, herritar bakoitzak bere etxe aurreko espaloi zatia garbitu behar du derrigorrez. Bestela multa jaso lezake, inor laban eginda jausi eta mina hartuko balu, udalari jarriko bailioke seguruenik salaketa. Hemen dena da demandak eta salaketak… Abokatuen bufeteek hemen telebistan langileentzako iragarkiak egiten dituzte, jausiz gero eurengana jotzeko esanez, dirutza ederraren promesarekin.

Tira, palak hartu eta bidea zabaltzen hasi ginen. Espaloia garbitzea kostatu zitzaigun eta kaltzioa bota genuen, gatzaren antzeko eragina du baina ez da hain urragarria. Errepide erditik joan behar izan genuen, espaloi gehienak erabat estalita baizeuden oraindik. Hiriko zaborrak bildu ohi dituzten 2.200 kamioi elurra kentzeko makinak bihurtuta zeuden, baina lehentasuna autopista eta kale nagusiak izaten dira horrelakoetan. Elur gainean ibiliz heldu ginen Madisonera…

Iruzkin 1 Otsailak 23, 2006


sarean.com

Calendar

Maiatza 2008
A A A O O L I
« Api    
 1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak